EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017081

146/2017 DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700146
Xedapenaren data: 2017-04-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201702161
Maila: Dekretua
Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2017ko martxoaren 27an egindako bilkuran, erabaki zuen sozietatearen kapitalari 35.039.984,00 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 25ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari hamazazpi milioi bostehun eta hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hamabi (17.519.992,00) euro harpidetzeko, Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako kapital-gehikuntzan; zenbateko osoa hogeita hamabost milioi hogeita hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita lau euro da (35.039.984,00). Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko eta sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 49,94koa izango da.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.