EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-05-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017081

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 7koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlanetarako «Jesús María Leizaola» 2017 sarirako deia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201702160
Maila: Ebazpena
1983ko uztailaren 27ko Lege arautzaileak eginkizun ugari aitortzen dizkio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari. Besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomi sistemak lege eta ekonomiaren arloetan dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.
Helburu hori lortu nahian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe, gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu horren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: alde batetik, etapa autonomikoaren garapenaren hasierari buruzko azterlanak bultzatu nahi genituen; eta bestetik, lehengo garai historikoen gaineko ikerlanak sustatu nahi genituen, aldi horiek euskal autonomiaren aurrekariak izan baitziren eta eragina izan baitzuten bere konfigurazioan.
Autonomia-estatutua indarrean jarri zenetik hainbat hamarkada iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da erakunde berrien hasierara eta martxan jartzera eta aurreko historialdien tratamendura bakarrik mugatu behar. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere; esate baterako, erakunde horien finkatzeak eta garapenak, eta, baita etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpen eta aurreratzeari buruz ere.
Gaur egun, «Jesús María Leizaola» saria Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den diru-laguntza lerro bat da.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlanetarako «Jesús María Leizaola» 2017 sarirako deia egitea, eranskinean aipatzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen honen argitalpena egiten den eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota erantzuna ematen ez bazaio, errekurtsoa ez dela onartu ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera joateko aukera irekita egongo da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean eragina izango du.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 7a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
ERANSKINA EUSKAL AUTONOMIAREKIN ZERIKUSIA EDO HORREN AZTERKETARAKO ETA SAKONTZERAKO BALIOA IZANIK, HAINBAT AZTERTZE ETA IKERKUNTZA IKUSPUNTUTATIK EGINDAKO MONOGRAFIA IZAERA DUTEN IKERLANETARAKO «JESÚS MARÍA LEIZAOLA» 2017RAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Sarira aurkez daitezke, Euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako eta argitaratu gabeko monografia izaera duten ikerlanak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak.
Hau da, sarirako aurkez daitezkeen monografia izaera duten argitaratu gabeko ikerlanek esparru horiek jorra ditzakete: autonomietako estatuaren konfigurazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa; Euskal Autonomia Erkidegoko eraketa, errealitatea eta etorkizuna; beraren gobernu-erakundeak, maila politiko-administratibo guztietan; historia, kultura, bibliografia, zuzenbide, ekonomia, finantza, aurrekontu, fiskalitate, gizarte, estatistika eta beste arloen inguruko berariazko berezitasunak; eta euskal administrazioetako diseinu, antolaketa, funtzionamendu eta etorkizuna.
Argitaratu gabeko lanak dira jabetza intelektualari buruzko legerian ezarritako eran hedatu edo argitaratu ez direnak. Horren ondorioz, ez dira argitaragabetzat joko bitarteko telematikoen bidez, hau da, Interneten zein beste sare batzuen bitartez argitaratutako, hedatutako edo publikoaren eskura jarritako lanak.
Bigarrena.– Norbanakoak zein horretarako eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira.
Lantaldea aurkezten bada, argi eta garbi adieraziko da nor izango den ikertalde horren arduraduna. Era berean, eskaeran espresuki adierazi beharko da taldearen kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa, aurkeztutako ikerlanean.
Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu jarraian aipatzen diren kasuren batean aurkezten diren pertsona fisikoek edo jarraian aipatzen diren kasuren batean aurkezten diren pertsona/k kide dauzkaten taldeek.
a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat duten edo administrazio-zehapen penalpean dauden pertsona fisikoek, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla; eta, era berean, laneko, merkataritzako edo kargu publikoko izaera dela eta deialdi honetan parte hartzea bateraezina daukaten pertsonek, beti ere bere izaera horri aplikagarri zaion legedia kontuan hartuta.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan izapidetzen ari den itzultze edo zigortze-jardunbidean sartuta dauden pertsona fisikoek, prozedura amaitzen den arte.
c) Aurreko hiru deialdietakoren batean Leizaola saria lortu dutenek.
d) Funtsean aurreko urteetan aurkeztutako beste ikerlan batzuekin identitate handia duten ikerlanek.
e) Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonek.
Hirugarrena.– Sariaren zenbatekoa hamalau mila (14.000) eurokoa izango da eta zientzia-ikerlanik hoberenari emango zaio.
Salbuespenezko moduan, epaimahaiak bi lan edo gehiago ikerlanik hoberenak direla erabaki dezake eta, ondorioz, horiei saria «ex aequo» ematea. Hori dela eta, aurrekontuetan Leizaola sariari esleitzen zaion zenbatekoa lan saridun guztien artean banatuko da zati berdinetan.
Lantalde batek aurkeztutako ikerlan bati ematen bazaio saria, taldekide guztiak izango dira onuradun, legez dagozkien ondorioetarako.
Laugarrena.– Eskabideak, eta horiekin datozen ikerlanak, izapidetze elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, hurrengo arauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.
Norberaren burua identifikatzeko ezinbestekoa da NAN elektronikoa, Izenpe-ren Herritarraren ziurtagiria, Izenpe-ren Langile publikoaren ziurtagiria, Izenpe-ren Itsasontzi-jokoaren sinadura elektronikoko tresna, «Fábrica Nacional de Moneda y Timbre»-aren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (CERES), CAMERFIRMA-ren pertsona fisikoaren ziurtagiria, edo FIRMA PROFESIONAL-en Pertsona fisikoaren ziurtagiria erabiltzea.
Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.eus/y22-home/eu) kontsultatu ahalko dira, hurrengo atalean: Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak.
Aurkezteko epea Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasiko da, eta 2017ko ekainaren 6an bukatuko da, azken egun hau epe barruan egongo delarik.
Bai eskabidea baita ikerlana ere hurrengo helbide elektronikoan aurkeztu beharko dira: www.ivap.euskadi.eus/leizaola_saria_2017/r61-vedplus/eu
Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atal berezira jo behar da.
Ikerlanen gutxieneko luzapena ehun orrialdekoa izango da, orrialdeak idazmakinaz eta bi hutsarte utzita idatziak izanik.
Sarira aurkezten direnen nortasuna isilpean gordeko da, eta bakar bakarrik argitaratuko dira sariaren irabazleen izenak.
Bosgarrena.– Honako deialdi honen kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari dagokio.
Seigarrena.– Hona hemen saria emango zaion hautagaia erabakiko duen Epaimahaiaren kideak:
Epaimahaiburua:
– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua edo berak izendatutako ordezkoa.
Kideak:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
– Estatutuaren Garapenerako zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.
– Sarirako aurkeztutako ikerlanen gaien inguruan entzute handiko aditu bi. Horiek, Herri Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Agindu bidez izendatutakoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren proposamenez.
Idazkaria:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa, IVAPi atxikitakoa izan behar duela. Hizpidea eta botoa emateko eskubidea izango du.
Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.
Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da Epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Aginduan.
Saria emateko, Epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du ebazteko botoa.
Epaimahaiburua eta/edo Idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, Epaimahaiaren bilerara agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen Epaimahaiburuaren eta/edo Idazkariaren eginkizunak.
Zazpigarrena.– Deialdia eragina izango duen egunetik sei hilabete igaro baino lehenago hartuko du erabakia Epaimahaiak. Saria nori eman proposatzeko ondorengo alderdi hauek begiratuko ditu Epaimahaiak: monografia izaera duten aurkeztutako ikerlanen kalitatea eta zuzentasuna, teknikaren eta zientziaren aldetik; adierazitakoaren originaltasuna; eta arlo bakoitzeko ikerketa-eremuari ekarritako berrikuntza. Epaimahaiaren iritziz lan batek ere ez dituenean eskatutako baldintzak betetzen, hark saria hutsik uztea proposatu dezake.
Zortzigarrena.– Sariaren esleipena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpenaren bidez, Epaimahaiaren proposamena jarraituz, egingo da, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da.
Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, sariaren esleipen ebazpena interesdunei jakinarazi ez bazaie, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori guztia urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluaren arabera.
Bederatzigarrena.– Sariaren onarpena edo uko egitea, esleipendun denaren aldetik, https://euskadi.eus/y22-home/eu egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, bost laneguneko epean. Epe hori epaimahaiaren erabakia komunikatu eta hurrengo egunetik hasiko da.
Hamargarrena.– Sariaren ordainketa, aldi bakar batez egingo da, esleipena egin eta gero. Zergei buruzko arauekin bat etorriz, hirugarren oinarrian aipatzen den diru kopurutik aplika dakizkiokeen atxikipenak egingo dira.
Halaber, sariaren ordainketa saria lortzen duen ikerlanak beste edozein erakunde publikotik edo pribatutik jasotako edozein motatako diru-laguntzarekin bateragarria izango da.
Hamaikagarrena.– Saria onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo-eta Erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten tramiteak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.
Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, Epaimahaiak osorik argitaratzea erabaki dezake; hala eginez gero, egileak obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi duela adierazteko, izenburu honekin azaldu beharko da: «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen "Jesús María Leizaola" 2017 saria».
Hamabigarrena.– Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Ikerketen sustapena» fitxategi automatizatuan bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Hortaz, datuak eskuratzeko, zuzentzeko ezerezteko edo haien aurka egiteko, organo horretara jo beharko da.
Hamahirugarrena.– Ikerlanen bat aurkezteak deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintzak onartu beharra dakarkio interesdunari.