EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2017080

ERABAKIA, 2017ko apirilaren 6koa, Universidad del País vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegia onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-04-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201702112
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/10/14an argitaratutako 2016/09/29ko AKORDIOA [201604325]

Behin lehengo Lan Harreman eta Gizarte Langintza eskolak fusionaturik, 2016ko urriaren 15ean (EHAAn 2016ko urriaren 14ean) indarrean sartu zen Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen arautegia. Horren ondorioz beharrezkoa da Fakultateko Kalitate Batzordearen arautegi berri bat onartzea, gaur egungo zentroko antolaketari egokituta.
2017ko otsailaren 13an Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Batzarrak Kalitate Batzordearen arautegiaren proposamena onartu zuen. Beharrezkoa den txosten juridikoaren ondoren, Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen esparru araudia (EHAAn 2010eko uztailaren 21ean) kontuan izanik onartu beharreko behin betiko testua ezarri zen.
Aipatutako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegiak honakoa dio 2.2 artikuluan): «Ikastegiko Kalitate Batzordearen Araudia behin betiko onartzea Gobernu Kontseiluari dagokio, Ikastegiko Batzarrak halaxe eskatuta, eta dagokion legezkotasun txostena aurkeztu ondoren. Idazkaritza Nagusiak (eskuordetuta) onartuko ditu araudiak. Onartzeko, alabaina, araudiek aldeko txosten guztiak izan beharko dituzte eta Gobernu Kontseiluko kide bakar batek ere edo Ikastegiko Batzarreko kideen % 15ek ez dute espresuki eskatu beharko txostenak Gobernu Kontseilura eramatea. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari jakinarazi beharko zaio».
Horregatik guztiagatik, ondokoa
ERABAKI DUT:
Lehenengoa.– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Kalitateko Batzordearen arautegia onartzea.
Bigarrena.– Onarpen honen berri ematea Gobernu Kontseiluari.
Hirugarrena.– Agindua ematea Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen Kalitateko Batzordearen arautegia argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gobernu Kontseiluari horren berri eman eta gero.
Leioa, 2017ko apirilaren 6a.
Idazkari nagusia,
MIKEL GARMENDIA MUJIKA.
LAN HARREMAN ETA GIZARTE LANGINTZA FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA
HITZAURREA
Arautegi honek Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Kalitate Batzordearen funtzionamendu prozedura ezartzen du, betetzeko, kontuan hartuta UPV/EHUren eskakizunak, estatuko eta autonomia elkarteko agentziek (ANECA eta Unibasq, hurrenez hurren) zehaztutako jarraibideak, graduko tituluaren akreditazioa lortzeko.
Arautegi hau betetzera dator Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ikastegietako Kalitate Batzordeen Oinarrizko Arautegian jasotakoa, eta arautegi hori diseinatu da bat etorrita Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin lotutako zenbait programatan adierazitakoarekin. Zehatzago esanda, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat (KBBS). Bestalde, AUDIT programaren arabera, KBBS bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin behar du sistema hori. Gainera, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2009ko abenduaren 22an onartu zuen UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programa, eta berori gauzatzeko beharrezkoa da, programaren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Ikastegiko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da, eta zuzendaritza taldearekin batera KBBSren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, gainera, ikastegiko zuzendaritza taldeari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluen curriculuma garatzeko plangintzan eta jarraipen lanean, gaitasunetan oinarritutako irakaskuntza-ikaskuntza ereduaren arabera. Eredu horretan, informazio eta komunikazio teknologien laguntzaz, ikasleak gidatutako ikaskuntza (banakakoa nahiz taldekoa) sustatuko da, bai eta etengabeko ebaluazioa ere, guztia irakaskuntza eleaniztunaren testuinguruan. Era berean, ikastegiko Kalitate Batzordeak irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu, UPV/EHUren Docentiaz programaren barruan.
Ikastegiko Batzarrari dagokio, UPV/EHUko ikastegietako gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere.
Ikastegiko Batzarrari dagokio, halaber, titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
1. artikulua.– Arautegiaren helburua.
1.– Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.– Organoaren izena hau da: ikastegiko Kalitate Batzordea.
3.– Arautegi honen erreferentzia da Ikastegietako Kalitate Batzordearen Oinarrizko Arautegia, UPV/EHUk egina. Azken arautegi horren edukia egokitu egin da Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatearen funtzionamenduaren berezitasunetara.
2. artikulua.– Araubide juridikoa.
Fakultateko Kalitate Batzordeak arautegi honen arabera eta aplikagarri diren gainerako arautegiei jarraiki jardungo du.
3. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
d) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
e) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.
f) Ikastegian irakasten diren titulazioen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
g) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
h) Titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
i) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
j) Laguntza ematea dekanoari eta dekanotza taldeari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.
k) Ikastegiko Batzarrari erabakiak proposatzea, onar ditzan, betiere haren eskumenen arloan.
l) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
m) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
n) Txostenak egitea, irakasleak ebaluatu ahal izateko ondoren UPV/EHUren Docentiaz programaren barruan.
2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak.
4. artikulua.– Osaera.
1.– Batzordea beherago aipatzen diren kideek osatuko dute, gizonezkoen eta emakumezkoen kopuru orekatua bermatuta, ahal bada. Gainera, kideen ordezko kopuru bera aukeratu beharko da artikulu honetako c), d) eta e) ataletarako. Batzordeko burua fakultateko dekanoa izango da, edo hark izendatutako pertsona. Ikastegiko Kalitate Batzordeak berak erabakiko du zein batzordekide izango den batzordeko idazkaria. Batzorde honetako kide izateko ez da izan behar Ikastegiko Batzarreko kide.
Hauek dira batzordeko kideak:
a) Dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona, ataleko koordinatzailea edo hark bere ordez izendatutako pertsona, eta Berrikuntza eta Kalitatearen arloko egoitzako eta ataleko arduradunak.
b) Ikastegian irakasten diren titulazioetako koordinatzaileak.
c) IRIen bi ordezkari, bata egoitzakoa eta bestea atalekoa.
d) AZPkoen bi ordezkari, bata egoitzakoa eta bestea atalekoa.
e) Ikastegian irakasten den titulazio bakoitzeko ikasle bat.
2.– Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, kontuan hartuta dekanotza taldearen proposamena. Edonola ere, IRIen ordezkarien proposamena sailek edo ikastegian egoitza daukaten sailetako atalek egindakoa izan daiteke, bat etorrita Ikastegietako Kalitate Batzordearen Oinarrizko Arautegiak 4.1.b) artikuluan xedatutakoarekin. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak bi urterako izendatuko dira, baina epe hori luzatu ahal izango da. Fakultateko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, kideen erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean.
5. artikulua.– Laguntza batzordeak.
Ikastegiak zenbat titulu koordinatzen dituen, horrenbeste batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde hauek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak.
Era berean, batzorde bat sortu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hau eratzean bete beharko dira unibertsitateko sektore guztiak Kalitate Batzordean ordezkatuta egoteko irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da fakultatean egoitza duten sailen edo fakultateari atxikitako sail atalen ordezkariak egotea batzordean.
6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.
1.– Ikastegiko Kalitate Batzordeko kidea izatea ezaugarri pertsonala eta besterenezina da; pertsona batek Kalitate Batzordeko kidea izateari utziko dio UPV/EHUko Estatutuetan ezarritako arrazoiengatik. Arrazoiren bategatik hutsunerik sortuko balitz batzordean, arautegi honetako 4.1 artikuluari jarraiki beteko litzateke.
2.– Kalitate Batzordeko kideek batzordearen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
3.– Batzordearen ohiko bileretarako deiak batzordeko buruak egingo ditu, bilera baino gutxienez 72 ordu lehenago. Horretarako, deia bidaliko dio batzordeko kide bakoitzari, aztergaien zerrendarekin eta dagokion dokumentazioarekin.
4.– Batzordeak gutxienez bi bilera egingo ditu urtean. Horietako bat adierazleen eta prozesuen jarraipenari buruzkoa izango da, eta bestean adierazleak eta hobekuntza proposamenak aztertuko dira.
5.– Ezohiko bileretarako deiak batzordeko buruak egingo ditu bilera baino gutxienez 24 ordu lehenago.
6.– Bileretarako deiak egingo dira batzordeko buruaren ekimenez, sektore bateko kide guztien ekimenez (IRI, AZP edo ikasleak), edo fakultateko dekanotza taldeak eskatuta.
7.– Docentiaz programaren kasuan batzordeak batzordeko kide diren irakasleei buruzko txostena egin behar badu, irakasle horiek ez dira egongo batzordearen bileran beren kasua aztertzen denean.
8.– Batzordearen erabakiak baiespenez hartuko dira, ahal den guztietan. Ezin denean, bileran daudenen gehiengoa beharko da erabakiak hartzeko. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez bete beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagokien neurriak har ditzan.
9.– Izendatuko den idazkariak akta egingo du, eta aktari erantsiko dizkio bilerarako erabili diren edo bileran sortu diren dokumentuak. Akta eta erantsitako dokumentuak Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko dizkie. Era berean, argitara emango ditu batzordeak hartuko dituen erabakiak, ikastegiko kide guztien eskura egon daitezen.
10.– Bere araubidean aurreikusita ez dagoen guztian, Kalitate Batzordeak jardungo du Ikastegiko Batzarraren bileretarako ezarrita dauden arauen arabera, aplikagarri zaizkion neurrian.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordeetako kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez.
Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Salbuespen moduan, Kalitate Batzordeko kide hautatuen erdien lehenengo agintaldia bi urterako izango da. Zozketa bidez erabakiko da kide horietako nortzuen agintaldia izango den bi urtekoa.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Arautegi honek indargabetu egiten ditu, beren-beregi, UPV/EHUko lehengo Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako eta Gizarte Langintzako Unibertsitate Eskolako Kalitate Batzordearen aurreko arautegiak.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.