EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017079

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 4koa, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako idazkariarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko ikasketak berrantolatzeko prozesuaren ondorioz Eibarko Ataleko Kanpo-harremanetako zuzendariordeari zenbait administrazio egintza eskuordetzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-04-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201702100
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/01/04an argitaratutako 2015/11/05eko AKORDIOA [201600001]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 27an egindako bileran UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko proposamena onartu zuen.
Bigarrena.– 2015eko uztailaren 3an Hezkuntza , Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako aginduaren bidez (2015eko uztailaren 9ko EHAA) Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiak berrantolatu eta berriak eratzea onartu zen. Aginduan bertan zehaztutakoaren arabera, berrantolaketa eta ikastegi berriak indarrean sartuko dira unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartutako Ikastegien Oinarrizko Arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean.
Hirugarrena.– 2016ko urtarrilaren 4an argitaratu zen Ikastegien Oinarrizko Arautegia EHAAn, eta, beraz, berrantolaketa eta uztailaren 3ko aginduaren eranskinean jasotako ikastegi berriak 2016ko urtarrilaren 5ean sartu ziren indarrean.
Laugarrena.– UPV/EHUren Estatutuetako 207. artikuluak dioenez, idazkari akademikoak ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta gertakari guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak. Bestalde, Ikastegien Oinarrizko Arautegiak 7. artikuluan, bat etorrita UPV/EHUko Estatutuetako 131 artikuluarekin, xedatzen du ikastegiko atalak sortu ahal izango direla irakaslanaren antolaketak hala eskatzen duenean. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren kasuan, Eibarren atal bat dago eta Donostian Egoitza, biak Gipuzkoako Campusari dagozkiola.
Bosgarrena.– Zerbitzuak ahalik eta ondoen ematen jarraitu ahal izateko, beharrezkoa da ikastegiko idazkari akademikoak Eibarko Ataleko Kanpo-harremanetako zuzendariordeari eskuordetzea dokumentu eta agiri batzuk egiteko eskumena.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 9. artikuluan jasotzen du administrazio organoek beste organo batzuei eskuordetu diezazkieketela beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan (...).
40/2015 Legeko 9. artikuluak dio 3. atalean eskuordetutako eskumenak kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu beharko direla, eta hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria da. Bestalde artikulu bereko 4. atalak xedatzen du administrazio erabakiak eskumenez ematen direnean espresuki adierazi behar dela hala eman direla, eta eskumenak eskuordetu dituen organoak emandakotzat joko direla
Aipatutakoagatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Eskuordetzea Eibarko Ataleko Kanpo-harremanetako zuzendariordeari idazkari akademikoaren eskumena, dokumentu eta ziurtagiri hauek egiteko:
I.– Ikasleen kasuan, espediente akademikoari eta atalean ematen den titulazioari dagozkionak.
II.– IIPren kasuan, atalean egiten den jarduerari eta atalari atxikitako langileei buruzko txostenei dagozkien ziurtagiriak, idazkari akademikoak egin beharrekoak direnean.
Eskumenak eskuordetzeko erabaki honen babesean zuzendariordeak igorriko dituzten dokumentuetan eskumenak eskuordetu egin direla adierazi beharko da.
Bigarrena.– Ebazpen honen berri ematea berrantolaketak eragindako ikastegietako atalari eta UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Erabakia aipatutako aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Donostia, 2017ko apirilaren 4a.
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako idazkaria,
IZASKUN ALDEZABAL ROTETA.