EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017079

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gatika AT–Mungia AT–Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuen egokitzapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du.

Xedapenaren data: 2017-04-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201702092
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egindako eskaera bat jaso zen, Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuen egokitzapen-proiektuari buruz. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.c artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan xedatutakoarekin bat, 2017ko urtarrilaren 18an eta otsailaren 6an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Hori horrela, hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza; Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza; Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); URA; Kantauriko Ur Konfederazioa; Ingurumen Zuzendaritza Nagusia; Kultura Zuzendaritza, eta Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusia (azken hiruak Bizkaiko Foru Aldundikoak); Gatika, Mungia, Meñaka, Gamiz-Fika, Fruiz, Arrieta, Errigoiti, Morga, Muxika eta Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta Ekologistak Martxan Bizkaia.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza; Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza; Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusia (Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziorako atala eta Natura-ondarearen atala); URA, eta Gatika eta Amorebieta-Etxanoko Udalak. Espedientean daude horien emaitzak. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia langintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, eta, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.c artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaio, besteak beste, proiektuaren I. eranskineko edo II. eranskineko ezaugarrien aldaketa orori, exekutatuak edo exekuzio-prozesuan daudenak, 7.1.c) artikuluan jada baimendutako deskribatuez bestelakoak badira eta ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsuak izan baditzakete. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuen egokitzapen-proiektuari, zeina Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua baita. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Behin proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoa eta txostenak aztertuta, proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, zeina erakunde eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera. Aipatu proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da txosten horretan, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurugiroa Babestekoa; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena formulatzea Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuen egokitzapen-proiektuari, zeina Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua baita. Hona txostenaren nondik norakoak:
A) Proiektuaren helburua da Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremua zabaltzea, eremu hori berariazko preskripzioetara egokitzeko baso eta zuhaiztietatik lineak iragaiteko; preskripziook ageri dira otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan, Azpi-estazioen eta transformazio-zentroen baldintza teknikoei eta segurtasun-neurriei buruzko erregelamendua onartzen duena, eta Energia eta Minen zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean, Tentsio altuko aire-lineek zuhaiztiak dauden eremuetatik pasatzeko bete beharreko baldintza zehatzak ezartzen dituena. Honek dakar zuhaitzak ebakitzeko eremua birdefinitzea eta zabaltzea linea elektrikoaren trazaketa osoan. Linea elektrikoa ez da aldatzen ez bere trazaketan, ez lehendik dauden gurutzamenduen ezaugarrietan.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da zortasun-eremua zabaltzea linea elektrikoaren trazaketa osoan eta lehenago aipatu sektoreko araubidera egokitzea zortasun hori. Honek dakar zuhaitzak ebakitzeko eremua birdefinitzea eta zabaltzea linea elektrikoaren trazaketa osoan.
Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 132 kV-ko linea elektrikoan egingo dira lanak: zirkuitu bikoitza da, eta 28 km eta 269 m-ko luzera du, orotara (5,763 km eta 20 euskarri Gatika AT eta Mungia AT artean; 22,506 km eta 65 euskarri Mungia AT eta Euba AT artean).
Linea elektrikoa ez da aldatzen ez bere trazaketan, ez lehendik dauden gurutzamenduen ezaugarrietan.
Proiektuko ekintzak dira sarbideak ireki edota hobetzea, zuhaitzak inausi edo ebakitzea, kalteak birgaitzea, eta, funtzionamendu-fasean, linea elektrikoaren bizitza erabilgarrian egin beharreko segurtasun-kalearen mantentze-lanak egitea.
Eroaleen eta zuhaiztien arteko segurtasun-distantziari eutsi behar zaionean soilik egingo dira inausketa/ebaketa lanak. Proiektuko kalkuluen arabera, 139.347 m
Bide eta mendi-bide asko dago eremu horretan. Aukeran, lehendik dauden bideak –erabilera publikokoak direnak eta egokitzea eskatzen ez dutenak– erabiliz sartuko da lan-eremuetara. Beharrezkoa bada, lehendik dauden bideak egokituko dira, edo gurtarrastoen bidez iritsiko da. Azken aukera bezala, sarbide berriak eraikiko dira, baina sarbide horiek sortzeak lurrak mugiaraztea saihestuko da uneoro. Horiek horrela, aurreikusten dira:
• Sarbideak lehendik dauden bideetatik:
– Sarbidea bide irekietatik: 36.095 m.
– Sarbidea bide itxietatik: 827 m.
• Sarbideak lehendik ez dauden bideetatik:
– Sarbidea errodaduraren bidez: 8.342 m, belardi- eta larre-eremuei eragiten dietenak.
– Sarbide berriak: 348 m (lur-mugimendurik gabe, soilik eremuko sastrakak kenduta segurtasun-kalera iristeko eta gero handik mugitzeko)
Lanek 6 bat hilabete iraungo dute.
2.– Proiektuaren kokapena.
Gatika-Mungia-Euba 132 kV-ko linea elektrikoa Bizkaiko Lurralde Historikoko Gatika, Mungia, Meñaka, Fruiz, Arrieta, Errigoiti, Morga, Muxika eta Amorebieta-Etxano udalerrietatik igarotzen da.
Lehen zatian, Gatikako azpiestaziotik, nekazaritza-paisaia bat zeharkatzen du linea elektriko horrek, non belardi eta labore atlantikoak baitira nagusi, baso-landaketa txikiekin mosaikoan. Trazatuaren bigarren erdian, Mungiako azpiestaziotik aurrera, lehen 5 km-etan gutxi gorabehera, han-hemenka baso-mosaikoak dituen nekazaritza-paisaia da nagusi; gero, baso gehiago duen paisaia bat igarotzen du lineak, baso-landaketak dituena nagusiki hostozabaleko basotxo autoktono zenbaitekin (haritz kanduduna, batez ere). Ibilbidean zehar, goi-ibarreko errekasto txikiak zeharkatzen ditu, zeinek haien landaredi-orlari eusten baitiote (haltzadi kantauriarra, zenbait kasutan) eta zeinak Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra kudeatzeko planaren aplikazio-eremuan parte baitira. Linea elektrikoaren trazatua Eubako azpiestazioan amaitzen da, Amorebieta-Etxanoko udalerrian.
Morga eta Amorebieta-Etxano arteko zatian (29 euskarritik 54 euskarrira), lineak Natura 2000 Sarea Urdaibaiko Ibai Sarea KEB espazioaren parte diren errekak eta errekastoak zeharkatzen ditu, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren azalera txiki bat, 8 bat kilometrokoa. Biosfera Erreserbaren 5,3 ha-ko azalerari eragiten dio (22.000 ha, orotara, hau da, % 0,02). Bertan, ez da aurreikusten sarbiderik irekitzerik.
Halaber, EAEko Hezeguneen inbentarioko (III. taldea) Butroe ibaiaren hezeguneak (B10B2_08) zeharkatzen ditu linea elektrikoak.
Billikario Bidearen zati bat erabiltzen du proiektuak 29. euskarrirako sarbide gisa, eta, hori kostaldeko Donejakue Bidearen mugaketari eragiten dion elementua izanik, Kultura Ondare Sailkatu adierazpena partekatzen du (Monumentu Multzo kategoriarekin).
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektu-mota eta haren ezaugarriak ikusirik, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, eta hauen ondoriozkoak izango dira: makinen sartzea eta joan-etorriak, zuhaitzak botatzeko eta inausteko lanak, eta pilaketak eta instalazio osagarriak. Azpimarratzekoak dira:
• Uren kalitatea jaitsi daiteke obrak exekutatzean, makinen joan-etorriek, ustekabeko isurpenek edo arrastatutako inausketa/mozketa hondakinek eraginda – prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile egokiekin uren kalitatea gutxitzea dakarten eraginak minimizatuko direla uste da, eta inpaktua denbora jakin baterakoa, itzulgarria, berreskuragarria eta bateragarria dela kontsideratzen da;
• Landarediaren gaineko eragina, proiektuaren exekuzioak gutxi gorabehera 14,27 ha-ko azalerari eragingo dio, baso-landaketak eta baso naturalak barne. Nabarmentzekoa da haritz autoktonoen (5,02 ha, gutxi gorabehera) eta haltzen (919,95 m
• Faunaren eta fauna-intereseko guneen gaineko eragina, lanak egiteko azalerak okupatzearen ondoriozko habitataren kalitatea txikitzeak, habitatak desagertzeak, sortutako zaratak eta makinen joan-etorrien ondoriozko emisio posibleek eragindakoa, nagusiki. Interes bereziko gune dira proiektuaren eremuan dauden errekasto batzuk bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat duen espeziea. Aintzat harturik egungo segurtasun-kalearen ondoz ondoko ingurunera mugatzen dela eraginpeko azalera –zeinak habitataren barne-eremuetakoa baino kalitate txikiagoa izan ohi baitu–, obren iraupen txikia, eragin horiek minimizatzeko aurreikusitako neurriak eta bisoi europarraren gaineko eragina ekiditeko proposatutako gainerako neurriak, inpaktua bateragarri gisa baloratzen da.
• Babestutako espazio naturalen gaineko eragina, zehazki KBE ES2130006 Urdaibaiko Ibai Sarearen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gainekoa. KBE adierazpena ekarri zuten elementuetatik, baso alubialak eta bisoi europarra izan litezke eragin handiena jasan lezaketenak. Natura 2000 Sarearen gaineko eraginari buruz aurkeztutako berariazko txostena eta espedienteko txostenak ikusirik, ondorioztatzen da prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile egokiak hartuta (habitat eta espezieak eta sare hidrologikoa babesteko) ez dela izango KBEen gaineko eragin nabarmenik.
• Biosferaren Erreserbaren gaineko eraginari dagokionez, ikusirik azalera txiki bati eragiten diola (% 0,02) eta aurreikusitako neurriak hartuta, eragina bateragarri kontsideratzen da.
• Giza habitataren kalitatea gutxitzea (herritarren lasaitasuna) lanek dirauten artean, makinen joan-etorriak eragindako eragozpenengatik, batez ere.
• Kultura-ondarearen gaineko inpaktua, Billikario Bidea erabiltzeagatik, zeina Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren trazatuaren eraginpekoa baita. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko da, eta Bidearen jarraitutasuna eta ingurunearekiko eragin minimoa bermatu beharko dira. Horiek horrela, inpaktua bateragarri kontsideratzen da.
Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Hargatik eragotzi gabe Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatzen dena eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko organoak ezartzen duena, honako neurri hauek ezarriko dira:
– Oro har, linearen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezieak baino ez dira ebakiko. Gainerako zuhaitz-espezieei eta egungo zuhaixka-geruzari eutsi beharko zaie.
– Eremu sentikorrenetan eta natura-balio handienekoetan (KBE Urdaibaiko Ibai Sarea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba, zuhaizti autoktonoak, babestutako flora-espezieak dauden eremuak, faunarako interes berezia duten guneak eta abar), landarediaren gaineko eragina minimizatzeko neurriak hartuko dira, eta inausi edo lepatu egingo dira zuhaitzak; ebaki, aldiz, linearen segurtasunerako ezinbestekoa denean soilik ebakiko dira. Proiektuak eragin diezaiokeen zuhaizti autoktono guztiei aplikatuko zaie neurri hau, ez bakarrik urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan aintzat hartutako espezieei. Gainera,
• Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko.
• Zuhaitzak botatzea edo sastrakak kentzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira, eta ez makina asunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoa ez kaltetzeko.
• Ebaki beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira, edo, hala badagokio, eremuko ibaiertzetako landaredia.
• Linea elektrikoak bat egiten du Trichomanes speciosum espeziearen aipuarekin, zeina kaltebera gisa sailkatua baita Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan eta KEB Urdaibaiko Ibai Sarearen elementu gakoa baita. Obrak hasi aurretik, eremuaren prospekzio botaniko bat egingo dute gaian aditu direnek Trichomanes speciosum delakoen presentzia antzemateko, eta, hala behar bada, hartutako neurriak definituko dituzte ziurtatzeko populazioari ez diola eragiten.
• Ez da baimenduko sastrakak kentzea Bizkaiko Lurralde Historikoko Bisoi Europarraren (Mustela Lutreola) Kudeaketa Planean barne hartutako ibilguaren alde bietako jabari publiko hidraulikoaren zortasunaren 5 metroetan.
• Bisoi europarraren (Mustela Lutreola) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek exekutatzeko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren aldi sentikorrak fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.
• Zuinketa eta lanen exekuzioa natura-intereseko eremu sentikorretan gauzatzean, faunan eta basa-floran aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.
• Halaber, leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, ustekabeko eraginak ekiditeko.
– Esku hartu baino lehen, basoko hegaztien habiak eta plataformak dauden ebaluatuko da, eta, halakorik balego, horren berri eman beharko zaio basa-fauna kudeatzeko eskumena duen organoari.
– Lurzorua okupatzea dakarten lanak exekutatzea beharrezko denean, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko gunean gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez eta tresnez okupatzea, eta makineria, eta ibilgailuak horretarako prestatutako guneetatik kanpo ibiltzea. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Jardun-guneetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-dokumentuan proposatutakoarekin bat etorriaz. Lehendik dauden sarbideak egokitzeko obrak hala behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu sentikorren gaineko eragina minimizatuz.
– Guneren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-mota ezberdinak kudeatzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Gune horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.
– Lanen Zuzendaritzak onartu beharko du gune horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.
– Proiektua exekutatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lur-zoru okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isurpenik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik. Nahi ez diren eraldaketak ekiditeko eremu horietan, jabari publiko hidraulikoaren zortasun-zerrendak balizatuko dira, makinen joan-etorria, materialen pilaketa, hondakinak eta abar eragozteko.
– Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo horiei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.
– Urak har ditzakeen eremuak okupatzeari buruzko mugaketak errespetatuko dira, Kantauri Ekialdeko Demarkazioaren Plan Hidrologikoan xedatutakoarekin bat, eta, horrela, saihestuko da lurraren egungo sestra eta material edo hondakinen pilaketa-tokia alda lezaketen betelanak egitea eremu horietan.
– Bide osagarriak egin behar badira obrek dirauten artean, haien trazadurak baztertuko du edozein motako ibilguen aldaketa oro.
– Makinak uraren ibilbideetatik pasatuko dira, hala behar denean, fabrika-obretako bide eta sarbideetatik igaroz, edo bestela, lehendik dauden sarbideetatik. Obrako makinak ezin izango dira inoiz aipatutako gurutzatzeko lekuetatik kanpoko ibilguetatik ibili.
– Sarbide berriak ireki edo horrelako ekintzak egin behar badira, eta horrek lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lursailei eragin badiezaioke, gune horietan edozein jardun gauzatzeko, otsailaren 4ko 4/2015 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko da aurretiaz, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko.
Hauts-isuriak gutxitzeko neurriak.
– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.
– Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jardun-guneetatik bide publikoetara bitarteko tartea.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.
– Hondakinak deuseztatu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik balorizatzea.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraiste-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, Eraikitze- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikitze- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola: olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldo eta ez-arriskutsuentzako berariazko edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek dirauten artean sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obren eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira, aipatutako garbigunean.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, eta ez da hondakinik erreko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Igorritako dokumentazioan adierazitakoarekin bat, jardun-gunera sartzeko, Bilikario Bidearen zati bat erabiltzea aurreikusten da, Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren mugaketari dagokion elementua (Morga-Errigoiti-Bilikario eremua). Bertan egingo diren ekintzak urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan xedatutakoari atxikiko zaizkie, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Kultur Ondasun Sailkatu izendatzen baita (Monumentu Multzo kategoriarekin), eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko dute aurretik. Bermatu beharko da bidearen jarraitutasuna segurtasun-baldintzetan, eta ingurumenari ahalik eta gutxien eragitea.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.
Paisaia babesteko eta eragindako lekuak oneratzeko neurriak.
– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.
– Dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.
– Oneratze-lan horiek dirauten artean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia oneratzeko erabilitako lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
– Baso-eragiketetan erabiltzen diren makina guztiek garbi egon behar dute, eta lokatz- edo lur-arrastorik ez izan, proiektuaren eragin-eremuan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.
– Era berean, ahal denean, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jardun-eremuetan.
Jardunbide onen sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko:
– Obren okupazio-mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko landaredi-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.
– Ibilguen gaineko eta beren ibaiertzeko landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.
– Ekiditea bai hondakinen isurpenak, bai olioen isurketen eta lurren arrastearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura.
– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da proiektuak eraginpeko gunea, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzerik. Beraz, ez da beharrezko jotzen ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio arrunta egitea Gatika AT–Mungia AT-Euba AT 1 eta 2 (Bizkaia) 132 kV-ko linea elektrikoko zortasun-eremuen egokitzapen-proiektuari.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, proiektuaren sustatzaileari eta Gatika, Mungia, Meñaka, Gamiz-Fika, Fruiz, Arrieta, Errigoiti, Morga, Muxika eta Amorebieta-Etxanoko Udalei.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.