EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017078

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 11koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2016ko garapenerako lankidetzaren kontura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201702064
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2008/02/27an argitaratutako 2008/02/19ko 200800031 DEKRETUA

Ebazpen honen bidez, otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira, 2017rako. Dekretu horrek ekintza humanitarioetarako laguntzak arautzen ditu, garapenerako lankidetzaren kontura. Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, baina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar dituzte.
Dekretu horrek azaltzen duenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legearen babespean, ekintza humanitarioak dira hondamendiek eragindako pertsonei bizitza salbatzera, haien sufrimendua arintzera eta testuinguru horietan giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzera zuzendutakoak. Ekintza humanitario horrek barne hartzen ditu errefuxiatu eta barne desplazatuentzako luzaroko laguntzak deitutakoak, eta hondamendi osteko birgaitzearen lehen faseko jarduerak, eta hondamendien aurrean prestatzeko eta horiek prebenitzeko jarduera jakin batzuk ere bai.
Dekretu horretan aurreikusitako diru-laguntza lineen artean Ebazpen honetan honako hauek garatzen dira:
1.– Finantzaketa iraunkorra.
2.– Ekintza humanitarioko esparru-estrategiak.
Halaber, urte osoan irekita egoten den finantzaketa iraunkorreko linean, diru-laguntza eskaerak aurkeztu ahalko dira modalitate hauetarako:
a) Finantzaketa iraunkorreko lineako larrialdietarako laguntzak.
b) Finantzaketa iraunkorreko lineako ekintza humanitarioetarako laguntzak.
Bestetik, aurrerantzean, administrazio publikoekin harremanak izan nahi dituzten erakundeak behartuta daude bitarteko elektronikoak erabiltzera, hala ezartzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluak.
Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta, bestetik, apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak (Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa), Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak iragarri behar du diru-laguntzen deialdia.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.
Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuela, 2017ko otsailaren 10ean egindako bilkuran.
Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak (41. EHAA, 2008ko otsailaren 27koa) araututako ekintza humanitarioetarako laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea. Garapenerako lankidetzaren kargurako ekintza humanitariotarako laguntzak arautzen ditu dekretu horrek. Guztira, 4.700.000 euro emango dira.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Finantzaketa-linea bakoitzerako honako diru-zuzkidura hau egongo da:
a) Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-linea iraunkorra: 2.300.000 euro.
b) Ekintza humanitarioko esparru-estrategien finantzaketa-linea: 2.400.000 euro.
2.– Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioak arautzen dituen 2008ko otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 20. artikuluarekin bat etorriz, zenbateko jakin bat ezin bazaio esleitu ekintza humanitarioko ezein esparru-estrategiari, ekintza humanitarioen kopuru egoki batek eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez duelako edo bete beharreko eskakizunak betetzen ez dituelako, edo eskuragarri dagoen aurrekontu-zuzkidurarako behar adina eskabide jaso ez direlako, zenbateko hori etengabeko finantzaketa-lerrora bideratzeko aukera izango da. Zenbateko hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak horretarako ebazpena eman ondoren. Argitaratu egingo dira, halaber, euskal gizartearen parte-hartzetik datozen berariazko funtsen horniduraren bidez etor daitezkeen zenbateko berriak edota Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe gera daitezkeen aurrekontu-baliabideetatik etor daitezkeenak.
3.– Etengabeko finantzaketa-lerrora zuzendutako funtsak agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen bat argitaratuta.
3. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta Administrazioarekiko harremana.
1.– Eskaerak epe hauetan aurkeztu beharko dira:
a) Larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantzaketa-linea iraunkorra. Finantzaketa-linea iraunkorrerako eskaerak 2017ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahalko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
b) Ekintza humanitarioko esparru-estrategien finantzaketa-linea: Eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskaerak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atalean), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus webgunean (Deialdiak atalean).
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta eranskinak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.
4.– Eskaera egiteko, aurreko idatz-zatian azaldutako egoitza elektronikoan eta webgunean eskura dagoen eskabide normalizatua erabiliko da, eta eskabide hori behar bezala betetzeko, finantzaketako diru-laguntza lineetako bat aukeratu beharko da, edo bestela linea iraunkorra edo esparru-estrategien linea. Linea iraunkorra eskatzen bada, diruz lagundu beharreko bi modalitateetako bat edo larrialdietarako edo ekintza humanitarioetarako linea aukeratu beharko da.
5.– Eskaera egin osteko izapideak helbide hauetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus
6.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) 50.3 artikulua aplikatuz.
7.– Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.
4. artikulua.– Dokumentazioa.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:
a) Proposamen teknikoa eta aurrekontu orokorra. Biak ere alderdi guztietan behar bezala beteta, kontuan hartuta eskatu beharreko diru-laguntza linea, eta linea iraunkorraren kasuan, eskatu beharreko laguntzaren modalitatea, hau da, larrialdietarako edo ekintza humanitarioetarako, eskura daude egoitza elektronikoan https://euskadi.eus eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean. Proposamena teknikoak gehienez ere 27.500 hitz izango ditu, linea iraunkorrerako; eta 45.000 hitz, esparru-estrategiarako.
b) Lege-ordezkaritzaren egiaztapena, eskaera presentziala sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).
c) Partzuergo eran bildutako erakundeak badira, dagokion hitzarmena aurkeztuko da, https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus helbideetan eskura dagoen ereduaren arabera.
d) Gastuak fakturekin ez baizik eta ordainagirien bidez justifikatzea aurreikusi bada, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, hori justifikatzen duten arrazoiekin. Azalpen-memoria hori eskura dago https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus helbideetan.
e) Erakunde eskatzaileak erbesteratutako pertsonak bidaltzen baditu, eginbeharreko lanak eta iraupena azalduko dituen eta beharrezko gaitasun eta kalifikazio irizpideak jasoko dituen azalpen-memoria aurkeztu beharko da. https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus webguneetan eskura dagoen memoria-eredua eskainiko da.
f) Proforma fakturak, aurrekontuak edo kanpoko balorazioak, otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak ezartzen duenaren arabera hori beharrezkoa bada.
g) Ekintza Humanitarioko Plan Estrategikoa edo hori egiteko konpromisoa, ekintza humanitarioko esparru-estrategia eskatzen duten erakundeentzat.
5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak egitea. Hartarako, laguntza-eskabideen gaineko balorazioa eta azterketa teknikoa egingo ditu Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak, eta, bestalde, proposamena helaraziko dio hurrengo artikuluak aipatzen duen Balorazio Batzordeari. Eta hartarako batzarturik, batzorde horrek proposamena egingo dio organo eskudunari, hain zuzen ere laguntzak esleitzeari buruzko proposamena.
6. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Honako pertsona hauek osatzen dute Balorazio Batzordea, aurreko artikuluan aipatzen dena:
– Batzordeburua: Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna.
– Batzordekidea: Nicolás Basarrate Hormaechea jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
– Batzordekidea: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna.
– Idazkaria: Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa.
7. artikulua.– Esleitzeko eskumena duen organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria da iragarritako laguntzak esleitzeko eskumena duen organoa.
8. artikulua.– Baremazio-irizpideak.
1.– Hautatzeko eskaerak, esparru-estrategien linean zein finantzaketa iraunkorreko linean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte, 0 eta 100 bitarteko eskalan baloratuko dira ebazpen honen I. eranskinean jasotako baremazio-taularen arabera, eta ezingo da onartu gutxienez 50 puntu jaso ez dituen proposamenik.
2.– Esparru-estrategien lineako eskaeretarako, lehiaketa-sistemari jarraituko zaio. Sistema horren arabera, puntuaziorik handiena lortu duten esparru-estrategiak onartuko dira, finantzaketa-linea horretarako prestatutako zuzkidura agortu arte.
9. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.
Esparru-estrategien diru-laguntza onartu ondoren, hitzarmena sinatuko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta erakunde esleipendunaren artean, emandako diru-laguntza bakoitzeko. Hitzarmen hori https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.
Hori kontuan izanik, 2017ko aurrekontu-ekitaldian (eta diru-laguntzaren ordainketa aurreragoko ekitaldietan egin arren) garapenerako lankidetzaren kontura urtean ematen diren diru-laguntzen % 7 eskuratu ahal izango du gehienez ere erakunde eskatzaile bakoitzak. Hau da, diru-laguntza deialdia edozein dela ere, 2.981.323,16 euro jaso ahal izango ditu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen orotarako, honako hiru hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta Garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako ematen diren laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretua, bai eta Diru-Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 11.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.