EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017076

44/2017 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, elkarri administrazio elektronikoko oinarrizko soluzioak ematekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201700044
Xedapenaren data: 2017-04-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201702038
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Elkarri administrazio elektronikoko oinarrizko soluzioak emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 3KO 44/2017 EBAZPENARENA
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (ADMINISTRAZIO DIGITALEKO IDAZKARITZA NAGUSIA) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ELKARRI ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO SOLUZIOAK EMATEKOA.
BILDU DIRA
Alde batetik, Domingo Molina Moscoso jauna, Administrazio Digitaleko idazkari nagusia, kargu horretarako abenduaren 16ko 685/2016 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusiaren (SGAD) izenean eta hura ordezkatuz, eta eskuordetu zaizkion eskumenak erabiliz.
Beste aldetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua) eta apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuak (Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Dekretua) horretarako eman dizkioten eskumenak erabiliz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.1 artikuluan legez esleitu zaizkion eskumenetan titularra den sailaren ordezkaritza gauzatzeari buruz xedatutakoaren arabera diharduela.
Alde bakoitzak besteari hitzarmen hau izenpetzeko ahalmen juridikoa aitortu, eta honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluak xedatzen duenez, lankidetzaren, elkarlanaren eta koordinazioaren printzipioa da Administrazio publikoen jarduketarako printzipio nagusietako bat eta, legeak berak, atariko tituluaren VI. kapituluan, hitzarmena arautzen du ondorio juridikoak dituen tresna gisa, helburu erkide batekin Administrazioen artean akordioak formalizatzeko.
Bigarrena.– Ministerioetako sailen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 11ko 424/2016 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, IKT gaietan Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzak hartuko ditu lehengo Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak zituen funtzioak, bereziki hauei dagozkionak: zerbitzu publikoak emateko informazioaren teknologien eta komunikazioen erabilera ezartzea, administrazio elektronikoa garatzea eta gai horretan beste Administrazio publiko batzuekiko elkarlana, baita Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan herritarrei arreta emateko programen sustapena ere. Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusia Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzaren mende dago eta, aipatutako azaroaren 11ko 424/2016 Errege Dekretuaren ondorioz, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren eginkizunak hartu ditu, azken hori desegin baita.
Hirugarrena.– Administrazio biek, euren eskumenen artean herritarren eta enpresen onerako, lineako zerbitzu elektronikoak bultzatu, garatu eta ezartzeko informazioaren teknologiak aplikatzea dutela kontuan izanik, xede horretarako beharrezkoa da azkar eta eraginkortasunez aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, bi hauek betetzeko: alde batetik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak xedatutakoa; izan ere, lege horrek xedatzen duenez, Administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte, beren artean eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako nahiz haien mendeko entitateekin harremanetan jartzeko, haietariko bakoitzak hartutako sistemen eta konponbideen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna ziurtatuta, betiere datu pertsonalen babesa bermatuz; eta bestetik, herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko duten eskubidea, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa.
Eta, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden toki-erakundeak hitzarmenean erabakitako eta etorkizunean erabaki daitezkeen administrazio elektronikoko oinarrizko soluzio teknologikoetan partaide izan daitezen, egokia irizten zaio, modu errazean, lurraldeko toki-erakunde horiek hitzarmenari atxiki ahal izateko mekanismo bat ezartzeari, edonola ere, ezarritako betebeharrak betetzea bermatzen duen prozedura bat erabiliz.
Laugarrena.– 2010eko urriaren 18an, Lehendakaritza Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarri administrazio elektronikoaren eremuko zerbitzuak emateko hitzarmena sinatu zuten.
Bosgarrena.– Alderdiak ados daude herritarrei lineako zerbitzuak ematea bultzatzen jarraitzeko, haien elkarreragingarritasuna errazteko. Ildo horretatik, sinatzaileek, euren eskumen-eremuetan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoko proiektuak koordinatzea, haien eraginkortasunik handiena lortzeko, azken xedea interes publikoa asetzea izanik.
Seigarrena.– Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko, eta Administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioei jarraikiz, erabaki hau bereziki baliagarria da bi Administrazioentzat.
Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Hitzarmen honen xedea baldintza orokorrak ezartzea da, urriaren 1eko 29/2015 eta 40/2015 legeetan administrazio elektronikoari buruz xedatutakoa betetzeko, alderdi sinatzaileek ematen dituzten administrazio elektronikoko oinarrizko soluzio teknologikoen aprobetxamendu komunerako.
Oinarrizko soluzio teknologikoak elkarri emateko, hitzarmen honek ezartzen dituen arauak beteko dira, eta ez da kontraprestazio ekonomikorik izango.
2.– Halaber, hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmen honen bigarren klausulan edo etorkizunean hura eguneratu edo aldatuko dutenetan zerrendatutako soluzio teknologikoetan interesa duten toki-erakundeei sarbidea zer baldintzatan emango dien ezartzea, behar den akordioa sinatuta. Akordioak, edonola ere, hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatuko du.
3.– Era berean, hitzarmenaren xedea da alderdi biei lotuta dauden edo haien mendeko diren zuzenbide publikoko erakundeei sarbidea emateko baldintzak ezartzea, hitzarmen honen bigarren klausulan edo etorkizunean hura eguneratu edo aldatuko dutenetan zerrendatutako soluzio teknologikoetan interesa dutenei sarbidea emateko baldintzak, behar den akordioa sinatuta. Akordioak, edonola ere, hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatuko du.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
1.– Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek eskuratu ahal izango dituzte zerbitzuak ematea ahalbidetzen duten administrazio elektronikoko oinarrizko soluzio teknikoek ematen dituzten funtzionaltasunak, honako hauek, hain zuzen ere:
a) Sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabiltzeko:
– Identifikazio, sinadura eta ordezkaritzako sistemak.
b) Administrazio publikoen artean bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko:
– Administrazio publikoen arteko datu-bitartekaritza.
– Erregistroen interkonexio sistema.
– Informazio-trukeak Autonomia Erkidegoen Atariaren bidez.
c) Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egiteko:
– Jakinarazpen Elektronikoen Zerbitzuaren Gaitutako Helbide Elektronikoa eta Prozeduren Katalogoa.
d) Espainiako Administrazio publikoen komunikazio-sare gisa:
– SARA Sarea.
2.– Arestian zehaztu diren oinarrizko soluzioak garatzeko erabilitako teknologia aurreratuagoak edo eraginkorragoak diren beste batzuek eguneratu edo ordeztu ahalko dute, hitzarmen honen zazpigarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordearen erabakiaren bidez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien garapenaren ondorioz, arestiko zenbakian zerrendatu diren aplikazioak edo sistemak zaharkituta geratzen direnean edo araudietan dagozkien zehaztapen tekniko eta segurtasunekoei eragiten dieten aldaketak gertatzen direnean.
3.– Autonomia-erkidegoko lurraldean dauden toki-erakundeak arestian jaso diren soluzio teknologikoen edo haiek eguneratzen edo ordezten dituztenen funtzionaltasunak eskuratu ahalko dituzte autonomia-erkidearen eta toki-erakunde bakoitzaren artean horretarako sinatutako akordioaren bidez. Akordioak arestian zerrendatu diren soluzio guztien edo batzuen funtzionaltasunerako sarbidea eta erabiltzeko eskubidea bermatuko ditu, baita toki-erakundeek hitzarmen honetan jasotakoaren arabera dagozkien betebeharrak betetzen dituztela ere.
4.– Hitzarmen hau sinatzen duten Administrazioei lotuta dauden edo haien mendeko diren zuzenbide publikoko erakundeek arestian jaso diren soluzio teknologikoen edo haiek eguneratzen edo ordezten dituztenen funtzionaltasunak eskuratu ahalko dituzte, horretarako lotuta dauden edo mendeko diren Administrazioarekin sinatutako akordioaren bidez. Akordioak arestian zerrendatu diren soluzio guztien edo batzuen funtzionaltasunerako sarbidea eta erabiltzeko eskubidea bermatuko ditu, baita zuzenbide publikoko erakundeek hitzarmen honetan jasotakoaren arabera dagozkien betebeharrak betetzen dituztela ere.
Hirugarrena.– MINHFPen betebehar orokorrak.
1.– Oro har, MINHFPek, SGADen bidez, betebehar hauek hartzen ditu bere gain:
i) Autonomia-erkidegoko Administrazioaren eta, haren mendeko izanda, hitzarmen honi atxikitzen zaizkion zuzenbide publikoko erakundeen nahiz hari atxikitako toki-erakundeen eskura jartzea hitzarmen honetan aurreikusitako soluzio teknologikoak, hitzarmen honen eranskinean azaltzen diren zehaztapen teknikoen arabera.
Ii) Hitzarmen honetan jasotako soluzio teknikoei lotutako zerbitzuak jarraitutasunez ematea bermatzea, eta trukatutako datuen eskalagarritasuna, sendotasuna, eskuragarritasuna, osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzea.
Iii) Autonomia-erkidegoko Administrazioari zerbitzuak abiarazteko eta administratzeko behar den dokumentazio teknikoa ematea eta, behar denean, sistema edo aplikazioekin integratzeko behar den laguntza eskaintzeko mekanismoak gaitzea.
Iv) Behar denean, soluzioen integrazioaren proba-inguruneak edukitzea, behar bezala integratu eta jardungo dutela bermatzeko.
v) Beharrezko baliabideak esleitzea, zerbitzuen erabileraren ondorioz sortutako gorabeherak eta kontsultak kontuan hartu eta erantzun egokia emateko.
Vi) Hitzarmen honetan jasotako soluzio elektronikoei lotutako informazioa eta sistemak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak hartu eta betetzea, erabakitzen den segurtasun komunari buruzko politika adostuta eta ezarrita.
Vii) Hitzarmen honetan jasotako soluzio bakoitzaren eremuan gertatzen diren berritasunen berri ematea.
Viii) Hala jasota duten soluzio teknologikoetarako, zerbitzuak emateko behar den informazio legal, administratibo eta teknikoa, nahiz herritarrak ezagutu behar duen beste edozein informazio deskribatzen duten agiriak prestatu eta eguneratzea. Soluzio teknologikoaren «zerbitzu-karta» deituko zaie horiei.
2.– MINHFP eta haren hornitzaileak ez daude inola ere behartuta beren gain hartzera autonomia-erkidegoak, lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko erakundeek edo toki-erakundeek hitzarmen honetan jaso diren oinarrizko soluzio teknologikoak txarto erabiltzearen edo eskuragarri ez egotearen ondorioz sortzen diren zeharkako kalte-galerak.
Laugarrena.– MINHFPen berariazko betebeharrak.
MINHFPek, SGADen bidez, honako betebehar hauek hartzen ditu berariaz bere gain hitzarmen honetan jasotako soluzio tekniko bakoitzari buruz:
i) @sinadura sinadura elektronikoaren eta balidazioaren plataformarako:
a.– Ziurtapen-zerbitzuen emaileekiko akordioak sustatzea autonomia-erkidegoak eta, kasuan kasu, toki-erakundeek erabil ditzaten, eta haien arteko harremanak erraztea.
b.– Sinadura elektronikoari buruz indarrean dagoen Europako legedia betetzeko, Europako ziurtapen-zerbitzuen emaileek emandako onartutako ziurtagiri elektronikoekin egindako sinadura elektronikoen balidazioa erraztea, emaile horiek euren herrialdeek argitaratutako TSLetan sartuta badaude, eta balidatzeko metodoak eskuratzea doakoa eta teknikoki posible bada.
Ii) Administrazio publikoen arteko bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioetan bildutako soluzio teknologikoetarako:
a.– Administrazio publikoen arteko datu-bitartekaritzarako:
1) Urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretua) lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako f) letran (Datu-bitartekaritzako protokoloak) definitzen duen arau teknikoaren indarreko bertsioan definitutako estandarra betetzea eta betetzen dela zaintzea.
2) Eskatzen diren erabiltzaileen baimenak kudeatzea.
3) Kontsulta eta informazioa eskuratzeko saio bakoitza egiteko helburu zehatza jasotzea.
4) Zerbitzu horrek emandako datuen eta agirien erabateko baliotasuna zaintzea, aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera.
5) Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeei helbide aldaketa jakinaraziz gero, informazioa herritarrak jasotzaile izendatu dituen Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeei igortzea, eta ematea jakinaraztea.
6) Bitartekotza bidezko datu-multzo berriak daudenean, segurtasun-neurriak eta benetakotasun, konfidentzialtasun, osotasun eta elkarreragingarritasunari buruzko baldintzak betetzen direla zaintzea eta zerbitzu-karta eguneratzea.
b.– Erregistroen interkonexio sistemarako:
1) Urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretua) lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako k) letran (Erregistro Erakundeen artean idazpenak trukatzeko datuen eredua) definitzen duen arau teknikoaren indarreko bertsioan definitutako estandarra betetzea.
2) Erregistro Trukerako Osagaia (CIR) ematea.
3) Unitate Organikoen eta Bulegoen Direktorio Bateraturako (DIR 3) sarbidea ematea, hura kontsumitu eta eguneratzeko, eta Estatuko Administrazio Orokorraren datuak etengabe eguneratzen direla bermatzea.
4) SIRen integratzeko laguntza ematea eta, kasuan kasu, ziurtapena ematea, proba-sorta normalizatu bat gauzatu eta balidatu, eta nahitaezko txostena egitea, integrazioa abiarazi aurretik.
c.– Autonomia Erkidegoen Atariaren bidez informazioa trukatzeko:
1) Toki-erakundeek ematen duten informazio eguneratua autonomia-erkidegoko administrazioaren eskura jartzea.
2) Eskatzen diren erabiltzaileen baimenak kudeatzea.
Iii) Jakinarazpen Elektronikoen Zerbitzuaren Gaitutako Helbide Elektroniko eta Prozeduren Katalogorako:
a.– Autonomia-erkidegoko Administrazioari behar diren bitartekoak ematea, gaitutako helbide elektronikoa, telematikoki jakinaraziak izateko harpide daitezkeen prozedurei buruzko informazioa eta informazio eta arretako laguntza-zerbitzuak eskuratzeko.
b.– Behar den akordioa egitea zerbitzuaren emailearekin.
Bosgarrena.– Autonomia-erkidegoaren betebehar orokorrak.
Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak betebehar hauek beraganatzen ditu:
i) Bere lurralde-eremuko toki-erakundeek edo bere mendeko zuzenbide publikoko erakundeek hitzarmen honetan ezarritako soluzio teknologiko guztiak edo baten bat eskuratzea sustatzea, haiekin behar den akordioa sinatuta.
Ii) Bere eskumenen eremuaren barruan, hitzarmen honetan jaso eta eranskinean azaldu diren soluzio teknologikoen zehaztapen teknikoak betetzea.
Iii) Hitzarmen honetan zerrendatutako oinarrizko soluzioetan sartzeko behar diren konektibitate eta hedapeneko zeregin teknikoak egitea.
Iv) SGADrekin lotutako zerbitzuen errendimendu- eta monitorizazio-probak egitea hitzartzea, eskuragarri daudela bermatzeko.
v) Soluzioen erabilera zuzena egitea, baimenduta erabilerarako baino ez.
Vi) Zerbitzuek dituzten elementu aktiboak kudeatu eta mantentzea, eta haiek emateari eragiten dioten gorabeheren berri ematea SGADri.
Vii) Soluzioen jarraitutasuna bermatzeko behar diren laguntza-zerbitzuak mantentzea, eta soluzio bakoitzari dagozkion arduradunen nahiz laguntzazentroetako kontaktu operatiboak SGADri eman eta eguneratzea.
Viii) SGADri laguntzea gorabeherak hautematen, diagnostikatzen eta konpontzen, eta, kasuan kasu, gorabeherak konpontzeko denbora murriztea bermatzen duten ekintzak ere egin.
Ix) Hitzarmen honetan sartutako soluzio teknologikoen sistema erabiltzaileak eta aplikazioen administrazio-prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurak betetzea.
x) Hitzarmen honetan jasotako soluzio elektronikoei lotutako informazioa eta sistemak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak hartu eta betetzea, erabakitzen den segurtasun komunari buruzko politika betetzeko.
Xi) Hitzarmen honetan sartutako soluzio teknologiko bakoitzaren funtzionaltasunak eskuratzea ahalbidetzeko, autonomia-erkidegoko organo eskudunak toki-erakundeekin edo haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeekin sinatu dituen akordioen berri ematea SGADri.
Xii) Hala jasota duten soluzio teknologikoetarako, zerbitzuak emateko behar den informazio legal, administratibo eta teknikoa edo herritarrek jakin behar duen beste edozein informazio deskribatzen duten agiriak eguneratzen laguntzea. Soluzio teknologikoaren «zerbitzu-karta» esango zaie horiei.
Autonomia-erkidegoa eta, kasuan kasu, toki-erakundeak, edo haien hornitzaileak ez daude inola ere behartuta beren gain hartzera Estatuko Administrazio Orokorrak edo hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeek hitzarmen honetan jaso diren oinarrizko soluzioak txarto erabiltzearen edo eskuragarri ez egotearen ondorioz sortzen diren zeharkako kalte-galerak.
Seigarrena.– Autonomia-erkidegoaren berariazko betebeharrak
Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak berariaz hartzen ditu bere gain betebehar hauek, hitzarmen honetan jasotako soluzio teknologiko bakoitza eskuratu eta erabiltzeari dagokionez:
i) @sinadura sinadura elektronikoa balidatzeko plataformarako, lankidetza-akordioak lortzea ziurtagiri digitalak ematen dituzten ziurtapen-zerbitzuen emaileekin, MINHFPek lortu dituen akordioetan autonomia-erkidegoak eta, kasuan kasu, toki-erakundeek erabiltzea jaso denean izan ezik.
Ii) Administrazio publikoen arteko bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioetan bildutako soluzio teknologikoetarako:
a.– Administrazio publikoen arteko datu-bitartekaritzarako:
1) Urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen errege-dekretua) lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako f) letran (Datu-bitartekaritzako protokoloak) definitzen duen arau teknikoaren indarreko bertsioan definitutako estandarra betetzea.
2) Erabiltzaileei eta aplikazioei aplikatzen zaizkien baldintzak eta arauak ezarriko dituzten zerbitzuaren erabileraren arduradunak izendatzea sustatzea.
3) Prozedura hasteko eskaeran edo ondorengo beste komunikazio orotan herritarrei berariazko baimena eskatzea, baimen hori jasotzeko egokiak diren inprimaki elektronikoak erabiliz, eta bitartekaritza-plataformaren erabileraren berri emanez, lege-mailako arau batek kontsulta baimendu ezean.
4) Erakunde bakoitzean, erabiltzaileei eta aplikazioei aplikatzen zaizkien baldintzak eta arauak ezarriko dituen zerbitzuaren erabileraren arduradun bat izendatzen dela zaintzea.
5) Erabiltzaileei ematen zaizkien baimenak izapidetzea.
6) Kontsulta eta informazioa eskuratzeko saio bakoitza egiteko helburu zehatza jasotzea.
7) Zerbitzu horrek emandako datuei eta agiriei erabateko baliotasuna ematea, indarreko araudian xedatutakoaren arabera.
8) Bitartekotzaren bidezko datu guztietarako, igorle nahiz eskatzaile jardunik, segurtasun-neurriak eta benetakotasun, konfidentzialtasun, osotasun eta elkarreragingarritasuneko baldintzak betetzen direla bermatzea.
9) Datu-hornitzaileak izanez gero, MINHFPi jakinaraztea zerbitzu berriak zerbitzu-karta eguneratzea sustatzeko.
10) Estatuko Administrazio Orokorrari berak dauzkan eta hark bere eskumenak betetzean izapidetzen dituen prozedurak gauzatzeko beharrezkoak diren agiriak eta datuak eskuratu ahal izatea erraztea.
b.– Erregistroen interkonexio sistemarako:
1) Urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretua) lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusitako k) letran (Erregistro Erakundeen artean idazpenak trukatzeko datuen eredua) definitzen duen arau teknikoaren indarreko bertsioan definitutako estandarra betetzea eta betearaztea.
2) Erregistro Trukerako Osagaia (CIR) hedatzea eta integratzea.
3) CIRen eta lotutako zerbitzuen eskuragarritasuna bermatzea.
4) Unitate Organikoen eta Bulegoen Direktorio Bateratuari (DIR 3) informazio eguneratua ematea.
5) Erregistro-idazpenak digitalizatu eta kudeatzeko ezarritako prozedurak betetzea.
6) MINHFPekin ziurtatutako aplikazioen eta haien etorkizuneko bertsioen aldaketaren kudeaketa koordinatzea, sistemarekiko elkarreragingarritasunari eragiten ez diotela bermatzeko eta, hala bada, aplikazioaren beste ziurtapen oso bat egiteko.
c.– Autonomia Erkidegoen Atariaren bidez informazioa trukatzeko:
1) Erabiltzaileei ematen zaizkien baimenak kudeatzea.
2) Atarian dauden mekanismoak erabiltzea informazioa ematen duten toki-erakundeekiko harremanerako.
Iii) Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egiteko:
a.– Jakinarazpena emateko kudeatzeari lotutako kostuak (hala nola postontzia, eskura jartzea, ematea eta hartu-agiriak) bere gain hartzea, zerbitzuaren emailearekin dagokion akordioa sinatuta.
b.– Herritarrari behar diren bitartekoak ematea, gaitutako helbide elektronikoa, telematikoki jakinaraziak izateko harpide daitezkeen prozedurei buruzko informazioa eta informazio eta arretako laguntza-zerbitzuak eskuratzeko.
c.– Jakinarazpenari atxikitako prozedurak prozeduren katalogoan bitarteko elektronikoen bidez argitaratzea, haiek eguneratuta eta deskribatuta.
Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Hitzarmen honen eta haren eranskinean jasotako zehaztapen teknikoen kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Batzordea idazkari nagusiak izendatutako hiru kidek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio eta gobernu elektronikoetan ardura duen sailburuordeak izendatutako hiru kidek osatuko dute. Alderdi bakoitzak izendatutako kideetako batek zuzendari nagusi edo balio bereko maila izan beharko du.
2.– Maila handieneko kidea izango da batzordeburua. Urte bakoitietan Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak izendatutako kidea izango da, eta bikoitietan Euskal Autonomia Erkidegokoa.
3.– Batzorde hori, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.1.f artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipen, zaintza eta kontrolerako alderdiek adostu duten tresna da, eta aipatutako legearen 51.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko ditu bere eginkizunak.
4.– Batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du alderdi batek eskatzen duen bakoitzean.
5.– Jarraipen-batzordeari honako hauek dagozkio:
a) Hitzarmen honek sortutako konpromisoak interpretatzeari eta betetzeari buruzko arazoak ebaztea, bai eta alde sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.
b) Soluzio teknologikoak ezartzeari eta garatzeari lotutako baldintza teknikoak aldatzea.
c) Hitzarmen honetan sartutako administrazio elektronikoko soluzio bakoitza produkzioan jartzeari edo bertan behera uzteari buruz erabakitzea.
d) Hitzarmen honetan jasotako soluzioren batean, bilakaera edo garapen teknologikoaren ondorioz, funtzionaltasunak ordezten edo aldatzen badira, soluzio horren zerbitzu mailak ezartzea.
e) Erreferentziako datuak, kontaktuak, gorabeherak kudeatzeko eta zerbitzu mailen jarraipena egiteko mekanismoak eta soluzio bakoitzaren arduradunen zerrenda eguneratzea.
f) Hitzarmen honen bigarren klausulan zerrendatutako soluzioei dagokien teknologia guztia edo zati bat aldatzea eta eguneratzea, nahiz aurreratuagoekin ordeztea, daudenak zaharkituta daudenean edo informazioaren eta komunikazioaren teknologiek funtzionaltasun berriak edo hobeak ahalbidetzen dituztenean edo araudi teknikoan edo segurtasunari buruzkoan aldaketak gertatu direnean.
6.– Jarraipen-batzordearen bilerak modu elektronikoan egin ahal izango dira.
Zortzigarrena.– Araubide ekonomikoa.
Lankidetza-hitzarmen honek ez dakarkie betebehar ekonomikorik alde sinatzaileei.
Bederatzigarrena.– Aldaketa.
Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute.
Hamargarrena.– Iraupen-epea eta ondorioak.
Hitzarmen honen indarraldia sinatzen den egunetik aurrera hasiko da, eta lau urtekoa izango da. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluaren 8. zenbakian xedatutakoarekin bat, Estatuko Sektore Publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen Estatuko Erregistroan inskribatzen eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean izango ditu hitzarmen honek ondorioak.
Alderdiak ados egonik, indarrean jartzen denetik eraginik gabe geratzen da Lehendakaritza Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak Elkarri Administrazio Elektronikoaren eremuko Zerbitzuak Emateko 2010eko urriaren 18an sinatutako hitzarmena.
Hamaikagarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen hau administrazio-izaerakoa da; beraz, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 4.1.c) artikuluaren aurreikusitakoarekin bat, horren aplikazio-eremutik kanpo dago.
Hamabigarrena.– Gatazkak ebaztea.
Hitzarmen hau sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkar hartuta konpontzeko.
Hitzarmenaren garapenean eta burutzapenean alderdien arteko auziren bat sortzen bada eta bosgarren klausulan ezarritako jarraipen-batzordeak ezin badu konpondu, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.
Hamahirugarrena.– Erreferentziak.
MINHFPek hitzarmen hau aipatzen dituen administrazio elektronikoko soluzioak erabiltzen dituzten erakundeen zerrenda argitaratu ahal izango du, erabiltzaileak aipatzen dituen edozein zerrendatan edo argitaratutako edozein prentsa-aldizkaritan, aurretiazko baimenik behar izan gabe.
Autonomia-erkidegoak edo harekin akordioak sinatzen dituzten toki-erakundeek soluzio horien erabilera aipatu ahal izango dute lehenago MINHFPen baimena behar izan gabe.
Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute.
Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren izenean, Administrazio Digitaleko idazkari nagusia, Domingo Molina Moscoso jn.
Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jn.
ESTATUKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN (MINHFP) ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA ELKARRI ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO SOLUZIOAK EMATEKO
ERANSKINA: ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO SOLUZIOEN ZEHAZTAPEN TEKNIKOAK V 7.5
I) ATALA: ESPAINIAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN KOMUNIKAZIO-SAREA: SARA SARERA KONEKTATZEKO ZERBITZUA
I.1.– Azalpen orokorra.
I.1.1.– SARA Sarearen deskribapena.
«SARA Sarea»k informazio truke segurua ahalbidetzen du eremu pribatuko oinarrizko komunikazio-plataforma baterako konexioaren bidez konektatuta dauden administrazio publikoen aplikazioen artean.
Gaur egun honako hauek osatzen dute SARA Sarea:
– Intranet administratiboak, zeinak Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan lankidetzan ematen diren hainbat zerbitzu eskaintzen baititu
– TESTA IIrekin konektatzeko elementuek (TESTA II Europa barneko sarea da eta Europar Batasuneko Batzordearen Sare Korporatiboa eta estatu kideenak lotzen ditu, datu trukean eta zerbitzugintzako lankidetzan laguntza emateko), eta
– Administrazio publikoen estranetak, zeina autonomia-erkidegoen sare korporatiboei lotzeko elementuek osatzen baitute.
I.1.2 Dakartzan zerbitzuak
SARA Sareak honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
– Datuen komunikazioak
– Zerbitzu eskuragarriak
– Segurtasun komuneko politika
– Kalitatea bermatzea
● Administratzaileen ataria
● Laguntza zerbitzua nagusia
● Laguntza zerbitzu osagarriak
Autonomia-erkidegoek, Estatuko Administrazio Orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeek, dagozkien aplikazio informatikoen bidez, SARA Sareko zerbitzu oro erabili ahalko dute, zerbitzuaren emailearen eta haren erabiltzailearen arteko akordioaren ondoren, eta SARA Sareko laguntza zerbitzu nagusiari jakinarazita gero.
I.2.– Zehaztapen Teknikoak.
I.2.1.– Datuen Komunikazioak.
SARA Sareak hauekin komunikazio seguruak egitea ahalbidetzen dio autonomia-erkidegoaren sare korporatiboari, Konexio Gune baten bidez:
– Estranetarekin (SARA Sarera konektatutako beste administrazio eta erakunde publikoen sare korporatiboak).
– Estatuko Administrazio Orokorraren intranet administratiboarekin, eta
– Europako Batzordearen TESTA II Sarearekin.
I.2.2.– Konexio Gunearen eskema eta eginkizunak.
Teknologiaren egungo egoeran, Konexio Gunea funtsean eremu desmilitarizatu baten (DMZ) eskemari dagokio eta hauek osatzen dute:
– Kanpoko suebaki batek (gainerako sarearekin konektatzen du).
– Oinarrizko zerbitzuak gordetzen dituen zerbitzari batek eta
– Barneko suebaki batek (autonomia-erkidegoaren sare korporatiborantz).
Kanpoko suebakiarena egiten duen sistemak, halaber, VPN bat ixten du Estatuko Administrazio Orokorraren intranet administratiboaren Urruneko Sarbide Zentroarekin nahiz SARA Sarera zuzenean konektatutako beste erakunde baten Konexio Gunearekin. Suebaki horrek, era berean, sare helbide dinamikoen itzulpeneko eginkizunak (Network Address Translation – NAT) egin ditzake gainerako estranetetik autonomia-erkidegorantz sartzen diren konexioentzat.
Bestalde, barneko suebakiarena egiten duen sistemak ere NAT eginkizunak egin ditzake autonomia-erkidegoaren barruan kokatutako helmugen aurka.
Konexio Gunearen bidez bere bulego edo instalazioetatik SARA Sarean sartu ahal izateko behar diren konektibitate eta hedapeneko zereginak autonomia-erkidegoak egiten ditu. Berak kudeatzen eta mantentzen ditu bere sare korporatiboa SARAra konektatzeko elementu aktiboak, eta dagokion MINHFPeko zuzendaritza zentroari sartzen uzten dio haiek irakurri eta monitorizatzeko, zeregin horiek autonomia-erkidegoak berak nahiz hark izendatutako kanpoko hornitzaile batek bere gain hartzen baditu ere.
I.2.3.– Konexio Gunea osatzen duten elementuen deskribapena.
Teknologiaren egungo egoeran, Konexio Gunea honako hauek osatzen dute:
– Kanpoko routerrak: elementu horrek administrazio publikoen estraneten sare nagusiari lotzen duen linearekin konektatzen du.
– LAN kommutadoreak: soluzioa osatzen duten elementuen LAN konexio guztientzat. Hiru VLAN konfiguratzen dira hiru eremuri dagokien trafikoa bereizteko:
● Routerraren eta kanpoko suebakiaren arteko trafikoa (kanpoko VLAN).
● Konexio Gunearen beraren trafikoa (VLAN DMZ).
● Autonomia-erkidegoaren barruranzko trafikoa.
– Kanpoko klusterra: bi zerbitzarik osatzen dute aktibo-aktibo konfigurazio batean. Egoera arruntean sistemek jarraian azaltzen diren eginkizunak ematen dituzte; degradatuan, haietako edozeinek eman ditzake bi eginkizunak:
● Kanpoko suebakia: suebaki eta VPNak ixteko eginkizunak betetzen ditu. Linux zerbitzarian gordetzen da eta GPL lizentzia duten produktuak erabiltzen dira eginkizun horiek betetzeko.
● Estraneten zerbitzuetarako zerbitzaria: ezarri behar diren administrazio publikoen estranetaren oinarrizko zerbitzuak gordetzen dira bertan. Instalatutako zerbitzuak DNS, posta, proxya, web zerbitzaria, socks zerbitzaria eta NTP zerbitzaria dira. Kasu horretan ere GPL lizentzia peko produktuak dituen Linux zerbitzari bat da.
– Barruko klusterra: bi zerbitzarik osatzen dute aktibo-pasibo konfigurazio batean. Eginkizun hauek betetzen ditu:
● Barneko suebakia: erakundearen barruranzko suebaki eta NAT eginkizunak betetzen ditu. Linux zerbitzari batean gordetzen da eta GPL lizentzia duten produktuak erabiltzen dira.
● Backup zerbitzaria: klusterraren nodo pasiboa da. Nodo aktiboak huts eginez gero barneko suebaki zerbitzuak zerbitzu horretara baskulatzen dira.
– Elikatze etengabeko sistema: elementuen eskuragarritasuna hobetzeko, elikatzea eteten bada. Osagai hori zerbitzari batera konektatuta dago. Zerbitzari horrek maisuarena egiten du eta beste zerbitzarietan eskuragarri dauden agenteak kontrolatzeko gai da. Ahal den guztietan instalatuko da.
– Altuera ertaineko armairua (rack): soluzioaren osagai guztiak altuera ertaineko armairu bakar batean sartzen dira. Ahal den guztietan instalatuko da.
I.2.4.– Konexio Gunearen instalazio esparruaren ezaugarriak.
Autonomia erkidegoak Konexio Gunea instalatzen den tokia hautatuko du. Toki horrek baldintza egokiak izan behar ditu bere sare korporatiboarekiko konexioa errazteko zein zerbitzuaren jarraitutasuna ziurtatzeko.
Egun, Konexio Gunea osatzen duten osagaiak oinarrizko osagai guztiak rackean muntatzeko armairu batean sartzen dira. Armairua zoruaren gainean bermatzen da zuzenean eta neurri hauek ditu:
Egun elektrikoki elikatzeko baldintza hauek behar ditu:
– Elikatze-tentsioa: 220V (+% 6 –10).
– Elikatze-frekuentzia: 50Hz (+% 3 –3).
– Distortsio harmonikoa guztira:
– Mikro-mozketa tolerantzia funtzionamendua eten gabe, iraupena:< 20 ms.
– Konexio Guneko armairuaren potentzia: 3.500 W (hasierako konfigurazioa).
Konexio Gunea daukan esparruaren ingurumen-baldintzak hauek dira: oinarrizko garbiketa, eguzkiaren zuzeneko erradiazioaren aurreko isolamendua, eta aireztatze egokia barreiatutako beroa gehiegi pilatzea ekiditeko.
Egun Konexio Gunean sartzen diren zerbitzariek ez dute aire girotua jartzeko premiarik, bulegoko giro batean lan egiteko diseinatuta baitaude.
Hori dela-eta, Konexio Gunea daukan esparruak muga hauen barruan egon behar du:
– Tenperatura 15 eta 32° C bitartean.
(Gomendatutako tenperatura optimoa: 22.º C.).
– Gehieneko orduko gradientea T < 5° C orduko.
– Hezetasun erlatiboa % 20 eta 80 bitartean.
(Gomendatutako hezetasun erlatibo optimoa: % 50).
– Gehieneko orduko gradientea HE < % 10 orduko.
Beste baldintzatzaile batzuk direla-eta aire girotua instalatu behar balitz, kontuan hartu behar da armairuaren barruan instalatutako osagai guztien gehieneko jaulkitze termikoa hasierako konfigurazioan orduko 7.000 Btu-koa dela.
I.2.5.– Segurtasun komuneko politika.
Konexio Guneak SARA sareari konektatutako beste administrazio eta erakunde publikoen sare korporatiboekin (estraneta), Estatuko Administrazio Orokorraren intranet administratiboarekin eta Europako Batzordearen TESTA II Sarearekin komunikatzen du autonomia-erkidegoaren sare korporatiboa.
Era seguruan egiten dela bermatzeko, segurtasun komuneko politika bat ezarri behar da. MINHFPi dagokio hura aplikatzea eta egun VPNak eta trafikoaren zifratzea ezartzean datza.
Hori dela-eta, Konexio Gunea MINHFPek instalatzen, administratzen eta mantentzen du, MINHFPeko zuzendaritza zentroak autonomia-erkidegoari ematen dion dokumentazio teknikoaren arabera.
Halaber, hori dela-eta, MINHFPeko zuzendaritza zentroari dagozkion osagaiak irakurri eta monitorizatzeko sarbideak emango zaizkio, autonomia-erkidegoaren sare korporatiboko zerbitzua harena nahiz operadore batek emana izan.
I.2.6.– Estranetaren oinarrizko zerbitzuak.
Estranetaren oinarrizko zerbitzuak aplikazioen arteko elkarreragingarritasunari eusten dioten edo osatzen dituzten funtsezkoak dira. Konexio Gunean sartzen den azpiegitura arduratuko da zerbitzu horien elkarreragingarritasunaz.
Egun hauek dira estraneta osatzen duten oinarrizko zerbitzuak:
– DNS,
– relay SMTP,
– WWW,
– PROXY eta
– NTP (Defentsa Ministerioko Armadaren Errege Behatokiarekin sinkronizatuta).
I.2.7.– Zerbitzuaren kalitatea bermatzea.
Zerbitzuaren kalitatea bere osagai guztietan bermatzeko, honako elementu hauek daude:
– Administratzaileen ataria.
– laguntza-zerbitzuak.
I.2.8.– Administratzaileen ataria.
Administratzaileen atariak honako hauei buruzko informazioa dauka: emandako zerbitzua, gorabeheren jakinarazpena, programatutako geldialdiak, zerbitzu berrien argitalpena eta sistemaren funtzionamendu zuzenerako behar diren beste osagai batzuk. Informazio hori eskuragarri egongo da autonomia-erkidegoak izendatzen dituen arduradun teknikoentzat.
I.2.9.– Laguntza-zerbitzuak.
MINHFPek laguntza-zerbitzu nagusi bat dauka. Hari dagokio gorabeheren jakinarazpena jasotzea, haiek konpontzea hala dagokionean, eta konponbidea kudeatzea kanpoko agenteek esku hartzen dutenean (fabrikatzaileak, operadoreak, nahiz sistemarako sarbidea duten beste erakunde batzuk), baita zerbitzuari lotutako kontsulta teknikoei eta sarbide berrien eskaerei erantzutea ere.
Autonomia-erkidegoak laguntza-zerbitzu gehigarri bat eduki ahalko du, ahal dela 24x7, eginkizun bera betetzeko, bai SARA Sarearen zerbitzuak, bai MINHFPek eman ez dituenak bermatzeko.
Jarraipen Batzordearen bidez SARA Sarerako konexioaren autonomia-erkidegoko eta, kasuan kasu, toki erakundeetako arduradunen, nahiz dagozkion laguntza-zerbitzuen arduradunen kontaktuak trukatu eta eguneratuko dira.
I.2.10.– Gorabeherak mantentzea eta konpontzea.
Autonomia-erkidegoak berak kudeatu, mantendu eta konponduko ditu SARA Sarera konektatutako autonomia-erkidegoaren sare korporatiboaren osagai aktiboen gorabeherak. Hala ere, hala dagokionean, MINHFPeko zuzendaritza-zentroak sarbidea izango du haiek irakurri eta monitorizatzeko, zeregin horiek administrazio autonomikoak nahiz haren operadoreak egin.
MINHFPeko zuzendaritza zentroak gorabeherak hauteman, diagnostikatu eta konpontzeko, beharrezkoa gerta daiteke autonomia-erkidegoaren laguntza. Laguntza horren barruan, Konexio Gunean egiaztapen edo ekintza txikiak egitea sar daiteke, SARA Sareko laguntza-zerbitzu nagusitik zuzenduta, gerta daitezkeen gorabeherak konpontzeko denborak murriztu ahal izateko.
I.2.11.– Hasierako zerbitzu mailak
Laguntza-zerbitzu nagusiari dagokionez, hasierako zerbitzu maila hau definitzen da:
Jarraipen Batzordeak balio berriak ezarri ahalko ditu hala dagokionean arrazoi tekniko edo legalengatik.
II. ATALA: SINADURA ELEKTRONIKO AURRERATUKO SISTEMEN ERABILERA: IDENTIFIKAZIO, SINADURA ETA ORDEZKARITZAKO SISTEMAK
II.1.– Balidazio eta sinadura elektronikoko plataforma (@sinadura).
II.1.1.– @sinaduraren deskribapena.
@sinadura ziurtagiri eta sinadura elektronikoko produktu eta zerbitzu multzo bat da, MINHFPek garatua. Administrazio publikoen eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakunde lotu edo mendekoen eskura jartzen da, herritar, enpresa eta erakundeekin duten harremanean ziurtagirietan, autentifikazioan, sinadura elektronikoa sortzean edo denbora-zigiluan oinarritutako sinadura elektronikoaren balidazioa behar duten administrazio elektronikoko aplikazio informatikoak eta zerbitzuak abiaraztea eta hedatzea sustatzeko.
Hala, segurtasun eta elkarreragingarritasuneko ekosistema bat ezartzen da. Izan ere, herritarrek edozein prozedura telematikotan, hala nola NANe-an, erabiltzen dituzten ziurtagiri elektronikoen egoera eta baliozkotasuna egiaztatzea ahalbidetzen du, eta 11/2007 Legearen 21.3 artikulua betetzen da. Artikulu horrek xedatzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak, gutxienez, administrazio publikoen eremuan onartutako ziurtagiri guztien errebokatze-egoera egiaztatzeko plataforma bat izango du eta sail eta administrazio guztiek izango dute bertan askatasunez sartzeko aukera.
Halaber, azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak (ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa, partzialki garatzen duen Errege Dekretua), 25.1 artikuluan, hauxe xedatzen du: «Lehendakaritza Ministerioak (orain Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa denak) Estatuko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko edo hari lotutako erakunde publikoen eremuan onartutako ziurtagirien errebokazioaren egoera egiaztatzeko plataforma bat kudeatuko du».
Errege-dekretu horren 47. artikuluak xedatzen duenez, bestalde, beharrezkoa da administrazio-agiri elektronikoetan denbora-erreferentzia bat sartzea, eta denbora-erreferentziaren modalitateetako bat «denbora-zigilua» da. Denbora-zigilu hori agiri elektroniko bati bitarteko elektronikoen bidez data eta ordu bat esleitzean datza. Horretarako, ziurtapen-zerbitzuen emaile batek esku hartzen du, agiriaren denbora-markaren zehaztasuna eta osotasuna ziurtatzeko. Denbora-zigilua sinadura elektronikoaren ezinbesteko zatia da, batez ere urte askotako sinaduren kasuan, sortuak izan eta denbora luzea igarota balioztatu behar direnean.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak, herritarrei administrazio elektronikorako sarbidea emateko proiektuak garatu, bultzatu, planifikatu eta gauzatzeko eskumenak erabiliz, @sinadura Plataforma ematen du, ziurtagiriak eta sinadura elektronikoa balioztatzeko plataforma gisa. Plataforma horrek erraztu egiten du, ekainaren 22ko 11/2007 Legeak (Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko Legea) 6. artikuluko g eta h letretan ezartzen dituen identifikazio bitartekoak eta sinadura elektronikoa erabiltzeko herritarrek duten eskubidea betetzea, eta hura da Estatuko Administrazio Orokorrak duen balidazio-plataforma, lege beraren 21.3 artikuluak adierazten duenez. Plataforma hori TS@rekin osatzen da, denbora-zigiluak sortu eta egiaztatzeko.
Ematen duen beste zerbitzu bat STORK da: estatuko identitate elektronikoak mugaz gaindi ezagutzeko plataforma bat zeinak, pixkanaka, herritarrei euren estatuko identitate elektronikoak erabiliz beste herrialde bateko gobernu elektronikoko zerbitzuetan sartzea eta identifikatzea ahalbidetuko baitie.
Atal honetarako @sinadura erabiliko da plataformak ematen dituen zerbitzu guztiak aipatzeko.
II.1.2.– Dakartzan zerbitzuak.
@sinadurak honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
● Sinadurak eta ziurtagiri elektronikoak balioztatzea @sinadura plataformaren bidez.
● Fitxategien eta inprimakien sinadura elektronikoa bezero ingurunean, bai mahai gaineko ekipamenduetan bai plataforma mugikorretan, @sinadura bezeroaren bidez.
● Denbora-zigilua TS@ Zigilu Agintariaren bidez.
● Identitate-zerbitzuen hornitzaileen brokerra (g@koa).
● Europar Batasuneko beste herrialdeetako herritarren identitateen balidazioa Storken bidez.
@sinadurak autonomia-erkidegoaren mendeko organo eta erakundeen aplikazio oro gaitzen du, plataformak onartzen dituen ziurtagiri digitalen artean, autentifikazio eta sinadura prozesuetan ziurtagiri digitalak eta sinadura elektronikoak balioztatzeko.
Halaber, plataformak proba-inguruneak dauzka aplikazioak integratzea errazteko eta azken erabiltzaileen eskura jarri aurretik zuzen jardutea bermatu ahal izateko.
II.1.3.– Zehaztapen teknikoak.
II.1.3.1.– @sinaduraren ezaugarriak.
Dauden arkitektura, aplikazio eta soluzioekiko integrazioa ahalik eta errazena izateko, @sinadura «ez-intrusiboa» da, hots, ez du ez aldaketarik ez eraginik sortzen dauden sistema eta aplikazioetan egindako esfortzuetan.
Hauek dira haren ezaugarri nagusiak:
– Administrazio publikoek erabiltzen dituzten web zerbitzuetan oinarritzen da.
– Balidazio plataforma hori MultiZA (hainbat ziurtapen-agintari), MultiPolitika, MultiZiurtagiri, MultiSinadura, MultiFormatu. da, hots, herritarrei, administrazio publikoekin duten harreman telematikoan, hainbat balidazio-ziurtagiri eta -agintari mota erabiltzea ahalbidetzen die.
–Segurtasuna ematen die sinadura elektronikoei, denbora-zigiluko eta sinadurak urte askotako formatuetara eguneratzeko funtzioen bidez.
– Sinadura elektronikoaren arloan Europan indarrean dagoen legeria betez Europako ziurtapen-zerbitzuen emaileek ematen dituzten onartutako ziurtagiri elektronikoekin egindako sinadura elektronikoak balioztatzea ahalbidetzen du.
– Sinadura elektronikoa administrazio elektronikoko atarietan integratzea errazten du, @sinadura bezeroaren bidez, zeina MultiSistema Eragile eta MultiNabigatzaile osagaia baita.
– Segurtasun eta sendotasuneko bermerik handienak ematen ditu, eta bere funtzionamenduak hauek bermatzen ditu:
● Errendimendu optimoa,
● Eskuragarritasun handia,
● Elkarreragingarritasuna, eta
● eramangarritasuna.
II.1.3.2.– @sinadura plataforman sartzeko modua.
Plataformaren zerbitzuetara SARA Sarearen bidez baino ezin da sartu. Sarea dagokion atalean deskribatu da.
Sartzeko eskaerak laguntza-zentroaren bidez egiten dira, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.
II.1.3.3.– Ikuskagarritasuna.
@sinadurak egiten diren eskaera guztiak erregistratzen ditu eta langile publikoa eta/edo aplikazioa (ziurtagiri elektronikoaren bidez), eskaeraren unea eta egin den prozesua identifikatzen ditu. Eskaera horiek ikuskatu ahal izango dira, MINHFPek dauzkan auditoretza-elementuen bidez, esaterako, transakzioen «nahitaezko onarpena» gertatzen ez dela ziurtatzeko.
@sinadurak ez ditu biltegiratzen balidazio edo sinadura eskaeretan sartzen diren agiriak, eta ziurtagirietan sartutako datu pertsonalak tratatzeko arduradun baino ez dihardu; ez, ordea, datu horien arduradun. Aplikazio erabiltzaileak izan beharko du AEPD edo parekoaren aurrean bere aplikazioek tratatzen dituzten datu pertsonalak aitortzeko arduraduna.
II.1.3.4.– Erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuak.
Egungo definizio-egoeran, erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuek honako ezaugarri hauek dauzkate:
– Irismena.
Erabiltzaileentzako laguntza- eta arreta-zerbitzuak solaskide hauek biltzen ditu:
● Lehenengo mailarako: plataforma erabiltzen duten erakundeak eurak.
● Bigarren mailarako: EAZ zerbitzutik kanpoko agenteei, erakundeen eta ziurtapen-zerbitzuaren emaileen beste EAZei arreta emateko.
● Hirugarren mailarako: 2. mailako EAZren sistema eta garapenetan jarduteko eskaerei erantzuten dien EAZ.
● Maila gehigarriak:
– Ziurtapen-zerbitzuen emaileak.
– MINHFPeko proiektuaren kudeatzaileak.
– Zerbitzuen eta oinarrizko azpiegituraren beste hornitzaile batzuk gorabeheren edo sistemetako prebentzio-jarduketen aurrean haien laguntza eskatzeko.
– Eginkizunak.
Erabiltzailearentzako laguntza- eta arreta-zerbitzuak eginkizun hauek dauzka
● Eskaerak jasotzea, ezartzen diren sarrera bideen bitartez (inprimakiak web baten bitartez).
● Gorabeherak eta eskaerak euren tipologiaren arabera erregistratzea eta sailkatzea eta lehentasunak esleitzea (premiazkotasunaren eta zerbitzuan duen inpaktuaren arteko gurutzaketa eginik).
● Egoeren eta eskaeren ebaluazioa, ikerketa eta diagnostikoa.
● Laguntza mailen araberako eskalatua.
● Eskalatu hierarkikoa, zerikusia duten erakundeen erantzukizun mailek kasurik garrantzitsuenak ikusi eta gorabehera horien inpaktua gutxitzeko behar diren ekintzak egin ahal izateko.
●Gorabeheren eta eskaeren jarraipena haien bizi-ziklo osoan, haiek itxi eta egiaztatu arte, erabiltzaileak euren gorabeheren/eskaeren egoerari eta aurrerapen mailari buruz informatuta izanik.
II.1.3.5.– Zerbitzuaren kalitatea bermatzea.
Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko, zerbitzu mailak neurtzen dituzten parametroen balioak aztertuko dira etengabe.
Zerbitzuari dagozkion parametroak (sinaduran jasotako balidazio eta sinadura edo denbora-zigiluko zerbitzuen eskuragarritasuna, komunikazioen egoera, sistemen monitorizazioa) nahiz erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuari dagozkionak aztertuko dira kontsultak eta gorabeherak kudeatu eta konpontzeko.
Zerbitzu Mailaren Erabakia Teknologia Transferitzeko Zentroan argitaratuko da (@sinadura soluzioa).
II.2.– G@koa plataforma.
II.2.1.– G@koa sistemaren deskribapena.
G@koa herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidea bateratzea eta sinplifikatzea bilatzen duen sistema bat da. Haren helburu nagusia herritarra, gako itunduen bidez (erabiltzailea gehi pasahitza), administrazioaren aurrean identifikatu ahal izatea da, zerbitzuetan sartu ahal izateko gako bana gogoratu beharrik gabe.
G@koak NANe-aren eta ziurtagiri elektronikoaren bidez sartzeko egungo sistemak osatzen ditu, eta aukera ematen du sinadura elektronikoa urruneko zerbitzarietan zaindutako ziurtagiri pertsonalekin egiteko.
Plataforma bateratua da identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikorako, sistema elkarreragingarri eta horizontal bat. Hala, administrazio publikoei euren identifikazio eta sinadura sistemak ezarri eta kudeatu behar izatea saihesten die, eta herritarrei administrazioarekin harreman elektronikoa izateko hainbat identifikazio-metodo erabili behar izatea.
Urriaren 8ko PRE/1838/2014 Aginduak (haren bidez, Ministro Kontseiluaren 2014ko irailaren 19ko Erabakia, G@koa, gako itunduak erabiliz identifikatu, autentifikatu eta elektronikoki sinatzeko estatuko Administrazio Sektore Publikoaren plataforma bateratua onartzen duena, argitaratzen da) arautzen du sistema horren funtzionamendua.
Sistemaren hasierako irismena estatuko Administrazio Sektore Publikoa bada ere, beste administrazio publikoak ere hari atxiki ahalko zaizkio, hitzarmenaren bidez, ezartzen diren baldintza tekniko, ekonomiko eta antolakuntzakoetan.
II.2.1.1.– Plataformaren funtzionamendua (identifikazioa eta autentifikazioa)
Identifikazioari eta autentifikazioari dagokienez, G@akoaren filosofia identitate elektronikoen federazio sistema batena da, zenbait agente bilduz:
– Administrazio elektronikoko zerbitzuen hornitzaileak: administrazio elektronikoko zerbitzuak eman eta plataforma herritarrak identifikatu eta autentifikatzeko erabiltzen dituzten erakundeak.
– Identifikazio eta autentifikazio zerbitzuen hornitzaileak (IdP): Herritarrak identifikatzeko eta autentifikatzeko mekanismoak ematen dituzten erakundeak, beste erakunde batzuek bitarteko arrunt gisa erabil ditzaten.
– Atebidea / Identifikazio-kudeatzailea: sistema bitartekaria, zerbitzuen hornitzaileei identifikazio-mekanismoetarako sarbidea ahalbidetzen diena.
Hurbilketa honen arabera, zerbitzuen hornitzaileek identifikazio-kudeatzailearekin integratu besterik ez dute, eta berak ezartzen ditu behar diren erlazioak identifikazio sistemekin. Horretarako konfiantza-zirkuluak ezartzen dira elkarrekin integratzen diren agenteen artean, haien arteko ziurtagiri elektronikoen trukeak eta mezu sinatuen bidalketak lagunduta.
Identitate federazio hori inplementatzeko, G@akorako garatu den soluzioa STORK eta STORK 2.0 proiektuek eskuratutako emaitzetan oinarritzen da, haiek proiektuaren beharrizanetara behar bezala egokituz. Horretarako, G@koan elkarreragingarritasuna SAML 2.0 estandarra erabiliz lortzen da (XMLn oinarritutako framework bat, segurtasunari eta identitateari buruzko informazioa bildu, antolatu eta domeinuen artean trukatzeko), eta sistemen arteko integrazioa ez da zuzenean egiten, erabiltzailearen nabigatzailetik egindako birbideratzeen bidez baizik.
Identifikazio-mekanismoei dagokienez, G@koak, hasieran, itundutako bi gako mota erabil ditzake:
– PIN G@koa: denboran oso mugatuta dagoen baliozkotasuneko pasahitz sistema. Zerbitzuetan noizean behin sartzen diren erabiltzaileentzat dago pentsatuta eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak (AEAT) ematen du.
– G@ko iraunkorra: denboran baliozkotasun iraunkor baina ez mugagabea duen pasahitz sistema. Ohiko erabiltzaileentzat dago pentsatuta eta Gizarte Segurantzaren Informatikako Gerentziak (GISS) ematen du.
Identifikazio-mekanismo biek ematen dute aukera erabiltzaileak bere telefono mugikorrean, testu-mezu labur baten bidez (SMS), autentifikazio prozesuan erabili beharko duen kode bat jasotzeko. SMS hori bidaltzeko zerbitzua ematea ez da hitzarmen honen barruan sartzen, eta plataforman sartzen diren erakundeek kudeatu beharko dute zuzenean, kasu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta, kasuan kasu, mendeko zuzenbide publikoko erakundeek eta hitzarmen honi atxikitako toki-erakundeek.
Arestiko identifikazio-mekanismoez gain, G@koak beste bi identifikazio-sistema gehigarri biltzen ditu:
– @sinadura, identifikazioa ziurtagiri elektronikoen eta NAN elektronikoaren bidez kudeatzeko.
– STORK, Europako elkarreragingarritasuneko plataforma. STORK eta STORK 2.0 proiektuak gauzatu bitartean garatuta, identitate elektronikoak mugaz gaindi ezagutzea ahalbidetzen du, eta erreferentzia izango da Europako Parlamentuaren eta 2014ko uztailaren 23ko Kontseiluaren 910/2017 Araudian (EB; barne merkatuko transakzio elektronikoetarako identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzko Araudia, 1999/93/EE Zuzentaraua -eIDAS araudia- indargabetzen duena) aurreikusten den identitate elektronikoak ezagutzeko sistema etorkizunean eraikitzeko.
II.2.1.2.– Plataformaren funtzionamendua (ziurtagiri zentralizatuen bidezko sinadura)
G@koa sistemak, bestalde, sinadura elektronikoko sistemetan sartzea ahalbidetuko du, zehazki, agiri elektronikoak ziurtagiri elektroniko pertsonal zentralizatuen bidez sinatzeko zerbitzuetan, erabiltzaileak onartutako beste ziurtagiri batzuk erabiliko ez balitu, hori dena administrazio publikoei ziurtagiri elektronikoak erabiltzea eskatzen edo onartzen den izapideetan haiek aurkezteari begira. Honako ohar hauek hartuko dira kontuan:
– Zerbitzuan sartu ahal izateko, erabiltzaileak, aurretik eta berariaz, bere ziurtagiri elektroniko pertsonal zentralizatuak emateko eskatu beharko du. Herritarra G@koa plataformarekin sinatzeko prozeduran sartzen den lehen aldian emango zaio herritarrari sinatzeko bere ziurtagiri elektroniko zentralizatua. Sistemak bere ziurtagiri zentralizatua emango zaiola jakinaraziko dio herritarrari eta une horretan haren gako pribatua sortu eta era babestuan biltegiratuko du sisteman, titularraren kontrol esklusiboaren pean erabiliko dela bermatzeko moduan.
– Ziurtagiri elektroniko pertsonalak herritarraren NAN elektronikoaren identifikazio-berme berberekin emango dira.
– Ziurtagiri zentralizatua erabiliz sinadura elektronikoa jartzeko prozesu orotan, gako hori bere titularrak baino ezin eskuratuko duela bermatu beharko da eta, beraz, hura erabiltzeko, lehenago herritarra gutxienez 2 autentifikazio faktoreren bidez autentifikatu beharko da. Faktore horiek, besteak beste, PIN G@koa eta G@ko iraunkorra identifikazio-mekanismoak izan daitezke.
II.2.2.– G@koa sistemaren erabilpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta, kasuan kasu, mendeko zuzenbide publikoko erakundeak eta hitzarmen honi atxikitako toki-erakundeak G@koa sisteman sartzeko baldintza tekniko, ekonomiko, eta antolakuntzakoak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren 2015eko abenduaren 14ko Ebazpenak (G@koa sistema garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen teknikoak ezartzen dituen Ebazpena) xedatzen ditu. Batzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoak eta, kasuan kasu, mendeko zuzenbide publikoko erakundeek eta hitzarmen honi atxikitako toki-erakundeek, G@koa sistemako presentziazko erregistro bulegoak eratu ahalko dituzte. Horretarako, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren 2015eko irailaren 28ko Ebazpenean (g@koa sistemako presentziazko erregistro bulego jarduteko baldintzak ezartzen dituen Ebazpena) xedatutakoa bete beharko da.
Sartzeko eskaerak laguntza-zentroaren bidez egiten dira, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.
II.2.2.1.– Ikuskagarritasuna.
G@koa sistemak egiten diren eskaera guztiak erregistratuko ditu, eta beti identifikatuko ditu eskaera egiten duen erakundea eta eskaera horren unea, egindako eragiketa eta sistemak emandako erantzuna. Eskaera horiek sistemaren eragiketan esku hartzen duten erakundeek dauzkaten auditoretza-elementuen bitartez ikuskatu ahalko dira, bakoitzari esleitutako erantzukizunen arabera, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzaren 2015eko abenduaren 14ko Ebazpenean (G@koa sistema garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen teknikoak ezartzen dituen Ebazpena) xedatzen direnez.
G@koa sistemak ez ditu biltegiratzen identifikazio eta autentifikazio eskaerei emandako erantzunetan sartzen diren datu pertsonalak, eta ziurtagirietan sartutako datu pertsonalak tratatzeko arduradun baino ez dihardu; ez, ordea, datu horien arduradun. Aplikazio erabiltzaileak izan beharko du AEPD edo parekoaren aurrean bere aplikazioek tratatzen dituzten datu pertsonalak aitortzeko arduraduna.
II.2.2.2.– Erakunde erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuak.
G@koa sistema erabiltzen duten erakundeentzako laguntza- eta arreta-zerbitzua honako agente hauek ematen dute, zeinek bere mailan:
– Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko (MINHFP) Integratzaile eta Garatzaileentzako Arreta Zentroak (CAID), erakunde erabiltzaileekiko kontaktu gune gisa.
– Identifikazio-zerbitzuen hornitzaileen (AEAT edo GISS) laguntza-zerbitzuek, haiek parte hartzea beharrezkoa bada.
Erakunde erabiltzailearentzako laguntza- eta arreta-zerbitzu horrek honako eginkizun hauek dauzka:
– Eskaerak jasotzea, ezartzen diren sarrera bideen bitartez (inprimakiak web baten bitartez).
– Gorabeherak eta eskaerak euren tipologiaren arabera erregistratzea eta sailkatzea eta lehentasunak esleitzea (premiazkotasunaren eta zerbitzuan duen inpaktuaren arteko gurutzaketa eginik).
– Egoeren eta eskaeren ebaluazioa, ikerketa eta diagnostikoa.
– Laguntza mailen araberako eskalatua.
– Gorabeheren eta eskaeren jarraipena haien bizi-ziklo osoan, haiek itxi eta egiaztatu arte, erabiltzaileak euren gorabeheren/eskaeren egoerari eta aurrerapen mailari buruz informatuta izanik.
II.2.2.3.– Zerbitzuaren kalitatea bermatzea.
Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko, zerbitzu mailak neurtzen dituzten parametroen balioak aztertuko dira etengabe.
Kontuan hartuko dira, bai zerbitzuari berari dagozkion parametroak, bai erabiltzaileentzako laguntzari dagozkionak, kontsultak eta gorabeherak kudeatu eta konpontzeko.
Zerbitzu Mailaren Akordioa da @sinadura soluzioari aplikatzen zaiona, eta Teknologia Transferitzeko Zentroan argitaratzen da.
II.3.– Ahalordetzeen erregistro elektronikoa.
II.3.1.– Deskribapen orokorra.
Ordezkaritza eta ahalordetzeen erregistro elektronikoaren bidez (REA), interesdunek, administrazio publikoen eta/edo haiei lotutako edo haien mendeko erakunde publikoen aurrean, euren izenean elektronikoki jarduteko ematen dituzten ordezkaritzak jaso eta kudea daitezke.
Ahalordetze batean honako agente hauek esku hartzen dute:
– Ahalorde-emaile diharduen herritarrak beste edozein herritar edo enpresa ahalordetu dezake bere izenean jardun dezan.
– Ahalordedun diharduen herritarrak beste edozein herritar edo enpresa ordezka dezake.
Ahalordetzea erregistroan inskribatzen da, izapide jakin baterako edo batzuetarako. Deskribapena eta izapideak eta kategoriak kudeatzea REAri atxikitako erakunde bakoitzaren eskumena da.
REA erregistroaren bidez, ziurtagiri digitalaren edo NAN elektronikoaren bidez identifikatu ondoren, ahalordetzea inskribatzeko edo kudeatzeko behar diren eragiketa batzuk egin daitezke.
Ahalorde-emaile jardunik:
– Ahalordetze bat sortu izapide baten edo izapide kategoria baten gainean.
– Norberaren ahalordetzeak kontsultatu.
– Norberaren ahalordetzeak ezeztatu.
– Norberaren ahalordetzeen indarraldia aldatu.
Ahalordedun jardunik:
– Norberaren ahalordetzeak kontsultatu.
– Ahalordetzeei uko egin.
– Ahalordetzeak berretsi, hala eskatzen duten izapide edo kategorietarako.
Erakunde batek bere eskumeneko ahalordetzeak kudea eta kontsulta ditzake REAn, REAren intranet azpisistemaren bitartez, nahiz bere aplikazioak erregistroarekin integratuz, sistemak eskura jartzen dizkion web zerbitzuak erabiliz. Sistemak bere izapideak eta kategoriak zenbait formatu normalizatutan jaisten uzten die erakundeei.
II.3.2.– Zehaztapen teknikoak.
II.3.2.1.– REAra sartzeko moduak.
II.3.2.1.1.– Web aplikazio baten bidez sartzea.
Helbidea honako hau da:
https://rea.redsara.es/funcionarioHabilitado/
Aplikazioan SARA Sarearen bidez baino ezin da sartu.
Sartzeko eskaerak laguntza-zentroaren bitartez egingo dira, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.
Aplikazioaren erabiltzailearen gidaliburua hemen kontsulta daiteke:
http://administracionelectronica.gob.es/ctt/rea/
II.3.2.1.2.– Web zerbitzuen interfaze baten bidez sartzea.
REAren web zerbitzuetan SARA Sarearen bidez baino ezin da sartu.
Balioztatzeko aplikatzen diren arauak WSDL hizkuntzak eta XSD eskema-dokumentuek definitzen dituztenak dira.
Honako hauek dira eskuragarri dauden web zerbitzuak:
1.– WS ahalordetzeen kontsulta.
2.– WS ahalordetzeei alta ematea.
3.– WS ahalordetzeak ezeztatzea.
4.– WS ahalordetzeak aldatzea.
5.– WS ahalordetzeei uko egitea.
6.– WS ahalordetzeak berrestea.
7.– WS ahalordetzeak jaistea.
8.– WS kategoriak eta izapideak jaistea.
Web zerbitzuen deskribapen xehea hemen kontsulta daiteke:
http://administracionelectronica.gob.es/ctt/rea/
II.3.3.– Erakunde erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuak.
Erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuak ezaugarri hauek ditu:
– Irismena.
Erabiltzaileentzako laguntza- eta arreta-zerbitzuak solaskide hauek biltzen ditu:
● Lehenengo mailarako: REA erabiltzen duten erakundeak eurak.
● Bigarren mailarako: EAZ zerbitzutik kanpoko agenteei, hala nola erakundeei, erakundeen beste EAZei arreta emateko.
● Hirugarren mailarako: 2. mailako EAZren sistema eta garapenetan jarduteko eskaerei erantzuten dien EAZ.
● Maila gehigarriak:
– MINHFPeko proiektuaren kudeatzaileak.
– Zerbitzuen eta oinarrizko azpiegituraren hornitzaileak gorabeheren edo sistemetako prebentzio-jarduketen aurrean haien laguntza eskatzeko.
– Eginkizunak.
Erabiltzailearentzako laguntza- eta arreta-zerbitzuak eginkizun hauek dauzka:
● Eskaerak jasotzea, ezartzen diren sarrera bideen bitartez (inprimakiak web orri baten bitartez).
● Gorabeherak eta eskaerak euren tipologiaren arabera erregistratzea eta sailkatzea eta lehentasunak esleitzea (premiazkotasunaren eta zerbitzuan duen inpaktuaren arteko gurutzaketa eginik).
● Egoeren eta eskaeren ebaluazioa, ikerketa eta diagnostikoa.
● Laguntza mailen araberako eskalatua.
● Eskalatu hierarkikoa, zerikusia duten erakundeen erantzukizun mailek kasurik garrantzitsuenak ikusi eta gorabehera horien inpaktua gutxitzeko behar diren ekintzak egin ahal izateko.
● Gorabeheren eta eskaeren jarraipena haien bizi-ziklo osoan, haiek itxi eta egiaztatu arte, erabiltzaileak euren gorabeheren/eskaeren egoerari eta aurrerapen mailari buruz informatuta izanik.
II.3.4.– Zerbitzuaren kalitatea bermatzea.
Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko, zerbitzu mailak neurtzen dituzten parametroen balioak aztertuko dira etengabe.
Kontuan hartuko dira, bai zerbitzuari berari dagozkion parametroak, bai erabiltzaileentzako laguntzari dagozkionak, kontsultak eta gorabeherak kudeatu eta konpontzeko.
Zerbitzu Mailaren Akordioa da @sinadura soluzioari aplikatzen zaiona, eta Teknologia Transferitzeko Zentroan argitaratzen da.
III) ATALA: ADMINISTRAZIOEN ARTEKO BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BIDEZKO KOMUNIKAZIOAK:
III.a) azpiatala: administrazio publikoen arteko datu-bitartekaritza.
III.a.1.– Azalpen orokorra.
III.a.1.1.– Deskribapena.
Datu-bitartekaritzako plataformaren bidez, administrazio publiko interesdunek herritarren datuak kontsulta ditzakete bitarteko elektronikoen bidez, euren eskumena dela-eta beste administrazio publiko batzuek datu horiek badauzkatenean.
Hala, herritarrak ez ditu eman behar haien frogagiriak. Halaber, administrazio publikoak datu horiek egiazta ditzake. Horretarako beharrezkoa da legezko euskarri egokia egotea edo herritarrak bere baimena ematea.
III.a.1.2,– Dakartzan zerbitzuak.
Administrazioen arteko datu-bitartekaritzako plataformak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
– Datu-trukeko plataformarako konexioa.
– Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeei helbide aldaketa komunikatzeko zerbitzua.
– Zerbitzu-karta.
Zerbitzu-kartak zerbitzu jakin bat emateko administrazio publikoen artean datuak trukatzeak dakartzan ondorioak, nahiz hura izapidetzeko baldintzak, eragina izateko epea eta interesdunak ezagutu behar duen beste edozein informazio jasoko ditu zerbitzu horretan, eta sartzen diren bitartekotza bidezko zerbitzu berriekin eguneratuko da.
III.a.2.– Zehaztapen teknikoak.
III.a.2.1.– Administrazioen arteko datu-bitartekaritzako plataformaren ezaugarriak.
Datu-bitartekaritzako plataforma zerbitzu horizontala da eta hainbat administrazio integratzea ahalbidetzen du, bai beste administrazio publikoei datuak emateko, bai beste batzuen datuak kontsultatzeko, era seguruan.
III.a.2.2.– Datu-bitartekaritzako plataforman sartzeko modua.
Plataformaren zerbitzuetan SARA Sarearen bidez baino ezin da sartu. Sarea dagokion atalean deskribatu da.
III.a.2.3.– Segurtasunari buruzko zehaztapenak.
Trukatzen den informazioa kritikoa denez gero, datuen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta babesa erabat bermatzeko zehaztapen hauek beteko dira:
– Autentifikazioa: zerbitzuan sartzen diren erabiltzaileen identifikazioa, UIT X.509 gomendioaren 3. bertsioa edo haren gainekoak betetzen dituen indarreko ziurtagiri elektroniko onartuaren bidez, edo administrazio publikoen identifikaziorako 11/2007 Legean jasotako beste identifikazio-sistema batzuen bidez.
– Baimenen kudeaketa: langile publikoei eta aplikazioei baino ez zaie sarbidea emango, eta gaituak izan diren kontsultak egiteko baino ez.
– Sinadura elektronikoa: eskaera guztiak ziurtagiri elektronikoarekin (X509 v3) sinatuko dira (XMLDSig).
– Trazabilitatea: sistemak egiten diren kontsulta guztiak erregistratuko ditu, eta langile publikoa eta/edo aplikazioa (ziurtagiri elektronikoaren bitartez), kontsultaren unea (denbora-zigilua) eta haiek egiteko xedea identifikatuko ditu beti. Erregistratutako datuen osotasuna bermatzen du sistemak, sinadura elektronikoa erabiliz.
– Konfidentzialtasuna: sistemak trukatutako datuen konfidentzialtasuna bermatuko du. Erakundeen artean egiten diren komunikazio guztietarako https protokoloa (SSL) erabiltzen da eta, gainera, SARA sareak, zati nagusian, datuak zifratzeko neurri gehigarriak ematen ditu.
– Osotasuna: egiten diren kontsulta guztiak, nahiz itzultzen diren erantzunak elektronikoki sinatuko dira trukatutako datuen osotasuna nahiz esku hartzen duten alderdien identitatea eta kontsultaren nahitaezko onarpena bermatzeko.
– Denbora-zigilua: datu-bitartekaritzako plataforman erregistratutako jardueren eta gertaeren data eta ordua ziurtatzeko data-orduen marka bat edo, kasuan kasu, MINHFPeko Sinadura Elektronikoko Plataformaren Denbora-Zigiluko Zerbitzua erabiliko da, zeina Armadaren Errege Institutu eta Behatokiarekin sinkronizatuta baitago, urriaren 23ko 1308/1992 Errege Dekretuak legezko orduari buruz xedatutakoa betez (Armadaren Laborategia denbora-errolda nazionalaren gordailuzain eta Espainiako Metrologia zentroarekin kidetutako laborategi izendatzen duen Errege Dekretua), aipatu erakundeak ezartzen dituen baldintza teknikoen eta protokoloen arabera.
– Ikuskagarritasuna: eskaera guztiak eta dagozkien erantzunak sisteman erregistratzen dira, dagozkien sinadura elektronikoekin eta denbora-zigiluekin. Eskaera guztiak identifikatzaile bakar batekin identifikatzen dira. Gerora berreskuratzea ahalbidetzen du identifikatzaile horrek, erreklamazioak edo zerbitzuaren auditoretzak egonez gero.
– Auditoretza: datu-bitartekaritzako plataformak auditoretza-modulu bat izango du. Modulu horretan egiten diren datuen kontsulta guztiak, testuinguruari buruz lotutako informazioa, eskatzailearen identitatea, kontsultaren data eta xedea, eta kontsultak berak eragindako gertaera garrantzitsuak geratzen dira erregistratuta. Erregistratutako informazioaren osotasuna eta nahitaezko onarpena bermatuko dira, sinadura elektroniko eta denbora-zigiluko tekniken bidez eta, halaber, neurri teknikoak ezarriko dira eraginkortasun teknikoa edo segurtasuna direla-eta on-line gordetzen ez den informazioa eskuragarri izan eta berreskuratu ahal izatea bermatzeko. Behar diren baimena eta egiaztapena dituzten administrazio publikoko langileak baino ezingo dira sartu plataformaren auditoretzaren funtzionaltasunetan.
– Informazioaren kalitatea: datuen kalitatea haiek zaintzen dituen erakundearen erantzukizuna izango da.
– Administrazio ordezkaria: erabiltzaileen kudeaketa (altak/bajak/aldaketak) errazteko erakunde bakoitzak kudeaketa horren administratzaile arduradun bat edukitzea onartzen du sistemak. Horretarako, erakundeek sistemaren administrazioa mugatzeko aukera dute.
– Segurtasun komunari buruzko politika: informazioa eta eskainitako bitartekotza-zerbitzuak behar bezala babesteko beharrezko segurtasun-neurriak definitzeko hauek hartuko dira kontuan:
a) Eskumenak erabiltzeko erabilitako aplikazioen segurtasun, normalizazio eta kontserbazio irizpideak, Administrazio Elektronikoaren Kontseilu Nagusiak 2003ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren eta ondorengo berrikuspenen bidez onartutakoak, eta urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretutik aplikagarriak direnak (Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretua) betetzea.
b) Arriskuen analisia eta kudeaketa egitea, ahal dela Administrazio Elektronikoaren Kontseilu Nagusiaren Informazio Sistemen Arriskuak Aztertzeko eta Kudeatzeko Metodologia (MAGERIT) erabiliz.
c) Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa betez.
III.a.2.4.– Eskuragarritasuneko zehaztapenak.
Datu-bitartekaritzako plataforma astean 7 egun eta egunean 24 ordu eskuragarri egotea sustatuko da. Erakunde lagatzaileek eskuragarritasun berbera izan beharko dute euren sistema eta plataformetan.
III.a.2.5.– Zerbitzu berriak sartzea.
Hitzarmen honi atxikitako administrazioek bitartekotza bidezko datu multzo berriak sartu ahalko dituzte, zerbitzu-kartaren eguneratzea sustatuz eta MINHFPi bitartekotza bidezko zerbitzu berrien berri emanez, zerbitzu-karta eguneratu dezan.
III.a.2.6.– Datu-bitartekari berriak sartzea.
Zerbitzua erabiltzen duten administrazio publikoek euren datu-bitartekariak garatu ahalko dituzte. Hala eginez gero, beste erabiltzaile baten gisa konektatuko dira datu-bitartekaritzako plataformara, eta plataformaren baldintza eta betebehar berberak bete beharko dituzte, segurtasunari eta zerbitzu mailei dagokienez.
III.a.2.7.– Abiapuntuko zerbitzu mailak.
Hasieran zerbitzu mailak honako hauek izango dira:
Laguntza-zerbitzuak.
@sinadurari dagozkionak.
Jarraipen Batzordeak balio berriak ezarri ahalko ditu hala dagokionean arrazoi tekniko edo legalengatik.
III.b) azpiatala: erregistroen interkonexio sistema.
III.b.1.– Azalpen orokorra.
III.b.1.1.– Erregistroen Interkonexio Sistemaren deskribapena.
Erregistroen Interkonexio Sistema (SIR) administrazio publikoen azpiegitura bat da eta honako hauek egiten ditu:
–Erregistro bulegoak (aurrez aurrekoak eta elektronikoak) interkonektatzen ditu, Elkarreragingarritasunaren Arau Teknikoa erabiliz, urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak (Administrazio Elektronikoaren arloan Elkarreraginetarako Eskema Nazionala arautzen duen Errege Dekretua) lehenengo xedapen gehigarriko k) letran (Erregistro Erakundeen artean idazpenak trukatzeko datuen eredua, SICRES 3.0 ere baderitzona) aurreikusten denez.
– Erregistro-idazpenak trukatzea ahalbidetzen du, komunikazio elektroniko seguruen moduan, erregistro-bulegoen eta erakunde eskudunen artean, onura argiak emanez, bai herritarrari, bai administrazio publikoei.
– Herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzko 11/2007 Legearen 24.2 artikuluko legezko betebeharra betetzen du.
Jatorrian paperean zeuden agiriak herritarrak edo administrazio publikoek eurek aurkezten dituztenean elektronikoki bidaltzeak aurrezpen handiak dakartza kostuan eta denboran, eta agiri horiek eskuragarri egotea bermatzen du. Halaber, eta dagokion araudia aplikatuz, posible da legezko babes osoz digitalizatzea benetako kopiak sortzeko, eta herritarrari leihatilan papera itzultzea, papera manipulatzeko eta mugitzeko kostuak minimizatzea.
Plataforma eraikitzeko iturri irekiak dituzten osagaiak erabili dira. Edozein administraziok edo erakundek gordetzea, transferitzea eta berrerabiltzea errazten du horrek.
III.b.1.2.– Dakartzan zerbitzuak.
SIRekin integratzeko zerbitzu hauek eskaintzen dira:
– Plataforma teknologikoari berari konektatzea.
- NTI SICRES 3.0 ziurtapenerako eta SIRen integratzeko bulegoa. MINHFPek kudeatzen du, eskuragarri dago egokitu eta euren erregistro-aplikazioak SIRen integratu nahi duten administrazioentzat, eta laguntza eta ziurtapena eskaintzen ditu, eta dagokion proben sail normalizatua egikarituz eta balioztatuz.
- Unitate Organikoen eta Bulegoen Direktorio Bateratua (DIR 3), SIR plataformak derrigorrez kontsumitu behar duena erregistro-idazpenak ondo helbideratzeko.
Halaber, hartu behar den jarduteko eran hauek sartzen dira derrigorrez:
- Digitalizatzeko prozedura, eranskinak erregistro-idazpenetara ondo bidaltzeko.
- Salbuespenen kudeaketa agiri fisikoetan.
- Jatorrizkoak, kopia erkatuak eta fotokopiak kudeatzeko prozedurak.
- Idazpenak hartu eta birbidaltzeko prozedurak, agiri fisikoak egon zein ez.
- Salbuespenen kudeaketa giza akatsa gertatuz gero.
- Kalitate-metrikak.
Hautazkoa da:
- Bilakaeraren eta prozedura betetzearen adierazleak.
III.b.2.– Zehaztapen teknikoak.
III.b.2.1.– Erregistroen Interkonexio Sistemaren ezaugarriak.
Dauden arkitektura, aplikazio eta soluzioekiko integrazioa ahalik eta errazena izateko, SIR plataforma «ez-intrusiboa» da, hots, ez du ez aldaketarik ez eraginik sortzen dauden sistema eta aplikazioetan egindako esfortzuetan.
III.b.2.2.– Erregistroen Interkonexio Sisteman sartzeko modua.
SIRen zerbitzuetan SARA Sarearen bidez baino ezin da sartu. Sarea dagokion atalean deskribatu da.
III.b.2.3.– Erregistroen Interkonexio Sisteman sartzeko osagaiak.
SIR zerbitzuetan sartzeko Erregistro Trukerako Osagaia (CIR) erabiltzen da. MINHFPek lagatzen duen osagai bat da eta haren eginkizuna erregistro-idazpen bakoitzaren trukea zer alderdirekin egin behar den ebaztea (hots, jatorriko administrazioaren eta dagokion helmugako administrazioaren artean), eta truke hori egitea eta, huts eginez gero, berrahalegintzea da. Halaber, truke prozesuan parte hartzen duten nodoak baimenduta daudela eta komunikazioak ezarritako elkarreragingarritasun estandarra (SICRES 3.0) betetzen duela bermatzen du.
III.b.2.4.– Ikuskagarritasuna.
SIRek egindako transakzio guztiak erregistratu, eta egindako trukea, egin den unea, eta haren emaitza identifikatzen ditu beti. Kontsulta horiek MINHFPek dauzkan auditoretza eta traza osagaien bidez ikuskatu ahalko dira, esaterako, trukeei uko egiten ez zaiela ziurtatzeko.
III.b.2.5.– Abiapuntuko zerbitzu-mailak.
Hasieran zerbitzu mailak honako hauek izango dira:
Laguntza-zerbitzuak.
@sinadurari dagozkionak.
Truke-zerbitzuak.
Berdinen arteko trukea (hots, jatorriko administrazioaren eta helmugako administrazioaren artekoa) izateak sare osoan zerbitzu mailak osoki ezartzea galarazten du.
Jarraipen Batzordeak balio berriak ezarri ahalko ditu hala dagokionean arrazoi tekniko edo legalengatik.
III.c) azpiatala: informazioa Autonomia Erkidegoen Atariaren bidez bidaltzea.
III.c.1.– Azalpen orokorra.
III.c.1.1.– Zerbitzuaren deskribapena.
Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren (SEAP) autonomia-erkidegoen atariak zerbitzuak ematen dizkie administrazio publikoei, era zentralizatuan, profilak dituzten erabiltzaile aplikazio eta utilitate multzo bat eduki ahal izateko, langile publiko horiek SEAPi dagokionez duten identitatea kudea dadin.
Bestalde, toki-erakundeek SEAPen eskura jartzen dituzten agiriak toki-erakundeen agiriak kudeatzeko zerbitzuan biltegiratzen dira.
Lege esparruak ahalbidetzen duenean, toki-erakundeek eskura jarri dituzten agiriak autonomia-erkidegoaren eskura jarri ahalko dira erkidegoaren beraren agiriak kudeatzeko zerbitzu batean, toki-erakundeen betebehar berriak saihestuz eta informazioa birbaliatzea sustatuz hala.
III.c.1.2.– Dakartzan zerbitzuak.
Toki-erakundeek SEAPen eskura jarri dituzten agirietan sartzeko agiriak kudeatzeko bere zerbitzua erabiliko du autonomia-erkidegoak.
Bestalde, autonomia-erkidegoak oinarrizko zenbait izapidetze egin ahalko ditu, hala nola:
– Agiriak jaso.
– Erregistro Elektroniko Bateratuak emandako erregistro-egiaztagiria lortu.
– Toki-erakundeei errekerimenduak egiteko aukera.
– Jasotako espedienteei agiri pribatuak erantsi.
– Espedientea artxibatu.
Halaber, Sara Sarearen beraren oinarrizko azpiegitura-zerbitzuen arabera, hauek egiten dira:
– Toki-erakundeek igorritako informazioaren nahiz autonomia-erkidegoek sartutako datuen backup-zerbitzu bat.
– Urtebetez egin diren ekintzen sarbideak ikuskatzeko aukera, epe horretan behar den informazioa berreskuratzeko posibilitatea izanik.
III.c.2.– Zehaztapen teknikoak.
III.c.2.1.– Zerbitzuan sartzea.
Agiriak kudeatzeko zerbitzuan Autonomia Erkidegoen Atariaren bidez sartzen da. Ataria Unitate Organikoen eta Bulegoen Direktorio Bateratuarekin (DIR 3) sinkronizatuta dago. Direktorio horretako unitate bakoitzari haietako langile publikoak eslei dakizkioke, kudeaketa aplikazioan sartzeko behar den profila badute, langile bakoitzarentzat karguak eta/edo profilak ezartzea ahalbidetzen duen auto-hornidura sistema baten bidez.
III.c.2.2.– Zerbitzuaren kalitatea hobetzea.
Zerbitzuaren kalitate ona bermatzeko, autonomia-erkidegoen atariak gorabeherak jakinarazteko, konpontzeko, zerbitzuari lotutako kontsulta teknikoak egiteko eta sarbide berriak eskatzeko gune bat dauka. Gune hori 24x7an dago eskuragarri web sistema baten bidez, eta gorabeherak konpontzeko ordutegia 09:00etatik 18:30era artekoa da.
MINHFPek, Toki Erakundeen Atariaren bidez, gune bat gaitu du emandako zerbitzuari buruzko informazioa argitaratzeko: gidaliburuak, gorabeheren jakinarazpena, programatutako zerbitzu-geldialdiak, zerbitzu berrien argitalpena eta sistemaren funtzionamendu zuzenerako behar diren beste osagai batzuk. Informazio hori atari horren bidez eskuratu ahalko da.
DTICek (MINHFP) gorabeherak hauteman, diagnostikatu eta konpontzeko, beharrezkoa gerta daiteke autonomia-erkidegoaren laguntza. Laguntza horren barruan, azken erabiltzailearen mailan egiaztapen edo ekintza txikiak egitea sar daiteke, aplikazioaren laguntza-zerbitzu nagusitik zuzenduta, gorabeherak konpontzeko denborak murriztu ahal izateko.
III.c.2.3.– Zerbitzua erabiltzeko baldintzak.
Toki-erakundeen ataria eta agiriak kudeatzeko zerbitzua zuzen erabiltzeko, ezinbestekoa da autonomia-erkidegoko langile publikoak ziurtagiri aktibo bat edukitzea MINHFPen @sinadura plataformak jasandako estandarren batean.
Ziurtagiri digital hori hauetarako erabiliko da: langile publikoa autentifikatzeko; toki-erakundeari errekerimenduak egiteko; agiriak sinatzeko; eta, beharrezkoa bada, errekerimendu-prozedura betetzeko behar diren RECeko erregistro-apunteen eskaerak sinatzeko.
III.c.2.4.– Abiapuntuko zerbitzu-mailak.
Hasieran zerbitzu mailak honako hauek izango dira:
Laguntza-zerbitzuak.
@sinadurari dagozkionak.
Jarraipen Batzordeak balio berriak ezarri ahalko ditu hala dagokionean arrazoi tekniko edo legalengatik.
IV) ATALA: JAKINARAZPENA BITARTEKO ELEKTRONIKOEN BIDEZ EGITEA: JAKINARAZPEN ELEKTRONIKOEN ZERBITZUAREN GAITUTAKO HELBIDE ELEKTRONIKOA ETA PROZEDUREN KATALOGOA
IV.1.– Azalpen orokorra.
IV.1.1.– Deskribapena.
Azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak (ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzkoa, partzialki garatzen duen Errege Dekretua), 38.2 artikuluan, Estatuko Administrazio Orokorrek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko modua arautzen du eta hau xedatzen du: «Lehendakaritza Ministerioaren erantzukizunaren pean jakinarazpen horiek egiteko gaitutako helbide elektronikoko sistema bat egongo da. Sistema hori euren jakinarazpen-sistemak ezartzen ez dituzten estatuko Administrazioari lotutako edo haren mendeko organo eta erakunde publiko guztien eskura geratuko da. Herritarrek helbide elektroniko hori irekitzeko eskatu ahalko dute eta haren indarraldia mugagabea izango da, kasu hauetan izan ezik: titularrak haren errebokazioa eskatzen badu, pertsona fisikoa hil edo pertsona juridikoa azkentzen bada, ebazpen administratibo edo judizial batek hala agintzen badu edo jakinarazpenak egiteko erabili gabe hiru urte igarotzen badira. Azken kasu horretan, helbide elektronikoa desgaitu eta interesdunari jakinaraziko zaio».
Apirilaren 5eko PRE/878/2010 Aginduak (azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren 38.2 artikuluan aurreikusitako gaitutako helbide elektronikoko sistemaren araubidea ezartzen duen Agindua) helbide elektronikoko zerbitzua emateko gaitutako erakundeak bete behar dituen baldintzak eta zerbitzua emateko baldintzak ezartzen ditu, eta 2.1 artikuluan hauxe xedatzen du: «Interesdunen gaitutako helbide elektronikoak eraikitzeko erabiltzen den helbide elektronikoaren titulartasuna Lehendakaritza Ministerioari dagokio».
Arestian aipatu araudian xedatutakoa aplikatuz, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak (MINHFP) jakinarazpen elektronikoko eta Estatuko Administrazio Orokorrarentzat gaitutako helbide elektronikoko zerbitzu bat garatu du. Zerbitzu hori Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Monetaren Errege Etxearen (FNMT-RCM) lankidetzaz ematen da, Estatuko Administrazio Orokorrak (Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa) Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala - Monetaren Errege Etxeari jakinarazpen elektronikoko eta gaitutako helbide elektronikoko zerbitzuak emateko Kudeaketa Esparrua Agintzeko Erabakiari esker (2015eko ekainaren 26an sinatutako Erabakia).
MINHFPek, administrazio elektronikoaren ezarpena bultzatu asmoz, zerbitzu hori Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan emateko garatu dituen sistemak erabiltzea erraztu nahi die administrazio eta erakunde publikoei. Eranskin honen helburua MINHFPek Jakinarazpen Elektronikoko Zerbitzuaren Gaitutako Helbide Elektronikoko eta prozeduren Katalogoko Zerbitzua emateko ezartzen diren eskubideak eta betebeharrak arautzea da.
Gaitutako Helbide Elektronikoko plataformari esker, jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egin daiteke. Izan ere, sarbidea ematen die interesdunei jakinarazitako egintzaren edukirako, eskura jartzen den eta edukia eskuratzen den data eta ordua era seguru eta sinesgarrian ziurtatuz. ¡
Jakinarazpen Elektronikoko Zerbitzuak honako funtzionaltasun hauek dauzka:
– Herritarrari bere postontzia identifikatzeko ematen zaizkion helbide elektronikoak kudeatzea.
– Jakinarazpenak telematikoki jasotzeko aukera ematen duten prozedurak kudeatzea.
– Igorleak herritarrari jakinarazpen administratiboak telematikoki ematea kudeatzea.
– Itzulerako informazioa (jakinarazpenen ematea edo uko egitea edo epea iraungitzea) kudeatzea.
– Herritarra ziurtagiri digitalaren edo NANe-ren bidez identifikatzea eta ziurtagiriaren baliozkotasuna egiaztatzea.
– Herritarraren sinadura jasotzea «helbide elektroniko berriaren eskaera», «prozeduretarako harpidetza» eta «jakinarazpenari uko egitea edo ematea» agirietarako.
– Herritarrak egindako ekintzei denbora-zigilua jartzea.
– Jakinarazpenaren baliozkotasun juridikoa bermatzeko behar diren agiriak biltegiratzea.
IV.1.2.– Dakartzan zerbitzuak.
Jakinarazpen Elektronikoko Zerbitzuaren Gaitutako Helbide Elektronikoko eta prozeduren Katalogoko Sistemak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:
a) Gaitutako Helbide Elektronikoaren kudeaketa.
b) Jakinarazpen Elektronikoko Zerbitzuaren Prozeduren Katalogoaren kudeaketa.
c) Prozeduren argitalpena.
d) Prozeduretarako harpidetzaren kudeaketa.
Gaitutako Helbide Elektronikoaren bateragarritasunari eta herritarrak harpide ditzakeen prozeduren argitalpenari eragin diezaiekeen edozein informatizazio neurri elkarri jakinaraziko zaio.
IV.1.3– Jakinarazpenaren ematearen kudeaketari lotutako kostua.
MINHFPeko Jakinarazpen Elektronikoko Zerbitzuaren Gaitutako Helbide Elektronikoko eta prozeduren Katalogoko Zerbitzuak emandako zerbitzuak batere kosturik gabe egingo dira. Jakinarazpenaren ematearen kudeaketari lotutako kostuak (postontzia, eskura jartzea, ematea, hartu-agiriak, etab.) FNMT-RCMren eta zerbitzuaren erabiltzailearen arteko harremanen barruan geratuko dira.
IV.2.– Sistemaren deskribapen teknikoa.
IV.2.1.– Zerbitzuaren emailea.
Jakinarazpen elektronikoko eta gaitutako helbide elektronikoko zerbitzua FNMT-RCMk ematen du, Estatuko Administrazio Orokorrak erakunde horri kudeaketa-esparrua agintzeko Erabakiari esker.
IV.2.2.– Zerbitzu mailen ezarpena.
Aplikatzen den zerbitzu mailen ezarpena Estatuko Administrazio Orokorrak (Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa) Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala – Monetaren Errege Etxeari jakinarazpen elektronikoko eta gaitutako helbide elektronikoko zerbitzuak emateko Kudeaketa Esparrua Agintzeko Erabakian ezarritakoa da.