EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017076

81/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700081
Xedapenaren data: 2017-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201701967
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/07/20an argitaratutako 2007/06/29ko 200700009 LEGEA
  • 2013/04/24an argitaratutako 2013/04/09ko 201300190 DEKRETUA partzialki indargabetzen du
  • Ikus 2016/11/28an argitaratutako 2016/11/26ko 201600024 DEKRETUA

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu. Haren azken xedapenetatik lehenengoan ezartzen denez, sailburuek lehendakariari aurkeztuko dizkiote, 2017ko martxoaren 31 baino lehen, euren sailen erregelamendu organikoen proiektuak, berak onar ditzan. Jaurlaritzaren programan sail bakoitzaren jardun-arlo bakoitzari emandako helburuen eta printzipioen arabera egingo dira proiektuok. Horrekin batera, erregelamendu horiek bete behar dituzten erakunde-irizpideak ere ezartzen ditu.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sail berriak aurkezten duen organigramak dekretu honen 1. artikuluan xehatutako funtzioak eta jardun-arloak betetzeko gauza den egitura batera egokitu beharrari erantzuten dio. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sail iraungiko Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako organoek eta unitateek osatzen dute egitura hori, baita Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren unitateek eta baliabide materialek eta giza baliabideek ere, dekretu honetan adierazitako jardun-arloei atxikita badaude eta egitekoak badituzte.
Antolaketa Eskuliburuan daude jasota egitura ezartzeko kontuan hartutako erakunde-diseinuaren orientazioak, printzipioak eta irizpideak; Berrikuntzaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritzak egin zuen eskuliburu hori Berrikuntza Publikoaren Planaren barruan. Aurreikusitako egituraren bidez, kudeaketaren erdigunea turismoa, ostalaritza eta merkataritza sustatzen jarri nahi da, haien sinergiak sustatu eta kontsumo-arloarekiko erlazioa hobetu. Horretarako, arlo guztien koordinazioa planteatzen da saileko goi-mailako organoen mailan; horri esker, zeharkako politikak formulatu ahal izango dira, gizartearen demandak asetzera bideratuta, kontsumitzaileenak edo erabiltzaileenak zein enpresenak edo profesionalenak izan, eta ahalik eta ondoen aprobetxatu ahal izango dira erabilgarri dauden giza baliabideak eta materialak.
Ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA
1. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiari dagozkion eskumenen barruan eta lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 13. artikulua garatze aldera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu dekretu horrek):
a) Turismoa.
b) Merkataritza.
c) Kontsumoa.
d) Merkataritza, Industria eta Nabigazioko ganberak.
e) Sailari atxikita dauden edo sailaren mendekoak diren erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
f) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.
2. artikulua.– Egitura orokorra.
A) Organo zentralak:
Aurreko artikuluan aipatutako gaiei buruzko eskumenak baliatzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak honako egitura orokor hau hartzen du:
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila:
1.1.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.
1.2.– Zerbitzu Zuzendaritza.
2.– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetza:
2.1.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.
2.2.– Merkataritza Zuzendaritza.
B) Organo periferikoak:
Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak, lurralde historikoetakoak. Funtzionario bulegoburu bat egongo da horietariko bakoitzean. Sailburuordetzaren mende egongo dira organikoki, eta, funtzionalki, gaiari dagokion zuzendaritzaren mende.
C) Sektore publikoa:
Hauek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita geratzen dira:
a) Kontsumobide–Euskal Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoa, ekainaren 29ko 9/2007 Legeak sortua.
b) Basquetour–Turismoaren Euskal Agentzia–Agencia Vasca de Turismo SA sozietate publikoa.
D) Kide anitzeko organoak:
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikita daude, sortze-arauetan ezarritako moduan, kide anitzeko organo hauek:
a) Merkataritzako Establezimendu Handien Batzordea.
b) Merkataritzako Aholku Batzordea.
c) Merkataritza Banaketaren Behatokia.
d) Euskadiko Turismo Mahaia.
II. KAPITULUA
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMOKO SAILBURUA
3. artikulua.– Sailburua.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari honako egiteko hauek dagozkio: batetik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak betetzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloetan, indarrean dauden legeek egozten dizkioten eskumenak betetzea, betiere, saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio.
2.– Saileko organo gorena denez, bere gain hartuko ditu saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien ordezkaritza, zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola.
3.– Sailburuari dagozkio, halaber, eskudantzia hauek:
a) Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik deialdi publikoa eginda, eta behin-behineko langileak izendatzea.
b) Saileko organoen artean eskudantziei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea eta beste sail eta erakunde batzuekiko eskumen-gaiak planteatzea.
c) Sailaren erakunde edo agintarien aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, non eta beste organo baten eskumena ez diren.
d) Sailaren jarduerari lotutako ondare-erantzukizunei buruzko erreklamazioak ebaztea.
e) Egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-deklarazioa egiteko prozedurak hasi eta ebaztea, baita xedapen eta egintzat deusezak ofizioz berrikusteko prozedurak ere; esandako bi kasuetan, sailari lotutako eremuan emandako egintzei dagokienez eta haren araudi espezifikoak beste organo bati esleitzen ez badio.
4.– Sailburuak Zuzendaritza Kontseiluaren laguntza izango du, sailaren politika orokorra planifikatzeko eta koordinatzeko aholkuak emateko. Kontseilu horren parte izango dira: saileko organo zentralen titularrak, Kontsumobide–Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoaren zuzendaria, Basquetourren zuzendari nagusia eta Turismoaren Euskal Agentzia–Agencia Vasca de Turismo SAren zuzendaria, baita sailaren titularrak landu beharreko gaien arabera bilerara deitutako saileko beste pertsona batzuk ere.
4. artikulua.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.
1.– Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari dagokio, zuzenean sailburuaren mende eta sailburuordetzarekin koordinatuta, eskudantzia hauek baliatzea:
a) Sailburuari behar den laguntza eta aholkua ematea, bere egiteko instituzional eta orokorretan jardun dezan.
b) Sailaren komunikazio-politika zuzendu eta koordinatzea, eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak zaintzea.
c) Sailburuari laguntza zuzena ematea lan-programaren plangintzan eta jarraipenean, batez ere ordezkaritza instituzionaleko ekitaldietarako.
d) Sailaren organoen ekitaldi publikoak eta kanpoko jarduerak programatzea.
e) Saileko solaskidea izatea gainerako sailetarako, administrazioetarako eta erakundeetarako, beste organo batzuei berariaz egotzitako egoeretan izan ezik.
f) Arartekoarekiko eta Legebiltzarrarekiko harremanak kudeatzea, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez.
g) Informazio publikora iristeko eskabideak ebaztea.
h) Sailaren argitalpenak eta dibulgazio-jarduerak koordinatzea.
2.– Kabinete eta Komunikazioko zuzendariari dagokio baimena ematea bere jardun-arloaren barneko espedienteen ondoriozko gastuetarako, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.
5. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.
1.– Zerbitzu Zuzendaritzari dagozkio, zuzenean sailburuaren mende eta sailburuordetzarekin koordinatuta, eskudantzia hauek:
a) Sailburuari laguntza tekniko-juridiko eta administratiboa ematea.
b) Sailburuari sailaren estrategien eta funtzionamenduaren ikuspegi osoa ematea, eta baliabideak esleitzeko eta programak ebaluatzeko erabaki-esparrua prestatzea.
c) Sailaren aholkularitza juridikoa eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan jasotakoaren arabera.
d) Sailaren barruko kudeaketaren jarraipena zuzendu, koordinatu eta egitea, eta Gobernu Kontseiluaren kontuak kudeatzea.
e) Sailaren jarduera ekonomikoa eta administratiboa planifikatu eta kudeatzea.
f) Sailari atxikitako giza baliabideak eta antolamendua planifikatu eta kudeatzea, eta funtzio publikoari buruzko legediak sailari esleitzen dion eskumen oro baliatzea.
g) Sailaren informazio-sistemak eta baliabide materialak planifikatu eta kudeatzea.
h) Jardun-arloaren barruko espedienteetatik eratorritako gastua baimentzea.
i) Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hasi, horien instrukzioa egin eta ebazpen-proposamena egitea.
j) Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola egitea eta Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekiko harremanak zaintzea.
k) Sailean Eusko Jaurlaritzaren eremu orokorreko proiektuak koordinatzea kalitatearen, berrikuntzaren, modernizazioaren, Administrazio elektronikoaren eta berdintasunaren arloetan.
l) Euskararen erabileraren normalizazioa eta saileko langileen euskalduntze-prozesua sustatzea.
m) Aldizkari ofizialetan egin behar diren argitalpenak kudeatzea.
n) Erregistro orokorra eta artxiboa kudeatzea.
ñ) Zuzenean–Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuarekiko harremanak.
o) Jaurlaritzaren Prebentzio Zerbitzuarekiko harremanak.
p) Sailaren estatistika-jardueren eta estatistika-organo espezifikoaren zuzendaritza.
2.– Zerbitzu-zuzendaria izango da sailaren organo kontratatzailea, eta eskudantzia hauek dagozkio:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko zerbitzu teknikoei eta baliabide propioei egindako enkarguen eta kontratazioen espedienteak izapidetzea.
b) Baliabide propioen eta zerbitzu teknikoen enkarguen kontratuak egitea. Bi kasuetan, gastua egiteko baimena eman beharko du.
Lehengoa gorabehera, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da aurrekontu-legeek ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen dituzten kontratuak edo esparru-akordioak egiteko.
3.– Zerbitzu-zuzendariari dagokio sailaren aurrekontu-aurreproiektua egitea, haren jarraipena koordinatzea, gastua erabiltzeari eta obligazioa kontratatzeari buruzko eragiketak gauzatzea eta, oro har, sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea. Halaber, koordinatu beharko ditu erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sailari atxikitako gainerako erakunde publikoen aurrekontuak, eta horiek sailaren aurrekontuarekin bateratzea.
III. KAPITULUA
SAILBURUORDETZA ETA ZUZENDARITZAK
1. ATALA
SAILBURUORDETZA
6. artikulua.– Sailburuordetza.
1.– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzak, sailburuaren zuzendaritzapean, jardun-arlo hauek zuzentzen eta koordinatzen ditu:
a) Turismo.
b) Merkataritza.
2.– Sailburuordetzari dagokio honako eskudantzia hauek betetzea:
a) Bere arlo funtzionalari esleitutako kudeaketa-politikak definitzea, helburu estrategikoak garatzea eta eragin soziala aztertzea, baita helburuetan behar diren doikuntzak eta garapenak egitea ere.
b) Sailburuordetzaren jarduerak zuzendu eta kudeatzea, baita zuzendaritzenak eta haien mendekoak diren gainerako organoenak eta administrazio-unitateenak ere.
c) Sailburuordeari dagozkion egitekoen eremuan, jardun-politikak egitea, horiek sailburuari proposatzea eta laguntza teknikoa ematea.
d) Harremanak izatea Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta foru-aldundietako organoekin eta toki-entitate eskudunekin, gaiaren arabera.
e) Europako eta nazioarteko erakunde publiko nahiz pribatuekiko harremanak eta lankidetza sustatzea.
f) Sailburuordetzaren antolamendu operatiboa proposatzea, zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatuta, ezarrita dauden antolamendu-irizpideekin bat.
g) Sailburuordetzaren mendeko organo eta unitateei zuzendutako jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea, ondo funtziona dezaten.
h) Sailburuordetzaren jarduna gainerako sailburuordetzekin koordinatzea, proiektu edo prozedura batean batek baino gehiagok esku hartu behar duenean, Jaurlaritzaren jardun politiko eta administratiboaren koherentziari eusteko, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren koordinazio-jardun orokorra.
i) Azterlanak eta txostenak egitea, eta azterlan-txosten horiek aztertzea bere eskumenen esparruan.
j) Sailburuordetzaren mendeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.
k) Akordioak edo hitzarmenak sinatzea enpresekin, erakundeekin eta antolakundeekin baldin eta ez bazaio eskumena eman beste organo bati.
l) Bere jardun-arloetan, Euskal Autonomia Erkidego aurrekontu orokorretan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea.
m) Zehatzeko ahalmena baliatzea bere eskumen-eremuan, eta arau-hauste oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.
n) Bere jardun-arloaren barnean hartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.
ñ) Basquetour–Turismoaren Euskal Agentzia–Agencia Vasca de Turismo SA sozietate publikoa babesteko egitekoak gauzatzea.
o) Merkataritza, Industria eta Itsasketa ganberak babesteko ahalmena.
p) Merkataritzako erakusketen eta azoken sustapena eta jarraipena.
q) Euskal erakundeen artean koordinatutako politika garatzea, eta erakundeak turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritza-banaketaren sektoreekin koordinaturik.
r) Saila ordezkatzea Estatuko Administrazioak sustatutako organoetan eta batzordeetan, turismoko eta merkataritzako kontuetan.
s) Indarrean dagoen araubide juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Jaurlaritzako Sailburuordetzei atxikitzen zaizkienak.
3.– Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende daude hierarkian Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza eta Merkataritza Zuzendaritza, eta Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak.
2. ATALA
ZUZENDARITZAK
7. artikulua.– Egiteko orokorrak.
Saileko zuzendariei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuordearen mende, edo saileko titularraren mende, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren eta Zerbitzu Zuzendaritzaren kasuan, honako eskudantzia orokor hauek baliatzea:
a) Nork bere jardun-arloan, kudeaketa publikoko politikak garatzea eta egin beharreko planak eta programak zehaztea.
b) Nork bere jardun-arloari dagozkion helburuak zabaltzea, horretarako jarduerak eta erantzukizunak esleitzea, eta kudeaketan behar diren zuzenketak egitea.
c) Nork bere jardun-arloaren antolamendu operatiboa proposatzea, eta barruko lan-sistemak zehaztea.
d) Nork bere jardun-arloaren jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
e) Nork bere jardun-arloaren jarduketak koordinatzea gainerako zuzendaritzak tartean daudenean, prozeduraren batean batek baino gehiagok parte hartu behar dutenean.
f) Nork bere jardun-arloko arauak garatzeko proposamenak egitea.
g) Nork esleituta dauzkan egitekoak gauzatzeko behar dituen administrazio-egintzak ematea.
h) Nork zehatzeko ahalmena baliatzea bere eskumen-eremuan, eta arau-hauste arin eta astunen ondoriozko zehapenak ezartzea.
i) Indarreko araudian aurreikusitako egoeretako errekurtsoak ebaztea.
j) Indarrean dagoen araubide juridikoak agintzen dien beste edozein egiteko, edo, egiteko komunak, oro har, Jaurlaritzako sailburuordeei atxikitzen zaizkienak.
8. artikulua.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritza.
1.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende, eskudantzia hauek baliatzea:
a) Turismoaren arloko arauak garatzeko proiektuak sustatzea.
b) Baliabide turistikoak antolatzea, turismoko lurralde-plan sektoriala bultzatuta, Euskadiko lurralde-garapen turistikoaren eredua eta kudeaketa turistiko iraunkorra definitzeko.
c) Antolamendu turistikoko prozedurak kudeatzea.
d) Laguntza sektorialak planifikatu, kudeatu eta berrikustea.
e) Ostalaritzaren modernizazioa sustatu eta bultzatzea, euskal turismoaren beste eragile bat den heinean.
f) Enpresa eta jomuga turistikoetan ziurtagiri bidezko kalitatearen garapena bultzatzea. Euskadiko irisgarritasun turistikoaren eredua kudeatzea.
g) Azpisektoreetan zein jardun-arloetan, enpresen arteko lankidetza sustatzea, dimentsionamendu lehiakorrago bat lortzeko xedez.
h) Lanbide turistikoen garapena sustatzea, eta sektoreko profesionalak hezteko eta hobetzeko jarduerak bultzatzea.
i) Enpresak eta produktu turistiko berriak modernizatzea eta sortzea sustatzen duten programak, tresnak edo jarduketak lantzea eta gauzatzea, bereziki berrikuntzara eta teknologia berrietara zuzendutakoak.
j) Sustapen eta merkaturatze turistikoko plana egitea eta bultzatzea.
k) Sustapen turistikorako ekintzak bultzatzea.
l) Euskadi jomugari buruzko informazio turistikoa koordinatzea eta baliabide turistikoak zabaltzea Itourbask turismo-bulegoen sarearen bidez.
m) Euskadiko baliabide turistikoak sustatzeko eta sektoreko eragile guztiak erlazionatzeko teknologia berrien erabilpena sustatzea, batez ere web-orrien bidez eta sare sozialetako kontu korporatiboen bidez.
n) Turismo-arloan arauak betetzen direla ikuskatu, kontrolatu eta egiaztatzea.
ñ) Azterlan sektorialak, balorazio eta azterketa estatistikoak, eta merkatuari buruzko azterlanak eta txostenak egitea.
o) Oro har, turismo-administrazioaren eta lehiakortasunaren arloan agintzen zaizkion bestelako egiteko guztiak garatzea.
2.– Zuzendaritza honi Euskadiko Turismo Mahaia atxikitzen zaio.
9. artikulua.– Merkataritza Zuzendaritza.
1.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren mende, egiteko hauek betetzea:
a) Merkataritza-jarduera ordenatzea.
b) Merkataritza-banaketako egituren eta prozesuen hobekuntza eta modernizazioa sustatzea.
c) Kalitate-prozesuen eta merkataritzan berrikuntza kudeatzeko prozesuen ezarpena sustatzea, eta banaketa-prozesuko kostuak arrazionalizatzeko eta murrizteko programak bultzatzea.
d) Merkataritza-sektoreko enpresei eta elkarteei laguntza teknikoa ematea, merkataritzari laguntza teknikoa emateko bulegoen sarearen bidez.
e) Euskal enpresen kooperazio-estrategiak sustatzea, merkataritza-jardueretarako.
f) Merkataritza-proiektu berriak erakar daitezen sustatzea eta merkataritza-jarduera biziberritzearen alde egitea.
g) Merkataritza Banaketaren Behatokia babestea.
h) Merkataritza-arloan arauak betetzen direla ikuskatu, kontrolatu eta egiaztatzea.
i) Oro har, banaketa- eta merkataritza-gaietan indarrean dauden arauak betearazteko eskumenak, bai eta, gai horri dagokionez, beste organo batzuei esleituta ez daudenak ere.
2.– Merkataritza Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea, Merkataritzako Aholku Batzordea eta Merkataritza Banaketaren Behatokia.
IV. KAPITULUA
LURRALDE-BULEGOAK
10. artikulua.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak.
Hierarkian Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren mende, eta, funtzionalki, gaiaren arabera, zein bere zuzendaritzaren mende, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulego bat egongo da lurralde historiko bakoitzean; lurralde-bulegoak sailaren eskumenekoak diren turismo eta merkataritzaren alorrean eginkizun betearazleak izango ditu, bakoitzak jarduteko dagokion lurralde-eremuaren barruan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honek aipatzen dituen organoetako titularren postuak hutsik geratuz gero, edo haien absentziaren edo gaixotasunaren kasuetan, haiei esleitutako egitekoak eta eskumenak hierarkian gorago dagoen organoko titularrak baliatuko ditu, egoera hori luzatzen den bitartean eta saileko titularrak berariazko ebazpena eman ezean, bi kasu hauetan izan ezik: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzarenean eta Zerbitzu Zuzendaritzarenean, haiek elkar ordezkatuko baitute.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuari jarraikiz laguntza eta diru-laguntza programa desberdinetan egiten den egitekoen esleipena dekretu honen ondorioz gaiaren arabera eskudun diren organoei egin beharko zaiela ulertu beharko da (dekretu horrek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du).
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetze-aribideko espedienteak.
Hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak gaiaren araberako eskumena duten organoek ebatziko dituzte.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Estatistika-organo espezifikoaren egitekoak hartzeko araubide iragankorra.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzeko dekretua onartu arte, indarrean jarraituko du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortu eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen duen urriaren 3ko 189/2006 Dekretuak, sailaren jardun-arloei dagozkien estatistika-jarduketei erantzuna emateko xedez.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen da 190/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, dekretu honek aintzat hartzen dituen antolamendu-arloei dagokienez.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.