EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017076

70/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201700070
Xedapenaren data: 2017-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201701960
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1988/03/04an argitaratutako 1988/02/05eko 198800002 LEGEA
  • Ikus 1995/05/15ean argitaratutako 1995/04/11ko 199500234 DEKRETUA
  • Ikus 2007/09/14an argitaratutako 2007/08/31ko 200700127 DEKRETUA
  • Ikus 2008/04/21ean argitaratutako 2008/03/18ko 200800052 DEKRETUA
  • Ikus 2008/07/10rean argitaratutako 2008/06/23ko 200800005 LEGEA
  • Ikus 2008/10/02an argitaratutako 2008/09/16ko 200800158 DEKRETUA
  • Ikus 2009/04/02an argitaratutako 2009/03/24ko 200900071 DEKRETUA
  • Ikus 2011/12/02an argitaratutako 2011/11/22ko 201100237 DEKRETUA
  • 2013/04/18an argitaratutako 2013/04/09ko 201300187 DEKRETUA indargabetzen du
  • Ikus 2014/04/23an argitaratutako 2014/04/08ko 201400049 DEKRETUA
  • Ikus 2014/08/01ean argitaratutako 2014/07/29ko 201400157 DEKRETUA
  • Ikus 2014/12/02an argitaratutako 2014/11/27ko 201400004 LEGEA
  • Ikus 2016/05/20an argitaratutako 2016/05/17ko 201600075 DEKRETUA
  • Ikus 2016/07/05ean argitaratutako 2016/06/28ko 201600096 DEKRETUA
  • Ikus 2016/11/28an argitaratutako 2016/11/26ko 201600024 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak arlo hauek esleitzen dizkio Jaurlaritzaren Lehendakaritzari: lehendakariari laguntza ematea Jaurlaritzaren jarduera planifikatzen eta koordinatzen, eta, halaber, Gobernu Programa eta horren plan estrategikoak bultzatzea eta horien jarraipena egitea; Jaurlaritzaren bozeramailetza; Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan; Jaurlaritzaren politika Europako gaietan, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetzan eta euskal gizataldeen eta euskal etxeen arloan; garapenerako lankidetza; generoaren aukera-berdintasunerako politika; giza eskubideak eta bizikidetza sustatzea, eta biktimen eta memoria ren politikak koordinatzea.
Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren antolamenduaren eta egitekoen esparru berria hiru idazkaritzatan egituratzen da: Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren jardun-arloa Lehendakaritza osorako zerbitzuak koordinatzea, zuzentzea eta kudeatzea da eta, bereziki, Lehendakariari laguntza politikoa eta teknikoa ematea eta gizarte- eta erakunde-harremanen politika. Eusko Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika ezarri, diseinatu eta zuzentzea dagokio, baita Jaurlaritzaren bozeramailetza-arloa eta protokoloa ere. Herritarren parte-hartzearen arloan, gainera, herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea dagokio.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiren jardun-arloa da Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanak planifikatzea, bultzatzea eta koordinatzea.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari dagokio bakearen eta bizikidetzaren aldeko estrategiak eta jarduerak diseinatu eta bultzatzea, terrorismoaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea eta giza eskubideak sustatzea.
Generoaren arloko aukera-berdintasunaren jardun-arloa eta genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzekoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagozkio.
Garapenerako lankidetzaren arloa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio, berau sortu eta arautzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoa betez.
Memoria ren, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloa Memoria ren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari dagokio, azaroaren 27ko 4/2014 Legean ezarritakoaren arabera.
Ondorioz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak eta azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidaten ahalmenen arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11ko bilkuran aztertu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
LEHENDAKARITZA
1. artikulua.– Jardun-arloak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleituta:
a) Lehendakariari laguntza ematea Jaurlaritzaren jarduera planifikatzen eta koordinatzen; halaber, Gobernu Programa eta horren plan estrategikoak bultzatzea eta horien jarraipena egitea.
b) Jaurlaritzaren bozeramailetza.
c) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika.
d) Parte-hartze soziala eta herritarrentzako informazio zuzena, multimedia- eta komunikazio-teknologia berriak bultzatuz.
e) Gizarte- eta erakunde-harremanak.
f) Euskadiren ordezkaritza- eta proiekzio-politika kanpoan.
g) Jaurlaritzaren politika gai hauetan: Europako gaiak, mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza, eta euskal gizataldeak eta euskal etxeak.
h) Garapenerako lankidetza.
i) Generoaren aukera-berdintasunerako politika.
j) Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzendu eta koordinatzea.
k) Giza eskubideak eta bizikidetza sustatzea.
l) Biktimen eta memoria ren politikak zuzendu eta koordinatzea.
m) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.
n) Legeek eta erregelamenduek eman diezazkioten gainerako ahalmenak.
2. artikulua.– Egitura.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako arloen inguruko egitekoak betetzeko, honako organo hauek daude Lehendakaritzan:
1.1.– Lehendakaria:
Idazkaritzako eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza.
1.2.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia:
a) Azterlan Kabinetearen Zuzendaritza.
b) Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.
c) Koordinaziorako Zuzendaritza.
d) Zerbitzu Zuzendaritza.
e) Komunikaziorako Zuzendaritza.
f) Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.
1.3.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia:
a) Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza.
b) Europako Gaietarako Zuzendaritza.
c) Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza.
d) Ordezkaritzak: Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza, Euskadiren Argentinako Ordezkaritza (Mercosur), Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritza, Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritza eta Euskadiren Mexikoko Ordezkaritza.
1.4.– Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia:
a) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.
2.– Jaurlaritzaren Lehendakaritzako idazkari nagusiak lehendakariaren mende egongo dira zuzenean eta hierarkikoki, eta, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen ondorioetarako, sailburuordeen maila izango dute.
3.– Euskadiren kanpoko ordezkaritza bakoitzeko titularrak zuzendari-maila izango du, ekainaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako.
4.– Lehendakaritzaren idazkari nagusiek emandako ebazpenek administrazio-bideari amaiera emango diote.
3. artikulua.– Sektore publikoko erakundeak.
1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, Emakunde sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legean xedatutakoaren arabera. Erakunde honi dagokio generoaren aukera-berdintasunerako politikaren arloa, bai eta genero-indarkeriaren biktimez arduratzeko politikak zuzendu eta koordinatzea ere.
2.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hori sortzeko ekainaren 19ko 5/2008 Legean xedatutakoaren arabera. Erakunde honi dagokio garapenerako lankidetzaren arloa.
3.– Memoria ren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua administrazio-erakunde autonomoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde hori sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legean xedatutakoaren arabera. Erakunde honi dagokio honako hauetan datzan politika publikoa garatzeari buruzko administrazio-jarduna: giza eskubideak bermatu, bultzatu eta garatzea, memoria sustatzea, eta bizikidetza demokratikoa garatzea eta bizikidetza horretan aurrera egitea.
4. artikulua.– Atxikipenak.
Lehendakaritzari atxikita daude, halaber, sortze-arauetan ezarritako baldintzetan, honako organo hauek:
a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, apirilaren 8ko 49/2014 Dekretuak arautua.
b) Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea, abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuak arautua.
c) Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea, martxoaren 18ko 52/2008 Dekretuak arautua.
d) Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea, apirilaren 11ko 234/1995 Dekretuak arautua.
e) Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak sortua eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuak arautua.
f) Garapenerako Lankidetzarako Euskal Kontseilua, otsailaren 22ko 1/2007 Legeak sortua eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuak arautua.
g) Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren maiatzaren 17ko 75/2016 Dekretuak arautua.
h) Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordea, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legeak sortua eta azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuak arautua.
i) Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea, uztailaren 29ko 157/2014 Dekretuak arautua.
j) Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea, ekainaren 28ko 96/2016 Dekretuak sortu eta arautua.
II. KAPITULUA
IDAZKARITZAKO ETA ERAKUNDEEKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARITZA
5. artikulua.– Egitekoak.
Honako egiteko hauek ditu Idazkaritzako eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak:
a) Lehendakariaren gizarte- eta erakunde-harremanak garatzeko eta sustatzeko irizpide orokorrak ezartzea.
b) Gizarte-eragile, herritar eta erakundeekiko lehendakariaren harremanak gauzatzea eta horien jarraipena egitea.
c) Lehendakariak parte hartu behar duen ekitaldi ofizialak egoki antolatu eta burutzen direla bermatzea.
d) Idazkaritzaren arlorako eta Lehendakaritzaren harreman publikoetarako behar diren ekintzak burutzea.
e) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean, lehendakariari laguntza logistikoa ematea kanpora egin behar dituen bidaietarako.
f) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean, kanpoko pertsona ospetsuek Euskadira egiten dituzten bidaietarako laguntza logistikoa ematea.
g) Lehendakaritzari eta Jaurlaritzako goi-kargudunei protokoloaren araubidea aplikatzea.
III. KAPITULUA
LEHENDAKARITZAREN IDAZKARITZA NAGUSIA
6. artikulua.– Egitekoak.
1.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia lehendakariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, eta egiteko hauek izango ditu:
a) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera Lehendakaritzari dagozkion jardun-arloak koordinatu eta bultzatzea, eta Lehendakaritza osorako diren zerbitzuen kudeaketa zuzentzea.
b) Jaurlaritzaren sailekiko eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzarekin zerikusia duten erakundeekiko komunikazio-organo legez jardutea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kideek Lehendakaritzarekin duten zuzeneko harremana –Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoaren arabera– eta dekretu honek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari esleitzen dizkien harremanak.
c) Lehendakariari bere erantzukizunak gauzatzeko behar dituen argibide politiko eta teknikoak eskaintzea. Horrek ez du sailburuen egitekoak gutxitzea ekarriko.
d) Lehendakariari Jaurlaritzaren jarduna zuzendu eta koordinatzeko behar duen laguntza ematea. Horrez gain, aholkularitza ere eskainiko dio, hala eskatzen dionean.
e) Sektoreetako jarduera- eta ekimen-planei buruzko informazio-prozedura egokiak ezartzea eta horiek mantentzea, lehendakariari gobernu-lana koordinatzen laguntzeko.
f) Lehendakariak erakundeetan parte hartu behar duenean lagungarri izan dakiokeena eskatzea Jaurlaritzako sailei.
g) Sailen jardueren koordinazio orokorrerako eta sektorialerako prozedurak eta tresnak proposatzea, eta jarduera horiek nola gauzatzen diren gainbegiratzea.
h) Gobernu Programari lotutako adierazle-sistemaren kudeaketa zuzendu eta koordinatzea, Ogasun eta Ekonomia Sailarekin lankidetzan.
2.– Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiak egiteko hauek ditu komunikazioaren eta gobernu irekiaren arloetan:
a) Jaurlaritzaren informazio- eta komunikazio-politika ezarri, diseinatu eta zuzentzea, gizarte-komunikabideez baliatuz.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak interneten duen presentzia-eredua arautzen duen ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuan zehaztutako egitekoak.
c) Jaurlaritzari laguntza ematea Gobernuaren interes orokorreko gaiak euskal gizarteari komunikatzerakoan.
d) Gizarteak eta herritarrek politika sektorialak diseinatu eta ezartzen parte hartu behar dutela jakinaraztea Gobernu-organoei, eta horren gainean sentsibilizatzea.
e) Herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea.
3.– Lehendakaritzari dagozkion eskumenen eremuan, hauek dira Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren egitekoak:
a) Lehendakariari xedapen orokorren eta erabakien proiektuak prestatu eta proposatzea, eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitekoen eta jardun-arloen eremuan beharrezko diren zirkularrak, instrukzioak eta egintzak ematea. Berari dagokio, halaber, Lehendakaritzako diru-laguntzen deialdia egitea eta horiek ebaztea, salbu Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren eskumen-arloari dagozkionak.
b) Lehendakariari laguntzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari esleitutako jardun-arloetan, Gobernu Kontseiluak edo horren baitan sortutako eskuordeko batzordeek onartu behar dituzten gaiak aurkeztu, defendatu eta izapidetzen.
c) Sektore publikoko kontratazioaren gaineko araudiak kontratazio-organoari esleitzen dizkion ahalmenak betetzea, hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzako eta Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetako titularrei dagozkien kontratazio-arloko ahalmenak.
Halaber, eskumena izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egiteko. Sektore publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.
d) Lehendakaritzaren eskumenekoak diren espedienteak izapidetzeko gastuetarako baimenak ematea, baldin eta dekretu honetan beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie –hargatik eragotzi gabe zenbatekoaren arabera Gobernu Kontseiluari dagozkion gastu-baimenak–, eta, oro har, aurrekontu-araubidearen eta kontratazioaren arloan sailburuei esleitzen zaizkien ahalmenak erabiltzea.
e) Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak sail bakoitzari esleitzen dizkion eskumenak erabili eta Lehendakaritzara atxikitako behin-behineko langileak izendatzea.
4.– Lehendakaritzaren idazkari nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren arteko harreman-organo gisa jardungo du.
7. artikulua.– Azterlan Kabinetearen Zuzendaritza.
Azterlan Kabinetearen Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Lehendakariaren lan-programaren jarraipena egitea.
b) Lehendakariari laguntza zuzena ematea bere karguaren arabera esleituta dituen egitekoetan.
c) Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bidez, behar diren azterlanak, txostenak eta jarduerak egitea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak gizarte-errealitatearen egoeraren eta bilakaeraren berri izan dezan.
8. artikulua.– Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.
Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Lehendakaritzaren eskumen-eremuan, Gobernu Kontseiluak erabaki beharreko gaiak prestatu eta koordinatzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharrekoak ere.
b) Legebiltzarreko agerraldiak lantzen laguntzea Jaurlaritzaren Lehendakaritzako organoei, bai eta Lehendakaritzak Arartekoarekin, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin nahiz beste erakunde publiko batzuekin dituen harremanak koordinatu eta bideratzea ere, organo eskudunen bidez.
c) Lehendakaritzaren lege-aholkularitza eta araugintza, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
d) Lehendakaritzari interesa dakizkiokeen lege, jurisprudentzia eta doktrinen jarraipena egitea.
e) Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organoekin sustatu, koordinatu eta lankidetzan jardutea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean xedatutakoa betetzeko, dagokion berdintasun-unitatearen bidez.
f) Lehendakaritzaren interesen jarraipena egitea prozedura judizialetan, eta haren defentsan jardutea organo eskudunaren bidez.
g) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetako titularrekin lankidetzan aritzea ordezkaritza horiek ondo funtzionatzeko beharrezkoak diren ekintzetan, betiere Zuzendaritzako gaietan.
9. artikulua.– Koordinaziorako Zuzendaritza.
Koordinaziorako Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Gobernuaren jardunaren prestakuntza koordinatzea eta haren jarraipena egitea, baita horien informazio- eta jarraipen-prozeduren proposamena egitea ere.
b) Sailen arteko koordinazio-estrategiak eta elkarlan-mekanismoak zehaztea, Gobernuaren jardun bateratu baterantz jotzeko.
c) Sailei euren jardunak planifikatu, programatu eta ebaluatzeko aholkularitza ematea, bereziki sail arteko eta erakunde arteko eragina dutenean. Jardun hauetan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailarekin eta Ogasun eta Ekonomia Sailarekin koordinatuta jardungo du.
d) Sail arteko edo erakunde arteko organoetan parte hartzea, horien jarduera Gobernuaren jardunerantz bideratzeko, eta organoen arteko koordinazioa eta horien funtzionamendu efikaza eta efizientea sustatzea.
10. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.
1.– Zerbitzu Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Aurrekontu-aurreproiektua prestatzea, erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta Lehendakaritzari atxikitako sektore publikoko gainerako erakundeen aurrekontu-proiektuak koordinatzea, aurrekontuaren jarraipena egitea, eta Lehendakaritzaren ekonomia- eta administrazio-kudeaketa egitea.
b) Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikitako langileak administratu eta kudeatzea, bera baita diziplina-espedienteak izapidetzeko eskumena duen administrazio-organoa.
c) Langileak behar diren aztertzea eta Lehendakaritzako lanpostu-zerrendaren proposamena prestatzea.
d) Gizarte-ekintzako eta langileak prestatu eta trebatzeko planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe gai horretan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bereganatuta dituen eskudantziak.
e) Barne-antolaketarako metodoak eta informazio-sistemak proposatzea, lan-sistemak arrazionalizatu eta hobetzeko.
f) Lehendakaritzako bulegoen barne-erregimenaz arduratzea, horiek administratzea, eta horien ondarea eta ekipamendua kontserbatzea.
g) Sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea, ondoren Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko titularrari helarazteko, horrek ebatz ditzan.
h) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetako egoitzen funtzionamendu ona bermatzeko ordezkariekin koordinatzea eta elkarlanean jardutea, betiere Zuzendaritzari dagozkion gaietan.
i) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzek egoki funtzionatzeko jardueretan laguntzea eta jarduera horiek gauzatzen direla ziurtatzea, bereziki gai hauetan: ondarea, obrak eta altzariak, informatika- eta telekomunikazio-baliabideak, ibilgailuak eta langileak, besteak beste.
j) Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako unitatearen jarduerak zuzendu eta antolatzea.
k) Eusko Jaurlaritzak kudeaketa aurreratuaren, modernizazioaren, administrazio elektronikoaren, gobernantzaren eta berrikuntzaren arloetan garatutako proiektu orokorretan parte hartzea, eta proiektu horiek Lehendakaritzan sustatzea.
l) Sailean herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuek ezin hobeto funtzionatzen dutela ziurtatzea (arretarako 2. eta 3. maila), eta Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuarekin dauden harremanak egokiro antolatzea, beren eskumeneko arloetan solaskide operatiboak daudela bermatuz.
m) Lehendakaritzari buruzko informazio publikoa jasotzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoaren arabera.
n) Jaurlaritzaren Lehendakaritzako langileen euskalduntze-prozesua eta hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, bai eta euskararen erabilera sustatzea ere, dagokion euskara-unitatearen bidez.
2.– Sektore publikoko kontratuen araudian kontratu txikientzat ezarritako aurrekontu-zenbatekoa gainditzen ez duten kontratuetan eta kontratu-izaera eta -xedeko hitzarmenetan, Zerbitzu zuzendariak baliatuko ditu Lehendakaritzako kontratazio-organoaren ahalmenak, non eta arau honetan bertan ez zaizkion berariaz beste organo bati esleitu.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioren bat hitzartzeko negozio juridikoak egin ahal izango ditu, zenbatekoak ez badu gainditzen kontratu txikien zenbatekoa. Sektore publikoko kontratazioaren arauetan jarriko du zein diren baliabide propio eta zerbitzu tekniko horiek.
Bi kasuotan titularrak baimendu beharko du kontratu edota negozio juridiko horiek ekar lezaketen gastua.
11. artikulua.– Komunikazio Zuzendaritza.
Komunikaziorako Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Jaurlaritzaren jardunaren berri behar bezala ematen dela ziurtatzea, baita lehendakariaren eta Jaurlaritzaren bozeramailearen jardunaren berri ere.
b) Beharrezko irizpide eta baliabideak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail eta erakunde autonomoen prentsa-zerbitzuen nahiz erakunde-izaerako jarduerei eragiten dien zabalkunde- eta informazio-jardunaren koordinazioa bermatzeko.
c) Jaurlaritzak komunikabideekin dituen harremanak zuzentzea.
d) Gizartea sentsibilizatzeko publizitate-kanpainak eta neurriak koordinatzea, baita Eusko Jaurlaritzaren eta bere sailen jardueren zabalkundea egitea ere, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen bidez.
e) Euskadiren irudi instituzionala kanpoan zabaltzeko informazio- eta publizitate-irizpideak eta -politikak ezartzea.
f) Gobernuaren komunikatuak, erreferentziak eta prentsa-oharrak egitea.
g) Euskadiko nahiz nazioarteko aktualitateak komunikabideetan duen islaz azterlanak eta txostenak burutzea, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertzea, ikuspuntu informatiboa erabiliz.
12. artikulua.– Gobernu Irekiaren Zuzendaritza.
Gobernu Irekiaren Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:
a) Jaurlaritzaren komunikazioen multimedia-edukiak prestatu eta ematea, sailetako prentsa-zerbitzuekin koordinatuta, eta Jaurlaritzaren ekintzek ikus-entzunezko estaldura egokia izango dutela bermatzea.
b) Gizarte-komunikabideei Jaurlaritzaren ikus-entzunezko edukiak eskuratzeko modua eman eta erraztea.
c) Erakundearen «euskadi.eus» web-orriaren bidez, Jaurlaritzaren jardun orokorraren informazio-edukiak zuzendu eta koordinatzea.
d) Interneteko komunikazioko ikus-entzunezko eta multimediako tresna berriak ikertu eta sustatzea, parte-hartzea sustatzeko eta Jaurlaritzarekin sarean komunikatu ahal izateko.
e) Jaurlaritzak Interneten gauzatuko dituen jardueren gardentasuna erraztea.
f) Administrazio publikoaren jarduerak gizartean hedatzeko bide eraginkorrak ezartzeko proposamenak egitea.
g) Herritarren artean eztabaida eragiten duten gaiak identifikatzea, administrazio publikoak horien gaineko gogoeta egin dezan.
h) Herritarrek aurkeztutako proposamen eta proiektuak koordinatzea eta, hala badagokio, proposamen eta proiektu horien ezarpena ahalbidetzea.
i) Ekimenak proposatzen dituzten eragile eta pertsonen eta dagokion arloko organo eskudunen artean harreman zuzena bultzatzea.
IV. KAPITULUA
KANPO HARREMANETARAKO IDAZKARITZA NAGUSIA
13. artikulua.– Egitekoak.
1.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia lehendakariaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta laguntza emango dio lehendakariari Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-harremanetarako estrategia politiko eta instituzionala zehaztu eta zuzentzeko.
2.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak honako egiteko hauek ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen alorrean:
a) Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremana programatu, sustatu eta koordinatzea.
b) Euskadiren nazioartekotzeko esparru-estrategia zehaztu eta abian jartzeko ekintzak bultzatu eta koordinatzea, bai eta kanpo-harremanen plan estrategikoa ere.
c) Jaurlaritzari kanpo-harremanen arloan lagundu eta aholku ematea, eta lehendakariaren jarraibideak betearaztea esparru horretan. Ildo horretan, Lehendakaritzari laguntzea, Eskualdeetako Lantaldean eta beste eskualde-organo edo -erakunde batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari instituzionala den heinean dituen egitekoetan. Horrez gain, lehendakariaren ordezkoa izango da Eskualdeetako Lantaldean eta beste eskualde-organo edo -erakunde batzuetan.
d) Euskadin kanpoko pertsona ospetsuen presentzia planifikatu, sustatu eta koordinatzea.
e) Europako erakundeei buruzko jardun-politika definitzea, batez ere Europar Batasunari eta Europako Kontseiluari buruzkoa.
f) Eusko Jaurlaritzak Europako eskualde-mugimenduan duen ekimena zuzentzea, batez ere Eskualdeetako Lantaldean eta Euskadik parte hartzen duen eskualde arteko erakundeetan.
g) Mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza-harremanak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, eta, bereziki, lurralde-artikulaziorako harremanetan sakontzea Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin (Iparraldeko Elkargoa), oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoarekin dituzten harreman-lotura bereziak.
h) Kanpoan diren euskal gizataldeekiko harreman-politika planifikatu, gauzatu eta kudeatzea.
i) Eusko Jaurlaritzak beste herri, eskualde edo erakunde azpiestatal batzuekin edota Nazioarteko Erakundeekin izan ditzakeen harreman bilateralak eta multilateralak sustatu, garatu eta koordinatzea.
j) Europako politikaren, Eusko Jaurlaritzaren kanpo-harremanen eta Estatuaren nazioarteko politikaren jarraipena egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei eragiten dieten gaietan, eta gai horietan Estatuko Administrazioarekin elkarlan instituzionalean aritzea, ahalik eta kanpo-harreman hoberena bermatzeko.
k) Nazioarteko tratatuak egin eta negoziatzean Euskal Autonomia Erkidegoak izan behar duen parte-hartzea zuzendu eta koordinatzea, Estatuko Administrazioarekin adostutako bideetatik.
l) Gai horietan Estatuaren borondatea zehazteko eratzen diren konferentzia, batzorde edo organoetan Euskal Autonomia Erkidegoaren presentzia eta parte-hartzea koordinatzea.
m) Kanpo-harremanetan eragina duten jarduerak gauzatzen dituzten erakunde publikoekin edo pribatuekin harremanak izatea.
n) Euskal erakundeen arteko kooperazioa eta lankidetza sustatzea, Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordearen eremuan, kanpo-harremanen eremuko proiektuak bateratzeko.
o) Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Estatuko Ordezkaritzarekin harremanak garatzea.
3.– Jaurlaritzaren kanpo harremana bateratua izan dadin, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta bere organoak elkarlanean arituko dira Eusko Jaurlaritzako sailekin, horien erakunde autonomoekin, sozietate publikoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ente publikoekin, goian aipatuko egiteko horiek burutzeko. Kanpo harremanen alorrean arau eta xedapenak eman behar direnean, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak arau eta xedapen horien proiektuen gaineko txostena emango du.
4.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari eta haren organoei esleitutako egitekoek lurralde historikoen eta lurralde-erakundeen jardunean eragiten dutenean, lankidetza- eta elkarlan-bitarteko egokiak ezarriz gauzatuko dira.
5.– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egingo du bere eskumeneko arloko diru-laguntzen deialdia, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan, eta horien ebazpena, aldiz, gaiaren araberako zuzendari eskudunek emango dute.
14. artikulua.– Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza.
Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak bete behar ditu Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere jarduera-esparruan esleituta dituen egitekoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea kanpo-harremanen politika kudeatu eta gauzatzen.
b) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak definitzen duen kanpo-harremanen plan estrategikoko jardun- eta jarduera-lerroak prestatu, sustatu, koordinatu eta ebaluatzea.
c) Jaurlaritzaren kanpo-harremanen estrategia politikoa eta instituzionala ziurtatzeko, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak kanpoan gauzatutako jarduerak koordinatzeko tresnak proposatu eta kudeatzea.
d) Eusko Jaurlaritzaren sail, erakunde autonomo eta sozietate publikoen kanpo-harreman oro sustatzea, horien jarraipena egin eta koordinatzea, Euskadiren ekonomia-, enpresa- eta kultura-sustapenaren koherentzia eta eraginkortasuna bermatzeko.
e) Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzek egoki funtziona dezaten behar den jarduera oro proposatu eta sustatzea.
f) Ordezkaritzei babesa eta laguntza teknikoa ematea txostenak eta memoria k prestatzeko, solaskide edo eragileak identifikatu eta aurkitzeko, eta, oro har, bere eguneroko funtzionamendurako.
g) Eusko Jaurlaritzaren interesak koordinatzea Madrilen, Euskadiren Madrilgo Bulegoaren bidez.
h) Eusko Jaurlaritzak nazioarteko erakundeekin eta erakunde multilateralekin dituen harremanak sustatu eta erraztea.
i) Izaera horizontaleko erakunde eta sareetan parte hartzea, izan horiekiko harremanak sustatzeko, zein Eusko Jaurlaritzaren sail, erakunde autonomo eta sozietate publikoek erakunde eta sare horiekin dituzten harremanen jarraipena egiteko.
j) Euskadi kanpoan ezagutzera emateko jarduerak sustatzea, haren industrian, ezagupenean, berezitasun instituzionaletan, hizkuntzan eta kulturan oinarri hartuz.
k) Euskadin nazioarteko erakundeek euren egoitzak irekitzeko laguntza eta euskarria ematea.
l) Kidego kontsularrarekiko harremanetan komunikazio-kanal izatea Euskadin.
15. artikulua.– Europako Gaietarako Zuzendaritza.
1.– Europako Gaietarako Zuzendaritzak bete behar ditu Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere jarduera-esparruan esleituta dituen egitekoak, eta, bereziki, honako hauek:
a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea Jaurlaritzaren Europako jarduna eta lurralde-lankidetza sustatu eta koordinatzen.
b) Autonomia Erkidegoaren eta Europar Batasuneko eta Europako Kontseiluko erakunde eta organoen arteko harreman-organo gisa jardutea, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin elkarlanean.
c) Koordinazio-neurrien egikaritzea zuzendu eta garatzea, Europar Batasuneko arauak eta politikak landu eta aplikatzeko jardunean Jaurlaritzak esku har dezan, bai eta neurri horiek betetzeko Jaurlaritzaren Sare Operatiboa garatzea ere.
d) Europako erakundeetako organo eta lantaldeetan –Europar Batasunekoetan, bereziki– EAEko ordezkarien parte-hartzea sustatu, garatu eta koordinatzea.
e) Europako Erkidegoko zuzenbidearen aplikazioa gainbegiratu eta koordinatzea.
f) EAEko Administrazio Orokorraren komunikazio ofizialak Europako erakundeetara –batez ere Europako Batzordera– bideratu eta gidatzea, komunikazio horiek ordenamendu komunitarioak eragiten dieten betebeharrei buruzkoak direnean bereziki (xedapenen transposizioei, Estatu-laguntzen proposamenei, arau-hausteei eta abarrei buruzkoak). Horretarako, legeak ezarritako bideak erabiliko dira.
g) Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Madrilgo Ordezkaritzarekin harremanak izatea.
h) Jaurlaritzako sailek, bere erakunde autonomoek eta sozietate publikoek Europar Batasunaren programa eta ekimenetan duten parte-hartzea sustatu, koordinatu eta ebaluatzea, betiere programa eta ekimen horiek programazio-dokumenturik edo programa operatiborik behar ez badute.
i) Jaurlaritzako sailek Europar Batasunaren ekimenen berri izateko eta ekimenoi jarraipena egiteko tresnak zuzendu eta koordinatzea.
j) Jaurlaritzako sailei arau, politika eta ekimen komunitarioei buruzko aholkuak ematea, arau, politika eta ekimenok sailon interesekoak direnean.
k) Europar Batasuna eraikitzearekin zerikusia duten gaiei buruzko hedapena eta zabalkundea egiteko jarduerak gauzatzea, gai horiei buruzko prestakuntza-egintzak eta -azterlanak gauzatzea, eta Europako Informazioaren Euskal Sarea sustatzea.
2.– Lurralde-lankidetzari buruzko jarduerei dagokienez, honako egiteko hauek ditu Europako Gaietarako Zuzendaritzak:
a) Lankidetza bultzatu eta koordinatzea Lurralde Lankidetzako Europako Taldean (LLET) –Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak eratua–, haren gobernantza-organoetan parte hartuz.
b) Lankidetza bultzatu eta koordinatzea Euroeskualdearen Konferentzian edo Pirinioz Gaindiko Konferentzia Atlantikoan, haren gobernantza-organoetan parte hartuz.
c) Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ordezkatzea Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) batzarretan.
d) Jaurlaritzaren ordezkaritza teknikoa koordinatzea Eskualde arteko Ekimen Komunitarioaren kudeaketan.
e) Harremanak sustatzea Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin (Iparraldeko Elkargoa), beste erakunde eta organismo publiko eta pribatu batzuen lankidetzarekin, oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoarekin dituzten harreman-lotura bereziak.
f) Europako lurralde-erakundeekiko lurralde-lankidetza bilaterala eta multilaterala bultzatu eta koordinatzea.
g) Mugaren alde bietako eragile publikoen eta pribatuen artean mugaz gaindiko harremanak ezar daitezen bultzatzea.
h) Jaurlaritzaren sailen mugaz gaindiko jardueren aholkularitzan laguntzea.
16. artikulua.– Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza.
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari dagokio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak bere jarduera-esparruan dituen egitekoak gauzatzea, eta, bereziki, hauek:
a) Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea kanpoan den euskal komunitatearen harreman-politika kudeatu eta gauzatzen; komunitate hori euskal etxeei bildutako edo bildu gabeko euskal jatorriko pertsonek osatzen dute.
b) Euskadiren eta kanpoan den euskal komunitatearen arteko loturak eta harremanak sustatu, koordinatu, ezarri eta areagotzea, batez ere lotura eta harreman sozialak, kulturalak eta ekonomikoak.
c) Kanpoan den euskal komunitatea egituratu eta interkonektatzea.
d) Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarako maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak esleitzen dizkion egitekoak betetzea, lege horretan jasotako aurreikuspenak, eskubideak eta zerbitzuak ezarriz.
e) Euskal gizataldeak eta euskal etxeak indartzen laguntzea, horien barne-kohesioaren eta elkarte-jardueren eraginkortasunaren alde eginez.
f) Ordenamendu juridikoaren eta aurrekontu-baliabideen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitateari laguntza eta babesa ematea ahalbidetzea.
g) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi den euskal komunitatearen eta EAEko botere publikoen arteko komunikazio-kanalak ezartzen laguntzea.
h) Lau urtean behin, Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra antolatzea.
i) Euskal Gizataldeei laguntzeko lau urteko plana koordinatzea eta, hala balegokio, gauzatzea.
j) Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeari laguntzea.
k) Hezkuntza Sailarekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin eta Etxepare Institutuarekin batera, kanpoan den euskal komunitatean euskal kultura eta hizkuntza zabaldu eta mantentzeko proiektuak garatzea, bai eta Euskadik eta kanpoan diren euskal gizataldeek elkarrekin duten errealitate horretako gai historikoei eta egungo gaiei buruzko ikastaroak, mintegiak, konferentziak, erakusketak eta kongresuak ere.
l) Euskal Etxeen eta Federazioen Erregistro Ofiziala kudeatzea.
m) Euskadiko eta beste herrialde batzuetako euskal komunitateak elkarrengana gehiago hurbil daitezen behar diren azterlanak eta argitalpenak egin eta zabaltzea.
n) Euskal emigrazioaren memoria historikoa biltzen laguntzen duten jarduerak sustatzea.
17. artikulua.– Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza.
1.– Euskadiren Bruselako Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe egongo da zuzenean eta hierarkikoki, eta Europako Gaietarako Zuzendaritzarekin arituko da elkarlanean. Bruselako Ordezkaritzak Euskadi Europar Batasuneko erakundeetan ordezkatzen du, eta EAEk hainbat alorretan dituen interesak defendatu eta bultzatuko ditu erakunde horietan. Horretarako, honako egiteko hauek ditu:
a) Autonomia-erkidegoaren interesak ordezkatzea Europar Batasuneko erakunde eta organoen eta egoitza Bruselan duten erakunde multilateralen eta organoen aurrean.
b) Euskadiren interes sozioekonomiko, sektorial eta profesionalak kudeatzea, Europar Batasuneko ekimenek interesoi eragiten dietenean.
c) Europako Gaietarako Zuzendaritzaren egitekoak betetzen laguntzea, eta, bereziki, Jaurlaritzako sailei aholkuak ematea haren interesekoak diren Europako Erkidegoko araudiari, politikei eta jarduerei buruz.
d) Europar Batasuneko lege-ekimenen inguruko erabakiak hartzeko prozesuaren jarraipena egitea eta informazioa eskuratzea, lege-ekimenok Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete, betiere.
e) EAEko agintariak eta gizarte- eta ekonomia-alorreko eragileak Europar Batasuneko erakundeekin elkartzeko azpiegitura izatea.
f) Europako Erkidegoan parte hartzeko borondatea adierazten duten erakunde publiko nahiz pribatuei aholku teknikoak eskaintzea, laguntzarako zentro logistiko gisa.
g) Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Ordezkaritza Iraunkorraren arteko harreman-organoa izatea Europar Batasunaren aurrean.
h) Europako erakundeetan eta egoitza Bruselan duten bestelako erakundeetan zuzenean aritzea, Jaurlaritzako sailek Europako Erkidegoko arauak eta politikak landu eta ezartzen parte har dezaten; baita, premiazkoa denean, sailek egindako parte-hartzeen berri izatea ere.
i) Gainerako autonomia-erkidego, länder edo eskualdeek Bruselan dituzten bulegoekin elkarlanean aritzea.
j) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erakundeen eta Bruselan kokatutako beste erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza erraztea, Euskadiren hainbat sektoretako interesak defendatu eta sustatzeko.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek Europar Erakundeen organoetan eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunarenetan parte hartzeko behar diren jarduerei ekitea.
2.– Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzako titularrak kontratazio-organo gisa jardungo du bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 41. artikuluko 2. zenbakiko a) eta b) letretan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek ekar lezaketen gastua.
18. artikulua.– Euskadiren kanpoko beste ordezkaritza batzuk.
1.– Euskadiren Argentinako (Mercosur), Txile, Peru eta Kolonbiako, Estatu Batuetako eta Mexikoko Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza-organoak dira euskal gizataldeekiko harremanen arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenen baitan hainbat sektoretako interesak babestu eta sustatzearen arloan.
2.– Euskadiren Kanpoko Ordezkaritza hauek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe daude zuzenean eta hierarkikoki, eta Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzarekin koordinatuta jardungo dute; hauek dira haien egitekoak:
a) Ordezkaritzak kokatuta dauden herrietan Euskal Autonomia Erkidegoko eragile sozial eta ekonomikoen arteko lankidetza eta elkarketa sustatzea.
b) Tokian tokiko erakunde, enpresa eta entitateekin harreman-organo gisa jardutea, bisitak, topaketak eta informazio-trukeak antolatzeko eta enpresa-, ekonomia- edo gizarte-arloko loturak ezartzeko.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko eragileen arteko topaketak antolatzeko azpiegitura eta laguntza-zentroa izatea.
d) Herrialde bakoitzeko araudi, politika eta aukerei buruzko aholkularitza, orientazioa eta informazioa ematea Jaurlaritzaren sailei zein toki- eta foru-erakundeei, bai eta interesa duten enpresei, unibertsitateei, zentro teknologikoei eta bestelako eragile ekonomiko eta sozialei ere.
e) Herrialde horietan jarduten duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen beharrizanak ebaluatzea, eta dagozkien proposamenak bideratzea.
f) Euskadiko kultura-ekitaldi guztien zabalkundea egitea. Arreta berezia eskainiko zaio euskarari, kanpoan diren euskal gizataldeetako herritarrek edo gizatalde horietakoak izan ez arren interes berezia duten gainontzeko herritarrek ikasteko aukera izan dezaten.
g) Lankidetza-harremanak ezartzea euskal kultura, tradizioak eta hizkuntza bultzatzeko erakunde, elkarte eta zentroekin, bai eta Euskadiri arreta berezia eskaintzen dioten tokian tokiko erakundeekin ere.
3.– Jaurlaritzaren Lehendakaritzako eta Ogasun eta Ekonomia Saileko dagozkion organoen menpe, Euskadiren Kanpoko Ordezkaritza bakoitzeko titularrak, bere esparruan, egiteko hauek beteko ditu:
a) Ordezkaritza bakoitza dagoen herrialdean bizi diren lan-kontratuko langileak kontratatzea eta langileen eta langileen ordezkarien aurrean eta erakunde publiko eta pribatuen aurrean enpresariari dagozkion egitekoak betetzea.
b) Kontratazio-organo gisa jardutea bere lurralde-eremuan egiten diren kontratuetan, baldin eta sektore publikoko kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikiak badira, eta higiezinak errentatzeko kontratuak badira, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 41. artikuluko 2. zenbakiko a) eta b) letretan ezarritako eran. Gainera, titularrak baimendu beharko du kontratazio horiek ekar lezaketen gastua.
c) Administrazio publikoetan Eusko Jaurlaritza ordezkatzea Ordezkaritzaren ohiko funtzionamendurako beharrezkoak diren izapide guztietan, eta, batez ere, tributuak kudeatu eta ordaintzeko eta lizentziak eta baimenak lortzeko.
V. KAPITULUA
GIZA ESKUBIDE, BIZIKIDETZA ETA LANKIDETZAREN IDAZKARITZA NAGUSIA
19. artikulua.– Egitekoak.
1.– Honako hauek dagozkio Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari, zeina zuzenean eta hierarkikoki lehendakariaren menpe egongo baita:
a) Giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarritutako bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko sailen arteko estrategia bat diseinatu eta zuzentzea.
b) Biktima guztien elkartasun-, aitortza- eta arreta-politiken jarraitutasuna, garapena eta hedapena diseinatu eta sustatzea.
c) Giza eskubideekin eta bizikidetzarekin lotuta, azaleratzen ari diren erronkei erantzuteko jarduera-programak diseinatu eta zuzentzea; horiek benetako errealitateetan gauzatzen dira, hala nola errefuxiatuak, migrazioak, erlijio- eta kultura-aniztasuna, bazterkeria- eta injustizia-forma berriak, edota nazioarteko terrorismoaren edo gerraren mehatxuentzako erantzunak.
d) Aurreko ataletan aipatutako esparruetan, hezkuntza-, sentsibilizazio- edo prestakuntza-politikak diseinatu eta sustatzea.
e) Memoria ren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren (Gogora) jarduera-planaren diseinua eta garapena bultzatzea.
f) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren gida-planaren diseinua eta garapena bultzatzea.
g) Entitate, elkarte eta erakundeekin lankidetzan jardutea eta elkarri eragitea helburu berak gauzatzeko, batez ere Eusko Legebiltzarrarekin.
2.– Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko titularra izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariordea.
3.– Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiko titularra izango da Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordearen lehendakaria.
20. artikulua.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza.
1.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari, biktimei emandako arretaren arloan, egiteko hauek dagozkio:
a) Biktimekiko elkartasuna eta horien aitortza publiko eta soziala sustatzea, bakearen aldeko kultura eta giza eskubideekiko eta askatasunekiko errespetua zabalduz.
b) Biktimez zuzenean eta banaka arduratzea, kasu bakoitzaren beharrizanak zein diren jakiteko; indarreko legeriaren arabera dagozkien eskubide eta baliabideen berri emango zaie, eta horiek gauzatzen lagunduko.
c) Indarreko legerian erreparatze- eta laguntza-prestazioetarako eskabideak izapidetzea, eta, hala badagokio, ebaztea.
d) Giza eskubideen urraketa ororen biktimen eskubideak gauzatzeko ekimenak eta jarduerak lagundu eta sustatzea.
e) Lankidetza- eta informazio-harremanak izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakundeekin, baita bestelako instituzio, erakunde eta administrazio publikoekin ere, bakoitzaren eskumenen eremuan, biktimei laguntza osoa eta egokia emateko.
f) Oinarrizko helburutzat biktimei giza laguntza eta laguntza psikosoziala ematea eta haien eskubideen alde egitea duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.
2.– Giza Eskubideen arloan, egiteko hauek dagozkio zuzendaritza honi:
a) Giza eskubideak eta bizikidetza-kultura sustatzeko politika publikoa bultzatzea.
b) Jaurlaritzako sailen jarduerak koordinatzea giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan.
c) Giza eskubideekin eta bizikidetzarekin lotuta, azaleratzen ari diren erronkei erantzuteko jarduera-programak koordinatzea, eta, zehazki, errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko behar diren erantzunak koordinatzea.
d) Aurreko ataletan zerrendatutako gaietan sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak sustatzea, autonomia-erkidegoaren eremuan.
e) Oinarrizko helburutzat giza eskubideen alde egitea eta horiek sustatzea duten elkarte, fundazio eta gizarte-mugimenduekin lankidetza-harremanak indartzea.
3.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egingo du bere eskumenen arloko diru-laguntzen deialdia eta ebazpena, arloaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Idazkaritza Nagusietako, Zuzendaritzetako eta Euskadiren Kanpoko Ordezkaritzetako titularren lanpostuak hutsik badaude edo titularra bera falta bada edo gaixorik badago, ordezkapenak arau hauei jarraikiz egingo dira:
a) Idazkari nagusiei esleitutako eskumenak eta egitekoak idazkari nagusi horien mendeko zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.
b) Zuzendariei eta Euskadiren Kanpoko ordezkariei esleitutako eskumenak eta egitekoak hierarkikoki gainetik dagoenak beteko ditu.
c) Aurreko arauak nahikoa ez diren kasuetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak izendatzen duenak beteko ditu.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Indarrean dagoen araudiak Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari buruz egiten dituen aipamenak Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiari buruzkoak direla ulertuko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira 187/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena, eta dekretu honetan adierazitakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.