EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017075

45/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari jarduera hau egiteko enkargua emateko erabakia: Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea hegoaldera zabaltzeko lanak egitea, Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean.

Xedapenaren zenbakia: 201700045
Xedapenaren data: 2017-04-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201701948
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/02/20an argitaratutako 2017/02/03ko EBAZPENA [201700902]

Gobernu Kontseiluak, 2017ko apirilaren 4an egindako bilkuran, onartu egin du Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari jarduera hau egiteko enkargua emateko erabakia: Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea hegoaldera zabaltzeko lanak egitea, Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean. Bada, publikotasuna eman behar zaio erabaki horri, eta, horregatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen eranskinean datorren erabakiaren testua, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio jarduera hau egiteko enkargua: Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea hegoaldera zabaltzeko lanak egitea, Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 4KO 45/2017 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2017KO APIRILAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO JARDUERA HAU EGITEKO ENKARGUA: VITORIA-GASTEIZKO TRANBIAREN IBILBIDEA HEGOALDERA ZABALTZEKO LANAK EGITEA, ANGULEMA-UNIBERTSITATEA TARTEAN ETA ANGULEMA-SALBURUA TARTEAN.
Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboak dauzka legez interes orokorrekotzat jotzen ez diren edo beste lurralde batzuk ukitzen ez dituzten herri-lanen arloan, eta ibilbidea Euskal Autonomia Erkidego barruan egiten duten trenbideetan eta lurreko garraioetan, Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren 32. eta 33. zenbakietan xedatutakoarekin bat etorriz.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua aldatzeko den abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren 14.1.b) artikuluaren bidez (indarrean dago, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera), Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari esleitzen zaio garraio-azpiegituren obrak landu, zuzendu, ikuskatu eta egikaritzea, bai eta obra-proiektuak onestea ere.
Maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea Ente Publikoa sortu zen, eta haren helburua da gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren edo etorkizunean izango diren trenbide-azpiegiturak eraikitzea, zaintzea eta administratzea.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.2 artikuluak entearen helburu sozialaren barruan sartzen du trenbide-garraioko azpiegituren eraikuntza, Jaurlaritzak agintzen dionean, eta, orobat, azpiegitura berri horien zaintza, kudeaketa eta administrazioa, bai zuzenean edo zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde baten bitartez, eta zeinahi negozio juridikoren bidez.
Halaber, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entitatearen helburu sozialean sartzen da Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen eginkizun oro, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin eta kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunak, trenbide-garraioko politikari lotuta dauden azpiegiturei dagokienez, zeinahi ere den kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.
Beste alde batetik, 6/2004 Legearen 16. artikuluak Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarearen baliabide ekonomikoak osatzen dituzten partidak jasotzen ditu, eta, bereziki, d) letran jasotzen dira legeen arabera har ditzakeen diru-laguntzak, ekarpenak eta dohaintzak.
2006ko maiatzaren 4an, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Vitoria-Gasteizko tranbia ezartzeko. Lankidetza-hitzarmen horren xedea zen alderdien konpromisoen baldintzak arautzea, Vitoria-Gasteizko tranbia ezartzen laguntzeko.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2007ko uztailaren 4ko Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen «Vitoria-Gasteizko tranbiaren trazadura-proiektua Abetxukoko tartean».
«Vitoria-Gasteizko tranbiaren trazadura-proiektua Abetxukoko tartean» izeneko proiektuaren aldaketa puntuala amaitu ostean, beharrezkotzat jo zen Vitoria-Gasteizko tranbiaren trazadura zabaltzea, Abetxukoko tartean. Horren xedea zen «Vitoria-Gasteizko tranbiaren trazadura-proiektua Abetxukoko tartean» izeneko proiektuan aurreikusitako azken geltokia auzoaren erdigunearekin konektatzea. Zabaltze horri esker, hobetu egingo dira eremu horrek hiriko gainerako eremuekin dituen komunikabideak.
2016ko ekainaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak. Lankidetza-hitzarmen horren xedea hau da: proiektuak idaztea garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta osorik elektrifikatu bat sortuta. Proiektu horrek Vitoria-Gasteiz osoa hartzen du, eta dauden mugikortasun-beharrak jasoko ditu, mugikortasun-paradigma berriak definitzeko.
Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea zabaltzeko lanei dagokienez (Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean), Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Azpiegitura Zuzendaritzak eraikuntza-proiektua onetsi ostean, zenbait arrazoik gomendatzen dute Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari esleitzea Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea zabaltzeko lanak (Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean), interes publikoak modu eraginkorragoan lortzeko.
Aurreikusitakoaren arabera, proiektu hau egiteko, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dira Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea ente publikoaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean.
Obren kostuei aurre egiteko, ETSk funts hauek erabiliko ditu: Eusko Jaurlaritzatik jasotakoak (kapital-aurrekontuetan adieraziak), eta Arabako Foru Aldunditik eta Vitoria-Gasteizko Udaletik jasotakoak (lankidetza-hitzarmenetatik eratorriak).
Angulema-Unibertsitatea tartean egin beharreko jardueren guztizko kopuru zenbatetsia 14.350.000 euro ingurukoa da (BEZa kanpo); hor sartzen dira tranbiaren zabaltze-lanen inbertsio errealeko gastuak (azpiegitura eta obrak barnean direla) eta lanak egiteko behar diren laguntza-zerbitzuak. Angulema-Salburua tartearen kasuan, zenbatetsitako kopurua 19.000.000 eurokoa da (BEZa kanpo).
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari honako hau egiteko enkargua ematea: Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea zabaltzeko lanen proiektua idaztea eta lan horiek egikaritu, zuzendu eta ikuskatzea, Angulema-Unibertsitatea tartean eta Angulema-Salburua tartean, lan horiek egikaritzeko eta finantzatzeko xedearekin ente publiko horren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren artean sinatuko diren lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzetan; horrek ez du esan nahi eskumenaren titulartasuna lagako denik.
Bigarrena.– Enkargu honek egin beharreko lan guztiak bukatu arte izango du indarra.
Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.