EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2017073

72/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua.

Xedapenaren zenbakia: 201700072
Xedapenaren data: 2017-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201701923
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1997/10/31n argitaratutako 1997/10/14ko 199700226 DEKRETUA aldatzen du
  • 2007/06/29an argitaratutako 2007/06/26ko 200700105 DEKRETUA aldatzen du

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz sortutakoak.
Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak berrikuntzak sartu zituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea hein batean aldatzen dituen horretan.
Aipatu 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluari zenbaki bat erantsi zaio, sexu-askatasun eta -ukigabetasunari buruzko delituei, pertsona-salerosketari eta haurrak esplotatzeari buruzkoa, eta horren bidez bete dira Espainiak honako hauek berretsita hartutako konpromisoak: Haurrak esplotazioaren eta sexu-abusuaren aurka babesteari buruzko hitzarmena, 2007ko urriaren 25ekoa, eta Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2011/92/EB Zuzentaraua, 2011ko abenduaren 13koa, adingabeen aurkako sexu-abusuen, sexu-esplotazioaren eta haur-pornografiaren aurkako borrokari buruzkoa.
13. artikuluko 5. zenbaki berriak hau xedatzen du:
«5.– Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbideetan, ofizioetan eta jardueretan sartzeko eta horietan aritzeko, eskakizuna izango da epai irmo baten bidez kondenatua izan ez izana sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituengatik –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea sartzen dira delitu horietan– ez eta pertsonen salerosketa delituengatik ere. Horretarako, aipatutako lanbidea edo jarduna bete nahi duten pertsonek Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzen duena.»
Euskal sektore publikoan adingabeekin ohiko harremanak izatea dakarten jarduera edo lanpostuetan hasteko eta horiek betetzeko orduan Adingabeen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzen dela segurtatzeko araudia ezartze aldera, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak 2016ko ekainaren 8an 2/2016 Jarraibidea onartu zuen. Jarraibide horrek xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek adingabeekin harremanak izatea dakarten eta araudi hori aplikatu beharra duten lanpostuak identifikatuko dituela eta, identifikatu ondoren, behar diren izapideak egingo dituela ezezko ziurtagiriaren eskakizuna definitzeko eta dagokien lanpostuen zerrendetan kasuan kasuko lanpostuentzat ezinbesteko eskakizun gisa jotzeko.
Horrela, bada, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, 2016ko ekainaren 14ko 2/2016 Jarraibidean ezartzen duenez, hauek dira eraginpeko lanpostuak:
– Hezkuntza Saileko ikastetxeetako langileak.
– Zumarragako Ibaiondo Hezkuntza Zentroko langileak (gaur egun Lan eta Justizia Sailarena da).
– Lan eta Justizia Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzako psikologo, hezitzaile eta gizarte-langileak.
Lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamenak (aldaketa horrek funtzionarioei nahiz langile lan-kontratudunei eragiten die) berekin dakar adingabeekin harremanak izatea dakarten Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako lanpostu-dotazio guztiak aldatu beharra, Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria lanpostu horiek eskuratzeko eskakizun gisa sartu ahal izateko.
Aldaketa-proposamenaren ondorioz, bigarren hezkuntzako lau instituturen izenak ere aldatu egingo dira, eta «lanbide-heziketako zentro integratu» izango dira aurrerantzean.
Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen I. eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.
Bigarren artikulua.– Langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen II. eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.