EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2017072

AGINDUA, 2017ko apirilaren 11koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duen agindua laugarren aldiz aldatzen duena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-04-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201701877
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/09/11n argitaratutako 2012/08/27ko AGINDUA aldatzen du [201204082]

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez, onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia. Ondoren, 2013ko apirilaren 18ko Aginduaren, 2014ko apirilaren 16ko Aginduaren eta 2015eko ekainaren 8ko Aginduaren bitartez, aldaketak egin ziren, zerrendak era eraginkor, bateratu eta operatiboagoan kudeatzeari begira: batetik, irakasleek urtero hainbat eta hainbat lanpostu bete behar izateak eskatzen dituen ezaugarri bereziak kontuan hartzeko; eta, bestetik, kudeaketa egokitzeko, sortzen ari ziren premien arabera.
Gaur egun, 2017-2018 ikasturteko ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak berriro barematzeko prozesuari ekin baino lehen, beharrezkotzat jo da 2012ko abuztuaren 27ko Agindua berriro aldatzea: prozesu horretan, ezarrita dago zerrenda garbitu behar dela, eta aurretiko bost ikasturteetan Hezkuntza Sailean benetako zerbitzua egin ez dutenak zerrendetatik kanporatu behar direla. Garbiketa horrek eragin handia izan lezake hautagaien zerrendan. Izan ere, ez da zehaztu lan-egoerari buruzko mugarik. Beraz, baliteke lan egin nahi duten eta lan egiteko moduan dauden hautagai batzuk gaur egun zerrendetan egotea, baina aurreko bost urteetan ordezkapen bat egiteko deia jaso ez izana; xedapen horren arabera, hautagai horiek zerrendetatik kanpo utzi beharko lirateke. Horrez gain, Hezkuntza Sailak aurre egin beharko die ikasturtean sortzen diren ordezkapen-premia guztiei, behar bezalako arretaz eta bizkortasunez. Garbiketa horrek hautagaien zerrendan eragin handia sor lezake, eta biziki murriztuko luke hautagaien kopurua; hortaz, egoki iritzi zaio zerrendan gaur egun horrelako garbiketa ez egiteari, hargatik eragotzi gabe garbiketa egiteko prozedura etorkizunean zehaztea. Prozedura horretan ñabardura edo muga gehiago ezarri beharko lirateke, prozedura zehatzagoa eta haztatuagoa lortzeko, hezkuntza-sistemaren premien eta hautagaien balizko lan-egoeren arabera. Horregatik, bidezkoa da garbiketa hori gaur egun indargabetzea. Horretarako, 2012ko abuztuaren 27ko Agindua laugarren aldiz aldatu behar da, garbiketa hori ezartzen duten artikuluak aldatzeko, edo, hala dagokionean, kentzeko.
Uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa; dekretu horretan, ezarrita dago jarraibideak modu negoziatuan eguneratuko direla alderdien artean. Eskakizun hori sektoreko negoziazioaren bidez bete da.
Horregatik guztiagatik, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Aldatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren «Zerrenda berriak argitaratzea» izeneko 22. artikuluko 2. zenbakia.
Aldatu egiten da «Zerrenda berriak argitaratzea» izeneko 22. artikuluko 2. zenbakia, eta honela idatzita geratzen da:
«Halaber, beste zerrenda bereizi bat ere argitaratuko da, behin betiko zerrendetatik kanporatu dituzten hautagaiena».
Bigarrena.– Kentzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren «Zerrendak garbitzea» izeneko 25. artikulua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko apirilaren 18ko Aginduaren bidez aldatua.
Kendu egiten da «Zerrendak garbitzea» izeneko 25. artikulua.
Hirugarrena.– Kentzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren «Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioak» izeneko 44. artikuluko 1. zenbakiko j) letra, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko apirilaren 16ko Aginduaren bidez aldatua.
Kendu egiten da «Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioak» izeneko 44. artikuluko 1. zenbakiko j) letra.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 11.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.