EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2017071

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita honako plan honetarako: Donostiako Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Plan Berezia.

Xedapenaren data: 2017-03-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201701855
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko azaroaren 26an, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu bat hasteko eskaera jaso zen, Donostiako Udalak igorrita, honako plan honetarako: «Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Berezia». 2016ko abenduaren 26an, eskaera osatu zen. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa aurkeztu zen, bai eta dokumentu hau ere: «Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Berezia». Ekolur ingurumen-aholkularitzak prestatu zuen dokumentu hori, 2016ko azaroan. Aurkeztutako dokumentazioak barne hartzen zuen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako ingurumen-dokumentu estrategikoaren edukia.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko urtarrilaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari (biak Arabako Foru Aldundikoak); URA Uraren Euskal Agentziari, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, txostenak bidali dituzte Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak eta Nekazaritza Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan dago aurreikusita zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
6.2 artikuluan, besteak beste, honako hauek espezifikatzen dira: ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntetik pasatzeko beharrezko baldintzak beteta, planek edo programek, udalerrien edo hedadura txikiko zonen mailan, erabilera finkatzen badute, ingurumen-ebaluazio sinplifikatutik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. eta 32. artikuluetan arautzen baita; guztiarekin ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Dokumentazio teknikoa aztertu da, bai eta Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazioaren espedientean bildutako txostenak ere, eta hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, non adierazten baita planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak egoki integratu direla eta non jasotzen baitira plana aplikatzearen ondorioz aurreikusten diren inpaktu adierazgarrienak, sartu beharreko azken oharrak, soilik ingurumen arlokoak, barne direla. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Honako hauek aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Berezirako. Donostiako Udalak sustatutakoa da plan hori. Hona txostenaren nondik norakoak:
A.– Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Bereziaren helburua da antolamendu-proposamen bat egitea egungo planeamendua garatzeko, betiere HAPO eta Lau-Haizetako Plan Berezia betez, eta, Merkear moduluari dagokionez, hirigintza-legedian ezarritakoarekin eta Donostiako Udalak adierazitako jarraibideekin bat etorriz.
Kokapena: Altza auzoaren hegoaldean dago; Donostiako udalerriaren barruan, oso-osorik. Moduluak 14,236 ha-ko azalera dauka, eta Merkear errekaren ertzetan zabaltzen da. Eremu horretan, ez dago inolako eraikinik. Inguruan, hainbat zerbitzu-sare daude.
Gauzatu beharreko jarduerak:
• Eremuan honako hauek ezartzea: parkeko harrera-toki bat; jolas-erabilera intentsiboa; kirol-erabilera, eta aisialdiko baratz-eremu kontrolatu bat.
• Sarbideak antolatzea, eremuko erabilera berrietara egokituta, ibilgailuentzako (automobilak, autobusak eta bizikletak) eta oinezkoentzako bideak ezarriz. Egungo eta lehengo ibilbideak berreskuratzea, Molinaotik Lau-Haizetara doan bidea barne.
• Lehengo baratz nahaspilatuak eta ehiza-postuak kentzea.
• Merkear erreka eta haren inguruneko landareak berreskuratzea.
• Betelanek hartutako eremuaren ingurumena berreskuratu eta berritzea.
• Urbanizatu gabe geratuko den eremuak egun duen itxura narrasaren ingurumena berreskuratzea eta berritzea, hura garbituz eta inguruko zuhaitz- eta zuhaixka-espezie naturalak landatuz.
• Kirol-ekipamendua egitea: arauzko futbol-zelaia eta futbol 7ko zelaia.
• Eraikin bat egitea, honako hauek bilduko dituena: Lau-Haizeta Parkeko harrera-tokia eta aurreikusitako kirol-instalazioei lotutako zerbitzuak (aldagelak, komunak, taberna, biltegiak, bulegoak, etab.).
• Aisialdiko baratz-eremua bat egitea: erabilera partikularretarako eta hezkuntza-erabilerarako emakida-erregimenean emango dira baratzak, eta laguntza-eraikin txiki bat izango dute, honelako zerbitzuak barne hartuko dituena: komunak, txarteldegia, erreminta-biltegia, etab.
• Aisialdiko gune bat egitea: ume-jolasen eremu bat eta helduentzako beste bat izango ditu.
• Garraio publikoko geltoki bat jartzea (hiri-autobusa).
• Ibilgailu motordunentzako 50-80 aparkaleku antolatzea, bai eta bizikletentzako aparkalekuak ere.
• Jarraitutasuna ematea inguruan dauden oinezkoentzako ibilbideei eta ziklismo-ibilbideei.
B.– Proposatutako plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ez da aurreikusten ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik behar duen proiekturik garatzea.
b) Beste plan eta programa batzuekin bateragarria den: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko planeamenduarekin. Atal honetan, espedienteko txostenetan jasotako zenbait kontsiderazio aintzat hartuz, gomendatzen da udalerriko hirigintza-arauetan bildutako zenbait neurri esplizituki txertatzea eremua garatzeko baldintzen artean. Gainera, plan bereziak aintzat hartuko beharko du zer dioen Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak balio estrategiko handikotzat sailkatzen diren lurzoruen okupazioari buruz (plan sektorial hori irailaren 16ko 177/2014 Dekretuaren bidez onartu zen).
c) Plana egokia den ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, betiere helburu hartuta garapen jasangarria sustatzea: plan bereziak aldeztu egingo du eremuaren natura-ezaugarriak babestea, berritzea eta sustatzea; ildo horretatik, eremuaren antolamenduak sustatu egingo du, bereziki, eremuan natura-interesa duten espazio edo elementuen babesa integratzea, eta, gainera, ahaleginak egingo ditu espazio hondatuak eta apalgarriak zuzentzea edo desagerraraztea. Sektoreko ingurumena leheneratuta, indartu egingo da eremuko konektibitate ekologikoa.
d) Ingurumen-arazoak: honako jarduera hauek eragin dezakete ingurumen-inpakturen bat: lur-mugimenduak; urbanizazio-lanak (bidegorriak, espaloiak, bideak, aparkalekuak, bestelako azpiegitura eta zerbitzuak); eraikinak egitea; lehengo baratzak kentzea, eta ingurumena leheneratzea. Nolanahi ere, azterketa-eremua hiri inguruko ingurune antropizatu batean dago, eta ez dauka natura-balio nabarmenik. Horrenbestez, ez da arazo adierazgarririk atzematen plan berezia garatzeko, betiere segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz burutzen badira jarduketak eta aktibitateak, hirigintza-planteamenduaren arau berrien ondoriozkoak, hain justu ere aurkeztutako dokumentazioan sustatzaileak proposatutako eran eta txosten honetan ezarritakoaren arabera. Egokiak dira sustatzaileak proposatutako zenbait neurri, hala nola ingurumena eta paisaia leheneratzeko proiektua jasotzea urbanizazio-proiektuan, prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen landare-espezieak desagerrarazteko neurriak, etab.
Jarduketa-eremutik gertu, lurzorua kalte dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten zenbait partzela inbentariatu identifikatu dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, arau horretan aurreikusitako lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Ondorioen eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak: lan zibilen betegarriek okupatzen dute eremuaren zati handiena. Moduluaren hegoaldean, baratz-partzelen multzoak daude, desordenatuta. Merkear errekaren ibilgua desbideratu egin zen betelanak gauzatzeko; haren ibarrak errekasto baten eremua eta ibarra zeharkatzen ditu, eta ekialdean zedarritzen.
Eraginpean gera daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna txikiak dira. Izan ere, inguruan ez dago ingurumen-eremurik natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza-osasunarentzat edo ingurumenarentzat orain edo etorkizunean izan daitezkeen arriskuengatik nabarmentzekoa denik. Aurreko atalean aipatu bezala, nabarmentzekoa den bakarra balio estrategiko handikotzat sailkatutako lurzoruen gaineko afekzioa da, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSn jasotakoa. Halako lurzoruen gaineko kalteak saihestu eta minimizatu beharko dira; gainera, gomendatzen da plan berezian txertatzea Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko erabakiak, halako lurzoruetan obrak edo jarduerak egiteari dagokionez.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Donostiako Udalak sustatutako Lau-Haizeta Parkeko Merkear modulurako Antolamendu Plan Bereziak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 29a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.