EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2017071

47/2017 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea bideetako segurtasuna hobetzeko asmoz Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, errepideen eta trafikoaren gaineko kontuetarako eta bideei buruzko informazioa trukatzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700047
Xedapenaren data: 2017-04-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201701854
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea bideetako segurtasuna hobetzeko asmoz Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, errepideen eta trafikoaren gaineko kontuetarako eta bideei buruzko informazioa trukatzeko dena. Ebazpen honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 4KO 47/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA ARABAKO FORU ALDUNDIAK BIDEETAKO SEGURTASUNA HOBETZEKO ASMOZ SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA, ERREPIDEEN ETA TRAFIKOAREN GAINEKO KONTUETARAKO ETA BIDEEI BURUZKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 16a.
BILDU DIRENAK:
Batetik, Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean
eta, bestetik, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua, Arabako Foru Aldundiaren izenean
ADIERAZI DUTENA:
I.– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-bideen ibilgailu trafikoko poliziaren eginkizunak, Lehendakariak azaroaren 26an eman zuen 24/2016 Dekretuaren 15.1.d) artikuluak xedatutakoaren arabera –dekretu horren bidez finkatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortzen, kentzen eta aldatzen dituenak eta, orobat, zereginak eta jarduteko arloak–.
Eginkizun horien artean, besteak beste, trafikoa eta bideetako segurtasuna zaintzeko, arautzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko neurriak hartu behar dira, Trafiko Zuzendaritzaren bitartez, hala ezarrita baitago Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen duen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16. artikuluan.
II.– Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak –Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta Lurraldeetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzkoak– 7.a) artikuluko 8. zenbakian ezartzen duenaren arabera, lurralde historikoetako foru-organoei dagozkie errepideak planifikatzea, proiektatzea, eraikitzea, kontserbatzea, aldatzea, finantzatzea, erabiltzea eta ustiatzea. Horrez gain, errepideen zirkulazio-egoera ahalik eta seguruena dela ziurtatu behar dute, eta bertan instalatu eta zaindu behar dituzte bide-seinaleak eta -markak, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak onartzen duen Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 139. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Arabako Lurralde Historikoaren eremuan, Arabako Foru Aldundiak dauzka errepideak, mugikortasuna eta bide-segurtasunaren kudeaketa planifikatzeko, proiektatzeko, eraikitzeko, kontserbatzeko, aldatzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko eginkizunak, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailaren bitartez betearazita. Hori guztia bat dator sail horren egitura organikoa eta funtzionala onartzen duen foru-dekretuan ezarritakoarekin (15/2016 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Diputatuen Kontseiluarena).
III.– Alderdi biei dagozkien eginkizunen eremuan, trafikoari eta errepideei buruzko lankidetza-hitzarmena sinatu zen, 2005eko azaroaren 22an. Hitzarmenaren indarraldia mugagabea da.
IV.– Hitzarmen hori azkendu da, batetik, klausularen baten betetzeagatik, eta, bestetik, xedapen batzuk zaharkitu baitira, azken urteetako aurrerapen eta hobekuntza teknologikoak direla-eta. Alderdi bakoitzak esleituta dauzkan eginkizunak kudeatzeko behar diren premia berriek are gehiago nabarmentzen dute zaharkitze hori.
V.– Maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema arautzen duenak, eta, orobat, Trafikoa Kudeatzeko Euskadiko Zentroa sortzen duenak, 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritza eta errepideen arloan eskumena duten administrazioak lankidetzan arituko dira, dagozkien eskumenak baliatuz, honako hau egite aldera:
a) Dagozkien eskumenak erabiltzeko garrantzizkoa den informazioa elkarri trukatu.
b) Dagozkien eskumenak erabiliz laguntza elkarri eman.
c) Erakunde bakoitzaren proiektuei eta jarduera-planei buruzko informazioa, eta, halaber, haien eskumenak erabiltzeko guztien interesekoak diren bestelako jarduerei buruzko informazioa eman.
VI.– Aurreko oharrak kontuan hartuta, alderdiek pentsatzen dute administrazio bien arteko lankidetza-bideak antolatu behar direla, esleituta dituzten bide-segurtasunari zuzenean lotutako eginkizunak eraginkortasun handiagoz egite aldera, eta, horretarako, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar dela. Hitzarmen berri horretan, 2005eko azaroaren 22ko hitzarmenean trafikoari eta errepideei buruz ezarritako konpromisoak eta betebeharrak ez ezik, behar eta premia berriak ere zehaztu beharko dira.
VII.– Adierazitako aurrekariak kontuan izanda, bi alderdiek erabaki dute lankidetzarako administrazio-hitzarmena sinatzea. Honako hauek dira hitzarmenaren hizpaketa arautzaileak.
HIZPAKETAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bidez, esku hartzen duten bi administrazioen artean lankidetza-esparrua ezarri nahi izan da, alderdi bakoitzak esleituta dituen eginkizunak errazago bete ahal izateko, eta bide-segurtasuna hobetzeko egiten dituzten jarduketen eragina hobetzeko. Lankidetzarako bide horiek gauzatzeko jardute-ildoak eta ildo horiek garatzeko hizpaketak honako hauek dira:
– Dagozkien eskumenak erabiltzeko garrantzizkoa den informazioa elkarri trukatu. Honako datu hauek trukatzeko prozedurak bereziki zaindu behar dira:
– Trafikoari buruzko datuak.
– Errepideetan instalaturik dauden bideo-kameren bitartez lortutako seinaleak.
– Mezu aldakorreko panelen informazioa eta paneletan erakusteko informazio-proposamenak
– Istripu-tasari buruzkoak.
– Errepideetan ekipamenduak jartzeko baimenen izapideak bizkortu.
– Bi administrazioek erabil ditzaketen prozeduretan edo arloetan lankidetzan aritu eta laguntza eman, dagozkien eskumenak eraginkortasunez erabili ahal izateko.
Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak Arabako Foru Aldundiaren Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari ematen dion informazioa.
1.– Istripu-tasari buruzko datuak.
Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du trafiko-istripuei buruzko fitxategiko informazioa Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari emateko, honako baldintza hauek ezarrita:
– Fitxategiaren formatua: fitxategia xls formatuan emango da, hau da, Excel orri bat izango da, eta, fitxategiko lerroetan istripuen berri jasoko da; zutabeetan, berriz, eremuak edo aldagaiak.
– Edukia: istripu bakoitzari buruz, gutxienez, honako eduki hauek emango dira, eta datu pertsonalak ez dira inola ere jasoko:
– Kodea edo erreferentzia.
– Probintzia.
– Data: urtea, hila eta eguna.
– Ordua eta minutuak.
– Hildakoen kopurua.
– Larriki zauritutakoen kopurua.
– Arin zauritutakoen kopurua.
– Istriputik onik irten direnen kopurua.
– Errepidea.
– Kilometro-puntua.
– Hektometroa.
– Noranzkoa.
– Udalerria.
– Azaleraren egoera.
– Argitasuna.
– Atmosferako faktoreak.
– Istripu mota.
– Ibilgailu mota.
– Aldi berean gertatutako bestelako faktoreak.
– UTM koordenatuak.
– Faunari eragin dioten istripuak: animalia mota zehaztea.
– Aldizkakotasuna: Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako Lurralde Historikoan izandako trafiko-istripuei buruzko datuak urtean bi aldiz emateko:
• Lehenengo aldian, urtarrilaren 1etik urte bereko ekainaren 30a arte izandako istripuei buruzko informazioa hartuko da aintzat; eta datu horiek urte horretako irailean jakinaraziko dira.
• Bigarren aldian, urtebetean (urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte) izandako istripu guztiak hartuko dira barne; eta datuak martxoan emango dira, datuetan ezarritako urtea igaro eta hurrengo urtean.
– Fitxategiaren ezaugarriak: emandako datuak behin-behinekoak izango dira. Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzaren «trafikoko istripuen urtekari estatistikoa» izeneko argitalpenean agertzen diren datuak baizik ez dira izango behin betikoak eta ofizialak. Hargatik, ez dago onartuta fitxategiko datuen erabilera publikorik.
– Lurralde historikoetan gertatu diren istripu hilgarriei edo istripu bereziki garrantzitsuei buruzko informazioa emango da. Horrez gain, istripuen balizko kausei eta bilakaerari buruzko informazioa ere emango da.
2.– Istripu-tasari buruzko azterlanak.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du urtero egiten dituen eta Estatistikako Euskal Planean jasotzen diren azterlanak Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari eskualdatzeko. Halaber, istripu-tasaren alderdi bereziei buruzko azterlan monografikoak ere bidaliko dira.
3.– Trafikoko istripuek errepideetan eragindako kalteei buruzko informazioa.
Eusko Jaurlaritzaren Trafikoko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari honako datu hauek jakinarazteko: istripuren bat eragin duten pertsonei buruzko datuak, betiere, istripu horiek bide publikoetan eta foru-titulartasuneko errepide-sareko atal osagarrietan kalte eragin badute.
4.– Trafiko-datuen trukea.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du estazio erabilgarrien bidez lortutako trafiko-datuen gaineko informazioa trukatzeko. Sistemaren gaitasuna nolakoa den, halakoa izango da datuak eguneratzeko maila. Truke hori, batik bat, intentsitateetan, abiaduretan eta ibilgailu-sailkapenean oinarrituko da.
5.– Bideo-trukea.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako foru-errepideen sareko bideetan eta Arabako ordainpeko autobideetan instalaturiko kameretako bideo-seinalea beste alderdiari eskuragarri uzteko, errepideetan bide-segurtasuna zaindu, ustiatu eta gainerako eginkizunak ere bete ahal ditzan.
6.– Mezu aldakorreko panelak erabiltzea.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako errepideen sarean erabiltzaileei informazioa emateko instalatuta dauden edo egongo diren seinale aldakorreko panelen erabilera partekatua errazteko, beste alderdiak esleituta dituen eginkizunak bete ahal ditzan.
Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Segurtasunaren Sailak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari ematen dion informazioa.
1.– Errepideetan egiteko eraikuntza-planei eta -proiektuei buruzko informazioa.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari behar adinako aurrerapenez emango dio errepideetan egitekoak diren eraikuntza-planen eta proiektuen berri:
– Errepideen Plan Integralari buruzko agiriak, jendaurreko erakustaldian, hartara, planak trafiko-arloan izan ditzaken ondorioak balioetsi ahal izateko.
– Sarbideak, biribilguneak eta, joan-etorri ugari eragiten duten zentroak (merkataritzako guneen azalera handiak, kirol-estadioak, azokak eta ikuskizun publikoak egiteko esparruak, etab.) direla-eta, trafikoa berriro antolatzeko bestelako bideak eraikitzeko proiektuak.
– Kanalizazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bere eginbeharretarako balia ditzakeen errepide-atal osagarriak eraikitzeko proiektuak, behar adinako aurrerapenez, benetan baliatu ahal izateko.
– Trafiko-arloan eragina duten errepideko garraioaren eremuko azpiegiturak, hala nola, aparkalekuak; eta, betiere, dituzten ezaugarrien, betetzen duten espazioaren, dauzkaten zerbitzuen eta garrantzizkoak izan daitezkeen bestelako alderdien berri emanda.
2.– Errepideetako obrak egitea.
– Arabako Foru Aldundiak zuzenean egin dituen lanak: Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak behar adinako aurrerapenez emango dio Trafiko Zuzendaritzari trafikoan eragina izan dezaketen obra edo jarduera guztien berri, Trafiko Zuzendaritzak, egokitzat jotzen badu, behar diren neurriak har ditzan horiek zaintzeko eta arautzeko.
– Foru Aldundiaz bestelako erakundeek edo erakunde esleipendunek egindako obrak: enpresa edo erakunde horiek Trafikoko Arabako Lurralde Bulegoari eman beharko diote obren berri. Bulegoak emango ditu trafikoa arautzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko jarraibide egokiak.
3.– Trafiko-datuen gaineko informazioa.
Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du estazio erabilgarrien bidez lortutako trafiko-datuen gaineko informazioa trukatzeko. Sistemaren gaitasuna nolakoa den, halakoa izango da datuak eguneratzeko maila. Truke hori, batik bat, intentsitateetan, abiaduretan eta ibilgailu-sailkapenean oinarrituko da.
4.– Bideo-trukea.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako foru-errepideen sareko bideetan instalaturiko kameretako bideo-seinalea beste alderdiari eskuragarri uzteko, beste alderdiak errepideen trafikoa eta segurtasuna kudeatu ahal ditzan, bai eta istripu-edo larrialdiko egoeretan ere.
5.– Mezu aldakorreko panelak erabiltzea.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Zuzendaritzak konpromisoa hartzen du Arabako errepideen sarean erabiltzaileei informazioa emateko instalatuta dauden edo egongo diren seinale aldakorreko panelen erabilera partekatua errazteko, beste alderdiak esleituta dituen eginkizunak bete ahal ditzan.
6.– Errepideei eta haien osagaiei buruzko informazioa.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak konpromisoa hartzen du eskura duen errepideei buruzko azken inbentario digitala Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari bidaltzeko; inbentario horretan, barne hartutako eremu nagusiak bilduko dira.
7.– Istripu-tasari buruzko azterlanak.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak konpromisoa hartzen du istripu-tasa aztertzeko egiten dituen azterlan guztien berri Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari emateko.
Laugarrena.– Beste datu batzuk eta informazioaren erabilera.
Bi administrazioek informazioa eska dezakete aurreko puntuetan sartu ez diren alderdiei buruz, betiere, informazio hori baliagarria bada legeak emandako eskumenak baliatzeko.
Kasu horretan, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute eskatutako informazioa ahalik eta arinen jakinarazteko.
Emandako informazioa ezin da erabili, esku hartzen duten administrazioek dituzten eskumenak baliatzeko ez bada; eta sekula ere ez da onartuko lagapenaren helburuarekin zerikusirik ez duen bestelako erabilerarik, hala nola, zabalkunde publikoa edo beste administrazio batzuei edo partikularrei ematea.
Bosgarrena.– Hitzarmena betearazteko protokoloa.
Informazioa trukatzeko eta hitzarmenean ezarritako betebeharrak betetzeko metodologia jasota egongo da alderdi biek hitzarmen hau betetzeko sinatzen duten protokoloan.
Protokoloa teknikoa izango denez, protokoloaren sinadura eskuordetuko zaie EAEko trafikoa eta Arabako Lurralde Historikoko errepideak kudeatzeko arloetako titularrei. Horrela ezarritako metodologia aldaketa teknologikoetara moldatu behar baldin bada, hitzarmen hau betetzeko protokoloa eraldatuko da.
Seigarrena.– Arabako Foru Aldundiaren Errepideak Kontrolatzeko Zentroa eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa lotzea, bideei buruzko informazioa trukatzeko, bide-segurtasuna hobetze aldera.
Arabako Foru Aldundiaren Errepideak Kontrolatzeko Zentroa eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa honela lotuko dira: lurpeko azpiegiturak eta esparruko telekomunikazio-operadorearen aireko linea erabiliz. Alderdi bakoitzak bere gain hartuko ditu honako kostu hauek:
– Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak konpromisoa hartzen du azpiegiturak lotzeko obra txikiaren kostuak bere gain hartzeko. Obra txiki horrek lotuko ditu egungo kanalizazioa eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren kanalizazioa. Era berean, kanalizazioan zuntz optikoko kableak instalatzeko kostuaren % 50 bere gain hartuko du, bai eta zuntz optikoko kableak ezartzeko kostuaren % 50 ere (banatzaileak, kutxak eta fusioak barne hartuta).
– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak konpromisoa hartzen ditu kontratazio-prozesua eta kanalizazioan zuntz optikoko kableak instalatzeko kostuaren % 50 bere gain hartzeko, bai eta zuntz optikoko kableak ezartzeko kostuaren % 50 ere (banatzaileak, kutxak eta fusioak barne hartuta). Era berean, zuntz optikoa mantentzeko lanaz eta kanalizazioa erabiltzeko alokairuaz ere arduratuko da.
Edonola ere, alderdi bakoitzak bere gain hartuko ditu informazioa trukatzeko behar dituen baliabide teknikoak bere instalazioan moldatzeko sortzen diren kostuak.
Zazpigarrena.– Telekomunikazioetarako kanalizazioen erabilera lagatzea.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak konpromisoa hartzen du gaur egun dauden kanalizazioen inbentario osoa Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari bidaltzeko, eta, hala dagokionean, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari kanalizazioaren erabilera lagatzeko, zuzendaritzak bere eskumenak egikaritzeko behar baditu.
Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak behar adinako aurrerapenez emango dio Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzari telekomunikazioetarako kanalizazioak dituzten eraikuntza-proiektuen berri; eta, hala behar denean, Trafiko Zuzendaritzak trafiko-arloan dituen eskumenak erabiltzeko behar dituen kanalizazioen erabilera lagako dio zuzendaritza horri, dagokion unean zehazten diren baldintzen arabera.
Zenbaki honetan hartutako konpromisoak bete ahal izateko, dagozkion tresna juridikoak gauzatuko dira.
Nolanahi ere, kanalizazioak errepidearen jabari publikoko eremuan daudenez, errepidearen legezko araubidea aplikatuko da; eta, hortaz, errepidea aldatzeko edo hobetzeko jardueraren bat egin nahi bada eta horrek kanalizazioetan eragina badu, lagapen-hartzaileak ez du, hala ere, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.
Zortzigarrena.– Baimenak eta beste prozedura batzuk izapidetzea.
Beste alderdiak hala eskatuta, eta hargatik eragotzi gabe kasu bakoitzean indarrean dagoen prozedura-araudia betetzea, administrazio batek izapidetu behar dituen prozedurei dagokienez, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute prozedura horien izapideak bizkortzeko eta ahalik eta arinen ebazteko.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.
Hitzarmen honen Jarraipen Batzordea sortu da; eta batzordekideak EAEko trafikoa eta Arabako Lurralde Historikoko errepideak kudeatzeko arloetako titularrak izango dira. Batzordeko kideen eginkizuna hauxe izango da: hitzarmen hau interpretatzeko edo betetzeko sor daitezkeen arazoak ebaztea, hargatik eragotzi gabe hurrengo hizpaketan ezarritakoa betetzea.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen honek administrazio-izaera dauka, interpretatzeko, aldatzeko eta beste edozertarako ahalmenari dagokionez, horrek dakartzan ondorioekin; eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioak du eskumena, indarrean dagoen bitartean hitzarmena aplikatzerakoan sortzen diren gatazkak ebatzi ahal izateko.
Hamaikagarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau alderdiek sinatzen duten egunean jarriko da indarrean, eta indarraldiak 2020ko abenduaren 31 arte iraungo du, alderdi batek salatu ezean. Salaketa idatzizko jakinarazpen bidez egin beharko da, eta, gutxienez, hitzarmenaren muga-eguna edo luzapenaren muga-eguna heldu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio beste alderdiari.
Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.
Ados jarrita, alderdi biek hitzarmena azkentzea erabaki ahal dute, edozein unetan.
Hamabigarrena.– Berrikuspena.
Alderdi biek aldizka eskatu ahal dute hitzarmena edonoiz berrikustea, aurreko atalean aipatutako epean edo, hala dagokionean, luzapena amaitu aurretiko edozein unetan.
Hamahirugarrena.– Hitzarmena desegiteko arrazoiak.
Hartutako erabakiak arduragabekeriaz betetzen badira, eta, oro har, hitzarmen honetan bildutako hizpaketak eta indarreko xedapenetan hitzarmenaren ondorioz biltzen direnak ere betetzen ez badira, hitzarmena edozein unetan desegingo da.
Horrela adierazten eta xedatzen dute bi alderdiek; eta, ados daudela jasotzeko, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte, goiburuan jasotako lekuan eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Estefanía Beltrán De Heredia Arroniz.
Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua, Jesús María López Ubierna.