EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017070

AGINDUA, 2017ko martxoaren 24koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren I. eta III. eranskinak aldatzekoa.

Xedapenaren data: 2017-03-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201701818
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/07/16an argitaratutako 2015/06/23ko 201500109 DEKRETUA aldatzen du

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren xedea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautzea da, oinarritzat harturik egungo zientzia-, teknologia eta berrikuntza-estrategia, 2020.era arteko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planean jasoa, eta, zehazkiago, eragile bakoitzak I+G+b arloan duen espezializazioa, bikaintasuna eta kokapena zehazten duen berrantolamendu-prozesuan, bai eta espero diren emaitzetan ere.
Izan ere, prozesu horren bidez, lortu nahi da, hartutako esperientzian oinarrituta, eragile bakoitzaren posizionamendu zehatza eta helburuak zehaztea. Horrekin guztiarekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileen eraginkortasuna eta orientazioa areagotu nahi dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ehun produktibo eta sozialerako balio-ekarpena hobetu ere, betiere elkarlanaren eta osagarritasunaren bitartez.
Eta badu beste helburu bat ere; alegia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistro Publikoa sortzea. Bi gauzatarako izango da: identifikatzeko zein diren sare hori osatzen duten erakundeak; eta sare-kide izate horren publizitatea egiteko.
Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren I. eranskinean Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroen Plan Estrategikoan agertu beharreko elementuak zehazten dira. Erakunde bat Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroen kategoriako zientzia- eta teknologia-eragile gisa bereizteko azterketa egokia egiteko, beharrezkotzat jo da aipatutako Plan Estrategikoak jaso behar dituen elementuetan aldaketa batzuk egitea.
Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuko III. eranskinean, Foku Anitzeko Teknologia Zentroei eta Teknologia Zentro Sektorialei, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroei, eta Enpresetako I+G Unitateei dagozkien eragileen tipologietarako zehaztutako Aginte Taulak argitaratzen dira, besteak beste. Aginte Taula horiek bi erabilera dituzte: batetik, eragile-kategoria bakoitzaren jarduna karakterizatzen du ziurtatze-prozesuari begira, eta, bestetik, eragileek 2020an lortu beharreko adierazleak, pisuak eta helmugak finkatzen dituzte, hala badagokio.
Aplikazio-aldian, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua argitaratu eta gero, Aginte Tauletako adierazle batzuk eguneratu egin behar direla ikusi da, eragileek lortzen dituzten emaitzak behar bezala neurtzeko; horrela, bada, III. eranskina eguneratu behar da.
Foku Anitzeko Teknologia Zentroen eta Teknologia Zentro Sektorialen, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen, eta Enpresetako I+G Unitateen Bikaintasun eta Harreman Ereduaren lerroetako emaitzak lortzeko orientazio egokia eskaintzea izango da aldaketa horien helburua.
Horregatik guztiagatik, adierazle batzuk eta horien 2020rako pisuak eta helmugak aldatu behar dira, baita aldaketa horiek eragindako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile-kategorien aginte-taula ere.
Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuko eranskinen aldaketak Dekretu horretako azken xedapenetako lehen xedapenean aurreikusten dira. Lehen xedapenean, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua garatzeko eta gauzatzeko eta, zehazki, eranskinetan jasotako edukia eguneratzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari (dagozkion eskumenen esparruan).
Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren I. eta III. eranskinak aldatzea, agindu honetako eranskinetan adierazten den moduan idatzita gera daitezen.
Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroei dagokien I. eranskinaren aldaketari dagokionez, Plan Estrategikoko atalak berregituratzea eta sinplifikatzea, planak barne hartzen dituen atalak multzokatzeko eta argitzeko:
1.– Zentroaren deskribapen orokorra eta helburuak.
1.1.– Lan-esparrua eta justifikazioa. Ikuskera, misioa eta balioak. Ikerketa-jardueraren balio erantsia.
1.2.– Helburu estrategikoak.
1.3.– Gobernantza.
1.4.– Laguntzaileen sarea eta itun estrategikoen ezarpena: Zientziaren Euskal Sistema Europako Ikerkuntza Esparruan txertatzea.
1.5.– Etorkizuneko garapenerako perspektibak.
2.– Bikaintasun zientifikoa eta ikerkuntza-jardunaren kalitatea.
2.1.– Ekintza-plana.
2.2.– Adierazleak.
2.3.– Lau urtetarako gastuen eta diru-sarreren aurreikuspena.
Teknologia Zentro, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentro, Enpresetako I+G Unitate eta Eskaintza eta Eskari arteko Bitartekaritza Eragileei buruzko III. eranskineko aldaketari dagokionez, helburua da definizioan azalpenak gehitzea, definizioa bera aldatzea eta, kasu jakin batzuetan, 2020rako pisuak eta helmugak aldatzea, honako adierazle hauen kasuan:
● g1-3 adierazlea: Honela zehaztuta geratuko da «espezializazioa»: Euskadiko ZTBP 2020n jasotako hiru lehentasun estrategiko bakoitzeko I+G gastuaren ehunekoa, I+G jarduera guztiarekiko. Hori neurtzeko, proiektuek lehentasun estrategiko bakoitzarekin duten sektore-loturari begiratuko zaio.
● h3 adierazlea: «EPO eta PCT patenteen eskaera». Honako hau zehazten da: «Zentroak eskaera-egile gisa agertu beharko du, edo haren ikerlari batzuek asmatzaile gisa».
– EPO eta PCT patente berrien eskaerak edo patente nazionalen luzapenak I+G 100 langileko (DOB), Zentroa eskaera-egile gisa edo haren ikerlariren bat asmatzaile gisa agertzen denean.
– Softwarearen erregistro-eskaerak Jabetza Intelektualaren Erregistro Nagusian gaineratuta geratuko dira, betiere ekitaldian aitortutako 10.000 euro edo goragoko sarreraren bat (h4) badago eta sarrera hori aurrez kontabilizatuta ez badago.
– Patente nazionalen eskaerak kanpo geratuko dira, erreferentziazko kanpo-merkatuetara atxikita daudenak salbu, horietan, eskaera hirugarren batek egiten baitu (erreferentziazko nazioarteko ikerketa-zentro edo enpresa batek), eta zentroa asmatzaile gisa agertzen da.
Oharra: PCT = Patenteei buruzko Lankidetza Ituna. EPO = Europako Patenteen Bulegoa.
● h4 adierazlea: Honela geratzen da «Lizentzien eta patenteen ondoriozko diru-sarrerak» definizioa: Erregistratutako jabetza intelektualaren salmenten edo lizentzien ondoriozko diru-sarrerak, I+G 100 langileko* (DOB). Diru-sarrerak izango dira kontularitzaren ikuspegitik (cash-flow sarrerak) zentroan gauzatzen diren diru-sarrerak. Honako hauek hartzen ditu barne:
– Patente, diseinu, erregistratutako software, sekretu industrial eta erabilgarritasun-ereduen salmentak edo lizentziak eragindako diru-sarrerak.
– Zentroak ex profeso sortutako OTEB baten jabetzan parte hartzetik eragindako diru-sarrerak, Zentroak sortutako eta erregistratutako jabetza intelektualaren ustiapenerako.
– Bezeroak erregistratu duen ezagutzaren salmentatik lortutako diru-sarrerak, horiek kontratu bidez adostu direnean eta kontratupeko I+G proiektuan kostu gisa nabarmen bereizi daitezkeenean.
● i3 adierazlea: «Euskal enpresetara transferitutako ikerlariak» definizioan, I+G Unitateetara egindako transferentzia gaineratzen da, baita euskal enpresetara ere. Horrez gain, berariaz adierazten da transferentzia kontabilizatzeko kontuan hartuko dela ikerlariak zein urtetan hartu duen alta enpresa berrian:
– Euskal enpresetara eta Enpresetako I+G Unitateetara transferitu diren ikertzaileak (DOB), zentroko 100 ikertzaileko (DOB) (b3). IKZn kasu zehatzean, TZra transferitutako ikertzaileak ere sartuko dira. Ikertzailea transferitutzat joko da, baldin eta, zentroak hari baja eman, eta urtebete igaro baino lehenago alta ematen bazaio enpresan. Transferentzia kontabilizatzeko, enpresa berrian alta hartu duen urtea hartuko da kontuan. Era berean, ikertzaileen aldi baterako egonaldiak zenbatuko dira, baldin eta 3 hil jarraitutik gorakoak baldin badira (DOBen arabera neurtuta) eta horiek hitzarmen bidez formalizatu badira.
● h5 adierazlea: «OTEBetan sortutako enplegu berriak» beharrean, «OTEBek eragindako fakturazioa» adierazlea ezarriko da:
– Zentroak sustatutako Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien (OTEB) fakturazioa, sozietateko partaidetza bidez eta/edo azken 5 urteetan transferitutako teknologiaren emaitza gisa, I+G 100 langileko (DOB)
• Foku Anitzeko Teknologia Zentroen pisua eta helmuga aldatu dira:
- pisua % 6tik % 4ra aldatu da
- eta helmuga 20tik 100era.
• Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen pisua eta helmuga aldatu dira:
- pisua % 2tik % 1era aldatu da
- eta helmuga 6tik 30era.
● h6 adierazlea: «OTEBek eragindako fakturazioa» beharrean, «Enpresa-fakturazioan izan duen inpaktua» adierazlea ezarri da:
– Zentroak I+G 100 langile bakoitzeko (DOB) eragindako fakturazioa, enpresa bezeroek garatutako negozio-ildo, produktu eta prozesu berrietan, baldin eta zentroarekin azken 5 urteetan egindako I+G proiektuen emaitza zuzena baldin badira.
• Foku Anitzeko Teknologia Zentroen pisua eta helmuga aldatu dira:
- pisua % 6tik % 8ra aldatu da
- eta helmuga 3.500etik 5.000ra.
• Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen pisua eta helmuga aldatu dira:
- pisua % 2tik % 3ra aldatu da
- eta helmuga 700en mantendu da.
● i8 adierazlea: «Euskal enpresen presentzia duten nazioarteko proiektuen %» beharrean, «Euskal Enpresen Nazioarteko Proiektuetako Partaidetza» adierazlea ezarri da. Era berean, Enpresetako I+Gko Unitateen partaidetza gaineratu da.
– Euskal enpresek Zentroaren nazioarteko proiektuetan dituzten partaidetzen kopurua, I+G 100 langile bakoitzeko (DOB).
• Foku Anitzeko Teknologia Zentroen helmuga aldatu da, % 50etik % 10era.
• Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen helmuga aldatu da, % 30etik % 5era.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 24a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.