EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017069

AGINDUA, 2017ko martxoaren 30ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda aldatzeko dena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-03-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201701810
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1997/12/31n argitaratutako 1997/12/31ko AGINDUA [199706391]
  • 2015/03/20an argitaratutako 2015/03/12ko AGINDUA aldatzen du [201501334]
  • Ikus 2015/11/16an argitaratutako 2015/11/06ko AGINDUA [201504890]

Herrizaingo sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onartu zen, eta, horren ostean, zenbait aldiz aldatu da lanpostuok egitura-aldaketetara egokitzeko.
Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko (2015-03-20ko EHAA, 54. zk.) eta 2015eko azaroaren 6ko (2015-11-16ko EHAA, 218. zk.) aginduen bidez, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda aldatu zen, eta, aldaketoi esker, Ertzaintzaren egitura sendotu zen, Ortzimuga 2016 plan estrategikoan adierazitako gidalerroekin bat.
Plan hori burututa, agindu honen xedea da lanpostuak berriro aldatzea, hiru helburu hauek betetzearren:
Lehenik, Ertzaintzaren unitateak berregituratzea. Horren hasiera dago onartutako lanpostu-zerrendari buruzko azken aginduan. Brigada Mugikorraren Unitatean lanpostu hutsak amortizatu ziren, eta Laguntza Zerbitzuan beste batzuk sortu, zerbitzua jasotzen duen gizarteak eskatzen dituen zerbitzu berriak eman ahal izateko. Bizkaiko AKZ osoaren lurralde-banaketan sartu dira sartzeke zeuden lanpostuak eta Bilboko ertzain-etxetik egiten ziren egitekoak, horretarako nahiko espazio egokitzea posible izan denean; eta, unitateetako giza baliabideen kuantifikazioan ere zenbait aldaketa sartu dira, aintzat hartuta lurralde-mugapenen arabera zer-nolako ezaugarriak eta kasuistika dauzkan delinkuentziak.
Bigarrenik, izena aldatzen zaio Ekitaldi Handiak Koordinatzeko Burutzari, eta Ekintzen Plangintzarako eta Azpiegituren Babeserako Burutza izena hartzen du, horrela hobeto adierazten baita zein den haren funtsezko egitekoa, hau da, azpiegitura kritikoetan babeserako eta laguntza-ekintzetarako plan espezifikoak ezartzea. Lan horretan laguntzeko, hiru lanpostu sortu dira; halaber, lanpostu bat sortu da, bost zuzkidurakoa, Bizkaiko AKZren unitatearen barruan, Ertzaintzaren irudi korporatiboa indartzeko xedea duen Ortzimuga 2016 plan estrategikoaren barruko ekintzak betetzeko, besteak beste barruko komunikazio-plan bat baloratzea, orain arte ez baita egin.
Hirugarrenik, Ertzaintzaren zenbait unitateren barne-egiturak sendotzen dira. Inteligentzia Bulego Nagusian, Ekintza Burutzaren postu bat banatu da: Brigada Mugikorraren Unitatean, Laguntza Zerbitzuan erdi-mailako arduradunak indartuta; Zaintza eta Erreskate Unitatean, Itsas, Urpekaritza eta Mendi ataletarako erdi-mailako arduraduna sortuta, Bizkaiko Ikerketako Lurralde Zerbitzuan, non beste postu bat ere banatu baita, eta, azkenik Arabako eta Bizkaiko lurralde-unitateetako idazkaritza teknikoetan, hiru postu bereizi dira Segurtasuneko sailburuordeari (Araba), Ertzaintzaren zuzendariari eta Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariari laguntza teknikoa emateko eta poliziaren datu-baseak kudeatzeko.
Azkenik, zenbait zuzkidura amortizatzearen ondorioz, derrigortasun-datak berresleitu dira, datak izan bazirelako, eta Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna ezarri zaie sortu berri diren postu horiei. Halaber, lanpostuen zuzkidura berriak gordetzen dira bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden langileentzat.
Horiek horrela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak txostena emanda, Ertzaintzaren Kontseiluak aztertu ondoren eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako negoziazioa egin ondoren, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak eta zuzkidurak ezabatzen dira.
2. artikulua.– II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak edo, hala bada, zuzkidurak sortzen dira.
3. artikulua.– III. eranskinean aipatzen diren lanpostuen zerrendako aldaketak onartzen dira.
4. artikulua.– 1. hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-datak ezartzen zaizkie IV. eranskinean zerrendatutako lanpostuei edo zuzkidurei.
5. artikulua.– V. eranskinean, Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda osoa dago, orain arte egindako aldaketa guztiak barnean izanik.
6. artikulua.– Agindu honek eraginak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7. artikulua.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz. Hori eginez gero, ezin izango da aurkeztu administrazioarekiko auzi-errekurtsorik, harik eta berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena eman arte edo ustezko ezespena gertatu arte, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartu zenetik hilabete igaro baita.
Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian edo, interesdunaren bizilekuaren arabera, hari dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Horretarako epea bi hilekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 30a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
I. ERANSKINA
LANPOSTUAK KENTZEA
II. ERANSKINA
LANPOSTUAK SORTZEA
III. ERANSKINA
ALDAKETAK
IV. ERANSKINA
DERRIGORTASUN-DATAK EZARTZEA
V. ERANSKINA