EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017068

AGINDUA, 2017ko martxoaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201701782
Maila: Agindua
Europar Batasunak Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen aldaketa sakona egitea onartu zuen 2013. urtean, helburu hauek betetzeko: laguntzen banaketa orekatuagoa izatea, belaunaldien txandakatzea bultzatzea, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak sustatzea, zailtasunak dituzten sektoreetan edo eskualdeetan produkzio-maila jakin batzuei eustea eta nekazari txikiei administrazio-karga murriztea.
2013. urtearen amaieran, NPEren laguntza-erregimen horien aldaketa inplementatzen duten erregelamendu sorta bat argitaratu zen. Erregelamendu horien artean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa– nabarmentzen da. Erregelamendu horren bitartez, honako Erregelamendu hauek indargabetu ziren: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez, nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikagarri zaizkien arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena–. Azkenean, esnegintza kuotak kendu ondorengo egoera berrira egokitzeko Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatua (EB) argitaratu da, esne-ekoizleak eta bestelako abeltzaintzako sektoreak egokitzeko salbuespenezko laguntza ezartzen duena.
Espainiako estatuan, arau-aldaketa horiek guztiek eragin dute hainbat errege-dekretu argitaratzea, eta dekretu horietan bertan hitzez hitz azaltzen denez, haien helburua da «lurralde nazional osoan Nekazaritza Politika Erkidea aplikatzeko eredu berdina» ezartzea. Dekretu horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: abenduaren 19ko 1076/2014 Dekretua –Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzkoa–, abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatua; abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua, abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatua –2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa–; abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua –zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituena; eta abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretua –Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema arautzen duena–, abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatua. Errege Dekretu horiek guztiak oraintsu aldatu ditu abenduaren 30eko 745/2016 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzeko emandako 1075, 1076, 1077 eta 1078/2014 Errege Dekretuak –guztiak ere abenduaren 19koak– aldatzen dituenak.
Era berean, Europako Batzordearen 2016/1613 Erregelamendu Delegatua (EB) ezartzeko, oraintsu argitaratu da otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretua, esnetarako behi-ekoizleen sektorea egokitzeko salbuespenezko laguntza ematea ezarri eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua –2015. urtetik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta nekazaritza-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa.
Euskal Autonomia Erkidegoan, araudi hori garatu eta aplikatzeko, 20/2016 Dekretua argitaratu da –otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak–, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretua ordeztuz. Dekretu horren 33. artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren alorreko eskumena duen sailaren titularrak urtero egingo du laguntza hauek emateko deialdia, eta, era berean, agindu horren eranskinean, ekitaldi horretan aplikatu beharreko araudia bilduko da. Agindu horretan ezarri ahal izango dira, halaber, erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak, alderdi teknikoak zehazteko edo beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko.
Aurreko ekitaldietan bezala, 2017ko kanpainarako laguntzen deialdia egiten da agindu honen bidez, zuzenean aplikatu beharreko Europako Erkidegoko araudiarekin, Estatuko oinarrizko araudiarekin eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuarekin bat etorriz. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
NPEan txertatutako zuzeneko laguntzen 2017ko ekitaldirako deialdia egitea da agindu honen xedea.
● Oinarrizko ordainketa.
● Klimarako eta ingurumenerako jardunbide onuragarriak aplikatzeko ordainketa.
● Nekazaritza-jardueran hasten diren nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.
● Ordainketa elkartuak.
● Nekazari txikien erregimen sinplifikatua.
● Behi-esnearen ekoizle jakin batzuk egokitzeko salbuespenezko laguntza.
Bigarrena.– Eskaerak aurkezteko lekua eta epea.
1.– 2017ko kanpainan, agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion eskualdeko nekazaritza-bulegoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira, 2017ko otsailaren 1etik apirilaren 30era bitartean. Estatuko Administrazio Orokorraren araudiak epe hori aldatzen badu eta hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahitaez aplikatu beharrekoa bada, epe berria argitara emango da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezarritako epea amaitu eta hurrengo 25 egun naturaletan laguntza-eskaerak onartuko dira. Kasu horretan, zenbatekoa ehuneko bat murriztuko da aipatutako epea gainditzen den egun baliodun bakoitzarengatik, ezinbesteko kasuetan eta aparteko zirkunstantzietan izan ezik. 25 egunetik gorako atzerapenarekin aurkeztuz gero, eskaera ez da onartuko.
2.– Eskaera bakarra aurkezteko epea bukatu ondoren, nekazariek maiatzaren 31ra arteko epea izango dute banakako lurzatiak edo banakako ordainketa-eskubideak gehitzeko, betiere kasuan kasuko laguntza-erregimenean ezarritako baldintzak betetzen badira. Gainera, eskaera bakarrean aitortutako nekazaritza-lurzatien erabilera edo laguntza-erregimena aldatu ahal izango dute, baldin eta eskabide bakarreko beste nekazaritza-lurzati batzuetarako ere hala eskatu badute. Aldaketa horiek eragina baldin badute aurkeztu beharreko egiaztagiri edo kontraturen batean, kasu horretan ere hura aldatzeko aukera izango da.
3.– Eskaera aurkezteko epea eta SIGPAC aldatzeko eskaerak aurkezteko epea egun berean amaituko dira, baldin eta aldaketa hori 2017ko laguntzak lortzeko aintzat hartzea nahi bada.
Hirugarrena.– Erregulazioa.
1.– Lehen ebazpenean aurreikusitako laguntzak arautzen dituen araudia honako xedapen hauetan ezarritakoa izango da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamendua (EB); Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatua (EB); abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua; otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretua, eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretua. Agindu honen ondorioetarako, erreferentziazko araudia osatuko dute xedapen horiek.
2.– 2017ko ekitaldirako deitutako laguntza-erregimen bakoitzerako erreferentziazko araudia ezagutzera ematearren, agindu honen eranskinetan jaso da aurreko puntuan aipatutako Europako Erkidegoko eta Estatuko araudi hori, zeina indarrean baita agindu hau onartzean.
Laugarrena.– Nekazari aktiboaren izaera egiaztatzea.
1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako «nekazari aktibo» izaera egiaztatzeko, eskaera bakarrean baimen bat bilduko da, zeinaren bidez agintari eskudunak Zerga Administrazioaren eskutik informazio fiskala jaso ahal izango baitu, eta, horrela, nekazari aktiboa izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatu; pertsona batek bere zerga-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten duenean baina Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko laguntzak eskatzen dituenean, beharrezkoa den zerga-informazioa aurkeztu beharko du izaera hori egiaztatzeko.
2.– Eskatzailea pertsona juridikoa denean, berriz, ez da beharrezkoa izango nekazaritzako diru-sarrerak aitortzea edo horri buruzko informazioa eranstea foru-ogasunek dagoeneko informazio hori baldin badute.
3.– Eskaera bakarrean, eskatzaileak berariazko adierazpen bat gehitu beharko du, non adieraziko baitu 1075/2014 Errege Dekretuko III. Eranskinean jasotako kodeko jarduerarik burutzen duen ala ez, Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren (CNAE) edo Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren arabera. Halaber, adierazpen horretan esango du harremanik duen ala ez erakunde elkarturen batekin, alegia erakunde elkartu bat jabetzan duen edo erakunde elkartu baten kontrola duen adieraziko du. Baiezkoa bada, harremanak dituen elkartutako erakundeen IFZ zehaztu eta ea 1075/2014 Errege Dekretuko III. eranskineko kanpo utzitako jarduerarik gauzatzen duen adieraziko du nekazariak. Baldin eta nekazariak adierazten badu eskaera bakarrean aipatu III. eranskinean zehaztutako jardueraren bat burutzen duela –bere kontura zein erakunde elkartu baten bidez– nekazari aktibotzat hartzeko eskatu ahalko du, eta, eskabide bakarrarekin batera, nekazari aktibo izateko 1075/2014 Errege Dekretuko 8.2 artikuluan ezarritako hiru baldintzetako bat gutxienez betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko ditu. 2015eko eta 2016ko kanpainatan zuzeneko laguntzak jaso dituzten eskatzaileen kasuan, berariazko adierazpen horrek 2017ko kanpainaz gain, 2015a baino lehenagoko beste kanpainak aipatu beharko dituzte, zuzeneko laguntzak jaso badituzte.
4.– Aurreko kanpainatako laguntzak izapidetzean Administrazioak hasiera batean onuradunen ezezkoen zerrendan sartutako onuradunek, eta, gero, alegazioak aurkeztu eta ezezkoen zerrenda horretatik ateratakoek kanpaina honetako eskaera bakarraren esparruan euren egoera aurreko kanpainan zehaztutako epigrafe berean ofizioz berrikusteko eskatu ahalko dute, betiere baldin eta egoera hori ez bada aldatu, eta, aldatu bada, egoera berria justifikatzen duen agiria aurkeztuz.
Bosgarrena.– Eskaera bakarra.
1.– Eskaera bakarra, zuzeneko ordainketen kasuan, ustiategiaren titularrak aurkeztu beharko du, 1075/2014 Errege Dekretuko II. tituluko II. kapituluan zehaztu bezala. Hortaz, jarduera horren ohiko garapenarekin zerikusia duen dokumentazio guztia edukiko du eskura, aplikatu beharreko araudiak ezarritako erregistro eta ustiategi-liburu guztiei dagokienez. Eskaera egiteko unean, agintari eskudunek ezarrita dituzten erregistroetan inskribatuta egon beharko du eskatzaileak, Elikagaigintzako produktuen higieneari buruzko 2004ko apirilaren 29ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 852/2004 Erregelamenduaren (EB) 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– 2017ko eskaera bakarraren ereduan bi laukitxo berri ezarriko dira, behi-esnearen ekoizleak egokitzeko salbuespenezko laguntzari dagokionez Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatua (EB) aplikatuz ezarritako bi neurrietako bakoitzarentzat bana. Erregelamendu Delegatu horren bidez, behi-esnearen ekoizleak eta bestelako abeltzaintza-sektoreetako ekoizleak egokitzeko salbuespenezko laguntza ezartzen da. Laguntzen onuradun izan nahi dutenek laukitxo horiek markatu beharko dituzte, otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera. Errege Dekretu horren bidez, esnetarako behi-ekoizleen sektorea egokitzeko salbuespenezko laguntza ematea ezarri eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua –2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari buruzkoa– aldatzen da.
Seigarrena.– Nekazarien esku dauden lurzatiak.
Foru aldundiek, diru-laguntzak kudeatzen dituzten organoak direnez, sistema bat ezarri ahal izango dute, nekazaritza-lurzatien jabeek dagokien foru-erakundeei jakinaraz diezaieten zein lurzati –errentan edo lagata ez daudelako– ezin diren eskatu laguntzak jasotzeko; izan ere, horretarako, titulartasuna egiaztatu beharko dute eta SIGPACeko erreferentziak adierazi. Kasu horretan, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren VII. eranskineko I. atalaren 11. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eskatzaileek ez dute adierazi beharko eskaeran errentatzailearen, lagatzailearen edo apartzeroaren IFZ.
Zazpigarrena.– Larreen onargarritasun-koefizientea.
1.– 2017ko kanpainarako, agindu honen VII. eranskinean bildutako metodoari jarraikiz kalkulatuko da larreen onargarritasun-koefizientea –erabilera komuneko azaleretan zein era indibidualean aitortutako esparruetan.
2.– Era indibidualean aitortutako esparruetan larre historikoen onargarritasun-koefizienteak zein 2015en erabilera komuneko azalerei esleitutako koefizienteak –lurzorua, malda eta landaredia parametroetan oinarritutako metodologia aplikatu ondoren– eguneratuko dira, hala badagokio, tokian bertan egiten diren kontrolen ondoren zehaztutako koefizienteekin, interesdunek aurkeztutako alegazioekin, ortofotografia berriak argitaratu ondoren SIGPAC-ak egindako berrikuspenekin, eta komuntzat hartutako larreen kasuan Mendi zerbitzuek egindako jakinarazpenekin.
3.– Aurretik aitortu gabeko esparruetan, «0» onargarritasun-koefizientea esleituko da ofizioz. Esparru horiek aitortu nahi badira, SIGPAC alegazio bat aurkeztu beharko da, eta lurzoruan bertan edo kabinetean egindako kontrol baten ondoren onargarritasuna egiaztatu eta gero LOK bat esleituko da.
Zortzigarrena.– Erabilera komuneko larreak aitortzea.
Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemakoez (SIGPAC) bestelako erreferentziak dituzten erabilera komuneko larre iraunkorren kasuan, komuntzat hartutako larreak kudeatzen dituzten erakundeek aitorpen bat aurkeztu beharko dute eskaera bakarra ireki aurretik, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIV. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Errege Dekretu hori aldatu egin zen 745/2016 Errege Dekretuaren bitartez.
Bederatzigarrena.– Tokiko jardunbide tradizionalak larreetan.
Larre iraunkorraren definizio berria kontuan hartuta –1307/2013 Erregelamenduaren 4.1.h) artikuluak ezarria–, agintari kudeatzaileek hala erabakitzen dutenean, bazkarako baliagarri diren lurzatiak ere har daitezke larre iraunkortzat, tokian-tokian finkatutako jardunbide tradizionalen osagarri direnak –horien arabera, gramineoak eta bestelako belar-bazkak normalean ez dira nagusi izan larreetarako azaleretan–, eta, horrela, azalera hori onargarritzat hartuko da, dagokion larreen onargarritasun-koefizientea (LOK) aplikatu ondoren. EAEn, tokiko jardunbide tradizionalek babestutako larre gisa identifikatu dira agindu honen VIII. eranskinean aipatutako erabilera komuneko larreak. Larre horietan historikoki eta gaur egun ganadua izan dela eta jardunbide tradizionalen arabera erabili direla justifikatzen duten agiriak izango dituzte agintari kudeatzaileek.
Hamargarrena.– Ingurumenari dagokionez sentikorrak diren larre iraunkorrak.
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, agindu honen II. eranskinaren V. epigrafean jaso denez, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauaren babesean izendatutako Natura 2000 Sareko babes zorrotzeko habitaten zerrendan sartutako larre iraunkorrak hartzen dira sentikortzat –eremu horietan kokatutako padurak eta hezeguneak barne– Euskal Autonomia Erkidegoan 2017ko kanpainarako.
SIGPACaren bisorean, eremu horiek mugatzen dituen geruza bat sortu da, eta honako helbide elektronikoan kontsulta daiteke: http: //www.euskadi.net
Hamaikagarrena.– Aldi baterako ez-emankorrak.
2017ko kanpainan, azalera onargarrien barruan kokatuta dauden aldi baterako azalera ez-emankorrak eskaera bakarrean aitortuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, kanpaina honetan laguntza jasotzeko eskubidea ematen ez badute ere.
Hamabigarrena.– Gaitasun mistoko behi-arrazak.
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 67.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017ko kanpainan, Montbelliarde, Fleckvieh eta suitzar arre izeneko behi-arrazak haragitarako edo esnetarako gaitasunekotzat hartu ahal izango dira, ustiategiaren produkzio-orientazioaren arabera.
Hamahirugarrena.– Baldintzen ez-betetzeak balioestea.
Baldintzak ez-betetzeak agindu honetako IX. eranskinean aurreikusitako irizpideen arabera balioetsiko dira.
Hamalaugarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Hamabosgarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 15a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
OINARRIZKO ORDAINKETAN APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimeneko eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, oinarrizko ordainketako eskubideak (jabetza-erregimenean, gozamen-erregimenean zein errentamendu-erregimenean) dituzten nekazariek izango dute oinarrizko ordainketa jasotzeko eskubidea.
2.– Nekazari horiek, gainera, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Eskaera bakarra aurkeztea, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 91. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) 2017ko kanpainan, 1075/2014 Dekretuaren 92. artikuluan xedatzen denez, 30 hektarea baino gehiago deklaratzen dituzten eskatzaile guztientzat, nahitaezkoa izango da haien ustiategiko nekazaritza-lurzatien mugatze grafikoa, formatu digitalean egindakoa, eta, horretarako, informazio geografikoko sistemen teknologian oinarritutako tresna informatikoak erabiliko dituzte (eskumena duen agintaritzak ezarri eta haien esku jarritakoak). Hektarea horiek neurtzeko, oinarrizko ordainketarako onar daitekeen azalera eta nekazaritzakoak ez diren azalerentzako eskatzen diren landa-garapenerako laguntzak hartuko dira kontuan. Aurrekoa eragotzi gabe, erabilera komuneko larre iraunkorren kasuan nekazariak ez du nekazaritza-lurzatien deklarazio grafikoa egin beharko.
c) Eskaera horretan, titularrak oinarrizko zer ordainketa-eskubiderengatik jaso nahi duen ordainketa adierazi beharko da, laguntza-eskabide bakarrak bildu beharko duen gutxieneko informazioa ezartzen duen abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren VII. eranskinari jarraikiz. Laguntza-eskubideak esleitu diren eskualdean baino ezin izango ditu aktibatu eskaera bakarra aurkezteko mugako egunean erabilgarri dituen edota data horren ondoren lagapen bidez edo eskubide berrien esleipenaren bidez jasotzen dituen nekazariak. Laguntza-eskabidearen xede diren oinarrizko ordainketa-eskubideen identifikazioaren ordez produktorearen deklarazio bat aurkez daiteke, oinarrizko ordainketarako eskubideen datu-basean agertzen diren eskubide guztien berri emateko eskatuz.
3.– Oinarrizko ordainketa eskatzeko baliatutako laguntza-eskubide bakoitza, hektarea onargarri batekin justifikatu beharko da. Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076 /2014 Errege Dekretuaren II. eranskinari jarraikiz oinarrizko ordainketa-erregimena 50 eskualdez osatuta egongo denez gero, eskubide bakoitza 2015. urtean eskubidea esleitu den eskualdean baino ezin izango da aktibatu.
II.– Hektarea onargarriak.
1.– Oinarrizko ordainketarako eskubideen esleipen eta aktibazioaren ondorioetarako, ustiategiko nekazaritza-azalerak hartuko dira hektarea onargarritzat –errotazio laburreko baso-landareen azalera landatuak barne–, betiere horietan nekazaritza-jarduera bat egiten bada abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren definizioaren arabera, edo azalera nekazaritzakoak ez diren jardueretarako ere erabiltzen denean, nagusiki nekazaritza-jardueretarako erabiltzen bada. Ustiategi bateko nekazaritza-azalera bat nekazaritzakoak ez diren jardueretarako ere erabiltzen denean, azalera hori nagusiki nekazaritza-jardueretarako erabiltzen dela ulertuko da, betiere jarduera horiek nekazaritzakoak ez diren jardueren intentsitate, izaera, iraupen eta egutegiak oztopatu gabe egin badaitezke.
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren I. eranskinean, ziklo laburreko baso landareak eta horien dentsitatea eta gehieneko uzta- edo landaketa-zikloa daude zehaztuta.
2.– Era berean, azalera onargarritzat hartuko dira: landa-garapenerako laguntza zuzenak, laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 2. artikuluan zehaztuta dauden paisaia-elementuak, baldin eta ustiategiko nekazaritza-lurzatien parte badira eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 92. artikuluan jasotakoari jarraikiz aitortu badira.
3.– Halaber, hektarea onargarritzat hartuko dira 2008. urtean ordainketa bakarreko eskubideak justifikatzeko erabilitakoak eta:
1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentaraua (basa-hegaztien kontserbazioari buruzkoa), Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentaraua (habitat naturalen eta basa-fauna eta basa-floraren kontserbazioari buruzkoa) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentaraua (ur-politikaren eremuan jarduteko Europako Erkidegoko esparru bat ezartzen duena) aplikatzearen ondorioz dagoeneko «onargarri» terminoaren definizioa betetzen ez dutenak,
2.– Edota nekazari bakoitzaren konpromisoak dirauen artean basotzen direnak, Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren (EE) 31. artikuluari (Nekazaritza Bideratzeko eta Bermatzeko Europako Funtsaren (NBBEF) konturako landa-garapenerako laguntzari buruzkoa), 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren (EE) 43. artikuluari edota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EEL 2013, 2214) 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 22. artikuluari jarraikiz.
3.– Edota nekazari bakoitzaren konpromisoak dirauen artean produkziotik kendu direnak, 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren (EE) 22.–24. artikuluei, 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren (EE) 39. artikuluari eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 28. artikuluari jarraikiz.
4.– Hektareak onargarritzat hartzeko, beharrezkoa izango da eskaera aurkezten den urte naturalean onargarritasun-irizpideak une oro betetzea, ezinbesteko arrazoien edota aparteko zirkunstantzien kasuan izan ezik.
5.– Landa-garapenerako laguntzen ondorioetarako IV. tituluan jasotzen den baso-definizioan sartzen diren nekazaritza-hektareak –3. zenbakian ezarritakoez bestelakoak–, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan 21, 22, 23, 24, 25, 26 eta 34. artikuluetan oinarrituta landa-garapenerako laguntza jasotzeko basotzat hartzen den nekazaritza-azalera ere, onargarriak izango dira, baldin eta bertan nekazaritza-jarduera dagoela egiaztatu badaiteke, eta bertan egiten diren nekazaritza-jarduerek ez badakarte finantziazio bikoitz bat landa-garapenerako laguntzak jaso ahal izateko eskatzekoak diren betekizun edo konpromisoekin.
6.– Abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 100. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu hektarea onargarri orok eskaera aurkezten den urte natural osoan, ezinbesteko arrazoien edo aparteko zirkunstantzien kasuan izan ezik.
7.– Puntu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, larreen onargarritasun-koefizientea (LOK, aurrerantzean) hartu beharko da kontuan, eta barrutiaren guztizko azalera adierazitako koefizientearekin biderkatua izango da larre-esparru baten gehieneko azalera onargarria.
8.– Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren (EE) 31. artikuluari (Nekazaritza Bideratzeko eta Bermatzeko Europako Funtsaren –NBBEF– konturako landa-garapenerako laguntzari buruzkoa), 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren (EE) 43. artikuluari edota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 22. artikuluari jarraikiz basotzen diren azalerak ez dira hektarea onargarritzat hartuko, azalera horiek adierazitako arauetan ezarritako laguntzak lortzeko gehieneko epea amaitu ondoren, azalera larre bihurtzea ahalbidetzen duen ingurumen-baimena dagoenean izan ezik.
9.– Nekazaritza-lurzatiak kalamua landatzeko erabiltzen badira, Merkataritza Barietateen Espainiako Erregistroan «Nekazaritzako landare-espezieen barietateen katalogo komunaren barruan» agertzen diren edota ordainketa ematen den urteko martxoaren 15ean Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiari jarraikiz merkaturatzeko baimena duten barietateetako hazi egiaztatuak baino ez dira erabiliko. Barietate horiek onargarriak izateko, tetrahidrocannabinol-edukiak % 0,2 izan behar du gehienez.
III.– Nekazarien esku dauden nekazaritza-lurzatiak.
Laguntza eskatzen den urteko maiatzaren 31n, laguntza-eskubideak justifikatzeko erabilitako hektarea onargarrietako nekazaritza-lurzatiek nekazariaren esku egon beharko dute, jabetza-erregimenean, gozamenean, errentamenduan, apartzerian edota herri-ondasun bat kudeatzen duen erakunde batek esleituta.
Eskatzaileak ustiategiaren nekazaritza-lurzati guztiak deklaratuko ditu; laguntza-erregimenik eskatzen ez duten lurzatiak ere adierazi behar dira eta, kasu guztietan, lurzati bakoitzerako, 1075/2014 Errege Dekretuaren VII. eranskinaren III. epigrafearen 1. puntutik 4. puntura bitarte jasotakoa ere bai. Esparru bakoitzari dagokionez, edukitze-erregimena adierazi behar da, hau da, esparrua eskatzailearena ote den edo alokairu- edo apartzeria-erregimenean ustiatzen ote den, eta kasu horietan, 2 hektareatik gorako esparruetarako, errentatzaile edo lagatzaile apartzeroaren IFZ adierazi behar da; edo esparrua kudeatzen duen agintaritza publiko batek esleitutako herri-azalera bat ote den, eta, kasu horretan, esleipen horri dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da. Baliteke errentatzaile edo lagatzaile apartzeroaren IFZ adierazpenik ez egin behar izatea lurzatien jabeei zein lurzati ezin diren eskatu –errentan ez daudelako– zehazteko aukera ematen dien sistema bat ezarrita duten lurralde historikoetan; horrela haien iruzurrezko erabilera saihesten da.
Eskatzaileak lurzatien krokisa aurkeztuko du, SIGPAC esparru oso bat deklaratzen ez duenean, edo esparru batean produktu desberdinak edo produktu beraren barietate desberdinak deklaratzen dituenean, baldin eta produktu eta barietate horien arteko desberdintasunak eraginik badu eskatzen den laguntzaren onargarritasunean. Adierazitako hori ez da aplikatuko erabilera arrunteko larre iraunkorren kasuan eta lurzatiaren titularra apartzeria-erregimenekoa den kasuan.
IV.– Ordainketa-eskubideak aktibatzea.
1.– Eskaera bakarrean 2015ean esleitu ziren eskualdean justifikatutako ordainketak hartuko dira ordainketa-eskubide aktibatutzat, Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren arabera, azalera Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 Erregelamenduan (EB) aurreikusitako kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuari jarraikiz finkatzen denean.
2.– Ordainketa-eskubideak aktibatzeko, lehenik eta behin zenbatekorik handieneko ordainketa-eskubideak erabili direla ulertuko da. Balio berdineko ordainketa-eskubideen artean, zenbakizko ordenaren arabera hartuko da kontuan horien erabilera.
3.– Nekazari batek ahal diren ordainketa-eskubide oso guztiak aktibatu ostean hektarearen zati bat hartzen duen nekazaritza-lurzati bati lotutako ordainketa-eskubide bat erabili behar duenean, azken ordainketa-eskubide horrek nekazaritza-lurzatiaren tamainarekin proportzionalki kalkulatutako laguntza bat jasotzeko legitimatuko du, eta oso-osorik erabilita dagoela ulertuko da.
4.– Ordainketa-eskubideak dituen nekazari batek segidako bi urtetan eskubide horiek aktibatzen ez baditu, Erreserba Nazionalera eramango dira.
II. ERANSKINA
KLIMARAKO ETA INGURUMENERAKO ONURAGARRIAK DIREN NEKAZARITZA JARDUNBIDEETARAKO ORDAINKETAN APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Aplikazio-eremua.
1.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduaren (EB) III. tituluko 3. kapituluan xedatutakoari jarraikiz, Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuak araututako oinarrizko ordainketaren erregimena betez ordainketa baterako eskubidea duten nekazariek klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren, beren ustiategiaren ezaugarriak kontuan hartuta bidezkoak diren eta kapitulu honetan adierazi diren nekazaritza-jardunbideak bete beharko dituzte hektarea onargarri guztietan.
2.– Oinarrizko ordainketa-eskubide bati lotutako hektarea onargarri bakoitzeko ordainketa bat emango zaie urtean aurreko paragrafoan aipatutako jardunbideak betetzen dituzten nekazariei, betiere kapitulu honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
3.– Hala ere, produkzio ekologikoko metodoak erabiltzen dituzten eta produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoa den eta 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzen duen Kontseiluaren 2007ko ekainaren 28ko 834/2007 Erregelamenduaren (EE) 29.1 artikuluko betekizunak betetzen dituzten nekazariek kapitulu honetan kontuan hartutako ordainketarako berehalako eskubidea izango dute beren ustiategiaren barruan azalera batean dautzan eta adierazitako erregelamenduaren 11. artikuluari jarraikiz produkzio ekologikorako erabiltzen diren unitateetan.
4.– Era berean, ustiategiak osorik edo zati batean Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/ Zuzentarauak edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauak eraginpean hartutako eremuetan kokatuta dituzten nekazariek klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak bete beharko dituzte kapitulu honetan kontuan hartutako ordainketarako eskubidea izateko, jardunbide horiek adierazitako zuzentarauen helburuekin bateragarriak diren heinean.
II.– Finantza-zuzkidura eta ordainketaren zenbatekoa.
1.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideetarako ordainketari dagokion urteko finantza-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazten dena da.
2.– Nekazari bakoitzari dagokion ordainketaren zenbatekoa, nolanahi ere, nekazariak bidezko urte bakoitzean aktibatutako oinarrizko ordainketa-eskubideen guztizko balioaren ehuneko gisa kalkulatuko da. Ehuneko hori urtero finkatuko da, eta, kalkulatzeko, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean dagokion urterako ezarritako finantza-zuzkiduraren guztizko zenbatekoa urte horretan maila nazionalean aktibatutako oinarrizko ordainketa-eskubide guztien guztizko balioarekin zatituko da, 16. artikuluari jarraikiz. Horrela kalkulatutako ehunekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
III.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak.
1.– Klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren eta kapitulu honetan kontuan hartutako ordainketa jasotzeko nekazariek bete beharko dituzten nekazaritza-jardunbideak honako hauek dira:
a) Laboreen dibertsifikazioa;
b) Egungo larre iraunkorren mantentzea; eta
c) Ustiategietan interes ekologikoko azalerak edukitzea.
2.– Labore iraunkorretarako azaleretan ez dira aplikatu beharko aurreko paragrafoan adierazitako jardunbideak.
IV. Laboreen dibertsifikazioa.
1.– Laboreak dibertsifikatzeko jardunbidea betetzeko, nekazariak honako hauek landu beharko ditu:
a) Ustiategiko laborantza-lurrak 10-30 hektarea hartzen dituenean, gutxienez bi labore mota landatu beharko ditu laborantza-lur horretan, eta labore nagusiaren ehunekoa guztizkoaren % 75 izango da gehienez; edota.
b) Ustiategiko laborantza-lurrak 30 hektarea baino gehiago hartzen dituenean, gutxienez hiru labore mota landatu beharko ditu laborantza-lur horretan; labore nagusiaren ehunekoa guztizkoaren % 75 izango da gehienez, eta bi nagusiak batuta, berriz, % 95 gehienez.
2.– Dena dela, aurreko paragrafoa ez da aplikagarria izango honako kasu hauetan:
a) Laborantza-lurra urtearen edo laborantza-zikloaren zati esanguratsu batean oso-osorik urpeko laboreetarako erabiltzen denean;
b) Laborantza-lurren % 75 baino gehiago belarra edo beste belar-bazka batzuk produzitzeko erabiltzen denean, lugorri uzten denean edo erabilera horiek konbinatzen direnean, betiere erabilera horiek hartzen ez duten gainerako laborantza-lurrak 30 hektarea baino gehiago ez baditu;
c) Nekazaritza-azalera onargarriaren % 75 baino gehiago larre iraunkor gisa, belarra edo beste belar-bazka batzuk produzitzeko edo urtearen edo laborantza-zikloaren zati esanguratsu batean urpeko laboreak produzitzeko erabiltzen denean edota erabilera horiek konbinatzen direnean, betiere erabilera horiek hartzen ez duten gainerako laborantza-lurrak 30 hektarea baino gehiago ez baditu;
d) Laborantza-lurraren % 50 baino gehiago nekazariak aurreko urteko laguntza-eskaeran aitortu gabekoa denean eta, bi urteetako laguntza-eskaeren irudi geoespazialen konparazioan oinarrituta, laborantza-lur guztiak aurreko urtekoetakoez bestelako laboreetarako erabiltzen direnean.
3.– Gainera, 1. zenbakiari jarraikiz eskatutako gehieneko atalaseak ez dira aplikatuko ustiategietan, laborantza-lurren % 75 baino gehiago belarrak, beste belar-bazka batzuek edo lugorri utzitako lurrek hartzen dutenean. Kasu horretan, gainerako laborantza-lurreko labore nagusiak ez du gainerako laborantza-lur horren % 75 baino gehiago hartuko, belarraren, beste belar batzuen edo lugorri utzitako lurren kasuan izan ezik.
4.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 20. Artikuluaren ondorioetarako, honako hauetako edozein adiera hartuko da laboretzat:
a) laboreen sailkapen botanikoan zehaztutako generoetako edozeinen laborantza;
b) Brassicaceae, Solanaceae eta Cucurbitaceae familietako edozein espezieren laborantza;
c) lugorri utzitako lurra;
d) belarra edo beste belar-bazka batzuk.
Neguko eta udaberriko laboreak labore desberdintzat hartuko dira genero berekoak izan arren, baita aurrekoen desberdina izaki, labore desberdina den beste edozein genero edo espezie mota ere, etorkizunean zuzenean aplikatzekoa izango den erkidegoko araudiak esanbidez hori ezarri badu.
Ilarako labore mistoak dauzkaten azaleretan, labore bakoitza labore desberdintzat hartuko da baldin eta, gutxienez, azalera horren % 25 bada. Kasu horretan, labore bakoitzak estalitako azalera kalkulatzeko, labore mistoetarako guztizko azalera zatitu egingo da azalera horren gutxienez % 25 estaltzen duten laboreen kopuruaren artean, labore bakoitzaren benetako proportzioa edozein izanik ere.
Laborantzarako lur-azaleretan, produktu bat baino gehiago deklaratu ahal izango da kanpaina eta partzela bakoitzeko, eta produktu nagusitzat dibertsifikazio-neurrirako erabiliko dena adieraziko da betiere. Lurzatia labore nagusi batek hartzen duenean eta tartean bigarren mailako labore bat dagoenean, laboreen dibertsifikazioaren ondorioetarako, azalera hori labore nagusiak bakarrik hartzen duela ulertuko da.
Hazi-nahasketa bat ereiten den azaleretan, «labore misto» izeneko labore bakarra dagoela ulertuko da, nahasketa osatzen duten labore espezifikoak edozein izanik ere.
Hala ere, nahasketa desberdinetan sartutako espezieak bata bestetik desberdinak direla ezar daitekeenean, eta tradizionalki laboratutako nahasketak direnean, hazien nahasketa horiek labore bakar desberdintzat hartu ahal izango dira, baldin eta paragrafo honen b) letran aipatutako laborerako erabiltzen ez badira.
5.– Labore-kopuruaren egiaztapena eta bakoitzari dagokion portzentajearen kalkulua, 1. zenbakian ezarritakoaren arabera, maiatzetik uztailera bitarteko aldian egingo da; izan ere, modu horretan, laboreak lurrean bertan egongo dira aldi horretan. Ustiategi bat autonomia-erkidego batean baino gehiagotan kokatuta dagoenean (eta erkidegoek aldi desberdinak dituztenean), kokatuta dagoen autonomia-erkidego bakoitzari dagokion aldian egiaztatuko da azalera, eta autonomia-erkidego bakoitzerako egindako egiaztapenaren emaitza zenbaketa osorako hartuko da kontuan. Nolanahi ere, laboreen ehunekoak kalkulatzeko, esparru bakoitzeko azalera bera behin baino ez da kontabilizatuko eskaera-urte bakoitzean.
V.– Ingurumenari dagokionez sentikorrak diren larre iraunkorrak.
1.– Ingurumenari dagokionez sentikorrak diren eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauan adierazitako eremuetan kokatuta dauden larre iraunkorrak (eremu horietan kokatutako padurak eta hezeguneak barne) ezin izango dira bihurtu eta landu, eta horietan ezin izango da mantentzeko beharrezkoak direnez bestelako lanik egin. Ingurumenari dagokionez sentikorrak diren larre horiek hartzen dituzten azalerak SIGPACean identifikatuta egongo dira.
2.– Nekazari batek aurreko paragrafoan jasotako betebeharrari lotuta dauden larre iraunkorrak bihurtu edo lantzen baditu, azalera hori birmoldatu eta larre iraunkor bihurtzera eta, agintari eskudunek finkatzen badute, adierazitako ekintzak ingurumenean eragindako kalteak alderantzikatzeko ematen dituen aginduak betetzera behartuta egongo da.
3.– Agintari eskudunek ez-betetzea detektatu ondoren, birmoldatzeko betebeharra eta betebehar hori betetzeko mugako data jakinaraziko zaizkio nekazariari. Data hori ez da izango ez-betetzea jakinarazi eta hurrengo urterako eskaera bakarra aurkezteko dataren ondorengoa.
4.– Birmoldatutako azalerak larre iraunkortzat hartuko dira kaltea konpontzeko birmoldaketa egiten den egun beretik aurrera, eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 21. artikuluan ezarritako betebeharrei lotuta egongo dira.
VI.– Erreferentziazko proportzioa eta larre iraunkorren urteko proportzioa kalkulatzea.
1.– Larre iraunkorren erreferentziazko proportzioa maila nazionalean ezarriko da 2015ean, eta honako hauen arteko emaitzazkoa izango da:
a) 2012. urtean larre iraunkorretarako erabili ziren eta Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduari jarraikiz aitortu ziren azalerak, eta 2015ean abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 91. artikuluari jarraikiz larre iraunkor gisa aitortzen diren eta 2012an aitortu ez ziren azalerak;
b) eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 91. artikuluari jarraikiz 2015ean aitortutako guztizko nekazaritza-azalera.
2.– Gainera, urtean behin, nekazariek abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 91. artikuluari jarraikiz aitortutako guztizko nekazaritza-azaleratik larre iraunkorretarako erabilitako azaleren proportzioa kalkulatuko da maila nazionalean.
3.– Bi kasuetan, kapitulu honetan arautzen diren eta klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak betetzeko betebeharrari lotutako nekazariek aitortutako azalerak baino ez dira kontuan hartuko. Bereziki, honako azalera hauek ez dira kontuan hartuko:
a) Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren V. tituluan aipatzen diren nekazari txikien erregimenean parte hartzen duten nekazariek aitortutako azalerak.
b) Ustiategi batean abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 17.3 artikuluari jarraikiz produkzio ekologikorako erabilitako unitateak.
4.– Larre iraunkorren erreferentziazko proportzioa berriz kalkulatu beharko da, nolanahi ere, kapitulu honetan bilduta dauden betebeharrei lotutako nekazariak, zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituen abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako baldintza-betekizunak betez, 2015ean eta 2016an beren azalerak larre iraunkor bihurtu behar dituztenean. Azalera horiek 1.a) letran adierazitako larre iraunkorren azalerei gaineratuko zaizkie.
5.– Halaber, larre iraunkorren erreferentziazko proportzioa egokitu egingo da produkzio ekologikorako erabilitako azaleran edota nekazari txikien erregimeneko parte-hartzearen mailan aldaketak daudenean, betiere kalkuluan eragin esanguratsua badute.
VII.– Larre iraunkorren proportzioari eustea.
1.– Larre iraunkorren urteko proportzioa –abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 22.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz kalkulatutakoa– 22.1 artikuluan ezarritako erreferentziazko proportzioa baino % 5 txikiagoa izango da gehienez. Hala ere, urte jakin batean larre iraunkorretarako erabilitako azalera termino absolutuetan abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 22.1.a) artikuluan adierazitakoari jarraikiz ezarritakoa baino gehienez ere % 0,5 txikiagoa bada, larre iraunkorren proportzioari eusteko betebeharra betetzen dela ulertuko da.
2.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak Estatuan larre iraunkorren proportzioa –abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 22.2 artikuluari jarraikiz ezarritakoa– erreferentziazko proportzioa –22.1 artikuluari jarraikiz ezarritakoa– baino % 5 txikiagoa edo are txikiagoa dela, larre iraunkorretarako erabilitako azaleraren aldakuntzak –termino absolutuetan– aurreko paragrafoan ezarritako muga gainditzen duela eta larre iraunkor batzuei beste erabilera batzuk eman zaizkiela egiaztatzen duenean, bihurketa horiek egin dituzten nekazariek berriz ere larre iraunkor bihurtu beharko dituzte azalera horiek.
3.– Berriz bihurtzera behartutako nekazariak, nolanahi ere, aurreko bi urte naturaletan edo, 2015. urtearen kasuan, aurreko hiru urte naturaletan aurkeztutako eskaeretan oinarrituta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 91. artikuluari edota Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 19. artikuluari jarraikiz larre iraunkorreko azalerak zirenak beste erabilera batzuetarako bihurtu diren nekazaritza-azalerak dituzten eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 21. artikuluaren xedapenei lotura gabeko larre iraunkorretarako azalerei dagokienez kapitulu honetan bildutako betebeharrei lotuta dauden nekazariak izango dira.
4.– 3. zenbakian adierazitako nekazariek larre iraunkor bihurtu beharko dituzte azalera horietatik finkatzen den proportzioa, edota ehuneko horren baliokidea izango den beste azalera bat bihurtu beharko dute larre iraunkor.
5.– 4. zenbakian arabera berriz bihurtu beharreko larreen ehunekoa kalkulatzeko, 3. atalean adierazitako aldietan bihurtu den eta behartutako nekazariaren esku dagoen azalera eta larre iraunkorren proportzioa Estatuko % 5eko marjinaren barruan berrezartzeko beharrezkoa den azalera hartuko dira kontuan.
6.– Nekazariek Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduari eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz hartutako konpromisoak betez nekazariek sortutako larre iraunkorren azalerak ez dira nekazariek berriz bihurtutako azaleran kontabilizatuko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 22. artikuluan adierazitako ehunekoa kalkulatzerakoan.
7.– Agintari eskudunek berriz bihurtzeko betebehar indibiduala eta larre iraunkorrei beste erabilera batzuk ez emateko arauak jakinaraziko dituzte Estatuan % 5etik gorako murrizketa finkatzen den urteko abenduaren 31 baino lehen.
8.– Berriz bihurtzeko betebeharra duten nekazariek hurrengo urterako eskaera bakarra aurkezteko egunaren aurretik egin beharko dute bihurketa berria.
9.– Arestian zehaztutako betebeharrak betez berriz ere larre iraunkor bihurtutako azalerak bihurketaren lehen egunetik aurrera hartuko dira larre iraunkortzat. Azalera horiek belarren edo beste belar-bazka batzuen laborantzarako erabiliko dira bihurketa berria egin eta segidako bost urtetan gutxienez. Dena dela, eraginpean hartutako nekazariek belarren edo beste belar-bazka batzuen laborantzarako erabiltzen diren azalerak erabili ahal izango dituzte lurrak larre iraunkor bihurtzeko betebeharra betetzeko. Kasu horretan, segidako bost urteetara iristeko falta diren urteetan izan beharko dituzte azalerek erabilera horiek.
VIII.– Interes ekologikoko azalerak.
1.– Nekazariak, ustiategian interes ekologikoko azalerak izateko jardunbidea betetzeko, ustiategiko laborantza lurrak 15 hektareatik gorako azalera duenean abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 92.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz aitortutako laborantza-lurraren eta 2.c letran adierazitako azalera basotuen gutxienez % 5 interes ekologikoko azalera dela bermatuko du.
2.– Honako hauek hartuko dira interes ekologikoko azaleratzat:
a) Lugorri utzitako lurrak;
b) Nitrogenoa finkatzen duten laboreetarako azalerak –1075/2014 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean daude zerrendatuta–. 2017ko kanpainan soja eta kakahuetea ere sartzen dira.
c) Honako artikulu hauei jarraikiz nekazariaren konpromisoak dirauen artean basotzen diren azalerak: Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamenduaren (EE) 31. artikulua, 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren (EE) 43. artikulua edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 22. artikulua.
d) Nekazaritzarako eta basogintzarako erabiltzen diren edo Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/205 (EE) Erregelamenduaren 44. artikuluari, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 23. artikuluari edota biei jarraikiz jasotzen edo jaso dituzten azalerak.
Interes ekologikoko azalera-kategoria horiek bete beharko dituzten betekizun eta baldintzak abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztuta daude.
3.– 2.c) letran adierazi diren ustiategiko azalera basotuak izan ezik, interes ekologikoko azalerak ustiategiko laborantza-lurretan egon beharko du kokatuta.
4.– Interes ekologikoko azalera bat izateko betekizuna betetzeko, nekazariek urtean behin baino ezin izango dute aitortu azalera bera.
5.– Dena dela, lehen paragrafoa ez da aplikagarria izango honako kasu hauetan:
a) Laborantza-lurren % 75 baino gehiago belarra edo beste belar-bazka batzuk produzitzeko erabiltzen denean, lugorri uzten denean, lekadunak landatzeko erabiltzen denean edo erabilera horiek konbinatzen direnean, betiere erabilera horiek hartzen ez duten gainerako laborantza-lurrak 30 hektarea baino gehiago ez baditu;
b) Nekazaritza-azalera onargarriaren % 75 baino gehiago larre iraunkor gisa, belarra edo beste belar-bazka batzuk produzitzeko edo urtearen edo laborantza-zikloaren zati esanguratsu batean urpeko laboreak produzitzeko erabiltzen denean edota erabilera horiek konbinatzen direnean, betiere erabilera horiek hartzen ez duten gainerako laborantza-lurrak 30 hektarea baino gehiago ez baditu;
6.– 2. paragrafoan zerrendatutako interes ekologikoko azalera-kategoria bakoitzeko hektarea konputagarriak neurtzeko, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren IX. eranskinean jasotako haztapen-faktoreak erabiliko dira.
III. ERANSKINA
NEKAZARI GAZTEENTZAKO ORDAINKETAN APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Onuradunak eta betekizunak.
Honako betekizun hauek betetzen dituzten nekazariek –pertsona fisikoak zein juridikoak izan– izango dute gazteentzako ordainketa osagarria jasotzeko eskubidea:
a) Ordainketarako eskubidea izatea oinarrizko ordainketaren erregimenaren arabera, eta dagozkion ordainketa-eskubideak aktibatu izana.
b) Nekazaria pertsona fisikoa bada:
1.– Gehienez 40 urteko adina izatea oinarrizko ordainketarako eskubideen lehen eskaera aurkeztu zuen urtean.
2.– Nekazaritzako ustiategi batean lehenengo aldiz ezartzea ustiategi horren arduradun gisa, edo oinarrizko ordainketaren erregimenaren babesean egindako eskaera lehenengo aldiz aurkeztu baino bost urte lehenago ezarri izana ustiategi horretan. Ustiategiaren kudeaketari, etekinei eta finantza-arriskuei lotutako erabakiei dagokienez epe luzerako kontrola ezartzen duenean ulertuko da nekazari gazte bat ustiategiko arduraduna dela. Paragrafo horren ondorioetarako, nekazaritza-jarduerari dagokion Gizarte Segurantzako erregimenean alta hartu izanaren egunetik aurrera hartuko da kontuan lehen instalazioa.
3.– Landa Garapenerako Programaren esparruan lehen ezarpenerako laguntza emateko aldeko espediente bat izatea, edo nekazaritzarako nahikoa gaitasun-maila duela egiaztatzea; hori zehazteko kontuan hartuko dira ikaskuntzekin eta esperientzia profesionalarekin lotutako irizpideak (autonomia-erkidego bakoitzak garatutako landa-garapenerako programetan eskatzen direnekin bat datozenak), nekazaritza-ustiategiak modernizatzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legearen 4.1.b) artikuluan ezartzen denez.
c) Nekazaria pertsona juridikoa edo pertsona fisikoek edo juridikoek osatutako talde bat bada, alde batera utzita forma juridikoa:
1.– Nekazari gazteentzako ordainketa osagarria eskatzen duen pertsona juridikoaren gaineko epe luzerako kontrol eraginkorra b) letran jasotakoa betetzen duen nekazari gazte bati egokitzea. Esan daiteke nekazari gazte batek edo nekazari gazte talde batek pertsona juridikoaren gaineko kontrol eraginkorra duela pertsona juridiko horren baitan erabakitzeko ahalmena duenean; horretarako, eskatzen zaio pertsona juridikoaren kapital sozialean kapital sozialaren erdia baino gehiagoko partaidetza eta boto-eskubideen erdia baino gehiago izatea.
2.– Zenbait pertsona fisikok, nekazari gazteak ez diren pertsonak barne, pertsona juridikoaren kapitalean edo kudeaketan parte hartzen badute, nekazari gaztea epe luzerako kontrol eraginkorra egiteko moduan egongo da, banaka edo beste nekazari batzuekin elkarlanean. Pertsona juridiko bat, banaka edo beste batzuekin batera beste pertsona juridiko baten kontrolpean badago, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak pertsona juridiko hori kontrolatzen duen edozein pertsona fisikori aplikatuko zaizkio. Xede horretarako, b) letran «ezarpena» aipatu dugunean, pertsona juridikoa kontrolatzen duten nekazari gazteen ezarpena adierazi nahi izan dugu.
II.– Ordainketaren kalkulua eta iraupena.
1.– Nekazari gazteentzako ordainketaren zenbatekoa urtero kalkulatuko da. Horretarako, nekazariak 1075/2014 Errege Dekreturen 16. artikuluari jarraikiz aktibatutako ordainketa-eskubideen kopurua nekazariak jabetzan edo errentan dituen ordainketa-eskubideen batez besteko balioaren % 25 izango den zenbateko finko batekin biderkatuko da.
Aurreko paragrafoan adierazitako zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko ordainketa-eskubide aktibatuak 90 izango dira gehienez.
2.– Nekazari gazteentzako laguntza –1. paragrafoan ezarritakoaren arabera ateratzen dena– kanpaina bakoitzean oinarrizko ordainketen bidez jasotako laguntzaren osagarri modura emango da.
3.– Ordainketa bost urterako emango da gehienez, gaztea ezartzen den urtetik aurrera zenbatzen hasita. Aldi hori nekazari gaztea ezartzen denetik laguntza horretarako ordainketa lehen aldiz eskatzen duenera bitarte igarotako urteen kopuruan murriztuko da.
III.– Finantza-muga nazionala.
1.– Nekazari gazteentzako ordainketa finantzatzeko, urteko gehieneko muga nazionala % 2 izango da. Aurrekoa gorabehera, ehuneko hori berrikusi ahal izango da, betiere % 2 gainditu gabe, urte bakoitzeko abuztuaren 1ean beranduenez, eta hurrengo urtetik aurrera sortuko dira ondorioak.
2.– Urte jakin batean nekazari gazteentzako ordainketaren guztizko zenbatekoak 1. paragrafoan oinarrituta ezarritako muga gainditzen badu (betiere muga hori % 2 baino txikiagoa bada), adierazitako aldian eman beharreko oinarrizko ordainketaren erregimeneko zenbatekoei murrizketa lineal bat aplikatzearen bidez finantzatuko da diferentzia, % 2 horretara iritsi arte gehienez.
3.– Urte jakin batean nekazari gazteentzako eskatutako ordainketaren guztizko zenbatekoak ezarritako % 2ko muga gainditzen badu, murrizketa lineal bat aplikatuko zaie aldi horretan abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 26. artikuluaren arabera ordaindu beharreko zenbatekoei.
IV. ERANSKINA
LOTUTAKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
1. ATALA. LABORE PROTEIKOETARAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta zuzkidura.
1.– Labore proteiko jakin batzuk lur ureztatuetan eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren X. eranskinean agertzen diren, Erregionalizazio Produktiborako Planaren arabera 2.000 kg/ha-tik gorako Eskualdeko Errendimendu Indizea duten eta atal honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten udalerrietako lehorreko azaleretan produzitzen dituzten nekazariei laguntza bat emango zaie, atal honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
2.– Laguntza honen ondorioetarako, landare-proteinako eduki handia duten eta abereak elikatzeko erabiliko diren honako labore talde hauek hartuko dira labore proteikotzat:
a) Proteaginosoak: ilarra, baba, eskuzuria;
b) Lekadunak: zalkea, erua, algarrobo-lekak, titarroak, aixkolak, ailorbea, zalke arrunta, alberjoia, alpapa (lehorreko lurretan baino ez), astorkia, suila;
c) Oleaginosoak: ekilorea, koltza, soja, kamelina, kartamoa.
Ohiko laborantza-jardunbidea denean, zalkea eta suila zerrenda horretan agertzen ez diren beste labore batzuekin nahasi ahal izango dira, betiere zalkea edo suila nahasketako labore nagusia bada eta beste laborea Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren 52.2 artikuluari jarraikiz lotutako laguntza bat jaso dezaketen sektoreen zerrendan badago.
3.– Laguntza horren helburua abeltzaintza-sektorearen elikadura-autonomian laguntzea da, abereak elikatzeko erabiliko diren proteina-eduki handiko laboreetan oinarrituta.
4.– Neurri horren aurrekontu-zuzkidura, labore talde bakoitzerako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, urtero erabiliko da.
5.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa honako hau da: 360.759 hektarea proteaginoso eta lekadunetarako, eta 572.287 hektarea oleaginosoetarako.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 34. artikuluan aipatutako labore proteikoren bat produzitu eta urtero eskaera bakarrean eskatzen duten nekazariak izan daitezke laguntza horren onuradunak, betiere honako betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Europar Batasuneko nekazaritza-landareen espezieen katalogoan edo merkataritza-barietateen Espainiako Erregistroan jasota dauden edota Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiari jarraikiz ordainketa ematen den urteko martxoaren 30ean merkaturatze-baimen bat duten barietate edo espezietakoren bateko haziak erabiltzea. Ezein barietate-katalogotan agertzen ez diren edota barietate jakin batekoa izan behar gabe merkatura daitezkeen espezieetako haziak betekizun horretaz salbuetsita daude.
b) Nekazaritza-lur ureztatuetan edota abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren X. eranskinean agertzen diren eta Erregionalizazio Produktiborako Planaren arabera lehorreko lur handietako zerealetan 2.000 kg/ha-tik gorako Eskualdeko Errendimendu Indizea duten udalerrietako lehorreko esparruetan landatzea.
c) Laborearen garapen normala ziurtatuko duten nekazaritza-lanak egitea, eta laborea ondoren labore eta aprobatxamendu bakoitzerako adieraziko den egoera fenologikora iritsi arte lurrean edukitzea, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoien kasuan izan ezik:
i) Aletarako proteaginosoak eta lekadunak, soja barne: alearen heldutasun esnekararen egoerara iritsi arte.
Ii. Urteko bazka-aprobetxamendurako proteaginosoak eta lekadunak: loratzen hasi arte.
Iii. Urte anitzeko bazka-lekadunak: Urte osoan, laborea ereiten eta amaitzen den urtean izan ezik; lan horiek, nolanahi ere, inguruko jardunbide tradizionalei jarraikiz egingo dira.
Iv. Oleaginosoak, soja izan ezik: aleak hartzen duen arte.
d) Ganaduaren aprobetxamendua baimenduko da lurrean bertan, betiere espeziearekin bateragarria bada eta laboreak gutxienez loratzen hasi arte irauten badu.
e) Produkzioa hirugarren batzuei saldu edo hornitu izanaren froga, edota, autokontsumoaren kasuan (ustiategian bertan), REGA kode bat izatea. Kode horretan, titular nagusi gisa agertuko da, aitortutako kontsumoarekin bat datozen ganadu-espezie eta dimentsioekin.
f) Ongarri berde gisa erabiltzeko produkzioa duten azalerak laguntza kobratzeaz salbuetsita geratuko dira, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoien kasuan izan ezik.
III.– Oleaginosoen gehieneko azalera hautagarria.
Europar Batasunaren nazioarteko konpromisoen betetzea bermatzeko, Europar Batasun osoan lotutako laguntza bat jasoko duten oleaginosoen azaleren guztizkoak ez du gaindituko GATT Akordioaren esparruan Europako Ekonomia Erkidegoaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko Akordio Memorandumean ezarritako gehienekoa. Europako Erkidegoko oleaginosoen azalera hautagarriak gehieneko hori gainditzen duenean, Europako Batzordeak dagokion murrizketa-koefizientea kalkulatuko du, eta baimendutako gehieneko azaleraren eta EBko azalera hautagarriaren guztizkoaren arteko zatidura izango da. Murrizketa-koefiziente hori ustiategi bakoitzeko hektarea hautagarrien kopuruaren proportzioan aplikatuko da Espainian, maila indibidualean.
IV.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Laguntzaren zenbateko unitarioa, labore talde bakoitzerako, talde horri dagokion aurrekontu-zuzkiduraren (abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 29.2 artikuluan adierazitako kenketa egin ondoren, hala badagokio) eta dagokion urtean talde bakoitzeko laguntza jasotzeko eskubidea duen azaleraren arteko zatiduraren berdina izango da. Oleaginosoen kasuan, ustiategi bakoitzeko gehieneko azalera hautagarria 50 hektarea izango da. Laguntzaren zenbatekoa 250 euro izango da gehienez hektarea bakoitzeko.
2.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 107.4.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoetatik bidezko datuak jaso eta, hala badagokio, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 36. artikuluari jarraikiz oleaginosoen azaleraren murrizketa-koefizientearen inguruko Europako Batzordearen betearazpen-egintza onartu ondoren, labore proteikoetarako laguntzaren zenbatekoa finkatuko du, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2. ATALA. FRUITU OSKOLDUNEI ETA ALGARROBO-LEKEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta zuzkidura.
1.– Azalera bakoitzeko lotutako laguntza bat emango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, arbendolondo, hurritz eta algarroboko plantazioak dituzten eta hurrengo artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten nekazarientzat.
2.– Laguntzaren helburua espezie horiek bertan behera uzteko joera –eta horrek eragin dezakeen gizarte-arazoa, ingurumen-arazoa eta arazo ekonomikoa– geldiaraztea da.
3.– Bi eskualde sortuko dira: Espainia penintsularra eta uharte-eskualdea, bigarren kasuan uhartetasunaren ondoriozko kostu handiagoak kontuan har daitezen.
4.– Neurri horren aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta 29. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta urtero erabiliko da.
5.– Espainia penintsularreko eskualdean aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 390.500 ha izango da, eta uharte-eskualdean aplikatu beharrekoa, berriz, 27.500 ha.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– Arbendolondo, hurritz eta algarroboko plantazioak dituzten eta urtero eskaera bakarraren bitartez eskatzen duten nekazariak izan daitezke lotutako laguntza horren onuradunak.
2.– Plantazioek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Hektarea bakoitzeko honako dentsitate hau izatea gutxienez: 80 zuhaitz arbendolondoaren kasuan, 150 zuhaitz hurritzaren kasuan, eta 30 zuhaitz algarroboaren kasuan. Laguntza honetarako onargarriak diren espezieen plantazio mistoetarako, betekizun hori beteko da baldin eta dentsitate horiek gutxienez espezieetako batean betetzen badira lurzati osoan, edo bestela, espezie bakoitza soilik lantzen den azalera baliokidean betetzen badira; azken kasu horretan azalera hori hartuko da kontuan laguntzaren xedeetarako.
b) Laguntzaren eskaeraren xede den lurzati bakoitzeko 0,1 hektareako gutxieneko azalera izatea, eta laguntzaren eskaeraren xede den eta aurreko betekizuna betetzen duen ustiategi bakoitzeko gutxieneko azalera 0,5 hektarea izatea.
c) Lehorreko lurretan lantzea, eta, hurritzaren kasuan soilik, lur ureztatuetan ere bai.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Laguntzaren hektarea bakoitzeko zenbatekoa Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak finkatuko du, eta, horretarako, neurri horren eskualde bakoitzerako aurrekontu-zuzkidura eskualde bakoitzerako finkatutako azaleren guztizkoarekin zatituko du; guztizko hori autonomia-erkidegoen komunikazioetatik lortuko da, abenduaren 19ko 1075/2014 Errge Dekretuaren 107.4.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Laguntza-eskaeraren xede den azalera urte jakin batean txikiagoa bada, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hektareako 105 euro izango da gehienez.
3. ATALA. KALITATEZKO LEKALEEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta zuzkidura.
1.– Gizakiak elikatzeko kalitatezko lekaleak produzitzen dituzten eta atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazariei laguntza bat emango zaie.
2.– Laguntza honen ondorioetarako, kalitatezko lekaletzat hartuko dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI. Eranskineko I. zatian zerrendatuta dauden txitxirio-, dilista- eta babarrun-espezieak, baldin eta Jatorri Deitura Babestuetan (JDB aurrerantzean) edo Adierazpen Geografiko Babestuetan (AGB aurrerantzean) erregistratutako edo erregistratzeko prozesuan sartutako azalera hautagarrietan landu, edo maila nazional edo pribatuan errekonozitutako Nekazaritza Ekologikoaren arau-esparruan edo kalitate bereiziko deitura pean produzitu, eta eskaera aurkezten den urteko otsailaren 1ean abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI eranskineko II. zatian zerrendatuta badaude.
3.– Laguntza horren helburua giza kontsumorako lekaleen produkzio tradizionala sustatzea eta babestea da, bertako kalitatezko produkzio bat izateko, batez ere azken urteotan murrizketa ikaragarria izan dela kontuan hartuta.
4.– Neurri horren aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta 29. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta urtero erabiliko da.
5.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 10.000 hektarea da.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 41. artikuluan aipatutako kalitatezko lekaleetako bat produzitu eta urtero eskaera bakarrean eskatzen duten nekazariak izan daitezke laguntza horren onuradunak, betiere honako betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Abenduaren 19ko 1075/2014 Dekretuko XI. eranskineko II. zatian aipatutako kalitate-deitura horietako batean inskribatuta edo inskripzio-prozesuan egotea, eskaera aurkezteko epea bukatzean.
Horretarako, kontseilu arautzaile bakoitzak edo nekazaritza-produkzio ekologikoa edo abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI. eranskinaren II. zatian bildutako kalitate bereiziko beste deitura batzuk egiaztatzen dituen erakunde bakoitzak lekaleen kalitate bereiziko deituretan inskribatuta edo inskribatzeko prozesuan dauden nekazarien IFZ guztiak eta horietako bakoitzak erregistratutako azalera igorri beharko dizkie agintari eskudunei aribideko urteko ekainaren 30a baino lehen.
b) Eskaeraren xede den azalera osoan abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI. eranskinaren II. zatian adierazitako kalitate-deituretako bateko lekadunak ereitea. Lotutako produkzio-sistemak onartuko dira, betiere kalitate bereiziko deituraren baldintzen agiriak hori eskatzen badu produkzio-metodoetan.
III.– Estatuan edo maila pribatuan errekonozitutako kalitate bereiziko deiturak.
1.– Laguntza hori jasotzeko, maila nazionalean edo pribatuan errekonozitutako eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko 41.2 artikuluan adierazitako kalitate bereiziko deiturek Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa-garapenerako laguntzari buruzkoa den eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16.1.b) artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
2.– Deitura horiek abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI. eranskinaren II. zatian txertatzeko, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Nekazaritzako Produkzio eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko da, eta, horretarako, dagokion lekalearen produkzioak erregelamendu tekniko espezifiko bati eta erakunde independente batek egin beharreko kontrol espezifikoei lotuta egon beharko du. Gainera, lekaleak adierazitako eranskinaren I. zatian bildutako espezie hautagarriren batekoa izan beharko du.
3.– Horretarako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XI. eranskinaren II. zatian txertatu nahi den kalitate bereiziko deitura ororen kasuan, arestian azaldutakoa egiaztatuko duen informazioa igorri beharko zaio Nekazaritzako Produkzio eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiari, urriaren 1a baino lehen, baimenduta egonez gero inskribatutako nekazariek laguntza hori hurrengo urteko eskaera bakarrean eskatu ahal izan dezaten.
IV.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Laguntzaren zenbateko unitarioa neurriaren aurrekontu-zuzkiduraren (abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 29.2 artikuluan adierazitako kenketa egin ondoren, hala badagokio) eta dagokion urtean laguntza jasotzeko eskubidea duen azaleraren arteko zatiduraren berdina izango da. Laguntzaren zenbatekoa 400 euro izango da gehienez hektarea bakoitzeko.
2.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.4.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoetatik bidezko datuak jaso ondoren, laguntzaren zenbatekoa finkatuko du, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
4. ATALA. AZUKRE-ERREMOLATXARI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta zuzkidura.
1.– Azukre-erremolatxa produzitzen duten eta atal honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten nekazariei laguntza bat emango zaie.
2.– Laguntza horren helburua honako hau da: azukre-erremolatxaren laborantzari produkzio-eremu tradizionaletan eusten laguntzea eta lotutako eraldaketa-industriarako lehengaien hornidura egokia erraztea, azukre-erremolatxaren nekazaritza- eta industria-egituraren iraupena ziurtatzeko.
3.– Laguntza honen ondorioetarako, honako produkzio-eremu homogeneoak hartuko dira kontuan:
a) Udaberrian erein beharreko azukre-erremolatxaren produkzio-eremua: 39. paraleloaren iparraldean kokatutako eremu geografikoa da.
b) Udazkenean erein beharreko azukre-erremolatxaren produkzio-eremua: 39. paraleloaren hegoaldean kokatutako eremu geografikoa da.
4.– Neurri horren aurrekontu-zuzkidura, produkzio homogeneoko eremu bakoitzerako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta urtero erabiliko da abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
5.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 32.500 hektarea da udaberrian ereindako produkzio-eremuan, eta 7.600 hektarea udazkenean ereindako produkzio-eremuan.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
Azukre-erremolatxa produzitzen duten eta urtero eskaera bakarrean eskatzen duten nekazariak izan daitezke laguntza horren onuradunak, betiere honako betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Europar Batasuneko nekazaritza-landareen espezieen katalogoan edo merkataritza-barietateen Erregistroan jasota dauden edota eskaera aurkezten den urteko martxoaren 30ean, Batzordearen 2004ko abenduaren 1eko 2004/842/EE Erabakiari jarraikiz merkaturatze-baimen bat duten barietateetakoren bateko azukre-erremolatxa produzitzea.
b) Hektarea bakoitzeko ereintza-unitate 1eko dosi txiki bat erabiltzea udaberrian eta udazkenean lur ureztatuetan ereindako produkzio-eremuetan, eta hektarea bakoitzeko 0,9 ereintza-unitate udazkenean lehorreko lurretan ereindako produkzio-eremuetan.
c) Azukre-industriarekin hornidura-kontratu bat izenpetuta izatea, produzitutako erremolatxa entregatzeko eta azukre bihurtzeko.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Laguntzaren zenbateko unitarioa, produkzio-eremu homogeneo bakoitzerako, eremu horri dagokion aurrekontu-zuzkiduraren –29.2 artikuluan adierazitako kenketa egin ondoren, hala badagokio– eta dagokion urtean laguntza jasotzeko eskubidea duen azaleraren arteko zatiduraren berdina izango da. Laguntzaren zenbatekoa 1.600 euro izango da gehienez hektarea bakoitzeko.
2.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.4.e) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoetatik bidezko datuak jaso ondoren, produkzio-eremu homogeneo bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa finkatuko du, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
5. ATALA. BEHI UME-HAZLEAK DITUZTEN USTIATEGIEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Behi ume-hazleak dituzten ustiategien titularrei laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta produkzio-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzeko.
2.– Urtero behi ume-hazleen sektorera zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean adierazitakoa izango da, eta urtero erabiliko da 59. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
3.– Bi eskualde sortuko dira: Espainia penintsularra eta uharte-eskualdea.
Ustiategiak hainbat eskualdetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
4.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa honako hau izango da: 2.100.000 behi ume-hazle Espainia penintsularreko eskualdean, eta 3.000 behi ume-hazle uharte-eskualdean.
II.– Onuradunak eta betekizun orokorrak.
1.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean (RIIA) inskribatuta dauden behi ume-hazleak izango dira abere hautagarriak, Abereen Mugimenduen Erregistro Orokorra eta Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorra ezartzen eta arautzen dituen ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Gainera, eta laguntza hori kobratzeko baldintzak era artifizialean sor ez daitezen, eskaera egiten den urteko apirilaren 30aren aurreko 20 hilabeteetan erditu duten, haragitarako arraza batekoak diren edo arraza horietako batekiko gurutzatzearen emaitza diren eta haragi-produkziorako txahalak hazteko talde batekoak diren behiak baino ez dira hautagarritzat hartuko. Ondorio horietarako, ez dira haragi-arrazako behitzat edo bigantxatzat joko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean zerrendatutako arrazetakoak, ezta arloan eskumena duten agintariek esnetarako gisa finkatzen dituztenak ere.
Laguntza hori kobratzeko eskubidea duten abereak zehazteko, eskatzailearen ustiategian dauden abereen egiaztapen bat egingo da urtarrilaren 1ean, beste bat apirilaren 30ean, eta beste bi adierazitako bi data horien artean, finkatu beharreko egunetan; bi data horiek berdinak izango dira Espainiako ustiategi guztietan. Egindako lau egiaztapenetan zeuden abereak izango dira zenbatu beharrekoak.
2.– Aurrekoa aparte utzi gabe, hautagarriak izango dira, halaber, aurreko paragrafoko betekizun guztiak betetzen dituzten bigantxak, umea egin izanaren betekizuna izan ezik. Dena dela, ustiategi bakoitzean hautatu ahal izango diren bigantxen kopurua ezingo da izan hautagarriak diren behi ume-hazleen % 15 baino gehiago.
Bigantxen gehieneko kopuruaren kalkuluak –ehuneko gisa adieraziak– emaitza gisa zatikizko zenbaki bat ematen badu, zenbaki hori zenbaki txikiagora biribilduko da 0,5 baino txikiagoa denean, eta zenbaki handiagora 0,5a edo hori baino handiagoa denean.
3.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «Produkzioa eta ugalketa" edo «Larre» gisa inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategi mailan, behi-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «haragi-produkziorako ugalketa», «produkzio mistoko ugalketa» edo «bizitarako bigantxen hazkuntza» sailkapenarekin.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa eragotzi gabe, 1. zenbakian ezarritakoari jarraituz abereen onargarritasuna zehazteko, kontuan hartuko dira larre, azoka eta merkatuetarako aldi baterako mugimenduetan dauden abereak, baldin eta behar bezala jakinarazi bazaio SITRAN sistemari.
4.– Ustiategian esnea saltzen denean lotutako laguntza hori jasotzeko eskubidea ematen duten abelburuen kopurua finkatzeko, abereak esnetarako behien edo behi ume-hazleen erroldakoak diren ezartzean eskaeraren aurreko urteko urriaren 1etik eskaeraren urteko irailaren 30era bitarteko aldian merkaturatutako esne kantitatearen eta Espainiarako 6.500 kilogramotan ezarrita dagoen batez besteko esne-errendimenduaren arteko erlazioa hartuko da kontuan.
Edonola ere, agintari eskudunei bestelako esne-errendimendu bat egiaztatzen dieten produktoreek azken errendimendu hori erabili ahal izango dute kalkulua egiteko.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, behi ume-hazleetarako zenbateko unitarioa ezarriko du sortutako bi eskualdeetan urtean behin, eta eskualde bakoitzean laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, eskualde bakoitzeko abere hautagarrien artean zatituko du. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 400 euro izango da gehienez ere.
6. ATALA. GIZENTZEKO BEHIEN USTIATEGIEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Behi-azienda gizentzeko jardueran diharduten ustiategien titularrei laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.
2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean laguntza-ildo bakoitzerako jasotakoa izango da, eta urtero erabiliko da 59. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
3.– Lotutako laguntza honen barruan, honako laguntza-ildo hauek ezartzen dira:
a) jaio diren ustiategian bertan edota Espainia penintsularreko eskualdean behi ume-hazleak produzitzen dituztenek kudeatutako gizendegi komunitarioetan gizendutako txahalak.
b) jaio diren ustiategian bertan edota uharte-eskualdean behi ume-hazleak produzitzen dituztenek kudeatutako gizendegi komunitarioetan gizendutako txahalak.
c) Eskualde penintsularreko beste ustiategi batean gizendutako txahalak.
d) Uharte-eskualdeko beste ustiategi batean gizendutako txahalak.
Ustiategiak hainbat eskualdetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
II.– Onuradunak eta betekizun orokorrak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten eskatzaileek ezin izango dute laguntza hori lortu.
2.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Eskaeraren aurreko urteko urriaren 1etik eskaeraren urteko irailaren 30era bitarte onuradunaren ustiategian edo gizendegi komunitario batean gizendu diren, eta hiltegian hil diren, edo esportatu diren 6-24 hilabeteko behi-aziendak izango dira abere hautagarriak. Guztiak Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean (RIIA) inskribatuta egon beharko dute, ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Abereen jomuga, abereen ustiategiko sarrera-datak eta hautagarritasuna zehazten duten ustiategitik jomugetarako irteera-datak finkatzeko, SITRAN datu-basea kontsultatuko da. Helmuga horietarako bidea hartzen dutenetik ustiategian sartu arte gutxienez hiru hilabeteko tartea izango da abereen hautagarritasuna zehazteko.
3.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategiaren mailan, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko dute «haragia ekoizteko ugalketarako», «esnea ekoizteko ugalketarako», «produkzio mistoko ugalketarako» edo «gizentzeko edo gizendegiko» behi-azienden ustiategi gisa sailkapen zooteknikoaren arabera, eta ustiategi horiek izango dira abereentzat azkena hiltegira eraman edo esportatu aurretik. Beste ustiategi batetik iritsitako txahalen kasuan, adierazitako sailkapenetako azkenak baino ez du balio izango.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa eragotzi gabe, abereen onargarritasuna zehazteko, kontuan hartuko dira larre, azoka eta merkatuetarako aldi baterako mugimenduetan dauden abereak, baldin eta behar bezala jakinarazi bazaio SITRAN sistemari.
4.– Aurrekoa gorabehera, abereak azken ustiategitik irten badira bitarteko ustiategi batera joateko, tratulari batengana edo kontzentrazio-zentro batera adibidez, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean horrela jasota daudenak, handik hiltegirako edo esportaziorako bidea hartu baino lehen, bitarteko ustiategira mugitu aurretik abereen kokaleku izan zen ustiategiaren titularrak laguntza jasotzeko aukera izango du, baldin eta aipatutako betekizun guztiak betetzen baditu eta bitarteko ustiategian gehienez 15 egun ematen badute.
5.– Gizendegi komunitarioen kasuan, bazkideak gizendegi komunitariokoak direla justifikatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta gizendegiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Beren helburuetako bat izatea bazkideek hazteko behiak dituzten ustiategietan jaiotako txahalak elkarrekin gizentzea. Alderdi hori egiaztatzeko, lotutako laguntza hori kobratzeko aukera emango duten abelburuak ustiategiko behi ume-hazleengandik jaiotakoak izango dira soilik.
b) Eskaerari abelburuak eransten dizkioten bazkide guztiek behi emeak edukitzea, eta eskaeraren urtean behi ume-hazle bakoitzeko lotutako laguntza eta/edo esnetarako behietarako laguntza eskatu izana.
Gizendegi komunitario batek aurkeztutako eskaera batean agertzen diren bazkideek ere eskatu ahal izango dute lotutako laguntza hori, era indibidualean. Zenbateko unitarioak kalkulatzeko, bi eskaeretan aurkeztutako abere guztien batura hartuko da kontuan. Kasu hauetan, eskatzaile bakoitzarentzat (abeltzaina/gizendegi komunitarioa) ateratzen den abere hautagarri bakoitzeko emango da laguntza, eta abeltzainak berak aurkezten duen eskabidean adierazi beharko du laguntza hori eskatu duen gizendegi komunitario bateko bazkidea dela, eta gizendegi horren IFZ adierazi beharko du.
6.– Urtero gutxienez 3 abere hautagarri dituzten ustiategietako titularrek baino ez dute jasoko laguntza hori.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Behi-azienda gizentzeko jarduerara zuzendutako aurrekontu-zuzkiduraren barruan, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean agertzen diren zenbatekoak 63.3 artikuluan ezarritako laguntza-ildo bakoitzerako gordeko dira.
2.– Aplikatu beharreko muga kuantitatiboak honako hauek izango dira:
a) jaio diren ustiategian bertan edota Espainia penintsularreko eskualdean behi ume-hazleak produzitzen dituztenek kudeatutako gizendegi komunitarioetan gizendutako txahalak. 370.996 abere.
b) jaio diren ustiategian bertan edota uharte-eskualdean behi ume-hazleak produzitzen dituztenek kudeatutako gizendegi komunitarioetan gizendutako txahalak. 1.627 abere.
c) Eskualde penintsularreko beste ustiategi batean gizendutako txahalak. 2.458.879 abere.
d) Uharte-eskualdeko beste ustiategi batean gizendutako txahalak. 14.469 abere.
3.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, zenbateko unitario bat ezarriko du urtean behin ezarritako laguntza-ildo bakoitzean. Zenbateko unitario hori abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako zenbateko bakoitza kasu bakoitzeko abere hautagarriekin zatitzearen emaitza izango da. Horrela kalkulatutako zenbatekoak urtero argitaratuko dira Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
4.– Lotutako laguntza horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 125 euro izango da gehienez ere.
7. ATALA. ESNETARAKO BEHIEN USTIATEGIEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Esnetarako behi-azienden ustiategien titularrei laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta produkzio-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzeko.
2.– Urtero neurri horretarako eta laguntza-ildo bakoitzerako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da, eta urtero erabiliko da Errege Dekretu horren 59. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
3.– Lotutako diru-laguntza honen barruan, honako laguntza-ildo hauek ezartzen dira:
a) Espainia penintsularreko eskualdean kokatutako ustiategietarako laguntza.
b) Uharte-eskualdean eta mendi-eremuetan kokatutako ustiategietarako laguntza.
Ondorio horietarako, mendi-eremutzat hartuko dira, ekitaldi bakoitzerako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan definitutakoak, baldin eta hala izendatu badituzte autonomia-erkidegoek indarreko beren landa-garapenerako programetan. Espainia penintsularreko eskualdetzat hartuko da, berriz, penintsulako lurralde osoa, mendi-eremuak izan ezik.
Ustiategiak hainbat eskualdetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
II.– Onuradunak eta betekizun orokorrak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten eskatzaileek ezin izango dute laguntza hori lortu.
2.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Abere hautagarritzat hartuko dira abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean zerrendatutako arrazetakoren bateko edota arloko agintari eskudunek nagusiki esnetarako gisa finkatutako arrazetako bateko esnetarako behi emeak, eskaera aurkezteko urteko apirilaren 30ean 24 hilabete edo gehiago izan eta Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean (RIIA) inskribatuta daudenak, ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Laguntza hori kobratzeko eskubidea duten abereak zehazteko, eskatzailearen ustiategian dauden abereen egiaztapen bat egingo da urtarrilaren 1ean, beste bat apirilaren 30ean, eta beste bi adierazitako bi data horien artean, finkatu beharreko egunetan; bi data horiek berdinak izango dira Espainiako ustiategi guztietan. Egindako lau egiaztapenetan zeuden abereak izango dira zenbatu beharrekoak.
3.– Abere hautagarriak kokatu beharko diren ustiategiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egotea Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategi mailan, behi-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «esne-produkziorako ugalketa», «produkzio mistoko ugalketa» edo «bizitarako bigantxen hazkuntza» sailkapenarekin.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa eragotzi gabe, 2. zenbakian ezarritakoari jarraituz abereen onargarritasuna zehazteko, kontuan hartuko dira larre, azoka eta merkatuetarako aldi baterako mugimenduetan kokatuta abereak, baldin eta behar bezala jakinarazi bazaio SITRAN sistemari.
b) Eskaeraren aurreko urteko urriaren 1etik eskaeraren urteko irailaren 30era bitarteko aldian gutxienez 6 hilabetetan lehen erosleei esne-entregak egin izana, edota azken urte horretan zuzeneko salmenten aitorpena saldutako kantitateekin aurkeztu izana.
III.– Mendi-eremuei lotutako betekizun espezifikoak.
Ustiategiak mendi-eremuetan eta bestelako eremuetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eremutan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia 67.2 artikuluan adierazitako lau datetan abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eremuan kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eremu horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eremu batzuetako unitateetan kokatuta badaude ere.
IV.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Esnetarako behi-azienden ustiategiei zuzendutako aurrekontu-zuzkiduraren barruan, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean agertzen diren zenbatekoak gordeko dira 66.3 artikuluan ezarritako laguntza-ildo bakoitzerako.
2.– Aplikatu beharreko muga kuantitatiboak honako hauek izango dira:
a) Espainia penintsularreko eskualdean kokatutako ustiategietarako laguntza. 598.935 abere.
b) Uharte-eskualdean eta mendi-eremuetan kokatutako ustiategietarako laguntza. 245.238 abere.
3.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, zenbateko unitario bat ezarriko du urtero ezarritako laguntza-ildo bakoitzean. Zenbateko unitario hori II. eranskinean ezarritako zenbateko bakoitza kasu bakoitzeko abere hautagarriekin eta hurrengo puntuan ezarritako degresibitatea kontuan izanda zatitzearen emaitza izango da.
4.– Bi eskualdeetako bakoitzean, abere bakoitzeko laguntzen zenbatekoa izango da:
a) laguntzaren zenbateko osoa lehenengo 75 abere hautagarrientzat, eta
b) laguntza osoaren ehuneko 50a, ustiategian hauta daitezkeen hurrengo abereentzat.
Horrela kalkulatutako zenbatekoak urtero argitaratuko dira Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 430 euro izango da gehienez ere.
8. ATALA. ARDIEN USTIATEGIEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Ardi-azienden ustiategien titularrei laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta produkzio-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzeko.
2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da, eta urtero erabiliko da 59. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
3.– Bi eskualde sortuko dira: Espainia penintsularra eta uharte-eskualdea.
Ustiategiak hainbat eskualdetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
4.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa honako hau izango da: 15.831.764 ardi Espainia penintsularreko eskualdean, eta 254.854 ardi uharte-eskualdean.
II.– Onuradunak eta betekizun orokorrak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten eskatzaileek ezin izango dute laguntza hori lortu.
2.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Irailaren 16ko 685/2013 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan ezarritako nahitaezko errolda-aitorpenari jarraikiz ugalketarako dauden eta, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean atal honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ustiategietan behar bezala identifikatuta eta erregistratuta dauden ardi emeak izango dira abere hautagarriak.
3.– 30 eme hautagarri edo gehiago dituzten ustiategien titularrek baino ez dute jasoko lotutako laguntza hori. Dena dela, ardi-errolda Estatuko erroldaren % 2 baino txikiagoa duten autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek adierazitako gutxieneko muga hori murriztu ahal izango dute.
4.– Abere hautagarriak kokatu beharko diren ustiategiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egotea Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategi mailan, ardi-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «haragi-produkziorako ugalketa» edo «produkzio mistorako ugalketa» sailkapenarekin, eta
b) Laguntza jasotzeko baldintzak era artifizialean ez sortzeko, ustiategiko irteera-mugimenduen gutxieneko muga bat izatea –eme hautagarri bakoitzeko 0,6 arkume gutxienez– eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1a eta eskaera egiten den urteko maiatzaren 31 artean.
Eme hautagarri bakoitzeko arkume kopurua kalkulatzeko, emaitza dezimal batera biribilduko da; emaitza zehazten duen dezimala bere horretan geratuko da baldin eta bigarren dezimala 5 baino txikiago bada; aldiz, hurrengo zenbaki naturala hartuko da baldin eta bigarren dezimala 5 edo 5 baino handiago bada.
Zooteknikoki «produkzio mistoko ugalketarako» eta «esne-produkziorako ugalketako» gisa sailkatuta dauden ustiategiek aurreko betekizuna beteko dute ugalketarako eme eta urte bakoitzeko gutxienez 80 litroko esne-produkzioa badute. Horretarako, aintzat hartuko dira erosleei eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1a eta eskaera egiten den urteko maiatzaren 31 bitartean egindako entregak eta, hala badagokio, eskaera egin aurreko urte naturalean egindako esne-salmenta zuzenak.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.e) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, 70.3 artikuluaren arabera ezarritako bi eskualdeetako bakoitzari dagokion ardi bakoitzeko zenbateko unitarioa ezarriko du urtero, eskualde bakoitzari esleitutako zenbatekoa –II. eranskinean ezarri bezala– eskualde bakoitzeko abere hautagarriez zatituz. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 60 euro izango da gehienez ere.
9. ATALA. AHUNTZEN USTIATEGIEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Ahuntz-azienden ustiategien titularrei laguntza bat emango zaie, ustiategi horien bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko eta produkzio-jarduera hori bertan behera uzteko arriskua txikiagotzeko.
2.– Urtero neurri horretarako eta laguntza-ildo bakoitzerako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da, eta urtero erabiliko da Errege Dekretu horren 59. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.
3.– Bi eskualde sortuko dira: mendi-eremuak uharte-eskualdearekin batera, eta gainerako lurralde nazionala.
Ondorio horietarako, mendi-eremutzat hartuko dira, ekitaldi bakoitzerako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan definitutakoak, baldin eta hala izendatu badituzte autonomia-erkidegoek indarreko beren landa-garapenerako programetan.
Ustiategiak hainbat eskualdetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
4.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa honako hau izango da: 733.323 ahuntz mendi-eremuetan eta uharte-eskualdean, eta 929.130 ahuntz Espainiako gainerako lurraldean.
II.– Onuradunak eta betekizun orokorrak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten eskatzaileek ezin izango dute laguntza hori lortu.
2.– Laguntzak abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango dira. Irailaren 16ko 685/2013 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan ezarritako nahitaezko errolda-aitorpenari jarraikiz ugalketarako dauden eta, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean atal honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten ustiategietan behar bezala identifikatuta eta erregistratuta dauden ahuntz-espezieko emeak izango dira abere hautagarriak.
3.– 10 eme hautagarri edo gehiago dituzten ustiategien titularrek baino ez dute jasoko lotutako laguntza hori. Dena dela, ahuntz-errolda Estatuko erroldaren % 2 baino txikiagoa duten autonomia-erkidegoetako agintari eskudunek adierazitako gutxieneko muga hori murriztu edo kendu ahal izango dute.
4.– Abere hautagarriak kokatu beharko diren ustiategiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egotea Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategi mailan, ahuntz-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «haragi-produkziorako ugalketa» edo «produkzio mistorako ugalketa» sailkapenarekin, eta
b) Laguntza jasotzeko baldintzak era artifizialean ez sortzeko, ustiategiko irteera-mugimenduen gutxieneko muga bat izatea –eme hautagarri bakoitzeko 0,6 antxume gutxienez– eskaera egin aurreko urteko ekainaren 1a eta eskaera egiten den urteko maiatzaren 31 artean.
Eme hautagarri bakoitzeko antxume kopurua kalkulatzeko, emaitza dezimal batera biribilduko da; emaitza zehazten duen dezimala bere horretan geratuko da baldin eta bigarren dezimala 5 baino txikiago bada; aldiz, hurrengo zenbaki naturala hartuko da baldin eta bigarren dezimala 5 edo 5 baino handiago bada.
Ustiategiek aurreko betekizuna beteko dute ugalketarako eme eta urte bakoitzeko gutxienez 200 litroko esne-produkzioa badute. Horretarako, aintzat hartuko dira erosleei eskaera egiten den urtean egindako entregak eta, hala badagokio, eskaera egin aurreko urte naturalean egindako esne-salmenta zuzenak.
III.– Mendi-eremuei lotutako betekizun espezifikoak.
Ustiategiak mendi-eremuetan eta bestelako eremuetan kokatutako produkzio-unitate bat baino gehiago dituenean, eskatzailearen ustiategia zer eskualdetan dagoen jakiteko, produkzio-unitate bakoitzean dauden abere hautagarrien kopurua hartuko da kontuan. Ustiategia abere hautagarri gehien dituzten produkzio-unitateak dauden eskualdean kokatuta dagoela ulertuko da; horrela, beraz, abere hautagarri guztiek eskualde horri dagokion zenbatekoa jasoko dute, abere horietako batzuk beste eskualdeko unitateetan kokatuta badaude ere.
IV.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, zenbateko unitario bat ezarriko du urtero sortutako bi eskualdeetan kokatuta dauden ahuntzentzako, 73.3 artikuluaren arabera, eta eskualde bakoitzean laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa, eta, II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, eskualde bakoitzeko abere hautagarriekin zatituko du. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 30 euro izango da gehienez ere.
10. ATALA. 2014-AN ESKUBIDE BEREZIAK ZITUZTEN ETA ORAIN OINARRIZKO ORDAINKETARAKO ESKUBIDEAK AKTIBATZEKO HEKTAREA ONARGARRIRIK EZ DUTEN ESNETARAKO BEHIEN ABELTZAINEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– 2014an eskubide bereziak zituzten eta orain oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez duten esnetarako behien abeltzainei laguntza bat emango zaie.
2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da.
3.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 15.650 abere da.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten esnetarako behi-azienden abeltzainak izango dira lotutako laguntza horren onuradunak.
2.– Eskubide berezien titularrak diren, 2014. urtean eskubide normalen titularrak ere izan diren eta kanpaina horretan 0,2 hektareako edo hortik gorako azalera bat aitortu duten pertsonek ezin izango dute laguntza hori lortu; salbu eta ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez izatearen arrazoia bada 2013ko eskabideko deklarazioan ez izatea zehaztuta hektarea onargarririk.
3.– Abere hautagarriak kokatu beharko diren ustiategiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egotea Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategi mailan, behi-azienden ustiategi gisa sailkatuta egon beharko dute, «esne-produkziorako ugalketa», «produkzio mistoko ugalketa» edo «bizitarako bigantxen hazkuntza» sailkapenarekin.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa eragotzi gabe, abereen onargarritasuna zehazteko, kontuan hartuko dira larre, azoka eta merkatuetarako aldi baterako mugimenduetan dauden abereak, baldin eta behar bezala jakinarazi bazaio SITRAN sistemari, eta
b) Eskaeraren aurreko urteko urriaren 1etik eskaeraren urteko irailaren 30era bitarteko aldian gutxienez 6 hilabetetan erosleei esne-entregak egin izana, edota azken urte horretan zuzeneko salmenten aitorpena saldutako kantitateekin aurkeztu izana.
4.– Laguntza abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango da. Abeltzain bakoitzari urte bakoitzean ordainketa jasotzeko aukera emango dioten abere hautagarriak honako hauek izango dira:
Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean zerrendatutako arrazetako bateko edota arloko agintari eskudunek nagusiki esnetarako gisa finkatutako arrazetako bateko esnetarako behi emeak, eskaera aurkezteko urteko apirilaren 30ean 24 hilabete edo gehiago dituztenak eta Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean (RIIA) inskribatuta daudenak, ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Laguntza hori kobratzeko eskubidea duten abereak zehazteko, eskatzailearen ustiategian dauden abereen egiaztapen bat egingo da urtarrilaren 1ean, beste bat apirilaren 30ean, eta beste bi adierazitako bi data horien artean, finkatu beharreko egunetan; bi data horiek berdinak izango dira Espainiako ustiategi guztietan. Egindako lau egiaztapenetan zeuden abereak izango dira zenbatu beharrekoak.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.g) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, abere bakoitzerako zenbateko unitarioa ezarriko du urtero, eta laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa, 77.2 artikuluan deskribatutakoaren arabera, abere hautagarriekin zatituko du. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 210 euro izango da gehienez ere.
11. ATALA. 2014-AN ESKUBIDE BEREZIAK ZITUZTEN ETA ORAIN OINARRIZKO ORDAINKETARAKO ESKUBIDEAK AKTIBATZEKO HEKTAREA ONARGARRIRIK EZ DUTEN GIZENTZEKO BEHIEN ABELTZAINEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– 2014an eskubide bereziak zituzten eta orain oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez duten gizentzeko behien abeltzainei laguntza bat emango zaie.
2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da.
3.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 19.220 abere da.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten gizentzeko behi-azienden abeltzainak izango dira lotutako laguntza horren onuradunak.
2.– Eskubide berezien titularrak diren, 2014. urtean eskubide normalen titularrak ere izan diren eta kanpaina horretan 0,2 hektareako edo hortik gorako azalera bat aitortu duten pertsonek ezin izango dute laguntza hori lortu; salbu eta ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez izatearen arrazoia bada 2013ko eskabideko deklarazioan ez izatea zehaztuta hektarea onargarririk.
3.– Abere hautagarriak kokatu behar diren ustiategiek «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» gisa inskribatuta egon beharko dute Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA). Lehenengo kasuan, azpi-ustiategiaren mailan, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egon beharko dute «haragia ekoizteko ugalketarako», «esnea ekoizteko ugalketarako», «produkzio mistoko ugalketarako» edo «gizentzeko edo gizendegiko» behi-azienden ustiategi gisa sailkapen zooteknikoaren arabera, eta ustiategi horiek izango dira abereentzat azkena hiltegira eraman edo esportatu aurretik.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa eragotzi gabe, abereen onargarritasuna zehazteko, kontuan hartuko dira larre, azoka eta merkatuetarako aldi baterako mugimenduetan dauden abereak, baldin eta behar bezala jakinarazi bazaio SITRAN sistemari.
4.– Laguntza abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango da. Abeltzain bakoitzari urte bakoitzean ordainketa jasotzeko aukera emango dioten abere hautagarriak honako hauek izango dira:
Eskaeraren aurreko urteko urriaren 1etik eskaeraren urteko irailaren 30era bitarte onuradunaren ustiategian gizendu diren eta aldi horretan bertan ustiategitik hiltegira eramateko edo esportatzeko irten diren 6-24 hilabeteko behi-aziendak. Guztiak Abereen Banakako Identifikaziorako Erregistro Orokorrean (RIIA) inskribatuta egon beharko dute, ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa gorabehera, abereak azken ustiategitik irten badira bitarteko ustiategi batera joateko, tratulari batengana edo kontzentrazio-zentro batera adibidez, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean horrela jasota daudenak, handik hiltegirako edo esportaziorako bidea hartu baino lehen, bitarteko ustiategira mugitu aurretik abereen kokaleku izan zen ustiategiaren titularrak laguntza jasotzeko aukera izango du, baldin eta aipatutako abereok betekizun guztiak betetzen badituzte eta bitarteko ustiategian gehienez 15 egun ematen badituzte.
Abereen jomuga, abereen ustiategiko sarrera-datak eta hautagarritasuna zehazten duten ustiategitik jomugetarako irteera-datak finkatzeko, SITRAN datu-basea kontsultatuko da. Helmuga horietarako bidea hartzen dutenetik ustiategian sartu arte gutxienez hiru hilabeteko tartea izango da abereen hautagarritasuna zehazteko.
Eskatzailea gizendegi komunitario batekoa bada eta gizendegi horretara gizentzeko abereak eramaten baditu, gizendegira eramandako abereak eskatzaile horren lotutako laguntzan zenbatuko dira, eta deskontatu egingo dira gizendegirako laguntzaren zenbatekoak kalkulatzean, baldin eta 6. atalean ezarritako laguntzaren eskatzailea bada. Lotutako laguntza honetarako betekizunak ere betetzen baditu, 6. ataleko laguntzarako ezarri den moduan jokatuko da.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.h) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, abere bakoitzerako zenbateko unitarioa ezarriko du urtero, eta laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa, 80.2 artikuluan deskribatutakoaren arabera, abere hautagarriekin zatituko du. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 112 euro izango da gehienez ere.
12. ATALA. 2014-AN ESKUBIDE BEREZIAK ZITUZTEN ETA ORAIN OINARRIZKO ORDAINKETARAKO ESKUBIDEAK AKTIBATZEKO HEKTAREA ONARGARRIRIK EZ DUTEN ARDI ETA AHUNTZEN ABELTZAINEI LOTUTAKO LAGUNTZA
I.– Xedea, aplikazio-eremua eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– 2014an eskubide bereziak zituzten eta orain oinarrizko ordainketarako eskubideak aktibatzeko hektarea onargarririk ez duten ardi eta ahuntzen abeltzainei laguntza bat emango zaie.
2.– Urtero neurri horretarako zuzenduko den guztizko aurrekontu-zuzkidura abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa izango da.
3.– Neurri horri aplikatu beharreko muga kuantitatiboa 1.075.355 abere da.
II.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– 2014. urtean eskubide berezien titularrak izan diren eta kanpaina bakoitzeko eskaera bakarrean oinarrizko ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez duten ardi- eta ahuntz-azienden abeltzainak izango dira lotutako laguntza horren onuradunak.
2.– Eskubide berezien titularrak diren, 2014. urtean eskubide normalen titularrak ere izan diren eta kanpaina horretan 0,2 hektareako edo hortik gorako azalera bat aitortu duten pertsonek ezin izango dute laguntza hori lortu; salbu eta ordainketa-eskubideak aktibatzeko moduko hektarea onargarririk ez izatearen arrazoia bada 2013ko eskabideko deklarazioan ez izatea zehaztuta hektarea onargarririk.
3.– Laguntza abere hautagarri bakoitzeko eta urteko emango da. Abeltzain bakoitzari urte bakoitzean ordainketa jasotzeko aukera emango dioten abere hautagarriak honako hauek izango dira:
Irailaren 16ko 685/2013 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan ezarritako nahitaezko errolda-aitorpenari jarraikiz ugalketarako dauden eta, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean 5. atalean ezarritako betekizunak betetzen dituzten ustiategietan behar bezala identifikatuta eta erregistratuta dauden ardi emeak.
Irailaren 16ko 685/2013 Errege Dekretuaren 11.4 artikuluan ezarritako nahitaezko errolda-aitorpenari jarraikiz ugalketarako dauden eta, indarrean dagoen araudiari jarraikiz, eskaera bakarra aurkezten den urteko urtarrilaren 1ean 9. atalean ezarritako betekizunak betetzen dituzten ustiategietan behar bezala identifikatuta eta erregistratuta dauden ahuntzak.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 107.5.i) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, abere bakoitzerako zenbateko unitarioa ezarriko du urtero, eta laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa, 83.2 artikuluan deskribatutakoaren arabera, abere hautagarriekin zatituko du. Horrela kalkulatutako zenbatekoa urtero argitaratuko da Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean.
2.– Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 45 euro izango da gehienez ere.
V. ERANSKINA
NEKAZARI TXIKIENTZAKO ERREGIMEN SINPLIFIKATUAN APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Onuradunak, ezaugarriak eta betekizunak.
1.– 2015. urtean oinarrizko ordainketa-eskubideak jabetzan, gozamenean edo errentan dituzten nekazariek jaso beharreko zuzeneko ordainketen guztizko zenbatekoa gehienez ere 1.250 eurokoa denean 2015eko urriaren 15a baino lehen, nekazari txikientzako erregimenean sartuko dituzte automatikoki agintari eskudunek , erregimen horretan ez parte hartzea erabakitzen dutenean izan ezik; kasu horretan, agintari eskudunei jakinarazi beharko diete 2015eko urriaren 15a baino lehen. Aipatu erregimen horren aktibazioa Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren IV. kapituluan ezarrita dago.
2.– 2015eko irailaren 30a baino lehen, produktore bakoitzeko zuzeneko ordainketa guztien ordainketaren zenbatekoaren behin-behineko eta gutxi gorabeherako kalkulu bat egingo da, eta kalkulu horren ondorioz 1.250 eurotik beherako ordainketa dagokien nekazariei jakinaraziko zaie. Jakinaraziko zaie, halaber, nekazari txikien erregimenean ez dutela parte hartu nahi erabakitzeko eskubidea badutela, nahiz eta horretarako baldintzak bete. Jakinarazpen hori onuradunei beren datuak ezagutzea ahalbidetuko dieten moduetako edozeinetan egin ahal izango da, datu-basera jotzeko aukera barne.
3.– 2015etik aurrera, lagapen baten bidez txertatzen diren nekazari berriak baino ezin izango dira txertatu nekazari txikien erregimenean, Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren IV. kapituluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Nekazari txikien erregimenean txertatuta egotea eta Errege Dekretu honetan edo Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuan kontuan hartutako beste edozein zuzeneko ordainketa jasotzea bateraezinak izango dira.
5.– Nekazari txikientzako erregimen sinplifikatuan dauden nekazarien kasuan, dagokion urteko zenbatekoa kobratze aldera erregimen horretan jarraitzeko erabakiaren berrespenak eta abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuko VII. eranskinean lurzati bakoitzerako ezarritako gutxieneko informazioak baino ez dute osatuko eskaera bakarra.
6.– Nekazari txikien erregimenean parte hartzen duten aldian, 2015. urtean aktibatutako eskubideen kopuruarekin bat etorriko den hektarea onargarrien kopuru bat izan beharko dute gutxienez nekazariek. Hektarea horiek Espainiako edozein tokitan kokatuta egon ahalko dira, Kanarietako Autonomia Erkidegoan izan ezik, eta ez da beharrezkoa izango horien azalera eskubidearen esleipena –2015ean egin zena– egin zen eskualdekoa izatea.
7.– Nekazari txikien erregimenean parte hartzen duen nekazari batek 2015ean aktibatutako ordainketa-eskubideak nekazariak erregimen horretan parte hartzen duen aldi osorako aktibatutako eskubidetzat hartuko dira.
8.– 2015. urtetik aurrerako kanpainetan, nekazari txikien erregimenean sartuta dauden nekazariek erregimen horretan jarraitzeari uko egin ahal izango diote eskaera bakarraren aldian.
9.– Nekazari batek erregimen horretan parte hartzeari uko egiten badio, ezin izango du berriz eskatu erregimen horretan sartzeko.
II.– Erregimen horren abantailak.
1.– Erregimen horretan parte hartzen duten nekazariak abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren III. tituluaren II. kapituluan ezarritako nekazaritza-jardunbideak aplikatzeaz salbuetsita egongo dira.
2.– Nekazari txikien erregimen sinplifikatuan parte hartzen duten nekazariak ez dira kontrolatuko baldintzape-egoeraren aplikazioari buruzko abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 100. artikuluan oinarrituta. Bestalde, ez zaie aplikatuko II. tituluaren I. kapituluan ezarritakoa, bidezko erregistroetan inskribatuta egoteko betebeharra izan ezik.
3.– Eskaera bakarrean ustiategiko nekazaritza-lurzati guztien azaleren aitorpen osatugabearen kasurako aurreikusitako zigorrak ez dira aplikatuko nekazari txikien erregimenaren esparruan.
4.– Nekazari txikien erregimen sinplifikatuan parte hartzen duten nekazarien izenak ez dira argitaratuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 111. artikuluan ezarritakoaren arabera erakunde ordaintzaileek urtero argitaratu beharreko zuzeneko laguntzen onuradunen zerrendan. Nekazari txikien erregimenean sartutako nekazarien datuak argitaratzeko garaian, identifikazio indibiduala ordeztuko duen kode bat erabiliko da.
III.– Ordainketaren kalkulua eta iraupena.
Ordainketaren kalkulua Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimeneko eskubideak esleitzeari buruzko abenduaren 19ko 1076/2014 Errege Dekretuaren 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egingo da. Ordainketa artikulu horretan oinarrituta egingo da, betiere nekazariak erregimen horretan parte hartzeari uko egiten ez badio eta ordainketa hori jasotzeko urteko eskaera aurkezten badu.
VI. ERANSKINA
BEHI-ESNEAREN EKOIZLEAK EGOKITZEKO SALBUESPENEZKO LAGUNTZARI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Xedea eta aurrekontua.
1.– Behi-esnearen ekoizleak egokitzeko salbuespenezko laguntza bat ezartzen da, Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatua (EB) aplikatuz. Erregelamendu Delegatu horren bidez, behi-esnearen ekoizleak eta bestelako abeltzaintza-sektoreetako ekoizleak egokitzeko salbuespenezko laguntza ezartzen da.
Laguntza hauek emateko prozedura emakida zuzena da; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.c) artikuluan ezarritakoaren arabera interes sozial eta ekonomikoak daude horretarako, esnetarako behi-ekoizleen sektorearen konfigurazio berezia eta sektorearen krisi-egoera zaila eta jarraitua dela-eta.
2.– Esnetarako behi-ekoizleen sektoreko abeltzainak egokitzeko salbuespenezko laguntza emateko aurrekontu-zuzkidura, errege-dekretu honek arautua, 14.665.678 eurokoa da.
3.– Laguntza neurri batzuetan eratzen da, euren artean independenteak eta bien baldintzak betetzen dituzten onuradunentzako osagarriak direnak:
a) Ekoizpena ez handitzera bideratutako neurria, Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 1. artikuluaren 1. zenbakiko a) letran jasota dagoen jardueraren arabera; neurri hori finantzatzeko, gehienez 11.732.543 euro bideratuko dira.
b) Lankidetza-proiektuen betearazpena sustatzera bideratutako neurria, Europako Batzordearen 2016ko irailaren 8ko 2016/1613 Erregelamendu Delegatuaren (EB) 1. artikuluaren 1. zenbakiko e) letran jasota dagoen jardueraren arabera; neurri hori finantzatzeko, gehienez 2.933.135 euro bideratuko dira.
II.– Onuradunak.
1.– Lehen artikuluko 3. zenbakiko a) letran aipatzen den neurriaren onuradun esnetarako behi-ekoizleak izango dira, baldin eta:
a) Nekazari aktiboaren baldintza bete eta 2017ko apirilaren 30ean «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» motako ustiategietako titular badira, eta lehen motakoen artean, azpi-ustiategi mailan «esne-produkziorako ugalketa», «produkzio mistoko ugalketa» edo «bizitarako bigantxen hazkuntza» sailkapen zooteknikoa badute, eta Abeltzaintzarako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta araupetzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) alta-egoeran inskribatuta badaude.
b) Abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuaren II. kapituluaren 4. eta 7. sekzioetan aurreikusitako laguntza elkartuen zenbatekoen onuradun izan badira 2015 eta 2016an, murrizketak eta esklusioak ezarri aurretik. Salbuespen izango dira ustiategiaren titulartasun-aldaketak, honako arrazoiengatik gertatutakoak: herentziak; erretiroak, ustiategiaren lagapen-hartzailea lagatzailearen lehen mailako senidea bada; nekazaritza-jarduera aldez aurretik uzteko onartutako programak; bat-egiteak; titularraren lanerako ezintasun iraunkorra; bategiteak, bereizketak eta ustiategiaren izena edo estatutu juridikoa aldatzea; betiere agintari eskudunek behar bezala jakinarazi eta onartzen baditu bi urte horietan zehar.
2016ko eskaera bakarra aurkezteko epea amaitzen den egunean nekazari txikien erregimen sinplifikatuan sartuta dauden abeltzainei, bakarrik eskatuko zaie aurreko paragrafoan zehaztutako zenbatekoen onuradun izatea 2015ean.
c) 2017an aurkezten badute abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera bakarra, eta abenduaren 19ko aipatu 1075/2014 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusita dauden eta errege dekretu honek arautzen duen laguntzari dagokion/dagozkion laukitxo/laukitxoak markatu badituzte.
d) Abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuaren IV. tituluko II. kapituluaren 4. edo 7. ataletan aurreikusitako laguntza elkartuen ondorioetarako ordainketa-eskubidea duten abere-kopurua –2015eko eta 2016ko eskabideei dagokiena– ez badute handitu.
Honako hauek salbuetsi egiten dira betekizun horretatik: 2016ko eskabideen ordainketa-eskubidea duten abere-kopurua 75 edo hortik beherakoa duten ustiategietako titularrak, 2016ko eskabidean mendi- edo uharte-eremuetan kokatuta dauden ustiategien titularrak, eta 2016ko eskaera bakarra egiteko epearen amaiera-datan nekazari txikien erregimen sinplifikatuan sartuta dauden abeltzainak.
e) Abenduaren 19ko 1079/2014 Errege Dekretuaren IV. tituluko II. kapituluaren 4. edo 7. ataletan aurreikusitako laguntza elkartuen bidez diruz laguntzeko modukoak izan litezkeen abereen kopurua ez badute handitzen 2017an, 2016an zituztenekin alderatuta.
Betekizun hori bete dela egiaztatzeko, 2017ko apirilaren 30ean diruz lagun zitezkeen abereen errolda –2017ko urtarrilaren 1a eta apirilaren 30a bitartean aintzat hartu behar diren lau datetan eskatzailearen ustiategian egon diren abereen kopurua– 2016ko apirilaren 30ean zegoenarekin alderatuko da, hau da, 2016ko urtarrilaren 1a eta apirilaren 30a bitartean aintzat hartu behar diren lau datetan eskatzailearen ustiategian egon diren abereen kopuruarekin. Beraz, data horien artean diruz lagun daitezkeen abereen errolda handitu duten ekoizleei ez zaie laguntza ordainduko.
Egiaztatze horiek egitetik salbuetsi egingo dira 2016ko eskaera bakarreko epe-amaieraren datan nekazari txikien erregimen sinplifikatuan sartuta dauden abeltzainak.
2.– Lehen artikuluko 3. zenbakiko b) letran ezartzen den neurriaren onuradun izango dira honako esnetarako behi-ekoizleak, baldin eta:
a) Nekazari aktiboaren baldintza bete eta 2017ko apirilaren 30ean «Produkzioa eta ugalketa» edo «larre» motako ustiategietako titular badira, eta lehen motakoen artean, azpi-ustiategi mailan «esne-produkziorako ugalketa», «produkzio mistoko ugalketa» edo «bizitarako bigantxen hazkuntza» sailkapen zooteknikoa badute, eta Abeltzaintzarako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta araupetzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) alta-egoeran inskribatuta badaude.
b) 2017an aurkezten badute abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan aurreikusitako eskaera bakarra, eta errege dekretu honek arautzen duen laguntzari dagokion/dagozkion laukitxo/laukitxoak markatu badituzte.
c) Irailaren 28ko 1363/2012 Errege Dekretuan ezarritako esnetarako behi-ekoizleen ekoizle-erakunde bateko kide badira, beranduenez ere errege-dekretu hau indarrean sartzen den egunean –Dekretu horren bitartez, esnegintza-sektorean lanbide arteko erakundeen eta esne-ekoizleen erakundeak errekonozitzea arautzen da, eta haien kontratazio-baldintzak ezartzen dira–, edo ekainaren 27ko 550/2014 Errege Dekretuaren arabera esnea eta esnekiak ekoizteko aitortuak diren lehentasunezko elkartze-erakunde bateko edo horiek osatzen dituzten elkartze-erakunde batekoak badira –Errege Dekretu horren bidez, lehentasunezko elkartze-erakundeak aitortzeko eta Lehentasunezko Elkartze Erakundeen Erregistro Nazionalean inskribatzeko edo baja emateko betekizunak eta prozedura garatzen dira, nekazaritzako elikagaien kooperatiben eta beste elkartze-erakunde batzuen integrazioa sustatzeko den abuztuaren 2ko 13/2013 Legean ezarritakoari jarraituz; betiere, egoera hori mantentzen badute 2017an.
Ondorio horietarako, honako egoera hauen ondorioz ustiategiaren titulartasun-aldaketak badaude: herentziak; erretiroak, ustiategiaren lagapen-hartzailea lagatzen duenaren lehen mailako senidea bada; nekazaritza-jarduera aldez aurretik uzteko onartutako programak; titularraren lanerako ezintasun iraunkorra; bategiteak, bereizketak eta ustiategiaren izena edo estatutu juridikoa aldatzea; transmisioa egiten duenak ekoizle-erakunderen bateko edo lehentasuneko elkartze-erakunde bateko partaide izan beharko du errege-dekretu hau indarrean sartzeko dataren aurretik, eta, titular berriak ere esnetarako behi-ekoizleen erakunde bereko edo beste bateko, edo lehentasuneko elkartze-erakunde bateko partaide izan beharko du eta 2017an ere baldintza hori bete.
2017an onuraduna partaide den ekoizle-erakunde bat ekoizle-erakundeen elkarte batean sartzen bada, edo lehentasunezko elkartze-erakunde bat osatzen edo lehentasunezko elkartze-erakunde batean sartzen bada, laguntzarako eskubideari eutsiko dio horietako kide izaten jarraitzen badu.
3.– Ezin izango dira laguntzaren onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan zehazten diren egoeretako batean dauden abeltzainak.
4.– Nekazaritza-ustiategietako titulartasun partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuraduna mota horretako ustiategi bateko erakunde titularra bada, laguntza erdibana izango da ustiategiko titular diren ezkontide edo izatezko bikotekideen artean.
III.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Esnetarako behi-ekoizleen sektoreko abeltzainak egokitzeko salbuespenezko laguntzaren zenbatekoa ezarri diren laguntza-neurrietako bakoitzari dagozkion zenbatekoen batuketa izango da, honako hauen arabera:
a) Otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretuaren 1. artikuluko a) letran ezarritako neurria. Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, 6.1 a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz onuradun bakoitzak abere hautagarri bakoitzagatik jaso beharreko zenbateko unitario bat ezarriko du, 75 aberegatik gehienez ere.
Aurrekoa eragotzi gabe, 2016ko eskaera bakarraren epe-amaieraren datan nekazari txikien erregimen sinplifikatuan sartuta dauden abeltzain bakoitzarentzako 200 euroko ordainketa bat ezarriko da.
Abere hautagarri bakoitzeko zenbateko unitarioa kalkulatzeko, honela egingo da: laguntzaren neurri honi zuzendutako zenbatekoa –otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretuaren 1. artikuluko 3. zenbakiko a) letran ezarria– ken 2016ko eskaera bakarreko epa-amaieraren datan nekazari txikientzako erregimen sinplifikatuan sartuta dauden abeltzainei laguntza ordaintzeko guztizko zenbatekoa, zati abere hautagarrien guztizko kopurua. Errege Dekretu horren 6.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta laguntza-neurri hori ordaintzeko onartutako eskaeretako ordainketa-eskubidea duten abereen batuketa izango da guztizko abere-kopurua.
Ordainketa horren zenbateko unitarioa ezin izango da inoiz 60 eurotik gorakoa izan abere hautagarri bakoitzeko.
b) Otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretuaren 1. artikuluko 3) zenbakiaren b) letran ezarritako neurria. Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, 6.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz autonomia-erkidegoek emandako informazioan oinarrituta, onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbateko unitarioa ezarriko du, laguntza horretarako zuzendutako zenbatekoa laguntza jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituzten onuradunen artean zatituz (laguntza-neurria, otsailaren 10eko 70/2017 Errege Dekretuaren 1. artikuluko 3) zenbakiaren b) letran ezarria).
Ordainketa horren zenbateko unitarioa abere hautagarriko 750 euro izango da gehienez ere.
2.– Laguntza-neurrietako bati esleitutako funtsetan gerakinak izanez gero, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak berresleitu egin ahalko ditu gerakinik izan ez den neurri batera.
3.– Laguntza-neurri bakoitzerako kalkulatutako zenbateko unitarioak Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren webgunean argitaratuko dira.
VII. ERANSKINA
LARREEN ONARGARRITASUN-KOEFIZIENTEA FINKATZEKO APLIKATUTAKO METODOLOGIA.
A) Modu indibidualean aitortutako esparruetan:
● Aribideko laguntza-eskaeraren aurreko kanpainaren batean «aitortutako» esparruetan: esparru bakoitzari esleitutako murrizketa-koefiziente historikoa aplikatzen da eta, hala badagokio, lurrean bertan egindako kontrolaren ondoren finkatutako koefizientearekin eguneratzen da kontrolatu diren esparruetan.
●Aurretik «aitortu gabeko» esparruetan: «0» LOK bat esleituko da ofizioz. Aitortu nahi izanez gero, SIGPACi alegazio bat aurkeztu beharko zaio eta aldez aurreko kontrol bat egingo da onargarritasuna egiaztatzeko (lurrean bertan kontrolatuta edo kabinetean).
B) Erabilera komuneko larreetan:
Onura Publikoko Mendietako azaleretan, Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (FEGA) koefiziente hobetua kalkulatzeko metodologian oinarritutako eredua aplikatu zen 2015ean, honako parametro hauekin:
LOK eguneratua = Lurzoru Faktorea * Aldapa Faktorea * Landaredia Faktorea.
B.1.– Lurzoru-faktorea:
Erabilitako irudiak: EAEko lurralde osoko hegaldi fotogrametriko digitalean oinarritutako bi ortoargazki erabili ziren; banda infragorri bat zuten espektro ikusgaikoez gain, bata udaberrikoa eta bestea udakoa. Bien arteko konbinazioak doitasun handiagoa eman zuen lurzoru-faktorea finkatzeko garaian:
● 2009. urteko ortoargazkia: hegaldiaren data 2009-04-23tik 2009-05-29ra bitarte.
● 2013. urteko ortoargazkia: hegaldiaren data 2013-07-30etik 2013-09-04ra bitarte.
(Iturria: Kartografia Zerbitzua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Eusko Jaurlaritza.
Jatorrizko bereizmen espaziala: 0,25 metroko pixel-tamaina; laginketa berria metro 1era, tratamendua errazteko).
Lurzoru-faktorea finkatzeko erabili zen lurzoru-estaldurarako raster geruza 2009ko eta 2013ko ortoargazkien NDVIaren (Normalized Difference Vegetation Index) sailkapen automatikoan (banda ikusgaiak eta banda infragorria) eta ondoren bi lurzoru motari esleitzean oinarrituta lortu zen. Bi lurzoru mota horiek honako hauek dira: «landareduna» eta «landare gabea».
Horren ondorioz, LOK eguneratua kalkulatzeko sortutako lurzoruaren estaldurarako raster geruzak 1 x 1 metroko pixel bat izan zuen, eta bakoitzak lurzoru mota bat zeukan ezaugarri bereizgarri (landareduna eta landare gabea); lurzoru motari lurzoru-faktore bat zegokion (1 edo 0), eta pixel horren LOK eguneratua kalkulatzeko aplikatu beharreko balioa izan zen hori.
B.2.– Aldapa-faktorea:
Aldapen mapa, pixel bakoitzaren batez besteko aldapa (5x5 m) kalkulatzeko erabili zen EAEko 2012ko LIDARen Lurzoruaren Eredu Digitalaren ondoriozkoa. LIDAR hegaldia 2012-07-17tik 2012-08-28ra bitarte egin zen. Prozesatzean, metro koadro bakoitzeko 0,5 puntutik gorako batez besteko dentsitatea lortu zen, < 20 cm-ko neurriko akats altimetrikoarekin (RMSE).
Maila jakin batetik gorako aldapa batek larre-produkzioa murrizten duela kontuan hartuta (landare-estaldura txikiagoa dagoelako eta abereak ibiltzea zailtzen duelako), honako zuzenketa-faktore hauek ezarri ziren, pixel bakoitzaren batez besteko aldaparen arabera.
B.3.– Landaredi-faktorea:
LIDAR 2012 hegaldiari buruzko informazioa: Eusko Jaurlaritzak egin du EAE osorako, metro koadro bakoitzeko 0,5 puntuko dentsitate neurtua du, eta ikuskatu gabeko sailkapen automatiko batekoa da.
LIDAR datuek puntu-hodei bat osatzen dute XYZ koordenatuekin. LIDAR datuak raster geruzak sortzearen bidez tratatzea planteatu zen, jatorrizko informazioa sintetizatzeko eta erabilera errazteko. Izan ere, nabarmen murrizten da datuen bolumena eta, beraz, prozesatze-denbora ere bai, eta hori oso interesgarria da azalera handietan.
Aire Ortofotografiako Plan Nazionalak (PNOA) LIDAR hegaldietarako ezarritako zehaztapen teknikoei jarraikiz, puntuen doitasun altimetrikoak ≤ 40 cm-ko batez besteko errore koadratikoa izan behar du. Horrek esan nahi du 40 zentimetrora arteko landarediaren itzulerak lurzoru-puntuekin nahas daitezkeela praktikan.
Doitasun horrek ez du LIDAR datuen ustiapena mugatu behar, landaredia zeharkaezina edo larreetarako onartezina identifikatu ahal izan dadin. Izan ere, 40 cm-ko landareak tamaina txikia duten eta artzaintza mugatu behar ez duten landareak direla ulertzen da.
ONARGARRITASUN KOEFIZIENTEA KALKULATZEKO ALGORITMOA.
Hiru faktoreei dagozkien hiru raster geruzak bektorizatu egin ziren. Hiru geruza horiek SIGPAC esparru-geruzarekin elkartu ziren. SIGPAC esparru bakoitzean LOKa kalkulatzeko, osatzen zuten azpiesparru guztiak batu ziren (hiru faktoreen eta azpiesparruko azaleraren arteko biderkadura azpiesparru guztien azalerarekin zatitu eta ehunekin biderkatuta).
Honako biribiltze hauek aplikatu ziren:
ONARGARRITASUN IRIZPIDEA ETA APLIKATUTAKO IRAGAZKIAK
Landarediaren altuera-rasterretik abiatuta sortu zen onargarritasun-rasterra. Erabilitako irizpideak honako hauek izan ziren:
● Irizpide orokorra: 60 cm-ko edo hortik beherako landare-altuera duten 5 x 5 m-ko pixelak onargarritzat hartu ziren beti.
● Pixel isolatuak: 0,6-1 metroko landaredia duten pixel isolatuak (sastrakak normalean) onargarritzat hartu ziren esparruaren erabilera larredia edo larre zuhaiztuna zenean. Larre zuhaixkadunerako erabilerako 0,6-1 metroko landaredia duten pixel isolatu onartezinak onargarri edo onartezin bihurtu ziren ondoko 8 pixelen nagusitasunaren arabera. Berdinketaren kasuan, onargarria izan zen.
● Zuhaitzetako mozketa: 1 m-tik gorako altuera duen masa batean, ertzeko pixelak onargarritzat hartu ziren alderen bat pixel onargarriekin partekatzen bazuten.
● Masen sinplifikazioa: Euskal Autonomia Erkidegoan, masak sinplifikatzeko iragazkia ez erabiltzea erabaki zen.
IX. ERANSKINA
BALDINTZAK EZ BETETZEAGATIK EZARRITAKO ZIGORRAREN KALKULUA
Kontrol erakunde espezializatuak, kontrolak egin ondoren, kontrol txostenak bidaliko dizkio; bertan, ez-betetze kasuak adieraziko dira, eta balioespen bat egingo da ez-betetzeei buruzko larritasunari, irismenari eta iraunkortasunari buruz.
1) Larritasuna, irismena eta iraunkortasuna baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Larritasuna.
Kontrolatu beharreko eskakizun/arau bakoitzerako, ez-betetzeen larritasuna sailkatuko da honako maila hauen arabera:
A: arina; B: astuna; C: Oso astuna.
b) Irismena.
Ez-betetzearen ondorioek ustiategiari soilik eragiten badiote edo ustiategitik kanpo eragiten badute, kasuan kasu, irismena honako maila hauen arabera ebaluatuko da:
A: soilik ustiategia; B: ustiategitik kanpoko eraginak.
Kasu batzuetarako, eta bisita gertakari egiaztatu batetik eratortzen bada, irismenaren A balioespena aldatu ahal izango da, baldin eta kontrola egin ondoren, informazio gehigarria badago, ez-betetzea dela medio ustiategitik kanpo ondorioak daudela egiaztatzen duen informazioa, alegia.
c) Iraunkortasuna.
Kontrolatu beharreko eskakizun/arau bakoitzerako, ez-betetzeen iraunkortasuna sailkatuko da honako maila hauen arabera:
A: ondoriorik ez badago edo urtebete baino gutxiago irauten badute; B: urtebete baino gehiago irauten duten ondorioak badaude; C: ondorioak luzarokoak badira.
Eskakizun/arau bakoitzaren inguruan izandako ez-betetzeen larritasuna, irismena eta iraunkortasuna balioesteko irizpideak baliteke desberdinak izatea kanpaina bakoitzean; eskuragarri egongo dira Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren webgunean.
Bestetik, kontrol erakunde espezializatuak aztertuko du ea ez-betetzea nahita gertatu den.
Nahita izandako ez-betetzea: derrigorrezko edozein erregistro mota aldatzea edo manipulatzea; animalia identifikatzeko sistemen iruzurrezko manipulazioa; fakturak, baimenak edo beste mota bateko frogagiriak faltsifikatzea; egoera txarrean dauden elikagaiak manipulatzea elikagai horien itxura aldatzeko; agintaritza eskudunari ezkutatzea gizakiak kutsa ditzaketen gaixotasunak eduki ditzaketen animaliak dituztela edo animalia horiek hil dituztela eta animalien aurkako tratu txar motaren bat dagoela agerian jartzen duten egoerak.
Horrez gain, agintaritza eskuduna nahita egindako jarduna izan daitekeela pentsaraztera bultza dezakeen edozein egoera aztertu egingo da jardun hori nahita egindakoa den edo ez erabakitzeko.
Lortutako informazioan oinarrituta, erakunde ordaintzaileak aztertuko du ez-betetzea behin eta berriz gertatu den, eta kalkulatuko du espediente bakoitzari aplikatu beharko litzaiokeen zigorraren ehunekoa.
Bete ez den eskakizun/arau bakoitzerako, balioespen bat egingo da larritasunaren, irismenaren eta iraunkortasunaren parametroetarako, arestian ezarritako mailan kontuan hartuta.
Eskakizun/arau bakoitzaren balioespenen eta aplikatu beharreko murrizketa-ehunekoen arteko baliokidetasuna honako hau izango da:
2) Espedientearen zigorraren ehunekoa kalkulatzea:
Lehenengo eta behin, eskakizun/arau bakoitzerako zigorraren ehuneko kalkulatu behar; gero, balio horietan oinarrituta, eremu bakoitzeko KLE/NIBO bakoitzari dagokion murrizketaren ehunekoa kalkulatzen da, eta hori kontuan hartuta, espedienteari legokiokeen ehunekoa kalkulatzen da.
2.1) Eskakizun/arau bakoitzeko zigorraren ehunekoa kalkulatzea.
Eskakizun/arau bakoitzean, larritasunaren, irismenaren eta iraunkortasunaren balioespena kontuan hartuta, murrizketaren ehuneko bat esleituko da A taulan jasotakoaren arabera, eta ez-betetzea nahita izan bada, B taulan jasotakoa aplikatuko da.
(*) Nahitako ez-betetzeak muturreko irismenekoak, larritasunekoak edo iraunkortasunekoak badira, onuraduna abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 1. artikuluan eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 27.2 artikuluan azaltzen diren ordainketa guztietatik kanpo geratuko da hurrengo urte naturalean. % 100 dagokien ez-betetze guztiak hartzen dira goian aipatutako ez-betetzetzat.
Eskakizun/arau batean behin eta berriz errepikatzen den ez-betetze bat detektatzen bada,
Balioespenaren arabera, lehenengo errepikatzea detektatzen den urtean kalkulatutako murrizketaren %-a hirurekin biderkatuko da.
Erregistroak mantentzearekin lotutako eskakizunen kasuan, akats bera baldin bada soilik hartuko da errepikapentzat.
Gehiagotan errepikatzen bada, hirurekin biderkatzeko faktorea aurretik eskakizunaren/arauaren errepikatutako ez-betetzeari dagokionez ezarritako murrizketaren emaitzari aplikatuko zaio kasu bakoitzean. Nolanahi ere, gehieneko murrizketa ez da ordainketen zenbateko globalaren % 15etik gorakoa izango.
Gehieneko ehunekora, hots, % 15era iritsitakoan, erakunde ordaintzaileak dagokion onuradunari jakinaraziko dio ez-betetze bera aurkitzen badu, nahita jardun duela ulertuko dela murrizketak eta bazterketak aplikatzeko ondorioetarako. Zigorraren ehunekoa kalkulatzeko, C taulan jasotakoa aplikatuko da.
(*) Nahitako ez-betetzeei % 100eko murrizketa-ehunekoa badagokie, onuraduna abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 1. artikuluan eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuko 27.2 artikuluan azaltzen diren ordainketa guztietatik kanpo geratuko da hurrengo urte naturalean.
2.1.)_ KLE/NBO bakoitzari dagokion murrizketaren kalkulua.
Bete gabeko eskakizun/arau bakarra balego, eskakizunaren/arauaren ehunekoak KLE/NIBOren balioa emateko balioko luke.
Arau baten ez-betetzea detektatzen bada, eta, era berean, ez-betetze hori eskakizun baten ez-betetzea bada, ez-betetze kasu bakartzat hartuko da. Murrizketak kalkulatzeko, eskakizunaren ez-betetzetzat hartuko da.
Bete ez den eskakizun/arau bat baino gehiago daudenean, honako premisa hauek errespetatu beharko dira:
2.1.a) KLE/NIBO berean zabarkeriaren ondoriozko eskakizunaren/arauaren ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada: detektatu den zabarkeriaren ondoriozko ez-betetze guztien artetik handiena hartuko da KLE/NIBOaren murrizketaren ehuneko gisa.
2.1.b) KLE/NIBO berean eskakizunaren/arauaren errepikatutako ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada: KLE/NIBO horren ez-betetze errepikatuta izan dela joko da. KLE/NIBO horren murrizketa-ehunekoa kalkulatuko da batuz KLE/NIBO horren barruan behin eta berriz ez betetako eskakizunen/arauen ehunekoak, % 15eraino gehienez.
Gehieneko ehunekora, hots, % 15era iritsitakoan, erakunde ordaintzaileak dagokion onuradunari jakinaraziko dio ez-betetze bera aurkitzen badu, nahita jardun duela ulertuko dela murrizketak eta bazterketak aplikatzeko ondorioetarako, eta 2 urteko epean beste ez-betetze bat egingo balu, dagokion zenbatekoaren murrizketa C taulan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.
2.1.c) KLE/NIBO berean nahitako ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada: KLE/NIBO hori nahita ez dela bete joko da. KLE/NIBO horren murrizketa-ehunekoa nahita bete ez diren eskakizunei/arauei dagozkien ehuneko guztietatik altuena izango da.
2.1.d) KLE/NIBO berean zabarkeriaren ondoriozko eskakizunaren/arauaren ez-betetzeak detektatzen badira, eskakizunaren/arauaren errepikatutako ez-betetzeekin batera: KLE/NIBO horren ez-betetze errepikatuta izan dela joko da. Murrizketa-ehunekoa kalkulatuko da honako hauek batuz: zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeetako ehunekorik altuena gehi ez-betetze errepikatuen murrizketa-ehuneko guztiak, gehienez ere % 15eraino.
2.1.e) KLE/NIBO berean zabarkeriaren ondoriozko eskakizunaren/arauaren ez-betetzeak detektatzen badira, eskakizunaren/arauaren nahitako ez-betetzeekin batera: KLE/NIBO nahita ez dela bete joko da. Murrizketa-ehunekoa izango da KLE/NIBO horren barruan bete ez diren (zabarkeriaren ondorioz edo nahita) eskakizun/arau guztien ehunekorik altuena.
2.1.f) KLE/NIBO berean eskakizunaren/arauaren errepikatutako ez-betetzeak detektatzen badira, eskakizunaren/arauaren nahitako ez-betetzeekin batera: KLE/NIBO nahita ez dela bete joko da. Honela kalkulatuko da ehunekoa: errepikatutako ez-betetze guztiei dagozkien ehuneko guztiak batuz (% 15eraino gehienez), eta, gero, nahitako ez-betetze guztietatik ehunekorik altuenari batu.
2.1.g) KLE/NIBO berean zabarkeriaren ondoriozko eskakizunaren/arauaren ez-betetzeak detektatzen badira, eskakizunaren/arauaren errepikatutako ez-betetzeekin eta nahitako ez-betetzeekin batera: KLE/NIBO nahita ez dela bete joko da. Honela kalkulatuko da ehunekoa: zabarkeriaren ondoriozko ez-betetze guztiei dagozkien ehunekoetatik altuena aukeratuz, eta, horri batuko zaio errepikatutako ez-betetzeen batura; % 15eraino gehienez. Lortutako ehunekoari nahitako ez-betetze guztien artetik ehunekorik altuena batuko zaio.
2.2) Espedienteari dagokion murrizketaren kalkulua, bete ez den eremu bakarra balego:
2.2.a) Eremu bakarrean KLE/NIBOren zabarkeriaren ondoriozko ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada, ez-betetze bakartzat hartuko dira. Murrizketaren ehunekoa izango da bete ez diren KLE/NIBOei dagozkien ehunekoetatik altuena.
2.2.b) Eremu bakarrean KLE/NIBOren errepikatutako ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada. Murrizketaren ehunekoa izango da bete ez diren KLE/NIBOei dagozkien murrizketa-ehunekoen batura, gehienez ere % 15eraino.
Gehieneko ehunekora, hots, % 15era iritsitakoan, erakunde ordaintzaileak dagokion onuradunari jakinaraziko dio ez-betetze bera aurkitzen badu, nahita jardun duela ulertuko dela murrizketak eta bazterketak aplikatzeko ondorioetarako, eta 2 urteko epean beste ez-betetze bat egingo balu, dagokion zenbatekoaren murrizketa C taulan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.
2.2.c) Eremu bakarrean KLE/NIBOren nahitako ez-betetze bat baino gehiago detektatzen bada, ez-betetze bakartzat hartuko dira. Murrizketaren ehunekoa izango da bete ez diren KLE/NIBOei dagozkien ehunekoetatik altuena.
2.2.d) Eremu baten barruan detektatzen badira KLE/NIBOren zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeak KLE/NIBOren ez-betetze errepikatuekin batera. Murrizketaren ehunekoa izango da KLE/NIBO errepikatuen arteko baturari dagokiona, % 15eraino gehienez ere, eta emaitza horri batuta zabarkeriaren ondoriozko KLE/NIBOen artetik handiena, % 15eraino gehienez ere.
2.2.e) Eremu berean detektatzen badira KLE/NIBOren zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeak KLE/NIBOren nahitako ez-betetzeekin batera, murrizketaren ehunekoa izango da bete ez diren KLE/NIBOei dagozkien ehunekoen artetik handiena.
2.2.f) Eremu baten barruan detektatzen badira KLE/NIBOren ez-betetze errepikatuak KLE/NIBOren nahitako ez-betetzeekin batera: murrizketaren ehunekoa izango da KLE/NIBO errepikatuen arteko baturari dagokiona, % 15eraino gehienez ere, eta emaitza horri batuta nahitako KLE/NIBOen artetik handiena, gehieneko mugarik gabe.
2.2.g) Eremu berean detektatzen badira zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeak dituzten KLE/NIBOak, ez-betetze errepikatuak dituzten KLE/NIBOekin eta nahitako ez-betetzeak dituzten KLE/NIBOekin batera: murrizketa-ehunekoa kalkulatuko da honako hauek batuz: zabarkeriaren ondoriozko KLE/NIBOen ez-betetzeetako ehunekorik altuena gehi KLE/NIBOen ez-betetze errepikatuen batura, gehienez ere % 15eraino. Lortutako emaitzari KLE/NIBOen nahitako ez-betetze guztien artetik ehunekorik altuena batuko zaio.
2.3) Espedienteari dagokion murrizketaren kalkulua, bete ez den eremu bat baino gehiago balego:
2.3.a) KLE/NIBOren zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeak bakarrik detektatzen badira, baina eremu baten baino gehiagotan: lehenengo eta behin, zabarkeriazko ez-betetzeak detektatu diren eremuetako bakoitzari dagokion murrizketa-ehunekoa kalkulatuko da, eta, gero, eremu bakoitzari murrizketa-ehunekoak batuko zaizkio, % 5eraino gehienez ere.
Ez-betetze bakarra eremu desberdinetan detektatzen denean, kasu horiek salbuetsita daude; kasu horretan ez lirateke batuko.
2.3.b) KLE/NIBOren ez-betetze errepikatuak bakarrik detektatzen badira, baina eremu baten baino gehiagotan: lehenengo eta behin, ez-betetze errepikatuak detektatu diren eremuetako bakoitzari dagokion ehunekoa kalkulatuko da. Gero, eremu bakoitzeko murrizketa-ehunekoak batuko dira, % 15eraino gehienez ere.
Gehieneko ehunekora, hots, % 15era iritsitakoan, erakunde ordaintzaileak dagokion onuradunari jakinaraziko dio ez-betetze bera aurkitzen badu, nahita jardun duela ulertuko dela murrizketak eta bazterketak aplikatzeko ondorioetarako, eta 2 urteko epean beste ez-betetze bat egingo balu, dagokion zenbatekoaren murrizketa C taulan jasotakoaren arabera kalkulatuko da.
2.3.c) KLE/NIBOren nahitako ez-betetzeak bakarrik detektatzen badira, baina eremu baten baino gehiagotan: Lehenengo eta behin, nahitako ez-betetzeak detektatu diren eremuetako bakoitzari (handiena) dagokion ehunekoa kalkulatuko da. Gero, eremu bakoitzeko murrizketa-ehunekoak batuko dira. Batura horretatik ateratzen den ehunekoa aplikatuko da zuzenean.
2.3.d) KLE/NIBOren mota desberdinetako ez-betetzeak detektatzen badira eremu baten baino gehiagotan:
posible diren konbinazioetako bakoitzeko murrizketa-ehunekoa honela kalkulatuko da: lehenengo, eremu bakoitzeko detektatutako zabarkeriaren ondoriozko KLE/NIBOren ez-betetzeen ehunekoak batuko dira, % 5eko gehienezko muga kontuan hartuta. Gero, eremu bakoitzeko detektatutako KLE/NIBOren ez-betetze errepikatuen ehunekoak batuko dira, % 15eko gehienezko muga kontuan hartuta. Zabarkeriaren ondoriozko ez-betetzeetarako eta errepikatuetarako kalkulatutako bi ehunekoak batu egingo dira, % 15eko gehienezko muga kontuan hartuta.
Azkenik, eremu bakoitzeko detektatutako KLE/NIBOren nahitako ez-betetzeen ehunekoak batuko dira. Eta emaitza horren eta lehen kalkulatutakoaren arteko batuketa egingo da. Ez dago gehienezko mugarik.
MURRIZKETEN EDO BAZTERKETEN GUZTIZKO ZENBATEKOA.
Nolanahi ere, murrizketen eta bazterketen guztizko zenbatekoak, urte natural berari dagokionez, ezin izango du gainditu abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuaren 1. artikuluan eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretuaren 27.2 artikuluan aipatutako ordainketen guztizko zenbatekoa. Ez-betetzea izan dela jakin den urte naturalean aurkeztu dituen edo aurkezten dituen laguntza-eskaerei dagokienez, onuradunari eman zaizkionak edo emango zaizkionak izango dira ordainketa horiek.