EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017068

43/2017 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea bereziki kalteberak diren taldeen segurtasun ezaren aurrean, informazio- eta prebentzio-arloko prestakuntza-jarduerak aurrera eramateko Gurutze Gorriaren EAEko Autonomia Batzordearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena.

Xedapenaren zenbakia: 201700043
Xedapenaren data: 2017-03-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201701780
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea bereziki kalteberak diren taldeen segurtasun ezaren aurrean, informazio- eta prebentzio-arloko prestakuntza-jarduerak aurrera eramateko Gurutze Gorriaren EAEko Autonomia Batzordearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 28a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTZOAREN 28KO 43/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN, SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ, ETA GURUTZE GORRIAREN EAE-KO AUTONOMIA BATZORDEAREN ARTEKOA, BEREZIKI KALTEBERAK DIREN TALDEEN SEGURTASUN EZAREN AURREAN, INFORMAZIO- ETA PREBENTZIO-ARLOKO PRESTAKUNTZA-JARDUERAK AURRERA ERAMATEKO
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 27a.
BILDU DIRA:
Batetik, Estefanía Beltran de Heredia Arroniz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkari gisa.
Bestetik, Iñaki Irusta Bilbao jauna, Gurutze Gorriaren EAEko Autonomia Batzordearen lehendakaria, Gurutze Gorriaren izenean eta ordezkari gisa.
Bi alderdiek agiri hau formalizatzeko beharrezko ahalmen juridikoa eta egintza-ahalmena aitortzen diote elkarri eta, egintza honetan aritzeko eman zaien ordezkaritza elkarri onartuta eta ados jarrita, hau
ADIERAZI DUTE:
1.– Ertzaintzak, Segurtasun Sailaren menpekoa den polizia-kidego integrala den aldetik, eginkizun hauek dauzka: eskubide eta askatasunen egikaritza askea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea. Hori misio orokorra da eta horren barruan sartzen dira, besteak beste, pertsonei laguntzea eta horiek babestea; edozein kausa dela eta, arrisku egoeran dauden ondasunak kontserbatzea eta zaintzea; eta delitu-ekintzak prebenitzea. Hori dela eta, eragindako taldeen ezaugarri bereziak izan ditzaketen taldeen behar berezietan eta haien kalteberatasunean jartzen du arreta.
2.– Euskadiko Gurutze Gorria erakunde humanitario, boluntario eta interes publikokoa da eta misio honekin jarduten du: nazio zein nazioarte mailan pertsona kalteberengandik hurbil egotea, bereziki boluntarioek egiten dituzten ekintza integratuen bidez. Erakunde horrek parte-hartze sozial handia eta lurralde mailan presentzia zabala dauka. Lege aldetik, Gurutze Gorria administrazio publikoen laguntzailea eta kolaboratzailea da administrazio publikoek sustatutako jarduera humanitario eta sozialetan.
3.– Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zein Euskadiko Gurutze Gorriak indarrean dauden hitzarmenetako lankidetzarako tresnak eta helburuak sustatu nahi dituzte, jarduera-arlo gehiago sartuz.
4.– Bi erakundeen artean hainbat bilera egin ostean, egokia iruditzen zaie Adinekoentzako Segurtasun Planaren estrategiaren barruan, segurtasunaren aldetik bereziki kalteberak diren talde sozialen arloan (adinekoak edo migratzaile edo errefuxiatu taldeak) hitzarmen bat egitea.
5.– Euskadiko Gurutze Gorriak, segurtasunaren ikuspegitik bereziki kalteberak diren giza taldeez (adinekoak edo migratzaile edo errefuxiatu taldeak) arduratzeko daukan estrategiaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia-sare zabal bat dauka, 57 presentzia puntu dituelako eta 24 harremanetarako puntu, hurbiltasunaren estrategiaren barruan eta bere indargunea 14.004 boluntario dira.
6.– Bi erakundeek benetan konplexua den talde kalteberen fenomenoari (adinekoak edo migratzaile edo errefuxiatu taldeak) erantzun eraginkorra eta koordinatua ematen diote eta horretarako, talde horiek izaten dituzten beharrei erantzuteko neurriak martxan jartzen dituzte, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenegoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da talde kalteberen (esaterako, adinekoak, migratzaileak edo errefuxiatuak) segurtasunaren aurka antzemandako mehatxu nagusiak prebenitzeko baldintzak eta konpromisoak ezartzea, baita Ertzaintzarenganako konfiantza sustatzea, pertsona horiek jokabide proaktiboak har ditzaten, haiek biktima diren egoerak eta delituak salatzeko orduan. Horrela talde hauekiko jardueretan erantzun poliziala hobetuko baita.
Bigarrena.– Xede bereziak.
Hitzarmen honen xede bereziak eta horiek aurrera eramateko neurriak hauek dira:
1) Talde kalteberetako pertsonei zuzendutako informazioa.
Euskadiko Gurutze Gorriko egoitzetan edo horretarako jartzen diren beste leku batzuetan, adinekoei, migratzaileei edo errefuxiatuei informazio-hitzaldiak ematea, segurtasuna handiagoa izan dadin lagunduko dutenak.
2) Talde kalteberen ingurukoekin komunikatzea eta kolaboratzea.
Gurutze Gorriak izaten dituen tresnak erabiliz, adinekoen, migratzaileen edo errefuxiatuen inguruko pertsonekin komunikatzeko eta kolaboratzeko mekanismoak ezartzea, segurtasun-arazoei eta jokabideak antzemateko jarraibideei buruzko informazioa helarazi ahal izateko.
Hirugarrena.– Aldeen konpromisoak.
Aldeek hitzarmen honen bigarren klausulan jasotako xede bereziak garatzeko konpromisoa hartzen dute.
Laugarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez dakar gastu publikoa handitzea eta aldeetako bati ere ez dio kontraprestazio ekonomikorik ekarriko.
Bosgarrena.– Giza baliabideak.
Gurutze Gorriak, hala badagokio, ematen dituen giza baliabideek ez dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin inolako lotura juridiko-laboralik izango.
Seigarrena.– Jarraipen-batzordea eta memoria.
Jarraipen-Batzorde bat eratuko da, hitzarmenaren jarraipena eta horren garapenaren balorazioa egiteko.
Jarraipen-Batzordeko kideak izango dira Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko bi ordezkari eta Espainiako Gurutze Gorriko bi ordezkari.
Bilera bakoitzaren akta egin behar da.
Gurutze Gorriak, hitzarmen honen barruko jardueren aldia amaitutakoan, memoria bat egingo du eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren eskura jarriko du.
Zazpigarrena.– Publizitatea.
Hitzarmen honen esparruan burutzen diren jardueretan, zabalkundea eta publizitatea egiten bada, bi erakundeak agertuko dira.
Zortzigarrena.– Asegurua.
Gurutze Gorriak erantzukizun zibileko aseguru bat dauka eta horrek, hitzarmen honen programa gauzatzearen ondorioz, pertsonen eta ondasunen aurka gerta litekeen edozein gertakari estaltzen du, baldin eta jarduerak Euskadiko Gurutze Gorriko egoitzetan edo zentroetan egiten badira.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta amaiera.
Hitzarmen hau sinatzen den unean sartuko da indarrean eta lau urtez iraungo du. Sinatzaileek, epe hori amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmena beste lau urterako luzatzea adostu ahal dute, edo hitzarmena azkentzea, Sektore Publikoko Araudiari buruzko 40/2015 Legearen arabera.
Hamargarrena.– Boluntarioak.
Gurutze Gorriak poliza bat izango du, hitzarmen honen esparruan burutzen diren jardueretan parte hartzen duten boluntarioentzat egokia dena, Legeak ezartzen duenaren arabera. Halaber, inoiz ez da boluntarioen eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arteko menpekotasun-harremanik ezarriko.
Hamaikagarren.– Gatazkak konpontzea.
Hitzarmen hau aplikatzearen ondorioz sor litezkeen interpretazio, aldaketa, ebazpen eta eraginei buruzko auzigaiak bi alderdien adostasunarekin konpondu beharko dira, eta, besterik ezean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari egokituko zaio horien gaineko eskumena.
Eta hala jasota gera dadin eta horrekin bat datozela adierazteko, bi aldeek hitzarmen hau sinatzen dute goian adierazitako lekuan eta datan.
Gurutze Gorriaren EAEko Autonomia Batzordearen lehendakaria,
IÑAKI IRUSTA BILBAO.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.