EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017066

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 23koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Donostialdeko Metroko Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko proiektuak» ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-03-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201701725
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/06/01ean argitaratutako 2012/03/08ko EBAZPENA [201202472]
  • Ikus 2012/08/07an argitaratutako 2012/06/21eko EBAZPENA [201203623]
  • Ikus 2015/05/29an argitaratutako 2015/05/15eko EBAZPENA [201502380]
  • Ikus 2016/02/15ean argitaratutako 2016/01/21eko EBAZPENA [201600665]

Lugaritz-Easo tartearen informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduko 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2015eko maiatzaren 29an eman zen argitara EHAAn eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, baita 2015eko uztailaren 13an ere, epea luzatzeko. Halaber, behar besteko epean egon da ikusgai Donostiako Udalaren iragarki-oholean.
Izapide horietan, hainbat edukitako alegazio eta iradokizunak aurkeztu dira. Horiek aztertu ondoren, hala behar zenean aintzat hartu dira, banan-banan eman zaien erantzunetan jasota dagoen bezala. Bereziki, aipatu da partzialki onartu direla sei alegazio, Donostiako Udalak eta Aiete auzoko eraginpekoek aurkeztutako alegazioetatik.
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez (2012ko ekainaren 1eko EHAAn argitaratua), Lugaritz-Anoetako proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen; adierazpen horretan, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu ziren.
2014ko uztailaren 15eko txosten baten bidez, ingurumen-organoak iritzi zion ez zela egin behar ez ingurumen-inpaktuaren beste ebaluazio bat, ez urtarrilaren 11ko 1/2008 LEDeko beste izapiderik; horrenbestez, hainbat tartetarako egin zen eta Ingurumeneko sailburuordeak 2012ko ekainaren 21eko Ebazpen bidez onartu zuen (2012ko abuztuaren 7ko EHAAn argitaratua) ingurumen-inpaktuaren adierazpen bateratuak balio izango du proiektu honetarako, Lugaritz-Anoeta tartea barnean baitzegoen.
Lugaritz-Easo tartearen informazio-azterlana, eta dagokion jendaurreko espedientea, behin betiko onartu zen Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 21eko ebazpen baten bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2016ko otsailaren 15ean.
Informazio-azterlana bi eraikuntza-proiektutan dago banatuta: Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bidez onartzen da «Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko proiektua».
«Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko proiektuaren» helburua linearen tarte hori ezartzeko beharrezko obra zibilak definitzea, baloratzea eta planifikatzea da.
Proiektu horren xede den tarteak, zeina 2,1 km luze baita, Lugaritz geltokiaren eta Mirakontxa inguruaren artean izango du ibilbidea. Tarte hori trenbide bikoitzeko tunela izango da, eta lurpeko geltoki bat egongo da: Bentaberri.
Tunel berria egiteko lanak egungo Lugaritz-Amara tunelarekiko loturarekin hasiko dira, Lugaritz geltokiaren irteeratik 90 metro ingurura. Teleskopioaren ondoren, metroaren tunel berria irekiko da ipar-mendebalderantz. Tunel hori, beheranzko kurba -eta kontrakurba-trazaketaren ostean, Bentaberri geltoki berriko nasen leizera helduko da.
Bentaberri geltokiak bi sarbide izango ditu: bat Xalbador Bertsolariaren eta Pedro Ugartemendia kaleen arteko elkargunean eta bestea, Bentaberri enparantzan, hots, Antiguo (Matia kalearen bukaera) eta Bentaberri auzoen arteko mugan. Halaber, konexio-igogailu bat ere izango du, kaleko sarbidea Zarautz Kaleko espaloian izango duena, 35 zenbakiaren aurrean.
Geltokiaren ondoren, ibilbideak berriro egiten du behera, ? 23,5eko maldarekin, eta berriro egiten du gora ondoren, ? 17,25eko maldarekin, 2+144,41 KPraino. Hori da ibilbidearen amaiera eta hurrengo tartearekiko konexioa.
Lana gauzatzeko, bi eraso-arrapala daude proiektatuta. Lehenak Zarautz kalean du sarbidea, geltokiaren hegoaldean. Bigarrenak, Sanserreka pasealekuaren azpiko ezpondan du ahokatzea, Pio Baroja pasealekuaren 47 zenbakiaren parean. Azken hori izango da, behin lanak amaitutakoan, larrialdietarako irteera eta aireztatzeko galeria.
Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, proiektuan ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak datoz.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen). Horrek indarrean dirau Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluaren arabera, trenbide-linea berriak jartzeko edo lehendik daudenak handitu edo zabaltzeko proiektuak onartzen direnean, eta, onespen horretan okupatu beharreko ondasunak zehaztuta daudenean, onespenak berekin dakar –nahitaezko desjabetzearen eskakizunen eta prozeduraren ondorioetarako– proiektua bera eta horren gaineko aldaketak herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat direla adieraztea, eta proiektuarekin batera doan zerrendan jasotako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla aitortzea.
Nolanahi ere, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra proiektuaren onespenak inplizituki berekin dakarren arren, Nahitaez Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrera atera behar dela ezartzen du, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izateko, hain zuzen ere okerrik baldin badago horiek zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik,
EBAZTEN DUT:
«Donostialdeko metroaren Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean erakustea, ebazpen hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik aurrera hamabost (15) egun balioduneko epean, alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako Udalaren iragarki-oholean egongo da, nahi duenak ikusteko.
Guztiek horren berri izan dezaten jakinarazten da hau.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 23a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.