EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-04-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017065

AGINDUA, 2017ko otsailaren 24koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Eki Fundazioa»ren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-02-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201701692
Maila: Agindua
«Eki Fundazioa»ren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko abenduaren 15ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskari bat sartu zen, «Eki Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko; José María Galindez Zubiría jaunak eta María Pía Aguirreche Schaafsma andreak sortu zuten fundazio hori. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko otsailaren 23an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz, eta babeslaritza horrek hori bera berretsi du.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Fundazioaren helburua ardaztuko da beharrizan handienak dituzten herrialdeen garapenerako lankidetzan eta garapenerako hezkuntzan, eta bere jarduera nagusia izango da energia elektriko autonomoko iturriz hornitzea (eguzki-elektrizitate fotovoltaikoa, nagusiki) garapen bidean diren herrialdeetako ikastetxeak, osasun-zentroak eta interes sozialeko zentroak.»
Laugarrena.– Estatutuen 4. eta 5. artikuluetan xedatuaren arabera, fundazioaren egoitza Getxon (Bizkaia) dago, helbide honetan: Algorta etorbidea 16-3., eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Hasierako zuzkidura ehun eta berrogeita hamar mila eta seiehun eurokoa (150.600) da. Agiri bidez jasota geratu da ekarpen hori egin dela erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2021eko azaroaren 21era arteko iraupena izango dute karguok):
– Lehendakaria: José María Galindez Zubiria jauna.
– Patronatukidea: María Pía Aguirreche Schaafsma andrea.
– Patronatukidea: Antonio Galindez Zubiria jauna.
– Idazkaria, zeina ez baita patronatuko kide: Joseba Andoni Olamendi López jauna.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezartzen duen moduetakoren batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; eta Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua).
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-411 erregistro-zenbakiarekin–: Getxoko (Bizkaia) «Eki Fundazioa»ren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zortzigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere bat etorriz 2016ko azaroaren 21ean M. Javier Gimeno Gómez-Lafuente notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin (protokolo-zk.: 2488).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 24a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.