EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017064

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Azpeitiko (Gipuzkoa) «Sistiaga» ustiapen-emakidaren (4760. zk.) ustiapen-proiektua aldatzeari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dena, Altuna y Uria SAk sustatua.

Xedapenaren data: 2017-03-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201701681
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/07/12an argitaratutako 2011/05/17ko EBAZPENA [201103535]
  • Ikus 2016/08/16an argitaratutako 2016/07/26ko IRAGARPENA [201603597]

AURREKARIAK
Ingurumeneko sailburuordearen 2001eko abuztuaren 23ko Ebazpenaren bitartez, Altuna y Uria SAk Azpeitiko udal barrutian sustatu duen Sistiaga harrobiko ustiapen-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.
2002ko uztailaren 5ean ebazpen bat eman zen, zeinaren bitartez onartzen baitzen Construcciones Altuna y Uria SAk Sistiagako harrobiaren ustiapenetik eratorritako hondakinetarako toki alternatiboak aztertzea, 2001eko abuztuaren 23ko Ebazpenaren d.3.1 eta g.1 apartatuetan ezarritakoa betetzeko.
2002ko abenduaren 4an beste ebazpen bat eman zen, eta, bertan, Garin errekastoko zati bat lehengoratzeari dagokionez, 2001eko abuztuaren 23ko adierazpenean eskatzen zen agiria onartzen zen.
Aipatutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenak agindutakoa betetzeko, 2011ko maiatzaren 17ko eta 2012ko apirilaren 16ko ebazpenen bidez, Garin egikaritze-proiektua onartu eta aldi berean ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatu zen eta harrobitik igarotzean Sistiagako errekastoko ubide eta bazterrak lehengoratzeko proposamena onartu zen, hurrenez hurren, ingurumen-ondorioetarako baino ez.
2016ko maiatzaren 13an Ingurumen Administrazioko zuzendariaren ebazpena eman zen, zeinaren bitartez egin baitzen, Azpeitiko udal barrutian Altuna y Uria SAk sustaturik, «Sistiaga» ustiapen-emakida aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuko azterketaren irismeneko dokumentua.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkariaren 2016ko uztailaren 26ko iragarkiak jendaurrera ekarri zituen, hogeita hamar egun baliodunez, Gipuzkoako Lurralde Historikoan «Sistiaga» meatze-emakidaren ustiapen-proiektua aldatzea dakarren ustiapen-proiektuaren eta horrek izango duen ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa betetzeko; iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren argitaratu zen 2016ko abuztuaren 16an (154. zenbakia), eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 151. zenbakian, 2016ko abuztuaren 9an.
Horrez gain, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen dena betetzeko, 2016ko uztailaren 27an Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.
Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du jendaurreko informazio aldia eta entzunaldia amaitu direla eta zenbait alegazio jaso izan direla, edukiz ezberdinak direnak; sustatzaileak alegazio horiek kontuan izan ditu ingurumen-inpaktuaren azterketaren behin betiko bertsioa idaztean.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko azaroaren 24ko ebazpenaren bidez, baimena ematen da atmosfera kutsa lezaketen jarduerak garatzeko eta aldatu egiten da Azpeitiko udal barrutian Altuna y Uria SAk sustatzen duen Sistiagako harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, e.3 puntuari dagokionez (Hautsaren kontrola).
2017ko otsailaren 14an, Ekonomi Garapenaren eta Azpiegituren Sailak «Sistiaga» ustiapen emakida (4760 zk.) ustiatzeko proiektua aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Eskaerak dokumentazio hau hartzen zuen barne:
– Azpeitiko «Sistiaga» 4.760 zk. UEren ustiapen-proiektuaren aldaketa.
– Ingurumen-inpaktuko azterketaren testu bategina, 2017ko otsailean datatua.
– Jendaurreko informazioaren izapideko emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.
– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatze aldera.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren (Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluaren c) letrak ezarritakoaren ondorioetarako, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa bete behar dute I. eranskinean edo II. eranskinean adierazitako proiektu baten ezaugarrien edozein aldaketek, baldin eta aldaketa horrek berez betetzen baditu I. eranskinean ezarritako atalaseak.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta proiektua gauzatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; lehendakariaren 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Sistiaga» ustiapen-emakidaren (4760 zk.) ustiapen-proiektua aldatzeari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten da, zeina proiektuaren aldekoa baita. Proiektua Altuna y Uria SAk sustatu du.
Proiektu honen bitartez ustiapen zuloaren geometria aldatzen da, 29.352 m
Orain egiten den jarduerarekin aire librean hondeatzen da, ezponda behartuko metodoa erabiliz eta beheranzko ustiapenean. Materiala zulaketa eta leherketa bidez ateratzen da, edo atzerako hondeamakinaz. Ateratako materiala ustiapen eremu berriaren erditik (lan-eremu bakoitzean) doazen pistetatik garraiatzen da biltzen den onura-instalazioetara, eta han garbitu, tamainaz txikitu eta sailkatu egiten da merkaturatzeari begira. Hondakinak edo aprobetxatu ezin den materiala kargatu eta iparreko hondakindegira (Garin) eramaten da orain dauden pistetatik, ustiategi-zuloaren ekialdetik eta iparraldetik, eta, sustatzailearen arabera, hondakindegi horretan bada nahiko tokirik aldaketa honengatik sortuko diren hondakinak hartzeko.
Ez da instalazio gehiago beharko denik aurreikusten lehendik daudenen aldean, eta, halaber, ez da aldaketarik nozituko ez iturburutik hartzeko baimenean deneko ur kopuruan ez eta Sistiagako errekastora botatzera onartutako isurketan.
Atera eta ondoren onura-instalazioetan tratatuko den material kopurua asko handiko da, eta beraz, gehitu egingo dira atmosferara egiten diren igorpenak (hautsa eta trafikoa), zarata eta dardarak (leherketa gehiago egingo dira), hondakin eta zabor gehiago sortuko da, baliabide natural gehiago erabiliko dira baita, zenbait landaredi eta fauna ezabatuko da, eta gehitu egingo da erabiliko den ur kopurua (hori neurri txiki batean, ahal dena berrerabili egingo baita) eta hondakinak. Aldaketak paisaian ez du askorik eragingo oraingo aldean.
Ustiapen-aldaketak badu lehengoratze-plan bat ere, pixkanaka garatuko da, aldaketak aurrera egin ahala, eta erauzketa-guneaz gain instalazioen eta materiala pilatzeko tokiak ere hartuko ditu.
Bigarrena.– Altuna y Uria SAk sustatzen duen «Sistiaga» ustiapen-emakidaren (4760 zk.) ustiapen-proiektuaren aldaketa gauzatzeko, baldintza batzuk ezartzen dira proiektua gauzatzeko, eta ondoren azaltzen dira; baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.
A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko zaio.
Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta aurreko apartatuan adierazitako garrantzirik ez badute eta jarduerak egiten diren bitartean sortzen badira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan eta aurrekontuan jasoko dira proiektuari egingo zaizkion aldaketak.
C) Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ekonomi Garapen eta Azpiegituren Sailak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketa finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izango dute, gauzatzea bermatua izan dezaten.
C.1.– Proiektuaren eremua.
Jardueraren eraginpeko gehieneko esparrua bat etorriko da proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoarekin, eta 2017ko otsaileko ingurumen-inpaktuari buruzko azterlan bateginaren planoan zehaztuta daude, «Ustiapenaren faseen planoa, Azken egoera» izeneko planoan.
Muga horien erreferentzia bat finkatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta.
C.2.– Ondare naturala babesteko neurriak.
Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezie babestea ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuetan ezarritakoa aplikatzea ezertan galarazi gabe, zuhaizti landaretzari (pagadia, baso azidofiloa...) eragiten dien jarduerak gutxieneko eremuan egingo dira, ezinbestez, eta, edozelan ere, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan ezarri diren gehieneko afekzio-mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen zirkulazioa.
Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
C.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan, uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
C.3.1.– Bai bideak, instalazioak eta kamioiak garbitzeko sistemetatik sortuko diren urak bai jariatze-urak dekantazio-baltsetan bildu eta tratatu beharko dira, isuri aurretik. Dekantazio-baltsa horien neurriak zehazteko egin beharko diren kalkulu hidraulikoek ondorioztatzen dituzten araberakoak izango dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.
Drainatze sarea eta horren azken elementuak, dena den, proiektuaren garapen segidako faseetan ustiategia hartzen joango den egiturari egokitu beharko dira, uneoro bermatuta egongo delarik ustiapen eremuan sortuko diren jariatze-uren bilketa, solidoen atxikitze egokia eta isurketa mugatu zein indarreko araudiaren araberakoa.
C.3.2.– Dekantazio-baltsen sistema aldiro zaindu eta garbituko da, funtzionamendu egokiena bermatze aldera, hala ziurtatu baitaiteke ur-kalitateari buruzko araudia betetzen dela; pilatzen doazen lohiak aldiro-aldiro aterako dira, tratamendu sistemaren errendimendu hoberena lortzeko xedez. Aipatutako lohiak Ebazpen honen C.6 letran aurreikusten denari jarraituz kudeatuko dira.
C.3.3.– Sortzen diren efluente-isurketek beroriek baimentzeko eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
C.3.4.– Putzu septikoa eta iragazki biologikoa egingo dira, komunetako urak tratatzeko.
C.3.5.– Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
C.3.6.– Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (erroilu erakoa edo gai pikortatua, etab.) izango da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.
C.3.7.– Ustiapenaren eremuan kutsatua egon daitekeen lurzati moduan inbentariatutako (20018-00113 kodea) partzela bat dago, isurketak egiten jardun den toki bat delako; partzela hori bat dator iparreko hondakindegiarekin, Garinekin. Kutsadura aztarnarik agertzen bada, horko lurrak mugitu behar izatekotan kontuan izango da lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.
C.4.– Airearen kutsadura prebenitzeko neurriak.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa). Sistiaga harrobiak badu atmosfera kutsa lezaketen jarduerak garatzeko baimena, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bidez eman zen 2016ko azaroaren 24an. Ildo horretan, baloratu egingo da aldaketa honek baimen hori eguneratzea eskatzen duen ala ez aztertzea.
Aurrekoaren eta dagokion baimenean azaldutakoaren kalterik egin gabe, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:
C.4.1.– Partikuletarako immisioko muga-balioak –urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoak– gainditu gabe gauzatu beharko da jarduera.
C.4.2.– Zulaketa-lanetan, lan-talde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.
C.4.3.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan. Mantentze eta garbiketa lanak egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarreretan, hauts barreiadura murriztu dadin.
C.4.4.– Hautsa murrizteko dauden sistema guztiak aldiro-aldiro berrikusiko dira eta egoera onean egon beharko dute, bai onura-instalazioenak (zinta garraiatzailearen gainak, babes-estalkiak, etab.), bai makineriarenak (hauts-kaptadoreak) bai pistetako ureztatze-sistemak (aspertsore-sistema, zisternak).
C.4.5.– Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.
C.4.6.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
C.4.7.– Horrez gainera, ustiapen fasean atmosferara partikulen isurketa murrizteko beharrezko neurriak hartuko dira, bereziki negutegi-efektuko gasekin zerikusia dutenekin.
C.5.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.
C.5.1.– Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo onak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makinariaren mantentze orokorra egiterakoan.
C.5.2.– Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta isurketa-akustikoei dagokienez, erabilitako makinek bat etorri behar dute kanpoaldean erabilitako makinen soinu emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenekin, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatzen denarekin.
C.5.3.– Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.
C.5.4.– Zarata-iturburu berririk balego, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jarduerei aplika daitezkeen gehieneko balioak bete beharko dituzte.
C.5.5.– Leherketen proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin behar dira; hortaz, proiektuaren eragin-eremuan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikuntzen agerieneko fatxadan.
C.5.6.– Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistemarekin jarraitu beharko du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.
C.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
C.6.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Meategiko hondakinak Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.
Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hau izango da hondakinak ezabatzeko aukera bakarra: aldez aurretik haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela frogatzea.
C.6.2.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, honako hauen arabera kudeatuko dira: abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua (Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua (Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duena). Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, soilik kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak baimenduko dira. Adierazle horiek Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota.
C.6.3.– Proiektua gauzatzerakoan eta ustiapenaren amaieran, instalazioak altxatzen direnean, hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz (onura-instalazio berriak egitea, instalazio zaharkituak eraistea eta abar), hondakin horiek otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan, eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen baititu, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
C.6.4.– Hondakin arriskutsuentzako ontzien kasuan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (833/1988 Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); ontziak itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko puntuan aipatutako edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiak agintzen duen moduan.
C.6.5.– Olio erabiliak Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.
Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
C.6.6.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.
C.6.7.– Eremu jakin bat egokituko da, instalazio estaliekin, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
C.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskadiko kultura-ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen beste xedapen batzuk bete arren, eta beste lurzoru bat ustiatu aurretiko sasi-garbiketaren ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak egindako txostenaren arabera, arkeologia prospekzio bat egingo da interes arkeologikoko elementurik dagoen baztertzeko.
C.8.– Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.
Erauzketa-lanek aldatutako natura guneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:
C.8.1.– Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.
C.8.2.–
C.8.3.– Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.
C.9.– Jarduera uztea.
Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak altxatzeko lanetarako neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuz egingo dira, Ebazpen honetan ustiapen faserako ezarri direnen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere landaretza, uren kalitatea eta hondakinak eta lurzoruak babesteari buruzkoak.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lursail bat dago proiektuaren esparruan, zehazki 20018-00113 kodeaz jasotakoa (erauzketa-lanengatiko isurketak dira lursail horretan). Sustatzaileak ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan aurreikusita den lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenerako prozedura hasi beharko du; betiere, sustatzaileak lurzoru horietan ez duela kutsagarriak izan daitezkeen jarduerarik burutu justifikatzeko aurkezten duen dokumentazioaz ingurumen organoak egiten duen balorazioa ezertan galarazi gabe.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Jardueraren titularrak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
D.1.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusia denarekin bat datorrela egiaztatuko da, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.
D.2.– Isurketa-uren eta lurzoruaren kalitatea kontrolatzea.
Sustatzaileak uren gainean proposatutako kontrola alde batera utzi gabe, ez eta isurketak baimentzeko eskumena duen organo eskudunak zein Ingurumen sailburuordearen 2011ko maiatzaren 17ko Ebazpenean, Garin meategi-hondakindegia egiteko proiektua ingurumen ikuspegitik onartzen duenak, azaltzen dituenak, Sistiaga errekastoaren uren kalitatearen analisiak egingo dira, isurketa-gunetik uretan gora eta uretan behera. Horretarako, indize biotikoa aztertuko da sei hilabetean behin, bai eta honako parametro fisiko-kimiko hauek ere: pH-a, solido esekiak, konduktibitatea, eta olio eta koipeak.
Bestalde, egiaztatuko da substantzia toxikoak ustekabean isurtzearen ondorioz lurzorua kutsatu den (olioak eta hidrokarburoak bereziki). Halaber, iparraldeko hondakindegian, Garinen, botatzen diren hondakinak harrobia zuzenean ustiatzetik sortutakoak baino ez direla egiaztatuko da aldizka.
D.3.– Airearen kalitate-kontrola.
Hautsaren kontrola Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2016ko azaroaren 24an onartutako planak, atmosferaren kutsadura zaintzeari buruzkoak, azaltzen duenari jarraituz egingo da. Ebazpen horretan baimena ematen da atmosfera kutsatu lezaketen jarduerak garatzeko eta Altuna y Uria SAk sustatutako Sistiagako harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzen da, hain zuzen e.3 puntuari dagokiona (Hautsaren kontrola).
Hemen onartzen den aldaketak baimen horri eragiten badio eta beste ebazpen bat egiten bada, ebazpen horretan jasoko den atmosfera zaintzeko plan berriak ezarritakoa beteko da.
Horrez gain, aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen denez, esekidurako partikulentzako (PM10) kontrol-puntu bat jarriko da hilero 24 orduz egiteko Urruzuno baserrian, eta beste bat ere bai Igara baserrian hilabetez eta lau hilabetean behin partikula jalkikorrak kontrolatzeko.
D.4.– Zarata eta dardara kontrolatzea.
Kutsadura akustikoari buruzko kontrolak egingo dira hilero honako baserri hauetan: Keixeta, Aizpurua, Aizpurua-bekoa, Garin, Urruzuno eta harrobiaren eta Loiolako santutegiaren arteko puntu finko batean.
Neurketak egunez egingo dira, harrobian jarduera handiena dagoen unetan.
Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta bera garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.
Dardaren kontrolaz denaz bezainbatean, leherketen ondoren neurketak egingo dira inguruko eraikinetan gertatzen diren dardarak eta aireko uhinaren presioak hartzeko. Dardarak kontrolatzeko metodoak eta horien erreferentziazko balioak UNE 22-381-93 arauan aurreikusitakoak izango dira.
Ebazpen hau argitaratzen denetik lehen urtean neurtzen jardungo dira dardarak eta aireko uhinaren presioak, Keixeta, Aizpuru-bekoa eta Urruzuno baserrietan kontrolak jarrita. Lehen urtean izandako emaitzak ikusita, kontrolen aldizkakotasuna aldatu ahal izango da, jardueraren titularrak hala eskatuta.
D.5.– Jardueraren praktika onen kontrola.
Praktika onak kontrolatu egingo dira jardueran zehar; proiektuaren ekintzek duten eragina egiaztatuko da eta arreta berezia jarriko da eragindako azaleran, hautsean eta zaratan, ur-kudeaketan, hondakinen kudeaketan nahiz Ebazpen honetan adierazitako beste alderdi batzuetan.
D.6.– Ingurumena Ikuskatzeko programari buruzko agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Ingurumena zaintzeko programaren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzea bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.
Kalitate-balioak legediak zehazten dituen muga-balioen edo balio-giden araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuak eragindako eremuaren xehetasun eta ezaugarriek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoa irizten den parametroetan.
D.7.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
F) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.
Dokumentazio hori organo substantiboak igorri beharko dio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, hark aurretik proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioari oniritzia eman eta gero.
F.1.– Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina, ebazpen honen D.6 atalean azaldua.
F.2.– Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza, ebazpen honen D.7 apartatuan ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; epea, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.– Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen berri emango zaio Ekonomi Garapen eta Lehiakortasunaren Sailari, Azpeitiko Udalari eta Altuna y Uria SA merkataritza-sozietateari.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.