EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017064

42/2017 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Justizia Ministerioaren eta Justizia Administrazioak funtzionatzeko behar dituen bitarteko material eta ekonomikoen inguruko funtzioak eskuratuta dituzten autonomia-erkidegoen artean sinatutako hitzarmena argitaratzeko xedatzen duena Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Batzordean autonomia-erkidegoek izan behar duten ordezkaritza-sistema ezartzeko helburuz.

Xedapenaren zenbakia: 201700042
Xedapenaren data: 2017-03-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201701677
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Batzordean autonomia-erkidegoek izan behar duten ordezkaritza-sistema ezartzeko helburuz Justizia Ministerioaren eta justizia-administrazioak funtzionatzeko behar dituen bitarteko material eta ekonomikoen inguruko funtzioak eskuratuta dituzten autonomia-erkidegoen artean sinatutako hitzarmenaren testua, ebazpen honen eranskina dena.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 16KO 42/2017 EBAZPENARENA.
LANKIDETZA-HITZARMENA, JUSTIZIA MINISTERIOAREN ETA JUSTIZIA-ADMINISTRAZIOAK FUNTZIONATZEKO BEHAR DITUEN BITARTEKO MATERIAL ETA EKONOMIKOEN INGURUKO FUNTZIOAK ESKURATUTA DITUZTEN AUTONOMIA-ERKIDEGOEN ARTEAN SINATUTAKOA, BIKTIMEI LAGUNTZEKO AHOLKULARITZA BATZORDEAN AUTONOMIA-ERKIDEGOEK IZAN BEHAR DUTEN ORDEZKARITZA-SISTEMA EZARTZEKO HELBURUZ.
Madril, 2016ko irailaren 30a.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA
Rafael Catalá Polo jauna, jarduneko Justiziako ministroa, irailaren 28ko 829/2014 Errege Dekretuaren bidez izendatua, zeinak egintza honetan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (azaroaren 26ko 30/1992 Legeak) hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez ematen dizkion eskumenak baliatzen baititu.
Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, lehendakariaren abenduaren 15eko 22/2012 Dekretuaren bidez izendatua, zeinak egintza honetan lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak) ematen dizkion eskumenak baliatzen baititu.
Carles Mundó i Blanch jauna, Justiziako sailburua, urtarrilaren 13ko 3/2016 Dekretuaren bidez izendatua, zeina egintza honetan Kataluniako Generalitateko Administrazioaren ordezkari-lanetan ari baita, Generalitateko Gobernuaren 2016ko irailaren 27ko erabakiaren bidez emandako baimenaren arabera.
Alfonso Rueda Valenzuela jauna, Galiziako Xuntako lehendakariordea eta Lehendakaritza, Administrazio Publiko eta Justiziako sailburua, zeinak egintza honetan Xunta eta haren lehendakaritza arautzen dituen Legearen (otsailaren 22ko 1/1983 Legearen) 34. artikuluan, Galiziako Xuntako lehendakariorde izendatzen duen Dekretuan (abenduaren 2ko 230/2012 Dekretuan) eta Galiziako Xuntako sailetako titularrak izendatzen dituen Dekretuan (abenduaren 2ko 229/2012 Dekretuan) ematen zaizkion eskumenak baliatzen baititu.
Emilio de Llera Suárez-Bárcena jauna, Andaluziako Juntako Justizia eta Barneko sailburua, Andaluziako Autonomia Erkidegoaren izen eta ordezkaritzan, Andaluziako Juntako sailburuak izendatzen dituen Dekretuan (lehendakariaren ekainaren 17ko 14/2015 Dekretuan) xedatutakoaren arabera, zeinak Andaluziako Juntako Administrazioaren Legearen (urriaren 22ko 9/2007 Legearen) 9. artikuluan eta Justizia eta Barne Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Dekretuan (uztailaren 14ko 214/2015 Dekretuan) esleitzen zaizkion eskumenak baliatzen baititu.
Guillermo Martínez Suárez jauna, Asturiasko Printzerriko Gobernuko Lehendakaritza eta Herritarren Partaidetzako sailburua, Gobernu Kontseiluko kideak izendatzen dituen Dekretuaren arabera (Asturiasko Printzerriko lehendakariaren uztailaren 28ko 7/2015 Dekretua; Asturiasko Printzerriko Aldizkari Ofiziala, 2015eko uztailaren 29koa), zeinak egintza honetarako eskumena baitu Gobernu Kontseiluaren 2016ko abuztuaren 31ko erabakiaren bidez.
Rafael Ángel de la Sierra González jauna, Kantabriako Autonomia Erkidegoko Lehendakaritza eta Justiziako sailburua, uztailaren 10eko 4/2015 Dekretuaren (Gobernu Kontseiluko lehendakariordea eta gainerako kideak izendatzen dituenaren) bidez izendatua.
Conrado Escobar Las Heras jauna, Gizarte Politika, Familia, Berdintasun eta Justiziako sailburua, lehendakariaren uztailaren 10eko 10/2015 Dekretuaren bidez izendatua, zeinak Gobernuaren eta bere kideen bateraezintasunen Legearen (urriaren 28ko 8/2003 Legearen) 42.1 k) artikuluari jarraikiz dagozkion eskumenak baliatzen baititu.
Gabriela Bravo Sanestanislao andrea, Valentziako Generalitateko Justizia, Administrazio Publiko, Erreforma Demokratiko eta Askatasun Publikoetako sailburua, Generalitateko lehendakariaren ekainaren 29ko 8/2015 Dekretuaren bidez izendatua, zeina egintza honetarako Consellaren 2016ko irailaren 9ko Erabakiaren bidez baimenduta baitago.
Vicente Guillén Izquierdo jauna, Aragoiko Gobernuko Lehendakaritzako sailburua, Aragoiko Gobernuaren Lehendakaritzaren 2015eko uztailaren 5eko Dekretuaren bidez izendatua (Aragoiko Aldizkari Ofiziala, 2015eko uztailaren 6koa, 128 zk.), Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izen eta ordezkaritzan, zeina egintza honetarako Aragoiko Gobernuaren 2016ko uztailaren 26ko Erabakiaren bidez ahaldunduta baitago.
Aarón Afonso González jauna, Lehendakaritza, Justizia eta Berdintasuneko sailburua, Kanarietako Autonomia Erkidegoko lehendakariaren uztailaren 9ko 105/2015 Dekretuaren bidez izendatua, Kanarietako Autonomia Erkidegoaren izen eta ordezkaritzan, zeinak Kanarietako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Legearen (uztailaren 26ko 14/1990 Legearen) 29.1 k) artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatzen baititu, abenduaren 22ko 331/2011 Dekretuaren bidez onartutako Lehendakaritza, Justizia eta Berdintasun Sailaren indarreko araubide organikoarekin bat.
María José Beaumont Aristu andrea, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako sailburua, Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez izendatua, zeinak Nafarroako Foru Erkidegoaren Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90.1 artikuluari jarraikiz dagozkion eskumenak baliatzen baititu.
Ángel Garrido García jauna, Madrilgo Erkidegoko Lehendakaritza, Justizia eta Gobernu Bozeramailetzako sailburua, Madrilgo Erkidegoko Cristina Cifuentes Cuencas lehendakariak eskuordetuta (irailaren 29ko 55/2016 Eskuordetze Dekretua), zeina Madrilgo Erkidegoko araudia urtarrilaren 13ko 4/1999 Estatu Legera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzekoa) egokitzeko 8/1999 Legearen 4.1 artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen) 16.1 artikuluan esleitutako eskumenez baliatzen baita.
Aldeek dagokien ordezkaritza aitortu diote elkarri, bai eta erabaki hau egilesteko nahikoa legezko gaitasun ere, eta horiek horrela
AZALTZEN DUTE:
I.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioak arautzen ditu I. tituluan, eta printzipio horietako bat da elkarrengandik kooperazio eta laguntza aktiboa jaso behar dutela haien eskumenak modu eraginkorrean erabiltzeko; horrez gainera, autonomia-erkidegoetako administrazioen organoekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko aukera arautzen da, haiek dituzten eskumenen esparruan.
II.– Estatuak eskuduntza esklusiboa du Justizia Administrazioaren alorrean, hori arautzen baitu Espainiako Konstituzioaren 149.1.5 artikuluak.
III.– Martxoaren 5eko 453/2012 Errege Dekretuari jarraikiz, Justizia Ministerioari dagokio, indarreko lege-xedapenek ematen dizkioten eskumenen eremuan, antolamendu juridikoa garatzeko Gobernuaren politika proposatu eta betearaztea, beste sail batzuen eskumenak galarazi gabe, bai eta Justizia Administrazioaren babes eta antolaketarako politika proposatu eta betearaztea ere.
IV.– Hitzarmen hau sinatzen duten autonomia-erkidegoei dagozkien eskumenak honako hauek dira:
– Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bitartez, Estatuko Administrazioaren eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko prozesua hasi zen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan.
– Bestalde, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizunak Kataluniako Generalitatera eskualdatzeko prozesua uztailaren 8ko 1553/1994 Errege Dekretuaren bidez hasi zen.
– Galiziako Autonomia Estatutuaren 20.1 artikuluari jarraikiz (apirilaren 6ko 1/1981 Lege Organikoaren bidez onartua), Justizia Administrazioari dagokionez, botere judizialaren lege organikoek eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren legeek Estatuko Gobernuari aitortutako edo esleitutako ahalmen guztiak bete behar ditu Galiziako Autonomia Erkidegoak, militarra salbu. Estatutuko klausula horretan oinarrituta, hain zuzen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren alorrean Estatuko Administrazioak betetzen zituen funtzioak Galiziako Autonomia Erkidegoaren esku utzi ziren, eta, horretarako, azaroaren 4ko 2166/1994 Errege Dekretua ezarri zen.
– Andaluziako Autonomia Erkidegoan, bestalde, urtarrilaren 31ko 141/1997 Errege Dekretuaren eta urtarrilaren 31ko 142/1997 Errege Dekretuaren bidez eskualdatu ziren Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko material, ekonomiko eta pertsonalen gaineko eginkizun eta zerbitzuak.
Bestetik, Estatutuko 29. artikuluak delituen biktimekiko arreta bermatzen du (autonomia-erkidegoko politika publikoen printzipio gidari aitortzen du), eta 37. artikuluan bereziki erreparatzen die egintza terrorismoen ondoriozko biktimei.
– Irailaren 1eko 966/2006 Errege Dekretuaren bitartez, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako bitarteko material eta ekonomikoen horniduraren arloan Estatuko Administrazioko funtzio eta eginkizunak Asturiasko Printzerriko Autonomia Erkidegora eskualdatzeko prozesua hasi zen, eta Dekretu horren B).1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, Asturiasko Printzerriko Autonomia Erkidegoak beregain hartzen dituen Estatuko Administrazio Orokorreko zerbitzu eta eginkizunen artean dago «(...) Biktimei laguntzeko bulegoetan laguntza psikologiko espezializatua(...)» ematea.
– Ekainaren 22ko 817/2007 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuak Kantabriako Autonomia Erkidegora eskualdatzeko prozesua hasi zen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan.
– Errioxako Autonomia Estatutuak (ekainaren 9ko 3/1982 Lege Organikoaren bidez onartutakoak), martxoaren 24ko 3/1994 Lege Organikoak (Errioxako Autonomia Estatutuaren eskumenak zabaltzekoak) eta urtarrilaren 7ko 2/1999 Lege Organikoaren II. kapituluak (Errioxako Autonomia Estatutuaren 3/1992 Lege Organikoa erreformatzekoak) Justizia Administrazioa lantzen dute.
Errioxako Autonomia Erkidegoak eskumenak ditu botere judizialean integratu gabeko langileen gainean, Justizia Administrazioaren bitarteko materialetan, abenduaren 30eko 1800/2010 Errege Dekretuaren arabera (Justizia Administrazioaren funtzionamendurako bitarteko pertsonal, material eta ekonomikoen horniduraren arloan Estatuko Administrazioaren eginkizun eta funtzioak Errioxako Autonomia Erkidegora eskualdatzekoa), eta, orokorrean, Errioxako Justizia Administrazioarekin lotuta Botere Judizialaren Lege Organikoak Espainiako Gobernuari esleitzen dizkion eginkizun eta ahalmen guztiei dagokienez.
– Otsailaren 24ko 293/1995 Errege Dekretuaren bitartez, Estatuko Administrazioaren eginkizunak Valentziako Erkidegora eskualdatzeko prozesua hasi zen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan.
– Abenduaren 14ko 1702/2007 Errege Dekretuaren bitartez, Estatuko Administraziotik Aragoiko Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren Justizia Administrazioaren funtzionamendurako bitarteko pertsonal, material eta ekonomikoen gaineko eginkizun eta zerbitzuak. Justizia Administrazioaren arloan eskualdatutako eskumen horietaz baliatzea Lehendakaritza Sailari dagokio, Aragoiko Gobernuaren Lehendakaritzaren 2015eko uztailaren 5eko Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horren bidez, zehazki, Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren antolaketa aldatzen da, eta Sailei eskumenak esleitzen zaizkie.
– Abenduaren 2ko 2462/1996 Errege Dekretuaren bitartez, Estatuko Administrazioaren eginkizunak Kanarietako Autonomia Erkidegora eskualdatzeko prozesua hasi zen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan.
– Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoaren arabera, azken horrek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahalko ditu gainerako administrazio publikoekin, dagozkien eskumenen esparruan, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzari edo gaiaren araberako sailburu eskudunari egokituko zaio lankidetza-hitzarmen horiek sinatzea.
– Azkenik, Madrilgo Erkidegoko Autonomia Estatutuak (otsailaren 25eko 3/1983 Lege Organikoaren bidez onartutakoak) dio, Justizia Administrazioari dagokionez, Erkidegoko Gobernuaren ardura dela Botere Judizialaren Lege organikoak Nazioko Gobernuari aitortu edo esleitzen dizkion ahalmen guztiak betetzea, militarra salbu. Era berean, uztailaren 1eko 600/2002 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioaren eginkizun eta funtzioak eskualdatzeko prozesua hasi zen, Justizia Administrazioaren funtzionamendurako bitarteko ekonomiko eta materialen horniduraren arloan, eta abenduaren 27ko 1429/2002 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administrazioaren zerbitzu eta eginkizunak Madrilgo Erkidegora eskualdatu ziren, Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko pertsonal eta materialen horniduraren arloan.
V.– Abenduaren 11ko 35/1995 Legeak (indarkeriazko delituen eta sexu-askatasunaren kontrako delituen biktimei laguntzekoak) biktimarengan jartzen du arreta, eta, hala, Estatuaren esku-hartze positiboa eskatzen du, pertsona horrek delitua jasan aurretik zuen egoera berreskura dezan, edo, gutxienez, delituak pertsona horrengan eragin dituen ondorioak arindu daitezen. Lege horren 16. artikuluaren arabera, biktimei laguntzeko bulegoak ezarriko dira. Bulego horiek Justizia Ministerioaren menpeko unitateak izango dira, edo, hala badagokio, gaiaren gaineko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoen menpekoak. Bulego horietan biktimak lagundu eta babesteko beharrizanak aztertuko dira, eta bertako partaide izango dira Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileak, psikologoak edo zerbitzua emateko beharrezkotzat jotzen diren bestelako teknikariak.
Hala, gutxieneko laguntza-esparrua ezarriko da, Estatu osoan berdintasun-baldintzetan eman dadin zerbitzu publiko hori, eta biktimen eskubideak bermatu eta babestu daitezen. Edonola ere, ez dira galaraziko aplikatu beharreko estatuko edo erkidegoko araudiaren arabera bulegoei dagozkien antolamendu-espezialitateak.
VI.– Delituaren Biktimaren Estatutuaren Legeak (apirilaren 27ko 4/2015 Legeak) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/UE zuzentaraua sartzen du, eta hark Kontseiluaren 2001220/JAI esparru-erabakia ordezten du; hala, biktimen duintasunaren gaineko aitorpena abiapuntutzat hartuta, beren ondasun material eta moralak, eta, beraz, gizarte osoarenak defendatzea du xede.
Lege horretan delituen biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dira, eta, horretarako, aipatu Estatutuan jasotako aurreikuspen batzuk garatu behar dira, bertan jasotzen diren eskubideen efikazia bermatzeko. Halaber, biktimei laguntzeko bulegoak ere arautu behar dira. Gainera, Legean jasotzen diren eskubideak Espainian gertatu diren edo Espainian jazarri ahal diren delituen biktima guztiei aplikatuko zaizkie, biktimaren nazionalitatea edozein izanda ere, edo legezko egoitza duen ala ez kontuan hartu gabe.
VII.– Abenduaren 11ko 1109/2015 Errege Dekretuak (Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legea garatzen duenak eta Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak arautzen dituenak) normalizatu egiten du biktimei laguntzeko bulegoen jarduera, Europako araudian eta Delituen Biktimaren Estatutuan jasotako eskubideei erreparatuta.
Bertan, administrazio publikoei berariaz eskatzen zaie koordinazio eta lankidetzarako prozedurak eta jarduera-protokoloak onar eta susta ditzatela, eta, horietan biktimak babesten dituzten elkarte eta kolektiboek ere parte hartuko dute.
Errege Dekretu horren 10. artikuluan Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Kontseilua sortzeko aurreikusten da. Aholkularitza-organo horretan ordezkaritza handia egongo da, eta Justizia Ministerioko Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritza Nagusira atxikita egongo da. Aholkularitza Kontseilu horrek hainbat zeregin bete beharko ditu, biktimen eskubideak errespetatzen direla eta laguntza-sistemak ondo funtzionatzen duela zaintze aldera. Kontseilu honen aholkularitzarekin, Justizia Ministerioak aldian-aldian biktimak laguntzeko sistema ebaluatu ahalko du, eta, Ministroen Kontseiluaren bidez, biktimak hobeto babesteko beharrezko diren neurriak eta erreformak proposatuko ditu.
VIII.– Era berean, Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Kontseiluaren parte izango diren administrazio publiko eta elkarteen ordezkariak ezartzen dira. Adierazitakoaren arabera, horretarako egindako lankidetza-hitzarmenean oinarrituta, Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko pertsonal eta materialak eskualdatuta dituzten autonomia-erkidegoetan hiru ordezkari izendatuko dira, urtero txandatuko direnak. Hiru pertsona horiek gainerakoak ordezkatuko dituzte, eta, halaber, Lehendakariordetzan arituko dira, kasu horretan ere txandaka.
Horrenbestez, administrazio publikoen arteko harremanak arautzen dituzten lankidetza eta kooperazioko printzipioak aplikatuta, eta zerbitzu hobea ematen lagunduko duten formulak ezartzeko asmoz, delituen biktimak bezalako gai delikatu batean, aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko pertsonal eta materialen eskualdaketak jaso dituzten autonomia-erkidegoetan Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Kontseiluko kideak zehazten dituen 10.2b) artikuluan ezarritakoa betetze aldera. Hona hemen lankidetza-hitzarmenaren klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko pertsonal eta materialak eskualdatuta dauzkaten autonomia-erkidegoek Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Kontseiluan izango duten ordezkaritza-sistema ezartzea, abenduaren 11ko 1109/2015 Errege Dekretuaren (Delituen Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legea garatzen duenaren eta Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak arautzen dituena) 10.2 artikuluko b) atalean aurreikusitakoari jarraikiz.
Bigarrena.– Autonomia-erkidegoen ordezkaritza-sistema.
Hitzarmena sinatu duten aldeek adostu dute Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko pertsonal eta materialak eskualdatuta dituzten autonomia-erkidegoek Biktimei Laguntzeko Aholkularitza Kontseiluan izango duten ordezkaritza-sistema hiru ordezkarikoa izango dela, eta urtero txandakatuko dela. Hiru pertsona horiek ordezkatuko dituzte gainerakoak, eta, halaber, Lehendakariordetzaz ere arduratuko dira, kasu horretan ere txandaka. Gai honetan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako ordezkariak zuzendari nagusiak izango dira. Hala ere, ordezkoak izan ahalko dituzte, eta, kasu horretan, garatu beharreko funtzioak eskuordetuko zaizkie.
Autonomia-erkidegoen txandakako ordezkaritzaren ordena ezartzeko, beren lehenengo Autonomia Estatutuak onartzeko ordena jarraituko da, hitzarmen honen ondorio-datatik aurrera hasita.
Hirugarrena.– Hitzarmenaren ondorioak eta aldaketa.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta lau urteko iraupena izango du. Hitzarmena luzatzeko erabaki ahalko da, gehienez beste lau urtez, soilik aldeen artean eranskin bat sinatzen bada, hasierako aldia edo luzapenetako edozein iraungi baino lehen. Era berean, sinatzaileetako edozeinek berariaz uko egin ahalko dio hitzarmenari, hura iraungi baino gutxienez bi hilabete lehenago.
Halaber, sinatzaileek edozein unetan aldatu ahalko dituzte hitzarmen honen baldintzak, elkarren adostasunez, eta, horretarako, hitzarmenaren eranskin bat sinatu beharko dute. Aldaketa hitzarmenaren testuaren zati bereizi ezina izango da.
Laugarrena.– Finantza arloko betebeharrak.
Hitzarmen hau aplikatu eta betearazteak ez dakar, berez, inolako kontraprestazio ekonomikorik edo finantza arloko betebeharrik aldeentzat. Halaber, ez du gastu publikoa igotzen.
Bosgarrena.– Hitzarmena baliogabetzeko arrazoiak.
Hitzarmena baliorik gabe utziko da, honakoren bat gertatuz gero:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitu da, eta ez da hura luzatzeko erabakirik hartu.
b) Alde sinatzaile guztiek aho batez erabaki dute hitzarmena baliogabetzea.
c) Sinatzaileetakoren batek urratu egin ditu beregain hartutako betebeharrak edo konpromisoak.
Kasu horretan, aldeetako edozeinek egin ahalko dio dei urraketa egin duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Dei edo eskaera hori jakinaraziko zaie hitzarmenaren betearazpenari buruzko jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren arduradunari eta gainerako alde sinatzaileei.
Eskarian adierazitako epea igarotakoan urraketak bere horretan jarraitzen badu, zuzendu zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoia, eta, beraz, hitzarmena baliorik gabe geratuko da. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena baliorik gabe geratzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.
d) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartu du.
e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.
Hala ere, hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoiren bat egonda jardueraren bat badago martxan, aldeek, hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako batzordeak proposatuta, martxan dauden eta egokitzat jotzen diren jarduerekin jarraitu eta amaitzea erabaki ahalko dute. Hala eginez gero, luzatu ezin den epe bat ezarriko dute jarduera horiek amaitzeko, eta epe hori igarotakoan jarduerak likidatu egin beharko dira, aurreko atalean adierazitako eran.
Seigarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren izaera eta auziak ebazteko modua.
Lankidetza-hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duenaren) aplikazio-eremutik kanpo geratzen da, arau horren 4.1.C) artikuluak arautzen duena aintzat hartuta. Hala ere, arau horrek xedatzen dituen printzipioak baliatuko dira sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
Hitzarmen hau ulertzeko edo betearazteko orduan inolako gatazkarik pizten baldin bada, sinatzaileek hitza ematen dute bake-bakean ebatziko dutela.
Lankidetza-hitzarmen honek administrazio-izaera duenez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da aldeen artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori arautzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzeko Legeak (uztailaren 13ko 29/1998 Legeak) 1. eta 2. artikuluetan.
Zazpigarrena.– Hedapena.
Hitzarmen hau hedatu, erregistratu eta hari publizitatea emateko, hitzarmena sinatu duen autonomia-erkidego bakoitzean aplikatu beharreko araudia beteko da.
Eta, aurrez adierazitako guztiari jarraituta, alde sinatzaileek hitzarmen honen hiru ale izenpetzen dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, legez dagozkien ahalak erabilita eta ordezkatzen dituzten erakundeak lotuta.
Rafael Catalá Polo jauna, Justiziako ministroa.
Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justiziako sailburua.
Germà Gordó i Aubarell jauna, Kataluniako Generalitateko Justiziako sailburua.
Alfonso Rueda Valenzuela jauna, Galiziako Xuntako lehendakariordea eta Lehendakaritza, Administrazio Publiko eta Justiziako sailburua.
Emilio de Llera Suárez-Bárcena jauna, Andaluziako Juntako Justizia eta Barneko sailburua.
Guillermo Martínez Suárez jauna, Asturiasko Printzerriko Gobernuko Lehendakaritza eta Herritarren Partaidetzako sailburua.
Rafael Ángel de la Sierra González jauna, Kantabriako Lehendakaritza eta Justiziako sailburua.
Conrado Escobar Las Heras jauna, Errioxako Gizarte Politika, Familia, Berdintasun eta Justiziako sailburua.
Gabriela Bravo Sanestanislao andrea, Generalitateko Justizia, Administrazio Publiko, Erreforma Demokratiko eta Askatasun Publikoetako sailburua.
Vicente Guillen Izquierdo jauna, Aragoiko Gobernuko Lehendakaritzako sailburua.
Aarón Afonso González jauna, Kanarietako Lehendakaritza, Justizia eta Berdintasuneko sailburua.
María José Beaumont Aristu andrea, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako sailburua.
Ángel Garrido García jauna, Madrilgo Erkidegoko Lehendakaritza, Justizia eta Gobernuaren Bozeramailetzako sailburua (Madrilgo Erkidegoko lehendakariaren irailaren 29ko 55/2016 Dekretua).