EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017063

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 21ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2017. urtean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko hiru beketarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2017-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201701657
Maila: Ebazpena
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea -benetakoa eta eraginkorra- Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan emakume eta gizonen berdintasun-politika bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzen duen erakundea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan, erakunde horri izendatzen zaio jarduera-eremu guztietan egin beharreko politika taxutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.
Beka-modalitatearen bidez, deialdi honen bidez, bi alderdi batu nahi dira: batetik, azterlanak egin daitezen sustatzeko eta horien gainean herritarrak sentsibilizatzeko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen egitekoak, eta bestetik, ikerlanak egin behar dituzten pertsonen trebakuntza. Izan ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko badugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian, eta abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatu, abiarazi eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, ezin da ukatu. Izan ere, lan horretarako, eskura eduki behar dituzte tresna jakin batzuk, hain justu ere, generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko beharrezkoak direnak; hala baieztatzen du Europako Kontseiluan sortutako «mainstreaming» delakoaren aditu-taldeak. Orobat, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.
Aurrekoagatik, deialdi honetarako, erakunde honen iritziz egoki da aurreko ekitaldi bietan hasitako ildoarekin jarraitzea. Haietan, beken bitartez ikerlan batzuk egitea arautu zen, orain arte behar bezala ekin gabeko eremuetan ikertzea batez ere. Bekak beste laguntza mota bat bezala taxutu dira, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak norgehiagokaren-prozeduraz esleituko dira, behar bezala barematutako esleipen-irizpideei jarraituz. Azkenik, beka emateak inoiz ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.
Ekitaldi honetan ere hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. 1. eta 3. beken helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. Bestalde, 2. bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.
Bestalde, hautagaiak hautatzeko prozedurari eusten zaio, alegia: lehendabiziko hautaketa egiten da, eta ondoren elkarrizketa bat, hautaketa-prozedura egoki kudeatzeko egokitzat jotzen den hautagai-kopuru jakin batekin, eta balorazio-irizpide objektibo eta tasatuak erabiltzen dira.
Inguruabar hauek guztiak kontuan hartuta, deialdi honen bidez beka bakoitzean zehaztutako azterlan-eremuak dinamizatu nahi dira, eta kalitatezko ikerlanak egin daitezen bermatu nahi da, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzen laguntzeko, hain zuzen ere.
Horri jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea hiru beka ematea da, 2017. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.
2. artikulua.– Beka bakoitzaren edukia eta ezaugarriak.
1.– Beka-mota bakoitzaren edukia ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:
a) 1. motako beka: gizarteko eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.
b) 2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan, eta bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan, eta segurtasunean.
c) 3. motako beka: emakumeen sarbidea, parte-hartzea eta eragina arlo soziopolitikoan erabakiak hartzeko arloetan, eta emakumeen buruzagitza eta ahalduntze politiko eta sozialari laguntzen dioten ekimenen eta estrategien bilaketa.
2.– Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka-mota baterako baino gehiagorako ikerketa-proiektuak aurkez ditzakete.
3.– Beka emateak ez du kontratu, lan edo estatutupeko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, eta ez da Euskadiko Administrazio Orokorraren eta Erakundeen bulegoetan burutuko.
3. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.
1.– Deialdi honetako hiru beka mota horiek norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko dira. Ondorio horietarako norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: diru-laguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere deialdian aldez aurretik ezarri diren balorazio-irizpideak betez, eta, irizpide horiek aplikatuta balorazio altuena izan duten eskaerak adjudikatzea, erabilgarri dagoen kredituaren barruan deialdian ezarri den muga errespetatuz.
2.– Aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzen laguntzeko diru-hornidura Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko da. Hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da; horietatik, 23.333,00 euro 2017ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa 46.666,00 euro, 2018ko konpromiso-kredituei.
4. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Bekak jaso ditzaketen pertsonek edo taldeek aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jaso gabeak izango dira, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan ezarritakoa betekizunak bete beharko dituzte eta, horrez gain, ikerlanek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ikerlanaren aztergai-eremua eta garapena Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Argitaratu beharreko ikerlana hizkera ez sexistaz idatzi behar da.
2.– Eskaera egiten duten banakoak edo taldeak izaera bereko beka, diru-laguntza edo laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozesuren batean sartuta badaude eta laguntzak esleitzen bazaizkie, itzulketa- edo zehapen-prozesua amaitu egin beharko da laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
3.– Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, horien titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke, ereduaren arabera, guztia beteta eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan (Manuel Iradier 36, 01005), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskabide-eredua euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/2017/bekak/y22-izapide/eu
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
2.– Halaber, interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan sartu behar da: https://www.euskadi.eus/2017/bekak/y22-izapide/eu
Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html
Eskabidea aurkeztearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko helbidea: http:// www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Erabilitako izapideari buruzko zehaztapenak (aurrez aurrekoari nahiz elektronikoari buruzkoak) eskuragarri daude helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/2017/bekak/y22-izapide/eu
4.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak –aurrez aurrekoa edo elektronikoa- ez dakar prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabili beharra.
5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteko epea Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko maiatzaren 15ean amaituko da.
6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.
1.– Pertsonek edo taldeek eskabidea aurkeztu behar dute, non honako erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko diren:
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, izenpetzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen diru-laguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik, beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.
– Erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik ez duela jaso adierazteko.
– Diru-laguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Zer beka motatara aurkezten den, I. eranskinaren arabera. Ikerketa zenbait lagunen artean egitekoa bada, argiro zehaztu beharko da bakoitzak zer eginkizun eta zeregin izango dituen prozesuan eta nor izango den ikertzaile nagusia edo arduraduna.
– Taldeko kideen erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak, behar bezala sinatuta, II. eranskinaren arabera, eskatzaileari buruz aurretiaz adierazitako modu berean.
– Ikerlanaren azalpen-memoria, behar bezala sinatuta, III. eranskinaren arabera.
– Pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua, behar bezala sinatuta, IV. eranskinaren arabera.
– Igortzen diren dokumentuen zerrenda, V. eranskinaren arabera.
3.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
4.– Interesdunak ez daukate obligaziorik Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datu eta agiriak aurkezteko. Eskubide hori baliatzen dutenean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Eskubide horretaz baliatu ahal izango da bitarteko elektronikoen bidez ere. Bestalde, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.), artikulu horretan ezartzen denez, diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu horren 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko. Pertsona eskatzaileek berariaz egin diezaiokete uko onarpenari; horretarako, ziurtagiria aurkeztu behar da, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Bekarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartarazten zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute batzorde hori:
Presidentea: Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia.
Bokalak:
– Noemí Alangua Elvira andrea, Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.
– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
– Maria de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikaria.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
2.– Hautaketa Batzordeak gaian adituak diren pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dezake.
9. artikulua.– Hautagaitzak hautatzea eta balorazio-irizpideak.
1.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu eskatzaileak edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko dituzten jakintzak, prestakuntza eta esperientzia, baita zehaztasun eta adierazpenerako gaitasuna, bekaren langaian jarduteko dituzten ahalbideak, eta ikerlan- proposamenaren ikuspegia ere. Horretarako, beka-mota bakoitza emateko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:
A) Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez):
a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).
b) Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne (20 puntu, gehienez).
c) Ikerlanerako dedikazioa (20 puntu gehienez).
d) Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).
B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez):
Lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.
C) Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu gehienez).
2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.
3.– Lehen aukeraketan hartutako hautagaiei deia egingo zaie elkarrizketa bat egiteko, beren proposamena azaldu, argitu eta defendatu ahal izateko. Hautaketa Batzordeak beka bakoitzaren lehenengo hiru hautagaiei soilik egingo die elkarrizketa (puntuazioaren arabera), baina proiektua azaldu eta defendatzerakoan behar adinako kalitaterik ez badute, hurrengo hautagaiei egingo die elkarrizketa, dagokion hurrenkerari jarraituz.
4.– Elkarrizketan, pertsona eskatzaileak edo taldearen koordinazioa bere gain hartzen duenak, aurkeztutako memoria edo proposamena azaldu eta defendatuko du. Ikerlanaren emaitzen eta ikerlana burutzeko bideragarritasunaren arabera baloratuko da memoria edo proposamenaren kalitatea, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Lehen hautaketa-aldian aukeratutako hautagaiek lortutako puntuazioa sendesteko egingo da elkarrizketa. Batzordeak galderak egin ditzake azaldutakori buruz, bekaren xedeari buruz eta beketan baloratutako alderdiei buruz.
5.– Hautaketa Batzordeak, egindako balorazioaren arabera, esleipen-proposamena egingo du. Proposamenean jasoko dira beka-mota bakoitzerako hautatutako pertsonak edo taldea, ordezko eskabideen zerrenda –pertsona edo talde onuradun batek uko egiten duenerako–, eta kanpoan utzitako eskabideen zerrenda, kanpoan uzteko arrazoia adierazita. Beka-mota baterako edo guztietarako, deialdia bete gabe uztea ere proposa dezake, baldin eta banako edo talde hautagairik ez baldin badago edo proposamena azaldu eta defendatzerakoan behar bezainbateko kalitatezko ikerlanik ez badago.
6.– Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bekaren diru-zenbatekoaz baliatzeko proposa dezake, eta diru-zenbatekoa beste beka bati ematea, hain zuzen ere, beste mota bien artean gizarte-interes gehien sortzen duen bekari.
10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateraezintasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste erakunde publiko edo pribatu batek helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beste beka, diru-laguntza edo laguntza batzuekin.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordearen esleipen-proposamena Erakundeko zuzendariari helaraziko zaio. Zuzendariak ebazpen adierazia emango du, eta emandako eta ukatutako bekak adieraziko ditu, eta, hala behar denean, deialdia bete gabe utzi dela adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).
12. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
1.– Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira egindako lanak.
2.– Ustiapen-eskubideak, borondatez eta doan, erakunde honi laga daitezke. Erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe ustiapen-eskubideak eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara egokitu beharko dira.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek –pertsona nahiz talde– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa (BOE, 276. zk., 2003ko azaroaren 18koa), eta bereziki, honako hauek:
a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek –pertsona nahiz talde– bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari, oniritzia edo onespena jasotzeko.
c) Emandako beka-motarekin bat datorren ikerlana egin behar dute, euskaraz eta/edo gaztelaniaz.
d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez.
e) Lagundutako ikerlanen kopia bat eman beharko zaio Erakundeari, euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da erakundeak –herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko– egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubidea arautzen duen araudia.
f) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Ebazpen honen 6.4 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena ematen denean ere ez da bete beharko. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: http://www.emakunde.euskadi.eus/u72-20010/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
14. artikulua.– Bekaren iraupena eta ordainketa.
1.– Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da bekaldia luzatu.
2.– Beka bakoitza 23.333 eurokoa izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, ebatzi bezain laster; bigarrena, egindako ikerlanaren hiruhileroko lehen informazioa ontzat ematean, 2018. ekitaldian; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan, ekitaldi berean.
3.– Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako ekintza eta egoerak.
16. artikulua.– Itzulketa prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, «Bekak, Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoa, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Lehendakaritzaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuan araututakora eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago. Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko bakarrik erabiliko da fitxategi hau. Interesdunek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko, Legearen arabera. Eskubide horietaz baliatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari: Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, berau garatzen duen Erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, hilabete biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 21a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.