EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2017063

452/2017 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, 2017-2018 ikasturtean Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei eta Osakidetzari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei zuzendutako euskara ikastaroetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700452
Xedapenaren data: 2017-03-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201701656
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Horretarako kontuan hartu da azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezkoa, eta hura garatzen duten dekretuak: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan euskararen erabilera normaltzeko plangintza arautzeko den apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua eta Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretua. Halaber, kontuan hartu dira Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana (2013ko abenduaren 3an onartua) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hizkuntza-prestakuntzaren eta normalizazioaren arloan sinatutako lankidetza hitzarmena.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUGU:
Atal bakarra.– 2017-2018 ikasturtean Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei zuzendutako 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunetarako ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritako oinarriekin bat etorrita
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 14a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Deialdi honen helburua da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen euskarazko hizkuntza-gaikuntzan eragitea eta bultzatzea.
Bigarrena.– Parte-hartzaileak.
Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta deialdiaren ebazpenaren egunetik ikastaro mota bakoitzerako eskaerak egiteko epea bukatu arte zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan badaude.
Gainera, aldi baterako langileen eta ordezkoen kasuan, ebazpen hau EHAAn argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan guztira bost hilabetetik gora lan egin behar izan dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eta ikastaroak iraun bitartean lanean egongo direla aurreikusi behar da.
Espezialitatea egiten ari diren mediku eta erizain egoiliarrek euskalduntze ikastaroak egin ahal izango dituzte, euren prestakuntza aldiaren urtea gorabehera.
Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu, hau da, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko ditu.
Halaber, ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2015eko urtarrilaren 22ko 1/2015 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 1/2015 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.
Lanorduetan euskarazko prestakuntza jasotzeko baimenak ematerakoan, zerbitzu-erakundeek Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 2. Planaren 3.3.4 puntuan ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, baita Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak Jarraibideen bidez ezarriko dituen irizpideak ere.
Hirugarrena.– 2017-2018 ikasturterako ikastaro-deialdiak.
2017-2018 ikasturterako bi deialdi kaleratuko dira.
Honako hau 2017-2018 ikasturteko 1., 2., eta 3. hizkuntza-eskakizunetarako ikastaro-deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.
Autoikaskuntzako ikastaroei dagokienez ere, hau izango da 2017-2018 ikasturterako deialdi bakarra.
4. hizkuntza-eskakizuna prestatzeko ikastaroa egin nahi duten Osakidetzako langileek IVAPek maiatzean deituko duen 2017-2018 ikasturteko deialdian eman beharko dute izena. Deialdi hori 2017-2018 ikasturterako egingo den deialdi bakarra izango da.
Datorren urrian bigarren deialdia kaleratuko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak, oraingo honen osagarria, eta 2017-2018 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du. Deialdia zerbitzu-erakundeetara garaiz bidaliko den barne-jarraibideen bidez egingo da.
Urriko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:
– Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean, ez lanorduetan ez lanorduz kanpo. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean lanorduetako bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa eskatu ahal izango dute soilik.
– Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa edo barnetegia nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.
– Autoikaskuntza ikastaroei dagokienez, otsailean ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, bi orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.
Laugarrena.– Eskabideak egiteko eta tramitatzeko epeak.
Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute eta deialdian eskainitako modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.
Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.
Zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzek jasotako eskaerak aztertu eta Osakidetza Giza Baliabideen Zuzendaritzaren jarraibideetan ezarritako aukeraketa irizpideen arabera onartuko edo ukatuko dituzte.
Eskabideak zerbitzu-erakundeen pertsonaleko zuzendaritzek kudeatuko dituzte Giza Baliabideen Zuzendaritzak horretarako ezarritako aplikazio informatikoaren bidez.
Onespena jaso duten lanorduetako eskarien ondorioz ordezko langileak kontratatu beharra dagoenean, kontratatu beharreko langileen kopurua aurrekontua izatearen menpe egongo da.
4.1.– Eskabideak nola egin.
Interesatuek deialdi honetako eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako helbide elektroniko hauetara joz:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza >Euskalduntze ikastaroak > 1,2,3HE prestatzeko ikastaroak >2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > Eskainitako ikastaroak/Eskabideak).
– Osakidetzaren webgunea: www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak>Euskera> Euskera ikastaroak > 2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > Eskainitako ikastaroak eta eskaerak).
Era berean, izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotakoan, bat etorrita Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin. Horretarako, Ebazpen honen III. eranskineko eskabide orria erabil daiteke.
BAME den pertsonalak, eskabidea egiteko orduan, zein zentrotan ari den adierazi beharko du «oharrak» izeneko atalean.
4.2.– Lanorduetako ikastaroetarako eskabideak.
Eskabidea egiteko epea: 2017ko apirilaren 3tik 23ra bitartean, biak barne.
Onartutako eta ez onartutako eskaeren zerrendek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2017ko maiatzaren 8rako.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskaeretan egokitzapenak egin ahal izango ditu eta behin betiko zerrenda bidaliko dio IVAPi 2017ko maiatzaren 19rako.
Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik ezta aldaketarik ere onartuko.
Zerbitzu-erakundeen zuzendaritzek interesatuei jakinaraziko diete idatzizko jakinarazpenaren bidez haien eskabidea baimendu duten ala ez. Onartu ez dutenean, arrazoia espresuki azaldu beharko diete interesatuei. Jakinarazpena 2017ko maiatzaren 10erako egin beharko da beranduen ere. Halaber, zerbitzu-erakundeek zabalkunde handiena duen hedabideen bidez emango dute jakinaraztera onartuen eta ukatuen zerrenda (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).
Aukeratutako langileen behin betiko zerrendaren arabera osatuko dira ikastaroak eta taldeak.
4.3.– Lanorduz kanpoko ikastaroetarako eskabideak.
Eskabidea egiteko epea 2017ko apirilaren 3tik maiatzaren 19ra bitartekoa izango da, biak barne.
Onartutako eta ukatutako eskaerek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzan egon beharko dute 2017ko ekainaren 7rako.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak onetsitako eskaeren berri eman beharko dio IVAPi 2017ko ekainaren 23rako. Epe horretatik kanpo ez da eskaerarik, ez aldaketarik onartuko.
4.3.1.– Baimendu eta baztertuko eskaeren zerrendak jakinaraztea.
Baimendutako eskaerak IVAPera bidaltzeko epea igaro ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda argitaratuko du. Baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Adierazitako ebazpena Osakidetzaren web gunean jarriko da jendaurrean baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).
Baimendu eta baztertutako eskaeren behin-behineko zerrenda Osakidetzaren webgunean jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek 10 egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioak Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako erregistroan aurkeztu ahal izango dira eta, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein eratan, bat etorrita Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin.
Erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek baimendu eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda jasoko du; baztertutakoen kasuan, bazter uztearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren web gunean jarriko da jendaurrean baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duen hedabideetan ere (posta elektronikoa, intranet, iragarki-taula...).
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena jendaurrean jartzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bosgarrena.– Lanorduetako ikastaroetan onartzeko araubidea.
Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak aldiro-aldiro arautuko ditu aukeratzeko irizpideak eta prozedurak, eta euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren araberako aldaketa eta egokitzapenak egingo ditu.
Lanorduetako ikastaroetarako aukeraketa-irizpideak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren jarraibideen bitartez ezarriko dira. Zerbitzu-erakunde bakoitzeko zuzendaritzaren ardura da, lanorduetako euskarazko ikastaroak eskatzen dituztenen artean aukeraketa egitea.
2016-2017 ikasturterako deialdia arautu zuen 276/2016 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriak ezartzen zuena betetzeko, 2016-2017 ikasturtean matrikula-orria itzuli ez edo jaso ez zuten langileei ez zaie onartuko 2017-2018 ikasturterako eskaerarik.
Seigarrena.– Lanorduetako ikastaroen antolaketa.
Deialdi honetan eskaintzen diren lanorduetako ikastaroak II. eranskinean daude jasota.
Ikastaroen hasiera eta amaiera egunak eta ordutegiak II. eranskinean zehaztutakoak dira. Halere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ahalmena du egoki iritzitako egokitzapenak egiteko, bai hasiera eta amaiera egunei dagokienez, bai eta II. eranskinean adierazitako ordutegiei dagokienez ere. Egokitzapen horiek aldez aurretik jakinarazi beharko dira.
Zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek barnetegira joateko edo ikastaro trinkoetan parte hartzeko emandako baimenak lauhilabeteko osorako dira. Lanorduetako bi orduko ikastaroetan parte hartzeko emandako baimenak ikasturte osorako izango dira, urritik ekainera.
6.1.– Mailaketa probak.
Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko dio mailaketa proba nork egin behar duen, baita non eta noiz egin behar duen ere.
Ekaineko mailaketa proba egitera deitu arren langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.
Salbuespenez, IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion zerbitzu-erakundeak, beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.
IVAPek bertan behera utziko du salbuespenezko dei honetara ere aurkezten ez den langilearen eskaera.
6.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.
Mailaketa probak egin ondoren, administrazioko langileez osaturiko taldeak antolatuko ditu IVAPek hiru hiriburuetan. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari bere pertsonaleko zuzendaritzak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.
Administrazio-taldeen ordutegia eta egutegia II. eranskinean daude zehaztuta.
Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegian nahiz ikasteko moduluan.
Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
6.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula-orriak.
Administrazio talderik osatu ezin denean, IVAP saiatuko da langileak euskaltegi homologatu batean eskolatzen, eta hori ere ezinezkoa bada, IVAPek matrikula-orriak bidaliko ditu Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren pertsonaleko zuzendaritzara helarazteko. Matrikula-orriaren bitartez, edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da langilea, betiere onartu zaien moduluan.
Era berean, bestelako ordutegi edo herritan ikasi nahi duten langileei IVAPek matrikula-orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen, betiere baimendu zaien moduluan.
Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestezkoa da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.
Matrikula-orriaren bidez eskolatzen den ikasleak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia beteko ditu.
Langilea inon matrikulatzen ez bada, berehala itzuli behar du matrikula-orria IVAPera. Matrikula-orria itzultzeko prozedura bederatzigarren oinarrian dago jasota.
6.4.– Matrikula-orria ordaintzea.
Langilearen matrikula-orria IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:
1) Matrikula-orria garaiz entregatzea: matrikula-orria ikastaroa hasten denerako aurkeztu behar da euskaltegian. 2017ko urriaren 20a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.
2) Gutxieneko iraupena: bost orduko eta barnetegi ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, eta gutxienez 400 ordukoak izango dira. Ordu biko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira eta gutxienez 165 ordukoak izango dira.
3) Homologazioa: matrikula-orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du derrigorrez.
4) Matrikula-orrian bertan zehaztuta dagoen ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da.
Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Barnetegiko ikastaroen kasuan, barnetegiko ostatua eta mantenua ere bai. Aldiz, IVAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak (joan-etorriak, materialak, etab.).
Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio interesatuari Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.
6.5.– Liberatutako pertsonala. Betebeharrak eta ordainsariak.
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak ekarriko du ikastaroetatik kanpo uztea. Orduan, Administrazioak bere esku izango du kanporatutako ikaslea hurrengo ikastaroetan ez onartzea.
Liberatuta dauden langileek, maila egokia lortuz gero, konpromisoa hartzen dute Osakidetzak antolatzen dituen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Barnetegietara edo ikastaro trinkoetara joateko liberatu diren langileek lansariaren % 100 kobratuko dute.
Euskarako ikastaroetara joateak ez du ekarriko zerbitzuarengatiko inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.
Zazpigarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak. Araubidea.
Ikastaro hauek 2017-2018 ikasturte osorako dira; beraz, bigarren lau hilekoan ez da ikasle berririk onartuko.
IVAPek lanorduz kanpoko ikastaroa egin behar duten ikasleentzako matrikula-orri bana bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, ikasle bakoitzak betiere baimendutako moduluan matrikula egin dezan.
IVAPek matrikula-orri bakarra emango die onarpena duten langileei.
Matrikula-orrian zehaztutako ikastaroa egiteko bakarrik erabili ahal izango da. Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak onartutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.
Matrikulazioa matrikula-orriaren bidez egingo da. Matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatu behar da ikastaroa hasi baino lehen. IVAPek ez ditu bere gain hartuko 2017ko urriaren 20a baino geroago entregatuko diren matrikula-orriak.
2016-2017 ikasturteko deialdia arautu zuen 276/2016 Ebazpenaren 7.3 oinarriak ezartzen zuena betetzeko, ez da baimenduko 2016-2017 ikasturtean matrikula-orria itzuli ez edo jaso ez zuten langileen 2017-2018 ikasturterako eskaerarik.
Halaber, 276/2016 Ebazpenaren hamargarren oinarriak ezartzen zuena betetzeko, ezetsi egingo dira 2016-2017 ikasturteko autoikaskuntza ikastaroa hasi eta lehenengo hiru hilabetean eskola utzi dutenen autoikaskuntzarako eskaerak.
7.1.– Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegian.
Izaera orokorrez, aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaroetarako baimena bi/hiru orduko ikastaroak egiteko emango da.
Eskaintza honetatik kanpo geratzen dira barnetegiko ikastaroak.
Aurrez aurreko lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa langile finkoek eta bitartekoek soilik eska dezakete eta eskaeran adierazi beharko dute. Behin-behineko langileek bi edo hiru orduko ikastaroa eska dezakete soilik.
Diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, IVAP saiatuko da lanorduz kanpoko ikastaro trinkoa egiteko baimena duten ikasleak administrazioko taldeetan eskolatzen. Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.
Ikastaro horiek egutegi eta ordutegi zehatza izango dute eta hiru hiriburuetan antolatuko dira. Langileak talde horien egutegira eta ordutegira moldatu behar du.
Administrazio talderik osatzen ez bada, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko, betiere onartu zaien moduluan. IVAPek matrikula-orria bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek langile bakoitzaren pertsonaleko zuzendaritzara helarazteko.
Lanorduz kanpoko aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxieneko iraupena: bost orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lau hilabeteko iraupena izan behar dute, eta gutxienez 400 ordukoak izango dira. Ordu biko ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira. Ikastaro hauek gutxienez 165 ordukoak izango dira.
b) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dute, derrigorrez.
7.2.– Ordenagailu bidezko autoikaskuntza ikastaroak.
Autoikaskuntza ikastaroak txandaka lan egiten duten edo euren lanpostuaren berezitasunak direla eta, euskaltegian aurrez aurreko ikastaroa egiteko zailtasunak dituzten langileentzat dira. Hori dela eta, autoikaskuntzako ikastaroetan parte hartzeko baimena ematerakoan lehentasuna izango dute txandaka lan egiten duten langileek, ondorengo hurrenkeraren arabera: langile finkoek, bitartekoek eta behin-behinekoek.
IVAPek autoikaskuntzarako eskaera guztietatik kopuru mugatua onartuko du, alegia, Osakidetzak baimentzen dituen lanorduz kanpoko eskaera guztien % 15, gehienez ere. Hori dela eta, guztira baimendutako lanorduz kanpoko ikastaro kopuruaren arabera, zerbitzu-erakunde bakoitzak izango duen autoikaskuntza ikastaroen baimen-kupoa zehaztuko du Giza Baliabideen Zuzendaritzak.
Ikastaro honetan parte hartu ahal izateko langileek bete beharreko baldintzak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak osatuko ditu jarraibideetan.
Kontuan izanda autoikaskuntza ikastaroak baimentzeko aukeraketa-irizpideak daudela eta zerbitzu-erakunde bakoitzak lanorduz kanpoko autoikaskuntza ikastaroetarako lizentzia-kupo jakina izango duela, zerbitzu-erakundeek ezetsi egingo dituzte 2016-2017 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egiten ari diren langileen eskaerak bigarren hiruhilekoaren bukaeran % 80ko aprobetxamendua betetzen ez badute.
Nolanahi ere, zerbitzu-erakundeak eskaerak baimentzeak ez du ziurtatzen IVAPek automatikoki eskaerak onartuko dituenik. Izan ere, IVAPek 2017-2018 ikasturtean behin betikoz onartzeko, 2016-2017 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa egin duen ikasleak ikasturte bukaeran % 80ko asistentzia izan beharko du.
Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean, edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ikastaroak urrian hasi eta ekainean bukatuko dira.
b) HABEk homologatutako ikastaroak izan beharko dute ezinbestez.
c) Ikastaroek gutxienez 190 orduko iraupena izan behar dute.
e) Bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:
– Internet erabilita: modalitate honen bidez, ordenagailuko bakarkako lana Internet bidez egin ahal izango da. Mintzamen-orduak, euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan hartuko dira.
– Euskaltegira edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan edo autoikaskuntzako zentroan egin ahal izango da, bai ordenagailuko bakarkako lana baita mintzamen-orduak ere.
7.3.– Matrikula-orriak, matrikulatzea, ordainketa eta kostua.
1) Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidaliko du matrikula-orria, eskatzailearen zerbitzu-erakundeari helaraz diezaion.
IVAPek matrikula orri bakar bana emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula-orri berezia hain zuzen, eta bertan jasoko da zein ikastaro egin daitekeen.
Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula-orriaren bitartez aurrez aurreko ikastaroetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere.
Lanorduz kanpoko ikastaroetan ez da onartuko ikastaro mota aldatzea; beraz, langileak baimendutako ikastarorako matrikula-orria jaso ondoren, ezin izango du aldatu.
2) Matrikula gauzatzeko, ezinbestekoa da matrikula-orria euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan entregatzea. IVAPek ez du bere gain hartuko 2017ko urriaren 20a baino geroago entregatu diren matrikula-orririk.
3) Matrikula-orrian jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek. Aldiz, I VAPek ez ditu bere gain hartuko bestelako gastuak (joan-etorriak, materialak, etab.).
Matrikula-orriaren baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko, eta ukapenaren berri emango dio langileari Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
4) Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko baimendutako langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara itzultzeko, betiere 2017ko urriaren 20 baino lehen, zuzendaritzak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidali eta honek IVAPi helarazteko.
Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaintzea.
2017-2018 ikasturteko matrikula-orria jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.
Zortzigarrena.– Ikastaroen asistentzia eta aprobetxamendua.
8.1.– Eskolan hastea.
Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta ikastaroen antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du 2017ko urriaren 20a baino beranduago hasterik eskolan.
Halaber, IVAPek bertan behera utziko ditu 2017ko urriaren 20rako eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.
8.2.– Eskolan berandu hastea.
IVAPek arrazoi hauengatik soilik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasun luzea edo larriagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik.
Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzek egoera horretan dauden langileen zerrenda bidali behar dute Giza Baliabideen Zuzendaritzara, honek IVAPera helaraz dezan. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.
b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea ezin da bere kabuz eskoletan hasi. Eskolan hasteko prest dagoenean, dagokion zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera hori Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez egingo du dagokion zerbitzu-erakundeak.
c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20 igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.
Kasu horretan, IVAP saiatuko da eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.
Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira hamargarren oinarrian ezarritako ordu-kredituaren kontsumorako.
8.3.– Autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendu irizpidea.
IVAPek honako irizpide hau ezartzen du 2017-2018 autoikaskuntza ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea.
Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten pertsonei IVAPek ez die hurrengo deialdian autoikaskuntza ikastarorako eskaera onartuko. Beraz, IVAPek ez du 2017-2018 ikasturtean % 80ko asistentzia bete ez duten eskatzaileen eskaerarik onartuko 2018-2019 ikasturtean.
8.4.– Lanorduetako ikastaroen asistentzia-arauak.
Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolaratze eta puntualtasun huts guztiak idatziz justifikatu behar dizkio lanean diharduen erakundeko zuzendaritzari, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe. Edonola ere, eskoletara garaiz ez heltzea justifikatu egin beharko da. Justifikatu gabeko puntualtasun hutsak sarritan gertatzeak ekar dezake ikaslea kanporatzea eta hurrengo ikastaroetan ez onartzea.
Euskara ikastaroetara joateko baimena zerbitzu-erakundeetako zuzendaritzen ardura izanik, era berean, beraien ardura da baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolaratzea bermatzea.
Eskolarik ez dagoen egunetan, euskara ikastaroa lanorduetan egiten ari diren langileek beren lanpostuetara itzuli beharko dute ezinbestean.
Eskola-aldia nahitaez eten behar baldin bada, erabaki hori hartzen duen zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzak aldez aurretik informatuko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritza.
Zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bermatuko du ikastaroetan parte hartuko duten langileek euren oporrak ikastaroko egutegiarekin egokitzen dituztela, ikastaroen aprobetxamenduak kalterik izan ez dezan.
Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.
Zerbitzu-erakundeek eskura izango dute euren langileen asistentziari eta ebaluazioari buruzko informazioa. Datuok dagokion ebaluazioaren ondoren bidaliko ditu Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara.
8.5.– Ikastaroen asistentziari buruzko datuak.
IVAPek hilez hil bidaliko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzara aurrez aurreko ikastaroen gaineko asistentziari buruzko informazioa. Halaber, langileen ebaluazioari buruzko datua bidaliko du, dagokion ebaluazioaren ondoren.
Autoikaskuntza ikastaroen asistentziari buruzko datuak hiru hilerik behin bidaliko ditu IVAPek. Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen direnez gero, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Bederatzigarrena.– Ikastaroari uko egitea.
Langileak ikastaroari uko egitea erabakitzen badu, bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzari jakinarazi beharko dio eta honek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari emango dio ukoaren berri. Giza Baliabideen Zuzendaritzak, bere aldetik, IVAPi jakinaraziko dio ukoa.
Lanorduetako ikastaroen kasuan, langileak ikastaroa hasteko hamabost egun baino gutxiago falta direnean liberazioari uko egiten badio, ezinbestean egin duela justifikatu beharko du, bestela, bai zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak bai Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak uko egite hori nahikotzat jo dezakete hurrengo deialdietan langilearen eskabidea ezesteko.
Era berean, langileak matrikula orria jaso badu, 2017ko urriaren 20a baino lehenago itzuli egin beharko du dagokion jakinarazpenarekin batera. Agiri biak bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzan aurkeztu beharko ditu, zuzendaritzak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidali eta honek IVAPera helarazteko.
Ukoa jakinarazteko, «Ikastaroari uko egiteko inprimakia» izeneko agiria erabili beharko da. Agiria zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta honako helbide elektroniko hauetan ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza >Euskalduntze ikastaroak > 1,2,3HE prestatzeko ikastaroak. > 2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > «Ikastaroari uko egiteko inprimakia»)
– Osakidetzaren webgunea: www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskara > Euskera ikastaroak > 2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > Ikastaroei buruzko informazioa > «Ikastaroari uko egiteko inprimakia»).
Matrikula-orria ordainagiri baten parekoa da, eta horregatik, ikastaroa egiteko baimendutako langileak konpromisoa hartzen du dagokion matrikula-orria jasotzeko eta, inon matrikulatzen ez bada, dagokion jakinarazpenarekin batera ahalik eta lasterren bere zerbitzu-erakundeko pertsonaleko zuzendaritzara itzultzeko, betiere 2017ko urriaren 20a baino lehen, zuzendaritzak Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidali eta IVAPera helarazteko.
Matrikula-orria jasotzen ez bada edo, inon matrikulatu ezean, itzultzen ez bada, langilearen eskabidea baztertua izango da hurrengo deialdian.
Hamargarrena.– Eskolara joateari uztea.
Eskolan hasi ondoren ikastaroa behin betiko utziz gero, horren berri eman beharko dio langileak bere pertsonaleko zuzendaritzari eskola uztea gertatzen den une berean. Horretarako «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia» izeneko agiria bete eta dagokion pertsonaleko zuzendaritzan erregistratu beharko du. Pertsonaleko zuzendaritzak eskola uztea erregistratu bezain pronto (egun berean) IVAPi eskola uzte horri dagokion dokumentazioa bidaliko dio, IVAPek dagokionari horren berri eman diezaion.
Eskola uztea jakinarazteko inprimakia zerbitzu-erakundeetako pertsonaleko zuzendaritzetan egongo da eskura, bai eta Interneteko helbide hauetan ere:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Euskarazko prestakuntza > Euskalduntze ikastaroak > 1,2,3HE prestatzeko ikastaroak > 2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia»).
– Osakidetzaren webgunea: www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskara > Euskera ikastaroak > 2017-2018 ikasturtea: deialdi nagusia > Ikastaroei buruzko informazioa > «Eskola-uztea jakinarazteko inprimakia»).
Aurrez aurreko ikastaroetan derrigorrezkoa izango da eskola uztea jakinaraztea. Eskola-uztearen data inprimakia langilearen zerbitzu-erakundearen erregistroan sartu den eguna izango da eta IVAPek egun hori hartuko du ordu-kredituaren kontaketa eteteko. Hau da, eskola-uztea jakinarazten ez bada, ikasleak jarraitu egingo du ordu-kredituaren orduak gastatzen.
Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia zerbitzu-erakundearen pertsonaleko zuzendaritzan lehenbailehen erregistratzea.
IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari langileen eskola-uzteen berri emango dio.
Autoikaskuntza ikastaroetan IVAPek ez du eskola-uzterik onartuko, ikasleak eskola-uztea jakinarazi badu ere.
Autoikaskuntza ikastaroa uzteak bi ondorio izango ditu: batetik, ordu-kredituari ikastaroaren ordu kopuru oso kenduko zaio eta, bestetik, hurrengo deialdian autoikaskuntza eskaera ezetsi egingo da, interesatuak ez baitu 2017-2018 ikasturteko autoikaskuntza ikastaroan % 80tik gorako asistentzia beteko.
Beraz, hurrengo deialdian ezetsi egingo dira 2017-2018 ikasturtean autoikaskuntza ikastaroa hasi ondoren eskola uzten duten langileen eskaerak.
Hamaikagarrena.– Ordu-kreditua.
Deialdi honetara biltzen diren eskaera guztiek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita, IVAP eta Osakidetzaren arteko lankidetza hitzarmena arautzen duen 2005eko azaroaren 30eko Aginduari jarraiki.
Agindu horren seigarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.
Ikasle berriaren ordu-kreditua ezartzeko orduan kontuan hartuko den hasiera-maila urrikoa izango da, edo otsailekoa urrian ikastarorik egin ez badu. Udako hasiera-maila kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, ikasle berriak udan ikasten badu, baina hurrengo urrian edo otsailean ez.
Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2017-2018 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:
a) 2017ko urrian eskolatzeko deialdia.
b) 2018ko otsailean eskolatzeko deialdia (urrian argitaratuko da).
c) 2018ko udako ikastaroetarako deialdia (apirilean argitaratzen da).
Gauzak horrela, IVAPek ordu-kredituaren kontrola modu honetan aplikatuko du:
a) Urrian hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute bai otsaileko deialdian bai udakoan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
b) Otsailean hasten diren ikasleei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.
c) Udan hasten diren ikasleei IVAPek udako eskaera jasotzen duenean aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan hasi. Udako ikastaroa egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.
Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ordu-kredituaren saldoa epealdi horien arabera eguneratuko zaie.
Hamabigarrena.– Ordu-kreditua agortuta duten langileak.
Ordu-kreditua agortuta izateagatik IVAPek finantzatuko ez duen langileen hizkuntza-prestakuntza Osakidetzak finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren 2015eko urtarrilaren 22ko 1/2015 Jarraibideetan ezarritako lehentasun irizpideak ezarriko dira. 1/2015 Jarraibideak emandako ordu-kreditua agortuta izanda euskara ikasten jarraitu ahal izateko ohiz kanpoko laguntzari buruzkoak dira.
Hamahirugarrena.– Ikasleei buruzko datu pertsonalak.
Euskara ikastaroak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta datu pertsonal horiek bidezko denean dagokion enteei lagatzea. Hori dela eta, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo euskara ikasten ari diren langileen eskabideei, asistentziari eta ebaluazioari buruzko datuak jaso, kudeatu eta fitxategian bilduko ditu eta Osakidetzaren esku utziko ditu.
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen kudeaketa arau hauek xedatutakoaren arabera egingo dira: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, bai eta datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak ere (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa).
Deialdi honetara biltzen diren pertsonek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea, tratatzea eta Osakidetzari jakinaraztea euren asistentziari eta ebaluazioari dagokionez. Hori guztia ebaluazio-txostena egiteko; txosten horrek bere baitan hartuko ditu gutxieneko helburuen eta lehentasunen betetze maila, hizkuntzaren aldetik gaitzeko prozesuak, eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze gradua (Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 1.3 artikulua). Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Era berean, onartu egiten dute datuok Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari-HABEri lagatzea (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera). Eta azkenik, interesatuak baimena ematen dio Osakidetzari ikasturtean izandako asistentzia eta euskara-mailari buruzko datuak HABEri eskatzeko.
Era berean, Osakidetzak zerbitzu-erakundeen eskura jarriko ditu dagokion zerbitzu-erakundeko langileek egingo dituzten ikastaroei buruzko asistentziari, ebaluazioari eta aprobetxamenduaren gaineko txostenak.
Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzia izenekoan erregistratutako IVAPen «Funtzionarioak euskalduntzea» eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren «Registro del personal de Osakidetza-Servicio vasco de salud» izeneko fitxategietan egongo dira. Ikasleek Fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero. Horretarako, «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategiaren kasuan, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. «Registro del personal de Osakidetza-Servicio vasco de salud» izeneko fitxategiaren kasuan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea 45, 01006, Vitoria-Gasteiz.
II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROEN ESKAINTZA. BARNETEGIKO IKASTAROAK ETA ADMINISTRAZIOAREN TALDEAK
1.– Barnetegiko ikastaroak.
Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.
Barnetegiko ikastaroak euskaltegien egutegiari eta ordutegiari egokituko zaie.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.
2.– Bost orduko ikastaroak.
Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.
IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.
Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute eta lehenengo lauhilekoaren iraupena honako hau izango da: 2017ko urriaren 2tik 2018ko otsailaren 9ra (hiru ebaluazio egingo dira euskalduntzean).
2017ko abenduaren 26tik 2018ko urtarrilaren 1a arteko aldia, biak barne, Gabonetako oporraldia izango da, eta beraz, ez dira eskola egunak izango.
Modulu honek, betiere, lauhileko iraupena du. Beraz, otsailetik aurrera modulu honetan aritzeko, martxoko deialdian izena eman dutenek ere izena eman behar dute urri/azaroko deialdian.
3.– Bi orduko ikastaroak.
Administrazioko taldeetako ikastaroen ordutegia 08:00etatik 10:00etara izango da Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Ordutegi hori eskatu arren talderik osatu ezin denean, IVAPek matrikula-orria emango die ikasleei, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen.
Arratsaldeetarako, IVAPek ez du administrazio talderik osatuko eta, ondorioz, arratsaldez eskolak hartu nahi dituzten ikasleei matrikula-orria emango zaie, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko.
Modulu honek ikasturte osorako iraupena du; beraz, bigarren lauhilekoan ez da ikasle berririk onartuko.
IVAPeko taldeen egutegia: 2017ko urriaren 2tik 2018ko maiatzaren 31ra bitartean.
Modulu honetan ebaluazio bi egingo dira.
Gabonetako oporraldian ez da eskolarik izango 2017ko abenduaren 26tik 2018ko urtarrilaren 5era, biak barne.
Era berean, ez da eskolarik izango Aste Santuko oporraldian, 2018ko martxoaren 26tik apirilaren 6ra, biak barne.
Laugarren urratsetik gorako taldeek astebeteko ikastaro trinkoa (egunean 5 ordu) burutu ahalko dute, horretarako dauden baliabideen arabera. Erakunde bakoitzak ikastaro trinkoan arituko den langilearen behin-behineko ordezkapena egin beharko dela kontuan hartu beharko du, baita ordezkapena egingo duen langileak lanpostuak eskatutako euskara maila ere izan behar duela.
Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala, IVAPek Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari bidaliko dio eragindako langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezaten. Langileren batek joaterik ez badauka ezin joana aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.
Ikastaroaren egutegi zehatza ikastaroa hasi baino lehenago banatuko da eta izan daitekeen edozein aldaketa garaiz jakinaraziko da.