EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017061

AGINDUA, 2017ko martxoaren 14koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, sasi-ardia arrazaren berariazko arautegia onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-03-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201701615
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2008/03/07an argitaratutako 2008/02/05eko AGINDUA indargabetzen du [200801453]

Etxeko abereen dibertsitatea funtsezkoa da agrodibertsitaterako. Inguruneak nahiz gizakiak eragindako hautapen-prozesuetatik sortu dira arrazen arteko desberdintasun genetikoak. Etxeko abere-espezie eta -arrazen behar desberdinek, bai eta jokabide eta produktu desberdinek ere, ondorioak dituzte ekoizpen-ingurune bakoitzean. Denetariko ingurune horiek jasangarriak izango badira, denetariko mota genetikoek egon behar dute. Etxeko abereen dibertsitatea eboluzionatuz joan da 12.000 urte baino gehiagoan; gure ondarearen zati bat da, eta zutik eutsi behar diogu hurrengo belaunaldientzat.
1993ko Biologia Dibertsitatearen Konbentzioak lehenengo aldiz heldu zien biologia-dibertsitatearen alderdi guztiei; lehenengo aldiz aitortu zuen, halaber, biologia-dibertsitatea kontserbatzea gizaki guztien ardura dela eta garapen-prozesuaren zati integral bat dela.
Kontserbazioa eraginkorra izan dadin, besteak beste, bi zutabe behar ditu: lehenik, arrazak identifikatzea eta haien zerrenda egitea; eta, bigarrenik, haiek deskribatzea eta karakterizatzea, haien berezitasunak ezagutzeko eta etorkizunik aberatsena zein arrazatatik letorkeen jakiteko.
Gizarteak eta erakundeek urteak daramatzate Euskal Herriko arraza autoktonoen ondare genetikoaren alde egiten. Zehazki, 2008an egin zen sasi-ardia arrazaren arautegia. Ordutik gertatu diren araudi-aldaketak eta, bereziki, Euskal Herriko abere-arraza autoktonoak kontserbatu, hobetu eta sustatzeko eta abere-arrazak sustatzeko erakundeak arautzeko ekainaren 2ko 81/2015 Dekretua direla medio, egokitu egin behar da Genealogia Liburuaren kudeaketa. Arraza-prototipo horren zenbait alderdiri emandako idazketa ere berrikusi da.
Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Sasi-ardia arrazaren berariazko araudia onestea. Eranskinean jaso da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Fundazio Erregistroa 6 hilabetez irekita egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2008ko otsailaren 5eko Agindua, «Sasi ardi» ardi-arrazaren berariazko arautegia onesten duena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 14a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
SASI-ARDIA ARRAZAREN GENEALOGIA LIBURUAREN BERARIAZKO ARAUDIA
SARRERA
Arrazaren izena abereon bizilekuari lotuta dago –zuhaiztietako sasi eta sastraka artean bizi dira–. Sinonimo baliokide gisa erabiltzen da «mutur gorri ttipia» izendapena. Ezaugarri morfologikoen arabera, txurren arrazakoa da, Ovis aries celticus motakoa. Arriskuan dauden espezieen artean sartu zuen ekainaren 2ko 81/2015 Dekretuak.
Ardi-arraza oso larretarra da eta gune menditsuetan bizi da, erabat aske. Profil zuzena, tamaina txikia eta proportzio luzekarak, horiek ditu bereizgarri. Forma espiraleko adarrak izatea ohikoa da arretan, baina emeenak, adarrak ateraz gero, oso gutxi garatzen dira. Azal zurikoa da eta pigmentazio ilehoria edo ilegorrixka du, eta orban uniformeak buruan eta gorputz-adarretan. Orban horiek batzera egiten dute, kolorazio horaila eraginez denean. Gainera, artile zakar zuriko ardi-larrua du. Animalia helduen pisua, ardien kasuan, 30 eta 45 kg artekoa izaten da eta, aharien kasuan, 45 eta 55 kg artekoa.
Arrazaren okupazio-eremu geografikoa hedatu egin da eta hasieran Gipuzkoak, Nafarroak eta Iparraldeak muga egiten duten eskualdean bizi bazen ere, egun Gipuzkoa eta Bizkaia osoan eta Gipuzkoak eta Arabak muga egiten duten eskualdean hedatuta dago.
Sasi-ardia arraza, oro har, haragitarako erabiltzen da. Egungo ekoizpenak honakoak barne hartzen ditu: 30-40 eguneko esneko bildotsak, 10-12 kg-ko bizi-pisua dutenak; 14 kg-tik gorako larreko bildotsak; eta zikiroak, urtea bete aurretik zikiratutako animaliak, eta bi urte eta erdi baino gehiagorekin hiltzen direnak.
Ustiapen-erregimena estentsiboa da, hitzaren zentzurik zabalenean. Mendian gutxienez 8-9 hilabetez bizi dira, erabat aske. Normalean, sakabanatuta egoten dira, ez direnez taldekoiak. Motzaldirako baizik ez ziren biltzen, bildotsak maiz jaitsita. Malda handiko orografiagatik eta zuhaizti oso itxiak daudelako iristea oso zaila den inguruetan bizi da, eta horrek animaliak ikustea eta mugitzea zailtzen du. Tradizionalki, ardi horiek urte osoa igarotzen zuten mendian, bazka ez beste ezer janez. Egun, azienda gehienak urtean hiruzpalau hilabetez lekualdatzen dituzte (urtarrila-martxoa) menditik neguko bazkalekuetara, zeintzuetan kontzentratuekin ere elikatzen baitituzte, behar izanez gero. Ustiategien tamaina txikia izaten da; artaldeko 50-60 ardi edukitzen dituzte.
I. KAPITULUA
ARRAZA-PROTOTIPOA
1.– Definizioa.
Arau hauetan zehazturiko arraza-prototipoarekin bat datozenak hartuko dira sasi-ardia arrazakotzat.
2.– Barietateak.
Sasi-ardia arrazak ez du barietaterik.
3.– Ezaugarri morfologikoak.
3.1.– Itxura.
Pisu ertain edo arineko animaliak. Triangelu formako eta profil zuzeneko burua, adierazkorra eta artilerik gabekoa. Belarri txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, alerta uneetan atzerantz zuzenduak. Gorputz-enbor luzea eta triangeluarra, harmonikoa, artile zuriz estalia. Udaberrian eta udan lepo azpia eta paparra artilerik gabe geratzen dira. Gorputz-adar finak eta mugimendu bizkor eta arinak, sasi artean jauzika ibiltzeko aproposak.
3.2.– Bertakoak edo espezifikoak.
Burua: ondo proportzionatua eta erabat triangeluarra aurretik nahiz albotik ikusita, sakona. Baraila-arkua nabarmena da eta atzeratuta dago.
● Adarduna edo adarrik gabekoa, arretan nahiz emeetan, baina emeen adarrak, egonez gero, txikiak dira.
● Kopeta zabal eta laburra. Kopeta eta sudur aldea apur bat zapalduta dago.
● Ohi baino atzerago kokatutako belarriak, txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, alerta uneetan atzerantz zuzenduak.
● Orbita nabarmenak, almendra formako begi handiak, malko-bide labur baina nabarmenetan luzatzen direnak.
● Aurpegi luzea, gorrixka, albotik ikusita zuzena edo apur bat ganbila, mutur ondo proportzionatuan amaitua. Ezpain irmoak, meheak, ilunak, eta ezpain-komisura sakona.
Lepoa: luzera eta lodiera ertainekoa emeetan, laburragoa eta gihartsuagoa arretan. Sekzio biribilekoa, gaineko eta azpiko ertzak zuzenak eta paraleloak ditu. Tente eduki ohi dute, 45 º-ko angeluan. Ez du girgilorik ez tolesik. Lepoaren behealdean lepoko gorrixka eta ileduna dute, nagusiki arretan.
Gorputz-enborra: triangeluar samarra, luzea, sakona. Saihetsak kakotuak dira eta bularraldeari triangelu forma ematen diote. Soingurutze lausoa, bizkar eta gerrialdeko lerroarekin bat egiten duena. Honek gora egiten du apur bat, zabala eta horizontala da. Bular estua, sakon bezain zabala, eta bularrezur ez oso nabarmena. Zerra karratua, apur bat eroria, luzera- eta zabalera-diametroak berdintsuak dituena, baita aurreko eta atzeko zabalera-diametroak ere, inklinazio txikikoa. Isats iletsua.
Gorputz-adarrak: hanka-jarrera egokia, hanka meheak, luzera ertainekoak.
● Aurrekoak: luzera ertaineko sorbalda, oso inklinatua (ia bertikala), eta saihetsekin etenunerik gabe elkartua, plano berean. Beso ondo proportzionatua. Luzera ertaineko besaurrea, mehea. Belaun luzea baina gutxi markatua, bat egiten duena kanabera oso mehe eta luzearekin. Belaunaren perimetro bertsuko hazkoskorrak, eta apatx txikiak, oso markatuak, ireki samarrak eta ondo taxutuak.
● Atzekoak: izter eta hanka ertainak, luzera bertsukoak. Garapen ertaineko eta angelu irekiko belauna. Atzeko kanaberak eta apatxak, meheak izan arren, aurrekoak baino sendoagoak dira.
Sexu-organoak:
● Errapeak: ertainak, globo itxurakoak, bilduak, gorrixkak, simetrikoak; erro txikiak eta ondo nabarmenduak. Ugatzak ez daude pigmentaturik.
● Barrabilak: ertainak eta simetrikoak; poltsa segmentatu gabea. Artilerik gabe.
Larruazala: fina eta zuri arrosakara, edo zuri gorrikara.
Kolorea eta artilea: kolore zuria. Artile zuria, zakarra eta txima triangeluarretan irekia. Ez ditu estaltzen burua eta lepoa. Lepoa ere artile gabekoa izan daiteke.
3.3.– Ezaugarri zoometrikoak.
Neurria: pisu ertaineko edo pisu arin samarreko animaliei dagokien garaiera, ezarritako pisuekin proportzionatua.
Pisua: emeek 30 eta 45 kilogramo bitarteko pisua dute. Arrek, 45 eta 55 kilogramo bitartekoa.
3.4.– Kontuan hartzeko akatsak:
Arrazaren ereduaren deskripzioaren arabera, akats hauek kontuan hartzekoak dira eta horiek zuzentzera joko da:
● Profilak azpikonbexutasunerako joera izatea, handia eta harmoniarik gabekoa izatea.
● Belarri atrofikoak edo luzeak, eta beherantz zuzenduak.
● Gorputz osoak edo zati batek itxura akastuna izatea (zelatua, karpa-bizkarra, beste kolore bateko zerrenda, hanka-jarrera akastunak, etab.).
● Orban beltzak.
3.5.– Ezaugarri baztertzaileak.
● Goiko edo beheko prognatismoa.
● Sexu-organoetako anomaliak: monorkidoak, kriptorkidoak, anorkidoak.
● Adar handiak, emeetan.
● Artile zarratua izatea, latxa arrazaren antzekoa.
II. KAPITULUA
SASI-ARDIA ARRAZAKO ANIMALIEN KALIFIKAZIO MORFOLOGIKOA
1.– Animaliak identifikatzea.
Behar bezala identifikatuta egon behar dute, espezie honen identifikazioari eta erregistroari buruzko arautegiko elementuekin.
Jaiotzen direnean behin-behineko identifikazioa egingo zaie, eta behin-behineko arrakada jarriko zaie; jaiotza-agirian adierazi behar da.
Aleak Genealogia Liburuan erregistratzeko, ezinbestekoa da, aurrez, ganadutegia Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean izena emanda egotea.
2.– Kalifikazio morfologikoa.
Urte bat baino gehiagoko animaliei egingo zaie; eremu anatomiko guztiak eta interes zooteknikoko ezaugarriak aztertuko dira. Amaitzeko, «gai» edo «ez gai» gisa balioetsiko dira.
Arrazaren berezko ezaugarri morfologikoak betetzen dituzten aleei emango zaie gai kalifikazioa. Sekula ez zaie gai kalifikazioa emango ezaugarri baztertzaileak dituzten aleei, ez eta gorputzeko eremuren batean berez arrazarenak ez diren ezaugarriak dituztenei ere.
III. KAPITULUA
SASI-ARDIA ARRAZAREN GENEALOGIA LIBURUAREN EGITURA
Sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburuak erregistro hauek ditu: Erregistro hauetako edozeinetan inskribatzeko, banaka identifikatu behar dira animaliak.
Sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburuak bi zati izango ditu:
Sekzio nagusia: erregistro mota hauek biltzen ditu:
● Fundazio Erregistroa (FE)
● Jaiotza Erregistroa (JE)
● Behin Betiko Erregistroa (BBE)
Sekzio osagarria edo erantsia: Erregistro mota hauek biltzen ditu:
● EOA Erregistroa
● EOB Erregistroa
● JEOB Jaiotza Erregistro Osagarria
1.– Fundazio Erregistroa (FE).
1) Baldintza hauek bete behar dira:
a) Urtebete baino gehiago izatea.
b) Arraza-prototipoaren baldintzak betetzea.
2) Animalia bat erregistro honetatik atera daiteke, baldin eta bere ondorengoek ezaugarri baztertzaileak dituztela egiaztatzen bada.
3) Kalifikatzaileak proposatuko du eta Genealogia Liburuaren Batzordeak berretsiko, FEtik kanpo uztea.
4) Genealogia Liburuaren Batzordeak fundazio-liburua berriz irekitzeko eska dezake, bertan sartu ahal izateko genealogia ezagutu ez arren ustez arraza mantentzen eta kontserbatzen lagundu dezaketenak (aldakortasun genetikoa dakarten ahari berriak).
2.– Jaiotza Erregistroa (JE).
Baldintza hauek betetzen dituzten bi sexuetako animaliak inskribatuko dira erregistro honetan:
a) Gurasoak ugalketarako gai direla kalifikatuta dituztenak, erregistro hauetakoren batean sartuta badaude: Fundazio Erregistroan, Behin Betiko Erregistrokoan edo EOB erregistro osagarrian, baldin eta arrazaren ezaugarriak badituzte.
b) Ezaugarri baztertzailerik ez dutenak.
c) Emeen ugalketa kontrolatzen duten ustiategi batekoak direnak.
Bildotsari ugatza kendu aurretik aurkeztu behar du ustiategiak erregistro honetan inskribatzeko eskabidea.
Ama EOA eta aita FE edo BBE kategorietakoa duten arrak ezin dira sartu Genealogia Liburuko ezein jaiotza-erregistrotan.
3.– Behin Betiko Erregistroa (BBE).
Erregistro honetan Jaiotza Erregistrotik (JE) datozen animaliak baino ezingo dira inskribatu, betiere honako baldintza hauek betez gero:
a) Urtebete baino gehiago izatea.
b) JE Jaiotza Erregistroan inskribatuta egotea.
c) GAI kalifikazio morfologikoa lortzea.
d) Filiazio genetikoaren kontrol bat edukitzea, Genealogia Liburuaren Batzordeak eskatzen duen bakoitzean.
e) Identifikatuta egotea 1. puntuan adierazitakoaren arabera.
Animalia bat erregistro horretatik atera daiteke baldin eta bere ondorengoek ezaugarri baztertzaileak badituzte.
4.– Sekzio osagarria.
Fundazio Erregistroa ixten denerako dago Sekzio Osagarria (EO), baldintza hauek betetzen dituzten animalientzat:
a) Urtebete baino gehiago izatea.
b) Emea izatea.
c) Behar bezala identifikatuta egotea. Gailu elektronikoak hausnar-boloa izan behar du.
d) Gai gisa kalifikatuta egotea.
Sekzio Osagarriak (EO) kategoria hauek ditu:
4.1.– EOA kategoria.
Lehen aipatutako baldintzak betetzen dituzten emeak egongo dira kategoria honetan (oinarrizko emeak).
EOA erregistro horrek jaiotzen atal bat ere izango du (JE-EOA), eta bertan inskribatuko dira, behin-behinean, baldintza hauek betetzen dituzten emeak:
a) Bi hilabete baino gutxiago izatea edo titia kendu gabe egotea.
b) EOn inskribatutako amen eta BBEn edo FEn inskribatutako aiten ondorengoak izatea.
c) Gurasoak identifikatzeko, estaltze- eta jaiotza-agiriak aurkeztu beharko ditu ustiategiak.
4.2.– EOB kategoria.
Kategoria honetan inskribatu daitezke eme hauek:
a) Urtebetetik gorakoak.
b) Ama EOA kategoriakoa eta aita BBEn edo FEn inskribatuta izan eta lehendik JE-EOBn inskribatuta zeudenak.
c) Kalifikazio morfologikoan gai gisa kalifikatuak.
IV. KAPITULUA
GENEALOGIA LIBURUAREN BATZORDEA
1.– Genealogia Liburuaren Batzordea eratzea.
Sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburuaren Batzordea eratzen da.
2.– Genealogia Liburuaren Batzordearen eginkizunak.
Hauek dira sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburuaren Batzordearen eginkizunak:
a) Genealogia Liburuaren funtzionamendu- eta lan-arauak idaztea eta onartzea, eta eginkizunak zehaztea liburua eramatea aitortu zaion erakundeari eta erakunde horren barruan egon litezkeen elkarteei.
b) Aitortutako erakundearen jardueren jarraipena egitea, batez ere lege-betebeharrena.
c) Genealogia Liburuaren funtzionamenduko gorabeherak aintzat hartzea eta konpontzea.
d) Hobekuntza Planeko Kudeaketa Batzordearen barruan egongo den animalien genetika-zentroa ezartzea.
e) Baimendutako kalifikatzaileak proposatzea.
3.– Genealogia Liburuaren Batzordeko kideak.
Honako hauek izango dira Genealogia Liburuaren Batzordeko kideak, sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundea ordezkatzeko:
a) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko presidentea izango da Batzordeko presidentea.
b) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko 3 ordezkari. Batzordekide izan behar dute, bigarren mailako elkarte badira, lurralde historiko bakoitzeko hazle-elkarteen ordezkariek. Nor izendatu elkarte horietako bakoitzari kontsultatu ahal zaio, eta haien arautegiei jarraituz jokatuko dute.
c) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko edo hura osatzen duten hazle-elkarteetako lantalde teknikoko kide bat, gutxienez.
Kide horien artean hautatuko da Batzordeko idazkaria.
Batzordeko presidenteak egoki jotako autonomia- edo lurralde-administrazioko teknikariak gonbida ditzake bileretara, bere ekimenez edo bi kidek edo gehiagok eskatuta. Pertsona horiek bileran parte hartuko dute, hitza izango dute baina ez dute botorik izango.
4.– Genealogia Liburuaren Batzordearen funtzionamendua.
a) Ohiko bilkura bat egingo du urtean behin.
b) Ezohiko bilkurak ere dei daitezke; baldintzak:
● Batzordeko buruak eskatzea.
● Edo, gutxienez, kideen % 66k eskatzea.
Ezohiko deialdi hori, gutxienez, 15 egun lehenago egingo da. Deialdian gai-zerrenda azaldu behar da, eta gai bakoitzean erabiliko den dokumentazioa banatuko da.
c) Genealogia Liburuaren Batzordeko kideen % 66 da gutxieneko quoruma.
V. KAPITULUA
HOBEKUNTZA PLANAREN KUDEAKETA-BATZORDEA
1.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordea eratzea.
Sasi-ardia arraza Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordea eratzen da.
2.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen eginkizunak.
Honako hauek dira Batzordearen eginkizunak:
a) Arraza Hobetzeko Programa eta helburuak finkatzea, edo Hautapen Programa, lehen helburua betetakoan.
b) Arrazaren Hedapen Programa eta helburuak finkatzea.
c) Arrazaren mantentze-, sustatze- eta hobetze-programak garatzea, koordinatzea eta jarraipena egitea.
d) Sasi-ardia arrazari dagokion arraza-prototipoaren aldaketak proposatzea.
3.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen osaera.
Honako kide hauek osatuko dute Batzordea:
a) Sasi-ardia arrazaren Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundearen ordezkari gisa:
● Arrazaren Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko presidentea izango da Batzordeko presidentea.
● Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko 3 ordezkari. Batzordekide izan behar dute, bigarren mailako elkarte badira, lurralde historiko bakoitzeko hazle-elkarteen ordezkariek. Nor izendatu elkarte horietako bakoitzari kontsultatu ahal zaio, eta haien arautegiei jarraituz jokatuko dute.
● Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko edo hura osatzen duten elkarteetako lantalde teknikoko kide bat.
Ordezkari horietako bat izango da Batzordeko idazkari.
b) Genealogia Liburuaren Batzordeak hautatutako genetika-zentroko teknikari bat, gutxienez.
4.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen funtzionamendua:
a) Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez.
b) Ezohiko bilkurak ere dei daitezke; baldintzak:
● Batzordeko buruak eskatzea.
● Edo, gutxienez, kideen % 66k.
c) Deialdiak, gutxienez, 15 egun lehenago egin behar dira, eta jorratuko diren gaien berri eman behar da. Gai-zerrendako puntu bakoitzean erabiliko den dokumentazioa ere banatuko da deialdiarekin batera.
d) Batzordeko kideen % 66 da gutxieneko quoruma. Betiere, genetika-zentroko teknikariak egon behar du bertan, edo, bestela, hark egindako txosten bat aurkeztu behar da, non proposamenekin bat datorrela adierazi behar duen.