EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017059

AGINDUA, 2017ko martxoaren 15ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena. «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako Proiektua»k ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra deklaratzen duena eta desjabetzeko espedienteari hasiera ematen diona.

Xedapenaren data: 2017-03-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201701549
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/02/13an argitaratutako 2017/01/23ko AGINDUA [201700785]

Sail honek ondoan argitaratzen den agindua eman du gaur:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2016ko maiatzaren 13an, Errenteriako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena eman dio irisgarritasunerako honako obra hauek egiteko: Errenteriako Xenpelar kaleko 4ko bake-epaitegira iristeko igogailua eraikitzeko lanak.
Bigarrena.– Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako proiektua ezin da atzeratu, Irisgarritasuna Promozionatzeko 20/1997 Legeak eta hori garatzen duen 68/2000 Dekretuak ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko epea ireki zen, hain zuzen ere «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako Proiektua» gauzatzeko ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra deklaratzeko.
Laugarrena.– Horretarako emandako epean ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.
ZUZENBIDE OINARRIAK
Lehenengoa.– Mugape eta Planta Judizialaren abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 64. artikuluak honako hau ezartzen du: Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluak aurreikusitako ondorioetarako, onura publikokotzat jotzen dira aipatutako legean ezarritako planta egiteko honako obra hauek: epaitegiak, auzitegiak eta Justizia Administrazioaren zentro, erakunde eta zerbitzuen eraikinak aldatzeko obrak.
Bigarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20. artikuluan eta haren Erregelamenduari dagozkionetan xedatutakoa betez, jendaurreko informazio-aldian agertzen direnek aurkeztutako alegazioak ikusita, okupatzeko beharrizanari buruzko ebazpena emango da, eta han, desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak zehatz deskribatuko dira.
Hirugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 21. artikuluaren arabera, okupatzeko beharrizanari buruzko ebazpenak hasiera ematen dio desjabetze-espedienteari.
Laugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20. eta ondorengo artikuluetan eta haren Arautegiari dagozkionetan xedatutakoa betez, arauzkoa da desjabetzeko prozedurak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluaren arabera, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak dioenez, salbuespen modura eta Gobernu Kontseiluaren erabaki bidez, urgentziazkotzat jo daiteke zenbait ondasun eta eskubide okupatzea, baldin eta obra bat egiteak edo helburu jakin bat izateak eragindako desjabetzearen mende badaude.
Aipatutako legezko manuak, horien bat datozenak eta ezargarri diren gainontzekoak aintzat hartuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1.– Deklaratzea okupatu beharra dagoela «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako Proiektua» gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, atxikitako, zerrendan zehazten direnak.
2.– Nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako proiektua»n bildutako ondasun eta eskubideak okupatzeko.
3.– Aipatutako espedienteak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost egun balioduneko epean, legeak agindutako azken argitalpenetik hasita, bidezko iritzitako arrazoibide-idazkiak aurkeztu ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan (Andia kalea 13, Donostia), aipatutako zerrendan dauden akatsak zuzentzekotan. Hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen (1954ko abenduaren 16koa) 21. eta hurrengo artikuluetan eta haren Erregelamenduari dagozkionetan xedatutakoa betez.
Epe horretan zehar honekin batera doan ondasun eta eskubideen zerrenda Errenteriako udaletxeko iragarki-taulan ere ikusgai izango da, aipatutako ondorioetarako.
4.– Gobernu Kontseiluari eskatzea deklara dezan «Errenteriako Bake Epaitegiaren irisgarritasunerako Proiektua»k eragindako ondasun eta eskubideak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla, nahitaezko desjabetza egiteko.º
5..– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 15a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.