EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017059

62/2017 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201700062
Xedapenaren data: 2017-03-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201701533
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1997/07/02an argitaratutako 1997/06/17ko 199700138 DEKRETUA indargabetzen du

Dekretu honen xedea da Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalen espezializazioa eta prestakuntza sustatzea.
Beka hauen aurrekari hurbilena da Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko bekak arautzeko ekainaren 17ko 138/1997 Dekretua.
Ekainaren 19ko 2/2008 Legearen bidez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu zen. Garapenerako politikaren plangintza prestatzeaz eta politika hori koordinatzeko, kudeatzeko eta gauzatzeko eginkizunez arduratzen da, pobreziaren aurka borrokatzeko eta garatze-bidean diren herrialdeetan giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lankidetzak aldaketa handiak izan ditu azken urteotan; lankidetza sendo ageri da, eta kalitatearen eta eraginkortasunaren aldeko apustu irmoa adierazten du.
Horren haritik, lankidetza-eragileak sendotzea helburu hartuta, lanbide-jarduera garapenerako lankidetzaren esparruan gauzatu nahi duten pertsonentzako prestakuntza sustatu du Eusko Jaurlaritzak. Eremu estrategiko bat jartzen du haien esku, garapenerako lankidetzaren alorreko prestakuntza eta espezializazioa bideratzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez bultzatuta.
Azken urteotan ebatzitako deialdietan lortutako esperientzia oinarri hartuta, ohartu gara garapenerako lankidetzaren arloko profesional gazteen gaitasunak, ezagutzak, prestakuntza eta espezializazioa indartzeko beka-programaren arautze berria sustatzeko premia dagoela. Orobat, arauketa horrek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketaren araberakoa izan behar du prozeduraren, funtzionamenduaren eta programaren kudeaketaren alorreko kontuetan.
Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak hala proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko martzoaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA, ESKAKIZUNAK ETA DEIALDIA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honek arautzen ditu garapenerako lankidetzaren arloan profesionalen espezializazioa eta prestakuntza bultzatzea helburu duten bekak.
2.– Prestakuntza hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aretoetan emango da. Dena dela, prestakuntzarako lagungarri izatea helburu hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren beste organo batzuen aretoetan ere eman ahal izango da, baita garapenerako lankidetzarekin lotura duten erakundeen aretoetan ere, deialdi bakoitzean zehaztutakoari jarraituz.
3.– Beka hauek diru-laguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak arautzeko indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuko dira.
4.– Bekak emateak eta haiek baliatzeak ez dakar beka jaso duten pertsonen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arteko inongo kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik; horrela, bekadunei gomendiotan emandako lanak bat etorri beharko dira bekaren helburuarekin, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren duten harremanak ez du inolaz ere antzik izango bere pertsonalarekin duen harremanarekin.
2. artikulua.– Pertsona onuradunak.
Dekretu honetan araututako beken onuradun izateko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte pertsona eskatzaileek:
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bekak iragarritako urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik.
b) Unibertsitate-ikasketen titulu ofiziala izatea.
c) Gehienez 28 urte izatea bekak iragarritako urteko urtarrilaren 1ean.
d) Urtebeteko esperientzia izatea garapenerako lankidetzan edo garapenerako hezkuntzan, ahal dela GGKE batean.
e) Beka horiek edo unibertsitate-ikasketadunei bideratutako garapenerako lankidetzako alorreko antzeko beste prestakuntza-beka batzuk lehendik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik.
f) Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. paragrafoan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren pertsonak.
3. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea eta eskakizunak kreditatzea.
1.– 2.a), b) eta c) artikuluan aurreikusitako eskakizunen kreditatzea egiaztatuko du beken kudeaketa-organoak, dagozkion elkarreragingarritasuneko organoen bidez; aurretik, eskatzaile edo interesdunaren adostasuna jaso beharko da eskabidean. Adostasunik ez bada, dokumentazio hau ekarriko du:
a) NANaren kopia digitalizatua.
b) Bekak iragarritako urteko urtarrilaren 1a baino lehenagotik eskatzaileak administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen errolda-agiriaren kopia digitalizatua.
c) Unibertsitate-tituluaren kopia digitalizatua.
2.– Atzerriko tituluen kasuan, titulu horren aitortzaren kopia digitalizatua aurkeztu beharko da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (errege-dekretu horren bitartez ezartzen dira unibertsitateko ikasketa-maila ofizialarekiko eta tituluekiko homologaziorako eta baliokidetza-adierazpenerako baldintzak eta prozedura, bai eta goi-mailako hezkuntzako atzerritar ikasketak baliozkotzekoak ere, eta esaten da zer prozeduraren bidez zehaztu behar den zer elkarrekikotasun duten, goi-mailako hezkuntzarako kualifikazioen espainiar esparruko mailei dagokienez, arkitekto, ingeniari, lizentziadun, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko eta diplomadun titulu ofizialek).
3.– Lan-bizitzaren kopia digitalizatuaren edo jarduera hori burutu deneko erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez kreditatuko da 2.d) artikuluan aurreikusitako eskakizuna.
4.– Bekaren organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du 2.e) artikuluan aurreikusitako eskakizuna; horretarako, aurretik, beka eskatzen duen pertsonaren berariazko adostasuna beharko da. Adostasunik ez bada, edo organo kudeatzaileak ezin badu ofizioz egiaztatu, horiek kreditatzeko behar den dokumentazioa eskatu ahal izango zaio pertsonari.
5.– Pertsona eskatzaileak, eskabidea aurkezten duen unean, adierazi beharko du betetzen dituela kasuan kasuko laguntzak edo diru-laguntzak emateko arau erregulatzaileek galdegiten dituzten eskakizunak, eta, adierazi ere, deialdi-ebazpenean ezartzen den eredu normalizatuaren parte izango den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko du.
4. artikulua.– Deialdia.
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariaren ebazpen baten bidez aldizka iragarriko dira bekak.
2.– Hauek jaso beharko dira deialdi-ebazpenean: deialdiaren xedea, iragartzen den beka-kopurua, beken dotazioa, Hautaketa Batzordeko kideen izendapena eta eskabideak aurkezteko modua eta epea.
3.– Deialdi-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, eta denek jakin dezaten, www.elankidetza.euskadi.net eta www.euskadi.net web-orrietan ere argitaratuko da ebazpen hori.
5. artikulua.– Beken iraupena.
Beken iraupena 12 hilabetekoa izango da, jardunean hasten den egunetik hasita, eta bekak esleitzeko ebazpenean zehaztuko da hori noiz izango den.
II. KAPITULUA
HAUTAKETA-PROZEDURA
6. artikulua.– Prozedura-mota.
Bekak, zeinen edukia dekretu honen bidez arautzen baita, lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, dekretu honetan xedatutako balioespen-irizpideak eta hautatze-prozesuak aintzat hartuta.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura bitarteko elektronikoak baliatuz soilik izapidetuko da. Beraz, interesdunek telematikoki egin beharko dituzte eskaera, kontsulta eta izapide guztiak.
2.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideei dagokienez, dagokion deialdian ezarritakoaren arabera jokatuko da.
8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.
Eskabidea erabat beteta ez badago, edo zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu ez badira, pertsona eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ebazpena eman aurretik eskabideari uko egin diola ulertuko dela.
9 artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Merezimenduen balioespena Hautaketa Batzordearen ardura izango da. Honako kide hauek osatuko dute batzordea:
a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako koordinazio teknikoaren arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.
b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako hiru goi-teknikari. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da.
2.– Deialdiari buruzko ebazpenean ordezkapenak aurreikusi ahal izango dira, karguak hutsik badaude, titularrak bertaratzen ez badira, gaixorik badaude edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada ordezkoak izateko.
3.– Hautaketa Batzordeak, hala badagokio, teknikari espezialisten aholkularitza izan dezake. Aholkulariek hitza izango dute batzordean, baina botorik ez.
4.– Batzordearen erabakiek batzordekide gehienen aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, batzordeko lehendakariak kalitateko botoa izango du.
10. artikulua.– Balioespen-irizpideak.
Hauek dira balioespen-irizpideak:
1.– Eskatzailearen ezagutzarengatik 20 puntu emango dira gehienez, eta garapenarekin zerikusia duten erakunde publikoek eta pribatuek eskainitako garapenerako lankidetzaren edo garapenerako hezkuntzaren arloko ikastaroak balioetsiko dira, honela:
● 5 puntu, gutxienez 50 orduko edo hortik gorako ikastaroengatik.
● 10 puntu, gutxienez 100 orduko edo hortik gorako ikastaroengatik.
● 20 puntu, gutxienez 200 orduko edo hortik gorako ikastaroengatik.
2.– Ibilbide profesionalagatik 20 puntu emango dira gehienez, eta 13 hilabetetik aurrerako esperientzia balioetsiko da, honela:
● Garapenerako lankidetzaren edo garapenerako hezkuntzaren arloan soldatapeko langile edo boluntario gisa jardundako hilabete bakoitzeko: 0,4 puntu.
3.– Profil akademiko eta profesionala egokitzeagatik 25 puntu emango dira gehienez, eta indarreko Plan zuzentzailean aurreikusitako ekintzekiko duen egokitzapenaren arabera balioetsiko da. Deialdi-ebazpenak identifikatuko ditu ekintza zehatzak eta berariazkoak, zeinen arabera balioetsiko baita eskabide bakoitzaren profilaren egokitzapena.
4.– Euskararen ezagutzagatik 15 puntu emango dira gehienez, azaroaren 9ko 297/2010 eta Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuetan xedatuaren arabera, honela:
● B1: 5 puntu.
● B2: 10 puntu.
● C1 edo goragoko maila: 15 puntu.
5.– Atzerriko beste hizkuntza batzuengatik 20 puntu emango dira gehienez, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautzen diren araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak arautzeko abenduaren 29ko 1629/2006 Errege Dekretuan xedatuaren arabera, honela:
● B1: 5 puntu.
● B2: 10 puntu.
● C 1 15 puntu.
Deialdi-ebazpenean zehaztuko da zer atzerriko hizkuntza balioetsiko den, dagokion urtean egikaritu beharreko Lankidetzako Plan Zuzentzailean zehazten diren lehentasunezko ekintzen arabera.
11. artikulua.– Esleipena.
1.– Hautaketa Batzordeak, egindako balioespena kontuan hartuta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatuko dio hautaketa-fasean 50 puntu lortu dituzten hautagaiei esleitzea bekak, baldin eta, dagokion elkarrizketa egin ondoren, puntuazio altuena lortu badute beren modalitateko hautagaien artean. Proposamen hori eragin duten zioak ere aipatuko ditu.
2.– Horrez gainera, ordezkoen zerrenda ere proposatuko du Hautaketa Batzordeak, norbaitek bekari uko eginez gero edo beka errebokatuz gero, ordezkoak izateko. Ordezkoen zerrenda hori balioespen-irizpideen arabera ordenatuta emango da, hautaketa-fasean gutxienez 50 puntu lortutako hautagaiak soilik kontuan hartuta.
3.– Hautaketa Batzordeak zehaztuko du zein beka utziko den esleitu gabe eta zein eskabide ukatuko den; zioak ere adieraziko ditu.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, Hautaketa Batzordeak egindako proposamena ikusi ostean, dagokion ebazpena emango du. Ebazpen horretan, non zioak adieraziko baitira, beken onuradunak izendatuko dira, jardunean hasteko eguna adieraziko da, eta ordezkoen zerrenda emango da, halakorik badago. Baldintzak betetzen dituen hautagairik ez badago, bekak esleitu gabe geratuko dira.
2.– Bekak esleitu gabe gera daitezke, bai hautagairik ez delako aurkeztu, bai hautagaiek ez dutelako gutxieneko puntuazioa lortu.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, denek jakin dezaten, www.elankidetza.euskadi.net eta www.euskadi.net orrietan argitaratuko da beken esleipendunen zerrenda eta haien ordezko izendatuena.
4.– Emate-ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie esleipendunei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluarekin bat, eta deialdi-ebazpenean adierazten den egoitza elektronikoan ere argitaratuko da.
5.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, dagokion deialdia argitaratzen den egunetik hasita.
7.– Epe hori igarota, esleipen-ebazpena ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko da.
13. artikulua.– Uko-egitea.
1.– Bekaren onuradun batek prestakuntza-aldia hasi ostean bekari uko egiten badio, jardunean egindako denboraren araberako proportzioan jasoko du bekaren zenbatekoa. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zerbitzuek egingo dute dagokion likidazioa.
2.– Bekaren lehenengo hiru hilabeteetan uko eginez gero, beste pertsona bat izango da bekaren onuradun, ordezkoen zerrendako ordenari jarraituz. Ordezkoak jardungo du bekaren iraupena osatzeko falta den denboran. Jardunean egindako denboraren araberako proportzioan ordainduko zaio bekaren zenbatekoa.
III. KAPITULUA
PROGRAMA GAUZATZEA
14. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako beka onartu beharko du bekaren onuradunak. Ildo horretan, onuradunak, hamabost eguneko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badio, onartutzat joko da.
2.– Beka onartzeak betebehar hauek dakartza berarekin:
a) Dekretu honetan adierazitako arauketa errespetatzea.
b) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren ekintzetan parte hartzea, eta ezarritako egutegia betetzea.
c) Beka bakoitzerako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Zuzendaritzarekin adostutako prestakuntza-plana betetzea.
d) Diskrezio eta konfidentzialtasun osoz jokatzea bekari dagokion jardunean jakiten diren eta hala eskatzen duten kontu, egintza eta informazioei buruz.
e) Amaierako txostena egitea, eta, bertan, xehetasunez adieraztea aztertu dituzten gaiak, sortutako arazoak, proposatutako konponbideak eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi guztiak. Txosten hori aurkezteko, 15 eguneko epea dute beka amaitzen den egunetik hasita.
f) Beka ematea eragin zuten baldintzak betetzen diren ikusteko beharrezkoak diren egiaztatzeak igarotzea, eta, beken helburuaren fiskalizazio-zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea.
g) Helburu bererako bestelako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskuratu izana jakinaraztea.
15. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuaren eginkizuna izango da dekretu honetan aurreikusitako laguntzen azterketa teknikoa eta kudeaketa-zereginak betetzea.
16. artikulua.– Beken zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
1.– Beka bakoitza deialdi-ebazpenean adierazitako zenbatekoaz hornituko da. Hala ere, urteroko beken zenbateko osoa ezingo da izan indarreko Plan Zuzentzailean ezarritako funts banagarriak baino handiagoa.
2.– Bekak hilero ordainduko dira, eta beka esleitu eta gero egingo da lehen ordainketa, bekaduna onartu eta barne hartu ondoren.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Ikusten bada beka ematean ezarritako eskakizunak ez direla betetzen, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Zehatzago esanda, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan jasotzen diren gertakariak eta egoerek eragingo dute dirua itzuli beharra.
18. artikulua.– Itzulketa-prozedura.
Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Hau diote:
a) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bideari amaiera emango dio.
c) Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari horren berri emango zaio, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.
e) Gehienez ere sei hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
19. artikulua.– Bateraezintasunak.
Beka hau bateraezina da ordaindutako beste edozein lan egitearekin eta unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonentzako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako beste garapenerako lankidetzako alorreko antzeko beste prestakuntza-beka batzuk jaso izanarekin.
20. artikulua.– Ziurtagiriak.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, beka-aldia amaitzean, bekadun izan direla egiaztatzen duen ziurtagiri bat emango die bekadunei, eta bertan zehaztuko da bekaren iraupena, hasiera- eta amaiera-datak, egindako jarduerak eta bekaren organo kudeatzaileak garrantzitsutzat jotako beste inguruabar oro.
21. artikulua.– Aseguruak.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak istripu-aseguru bat egingo die bekadunei; poliza horrek heriotza eta ezintasun absolutu osoa edo partziala estaliko ditu. Bestalde, erantzukizun zibileko poliza ere egingo die, bekadunen jardueren balizko ondorioak eta hirugarrengoen kalteak estaltzeko.
22. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ebaluazio bat egingo du, zeinetan parte hartuko baitute beka baliatu eta amaitu duten pertsonek.
2.– Honako hau da ebaluazio horren xedea: jakitea zein izan diren parte hartu duten pertsonen esperientziak, dekretuan ezarritakoa nola gauzatu den bekadunen prestakuntzan eta espezializazioan eta ondorengo deialdiak egokitzeko beharrizanik badagoen balioestea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta gelditzen da Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko bekak arautzeko ekainaren 17ko 138/1997 Dekretua, baita dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan beste edozein xedapen ere, baldin eta maila bera edo apalagoa badu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honetan berariaz jasotzen ez den guztirako, honako hauek izango dira aplikagarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 40/2015 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko martxoaren 21ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.