EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017058

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 7koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erregistratu, argitaratu eta gordailutu dadila Cel Technologies & Systems Tissue S.L.U. enpresaren hitzarmen kolektiboa.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-03-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201701519
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Negoziazio-batzordeko ordezkariak aipatu hitzarmenari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuen, 2017ko otsailaren 23an, Regcon erregistroan.
Bigarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailua, erregistroa eta argitalpena izapidetzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015-10-24ko BOE), halaxe xedatzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak; dekretu horren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera sortzen da Lan eta Justizia Saila, eta lehen xedapen iragankorrak ezartzen du erregelamendu organikoen indarraldia. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.i) artikulua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.
Bigarrena.– Sinatutako hitzarmenak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 7a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
CEL TECHNOLOGIES & SYSTEMS TISSUE S.L.U. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA, 2016-2018KOA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Lurralde-eremua.
CEL Technologies & Systems Tissue S.L.U. Merkataritza-enpresako langileei aplikatu zaie hitzarmen hau, haren lantoki bietan: Araban, Artziniega (Barretaguren auzunea z/g), eta Bizkaian, Güeñes (La Perenal kalea, z/g).
2. artikulua.– Langileak.
Hitzarmen honek eragiten die aipatu merkataritza-enpresaren plantillako langileei, harako bi lantokietan dihardutenei; kanpo geratzen dira zuzendaritzako langileak, Langileen Estatuaren 1.3 artikuluko c) idatzi-zatian apatzen direnak alegia.
3. artikulua.– Indarraldia.
Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango duela adostu da. 2016ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta 2018ko abenduaren 31n amaituko.
4. artikulua.– Hitzarmena salatu eta luzatzea.
Hitzarmen hau automatikoki salatuko da 2018ko azaroaren 30ean.
Behin hitzarmen salatu eta iraupen adostua amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko du, harik eta beste hitzarmen baterako berariazko akordioa lortu arte, denbora-mugarik gabe.
5. artikulua.– Konpentsazioa eta irenstea.
Hitzarmen honetan jasotako baldintzek osorik ordezkatuko dituzte gaur egun enpresaren eta langileen artean indarrean daudenak.
Bi alderdiek adostu dute ezen, hitzarmen honen ondoriozko baldintzak, baita ekonomikoak ere, bateragarriak direla aurrerantzean onartutako edozein eremu, itun edo arauren ondoriozko egoerekin. Konpentsaziorako, betiere, bi egoeren alderaketa globala egingo da, urteko kopuruak kontuan hartuta. Konpentsazioaren bidez, enpresak izango du eskurik hitzarmen honetatik ondorioztatzen diren baldintzak xurgatu ahal izateko, behar den eran betiere.
6. artikulua.– Berme pertsonala.
Hitzarmen hau sinatzeko unean egiaztatzen bada ezen langilearen edo langile-taldearen aurreko egoera hobea zela hitzarmen honen aplikaziotik ondorioztatzen dena baino –bi egoeren arteko urteko zenbaketa orokorra alderatuta–; bada, egoera hobe hori errespetatuko zaio, maila pertsonalean soil-soilik, eta «ad personam» berme gisa.
7. artikulua.– Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetako elementu guztiak elkarri lotuta egongo dira; beraz, hitzarmenaren atal guztiak batera hartuta interpretatuko eta aplikatuko dira, eta ez dute baliorik izango batzuek besteak gabe.
8. artikulua.– Hitzarmena ez aplikatzea.
Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluak aipatzen duen hitzarmena ez aplikatzeko prozedurari heldu aurretik, enpresa saiatuko da berriro negoziatzen edo berrikusten, aipatu lege-testu horren 86.1 artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.
Nolanahi ere, hitzarmena ez aplikatzeagatik sor daitezkeen desadostasunak ebazteko prozesua honako organo honek hartzen duen erabakiaren pentzutan jarri beharko da: Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa; betiere, bat etorriz Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 471/2013 dekretuaren, abenduaren 30ekoaren, 10. artikuluarekin.
Dekretu horretako 9.3, 12. eta 13. artikuluetan xedatutako arbitraje-prozedura, berriz, alde biek berariaz men egingo diotela adosten dutenean bakarrik aplikatu ahal izango da.
9. artikulua.– Interpretazio- eta zaintza-batzordea.
Hitzarmen honetan ezarritakoa aplikatu eta betetzen delakoa interpretatzeko eta zaintzeko, batzorde paritario bat eratuko da, enpresako zuzendaritzak izendatutako bi kidek eta enpresa-batzordeak izendatutako beste bi kidek osatua.
Ahal dela, hitzarmenaren negoziazio-batzordea osatu zuten kideen artetik hautatuko dira kideak.
Bi aldeek bost egun izango dituzte batzorde paritarioaren bilera egiteko eguna eta ordua adosteko. Ados jarriko ez balira, PRECO lanbide arteko akordioak, edo haren ordez dagoenak, ezartzen dituen prozeduren mende utziko dituzte beren ezadostasunak.
II. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAMENDUA
10. artikulua.– Lanaren antolaketa.
Zuzendaritzak izango du lana antolatzeko eskumena, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hortaz, zuzendaritzak nahiz langileek produkzioko eta lankidetzako formula egokienak bilatuko dituzte, artikulu honen lehen paragrafoa normaltasunez aplika dadin.
11. artikulua.– Lanaldia.
Arau orokor gisa, urtean 1.680 lanordu izango ditu lanaldiak, hitzarmen kolektibo honek indarra duen bitartean.
Lanaldia modu irregularrean banatzeko aukera arautzen du Langileen Estatutuko 34.2 artikuluak, eta aukera hori 5 egunekoa izango da, gehienez, hitzarmena indarrean den denbora guztian. Hori dela-eta, egutegi bat egingo da urtero pertsona bakoitzari gehienez 215 lanegun esleituko dizkiona, eta horietatik bost lanaldiaren banaketa irregularrari dagozkionak izango dira. Atsedeneko egun baliokideekin konpentsatuko dira egun horiek, banaka esleituta.
Lan administratiboetan diharduten langileek lanaldi trinkoa izango dute, uztailaren 1etik irailaren 15era bitartean. Egunean zortzi orduko etengabeko lanaldia duten langileek hogeita hamar minutuko atsedena izango dute, lanaldiaren barruan.
12. artikulua.– Oporrak.
Langileek urtean 25 laneguneko eta gutxienez egutegiko 30 eguneko oporraldia hartzeko eskubidea izango dute. Ahal dela, udan hartuko dira oporrak.
Bosgarren txandako («Non Stop» izenekoa) langileek, egutegian ezarritako egunetan hartuko dituzte oporrak, dagozkienak; sistema hau abian ipintzen bada, egutegi hura aldez aurretik ezarritako izango da.
III. KAPITULUA
ORDAINSARIAK
13. artikulua.– Hitzarmeneko soldata.
Egunean edo hilean jasoko da, eta dagokion zenbatekoa izango da: hitzarmen honetako I. eta II. eranskinen tauletako 1. zutabean kategoria bakoitzerako finkatzen dena.
Enpresan 2013ko martxoaren 27tik aurrera, edozein kontraturen bidez lanean hasten diren langileak sartuko dira langileen, teknikarien eta administrarien kategorietako 0 taldean, langile bakoitzaren jardunari dagokionaren arabera, eta kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria jasoko dute, 24 hilabetez, enpresara sartzen direnetik hara.
Kontratatu osteko 25. hilabetetik aurrera, langileek betetzen duten lanpostuari dagokion kategoriaren araberako soldata jasoko dute.
14. artikulua.– Antzinatasuna.
Antzinatasunagatik, bi hirurteko ordainduko dira (ehuneko 5 hirurteko bakoitzeko), eta ondoren, langileak betetzen dituen bosturtekoak (ehuneko 10 bakoitzagatik, hiru bosturtekoren mugarekin). Hartara, kontzeptu hau dela-eta, % 40ko gehienekoa jaso ahal izango da antzinatasuna 21 urtekoa denean.
Antzinatasuna kalkulatzeko oinarria hitzarmen honetako I. eta II. eranskinetan jasotzen den taulako 2. zutabean adierazitakoa izango da.
15. artikulua.– Bertaratze-plusa.
Plus hori lantokiko langile guztiek jasoko dute, kategoria guztiak barnean hartuta, eta honako arau hauen arabera:
a) Lan-egutegiaren arabera hilabetean ezarritako ordu guztiak bete beharko dira, eta aparteko orduak ez dira kontuan hartuko.
b) Astean bost ordu baino gehiagokoak ez diren absentziek edo absentzia partzialek ez dute plusa kobratzeko eskubidea kenduko, betiere absentzia justifikatuak badira.
c) Justifikatuak izanda ere, absentzia horien batura asteko bost ordu baino gehiago bada, interesatuak ez du dagokion eguneko plusa jasotzeko eskubiderik izango.
d) Plus horren zenbatekoa egunean zenbatuko da. Gehienez, urtean 2.060,48 eurokoa izango da plusa, kategoria guztientzat.
e) Halaber, astean hiru aldiz hamar minutu baino gehiago atzeratzeak plusa galtzea ekarriko du, indarrean dagoen lan-araudiaren araberako zigorrak alde batera utzi gabe.
f) Garraiorako eskubidea duten langileentzat, atzerapena garraioan sortutako arazoengatik baldin bada, ez da e) letran jasotakoa kontuan hartuko.
16. artikulua.– Presentzia-plusa.
Kontzeptu horretan, 17,37 euro ordainduko dira hilean, hitzarmena indarrean den denbora guztian.
Hilean 5 lanordu baino gehiago galduz gero, edozein kausa dela medio, ordu sindikalak salbu, plusa galduko da.
Plus honengatik kobratutako zenbatekoak ez dira kontuan hartuko gaixotasun eta istripuengatiko osagarria kalkulatzeko.
17. artikulua.– Arrazionalizatze-saria.
a) Zenbatekoa:
Hitzarmen honen indarraldian, sari horren zenbatekoa 181,95 eurokoa izango da hileko, langile bakoitzarentzat.
Hala ere, 13. artikuluan araututakoaren arabera 0 taldera esleitutako langileek zenbateko hauek jasoko dituzte:
– Kontratuaren lehen 12 hiletan: adierazitako zenbatekoaren ehuneko 50.
– Kontratuko 13. hilabetetik 18. hilabetera, biak barne: zenbateko horren ehuneko 75.
Kontratuko 19. hilabetetik aurrera, adierazitako zenbatekoaren ehuneko 100 jasoko da.
b) Sortzapenerako baldintzak:
Berme hori jasotzeko eskubidea izateko, beharrezkoa izango da egutegian hilabete horretarako ezarritako ordu guztietan fabrikan egotea.
Egutegian ezarritako egunetan absentzia osoak edo partzialak gertatzen badira, osorik edo absentzia-orduen proportzioan galduko da saria.
Sarien sistema bera izango dute teknikariek eta administrazioko langileek.
18. artikulua.– Hiletik gorako mugaeguna duten soldata-osagarriak.
a) Uztaileko eta abenduko haborokinak:
Haborokin horiek kalkulatzeko oinarrirako, hitzarmeneko soldata gehi antzinatasuna eta hobariak hartuko dira kontuan. Haborokinean, kontzeptu horietako bakoitzeko 30 eguneko zenbatekoa jasoko da.
Uztaileko eta abenduko haborokinak hil horietako 15ean jasoko dira, edo hurrengo egun baliodunean.
b) Mozkinetako partaidetza:
Ondoko kontzeptuengatik ordaintzen duen zenbatekoaren ehuneko 8 ordainduko du mozkinetako partaidetza moduan:
– Hitzarmeneko soldata.
– Antzinatasuna.
– Laneratze-plusa.
– Produkzio- eta kalitate-saria.
Hilero hainbanatuta ordainduko da mozkinetako partaidetza, adierazitako kontzeptuetan oinarrituta.
19.– Gaixotasun edo istripuengatiko osagarria.
Justifikatu gabeko absentismoaren indizea txikitzearren, enpresak gezurrezkotzat hartzen diren baja-egoerak egiaztatu ahal izango ditu, horretarako izendatuko diren enpresako medikuen edo osasun-zerbitzuen bitartez.
Gaixotasunek eragindako aldi baterako ezintasunen (ABE) kasuan, gaixo dagoen langileak kotizazio-oinarriaren ehuneko hauek jasoko ditu:
– 1. egunetik 7. egunera: % 60.
– 8. egunetik 15. egunera: % 80.
– 16. egunetik 30. egunera: % 90.
– 31. egunetik aurrera: % 100.
Istripuek eragindako ABEen kasuan, edo edozein kausa dela-eta ospitalizazioa gertatzen denean, eguneko kotizazio-oinarritik honako ehuneko hauek jasoko ditu langileak:
– 1. egunetik 7. egunera: % 90.
– 8. egunetik aurrera: % 100.
Enpresako zerbitzu medikoak beharrezkoak iruditzen zaizkion azterketa mediko guztiak egin ahal izango ditu, bere kabuz edo espezialistek lagunduta, enpresaren kontura. Langileak azterketa hori egiteari uko eginez gero, horrek enpresaren kargurako osagarriak jasotzea bertan behera uztea ekar lezake. Gezurrezko arrazoi batengatik edo justifikaziorik gabe baja-egoeran egoteak zuzenean enpresak ordaintzen duen osagarria jasotzeko eskubidea kenduko du.
20. artikulua.– Gaueko osagarria.
Txandakako erregimenean lan egiten duten langileek, unean-unean ezartzen den ordutegiaren arabera, 22:00etatik 06:00ra bitarteko orduetan lan egiten badute, soldata-osagarri bat jasoko dute ordutegi horretan lan egindako lanaldi bakoitzeko. Hitzarmen honetako I. eta II. eranskinetan adierazitako taularen 3. zutabean jasotzen dira zenbatekoak.
Hala ere, adierazi berria denaren ordez, 4. zutabean berariaz jasota dagoen «Gaueko lanagatiko pluseko» zenbatekoak aplikatuko zaizkie enpresara bi txandako lan-kontratuarekin sartu ziren langileei, baldin eta hitzarmen hau izenpetzen den garaian balio horietako zenbatekoak jasotzen ari badira, 1979ko otsailaren 1ean xede horrekin eta lan-erregimena hiru txandara aldatzearen harian izenpetu zen akordioaren baitan.
Horrez gainera, beren kontratuen ezaugarriak direla-eta aurreko paragrafoan sartzen diren langileek, eta soilik horiek, «Ordutegi-aldaketa» izeneko osagarria jasoko dute. Osagarri horregatik 26,98 euro jasoko dituzte gaueko txandan lan egindako lanaldi bakoitzeko, kategoria guztietan.
21. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko ordutzat joko dira hitzarmen honetan normalean ezarritako edo itundutako orduak gainditzen dituzten ordu guztiak. Honela kalkulatuko da aparteko orduen prezioa:
– Aparteko ordu normalak: – Aparteko ordu normalak: I. eta II. eranskinetako 5. zutabean adierazitako orduko soldataren ehuneko 75 handituko da haien balioa.
– Gauez egindako aparteko orduak: I. eta II. eranskinetako 5. zutabean adierazitako orduko soldataren ehuneko 75 handituko da haien balioa.
– Jaiegunetako aparteko orduak I. eta II. eranskinetako 5. zutabean adierazitako orduko soldataren ehuneko 75 handituko da haien balioa.
22. artikulua.– Lantokien arteko barne-mugikortasuna.
Arceniegako eta Güeñeseko lantokien arteko barne-mugikortasunaren kasuan, lekuz aldatzen bakoitzeko 24 euroko pizgarria jasoko du langileak, aldez aurretiko abisua egiteko epea edozein delarik ere.
Horrez gain, aldez aurretik abisua egiteko epea, 5egunkoa, betetzen ez bada, zeina baitago ezarria Langileen Estatuaren 40.4 artikuluan, langileak eskubidea izango du 12 euroko konpentsazioa, hain zuzen ere harako epean konplitzen ez den egun bakoitzeko, muga delarik lekualdaketak irauten egun kopurua.
Enpresa osoan, aginte- edo -kudeaketako erantzukizuna izatea dakarten lanpostuei ez zaie aplikatuko gorago esandakoa; zehazki, euren ezaugarriak direla-eta lantoki bietarako diren lanpostuei.
Lantoki bien artean mugitu beharra lanaldi baten barruan gertatzen bada, lekuz aldatzearen ondoriozko gastuak enpresaren kargura izango dira; eta lanaldiaren iraupena kalkulatzeko kontuan izango da –hura amaitzean– langilea jatorriko lantokian dela, barne sartzen delarik desplazamendua, egoki bada.
Mugikortasuna dela-eta sor daitezkeen gastuen kasuan, ondoko betekizunak konplitzen badira, orduantxe bakarrik ordainduko dira:
1.– Langileak aldez aurretik onartutako baldintzen artean ez izatea lantokiz aldatzea,
2.– Eta horrez gain, desplazamenduengatiko gastuak areagotzen ekartzea, aurreko egoarekiko neurtuta (kasu horretan, konpentsatu egingo da diferentzia).
3.– Edo aipatu kasuetan ez bezala, enpresak berariaz eskatuta egitea halako gasturik.
23. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Langileen hartzekoak hileko nominan ordainduko dira, eta hilaren 30ean ordainduko da, edo, bestela, hil horretako azken egun baliodunean. Nomina ordaintzeko erabilitako datu aldagarriak aurreko hilabetearen 16tik uneko hilabetearen 15era artekoak izango dira, biak barne.
Hori horrela izanda ere, langile guztiek izango dute eskubidea aurrerakinak jasotzekoa, aurrerakina eskatzen den unera arte sortu diren soldata-ordainsarien mugarekin.
Ordainketak banku-transferentziaz egingo dira.
24. artikulua.– Helburuengatiko pizgarria.
Helburuengatiko pizgarri bat ezartzen da. Urtean 604,02 euro lortu ahal izango dira gehienez ere, eta hurrengo urteko otsaileko nominan ordainduko da.
Zuzendaritzak zehaztuko du, fabrika osoaren helburuak aintzat hartuta, zer kontzepturen gainean ezarriko diren helburuak eta zer balio eta diru-esleipen ezarriko den kontzeptu eta balio bakoitzerako. Horien guztien baturak ez du inoiz ere gaindituko artikulu honetan urte osorako ezarri den gehienezko zenbatekoa.
Zuzendaritzak aldiro emango dio haien bilakaeraren berri enpresa-batzordeari, bai eta, beharrezkoak balira, aldaketen berri ere.
IV. KAPITULUA
«NON STOP»
25. artikulua.– Non Stop erako lana.
Kapitulu honetan, arrazoi teknologikoengatik eguneko 24 orduetan eta igande eta jaiegunetan gelditu gabe funtzionamenduan egon behar duten ataletan lan egiten duten langileei aplikatzen zaizkien baldintza bereziak arautzen dira; atal horietan etengabeko txandako lan-erregimenean egiten da lan, igandeetan eta jaiegunetan ere lana egiten dela, jaiegun horiek atseden-egunekin konpentsatuta. Lan-erregimen horri «Non Stop» deituko diogu.
26. artikulua.– Lanaldia.
Lanaldia etenik gabeko erregimenean gauzatuko da, hiru txandetan banatuta, hau da, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan. Txanda horietan langile guztiak txandakatuko dira, eta igandeetan eta jaiegunetan ere lan egingo dute, lan-sistema hau ezarriz gero erabakitzen den moduan.
27. artikulua.– Jaiegun seinalatuak.
Aurreko artikuluetan, lan-formula honetarako erregimen gisa igandeetan eta jaiegunetan produkzioa ez dela etengo erabaki bada ere, fabrikako-atal guztiak geldituko dira jaiegun hauetan, tradizioz egun garrantzitsuak baitira:
– Aste Santua: Ostiral Santuaren goizeko 06:00etatik Pazko Astelehenaren goizeko 06:00ak arte.
– Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.
– Apirilaren 28a, San Prudentzio.
– Ganga Eguna.
– Abenduaren 24ko 14:00etatik abenduaren 26ko 06:00ak arte.
– Abenduaren 31ko 14:00etatik urtarrilaren 2ko 06:00ak arte.
28. artikulua.– Ordainsariak.
«Non Stop» erregimeneko langileek, erregimen horretan diharduten bitartean, hitzarmen honen III. kapituluan ezarritako ordainsari orokorrak izango dituzte. Gainera, osagarri hau izango dute:
– Jaiegunetako plusa: Jaiegun-plusa: egutegian hala ezarrita dagoelako lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko, langileak zenbateko bat jasoko du, eta aste barruko atseden-egun batekin konpentsatuko zaio.
– Zenbateko hori 184,78 eurokoa da jaiegun bakoitzeko.
– Zenbatekoak lan egindako lanaldi osorako kalkulatuko dira, baina langileak zortzi orduko lanaldia egiten ez badu, dagokion proportzioan ordainduko zaio.
– Soldata-osagarri horrek ez ditu aparteko orduak kalkulatzeko modulua eta horien zenbatekoa handituko, eta, era berean, ez da kontuan hartuko abenduko eta uztaileko aparteko haborokinak kalkulatzeko, eta ezta mozkinetako partaidetzako kalkulu-oinarria finkatzeko ere, baina oporretan ordainduko da.
– Oro har, egun horietan zerbitzuak ematen dituztenean jasoko dute jaiegun-plusa eta horren atseden-eguna baliatzeko eskubidea, betiere lan-egutegian ezartzen diren txanden arabera.
29. artikulua.– Ordezkapenetarako prestasuna.
Baldin eta lan-egutegiaren arabera pertsona bakoitzeko ordu gehiegi badaude instalazioen funtzionamendu-egutegia betetzeko, «ordezkapenetarako libre egoteagatiko plusa» deritzona aplikatuko da.
Funtzionamendu eta ordainsari hauek izango ditu plus horrek:
a) Langile bakoitzak onartu behar du sistema horretan parte hartzea, borondatez.
b) Sistema onartzen duten langileek sistema bete beharko dute eta horri dagokion konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute.
c) Lau ordezkapenetatik batek jaiegunekoa izan beharko du, nahiz eta halakotzat egin zertan egon ez. Hala ere, konpentsazio ekonomikoa jaiegunari dagokiona izango da.
d) Hauek dira ordezkapenetarako prest izateagatik jasoko diren ordainak:
– Eguneko txandako ordezkapenak: 73,93 euro.
– Gaueko txandako ordezkapenak: 86,22 euro.
– Igande eta jaiegunetako ordezkapenak: 110,85 euro.
e) Lan-egutegia aplikatzearen ondorioz txanda bakoitzean ordezkapenak egin behar badira, lau eguneko atseden-txandetan gauzatuko dira.
f) Egutegiko muturretan oporrak hartzen dituzten txandak bost opor-egun gehiagorekin saritzen direla hartu behar da kontuan. Zalantzarik gabe, egun horiek egin beharreko ordezkapenetatik salbuesten diote, baina horiek jasotzeko eskubidea ematen dute. Sortzapen hori dela-eta lehen eta azken txandarako ateratzen den zenbatekoa bost txanden artean banatuta ordainduko da.
Ez dira zenbateko horiek ordainduko hitzarmen honetako 11. artikuluaren bigarren paragrafoan (Langileen Estatutuko 34.2 artikuluarekin lotuta) adierazten den banaketa irregularreko 5 lanegunen kasuan.
30. artikulua:- «Non stop» osagarria.
«Non stop» lan-sistemako langileentzat bakarrik, sistema horrekin lan egiten duten bitartean, osagarri bat ezarri da; osagarriak 4,6 ordezkapen (3,6 lanegunekoak eta bat jaiegunekoa), jaiegun-plusa eta bost egun horiei dagokien prima ordainduko ditu, urteko lanaldia murriztearen ondorioz.
V. KAPITULUA
EKINTZA SINDIKALA
31. artikulua.– Enpresa-batzordeak.
Enpresa Batzordea langileen ordezkaritza-organoa da, eta legeak eta hitzarmen honek zehazten duten osaera eta bermeak izango ditu. Enpresa-batzordeko kideek baliatu ahal izango dituzten ordainduriko orduetan sartuko dira enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariek eskatuta deitzen dituen bileretako orduak. Ez dira sartuko, berriz, hilean behin zuzendaritzarekin egin beharreko ohiko bilera eta zuzendaritzak bere aldetik deitu ditzakeen gainerako bilerak.
Enpresa Batzordeko kideentzat ezarritako ordainduriko orduak kide batengan edo gehiagorengan metatu ahal izango dira, betiere hileko gehieneko kopurua gainditu gabe.
Uko egiteek eta haien ondoriozko ordu-metatzeek gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango dute. Hala ere, gutxienez hogei eguneko aurrerapenaz abisatu behar da.
32. artikulua.– Eginkizunak.
Hauek izango dira Enpresa Batzordearen eginkizunak:
a) Enpresaburuaren aurrean, hautatu zituztenean esleitu zitzaizkien ordezkari-lanak elkarrekin jardunez gauzatzea, eta ordezkatzen dituzten langileen lan-baldintzen inguruan sortzen diren auzi guztietan parte hartzea.
b) Enpresarako indarrean dauden laneko arauak, laneko segurtasun- eta higiene-arauak eta Gizarte Segurantzarenak betetzen direla bermatzea, enpresako zuzendaritzari gerta daitezkeen arau-hausteen berri ematea, eta, egoki izanez gero, arauak betetzeko behar beste erreklamazio egitea.
c) Lanbide-sailkapeneko administrazio-espedienteetan eta legezko xedapenak direla-eta beharrezkoa den beste guztietan txostena ematea.
d) Sei hilean behin enpresako segurtasun eta higieneari buruzko egoeraren berri izatea, bai eta egoera hori hobetzeko hartu diren neurrien berri izatea ere.
e) Enplegu-erregulazioko espedienteen kasuan, langileen legezko ordezkariei eta lan-agintaritzari idatzizko jakinarazpena ematen zaien une berean, enpresako zuzendaritzak honako dokumentu hauek eman beharko dizkie, kontsultak egiteko epea noiz hasten den adierazita:
1) Espedientea eragin duten arrazoi ekonomiko edo teknologikoen azalpen-memoria.
2) Azken hiru urteetako balantzea.
3) Azken hiru urteetako galdu-irabazien kontuak.
4) Azken hiru urteetako Sozietateen gaineko Zergaren aitorpena, halakorik egin behar bada.
5) Espedientearen eraginpeko zentroko edo zentroetako langileen zerrenda, honako datu hauekin: izen-abizenak, jaiotze-data eta -lekua, lanbide-espezialitatea eta -taldea, enpresan hasi den eguna, hileko soldata, eta langileen legezko ordezkaria den ala ez.
6) Espedienteak langile guztiak eraginpean hartzen ez baditu, espedientetik kanpo geratu diren langileen zerrenda bereizia, adierazitako datu berberekin.
f) Enpresak honako gai hauen inguruan hartu nahi dituen neurriei buruzko txostena egitea idatziz eta aldez aurretik:
1) Enpresa osorik zein haren zati bat lekuz aldatzea.
2) Lan-sistema berriak ezartzea edo daudenak berrikustea.
3) Sarien edo pizgarrien sistemak ezartzea.
4) Lanbide-sailkapenaren aldaketak.
g) Hobekuntza teknikoen eta produkziorako hobekuntzen arloan beharrezkotzat jotzen diren neurri guztiak proposatzea zuzendaritzari.
h) TC-1 eta TC-2 agiriak aztertzea.
33. artikulua.– Enpresa-batzordearentzako informazioa.
Hiru hilean behin, enpresaren egoerari eta martxa orokorrari buruzko informazioa emango dio enpresak Enpresa Batzordeari.
34. artikulua.– Diziplina-neurriak.
Hutsegite larriak eta oso larriak egiteagatik zein hutsegite arinak behin eta berriro egiteagatik zigorrak ezarri baino lehen, horren berri emango zaio Enpresa Batzordeari, presidentearen edo idazkariaren bidez.
Enpresako zuzendaritzaren edo horrek izendatutako pertsonaren aburuz zigorra berehala ezartzea beharrezkoa ez denetan, zigorra ez da ezarriko Enpresa Batzordeko arduradunari jakinarazi eta berrogeita zortzi ordu igaro baino lehen.
Zigorra ezartzeko gehieneko epea egutegiko hogeita hamar egunekoa izango da, zuzendaritzak langileari gertaera eragilearen berri ematen dionetik zenbatzen hasita.
Langileek egindako arau-hausteak bertan behera utziko ditu enpresak, eta honako epe hauetan preskribatuko dira:
– hutsegite arinak, 10 eguneko epean,
– hutsegite larriak, 20 eguneko epean,
– hutsegite oso larriak, 60 eguneko epean.
Hutsegiteak preskribatzeari dagokionez, enpresak hutsegitearen berri izandako egunetik hasiko da zenbaketa, eta edonola ere, preskribatuta izango dira hutsegitea egin denetik sei hilabete igaro ondoren.
35. artikulua.– Enpresako atal sindikalak.
Legez onartutako sindikatu bateko kide diren langileek enpresako atal sindikala eratu ahal izango dute.
36. artikulua.– Atal sindikaletarako bermeak.
Enpresako sindikatu-atalek berme hauek izango dituzte:
a) Enpresako lokaletan gai sindikalei edo laneko gaiei buruzko argitalpenak eta oharrak banatzea, beren afiliatuen kotizazioak biltzea eta sindikatu-afiliazioko zereginetan eragozpenik ez izatea. Hori guztia lanorduetatik kanpo egin behar dute eta berme horiek baliatzeak ezin izango du lana edo produkzio-prozesuaren martxa orokorra eten.
b) Hautagaiak proposatzea Enpresa Batzordeko postuak betetzeko.
c) Enpresa zuzendaritzaren aurrean afiliatuak ordezkatuko dituen ordezkari sindikal bat hautatzea atal sindikal bakoitzeko.
d) Ordezkari sindikala enpresan lanean diharduen langile bat izango da, eta ordezkatzen duen zentral sindikalaren edo sindikatuaren estatutuen arabera izendatuko da. Ahal dela, Enpresa Batzordeko kidea izango da.
e) Enpresako atal sindikaletako ordezkari bakoitzak, hurrengo artikuluan ezartzen diren afiliazio-baldintzak betetzen baditu, Enpresa Batzordea biltzeko deia egin ahal izango du baimendutako ordu-mugaren barruan eta lanorduetan.
f) Enpresako atal sindikaletako ordezkari bakoitzak, ondorengo artikuluan ezartzen diren afiliazio-baldintzak betetzen baditu, enplegu-erregulazioko espedienteen kontsulta-epean esku hartu ahal izango du.
g) Enpresak honako gai hauen inguruan hartu nahi dituen neurriei buruzko txostena egitea idatziz eta aldez aurretik:
– Enpresa osorik edo haren zati bat lekuz aldatzea.
– Lan- edo pizgarri-sistema berriak ezartzea.
– Laneko segurtasun eta higienean eragina duten erabakiak.
– Lanbide-sailkapenaren aldaketak.
– Aldez aurretik zuzendaritzari jakinarazita, lanorduetatik kanpo enpresaren beraren lokaletan biltzeko aukera emango die enpresak enpresako atal sindikal bateko kideei.
Hitzarmen honen 37. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten atal sindikalek beren sindikatuko arduradun bat edo batzuk enpresarekin egiten diren bileretara joatea eskatu ahal izango dute, artikulu honen f) letran adierazten diren gai guztietan esku hartzeko, beren afiliatuak eraginpean hartzen badituzte.
37. artikulua.– Enpresako atal sindikalei informazioa ematea.
Hiru hilean behin, enpresaren eta ekonomia-sektorearen egoerari eta martxa orokorrari buruzko informazioa emango die enpresak hitzarmen honen 37. artikuluan ezarritako afiliazio-baldintzak betetzen dituzten atal sindikaletako ordezkariei.
38. artikulua.– Ordezkari sindikalak enpresan.
Enpresaren barruan eratutako atal sindikaletako ordezkariek % 25 baino gehiagoko afiliazioa dutela egiaztatu beharko dute enpresako zuzendaritzaren aurrean.
39. artikulua.– Berme komunak.
Enpresa Batzordeko kideek eta ordezkari sindikalek honako berme hauek izango dituzte:
a) Iragarki-taula erabili ahal izatea gai sindikalei eta laneko gaiei buruzko oharrak iragartzeko.
b) Bileretarako lokalak izatea euren esku.
c) Afiliazioa edo jarduera sindikala dela-eta, ezin izango dira kaleratu edo beste edozein modutan kaltetu, betiere indarreko legedia betetzen badute.
d) Enpresako ordezkarien, Enpresa Batzordearen eta atal sindikalen bilerak 24 orduko aurrerapenez jakinaraziko dira enpresatik kanpo egiten badira, eta 48 orduko aurrerapenez, berriz, enpresaren barruan egiten badira, nahiz eta ohiz kanpoko eta behar bezala arrazoitutako kasuetan aurreabisua egiteko epea laburragoa izan daitekeen.
e) Diziplina-neurriei dagokienez, atal sindikaletako ordezkariek Enpresa Batzordeko kideen edo langileen ordezkarien eskubide berberak izango dituzte, betiere atal sindikalari afiliatutako kide bati eragiten badiote.
40. artikulua.– Batzarrak.
Urtean soldata errealarekin ordainduriko 12 ordu izango dira batzarrak egiteko, enpresaren barruan nahiz kanpoan.
Batzarrak enpresa batzordeak deitzen dituenean edo enpresako atal sindikaleko ordezkariak eskatzen duenean egingo dira, hurrengo paragrafoan ezartzen diren baldintzekin eta aurreko paragrafoan ezartzen den muga gainditu gabe.
Enpresako atal sindikal bateko ordezkariak eskatzen duenean, Enpresa Batzordeek ordainduriko batzarrak deitu beharko dituzte ezarritako muga gainditu gabe, betiere batzarrak enpresako langile guztien heren bateko afiliatuak gutxienez biltzen baditu; era berean, enpresako langile guztien heren batek batzarra egitea eskatu ahal izango du.
Batzarraren deialdia gutxienez 48 orduko aurrerapenez jakinaraziko zaio enpresako zuzendaritzari, eta jakinarazpen horretan batzarraren data adieraziko da.
Aparteko eta oinarri sendoko arrazoiengatik, enpresak batzarraren eguna aldatu ahal izango du, eta langileen ordezkariek 12 ordura murriztu ahal izango dute aurreabisurako epea.
41. artikulua.– Kargu sindikala betetzeagatiko eszedentzia.
Gutxienez herrialde-mailakoa den kargu sindikalen bat betetzeko eszedentzia eskatzen duten langileek ez dute eszedentzia eskatzeko enpresaren gutxieneko antzinatasuna bete beharrik.
Eszedentzia horiek nahitaezkotzat hartuko dira, eta, beraz, kontuan hartuko dira antzinatasunerako, langileak sindikatuko postuan dirauen bitartean, eta nahitaezko eszedentziei dagozkien xedapen orokorren baitan arautuko dira.
VI. KAPITULUA
KONTRATAZIOKO ETA LANBIDE-SUSTAPENEKO POLITIKA
42. artikulua.– Lanbide-sustapena: Hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera hutsik geratzen diren lanpostuak edo sortzen diren lanpostu berriak gaitasun-proben bitartez beteko dira. Enpresako langile finko guztiek parte hartu ahal izango dute proba horietan.
43. artikulua.– Gaitasun-probak.
Aurreko artikuluan arautzen dena betetzeko, eta horretarako aukera dagoenean, epaimahai bat eratuko da lan-atal bakoitzean. Enpresa-batzordeak izendatutako bi kidek eta enpresako zuzendaritzak izendatutako beste bi kidek osatuko dute epaimahai hori.
Proba horiek bi hilabeteko aurrerapenarekin deituko dira gutxienez, eta honako hauek adierazi beharko dira: beteko diren lanpostuen kopurua, proben eguna, egin beharreko ariketak, eta proben egitarauak.
44. artikulua.– Langileak aldi baterako kontratatzea.
Enpresak aldi baterako laneko enpresetara jo dezake, aldi baterako eskulan-premietarako, baldin eta horrek ez badu langileari eragiten kalterik ordainsarietan eta eskubideetan, enpresa-hitzarmen honetan ezartzen direnei dagokienez.
Langileak lagatzeko kontratuek 3 hileko iraupena izango dute gehienez, eta 6 hilera luzatzeko aukera izango da, baldin eta zuzendaritzak horren premia dagoela aurretik justifikatzen badio enpresa-batzordeari.
VII. KAPITULUA
POLITIKA SOZIALA
45. artikulua.– Ordaindutako lizentziak eta absentziak.
Ahal duen bezain laster jakinarazita, eta behar bezala justifikatuta, langilea lanera etorri gabe geratu edo lanetik joan ahal izango da, eta kobratzeko eskubidea izango du honako arrazoi hauetako batengatik, eta ondoren azaltzen den gutxieneko denbora-tartean:
a) Honako kasu hauetan bi egun emango dira, langileak bidaiarik egin behar badu, beste hiru egun gehiago eman ahal izango dira:
– Emazteak haurraz erditzea. Igandean edo jaiegunean gertatzen bada, ez da egun hori zenbatuko.
– Ezkontidearen zein ezkontide baten edo bestearen seme-alaben, gurasoen, biloben, aitona-amonen, ezkontzazko seme-alaben eta anai-arreben gaixotasun larriagatik, ebakuntza kirurgiko larriagatik edo heriotzagatik.
1) Distantzia 30 eta 100 km artekoa bada, egun bat gehiago emango da (orotara, hiru egun).
2) Distantzia 100 eta 250 km artekoa bada, bi egun gehiago emango dira (orotara, lau egun).
3) Distantzia 250 km baino gehiagokoa bada, hiru egun gehiago emango dira (orotara, bost egun).
Hiru kasuotan, distantzia langilearen etxebizitzaren eta baimen hori eragiten duen senidea dagoen lekuaren artekoa izango da.
b) Bi egun dibortziatu edo epai bidez bananduz gero.
c) Egun bateko lizentzia, honako kasu hauetan:
– Osaba-izeben edo iloben heriotza.
– Seme-alaben eta anaia-arreben ezkontza.
– Ohiko bizilekua aldatzea.
– Ospitaleratzea.
– Seme-alaben bataioa.
– Seme-alaben lehen jaunartzea.
d) Behar den denbora, honako kasu hauetan:
– Sendagile espezialistarengana joateko. Langileak aurretik jakinarazi behar dio enpresari noiz duen kontsulta, eta kontsultaren ondoren, bisita hori behar bezala egiaztatu beharko du, salbuespenezko kasuetan izan ezik.
– Ezinbesteko betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko; horretarako, aldez aurretik ordua jakinarazi beharko zaio enpresari, eta ondoren, absentzia behar bezala justifikatu beharko da.
e) Langilea ezkonduz gero, egutegiko 20 eguneko lizentzia izango du, ordainsari guztiekin.
Artikulu honetan jasotako lizentzia-kasu guztietan, baliatzearen hasierak egitate sortzailearekin batera gertatu behar du, ospitaleratze-kasuetan izan ezik, zeinetan lizentzia baliatu ahal izango baita, eskubidea dagoen egun kopuru berean, senidearen benetako ospitaleratze-aldiaren edozein unetan, elkarren segidako egunetan zein ez, langileak aukeratuta.
Ahaidetasunagatik ematen diren lizentzia ordainduei dagokienez, ezkontzakoa izan ezik, ezkontidearekiko aplikatzen diren baldintza berdinetan aplikatuko dira lizentziok izatezko bikotekidearekiko. Horretarako, harremana erregistro ofizial bateko inskripzioaren bidez frogatu beharko da.
46. artikulua.– Bizitza-aseguru kolektiboa.
Bizi-aseguruko primaren zenbatekoa enpresak ordainduko du, berak bakarrik, eta honako kalte-ordain hauek estaliko ditu:
1.– Heriotza: 21.000 euro.
2.– Gaixotasunak eragindako baliaezintasun absolutua eta iraunkorra: 21.000 euro.
3.– Istripuak eragindako heriotza: 21.000 euro.
4.– Istripuak eragindako baliaezintasun absolutua eta iraunkorra: 21.000 euro.
5.– Zirkulazio-istripuak eragindako baliaezintasun absolutua eta iraunkorra: 21.000 euro.
47. artikulua.– Laneko arropa.
Lanerako jantzi hauek emango dizkie enpresak bere langileei:
– Galtzak, alkandora, elastikoa eta jertsea, denetarik ere bitzuk. Jertsearen ordez, kazadora bat emango zaie mantentze-lanak egiten dituzten langileei.
– Sail hotzagoetan lan egin ohi duten langileei edota sail horietatik maiz igarotzen diren langileei beroki-jantzi bat emango zaie.
– Oinetakoak segurtasunekoak izango dira (zapatak edo botak), ahalik eta erosoenak eta arinenak.
– Azidoekin edo beste gai korrosiboekin lan egiten duten langileei lan horietarako ekipo egokiak emango zaizkie.
Arropa urtebetean erabiltzeko izango da, eta urteko lehen bi hilabeteen barruan berrituko da. Beroki-jantziak eta azidoekin edo beste materia batzuekin lan egiten den lanetarako jantziak, aldiz, erabilitakoak hondatzen diren heinean aldatuko dira.
Beste edozein arrazoiren ondorioz langilearen jantzia hondatuz gero, langileak horren berri emango dio Langileen Sailari, berriak jasotzeko.
Lantokian laneko arropak erabiltzea nahitaezkoa izango da, enpresak hala eskatzen dien eta horretarako jantziak eman dizkien langileentzat. Era berean, babes-jantziak erabiltzea nahitaezkoa izango da, azidoak edo beste gai korrosiboak manipulatzen direnean.
48. artikulua.– 25 urteko lan harremana enpresarekin.
Enpresarekin 25 urteko harremana betetzen dutenean, aipatutako lantokian jardun duten enpresako langileei erloju bat emango zaie, zeina izango baita aurreko urteetan entregatutakoaren antzeko ezaugarriak dituena. Erlojua bazkari batean emango zaie, eta enpresak erabakiko du bazkaria non eta noiz egingo den; bazkarira joan ahal izateko, dagokien langileek eguna libre izango dute.
49. artikulua.– Produktu-poltsa.
Artziniegako lantokiko langileek produktu-poltsa batekin trukatu ahal izango duten txartel bat jasoko dute hilean behin, nomina ordaintzen den une berean.
Langileak produktu-poltsa jasoko du bai lanean ari den garaian, bai erretiroa hartu ondoren. Erretiroa hartu duten langileei dagokienez, beraiek jaso beharko dute poltsa Artziniegan.
Enpresak erabakiko du poltsa hori zerekin osatu.
50. artikulua.– Gabonetako poltsa.
Gabonetako jaien inguruan, enpresak ospakizun horietako ohiko produktuen poltsa bat emango die Artziniegako plantilla osatzen duten langile guztiei, eta baita une horretan enpresarentzat zerbitzuak ematen dituzten aldi baterako langileei ere.
Zuzendaritzak aukeratuko du produktu-sorta.
51. artikulua.– Laguntza-funtsa.
Enpresak laguntza-funts bat jarriko du lantoki honetako langileentzat, eta haren guztizko zenbatekoa 18.030,36 eurokoa izango da. Aurkezten den eskaera bakoitzari 1.502,53 euro emango zaizkio gehienez. Eskaera-ordena errespetutako da laguntzak emateko. Enpresa-batzordearen onarpena beharko da laguntzak emateko.
Zenbateko horri ehuneko 7ko interesa aplikatuko zaio, eta bost urtetan itzuliko da, hileko kuotetan. Kuota horiek nominatik kenduko dira zuzenean. Lehenengo kuota laguntza eman eta hurrengo hilabeteko nominatik kenduko da.
Enpresak kudeatuko du funtsa, eta kuotetatik mailegatutako kapitalari dagokion zenbatekoa funtsera itzuliko da, eta interesak, berriz, enpresarentzat izango dira. Beste laguntza bat eman ahal izateko, emango den diru-kopuruak egon beharko du gutxienez laguntza-funtsean.
52. artikulua.– Eskola-laguntza.
Enpresak hilean 9,10 euroko eskola-laguntza emango du «derrigorrezko» hezkuntzan dagoen seme-alaba bakoitzeko, ikasturtearen 10 hilabeteetan; betiere, aldez aurretik, ikasketa horiek egiten direla justifikatu beharko da.
53. artikulua.– Garraioa.
Enpresak garraio-baliabide bat eta hori soilik jarriko du txandako lan-erregimenean jarduten duten langile guztientzat Zallatik (Bizkaia) Artziniegara (Araba), hitzarmen honen aurretik zeuden baldintza berdinetan, baina lan-jatorriagatik edo enpresan sartu den datagatik mugak jarri gabe.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Soldata berrikustea.
Testu artikulatu honetan eta erantsitako tauletan jasotako soldata-kontzeptu guztiak % 0,50eko gehikuntzarekin eguneratu dira.
Indarraldiko hurrengo bi urteetan, soldata-kontzeptu guztiak handitu egingo dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1eko efektu-datarekin, aurreko urteko abenduaren 31n indarrean zeudenen gainetik, honako ehuneko hauetan:
– 2017. urtea: % 0,75.
– 2018. urtea: % 0,75.
Hitzarmenaren indarraldia amaitutakoan, soldata-kontzeptu guztiak handituko direla bermatzen da, gainera, Estatuko kontsumoko prezioen indizea 2016-01-01 eta 2018-12-31 artean handitu den ehuneko berean, taulak eguneratzearen bidez, eta eragina 2019-01-01etik aurrera izanik.
Bigarrena.– Soldata-mailen bilakaera.
Enpresa bere iraupena bermatzeko gauzatzen ari den bideragarritasun- eta finkatze-planaren ondorioz, 6 urteko aldi iragankor bat ezarri da (2021. urtera arte), eta epe horretan hitzarmeneko soldata gora egingo du progresiboki harik eta behin betiko balioa erdietsi arte.
Bilakaera horretarako, IV.etik XIII.era bitarteko eranskinetan ageri diren taulak aplikatuko dira. Hitzarmen honetako zati dira taulok, eta hurrengo bost urteetan (2017-2021) aplikatuko diren soldatak jasotzen dituzte: horrela, urte bakoitzean aplikatu beharko diren taulak, I. eta I. eranskinetako taulak ordezkatu eta indarrean izango dira dagokien urtean.
Taula horietan adierazitako balioak eguneratuta daude 2016. urteari dagokion igoerarekin, eta urtero eguneratu beharko dira, lehenbiziko xedapen gehigarrian adierazitako igoerekin.
2014ko apirilaren 11ko integrazio-akordioen eraginpeko langileei (Virtisú izandako enpresatik etorriak), xedapen horretan zehaztutako baldintzak aplikatuko zaizkie zuzenean, edonola izanda ere enpresan sartu ziren data, 0 taldeko 24 hilabeteko epea bete arte itxaron gabe.
Hirugarrena.– Lanbide-mailak esleitzea.
Aurreko hitzarmenaren indarraldian aldaketak egon dira antolaketan eta funtzio-banaketan, langile asko berri sartu direlako eta produkzio-instalazio berriak integratu direlako. Hori dela eta, lanbide-sailkapena birdefinitu behar da, eta 0 taldetiko langileei dagozkien lanbide-mailak esleitu behar zaizkie.
Horretarako, batzorde paritario bat eratuko da, zuzendaritzaren eta langileen ordezkariek osatua, bi helburu hauetarako:
1.– Lanbide-maila horietako bakoitzera esleitzeko irizpideak zehaztea, lanpostuetako lanak behar bezala betetzeko behar diren kualifikazioa eta gaitasunak kontuan hartuta.
2.– Haien jarraipena egitea hitzarmenaren indarraldian.
Laugarrena.– Urteko bonusa.
2016. urtetik aurrera (eragin ekonomikoa 2017ko otsailean izanik), «Helburuengatiko pizgarria» berreskuratzen da, hitzarmen honen 34. artikuluan aipatua bera. Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, pizgarria honako helburu hauek benetan betetzeari lotuta egongo da:
Kalkulatzeko irizpideak honako hauek izanik:
– Bonusaren gehieneko zenbatekoa (eta kalkuluaren oinarria): 604,02 euro.
Lehen xedapen gehigarrien ondorioz izan daitezkeen eguneraketekin.
– Ekitaldiko emaitza: sortzapen-ekitaldiko galdu-irabazien kontuaren saldoa, talde kontsolidatuaren urteko kontu ikuskatuena (Cel Technologies & Systems S.L.U. eta mendeko sozietateak).
– Ez da inolako pizgarririk sortuko ekitaldiko emaitza negatiboa bada.
Nolanahi ere, hitzarmen honen indarraldian, zenbateko hauek jasoko dituztela bermatzen zaie langile guztiei:
– 2016: 201,00 euro.
– 2017 eta 2018: 301,50 euro.
Ordainketa hori emaitza dena delakoa izanda ere egingo da; hau da, taula aplikatzean ateratzen den zenbatekoa bermatutakoa baino txikiagoa bada, bermatutako zenbatekoak jasoko dituzte langileek, eta handiagoa bada, berriz, dagokion zenbatekoa kobratuko dute, bermatutakoa xurgatzen dela.
Hitzarmenaren luzapen automatiko eta mugagabeak (4. artikulua) ez dio bigarren xedapen gehigarri honen edukiari eragingo; beraz, hitzarmenaren indarraldia amaitzean, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Bosgarrena.– Erretiro partzialeko plana.
2013ko apirilaren 15ean, bi aldeek akordio bat sinatu zuten erretiro partzialeko plan bat aplikatzeko. Plan hori hitzarmen honi erabat lotuta dago eta ezin izango da, beraz, hura bere aldetik betetzeko eskatu.
Plan horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Martxoaren 15eko 5/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz, modalitate horri atxiki ahal izango zaizkio 1958ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotako langile guztiak, aplikatzekoa den legerian jaso bezala, betiere xedatutako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Erretiro partziala hartzeko, ezinbestekoa izango da langilearen eta enpresaren artean akordio bat egitea berariaz eta borondatez langile bakoitzeko, bai eta dagozkion errelebo-kontratuak eta erretiro partzialeko kontratuak izenpetzea ere.
3.– Horretarako, langileak berariazko eskaera egin beharko dio zuzendaritzari nahikoa aurrerapenez, eta zuzendaritzak aukera izango du erretiro partzial hori atzeratzeko baldin eta antolaketa-zailtasunik badago lanpostua estaltzeko edo erreleboa egingo duen pertsona aukeratu eta lanean hasteko.
4.– Aipatutako planaren baitan egingo diren errelebo-kontratuak mugagabeak izango dira, enpresaren egoerak horretarako bide ematen badu, hornitu beharreko lanpostuaren ezaugarrien eta jarduera-bolumenaren arabera, non eta ez den objektiboki egiaztatzen lanpostua amortizatzeko beharra.
5.– Enpresa-batzordeari jakinaraziko zaio egindako eskaerei ezartzen zaien salbuespen edo baldintza oro, hori justifikatzen duen kausarekin batera.
Erretiro partzialeko plan horren indarraldia automatikoki amaituko da 2018ko abenduaren 31n, berariaz salatu behar gabe, eta inolako luzapenik egiteko aukerarik gabe; horregatik, dauzkan ondorioak erabat eta behin betiko amaituko dira. Hortaz, hitzarmenaren luzapen automatiko eta mugagabeak, zeina 4. artikuluan jasota baitago, ez dio eragiten atal honi.
Seigarrena.– Eskuratutako baldintza onuragarrienak bermatzea.
Hitzarmen honetan, antolaketarekin eta ordainketa-sistemarekin lotutako funtsezko aldaketak sartu dira, beharrezkotzat jo baitira haien egitura bideragarritasun-planari egokitzeko.
Horregatik, hitzarmen honetan jasotakoak baino hobeak diren ordainsari-baldintzak –soldataren zein hitzarmenaren aldetikoak– dituzten langileek azken horiek pertsonalki finkatuko dituztela bermatzen da, 6. artikuluan adierazitakoaren arabera: berme hori kolektibotzat jotzen da, eta hitzarmen honek estatutu-mailarekin babestutzat, eta, horregatik, ezingo du aldatu Zuzendaritzak aldebakarrez, Langileen Estatutuaren 41. artikulua erabiliz.
Ildo beretik, 2013-01-01a baino lehenago sartu diren langileek lehenago indarrean zeuden arauak izaten jarraituko dute antzinatasun-arloan, eta ez die eragingo hiru bosturtekoko mugak (% 40), zeina 14. artikuluan aipatzen baita.
XEDAPEN IRAGANKORRAK.
Lehenengoa.– Atzerakinak ordaintzera eta sortzea.
2016ko uztailaren 1a izango da soldata-eguneraketen sortzapen-data, kontzeptu hauei dagokienez: arrazionalizatze-sariaren balio berriak (17. artikulua), soldata-mailen bilakaera (bigarren xedapen gehigarria), eta, oro har, 0 taldeko baldintzen berrikuspenetik eratorritako oro (13. artikulua).
Soldata-berrikuspen orokorrari dagozkion atzerakinak (ehuneko 0,50; lehen xedapen gehigarria), zeintzuk sortu baitira 2016ko urtarrilaren 1etik aitzina.
Edonola ere, atzerapenak 2016ko azken hiruhilekoan ordainduko dira.
Bigarrena.– Kontratazio-konpromisoak.
Akordio hau sinatzen denean enpresan diharduten baina 2013ko martxoaren 27a baino lehen lanean ari ziren langileak lantaldean sartu beharko dira mugagabeko lan-kontratu bidez, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean.
0 taldeko langileek 24 hilabete betetzeko baldintzari dagokionez, Cel Technologies & Systems taldeko (hau da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera) edozein sozietatetan lan egindako denbora metatua zenbatuko zaie.
Hirugarrena.– Ikatzarengatik eskuratutako eskubideak errespetatzea.
Hitzarmen honen 6. artikuluan arautzen den bermea betetzeko, errespetatu egingo da, pertsonalki eta lehendik jasotzen zuten langileentzat soilik, 3,38 euroko zenbatekoa langileentzat, eta 8,43 euroko zenbatekoa enplegatuentzat, aldeen artean izandako akordioekin eta Bizkaiko Lan Ordezkaritzak 1981eko apirilaren 1ean eman zuen Ebazpenarekin bat etorriz.
Laugarrena.– Lanbideak sailkatzeko sistema egokitzea.
Enpresak duen lanbide-sailkapeneko sistema egokitu egingo zaio Langileen Estatutuaren 22. artikuluak arautzen duenari eta, zehazki, uztailaren 6ko 3/2012 Legeak artikulu horri eman zion arau-edukiari. Hala, Batzorde Paritario bat eratu da, Enpresa Batzordeko bi kidek eta zuzendaritzako beste bi kidek osatua, sailkapen-sistema berria adosteko, hitzarmen honen indarraldiaren barruan.
Bi aldeek irakurri egin dute agiri hau, eta, ondoren, adostasun adierazpen gisa, izenpetu egin dute testu artikulatua eta hari atxikitako I-XIII. eranskinak, Artziniegan (Araba), 2016ko azaroaren 10ean.