EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2017050

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 263/2016 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2017-02-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201701321
Maila: Ediktua
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 263/2016 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Alderdi demandatzailea: Aicha Oulahou.
Alderdi demandatua: Mohamed Ardoun.
Gaia.
Judizio horretan, epaia eman da, eta hauxe ezartzen da:
60/2017 EPAIA
Epailea: Elisabet Garcia Alegre.
Lekua: Donostia.
Eguna: bi mila eta hamazazpiko otsailaren hamabosta.
Alderdi demandatzailea: Aicha Oulahou.
Abokatua: Alvaro Lopez Berdonces.
Prokuradorea: Ines Perez-Arregui De Codes.
Alderdi demandatua: Mohamed Ardoun. Auzi-ihesean.
Abokatua.
Prokuradorea.
Judizioaren gaia: guraso eta seme-alabentzako neurriak hartzea.
XEDAPENAK
Partez baiesten dut Mohamed Ardoun-en aurka Pérez-Arregui prokuradoreak Aïcha Oulahouren izenean, aurkeztutako demanda eta, hortaz, XXXXX seme adingabekoarekiko neurri hauek hartzea erabaki dut.
1.– Guraso-ahala. Bi gurasoek dute guraso-ahala; baina ama baino ez da ahalaz baliatuko ahal horretaz, aita ez dagoen bitartean.
Horrek esan nahi du adingabekoarekiko erabaki garrantzitsuak amak hartu ahal izango dituela, beste gurasoaren adostasunaren beharrik gabe. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza, hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Era berean, adingabearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. Adingabekoaren zaintza eta jagoletza amari esleitzen zaizkio, Aïcha Oulahouri.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da bidezkoa aitaren eta semearen arteko bisita-araubide bat ezartzea. Aitak berriro semearekiko harremanak berriro hasteko nahia adierazten badu, bisitak gurasoen artean adostu beharko dira, eta adostasunik ez badago, neurria aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako ezarritako legezko prozeduraren bidez.
4.– Elikadura-pentsioa: Aitak XXXXX seme adingabearen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du, harik eta hura adinez nagusi izatera iritsi eta ekonomikoki independentea izan arte edo izateko moduan egon arte, fede onez jokatuta. Pentsio hori hilean berrehun eurokoa izango da, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio amari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera, abendutik abendura neurtuta; lehen eguneratzea 2018ko urtarrilaren batean gauzatuko da.
5.– Aparteko gastuak. Semearen bizimoduan jazotzen diren aparteko gastuak erdi bana ordainduko dute bi gurasoek, betiere ere ados badaude eta agiri bidez hala egiaztatzen badute bien artean erabakitakoa; adostasunik ez bada, epailearen baimena beharko da. Kasu batean zein bestean, aldez aurretik egin beharko da. Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazi asmorik gabe, honako hauek izan daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, edozein gaixotasun fisiko edo mentalari lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Goragoko lerroaldean zehaztutako aparteko gastuak egiteko, guraso bien adostasunezko erabakia beharko da, betiere hura egin aurretik; eta adostasunik ez bada, arazoa epailearen esku utzi beharko da, zeinak erabakiko baitu gastua bi gurasoek egin beharko duten ala ez ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Ebazpena aldekoa izango da, baldin eta semearentzako beharrezkoa eta egokia bada gastua eta familiaren zirkunstantziekin bat badator. Premiazko diren presako gastuei dagokienez, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaitu egingo da semea –adin nagusikoa edo legez emantzipatua izanik– ekonomikoki independentea izaten denean, 150. eta 152. artikuluetako amaitze-kausei kalterik egin gabe.
6.– Ez da beste neurririk hartuko.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Berariaz ez da kosturik ezartzen.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274. Kontzeptua: 1847 0000 00 0263 16. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria). Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak».
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Alderdi demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi du epaileak, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Donostia, 2017ko otsailaren 15a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.