EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017047

35/2017 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzeko Hitzarmena.

Xedapenaren zenbakia: 201700035
Xedapenaren data: 2017-02-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201701237
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari Nafarroako Foru Komunitatea atxikitzeko Hitzarmena; eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 27KO 35/2017 EBAZPENARENA
«AKITANIA / EUSKADI EUROESKUALDEA» IZENEKO LURRALDE LANKIDETZARAKO EUROPAR TALDEARI NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA ATXIKITZEKO HITZARMENA
Ikusirik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzkoa;
Ikusirik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamendua, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzko 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duena talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeko;
Ikusirik Frantziako Errepublikak eta Espainiako Erresumak 1995eko martxoaren 10ean izenpetutako Baionako hitzarmena, eskualdeetako gizataldeen arteko mugaz gaindiko lankidetzari buruzkoa;
Ikusirik Eskualdeetako gizataldeen kode orokorra, bereziki L1115-4-2 eta L5721-1 artikuluak nahiz hurrengoak;
Ikusirik urtarrilaren 23ko 23/2015 Errege Dekretua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua benetan aplikatzeko behar diren neurriak hartzen dituena –Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduaren bitartez, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzko 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua aldatu zen, talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeko–;
Ikusirik 2015eko urtarrilaren 16ko 2015-09 Legea, eskualdeen mugaketa, eskualdeetako eta departamentuetako hauteskundeak eta hauteskundeen egutegia aldatzen dituena, bereziki 1. artikulua;
Ikusirik 2015eko abuztuaren 7ko 2015-991 Legea, Errepublikaren lurralde antolaketa berriari buruzkoa, bereziki 133. artikulua (VIII);
Ikusirik Hitzarmenaren zazpigarren eta hamargarren klausulak eta «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldearen estatutuen 8. Eta 18. artikuluak –talde hori eratzeko Vitoria-Gasteizen 2011ko abenduaren 12an egindako bilkuran onartu ziren horiek–;
Ikusirik Nafarroako Foru Komunitatearen erabakia, Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 21eko erabakiaren bitartez Nafarroako Foru Komunitatea «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari atxikitzea eskatzeko hartutakoa;
Ikusirik «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldearen Batzarraren 6/2016 zenbakidun erabakia, Nafarroako Foru Komunitatea LLET horri atxikitzea onartzeko hartutakoa 2016ko martxoaren 18an;
Ikusirik Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko Kontseiluaren 2016ko apirilaren 13ko 2016-519, SP zenbakidun erabakia;
Ikusirik Euskal Autonomia Erkidegoaren erabakia, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 22an egindako bileran hartutakoa;
Ikusirik Nafarroako Foru Komunitatearen erabakia, Nafarroako Gobernuaren 2016ko martxoaren 23ko erabakiz hartutakoa;
BILDUTAKOAK:
Alain Rousset jauna, Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeko lehendakaria,
Iñigo Urkullu jauna, Euskadiko lehendakaria, eta
Uxue Barkos andrea, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria.
Hitzarmen hau egiteko legezko gaitasuna aitortu ondoren elkarri, honako hau
AZALTZEN DUTE:
1992. urtetik, Euskal Autonomia Erkidegoak, Akitaniako Eskualdeak eta Nafarroako Foru Komunitateak mugaz gaindiko lankidetza handia izan dute historikoki, eta horren ondorioz, proiektu komunak abiarazi eta finantzatu dituzte.
Lankidetza esparru bat eratu da erakunde harremanak izateko haien eskumenen esparruan helburu komunak lortze aldera hiru eskualdeon artean 2000. urtera arte, orduan izenpetu zuen-eta mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen bilateral bat Akitania Eskualdearekin Nafarroako Gobernuak.
Lurralde horietako eremu batzuen arteko kulturaren eta hizkuntzaren arloko gertutasunak bultzaturik, edo Europar Batasunaren baitan dauden gune geografikoetan, bereziki Kantauri aldekoan eta Pirinio ingurukoetan, interesak etengabe bat egitearen ondorioz, Euskadi eta Akitaniaren arteko lankidetzak eta Nafarroa eta Akitaniaren artekoak lagundu dute gizataldeak hurbiltzen eta eskualde berri horren identitatea eratzen.
Duela gutxi Nafarroako Foru Komunitateak, Nafarroako Gobernuak 2015eko urriaren 21ean hartutako erabakiaren bitartez, adierazi du borondatea duela euroeskualde honetako kide izateko.
Lehenago adierazitakoarekin bat etorriz, aldeen iritzia da komeni dela Nafarroako Foru Komunitatea «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko LLETari atxikitzea formalizatzea eta, horren ondorioz, estatutuak egokitzea; hitzarmen honen eranskinean jaso dira estatutuok.
Atxikitze horrek dakartzan aldaketek eratze hitzarmenaren lehenengo, bosgarren, zazpigarren eta zortzigarren klausulei eragingo diete, baita «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» arautzen duten estatutuen 1., 2., 6., 8., 9., 18. eta 23. artikuluei ere.
Halaber, 2015eko urtarrilaren 16ko 2015-09 Legea, eskualdeen mugaketa, eskualdeetako eta departamentuetako hauteskundeak eta hauteskundeen egutegia aldatzen dituena, aplikatzearen ondorioz, Akitania, Limousin eta Poitou Charentes-eko eskualdeak bildu egin dira, eskualde bakarra osatuz. Eskualde berri horrek antzinako Akitania Eskualdea ordezkatu du eskubide eta betebehar guztietan, baita euroeskualde honetako partaidetzan ere. Juridikoki ez bada ere derrigorrezkoa eratze hitzarmenean eta estatutuetan Akitania Eskualdeari egiten zaizkion aipamenak eguneratzea, euroeskualdeko kideek egoki deritzote eguneratze horri, eta taldearen izenean baino ez eusteari. Beraz, aldatu egin dira eratze hitzarmenaren bigarren eta zazpigarren klausulak eta estatutuen 1., 3., 8., 9. eta 10. artikuluak; 2011ko abenduaren 12an egindako eratze batzarrean onartu ziren horiek guztiak.
Bestalde, kontuan harturik Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzkoa, aldatu egin duela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak, bidezkoa da eguneratzea araudi horri eratze hitzarmenaren zortzigarren eta hamargarren klausuletan eta estatutuen 1. eta 21. artikuluetan egindako aipamenak.
KLAUSULA HAUEN ARABERA
Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatea «Akitania / Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari atxikitzea formalizatzea –hemendik aurrera, Akitania-Limousin-Poitou Charentes Eskualdeak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak osatuko dute talde hori–, baita hainbat paragrafo eguneratzea ere, eratze hitzarmenean eta estatutuetan Akitania-Limousin-Poitou Charentes Eskualdea delako izen berriari dagokionean eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak aldatzeari dagokionean.
Bigarrena.– Aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoak eta Akitaniako Eskualdeak «Akitania-Euskadi Euroeskualdea» izeneko Lurralde Lankidetzarako Europar Taldea eratzeko egindako hitzarmenaren (eratze hitzarmena, aurrerantzean) lehenengo klausula; honako idazketa izango klausula horrek:
«Lehenengoa.– Izena.
Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeak (LLET) izen hau izango du: Akitania / Euskadi / Nafarroa Euroeskualdea».
Hirugarrena.– Aldatu egiten da eratze hitzarmenaren bigarren klausula; honako idazketa izango du klausula horrek:
«Bigarrena.– Egoitzaren kokalekua.
Egoitza Hendaian egongo da, Akitania Limousin Poitou-Charentesen (Frantzia). Akitania Limousin Poitou-Charentes Eskualdeko beste edozein lekutara alda daiteke egoitza, taldeko kide guztiek aho batez horrela erabakitzen badute eta horren ondorioz hitzarmena eta estatuak aldatzen badira.»
Laugarrena.– Aldatu egiten da eratze hitzarmenaren bosgarren klausularen 2. puntuko B. idatzi-zatia; honako idazketa izango du idatzi-zati horrek:
«B.– Lurralde-lankidetza sortzea eta garatzea, lurralde-garapen integratuaren alde egingo duten sare eta egintzak finantzatuz, ondorengo eremuetan:
● Berrikuntzan.
● Ingurumenean.
● Irisgarritasunean.
● Hiri-garapen iraunkorrean.
Batzuk aipatzearren, honako jarduera hauek aipatzen dira:
● Euroeskualdeko kideen arteko komunikazioak hobetzea, bereziki irisgarritasuna erraztuz eta, pertsonak eta salgaiak eramateko, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz;
● Ikerketa eta berrikuntza jarduerak osatzea eta balioztatzea, lurralde osoan teknologia, ekonomia, gizarte eta gobernantza dinamika berri bat sor dadin;
● Lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko egitasmoak abiaraztea, bereziki energia berriztagarrien eta basoak baloratzearen arloan;
● Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, herritarren erabateko garapena bermatzeko metodoak eta bitartekoak partekatzea;
● Nekazaritzari, elikadurari eta osasunari lotutako gaiak elkarrekin aztertzea eta, ildo horretatik, kalitatearen, jatorriaren eta trazabilitatearen inguruko jarduerak bultzatzea eta lurraldeei balioa emango dieten nekazaritza-praktika iraunkorrak garatzea;
● Kultura- eta arte-dinamika sendotzea eta, bereziki, euskara eta euskal kultura sustatzea, sorkuntzaren adierazpenetan integratutako dimentsio berri baten bitartez;
● Elkarren laguntzaz, turismo-baliabideei balioa ematea, betiere, geografia- eta kultura-identitateak errespetatuko dituen garapen kontrolatuaren esparruan.»
Bosgarrena.– Aldatu egiten da eratze hitzarmenaren zazpigarren klausula; honako idazketa izango du klausula horrek:
«Zazpigarrena.– LLETeko kideak:
Hauek dira LLETeko kideak:
● Euskal Autonomia Erkidegoa.
● Akitania Limousin Poitou-Charentes.
● Nafarroako Foru Komunitatea.
Estatutuetan jasota dago kide berriak sartzeko aukerak eta prozedurak zein diren.»
Seigarrena.– Aldatu egiten da eratze hitzarmenaren zortzigarren klausula; honako idazketa izango du klausula horrek:
«Zortzigarrena.– Hitzarmenak eta haren interpretazioak bete beharko duten zuzenbidea.
Hitzarmen hau burutzeko, honakoek xedatutakoari jarraituko zaio: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduak, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzkoak; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzko 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamendua aldatzen duenak talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeko.
Hitzarmen honek eta beronen interpretazioak bete beharko duten zuzenbidea Frantziakoa izango da, betiere Europar Batasuneko zuzenbidea errespetaturik.
Hitzarmen hau interpretatu edo aplikatzearen inguruan desadostasunen bat egonez gero, alde interesdunek arazoa adiskidetasunez konpontzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute, eta beharrezkoa balitz, LLETetik kanpokoak diren bost kidek osatutako bitartekaritzako batzorde baten eskuetan geratuko litzateke gaia. Euskal Autonomia Erkidegoak, Akitania-Limousin-Poitou Charentes Eskualdeak zein Nafarroako Foru Komunitateak pertsona bana izendatuko dute batzorde horretarako, eta inpartziala izan dadin saiatuko dira. Laugarren eta bosgarren kideak azken hiru pertsona horiek aukeratuko dituzte.
Adiskidetasunez konpontzerik ez badago, hitzarmen hau eta estatutuak interpretatu edo aplikatzeak eragindako auziak Frantziako legeriaren eskumenekoak izango dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeko emandako idazkera kontuan hartuta.»
Zazpigarrena.– Aldatu egiten da eratze hitzarmenaren hamargarren klausula; honako idazketa izango du klausula horrek:
«Estatutuen 18. artikuluan zehaztutako modalitateen arabera, hitzarmen hau aldatzen bada, aldaketa eraginkorra izan dadin, LLETeko kide guztiek onartu beharko dute, aho batez, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduak, Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeari (LLET) buruzkoak, xedatutakoa bete beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak emandako idazkera kontuan hartuta.»
Zortzigarrena.– Indarrean jartzea.
Hitzarmen hau bere sinaduraren egunean jarriko da indarrean.
Bederatzigarrena.– Estatutuak.
Hitzarmen honen eranskinean «Akitania / Euskadi / Nafarroa euroeskualdea» Lurralde Lankidetzarako Europar Taldearen estatutuak jaso dira, Nafarroako Foru Komunitatea LLETari atxikitzeak, estatutu horiek Akitania-Limousin-Poitu Charentes Eskuldearen izen berriari egokitzeak eta Europar Batasunak LLETei buruzko arauetan egindako aldaketak eragindako moldaketei egokitu ondoren.
Vitoria-Gasteizen izenpetuta, 2017ko urtarrilaren 30ean, hiru hizkuntzatan –euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez–, hiru testuek ondorioak izanez.
Alain Rousset jauna, Aquitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeko Kontseiluko lehendakaria.
Iñigo Urkullu jauna, Euskadiko lehendakaria.
Uxue Barkos andrea, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria.
ERABAKIAREN ERANSKINA
«AKITANIA / EUSKADI / NAFARROA EUROESKUALDEA» IZENEKO LURRALDE LANKIDETZARAKO EUROPAR TALDEAREN ESTATUTUAK
1. artikulua.– Eratzea eta aplikatu beharreko araubidea.
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Akitaniako Eskualdeak zuzenbide publikoko lurralde lankidetzarako europar talde bat (LLET) osatu zuten 2011n.
Talde hori eratzeko hitzarmena aldatuz eta estatutu berri hauek onartuz, Nafarroako Foru Komunitatea atxikiko zaio lurralde lankidetzarako europar talde horri (LLET) eta eratze hitzarmeneko zein estatutuetako zenbait idatzi-zati eguneratuko dira, Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdearen izen berriari eta EBk LLETen araudian egindako aldaketei dagozkienak, hain zuzen.
Zuzenbide publikoko lurralde lankidetzarako europar talde hau (LLET) xedapen hauek arautuko dute: lurralde lankidetzarako europar talde bati buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1302/2013 (EE) Erregelamenduak; eratzeko hitzarmenak eta horren aldaketak; estatutu hauek, eta ordezko izaeraz, Frantziako Zuzenbideak; eta estatutuetan agintzen zaizkion jarduerez, jarduera horiek burutu beharreko lurraldearen zuzenbideak.
2. artikulua.– Izena.
Lurralde lankidetzarako europar talde horrek izen hau izango du: «Akitania / Euskadi / Nafarroa Euroeskualdea».
3. artikulua.– Egoitzaren kokapena.
Egoitza Hendaian egongo da (helbidea), Akitania-Limousin-Poitou-Charentesen (Frantzia). Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeko beste edozein lekutara alda daiteke egoitza, LLETaren kide guztiek aho batez horrela erabakitzen badute eta horren ondorioz hitzarmena eta estatutuak aldatzen badira.
4. artikulua.– Lurraldea.
Lurralde lankidetzarako europar talde horrek hartzen duen jarduera eremua kide diren lurraldeek barne-zuzenbidearen arabera dituzten eskumenak baliatzekoa izango da.
5. artikulua.– Xedea.
Euroeskualdearen ekonomia, gizartea eta kultura garatzen lagunduko duten lankidetza-jarduerak burutzea da LLETaren berariazko helburua. Orobat, euroeskualdea toki-, eskualde- eta nazio-instantzietan eta Europakoetan zein nazioartekoetan ordezkatzea da beste helburuetako bat.
LLETak kide direnen arteko eta haien aldeko mugaz gaindiko edo eskualdez gaindiko elkarlana lagundu eta sustatuko du; aurrerantzean «lurralde-lankidetza» deituko diogu. Hori guztia Europar Batasunaren barruan lurralde horien ekonomia eta gizarte mailako kohesioa sustatzeko helburuarekin egingo da, eta estatu barruko lurralde-antolaketa errespetaturik jardungo da.
LLETaren helburuarekiko ordezkaritza bermatuko du LLETak hirugarren erakundeen aurrean (toki, eskualde, nazio, europar edota nazioarte mailan).
6. artikulua.– Zereginak.
6.1.– Esparrua.
Kideek zehaztutako zereginak kide bakoitzak bere barne-zuzenbidearen arabera dituen eskumenen barrukoak izango dira.
Esparru horretan, LLETak beharrezko egintzak gauza ditzake helburu hori eta bere zereginak betetzeko.
LLETaren eginkizunak, nagusiki, Europar Batasunak ere finantzaturiko lurralde-lankidetzarako programa edo proiektuak abiaraztearekin zerikusia dutenak izango dira; bereziki, Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin, Europako Gizarte Funtsarekin eta Kohesio-Funtsarekin zerikusia dutenak.
Lurralde-lankidetzarako beste ekintza zehatz batzuk ere eraman ahal izango ditu aurrera, horien helburu bakarra ekonomia eta gizarte arloko kohesioa indartzea baldin bada; Europar Batasunaren finantziazioa izatea edo ez izatea gerta daiteke.
6.2.– Zereginak eta jarduera-eremuak.
Honako hauek dira zereginak eta honako jarduera-eremuetan burutuko dira:
A.– Mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduerak gauzatzea lurralde-garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.
B.– Lurralde-lankidetza sortzea eta garatzea, lurralde-garapen integratuaren aldeko sare eta egintzak finantzatuz, ondorengo eremuetan:
● Berrikuntzan.
● Ingurumenean.
● Irisgarritasunean.
● Hiri-garapen iraunkorrean.
Batzuk aipatzearren, honako jarduera hauek aipatzen dira:
● Euroeskualdeko kideen arteko komunikazioak hobetzea, bereziki irisgarritasuna erraztuz eta, pertsonak eta salgaiak eramateko, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak sustatuz;
● Ikerketa eta berrikuntza jarduerak osatzea eta balioztatzea, lurralde osoan teknologia, ekonomia, gizarte eta gobernantza dinamika berri bat sor dadin;
● Lurraldearen garapen iraunkorra sustatzeko egitasmoak abiaraztea, bereziki energia berriztagarrien eta basoei balioa ematearen arloan;
● Hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, herritarren erabateko garapena bermatuko duten metodoak eta bitartekoak partekatzea;
● Nekazaritzari, elikadurari eta osasunari lotutako gaiak elkarrekin tratatzea eta, ildo horretatik, kalitatearen, jatorriaren eta trazabilitatearen inguruko jarduerak bultzatzea eta lurraldeei balioa emango dieten nekazaritza-praktika iraunkorrak garatzea;
● Kultura- eta arte-dinamika sendotzea eta, bereziki, euskara eta euskal kultura sustatzea, sorkuntzaren adierazpenetan integratutako dimentsio berri baten bitartez;
● Elkarren laguntzaz, turismo-baliabideei balioa ematea, betiere, geografia- eta kultura-identitateak errespetatuko dituen garapen kontrolatuaren esparruan;
C.– Lurraldeko politikaren eraginkortasuna hobetzea, ondorengoak sustaturik:
● Lurraldeen arteko lankidetza, nagusiki berrikuntza, ezagutzaren ekonomia, ingurumena eta arriskuei aurre hartzearen arloan;
● Praktikarik onenak zein diren identifikatu, horiek eskualdatu eta hedatzeko esperientziak elkartrukatzea, horien artean direla hiri-garapen iraunkorrarekin loturik daudenak;
● Europar Batasunean garapenerako ardatzak direnak aztertu, horiei buruzko datuak jaso nahiz gainbegiratzearekin zerikusia duten ekintzak.
D.– LLETaren zereginak burutzeko behar diren baliabideak kudeatzea.
6.3.– Bitartekoak.
LLETak beharrezkoak jotzen dituen bitartekoak eskuratuko ditu; honakoak, batez ere:
● Azterlanak edota zerbitzu-emateak, bere kasa edo kideen bitartez, bere helburua lortzeko;
● Bere finantzabidea ezarri eta Europar Batasuneko edota LLETeko kideen estatuetatik diru-laguntzak jaso ditzake.
Estatutuetan ezarritakoaren arabera eskuordetu ahal izango dira zereginak.
LLETaren zereginetatik kanpo gelditzen dira zuzenbide publikoak emandako estatu-botereak erabiltzea, baita estatuaren edo bestelako agintaritza publikoen interes orokorrak babesteko zereginak ere –hala nola polizia- eta araugintza-arloko eskumenak, justizia eta kanpo-politika–.
7. artikulua.– Iraupena eta desegitea.
LLETa iraupen-mugarik gabe eratzen da.
LLETeko kideek aho batez hala erabakita desegin ahal izango da, Europar Batasuneko eta Frantziako legerian ezarritako baldintza eta moduetan.
8. artikulua.– LLETeko kideak.
Hauek dira LLETeko kideak:
● Euskal Autonomia Erkidegoa.
● Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdea.
● Nafarroako Foru Komunitatea.
LLETen kide berri bat sartzen bada, estatutuak aldatu beharko dira.
9. artikulua.– LLETeko organoak.
LLETak organo hauek ditu:
● Batzarra.
● Lehendakaria.
● Batzorde betearazlea.
● Zuzendaria.
9.1.– Batzarra.
Batzarra da LLETeko organo erabakitzailea eta 18 kide izango ditu, Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunitateak modu paritarioan aukeratuak. Lurralde bakoitzak 6 kide titular eta 6 ordezko aukeratuko ditu. Eskubide osoko eskumena du LLETari buruzko gai guztietan. Hala ere, bere eskumen batzuk LLETaren beste organo batzuen esku uztea erabaki dezake.
Urtean bitan bilduko da gutxienez, LLETaren politika orokorreko orientabideei, proiektuei eta ekintza-programei buruz erabakitzeko.
Batzarra behar bezala osatu ahal izateko, gutxienez 9 batzarkide izan beharko dute bertan; horietako 3k gutxienez, LLETa osatzen duten eskualde bakoitza ordezkatu beharko dute.
Batzarrak lan-batzordeak sortzeko erabakia hartu ahal izango du LLETaren zereginei dagozkien esparruetan. Batzorde horiek ez dute erabakitzeko ahalmenik izango. LLETetik kanpoko pertsonak bildu ahal izango dituzte beren lanetara, lan horien helburuen arabera.
Batzarrak LLETeko kide bakoitzean dagoeneko eratuta dauden organo aholku-emaileen iritzia eskatu ahal izango du erabakiak hartzeko eta horien jarraipena egiteko.
Batzarrak adostasuna bilatuko du eta, adostasunik ez bada, bertaratutakoen hiru bosteneko gehiengo kualifikatuz eta euroeskualdeko 3 kideen ordezkarien aldeko botoez hartuko ditu erabakiak.
Batzarrak LLETeko lehendakariaren eta kontulari publikoaren urteko txostena eztabaidatu eta onartuko du.
Batzarrak urtero ezarriko du LLETeko kide bakoitzak nahitaez egin beharreko ekarpenaren zenbatekoa eta, hala badagokio, LLETaren hurrengo urteko aurrekontua onartuko du.
Batzarkideek beste batzarkide baten esku utz dezakete beren botoa, gai-zerrendako gai guztiak edo zerrenda horretako gairen bat dela eta.
9.2.– Lehendakaria.
Batzarrak aukeratuko du lehendakaria.
Lehendakaritza LLETeko kide bakoitzak hartuko du hurrenez hurren bi urtetik bi urtera, eta LLETeko eskualde kide bakoitzeko lehendakaritzan dagoen pertsona izango da lehendakaria. Lehenengo lehendakaritza Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeari dagokio.
Lurraldeek honako hurrenkera izango dute Lehendakaritzan: Akitania-Limousin-Poitou-Charentes, Nafarroako Foru Komunitea, Euskal Autonomia Erkidegoa.
Lehendakariak Batzorderako deialdia egingo du, eta batzorde-buru izango da. Berak ezarriko du eguneko gai-zerrenda ere.
LLETa ordezkatuko du, eta horren izenean eta kontura jardungo du. Batzarrak hartutako erabakiak beteko ditu. Gastuak egitea eta sarrerak ordaintzea aginduko du. Zuzendariaren esku utz dezake bere sinadura, Batzarrak horretarako baimena eman ondoren.
LLETa ordezka dezake justiziaren aurrean Batzarraren aldez aurreko baimenarekin.
Batzorde Betearazleko buru izango da.
Batzorde Betearazleko kide batek ordezka dezake lehendakaria.
Bileretako eztabaidak moderatuko ditu; LLETaren urteko aurrekontua proposatuko dio Batzarrari, horrek onar dezan; eta urteko txostena egin eta aurkeztuko du.
9.3.– Batzorde Betearazlea.
Batzarrak aukeratuko du Batzorde Betearazlea bere baitan. Sei kide izango ditu, eskualde kide bakoitzak modu paritarioan aukeratuak. Horietako bat LLETeko lehendakaria izango da.
Batzorde Betearazleak aukeratuko du bere kideetatik zeinek egingo dituen koordinazio-lanak.
Batzorde Betearazlea urtean hirutan bilduko da gutxienez, eta Batzar bakoitzaren aurretik.
Gai-zerrenda proposatuko dio Batzarrari eta Batzarrak hartutako erabakiak egoki gauzatzen direla zainduko du. Batzorde Betearazleak zuzendaria bil dezake bere lanetara.
Hala badagokio, kontuak ikuskatzeko kanpoko erakunde independente bat izendatu ahal izango du, lehia-arauak errespetatuta, estatutu hauetako 12. artikuluan zehaztutako kontrola osatzeko.
9.4.– Zuzendaria.
Zuzendaria LLETeko lehendakariak izendatu eta kenduko du kargutik, Batzorde Betearazlearen proposamenez.
Administrazio orokorra ziurtatu eta LLETaren jarduera zuzenduko du Batzarrak erabakitako orientabideen eta zereginen barruan, eta lehendakariaren agintaritzapean.
Lehendakariaren aginduak jasoko ditu, Batzarraren erabakiak gauza daitezen. Proposamenak egiteko ahalmena du eta Batzorde Betearazleak entzun diezaiola eska dezake.
Langileen zuzendaria eta arduraduna izango da. Beharrezkoak diren lanpostuen profilak proposatuko ditu, baina ez du eskumen esklusiboa izango. Batzorde Betearazleak du aginpide guztia alor horretan.
Zuzenean kontratatua izan bada, Frantziako zuzenbidearen arabera kendu ahal izango da kargutik; LLETaren esanetara jarria edo bereizia bada, berriz, jatorrizko erkidego edo eskualdera itzuliko da
10. artikulua.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
LLETaren kontabilitatea Frantziako kontabilitate publikoko arauen, Europar Batasuneko finantza-erregelamenduaren eta hori aplikatzeko testuen arabera egin eta kudeatuko da.
LLETaren kontulari publikoa Akitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeko prefetak izendatuko du, diruzain ordaintzaile orokorrak iritzia eman ondoren.
Urteko aurrekontuak funtzionamendu-atal bat izango du eta, hala badagokio, baita eragiketa-atal bat ere. Batzarrak onartuko du, lehendakariaren proposamenez. Lehenengo aurrekontua hiru hilabeteko epean onartuko da, estatutu hauek argitaratu edo erregistratzen direnetik kontatzen hasita.
11. artikulua.– LLETaren baliabideak.
Hauek dira aurrekontua finantzatuko dutenak:
1) Zati berdinetan, kideen nahitaezko ekarpenak, Batzarrak erabakitakoren arabera, funtzionamendu eta eragiketa ataletarako. LLETeko kide bakoitzak nahitaez sartuko du dagokion gastua bere urteko aurrekontu arruntaren barruan.
2) Diru-laguntza publikoak.
3) Dohaintzak eta legatuak.
4) Maileguen emaitzak, horrelakorik badago.
5) Indarrean dagoen legeriak baimentzen duen beste edozein diru-sarrera.
12. artikulua.– Funts publikoen kudeaketaren kontrola.
Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeko kideak taldean onartzen dituzten ekintzak beren lurraldeetan ezartzea erraztuko duten neurriak eta erabakiak abiarazten ahaleginduko dira.
Taldearen aurrekontu eta finantza kontrol administratiboa Frantziako zuzenbidearen arabera burutuko da. Kontuen eskualde ganberak kontuak ikuskatzeko kanpoko erakunde independente gisa hartuko du parte Taldearen kontrolean.
Kontrolaz arduratzen diren frantziar agintariek kontrol horretaz egin daitezkeen iruzkinen berri emango diete espainiar agintariei eta azken horiek eskatutako informazio guztia emango diete. Espainiar agintariek LLETak Espainian burututako jarduerak kontrolatuko dituzte, Espainiako legediak hori eskatzen duenean.
Aipatutako xedapenez gain, LLETaren zereginak Europar Batasunak ere finantzatutako jarduerak hartzen dituenean, Europar Batasunaren funtsak kontrolatzeari buruzko legeria ezarriko da.
13. artikulua.– Erabakitzeko prozedurak.
Estatutu hauetan besterik aurreikusi ezean, adostasuna bilatuko da.
14. artikulua.– Lan-hizkuntzak.
Gaztelania, euskara eta frantsesa dira LLETaren lan-hizkuntzak.
15. artikulua.– Funtzionatzeko moduak: LLETeko langileen kudeaketa / kontratatzeko prozedurak / kontratuen izaera.
Langileak kideek LLETaren esanetara jarriak edo bereiziak izan daitezke, edo, bestela, LLETak berariaz kontratatuak.
Zuzendariaz gain, talde tekniko batek osatuko du langile-taldea. Talde tekniko hori zuzendariaren esanetara egongo da LLETak erabakitako lanak zuzentzeko.
15.1.– Langileen kudeaketa.
LLETak zuzenean kontratutako langileen lan-kontratuen izaera Frantziako legeriatik eratorritakoa izango da eta bereziki, Funtzio Publikoaren Estatutu Orokorreko I. eta II. tituluetatik.
LLETa deuseztatzeari edo likidatzeari lotutako iraizpenak ez du eskubiderik emango LLETeko kideen langile-taldean sartzeko.
LLETaren esanetara jarritako edo bereizitako langileak beren jatorrizko estatutuaren menpe egongo dira aurrerakinei, antzinatasunari, erretiroari, graduari lotutako eskubideei eta karrerari dagokienez.
15.2.– Kontratatzeko prozedurak.
Lehendakariak kontratatu eta, hala badagokio, kargutik kenduko ditu langileak, zuzendariaren proposamenez, Batzorde Betearazleak onartu ondoren, eta pertsona interesduna entzun ondoren, interesdunak hori eskatzen badu. LLETeko langileak kontratatzeko, hautagaientzako deialdi publikoa egingo da aldez aurretik.
LLETaren esanetara egondako aldiaren amaiera zuzendariak proposatuko du eta lehendakariak ebatziko du. LLETaren esanetara egoteko alditik itzuli aurretik, langileak Batzorde Betearazleak entzun diezaiola eskatu ahal izango du. Gizataldeetako batek bereizitako edota LLETaren esanetara jarritako langileak mailaz gora egin nahi badu, jatorrizko gizataldearen menpe egongo da horretarako.
Lizentziak direla eta, zuzendariak proposatu eta lehendakariak ebatziko ditu horiek.
16. artikulua.– LLETaren eta bertako kideen erantzukizuna.
LLETa izango da dituen zorren, bere izenean diren kontratu bidezko konpromisoen eta bere baitako organoen jardueraren erantzule bakarra.
LLETaren baliabideak nahikoak ez badira konpromisoak betetzeko edota era guztietako zorrei aurre egiteko, LLETa iraungitzearen egunera arte hartutako guztiak barne, finantza ekarpenen banaketaren arabera banatuko dira zorrak.
LLETa deseginez gero, bertan kide zirenak bihurtuko dira ordura arteko jardueren ondoriozko betebeharren erantzuleak.
17. artikulua.– Elkarrekiko onarpena.
Lurralde Lankidetzarako Europar Taldeko kideek taldean onartzen dituzten ekintzak beren lurraldeetan ezartzea erraztuko duten neurriak eta erabakiak hartuko dituzte.
Finantza arloko kontrola Frantzian eskumena duten agintariek gauzatuko dute, eta Batasuneko funtsak erabiltzean Europako legeriak dioena betetzen ote den kontrolatuko dute. Dena den, gaiak eragiten dien Europar Batasuneko estatuek erraztu egingo dute kontrol hori.
18. artikulua.– Estatutuak aldatzea.
Estatutuak aldatzeko proposamen oro lehendakariak edo Batzarrak egingo du, eta emandako botoen 3/5eneko gehiengoa behar izango da horretarako, baita Euroeskualdeko 3 kideen ordezkarien aldeko botoa ere. Proposamena idatziz aurkeztu beharko da, eta arrazoiak zein diren azaldu.
Lehendakariak gai horri buruz hitz egiteko Batzarrerako dei berezia egin beharko du. Bileraren gai-zerrendarekin batera, aldaketaren proposamena egiten duen testu bat ere jaso beharko da.
Batzarrak erabakiari buruz eztabaidatu beharko du, eta gero, erabaki hori bertaratutakoen 3/5eneko gehiengoz hartuko da, erabakiak Euroeskualdeko 3 kideen ordezkarien aldeko botoa jasotzen badu.
Estatutuen aldaketa nabarmenak egin nahi badira, LLETeko kideek eta estatu kideek onartu beharko dituzte aldaketa horiek, Europar Batasuneko legerian esaten denaz bat.
Prozedura hori baldintza berberetan ezarri beharko zaio hitzarmenaren aldaketei.
19. artikulua.– Likidazioa.
Europar Batasuneko legeriak dioenaz bat, LLETa likidatzean, Frantziako zuzenbideak dioena beteko da. Batez ere, CGCTaren L. 5222-25-1 eta 5211-26 artikuluetan zehazten dira horretarako baldintzak.
20. artikulua.– Kaudimenik eza eta ordainketak etetea.
Europar Batasuneko legeria aplikatuz, LLETak kaudimenik ez badu, ordainketak etetea erabaki edo antzeko beste edozein prozedura aurrera eramaten badu, Frantziako legeriak dioena bete beharko du.
Estatu kideek finantza arloko erantzukizuna izango badute ere LLETak egitura- eta kohesio-funtsengatik jasotakoa finantzatzea beharrezkoa den kasuetan (bitarteko erakundeak direlako), kideen finantza arloko erantzukizuna erabatekoa izango da.
LLETaren baliabideak ez badira nahikoa dituen konpromisoei aurre egiteko, sortutako zorra, era batekoa zein bestekoa izan, kideetako bakoitzak egindako finantza arloko ekarpenaren proportzioan banatuko da.
21. artikulua.– Jurisdikzio-eskumena.
LLETaren jarduera dela-eta era bateko zein besteko desadostasunen bat sortzen bada, kasu horietan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko uztailaren 5eko 1082/2006 (EE) Erregelamenduaren 15. artikulua aplikatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1302/2013 (EE) Erregelamenduak talde horien sorrera eta funtzionamendua argitu, sinplifikatu eta hobetzeko emandako idazkera kontuan hartuta.
22. artikulua.– Barne-erregelamendua.
Barne-erregelamendua Batzorde Betearazleak idatziko du, eta ondoren Batzarrak onartuko.
LLETaren funtzionamenduari buruz estatutuetan jaso ez diren baldintzak finkatuko dira erregelamendu horretan.
Erregelamendua aldatzeko aukera egongo da, erregelamendu hori onartzeko erabilitako bide bera erabilita.
23. artikulua.– Indarrean jartzea.
Bere sinaduraren egunean jarriko dira indarrean estatutu hauek.
LLETeko kideek estatu kideei eta Eskualdeen Komiteari jakinaraziko diete hitzarmena eta estatutuak erregistratu edo argitaratu direla.
Vitoria-Gasteizen, gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez, 2017ko urtarrilaren 30ean.
Alain Rousset jauna, Aquitania-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeko Kontseiluko lehendakaria.
Iñigo Urkullu jauna, Euskadiko lehendakaria.
Uxue Barkos andrea, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria.