EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017047

34/2017 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari hainbat jarduera egiteko enkargua emateko erabakia, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbiderako proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak).

Xedapenaren zenbakia: 201700034
Xedapenaren data: 2017-02-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201701236
Maila: Ebazpena
Honako erabaki hau onartu zuen Gobernu Kontseiluak 2017ko otsailaren 21ean egindako bilkuran: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak). Bada, publikotasuna eman behar zaio erabaki horri, eta horregatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen erabakia, zeinaren bidez Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematen baitzaio hainbat jardueraren enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak); eranskinean jasota dator erabakiaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 24KO 34/2017 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2017KO OTSAILAREN 21EKOA, ZEINAREN BIDEZ RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMATEN BAITZAIO HAINBAT JARDUERAREN ENKARGUA, HAIN ZUZEN, BILBOKO METROPOLI-TRENBIDEAREN PROIEKTUAK ETA OBRAK EGITEKO (1. ETA 2. LINEAK).
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluaren bidez (indarrean dago, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera), Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari esleitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eskumenekoak diren eta Bilboko metropoli-trenbidearekin lotuta dauden proiektuak, obrak eta gainerako jarduketak egitea.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, erakundearen helburuetan sartzen dira, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen eginkizun oro, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.
Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera materialei, teknikoei edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emateko jarduera horien enkargua, hori guztia Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoa oinarri hartuta.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKITZEN DU
«Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzukoak egiteko enkargua, hain zuzen, Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egitea (1. eta 2. lineak), horien jarraipena egitea eta kontrolatzea. Kudeatzeko enkargu horrek ez dakar lagatzea ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak.
Bigarrena.– Erabaki honen eranskinean jasota daude aipatutako enkargu hori egiteko baldintza zehatzak.
Hirugarrena.– Enkargu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.».
Erabakiaren eranskina
1.– Enkarguaren xedea.
Enkargu honen xedea da baldintza teknikoak ezartzea Bilboko metropoli-trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko (1. eta 2. lineak) eta horien segimendua eta kontrola egiteko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2 artikulua betez (indarrean dago, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera).
Zehazki, Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineekin lotuta jasotzen diren jarduerak honako hauek dira:
– Jarduketa-obrak zuzentzea Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Ibarbengoa geltoki berrian, hain zuzen, disuasio-aparkaleku bat eraikitzea.
– Trenbide-azpiegituraren obra zibila zuzentzea eta trenbideari eta katenariari eragiten dieten lanak zuzentzea, baita Bilboko metropoli-trenbidearen 1. lineako Urdulizko trenbide-pasagunea lurperatzeko eta geltoki berria egiteko eraikuntza-proiekturako behar diren instalazioak ere.
– Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineekin lotuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak ETSri enkargatzen dizkion azterlan eta proiektu gehigarriak, enkargu honen indarraldian.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa:
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila Garraio Azpiegituren Zuzendaritza
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETS-REN ordezkaria:
Goi-mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa egiteko eta ETSren izenean jarduteko Administrazioaren aurrean. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– ETS-k egin beharreko lanak.
Honela sailka daitezke ETSk egin beharreko lanak:
A.– Azterlanak eta proiektuak idaztea.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan enkargatu zaizkion azterlanak eta proiektuak egingo ditu ETSk, bere baliabideekin zein zerbitzuak emateko kontratuen bidez.
Beste alde batetik, idatziko ditu, gainera, enkargu honen 1. puntuan aipatutako obren ondorioz egin behar diren urbanizazio-proiektuak, akaberak edo bestelakoak, bai eta kontratatutako proiektuen eta obra osagarrien aldaketak ere.
Halaber, proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak jarriko ditu ETSk, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen, betiere.
B.– Obren zuzendaritza.
ETS arduratuko da enkargu honen 1. puntuan aipatutako obrak zuzentzeaz. ETSk atal honetan egin beharreko lanen edukia puntu hauetan garatzen da.
B.1.– Obra zibilen zuzendaritza.
Behin proiektu bateko obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.
Obra-zuzendaria ETSko plantillakoa izango da.
Jardueren artean, eraikuntza bera aktibatzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da lan hori guztia.
Obra-zuzendariak Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzerakoan eta esleipendunak prezio posibleei edo alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.
Halaber, obra-zuzendariak jabea ordezkatuko du teknikoki obrek ukitutako zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obra-zuzendariak talde tekniko bat izango du obrak zuzentzen laguntzeko, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatzea, kalitatea bermatzea, geometriak eta zuinketa egitea, saiakuntzak burutzea eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egitea, lan-oharrak idaztea eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzea.
B.2.– Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza.
Ekipamendu elektromekanikoak eskuratu eta muntatzeko kontratu bakoitza esleitutakoan, ETSk bere gain hartuko du kontratu horien alderdi teknikoak eta ekonomikoak betetzen direla egiaztatzeko jarraipena egitea.
Lan horretan, fabrikazioaren, kalitatearen kontrolaren, muntaketaren eta frogen jarraipena sartzen da, kasu guztietan.
Obra zibiletan bezalaxe, hornidura-zuzendari batek gainbegiratu eta zuzenduko ditu hornidura, fabrikazio eta muntaketarako kontratu guztiak. Zuzendari hori ere ETSko langilea izango da, eta, behar izanez gero, talde tekniko bat izango du laguntzeko.
B.3.– Aholkularitzak.
Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazkuntzan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen dutenak.
Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da arazoa ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta arazoaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek duen ikertzea, betiere aholkularitza-lan horiek koordinatuz eta gainbegiratuz, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa identifikatu aurreko lanez eta behar diren adituak hautatzeaz, eta, uneoro, aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentzia osoari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.
B.4.– Obrek ukitutakoak kudeatzea.
Hiri-obrak egiteak –baita lurpean egin behar badira ere– berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.
ETSk bere gain hartuko du ukitutako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
Eragin horien artean daude, besteak beste, trafikoa kudeatzea, obren eraginpeko zerbitzuak, trenbide-ustiaketako eraginak...
B.5.– Laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzea.
Atal honetan sartzen dira obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun- eta osasun-mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egitea eta aktibatzea. ETSk kontrolatuko du lanak hasi aurretik egin behar diren segurtasun-prozedurak idaztea, obren pleguetan zehaztutakoaren arabera.
ETSk prestakuntza egokidun teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean segurtasuna eta osasuna koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu, eta Garraio Azpiegituraren zuzendariak izendatuko ditu.
Segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da ETSren lan hori.
B.6.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.
Egitura, osagai eta instalazio oro kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen dela egiaztatzeko behar diren jardueren jarraipena egitea eta horiek aktibatzea sartzen dira atal honetan.
Kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du ETSk, eta ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie kontratuen zuzendariei.
Obrek dirauten artean edo obren jarduera edo fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da jarduketa hori.
Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraikiz egin daitezen kontratuaren xede diren jarduerak, eta arlo horretan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.
Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ingurumen-kudeaketako neurriak eta jardunbideak hartuko ditu ETSk, baliabide naturalen erabilera eta zabor gutxiago sortzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta horrelakoak ahal den neurrian birziklatzeko.
C.– Proiektuak eta obrak zuzentzeko laguntza.
C.1.– Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk lehiaketa edo lizitaziorako baldintza-pleguak prestatzen eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari, maila administratiboan zein teknikoan.
Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta, lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.
C.2.– Beste erakunde batzuekiko koordinazioa eta kudeaketak.
Metroko 1. eta 2. lineak egiteko, espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak edota beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, neurriak koordinatu eta kudeaketak egin beharko dira metro proiektua eta beste interes orokor batzuk uztartzeko.
C.3.– Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlan estuan, obrek ukitutako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen.
C.4.– Ukitutakoen erreklamazioei buruzko txostenak.
Obrek ukitutako herritarren eta taldeen erreklamazioak aztertzen lagunduko dio ETSk sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatziko ditu.
4.– Egikaritze-epea.
Enkargu hau indarrean egongo da enkarguaren 1. puntuan aurreikusitako obrak amaitu arte. Zehazki, enkarguko lan bakoitza egikaritzeko epeak hauek dira:
5.– Egindako lanen balioespena eta ordainketa.
Hirurehun mila euroan (300.000,00 EUR) balioetsi dira enkarguz emandako lanak, honako kontzeptu hauetan oinarrituta:
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.