EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2017045

182/2017 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako 2017ko ohiko lehenengo deialdia onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700182
Xedapenaren data: 2017-02-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201701176
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetzan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena). Orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen bai ohiko deialdi bai ohiz kanpoko deialdien bidez.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2017ko lehenengo ohiko deialdia onartzea, I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
Bigarren artikulua.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 7a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
I. ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK
1. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi honek aukera ematen du lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, dagozkion probak, bakoitza bere behin behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin, eta guztia behin betiko kalifikazioak argitaratuta amaituko da.
2. oinarria.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, sei mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du. Epaimahaikiderik gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira, eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
3. oinarria.– Egiaztatze-prozesua ebazpen hau argitaratzearekin hasten da eta jarraibide hauexek arautuko dute azterketaldia.
4. oinarria.– Deialdi honetan parte har dezakete aurreko egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik (2016ko irailaren 24tik) prozesu honen matrikulazio-epe amaiera bitarteko denboraldian (2017ko martxoaren 21era arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.
5. oinarria.– Deialdi honetan aurkezten dena hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkez daiteke.
6. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzako Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea. Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiririk ez badago erregistratuta Osakidetzako langileen Erregistroan, izangai horiek laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko eskabidearen fotokopia (intranet bidez egindakoa) eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea (behar bezala beteta eta dagokion dokumentazioarekin) aurkeztu behar dituzte euren zerbitzu-erakundean inskripzio-epearen barruan (Giza Baliabideetako zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).
7. oinarria.– Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea martxoaren 7tik 21era izango da, biak barne.
8. oinarria.– Izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako ondorengo helbide elektronikoetara joz:
● Intranetekora: https://www.osakidetza.eus/sites/Intranet/eu/profesionales/plan-de-euskaldunizacion/perfiles-linguisticos/acreditacion-pl/Orriak/1convocat.aspx
● Internetekora: https://ce.osakidetza.eus/eus/ce.html > hizkuntza eskakizunak > 2017ko ohiko deialdia – I. Izena emateko epea: 2017-03-07 – 2017-03-21
Era berean, eskabidea aurkezteko hainbat era daude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotakoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin bat etorriz.
9. oinarria.– Probak egiteko egokitzapenen bat behar duten izangaiek eskabidean bertan adierazi behar dute. Behar den egokitzapen horrek ez du ekarriko inolako murriztapenik eskatzen den gaitasunean.
10. oinarria.– Egiaztatze-prozesu bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren WEBean, intraneteko orrian eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jende aurrean.
Halaber, hor bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaiek parte hartu ahalko duten proba idatzia egin gabe, 16. oinarrian araututakoaren arabera.
11. oinarria.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jende aurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari aurkezteko.
12. oinarria.– Azterketetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda dakarren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.
Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du, baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.
13. oinarria.– Azterketen egutegi bat prestatuko da onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan, Osakidetzako webean eta intraneteko orrian jakinaraziko dira.
Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik, kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.
14. oinarria.– Edozein hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta idazmena eta ahozko ulermena eta mintzamena. Proba bereiziak dauden baliabideen arabera bateratu ahalko dira.
15. oinarria.– Proba guztiak baztertzaileak direnez, proba bat ez gainditzea nahikoa izango da hurrengo probak ez ebaluatzeko.
16. oinarria.– Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako azken azterketaldian idatzizko probak gainditu bai baina ahozko probak gainditu ez zituzten izangaiak, salbuetsita daude azterketaldi honetako idatzizko ulermen eta idazmen probak egitetik, baldin eta aurrekoan salbuetsita ez bazeuden. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.
Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan hartu gabe.
17. oinarria.– Trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, idazmena, ahozko ulermena eta mintzamena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan, Osakidetzako WEBean eta intraneteko orrian jendaurrean jarriko.
Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, gutxienez 5 egun naturaleko epea izango dute interesdunek erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzako intraneteko orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, eta betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
18. oinarria.– Idatzizko ulermena eta irakurmena zein ahozko mintzamena eta ulermenaren behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaitutakoan, izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
19. oinarria.– Izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, eta «gai» edo «ez gai» moduan adieraziko da.
20. oinarria.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba guztiak gainditu, eta ondorioz hizkuntza-eskakizun baten ziurtagiria jasoko dituztenen kalifikazioak argitaratuko dira.
21. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen Ebazpena egiten den egunetik.
22. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendaritza nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin duen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.
23. oinarria.– Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskara ezagutza-maila neurtzeko ondorengoak hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena eta bestetik, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
24. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako eskabideak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea. Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen kudeaketa arau hauek xedatutakoaren arabera egingo dira: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudia, ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartua.
Deialdi honetan parte hartzen duten langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua.
Era berean, onartu egiten dute kalifikazioak erregistratzea, tratatzea, eta erakunde eskudunei lagatzea, euskararen erabileraren helburu eta lehentasunen betetze-mailaren, hizkuntza-gaitasunaren prozesuen eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-mailaren ebaluazio-txostena egiteko (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa, 1.3 artikulua). Orobat, datu horiek Osakidetzako Euskera Plana egokiro kudeatzeko ere onartzen dute.
Eskatzaileei buruzko informazioa Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erregistratuta dagoen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren «Registro del personal de Osakidetza» deritzan erregistroan egongo da. Eskatzaileek Fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea, 45; 01006, Vitoria-Gasteiz.