EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017043

ERABAKIA, 2017ko otsailaren 15ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluarena, 2017. urtean zehar, osasun-arloan eta irakaskuntzan zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei kobratuko zaizkien tarifak onartzen dituena.

Xedapenaren data: 2017-02-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201701117
Maila: Akordioa
Erakunde publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte aplikazio-tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, tarifa horiexek erabiltzen dituzte hirugarrenei fakturatzeko Erakundearen zerbitzu-erakundeetan ematen diren osasun-arloko eta irakaskuntza-arloko zerbitzuak, eta ikusi da beharrezkoa dela tarifa horiek ezartzea 2017ko ekitaldian.
Ildo horretatik, Osakidetza erakunde publikoaren estatutu sozialek eskumen multzoa ematen diote Erakunde Zentralari; horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikuluaren 4.e letra).
Horregatik, Osakidetza erakunde publikoko zuzendari nagusiak tarifei buruz aurkeztu duen proposamena aztertu ondoren, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenen arabera (Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), honako erabaki hau hartu da:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Hirugarrenei emandako zerbitzuak direla-eta Osakidetza erakunde publikoan 2017ko ekitaldian aplikatu beharko diren zenbatekoak onartzea, betiere hirugarrenek ordaindu behar badituzte zenbatekook; guztiarekin ere, kontzeptu ezberdinei dagokienez, Erabaki honetan ezarritako ildoekin bat etorriz.
Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.
Bigarrena.– Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena); kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan orduantxe sorraraziko direla tarifak.
Tarifa hauek honako hauei ere aplika dakizkieke: EBko herrialdeetako, Europako Ekonomia Esparruko eta Suitzako aseguratu edo onuradunei –baldin eta bizilekua Espainian ez badute–, bai eta gizarte segurantzaren arloan Espainiarekin bitariko itunak sinaturik dituzten herrialdeetako aseguratu eta onuradunei ere.
Hirugarrena.– Erakunde publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, zerbitzu-zorroan prestazio berriak sartzeko, aurkeztutako egituraren osagarri. Halaber, medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren definitu behar du, prozedura horien osagaiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehakatuta; halaber, prozedura horietatik kanpo dauden proba diagnostikoak eta tratamenduen aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.
Laugarrena.– Erakunde publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarrenekin hitzarmenak edo akordio partikularrak negoziatu eta gauzatzeko, erabaki honetan jasotako zerbitzuak ematea helburu hartuta. Halakoetan, prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira, honako baldintza hauen arabera:
a) Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren, bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua eduki behar da.
b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.
c) Erakunde publikoak jardun horretan duen interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita:
– Bezeroen berariazko ezaugarriak (erakunde publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabekoak).
– Ekoiztu beharrekoaz gain, gehiagorako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.
– Negozio-bolumena.
Puntu honetan adierazitako hitzarmenak edo berariazko erabakiak, betiere, aipatutako puntuak aztertzen dituen justifikatze-memoriarekin batera proposatuko dira, eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta hitzarmen edo erabakiok erakunde publikoaren erakunde guztiak edo zerbitzu-erakunde bat baino gehiago lotzen badituzte.
Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, erakunde publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. Zuzendari nagusiak eman behar dituen jarraibideak eman ahal izango ditu, erabaki hau eragingarria izan dadin.
Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira –hala behar izanez gero– hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, betiere puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.
Bosgarrena.– Baimena ematen zaio erakunde publikoaren zuzendari nagusiari talde jakin eta zehatz batzuen inguruan –erabaki honen aplikazio-eremukoak– hitzarmenak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.
Baimen horretatik kanpo geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.5. artikuluan jasota dauden hitzarmen bereziak, asistentzia sanitarioa ematekoak. Izan ere, Osasun Sailaren eskumena da horiek zehaztu eta sinatzea.
Seigarrena.– Baimena ematen zaio erakunde publikoaren zuzendari nagusiari erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako behin-behineko tarifa berriak ezar ditzan, arrazoitutako ebazpen bidez, eta betiere baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu. Tarifa horiek Administrazio Kontseiluak aztertuko ditu eta gehienez ere bi hilabeteko epean berretsiko.
Zazpigarrena.- Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2017ko otsailaren 15etik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza erakunde publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da erakunde publikoaren tarifa-liburua –zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia–. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta, gainera.
Azkenik, tarifa horiek honako webgune honetan ere argitaratuko dira:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckproc05/es/contenidos/informacion/libro_tarifas/eu_libro/tarifas.html
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 15a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.