EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017043

AGINDUA, 2017ko urtarrilaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Hazitek 2016. Enpresa I+G Bultzatzeko Programa.

Xedapenaren data: 2017-01-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201701116
Maila: Agindua
ZIOEN AZALPENA
Euskal erakundeek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu tinkoa egin dute denboraren joanean, betiere enpresen hobekuntza lehiakorrari eta ongizate ekonomikoaren eta sozialaren sorkuntzari laguntzeko ikuspegiarekin. Halere, asko dira azken hamarkadan, esparru honetan izandako aldaketek, zeintzuek egokitzapen-prozesu bat ekarri baitute hainbat alorretan, beharrezko bilakatzen ditu I+Gari laguntza emateko programak.
Egokitzapen-prozesu jarraitu hori hainbat eratan mamitu da. Batetik, Europatik sustatutako Euskadiko RIS 3 espezializazio adimentsuko estrategia definitu eta ezarri da. Bestetik, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Plana ere abiarazi da; hartan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrordenatzeko prozesua dago jasota. Prozesu hori bikaintasun-, espezializazio- eta hurbiltasun-ardatzetan oinarrituz sortu da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan irudikatu da.
Era berean, kontuan hartu dira Europako Horizonte 2020 esparru-programaren abiaraztea eta, I+G enpresentzako aurreko laguntza-programen kudeaketan, ebaluazioan eta segimenduan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak azken urteotan erdietsitako esperientzia.
Faktore horiek guztiek nabarmendu egiten dute I+G enpresei laguntza emateko programa berri bat diseinatzeko beharrizana. Horregatik, 2016an martxan jarri zen Enpresen I+Gari laguntza emateko Hazitek programa, eta bat egiten du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Plan berriarekin –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta egongo diren, modu jasangarrian hazteko gai izango diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai izango diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatzeko.
Enpresen I+Garen bitartez euskal industria indartzea da programaren azken buruko helburua, euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasuna modu erabakigarrian bultzatuz eta inpaktu ekonomiko esanguratsua izateko ahalmena duten emaitzak sorraraziz. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio estrategikoko esparruei eta merkatutik hurbilen dauden I+Garen faseei laguntza kontzentratua eman behar zaie. Horrek guztiak lan- eta lankidetza-dinamika eraginkorrak ditu euskarri, produktu, prozesu eta zerbitzu erako emaitzak lortzea ahalbidetuz. Emaitza horien ustiapen komertzialak ahaleginak sostengatzeko eta apustu berriak egiteko gai diren baliabideak sortu behar izango ditu.
Jarraibide horiekin, Hazitek programa berria konfiguratu da, eta bi laguntza-lerro ezberdin uztartu ditu arau bakarrean:
• Batetik, izaera lehiakorreko I+G proiektuak garatzen laguntzeko lerro bat du, produktu berrien garapenera nahiz oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abian jartzera bideratutako proiektuak sustatzea helburu duena. Produktu berrien garapenera bideratutako proiektuak produktu originalak garatzean datza, badaudenak hobetuz merkatu eta gizartearen eskaria hobeto asetzeko.
• Izaera estrategikoko I+G proiektuak garapenerako laguntza-lerroa. Proiektuok enpresa-lidergoan eta Euskadiko gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzean dute sorrera, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan lankidetzan zein bakarka gauzatu daitezke.
Izaera estrategiko proiektu horiek honako ezaugarriak dituzte: planteatutako berrikuntzaren dimentsio globala, irispen zientifikoa eta teknologikoa, eta I+G+Bn egiten den inbertsioaren intentsitatea, hau da, behar dena bai enpresen helburu indibidualak erdiesteko, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren indar eragilea izateko, bai ekonomia horren nazioartekotzea sustatzeko.
Hazitek Programa abian jarri zenetik lehen urtea igaro delarik, eta haren funtzionamendu operatiboa hobetzeko eta definitutako estrategiari egokitzera optimizatzeko, beharrezkotzat jotzen da bai arautegian zenbait aldaketa sartzea, bai izaera orokorreko xedapen arautzaile baten bitartez Programa kontsolidatzea, eta bai laguntza-programei dagokienez atzemandako premia bati erantzutea ere, zehazki, bultzatzen diren I+G proiektuen indar-eragilea eta motibatzailea dakartzaten epe operatiboetan ebaztea programok.
Horregatik, programa bi fasetan antolatuta dago: batetik, proiektuen hautaketa, aurrekontu-kudeaketatik kanpo dagoena, proiektuen aurkezpena eta ebaluazio teknikoa barne hartzen duena eta onartutako proiektuen hautaketarekin eta jakinarazpenarekin bukatuko dena, eta, bestetik, laguntzak esleitzea, non ebatziko baita zenbateko diru-laguntza emango zaien aurreko fasean hautatu eta programaren eskakizunak betetzen dituzten proiektuei. Aldaketa horren xedea da erakunde onuradunei lehenago jakinaraztea zein diren onartutako proiektuak, hau da, proiektuak gauzatzen hasteko aldian jakinaraztea, edo, are, martxan jarri baino lehen, modu horretan lortuko baita aipatutako eta espero izandako efektu pizgarria, eta, gainera, proiektuen planifikazioa hobetzea ahalbidetuko baita.
Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz, aldaketak egin behar dira araudian eta izapidetze telematikoa/elektronikoa jaso.
Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arau-emaileei buruzko Legearen IV. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Diru-laguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat, ezartzen da Enpresen I+Gari laguntzeko HAZITEK Programa, ondokoa.
Hazitek Programa egokitu egiten zaio 651/2014 (EB) Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koari, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014/06/26) –aurrerantzean, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorra.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) ere ekarpenak egin ditzake aipatu programa finantzatzeko.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak burutzen laguntzeko laguntza-programak garautzea da agindu honen helburua. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira.
Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 (EE) Erregelamendu Orokorreko 25. artikuluari lotzen zaio arautegi hau, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzei dagokienez.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
Agindu honetako 5. artikuluan definitutako proiektu-tipologia bakoitzerako zenbatekoa eta hura egiteko epeak ezarriko dira deialdi-ebazpenean.
2.– Izaera lehiakorreko I+G proiektuen kasuan, oinarri teknologiko edo zientifikoa duten enpresen abiarazte-proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera lehiakorreko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 10.
3.– Izaera estrategikoko I+G proiektuen kasuan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan garatutako eta hiru lehentasun estrategikoetan ez jasotako proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 20. Era berean, izaera bereziko proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako diru-laguntzen % 20.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Programa honetan aurreikusitako diru-laguntzen erakundre onuradunak honako hauek izan daitezke:
a) Enpresak: Enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat joko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.
b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien forma legala edozein dela ere.
c) Oinarri zientifiko edo teknologikoko enpresa berrien abiarazte-proiektuen kasuan (agindu honen 6. artikuluan definitutakoak), onuradunak izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak ere, akreditatu egiten baititu 109/2015 Dekretuak, ekainaren 23koak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen konposizioa arautu eta eguneratzekoak.
2.– Agindu honetan zehaztu diru-laguntzen onuradun ezin daitezke izan honako hauek:
a) Administrazio publikoekin lotutako edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten erakunde eta sozietate publikoak, hala nola administrazio instituzionalarenak, zeinahi dela ere administrazioa.
b) Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz, krisian dauden enpresak (2014-07-31ko AO, C 249).
c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo erakundeak.
3.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egoitza edo ekoizpen-instalazio bat.
b) Diruz lagun daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea.
c) Erakunde onuradunek bere nortasun juridikoa eta bere kabuz jarduteko gaitasuna izan behar dituzte nahitaez, eta ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik diru-laguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Diru-laguntza eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
f) Ezin izango dira erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.
g) Diru-laguntzen onuradun izan ahal izateko, eskabidea egiten duten enpresak ezin dira egon behar zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ez eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
4.– Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, baldintzek bere horretan iraun behar dute onartutako diru-laguntzaren likidaziora arte.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Kategorien araberako salbuespenei buruzko Erregelamendu Orokorreko –651/2014 (EB) Erregelamendua– 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.
a) Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 3 mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 6 mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
Araubide honen helburua diruz lagun daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:
1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.
a) Izaera lehiakorreko I+G proiektutzat joko dira ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektu-tipologia hauek:
1) Produktu berriak garatzeko proiektuak.
2) Zientzian eta teknologian oinarritutako enpresa berriak sortzeko proiektuak.
b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G+B jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu originalak eta existitzen direnak baino hobeak garatzera argiro bideratuak. Horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskaria hobeto asetzea izan behar da, edo merkatura daitekeen ezagutza erabili edo sortzera argiro egon behar dira bideraturik, honako elementu hauek uztartzen dituzten enpresak sortzeko asmoarekin:
1) Ezagutza zientifiko edo teknologiko maila altua eskatzen duten produktu eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduera edo komertzioaren garapena.
2) I+G+B jarduera ugariren garapena.
3) Jabetza intelektualari buruzko eskubideen erabilera, bai enpresak berak sortuak, bai negozioko gako-abantaila lehiakortzat esklusibotasun-lizentzien bitartez eskuratuak.
4) Enpresaren garapenean, goi-mailako prestakuntza zientifiko eta teknologikoa duen langileriaren partaidetza aktiboa.
c) Ez dira «proiektu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak hobetzeko proiektuak edo produktua berritzat jotzeko moduko berrikuntza-mailarik ez daukatenak. Ez dute diru-laguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.
2.– Sektore estrategikoetako ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerkuntza eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar izango dute, Euskadiko ekonomian trakzio-efektua eraginez eta ETEen esku-hartzeari eta 2020 Ostertza Programari mesede eginez (http://www.eshorizonte2020.es/).
b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak sortu eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak integratu ere. Hori guztia lanpostuak sortzera eta euskal enpresa-ehundura dibertsifikatzera bideraturik egon beharko da, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.
6. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak.
1.– Izaera lehiakorreko ikerkuntza- eta garapen-proiektuak.
a) Diruz lagun daitezkeen proiektu hauen joka-eremu zientifiko eta teknologikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.
b) Diruz lagun daitezkeen proiektuak bi eratara eska daitezke: banaka, edo lankidetzan bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.
Euskadin kokatutako enpresa batek edo gehiagok, Europako beste erakunde batzuekin lankidetzan, estatuz haraindiko lankidetza-proiektuetan parte hartzen dutenean (ERANET proiektuen kasuan, konparazio batera), lankidetza-proiektutzat joko dira agindu honen xedeetarako. ERANET ekimenak Horizonte 2020 programaren esparruaren barruan daude. I+Gari laguntza emateko Hazitek Programaren barneko ekimenak dira ERANET proiektuak.
c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez, 100.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu behar izango du, eta lankidetza-proiektua bada, lankide den enpresa bakoitzak, gutxienez, 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko du.
d) Lankidetza-proiektuen kasuan:
1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu, kontratista nagusitzat, proiektua zuzentzeko lidergoa eta partzuergoaren ordezkaritza, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin proiektuak era egokian aurrera egiteko beharrezko diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez arduratuz.
2) Partzuergoko parte den enpresa batek ezin izango du egon partzuergo berak azpikontrataturik.
e) Gainera, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, erakunde eskatzaileak eskaera egin ostean abiarazitako proiektuak baino ez dira diruz lagunduko. Mugaz gaindiko proiektuen kasuan, nazioarteko deialdian aurkeztu lehen eskabideko data izango da kontuan. ERANET ekimenei dagokienez, aurre-proposamenen fasean aurkeztu eskabidea izango da kontuan.
f) Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta gelditu beharko dute diruz laguntzeko moduko proiektuek, bost urteko epean gutxienez.
2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
a) Diruz lagun daitezkeen proiektuon jarduera-esparru estrategiko zientifiko eta teknologikoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean/Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS 3) ezarritako lehentasun hauen barruan egongo dira gehienbat:
1) Energia.
2) Fabrikazio aurreratua.
3) Biozientziak/Osasuna.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren/Espezializazio Adimentsuaren (RIS 3) hiru lehentasun hauen barruan ez dauden jokaeremuak dituzten eta aukera-hobietan jasotako esparruetan garatzen diren diruz lagun daitezkeen proiektuek ezin izango dute eduki agindu honen 2.3. artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.
b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez lau milioi eurokoa eta gehienez hiru urteko iraungo duena.
c) Enpresa-partzuergoek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Partzuergo horiek, gutxienez, hiru enpresaz osaturik egon beharko dute eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dira lankidetzan, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu, kontratista nagusi gisa, proiektua zuzentzeko lidergoa eta partzuergoaren ordezkaritza; hartarako, arduratzen delarik behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin proiektuak aurrera egiteko direnez.
2) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko, gutxienez, eragile baten parte-hartzea, partzuergo horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. paragrafoan ezarritakoari jarraituz. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
3) Partzuergoko enpresa jakin batek ezin izango du partzuergo bereko beste enpresa bat azpikontratatu.
d) Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztu proiektu batek ez baditu beherago zehaztu ezaugarriak, modu Berezian garatzen dela kontsideratuko da. Ezaugarriok: c puntuko 1. eta 2. paragrafoetan jasotakoak. Proiektu hauek berezitzat jo daitezke; dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino diru-esleipen handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.
e) Programa honek barne har ditzakeen proiektuak zeintzuk diren zehazteko, arreta berezia jarriko zaie oinarrizko baldintza hauei:
– Euskadirentzako interes estrategikoa.
– Enpresa-lidergoa.
– Enpresek I+G+Bn egindako inbertsioaren intentsitate garrantzitsua.
– Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.
– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.
– Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.
f) Laguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak laguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.
g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez.
7. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira, eta honako hauek izango dira:
a) Langileen kostu zuzenak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.
b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68 artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.
c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidea eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioa barne), kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera. Zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiliko dira eta kanpo-hornitzaileei erositakoak izango dira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne.
d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak, hartarako akreditatutakoak, azpikontratatzearen ondoriozko gastuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
Oro har, erakunde onuradunak, diruz lagundutako jarduera egiteko, ezin izango du hirugarrenekin kontraturik egin proiektuaren kostu osoaren % 50etik gora. Salbuetsi egingo dira Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak baimendutako gastuak, espezializazio-maila handikoak izateagatik eta ezinezkoa izateagatik erakunde onuradunek beren baliabideekin soilik jarduera horiek burutzea.
e) Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko 3. Paragrafoko d) letrakoaren arabera, proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak; haien artean, barne hartu ahal izango da diru-laguntza justifikatzeko kontuko proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, erakunde onuradun eta urteroko bakoitzeko.
f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
g) Ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean hartutako ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen gastuak...).
h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen gastuak: ikerkuntza-jardueretan soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.
i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) letretan aipatutako gastu diruz lagungarriak, Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.
8. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.
2.– Laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasean, proiektuak hautatuko dira, eta, ondoren, zehaztuko da zer proiektu onartuko diren; II. fasean, berriz, laguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartutako proiektuei, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoari jarraituz, betiere proiektua aurkeztu dutenek hala eskatzen badute.
3.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak (I. fasea) , aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 17. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatu 17.3. Artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.
4.– Agindu honetako 9. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie diru-laguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.
9.– artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntza kalkulatzeko, 4. letran aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.
2.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-dotazioa nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko lerrokadan ezarritako eran aurre egiteko; diruz lagundutako proiektu kategoria bakoitzari dagokionez, diru-laguntzetarako zuzendutako guztizko zenbatekoa erakunde onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, proiektuaren ebaluaketan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.
3.– Diru-laguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Izaera estrategikoko proiektuen kasuan, berriz, hainbat urterik behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, 3 ekitalditarako izango dira.
4.– I+G+B jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (diru-laguntza ez-itzulgarriak), eta 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, onetsitako diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira, gehienez:
a) Ikerkuntza industrialeko edo izaera lehiakorreko teknologia-garapeneko proiektuen kasuan:
1) Oro har: Diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez.
2) Estatuz haraindiko lankidetzako proiektuetarako, zein da ERANET ekimenen kasuan, gastu diruz lagungarrien % 30, baldin eta enpresa batek bere gain hartzen du diruz lagun daitezkeen kostuen % 70a.
3) Edonola ere, diru-laguntza ez-itzulgarriren zenbatekoa, gehienez ere, 250.000 eurokoa izango da urteko eta erakunde onuradun bakoitzeko.
b) Ikerkuntza industrial edo izaera lehiakorreko garapen teknologikoko proiektuen kasuan:
1) Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: Diruz lagun daitezkeen kostuen % 40, gehienez.
2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: Diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez.
10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunek beste diru-laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, diru-laguntzen izaera edo beroiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein delarik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.
2.– Proiektu berari emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu, berak bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin bateratuz, aurreko paragrafokoko jarduera-kostua edo mugak inola ere gainditu, eta erakunde onuradunek jakinarazi egin beharko dizkiote Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari. Kasu horietan, agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, gehiegizko kopurua adina.
11. artikulua.– Laguntzen kontrola.
1.– 651/2015 Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek aipatu erregelamenduaren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartzen dutela.
2.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, non zehaztuko baitute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 11. artikuluaren b) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat etorriz.
3.– Gainera, programa honetan, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, erakunde eskatzaileak eskaera egin ostean abiarazitako proiektuak baino ez dira diruz lagunduko.
III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHEN ATALA
HASIERA:
12. artikulua.– Deialdiak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak elkarren ondoko bi prozedura edo fasetan emango dira, aginduaren 8.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Fase bakoitzerako, urteko deialdi publiko bat egingo da.
2.– I. fasea: Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrak egingo du proiektuak hautatu eta onartzeko deialdia, ebazpen bidez, eta, han, ezarriko ditu proiektuak gauzatzeko aldia, eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eskabide-ereduak eta Ebaluazio Organoa osatuko duten pertsonak.
3.– II. fasea: Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrak egingo du, halaber, I. fasean onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko deialdia, ebazpen bidez oraingoan ere, eta, han, zehaztuko du kasuan kasuko ekitaldian diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokia, eta bai eskabide-ereduak ere.
13. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin (2012-03-09ko EHAA, 50. zk.) eta, bereziki zuzenketak egiteko, dekretu horren 28.3 artikuluarekin bat etorriz; hala egingo da, halaber, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko honetara jo beharko da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (castellano)
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskera)
Aipatutako egoitza elektronikoan, eskuragarri egongo dira: bide elektronikotik izapideak egiteari buruzko zehaztapenak, eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak.
Eskabidea egin ondoren, espedientea eskuratzeko eta errekerimenduak jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da: http://www.euskadi.eus/misgestiones/
http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak/
3.– Eskabidea behar bezala beteta aurkeztu behar da, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta hurrengo artikuluan aipatzen diren agiriak izan behar ditu, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Izenpe elektronikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
4.– Hizkuntza ofizialetarik zein aukeratu, harexetan aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta exijitutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoaren arabera.
BIGARREN ATALA
I. FASEA: PROIEKTUAK HAUTATU ETA ONARTZEA
14. artikulua.– Proiektuak onartzeko aurkeztu behar diren eskabideak eta agiriak.
1.– Aurreko artikuluan zehaztu helbide elektronikoan bete beharko dira eskabideak hautatu eta onartzeko eskabideak, formatu elektronikoa; eta, halaber, agindu honetan aurreikusi dokumentazio osagarria; Guztiarekin ere, helbide hartan eskura dagoen ereduarekin bat etorriz.
2.– Lankidetza proiektuetan, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzerako. Ondorioz, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko asmoz, proiektuko partaide diren enpresetako batek hartu behar izango ditu bere gain administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, bai interes teknologikoagatik, edo bai kontratista nagusia delako eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa duelako. Hala, proiektua bide onetik doala bermatuko du, eta berorren zuzendari eta partzuergoaren ordezkari izango da eta, beraz, proiektuko enpresa liderra ere izango da. Proiektuaren garapenean protagonismo handiena izateagatik lider den erakundearen legezko ordezkariaren izenpe elektronikoa duela aurkeztuko da eskabidea.
Egoera hau berariaz adierazi behar izango du enpresa liderrak eskaeran eta, beraz gain, gainerako enpresa partaideek ere izenpetu behar izango dute. Gainera, bai enpresa liderrari eta bai gainerako enpresa partaideei ere, ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, enpresa partaide bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek beste erakunde europar batzuekin burututako estatuz haraindiko lankidetzako ERANET proiektuen kasuan, EAEn kokatutako enpresek izango dute eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.
4.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:
a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den erakundeak sinatuta, honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten erakundeen datuak eta haietako bakoitzak egingo dituen jarduerak eta izango duen aurrekontua. ERANET proiektuen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoak kokatutako enpresak/ek euren bakarrik sinatuko dute.
b) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.
c) Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.
d) Lankidetza-proiektuei dagokienez, enpresa parte-hartzaile guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Partzuergoa eratzeko hitzarmena; hartan, gutxienez, aspektu hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.
e) Enpresa parte-hartzaile bakoitzeko pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua.
5.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo, horren ezean, Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzerakoan entitate laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezazkiekete eskabidea egiten duten enpresei: aurkeztutako eskabidea egokiro ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak; aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko dela.
6.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin eta SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin izango dituzten harremanetan.
15. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta estrategia arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
2.– Jakinarazpenak bide elektronikoz egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenak helburutzat daukan egintza, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango eta prozeduran aurrera egingo da; betiere; ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.
16. artikulua.– I. faseko eskabideak ebaluatzeko organoa (proiektuak onartzea).
1.– Gai honetarako sortutako Ebaluazio Organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, eta bai esleipen-proposamenak gertatzea ere.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko teknologia eta estrategia arloko zuzendaritzako titularra izango da ebaluazio-organoko burua. Organoko kideak, berriz, hauek izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko industria-garapenaren arloko zuzendaritzako titularra; SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko teknologia eta estrategia arloko zuzendaritzako talde tekniko pertsona bat, idazkari-lanak egingo dituena. Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.
3.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.–ko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak Ebaluazio Organoan aurkeztuko baititu.
4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio Organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.
5.– Ebaluazio-prozesuan, SPRIko Estrategia, Teknologia eta Berrikuntzaren Unitateak, egoki baderitzo, zera iradoki diezaieke enpresa eskatzaileei: planetan aldaketak sar ditzatela; halatan, ezarritako helburuei hobeto egokitzeko haiek.
17. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Izaera lehiakorreko I+G+B proiektuak, produktu berriak garatzeko proiektuak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak hautatzeko, kontuan hartuko dira irizpide hauek:
a) Funtsezko irizpideak, bakoitzak % 20ko garrantzi espezifikoa izanik:
1) Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuko meritu zientifiko eta teknikoa, erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko gaitasunaren analisia eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzea.
2) Merkatuko arriskua. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek berau erdiesteko duten gaitasuna, produktu berriaren erabilera eta erabilgarritasunaren arabera.
3) Merkataritza-ustiapeneko aurreikuspenak – Inpaktu ekonomikoa. Enpresaren lehiakortasunean, salmentetan, enpleguan etab. izango den inpaktuaren aurreikuspena. Produktua tokiko, Estatuko eta, bereziki, nazioarteko merkatuan merkaturatzeko aurreikuspena.
b) Irizpide orokorrak, bakoitzak % 10eko garrantzi espezifikoa izanik:
1) Proiektuan behar diren giza baliabideen egokitzapena.
2) Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituratze egokia; hurbilketa tekniko eta zientifiko justifikatua; proiektuaren lehentasunak argiak izatea; planteatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturburuen egokitzapena, eta laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren eragin sustagarria), genero-ikuspegia barne hartzea eta, kasua bada, euskara garatzea.
3) Aurrekontuaren egitura eta banakapena argiak izatea.
4) Proiektuaren planteamenduan ingurumen-aspektuak kontuan hartzea, bai eta EAEn enplegua sortzeko inpaktu potentziala ere.
2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 6.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:
a) Funtsezko irizpideak:
1.– Proiektuko jardueren kalitate zientifikoa eta teknologikoa. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren xedeak ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.
– Proposamena Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS 3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planari egokitzea.
– ZTBESk gauzatutako eta jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerkuntza-proiektuetan (bukatutakoak nahiz unekoak) emaitzak aprobetxatzea edo integratzea.
– Euskadiko klusterretako sektore eta elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekiko bat-etortzea.
– Proiektuak aurre dagien erronka teknologikoa eta berrikuntza-osagaia (gaur egungo artearen egoerari egindako ekarpen zientifiko-teknologikoa).
– Proiektua Horizonte 2020 Programan txertatzea.
2.– Proiektutik espero diren emaitzen eragina. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko eta patente eta eduki teknologikodun enpresa berriak sortzeko aukerak.
– Proiektuan parte hartzen duten erakundeek komertzialki ustiatzeko aukerak.
– Merkatuko arriskuak. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-analisia.
– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.
– Erakunde parte-hartzaileak, eta, orokorrean, euskal ekonomia nazioartekotzen laguntzea.
3.– Partzuergoaren oreka eta gaitasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Parte hartzen duten erakundeetan, kopurua, profila eta bata bestearekiko osagarri izatea.
– Proiektuan lantzen den arloan, parte hartzen duten erakundeek I+G+B-n duten gaitasuna eta esperientzia.
– Proiektuko buruzagitza eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuz.
b) Irizpide orokorrak.
1.– Metodologiaren sendotasuna. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren planifikazioa (atazen egitura, mugarriak, entregagaiak, genero-ikuspuntuaren integrazioa, eta, kasua bada, euskararen garapena, eta erakunde parte-hartzaileak eta arduradunak).
– Proiektua kudeatzeko sistema.
2.– Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Horiek betetzen diren edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako ikerkuntza estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.
– Aurrekontuak xehatua izan behar du, proiektuko partaideen eta jardueren arabera.
– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.
c) Lankidetzan gauzatutako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 30eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak; a.3) atalean zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1) eta b.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 10eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak.
Bereziak diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 35eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak, eta b.1) eta b.2) ataletan zehaztutako irizpideek % 15eko pisu espezifikoa izango dute bakoitzak.
3.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean aukeratuko da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztirako notak goreneko guztirako notaren % 50 edo handiagoa denean eta irizpide bakoitzean lortutako guztirako notak gako-irizpide hauetako bakoitzari dagokion goreneko notaren % 40 edo handiagoa denean.
18. artikulua.– I. fasea ebazteko proposamena, hautatutako/onartutako proiektuak.
1.– Ebaluazio Organoak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta teknologiaren eta estrategiaren arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamen arrazoitua.
2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, eta proiektua gauzatzeko epea. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoko kideak eta zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza.
b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.
19. artikulua.– I. fasea ebaztea, proiektuak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira I. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, Ebaluazio Organoaren proposamenez.
2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren hautatutako eta onartutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua eta gauzatzeko epea; horrekin batera, jakitera emango da ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa. Elkarlanean egindako proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren proiektuaren ardura duen partzuergoa osatzen duten erakunde onuradunak.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, proiektuak hautatzeko/onartzeko I. fasearen deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie entitate interesdunei, bai proiektuko lidergoa bere gain hartu duen enpresari, eta bai proiektuan parte hartzen duen enpresa bakoitzari ere, ezertan galarazi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratzea, denek horren berri izan dezaten.
6.– Proiektuak hautatzeko/onartzeko ebazpenak ez du esan nahi besterik gabe laguntzak emango zaizkienik hautatutako/onartutako proiektuei. Izan ere, horretarako, pauso hauek eman behar dira: II. fasearen deialdia argitaratu behar da, teknologia-, berrikuntza eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez –hala dago aurreikusita 8.2 artikuluan–; laguntza-eskabidea aurkeztu beharra dago –agindu honetako 20. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz–, eta agindu honetako eskakizunak bete behar dira.
HIRUGARREN ATALA
II. FASEA: LAGUNTZAK EMATEA
20. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskabidea aurkeztea.
1.– Elektronikoki aurkeztuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak, agindu honetako 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Lankidetza-proiektuen kasuan, erakunde interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztuko dute proiektu bakoitzeko, eta, hortaz, lider izendatutako enpresak aurkeztuko du eskabidea.
3.– I. fasean onartutako/hautatutako proiektuetarako baino ezingo dira aurkeztu laguntza-eskabideak, agindu honetako 19. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta, haiekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Laguntza-eskabidearen inprimakia, proiektuaren lidergoa duen enpresak izenpetuta, eta gainerako parte hartzaileek sinatuta (onartuta).
b) Enpresa parte hartzaileek izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua; akordio horren bidez, enpresa liderrari lagatzen diote ordezkaritza, beren izenean laguntza eskatu dezan.
c) Proiektuan parte hartzen duten enpresetako bakoitzak – liderra barne– honako agiri digitalizatu hauek aurkeztuko ditu:
1.– Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
2.– Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek ziurtatzeko:
– ETEa bada, haren ezaugarriak bat datozela ETEaren definizioarekin, Europako Erkidegoko arauekin bat etorriz. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat joko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena, 651/2014 Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.
– Ez daudela administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez direla administrazio instituzionalekoak.
– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.
– Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzak.
– Enpresa handia bada, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan ezarritakoa betetzen duela.
– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor administratiborik edo penalik ez izatea, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
– Erakunde eskatzailea ez izatea berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasunak diru-laguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
3.– Laguntzaren eragin sustagarriaren adierazpena.
4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo, hala badagokio, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, –agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– zera eska diezaiekete eskabidea egiten duten eragileei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozedura bideratzeko, erakunde eskatzaileek ez dute beharrik izango organo eskudunak lehendik dituen agiriak aurkezteko, eta eskabidean adierazi egin beharko dute zein den orduko hartan jakinarazi zitzaien espediente-zenbakia, betiere dagokien prozedura amaitutzat eman zenetik zenbatzen hasita bost urte igaro ez badira. Ezin bada agiria zuzenean eskuratu, erakunde eskudunak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste gisa batez egiaztatzeko.
6.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin eta SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.rekin izango dituzten harremanetan.
21. artikulua.– Laguntza-eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta estrategia arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.
2.– Jakinarazpenak bide elektronikoz egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenak helburutzat daukan egintza, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango; betiere; ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
4.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den erakundearekin gauzatuko da jarduera hori.
22. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea.
1.– Ebaluazio Organoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 16. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, I. fasean hautatutako/onartutako proiektuei laguntzak emateko proposamena egingo du, betiere horretarako eskabidea formalki aurkeztu badute.
2.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko dira proiektuak hautatzeko/onesteko ebazpenean bildutako datuak, hala nola onartutako/onestutako aurrekontua, proiektua egiteko epea eta lortutako puntuazioa, bai eta agindu honetako 9. artikuluan ezarritako laguntzen zenbatekoak ere.
23. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebazteko proposamena.
1.– Ebaluazio Organoak ebaluatuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta prozedura ebazteko proposamena helaraziko dio teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrari.
2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Proiektuetarik laguntza zentzuei ematea proposatzen den (zerrenda), haietako bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna; ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako aurrekontua; proiektua egiteko epeak, eta proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa. Lankidetza-proiektuen kasuan, adieraziko beharko da zeintzuk diren proiektuaz arduratuko diren partzuergoko kideak, zein kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza, eta kide bakoitzari zenbateko laguntza esleitu zaion.
b) Deialdiaren betekizunak ez dituztela betetzen-eta, eskabideetarik zeintzuk ezestea proposatzen den (zerrenda); hartarako, ezesteko izan diren arrazoiak azaldu beharko dira.
24. artikulua.– II. fasea ebaztea, laguntzak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– II. fase honetan aurkeztutako eskabideak, ebazpen batez ebatziko dira, non erabakiko baitira erakunde interesdunek planteatutako kuestioak oro. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, Ebaluazio Organoaren proposamena delarik.
2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren proiektuak, eta haietako bakoitzari buruz honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, proiektua egiteko epeak eta onartutako laguntzaren zenbateko osoa. Era berean, elkarlanean egindako proiektuen kasuan, adieraziko da, bai zeintzuk diren proiektuaz arduratuko den partzuergoa osatzen duten erakunde onuradunak, bai zenbateko diru-laguntza esleitu zaion kide bakoitzari.
Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, erakunde onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hara. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
5.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari, bai proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei. Hori guztia, eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuena eta emandako diru-laguntzak, herritar guztiak jakitun egon daitezen.
6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA
25. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza zuzenean ordainduko zaie erakunde onuradunei, zatikaturik, jarraian azaldu moduan:
1.– Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:
a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 70, betiere 26.4.a) artikuluan zehaztu epean, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerako % 30 urteko programa bukatu ondoren ordainduko da. Horretarako, gainera, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lurralde-bulegoetan, sail horretan bertan edo Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorreko Sozietatea, S.A.n (SPRI), dokumentazio hauxe aurkeztu beharko da: diruz lagundutako jarduerak burutu izana eta haien xedeak noraino erdietsi diren egiaztatzeko justifikazio-dokumentazioa.
Urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da proiektua, diru-laguntza justifikatzeko kontua aurkeztuta. Kontu horretan, jaso beharko dira proiektuaren kostuen gaineko auditoria-txostena, laguntza emateko ebazpena, eta behar den gainontzeko dokumentazioa; betiere, erakunde onuradun bakoitzari bidalitako jarraibideekin bat etorriz.
2.– Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:
a) Ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da lehenengo urteari dagokion diru-laguntzaren % 50, betiere 26.4.a) artikuluko zehaztu epean, berariaz egindako ukorik ez bada.
b) Lehen urterokoaren ordainketa, bai ondorengo urtekoena ere, honako honek baldintzatuko du: aldez aurretik agiriekin justifikatu beharra, bai dena delako urtekoari doakion jarduera egin izana, bai finkatutako helburuen exekuzio-maila, bai egindako gastua.
Urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da proiektuko urte bakoitzean egindakoa; gutxienez, diru-laguntza justifikatzeko kontua aurkeztuta. Kontu horretan, jaso beharko dira proiektuaren kostuen gaineko auditoria-txostena, laguntza emateko ebazpena, eta behar den gainontzeko dokumentazioa; betiere, erakunde onuradun bakoitzari bidalitako jarraibideekin bat etorriz.
Deskribatutako baldintzetan egin ondoren justifikazioa, aldibereko ordain-agindua emango da, zeina baitagokie justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50ari doakion aurrerakinari.
c) Azken urtekoari dagokion azken % 50aren ordainketa egiteko, behar dira aurkeztu bai ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa, bai proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa; betiere, batez ere, honako hauek adierazten dituen memoria tekniko eta ekonomikoan oinarrituta: Egindako jarduerak; erdietsitako emaitza kuantifikatu edo baloratuak; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekoen eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin izandako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren betetzearen txostena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Europar Batasuneko I+G esparru-programan aurkeztutako proiektuen, ondorioen eta abarren zerrendarekin.
d) Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duten erakundeek hasten badute jarduera proiektu hartan, laguntza eman osteko ekitaldiren baten hasi ere; bada, ordainketa-agindua ekitaldi horretaraino atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko paragrafoan ezarritako araubidea aplikatuko da.
3.– Laguntzak jaso baino lehen eta aldez aurretik eskatu ondoren, erakunde onuradunak sailaren esku jarriko du agindu honen 20. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.
4.– Erakunde onuradun guztien kasuan, derrigorrezkoa izango da auditoria-enpresa baten txostena aurkeztea; betiere, Kontu-auditoreen erregistro ofizialean (ROAC) inskribatutako auditoria-enpresa delarik hura. Onartutako proiektu bakoitzeko auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da. Alde horretatik, aplikagarria izango da maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduaren bidez onartutako jardun-araua (2007ko maiatzaren 25eko BOE, 125. zk.).
5.– Egiaz egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo balio frogagarria duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da fakturak edo jatorrizko gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFk lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.
6.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta argibide osagarriak eska ditzake, erakunde onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera. Alde horretatik, lagin-teknikak erabiliz proiektuen lagin esanguratsu bat izateko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak honako agiriak eskatu ahal izango ditu: diruz lagundutako jarduera osorik burutu izana justifikatzeko direnak.
26. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntzak zein urteetarako eman diren, (gehienez, hiru urte), haiexetan egin beharko dira bai gastuak eta inbertsioak edo konpromiso-gastuak; betiere, emate-ebazpenean zehaztutako epeetan.
2.– Laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek beharko dute eduki bereizitako kontabilitate-sistema bat edo kontabilitate-kodeketa bat, diruz lagundu proiektuen kargurako egindako transakzioena.
3.– Erakunde onuradunek nahitaez eta zuzenean burutu beharko dituzte diruz lagun daitezkeen jarduerak, eta, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan exekutatu beharko dituzte diruz lagundutako proiektuak, baina eragotzi gabe lurralde horretatik kanpo azpikontratu ahal izatea proiektuko I+Geko jardueraren parteren bat.
4.– Gainera, entitate onuradunek honako betekizun hauek ere izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.
b) Jarduera jakin batzuetarako eman bada diru-laguntza; bada horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako, nahiz eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldakuntzak, betiere aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta lortu bada Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen berariazko baimena, betiere agindu honetako 29. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
c) Enpresa handiek laguntza jasotzeko, nahitaez frogatu behar dute ezen I+Geko jarduerak osagarriak direla, betiere egin ohi dituenetik aparte. Hartarako, enpresak nahitaez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, non zehazten baitira proiektuaren egoera eta laguntzaren izaera pizgarria.
d) Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari edo hark izendatutako auditoreari baimena ematea, sarbide libre izan dezan, bai proiektuaren garapenean sartzen diren lanetara, bai hari lotutako gainontzeko agirietara.
e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel edo argitalpenetan, jaso egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa zein «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez, diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.
f) Emandako laguntzei dagokienez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, egoki irizten dien egiaztapenak egiterakoan erraztasunak ematea; hartarako, eskatzen zaien informazio osagarri oro aurkeztu beharko dute entitate onuradunek. Halaber, hala badagokio, zein enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute erakunde onuradunek.
g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.
h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.
j) Administrazioarekin kontratatzen eta hitzartzen edo harengandik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak onartzea. Horietan ezarritakoa betez, sexuaren arabera bereizitako datuak izan behar dituzte, hizkera ez-sexista erabili, beren zuzendaritza-organoetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatu eta 4/2005 Legearen 3. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez ezarritako printzipio orokorrak errespetatu.
k) 250 langiletik gora dituzten erakunde onuradunek berdintasun-plan bat izan behar dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
l) Programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
5.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira diru-laguntzak (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50 izango da). Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende daude laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:
a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, legedi nazionala eta komunitarioa bete beharko ditu onuradunak.
b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskineko 2.2. atalaren arabera eman beharko da aditzera alderdi hori. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, aipatu egin behar da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa, zabalkundea egiteko material edo euskarrietan, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa gauzatzean, labur deskribatuko da eragiketa bere webgunean, Batasunaren diru laguntza nabarmenduta, eta gutxienez informazio kartel bat jarriko da proiektuari buruz –gutxienez A3 tamainan–, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.
c) Laguntza onartzeak berekin dakar onartzea ezen baiezkoa ematen zaiola 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzeari.
d) EGEFren kofinantzaketak berekin dakar onartu beharra artxibatzekoa dela finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa, harik eta 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hara. Testuinguru horretan, onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).
27. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako erregulazioarekin bat esleitutako diru-laguntzak kudeatze aldera, Sociedad para la Transformación Competitiva/Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. erakunde laguntzaile deklaratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartutakoan–, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezartzen duenean– eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintza, erregimen eta betebeharrak ezartzen dira, agindu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva/Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), erakunde kolaboratzaile gisa, honako funtzio hauek hartuko ditu bere gain:
a) I. fasean aurkeztutako eskabideak jaso eta ebaluatzea, aurkeztutako proiektuak.
b) Egindako proposamenak aztertu eta ebaluatzea.
c) Justifikazio-agiriak jasotzea.
d) Ordainketa-proposamena eta ikuskapen-errekerimendua, izaera estrategikoko proiektuen kasuan.
e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitu eta ezartzea.
f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.
g) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hala aginduta, programa egoki kudeatzeko behar den beste edozien jardueretan laguntzea.
h) Programa honen kudeaketari dagokionez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea.
28. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak ez baditu betetzen onuradunak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 4.1 artikuluak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituenak– ezarritako kasuetan, eta laguntzen esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzak ez baditu betetzen onuradunak, organo eskumendunak, interesdunari audientzia emango zaion ez-betetze espedientea izan eta gero, laguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du eta, hala behar izanez gero, eskuratutako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzultzeko obligazioa izango du, eta, halaber, bidezkoak diren gainerako egintzen eragina izan dezake. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez-betetzat hartuko dira honako egoera hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.
b) Proiektu batean izandako gastuek onetsitako aurrekontuko zenbatekoaren % 25 baino handiagoa den beheranzko desbideratzea ekartzen badute, ez-betetzeko arrazoia izan daiteke eta jaso beharreko diru-laguntza galtzea eta aurrez jasotako kopuruak itzuli beharra ekar dezake, betiere enpresak ez badu desbideratze hori behar bezala motibatu eta justifikatu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrean.
c) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo ez konplitzea laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
3.– Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze osoko edo partzialeko espedienteak. Era berean, proiektua bukatu aurreko gorabeherak direla-eta, SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.
29. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal du; betiere, agindu honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabiderik jasotzea.
2.– Halaber, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta onuradunak eskatu eta behar bezala justifikatzen badu; hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.
3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduerak. Nolanahi ere, teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldaketak baimendu ditzake, erakunde onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduerak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.
4.– Proiektuak porrot teknikoa egiten badu, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko huts-egite teknikoak atzemanez gero, eta huts-egite horiek ezinezko egiten badute eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, erakunde onuradunak eska dezake laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektu-zatira egokitu dadin. Teknologia-, berrikuntza- eta lehiakortasun-arloko sailburuordetzaren titularrak aldakuntza onar dezake, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2020ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, edo Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra luzatzen den egunera arte.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 31.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.