EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016042

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 30ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu zuzendariari eskuordetzen baitzaio erakunde autonomo horretarako energia elektrikoaren hornidura kontratatzeko eskumena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-12-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201701100
Maila: Ebazpena
Gobernu Kontseiluak, 2014ko abuztuaren 28an egindako bilkuran, erabaki zuen baimena ematea Esparru Akordio bat egiteko, 2015. eta 2016. urteetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hainbat eraikin energia elektrikoz hornitzeko dena.
Kontratazioak batera egiteko teknika horrek ahalbidetu du eskala-ekonomiez baliatzea, eta horrek emaitza onak izan ditu, bai arlo ekonomikoari dagokionez bai kontratuen betearazpenari dagokionez. Teknika hori berariaz jasota dago Kontratazio publikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/24/EB Zuzentarauaren 38. artikuluan, eta bateragarria da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 1. artikuluan jasotako printzipioekin –azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori–, eta, bereziki, bateragarria da funts publikoen erabilera eraginkorrarekin.
Lehengo Ogasun eta Finantza Sailaren 2014ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez, Naturgas Energía Comercializadora, S.A.U. enpresari esleitu zitzaion aipatutako Esparru Akordioa, eta 2014ko abenduaren 11n formalizatu zen.
Ondoren, Esparru Akordio hori aldatzeko zenbait agindu onartu dira, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko beste eraikin batzuk barruan sartzeko.
Bestalde, 2015eko irailaren 10ean, Merkataritza Erregistroan inskribatutako eskritura publikoan jasota dagoenez, Naturgas Energía Comercializadora, S.A.U. enpresa kontratistak izena aldatu, eta honako hau hartu zuen: EDP Comercializadora, S.A.U.
2016ko irailaren 5ean, Esparru Akordioa luzatu zen, haren indarraldia 2017ra arte zabaltzeko.
Kontratazio bateratua egin aurretik, eskumenak esleitu behar dira, esleipena egin behar duen kontratazio-organoak lizitazio-prozedura egin dezan; horretaz gain, ziurtatu beharra dago kontratua kofinantzatuko duten ekarpen guztiak eskuragarri daudela oso-osorik.
Alde horretatik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluan eskumenak eskuordetzeko aurreikusitako formula da egokia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren artean erakunde autonomo hori energia elektrikoz hornitzeko kontratazioa batera egiteko. Artikulu horren bidez, administrazio publikoetako organoek esleituak dituzten eskumenak eskuordetu ahal izango dituzte administrazio bereko beste organo batzuen esku utzita –nahiz eta organo batzuk besteen mendekoak ez izan–, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeen esku edo erakunde publikoen esku utzita.
Azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari zenbait eginkizun esleitzen dizkio, zehazki Herri Administrazio eta Justizia Sailaren apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 6. artikuluak sail horretako zerbitzu zuzendariari esleitzen dizkion eginkizunak. Gainera, kontuan hartuta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren egitekoa dela erakunde horretako kontratazio-organoaren funtzioak betetzea, hala ezarrita baitago aipatu lehenengo xedapen gehigarrian eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egitura ezartzen duen martxoaren 30eko 96/2010 Dekretuaren 8.1.j) eta 9.f) artikuluetan, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren zerbitzu zuzendariari eskuordetzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia energia elektrikoz hornitzeko kontratazioaren eskumena.
Irailaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako arlo hauetara zabalduko da eskuordetzea, betiere eta arlo horiek kontratuan aplikagarriak badira.
– Kontratua prestatzea (II. liburua).
– Kontratuaren esleipena (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
– Administrazio Publikoaren eskuduntzak: aldaketa, iraungitzea, lagapena eta azpikontratazioa, izaera orokorrarekin IV. liburukiko I. tituluan, I. kapituluan aurreikusten direnak, eta hornidura-kontratuetarako izaera partikularrekin IV. liburukiko II. tituluan, I. kapituluan aurreikusiak.
– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).
Bigarrena.– Eskumena ematen duen organoaren barruan geratuko dira kontratazio-organoari dagozkion gainerako eskumenak, eta, bereziki, egindako hornidurari oniritzia ematekoa eta hura ordaintzeko agindua ematekoa.
Hirugarrena.– Eskuordetze hau sinatu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Arkauti, 2016ko abenduaren 30a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.