EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-03-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017042

AGINDUA, 2017ko otsailaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko, 2016ko eta 2017ko ekitaldietarako laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-02-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201701098
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/11/28an argitaratutako 2013/11/19ko 201300447 DEKRETUA

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen duen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan arautzen dira gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, betiere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoei dagokienez (horrelakoak finantzaketa publikoaren xede badira).
Dekretuak dioenez, orobat, Osasuneko sailburuaren esku egongo dela laguntzen deialdia egitea. Zehatz esanda, 2.2 artikuluaren arabera, Osasuneko sailburuaren esku egongo da laguntzen deialdia egitea, honako hauek adieraziko dituen agindua emanez: laguntzak zehazteko aldiak, izapideei (zuzenekoei zein elektronikoei) buruzko zehaztapenak, eskaerak aurkezteko epea, tokia eta modua, laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, bai eta horiek emateko baldintzak egiaztatzeko eskatutako agiriak eta eskaera-eredua ere; hori guztia dekretu honetan jasotako arauak garatuz eta aplikatuz.
Aipatu artikulua betetzearren, 2013ko abenduaren 23ko Agindua onartu zen (2013-12-31ko EHAA, 248. zk.), zeinarekin deialdia egiten baita agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2013. eta 2014. urteetarako laguntzak emateko. 2013ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra eta 2014ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egindako gastuetarako laguntzak ematea arautzen da aipatu deialdian.
Era berean, 2015eko urtarrilaren 21ean, Osasuneko sailburuaren agindu bat onartu zen, zeinarekin deialdia egiten baita agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2014. eta 2015. urteetarako laguntzak emateko (2015-01-27ko EHAA, 17. zk.). 2014ko abenduaren 1etik 31ra eta 2015eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egindako gastuetarako laguntzak ematea arautzen da aipatu deialdian.
Geroztik, 2015eko abenduaren 10ean, Osasuneko sailburuaren agindu bat onartu zen, zeinarekin deialdia egiten baita agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko 2015. eta 2016. urteetarako laguntzak emateko (2015-12-23ko EHAA, 244. zk.). 2015eko abenduaren 1etik 31ra eta 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egindako gastuetarako laguntzak ematea arautzen da aipatu deialdian.
Eta agindu honen bitartez, beste deialdi bat egiten da, 2016-2017ko epealdiari dagokiona.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.
Hauxe da agindu honen xedea: Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketenak, gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonek bete ditzaten errazteko laguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek 2016ko abenduaren 1etik 31rako eta 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetarako dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz, eta horien kopurua sei milioi eurokoa da (6.000.000 euro).
2.– Deialdi honetan guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko, edo, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko.
3.– Halaber, deialdi honetarako izendatutako kreditua eta hori eguneratzearen ondoriozkoa agortzen bada; orduan, zirkunstantzia horri publizitatea ematearren, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat emango du, zeinetan zehaztuko baita zein egunetan agortu zen kreditua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; guztia ere, azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuko 11. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
3. artikulua.– Laguntzen pertsona onuradunak.
1.– Gaixotasun- eta beharrizan-egoera objektiboan dauden pertsonek eskatu ahal izango dituzte laguntzak baldin eta betetzen badituzte laguntza horien onuraduna izateko azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako baldintzak (dekretu horren bidez, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira), eta laguntza horien xede den gastua deialdi honetan zehaztutako aldian egin badute. Zehatz esanda, hauxe da gastu hori:
a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak.
b) Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
c) Langabezia-egoera legalean dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
d) Aurreko atalean aipatutako aseguratuen onuradunak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak badira.
e) Estatuko Osasun Sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoaren, aplikazio-arloan sartzen badira.
2.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten pertsonek ezin izango dute lehiaketan parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat dutenek; horretan barne direlarik Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aplikatzearen ondoriozkoak.
3.– Pertsona onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak alegia.
4.– Artikulua. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzeko, 2016ko abenduaren 1etik abenduaren 31rako eta 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30erako tarteetan pagatu behar izan dituzten zenbatekoak itzuliko zaizkie pertsona onuradunei, betiere finantzaketa publikoa jaso dezaketen tratamendu farmakologikoei, eta efektu eta osagarriei dagokienez.
2.– Halaber, itzuli ahal izango dira –2017ko epealdi beran–ordaindu behar diren zenbatekoak, hain justu ere Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu mediko bat betetzearen ondoriozkoak, finantzaketa publikoa jaso dezaketen produktu dietetikoei dagokienez.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte; hartarako, administrazioan onartutako sinadura elektronikoko sistemen bitartez identifikatuko dira.
2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez dago erregulaturik: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa-PLATEA- ezartzen duen dokumentua onartzen duena.
3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena, bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: http://www.euskadi.eus/misgestiones
6. artikulua.– Izapidetze erraztua.
1.– Oro har, izapideketa erraztuaren bitartez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, baldin eta organo kudeatzaileak informazio aski badu bai pertsona onuradun izatearen kondizioaz, bai laguntzaren helburu den gastua egiteaz; halatan, aurkeztutako eskabideak ebazteko; eta beste baldintza bat izango da: aipatu datuok egiaztatzeko baimen berariazkoa eman izana pertsona eskatzaileek.
2.– Beraz, honako pertsona hauek erabili ahal izango dute izapideketa erraztua:
a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta daudenak, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun txartelaren titularrak eta beren onuradunak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan araututa dagoena.
b) Langabezia-egoera legalean dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, Euskadiko Osasun Sistema bermatzaile gisa duten banako osasun-txartelaren titularrak eta beren onuradunak badira, salbu eta diruz lagundu nahi den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada, gastu hori ordaintzeko beste eskabide bat egin beharko baita, ohiko prozedura erabiliz, hurrengo artikuluan araututa dagoena.
c) Estatuko Osasun Sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio subjektiboaren arloan sartzen badira.
3.– Egoera horretan dauden pertsonek I. eranskineko eskabide-eredua bete beharko dute. Eskabide horretan, Administrazioari baimena emango zaio, eskatzaileak adierazten duen kontuan ordainketa egiteko. Horretarako, lehenago egiaztatu beharko da, batetik, onuraduna nor den, eta, bestetik, laguntzaren helbururako gastua egin dela. Eskabidea Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da, bai eta Osakidetzako zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ere: http://www.osakidetza.euskadi.eus
7. artikulua.– Ohiko izapidetzea.
1.– Izapidetze errazturik egiterik ez badago, ohiko izapidetzearen bidez kudeatuko dira deialdi honetan araututako laguntzak, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Hau da:
a) Pertsona eskatzaileak Administraziori berariazko baimenik ematen ez badio datuak egiaztatzeko.
b) Diru-laguntzaren xedea den gastua Euskadiko Osasun Sistematik kanpo egiten bada.
c) Baldin eta agindu honetako xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztu pertsonen arlokoa bada eskabideak izapidetzea
2.– Kasu horretan, pertsona interesdunek, banako osasun-txartelaren bidez edo Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak jasotzeko bidea ematen duen dokumentu identifikatzailearen bidez nortzuk diren egiaztatu ondoren, eskabidea aurkeztuko dute, agindu honetako II. eranskineko eredua behar bezala betez. Eredu horri honako dokumentu hauek erantsiko zaizkio:
a) Pertsona onuradunaren kondizioa egiaztatzen duen dokumentazioa.
b) Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, non jasotzen baitira laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak.
c) Eskuratutako produktua pagatu izana justifikatzeko agiriak, non jasotzen baitira jaso dituzten produktuen identifikazio-datuak eta eskatzaileak egindako ekarpenak, tokatzen den epealdian diruz lagundutako gastuei dagokienez.
Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.
3.– Eskabide-eredua Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da, bai eta Osakidetzako zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan eta egoitza elektronikoan: http://www.osakidetza.euskadi.eus
8. artikulua.– Eskabideak balioestea.
Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
9. artikulua.– Izapideketak zein hizkuntzatan.
Pertsona eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta eskatutako gainontzeko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozeduran zehar, pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, horixe baitago ezarria azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa dena, 6.1 artikuluan.
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Deialdi osorako izapideketa-eskabidea bat aurkeztea aski izango dute pertsona interesdunek; betiere, agindu hau ondorioak sortzen hasten denetik 2017ko abenduaren 10era bitarteko edozein unetan.
2.– Izapideketa arruntari dagokionez, deialdi honetan pertsona interesdunek bi eskabide aurkeztu ahal izango dituzte gehienez ere; lehena 2017ko ekainaren 10era arte, eta bigarrena 2017ko abenduaren 10era arte, lehenengoan justifikatu gabeko gastuei dagokienez.
3.– Eskabideak Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira, bai eta Osakidetzako osasun-zentroetan, Zuzenean izeneko Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan ere. Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: www.euskadi.net/egoitza elektronikoa/iragarki-taula.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpenaren bidez, ebatziko da pertsona onuradunei laguntzak ematen zaizkien ala ez, edo ukatzen zaizkien ala ez, betiere organo kudeatzailearen proposamena delarik; eta ebatzitako hori jakinarazi egin beharko da, hain justu ere Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan paratuaz: www.euskadi.net/egoitza elektronikoa/iragarki-taula; eta bai Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan eta osasun-zentroetan ere; guztiarekin ere, «izapide administratiboak» - «laguntzak» atalean, egoitza elektroniko honetan: http://www.osakidetza.euskadi.eus
2.– Planteatzen den izapideketa-era edozein delarik ere, laguntzaren helburuari doakion gastua zehaztu ostean, laguntzak esleitzeko ebazpenak emango dira, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren bidez, bat 2017ko urtailaren lehen hamabostaldiaren barruan, eta bestea hilabeko horretako bigarren hamabostaldiaren barruan, hurrenez hurren 2016ko abenduaren 1etik 2017ko ekianaren 10era bitartean egindako gastuengatiko laguntza orkotarako, eta 2017ko ekainaren 11tik azaroaren 30era bitartean egindako gastuengatikoak. Edozelan ere, izapideketa arruntean formulatu eskabideen gaineko ebazpenek beharko dute izan koherenteak eskabideotan jasotako eskabide zehatzarekiko.
3.– Goiko horren aurka egin gabe, izapideketa-era edozein delarik ere, 2017ko ekainaren 10az geroztik egiten bada eskabidea, laguntzak emateko ebazpen bat bakarrik emango da, 2017ko abenduaren bigarren hamabostaldiaren barruan eman ere, diru-laguntzari dagokin aldian zehar pertsona onuradunek egindako gastuei dagokienez.
12. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Laguntzak emateko ebazpena argitarazten denetik harako bi hilabeteko epearen barruan, pagatuko zaizkie emandako laguntzak pertsona onuradunei.
13. artikulua.– Errekurtsoak.
Laguntzak baiesteko edo ezesteko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako era eta epeetan.
Xedapen gehigarrietarik lehenengoa
Deialdi honetan ezartzen den 18.000 eurotik beherako urteko errentetako diru-sarreren muga, honako kopuru hauen arabera neurtuko da: 2016ko abenduan egindako gastuei dagokienez, 2015eko ekitaldian, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –likidatuaren– aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa; 2017ko ekitaldian egindako gastuei dagokienez; 2016ko ekitaldian, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –likidatuaren– aitorpeneko aurrezpen eta likidazio-oinarri orokorraren laukian kontsignatutako zenbatekoa
Xedapen gehigarrietatik bigarrena
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsonek II. eranskineko eredua bete beharko dute bere eskabidea izapidetzeko, ohiko izapidetzeari jarraikiz. Horretarako, MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezien titularrak izan beharko dute eta 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodun (klase pasiboak) ere bai, betiere horien bermatzailea Estatuko Osasun Sistema bada; beren onuradunak ere bete beharko dute eredu hori, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, eta errekonozituta badaude ondoko dekretuko xedapen gehigarrietako bigarrenaren 1. eta 2. paragrafoetan: 47/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa.
2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:
a) MUFACE, MUGEJU edo ISFASek kudeatutako Gizarte Segurantzako araubide berezietan afiliaturik egotea eta pentsiodun-izaera (Klase Pasiboak eta Erregimen Orokorra) edo haietako pentsionsitaren baten onuradun izatea egiaztatzen duen dokumentu ofizialaren kopia.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.
c) PFEZren aitorpenaren kopia edo diru-sarrera gutxi izateagatik errenta-aitorpena egin beharrik ez duela egiaztatzen duen ziurtagiria.
d) Tratamendu aktiboaren orria edo errezetaren paperezko kopia, laguntzaren xede diren tratamendu medikoen preskripzioak dakartzana.
e) Erositako produktuak ordaindu izana justifikatzeko agiriak, non adierazita dauden eskatzaileak dagokion aldian erositako produktuak eta egindako ekarpenak, elektronikoki izapidetu ez diren edo Estatuko Osasun Sistemako langileek agindu dituzten gastuei –diruz lagun daitezkeenei– dagokienez,
3.– Kasu horietan, eskabideak 10. artikuluan aipatutako epean eta tokietan aurkeztuko dira.
Azken xedapenetatik lehenengoa
Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: 447/2013 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzekoa; diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; aurreko lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
Azken xedapenetarik bigarrena
2017ko martxoaren 1etik aurrera sortu ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 21a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.