EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016041

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko maiatzaren 26ko bilkuran hartua, Aguraingo Udalari buruzko fiskalizazio txostena 2014koa behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-05-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201701062
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko maiatzaren 26an egindako bilkuran,
ERABAKI DU:
Aguraingo Udalari buruzko fiskalizazio txostena 2014koa behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 26a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
AGURAINGO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2014
Laburdurak.
EAO: Estatuko Aldizkari Ofiziala.
ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EBAO: Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala.
AFA: Arabako Foru Aldundia.
FOFEL: Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.
KPI: Kontsumorako Prezioen Indizea.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
SPKL: 30/2007 Legea, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
EFPL: 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
3/2004 FA: 3/2004 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoaren toki erakundeen aurrekontuei buruzkoa.
8/2012 FA: 8/2012 Foru Araua, Aguraingo Udalaren Aurrekontu eta Finantzaren Bideragarritasun Plana onartzen dueña.
34/2013 FA: 34/2013 Foru Araua, toki erakundeei aparteko ekarpena egiteko dena.
38/2013 FA: 38/2013 Foru Araua, Arabako toki erakundeen aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunari buruzkoa.
39/2013 FA: 39/2013 Foru Araua, Arabako toki erakundeen Obren Foru Planera bildutako obren finantzaketarako Aparteko Funtsa arautzen duena.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
1463/2007 ED: 1463/2007 Errege Dekretua, aurrekontuaren egonkortasunari buruzko 18/2001 Legea toki erakundeei ezarrita garatzen duen araudia.
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Dekretu Legea, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.
HLEE: 1093/1997 Errege Dekretua, Hipoteka Legea Egikaritzeko Erregelamenduarekiko Arau Osagarriak, Hiri Izaerako Ekintzak Jabetza Erregistroan Inskribatzeari buruzkoa.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
HHS: Hiriko hondakin solidoak.
GODG: Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina.
KES: Nazio eta Lurraldeko Kontuen Europako Sistema.
EHJAN: Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorena.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu bategina onesten duena.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraiki, Aguraingo Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren eta Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintza Sozietatearen egoeraren balantzeak, galera-irabazien kontuak eta memoriak; baita Udalaren aurrekontuaren likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Aguraingo udalerriak 4.952 biztanle ditu 2014ko urtarrilaren 1eko udal erroldaren arabera eta bere egituran, Udalaz gain, Lur Lautada XXI, SA Hirigintza Sozietatea erakundea (% 100) barne hartzen du, 2002an industria eta etxebizitzetarako lurzorua sustatzeko sortua.
Berebat, honako entitate hauetako partaide da: Arabako Lautadako Kuadrilla (hirigintza, gizarte zerbitzu, enplegu sustapen, kultura, euskara eta ingurumenaren alorretan zerbitzuak); Entzia eta Iturrietako Partzuergoa (jabetza publikoko mendietako baso eta abeltzaintzako aprobetxamenduak); eta Haurreskolak Partzuergoa (0-2 urte bitarteko haurren hezkuntza).
II. Iritzia.
II.1.– Udala.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Bi kontraturen lizitazioa (2 eta 7 espedienteak), 1,2 milioi euroan esleitutakoak, ez zen ez EBAOn ez EAOn argitaratu (SPKLren 126. artikulua eta SPKLTBren 142. artikulua), publikotasun eta lehia printzipioak urratuz (A1 akatsa).
2.– HAPOren Testu Bategina erredaktatzeko kontratua (6. espedientea), 70.133 euroan esleitu zitzaion giza eta gauzazko baliabideei zegokienez pleguko betekizunak betetzen zituela egiaztatu ez zuen pertsona fisiko bati. (C akatsa).
3.– Zerga ikuskaritzako jardueretan lankidetza kontratuak (8. espedientea), 510.000 euroan esleitutakoak, esleipendunari funtzionarioek soilik bete ditzaketen egitekoak agintzen zizkion eta arrazoi hau zela-eta, 2016ko urtarrilaren 22ko EHJANren epai bidez baliogabe izendatu zituen esleipen ekintza eta horren ondoriozkoak (C akatsa).
4.– Aztertutako espedientez gain beste erosketa osagarri batzuk aztertzean, argindarraren hornidura zuzenean esleitu zaiela bi hornitzaileri egiaztatu da, 2014an 437.420 euroren kostua izan duena. Gainera, 2014an 19.464 eta 16.479 euroren gastua eragin duten beste bi kontratu 2013an esleitu ziren prozedura negoziatu bidez; ordea, balioetsitako balioa aintzat hartuta, kasu batean prozedura irekia baliatu behar zen eta bestean, berriz, negoziazioari publikotasuna eman. Hiru kasuetan publikotasun eta lehia printzipioak urratu dira.
Epaitegi honen ustetan, Aguraingo Udalak, 1etik 4ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Aguraingo Udalaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2014ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa erakusten dute, ondarearen eta 2014ko abenduaren 31n finantza egoeraren isla zuzena eta data horretan amaitutako urteko ekitaldian zehar bere eragiketen emaitzena.
II.2.– Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintza Sozietatea.
II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen ustetan, Lur Lautada XXI, SA Hirigintza Sozietateak zuzentasunez bete du 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar liratekeen doiketek ondotik zehaztutako eragina dute Lur Lautada XXI, SA Hirigintza Sozietarearen 2014ko abenduaren 31ko Egoeraren Balantzean eta Ondare garbian:
2.– 2014ko abenduaren 31n 628.735 euroren izakinak aktibatutako hirigintza-kudeaketazko gastuei dagozkie, gerora hirugarrenei eragiteko direnak; saldoen antzinatasuna dela eta, ezin zehaztu izan da egiaz egingarria den saldoaren zenbatekoa.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenen eragina alde batera, Lur Lautada XXI, S.A. Sozietate Publikoaren Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2014ko abenduaren 31n ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2014ko urterako 2 milioi euroren inbertsioak aurreikusten zituen, nagusiki diru-laguntza eta aktiboen salmenta bidez finantzatzeko, Bideragarritasun Planak finkatutako irizpidearen arabera. Salmentak ez ziren gauzatu eta jasotako diru-laguntzak aurreikusitakoaren gainean % 44koak izan ziren. Diru-sarreretan izandako desbideratze honek ez zuen inbertsioen programan zegokion doiketa eragin eta ondorioz, kapital eragiketetan 396.215 euroren defizita sortu zen; horixe da, hain zuzen ere, 2014ko abenduaren 31ko Geldikina negatiboa izatearen arrazoia.
– 2014ko ekitaldiko Kontu Orokorra 2015eko abenduaren 22ko Osoko bilkurak onartu zuen, legeak agintzen duen uztailaren 31rekiko atzerapenez (3/2004 FAren 63.4 artikulua).
– Udalak batera kontabilizatu zituen gastua baimendu, erabili eta agintzeko faseak (BEA) fakturak jaso eta onartzean. Exekuziorako udal arauak faseak aldi berean erregistratzea aurreikusten du zein kasutan meta daitezkeen zehaztu gabe (16.4 artikulua); honenbestez, komeni da aukera hau kopuru txikieneko erosketetara mugatzea, aurrekontuaren egikaritza hobeto kontrolatzearren. Honi dagokionez, esleitutako zerbitzuen kontzeptuan egikaritu gabeko gastu konpromisoak daudela ikusi dugu, 28.053 eurorenak, 2014ko abenduaren 31n.
– Udalak 2011 arte bere ibilgetua kontrolatzeko erregistro osagarri bat izan zuen 2011 arte, azken 3 urteko inbertsio eta mugimenduekin gaurkotu ez dena.
– Nahiz nekez kobragarri diren saldoetarako zuzkiduraren zenbatekoa egokia den, horiek kalkulatzean zerga saldoez gain, 5. eta 6. kapituluek eragindakoak eta aurrekontuz kanpoko eragiketenak hartu behar lirateke aintzat.
– Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintza Sozietatearekiko harremanei dagokienez, egiaztatu da Udalak ez dituela finantza ibilgetuan erregistratu lursailen ekarpen bidez gauzatutako kapital zabalkuntzak, 514.424 euroren zenbatekoan; nolanahi den ere, zalantza dago ibilgetu horren gauzatze-balioaren gainean. Gainera, sozietateak Udalari kobratu beharreko saldo bat dauka, Udalak aitortu beharko duena, sozietateari agindutako obra bati baitagokio.
III.2.– Sarrerak.
– Uraren eta estolderia tasen hiruhileko erroldak ez zituen horretarako eskumena zuen zerga atalak onartu eta ez ziren ALHAOn iragarki bidez jakinarazi (6/2005 FAren 97 eta 98 artikuluak, Arabako Zerga Orokorrari buruzkoa).
– Udalak premiamendu bidez zerga sarreren diru-bilketa egintza AFAri eskuordetua dauka, 1990eko ekainean izenpetutako hitzarmen bidez. Alabaina, Udalak ez dizkio Agentzia Exekutiboari 2012tik 2014ra bitarteko ekitaldietatik kobratzeke dituen ordainagiri eta likidazioak bidali. Ordaindu ez diren likidazio eta ordainagiriak kobratzeko kudeaketa-lanak lehenetsi behar dira. Horren harira, aparteko jarraipena egin behar zaio kobratzeko duen 152.547 euroren saldo nagusiari, 2011n iraungitakoa, Ekialdea-1 sektorean udal sozietatearen bitartez enpresa bati saldutako udal desjabetze eskubideetatik eratorritakoak.
– Udalak 2014an aurrekontuko diru-sarrera modura aitortu zuen baso aprobetxamenduen eta ontzi arinen salmentetan eragindako BEZa, 9.878 euroren zenbatekoan; horiek aurrekontuz kanpo erregistratu behar dira eta aitorpen fiskala egin.
III.3.– Langileria.
– Udalak 2014an 26.536 euroren produktibitate-osagarria ordaindu zien langile guztiei irizpide orokorrak aintzat hartuta. Ordainsari kontzeptu hau erabili behar litzateke funtzionario bakoitzak bere lanpostuari atxikitako egitekoak betetzean izandako errendimendu, interes edo ekimen berezia saritzeko (EFPLren 79. artikulua).
– LZk ez ditu bereizten berariazko osagarriak bi ataletan dituen kopuru ekonomikoak, orokorra eta dedikazio berezikoa (EFPLren 15. artikulua).
– 2014ko ekitaldiko aurrekontu plantilak langileen aurreikusitako urteko ordainsariak xehatzen ditu, oinarrizko ordainsariak eta osagarriak zati-banatu gabe (EFPLren 21. artikulua).
– Iraunkortasunez egitekoak betetzen ari diren lan kontratu mugagabeko 10 langileren kasuan, Udalak funtzionario lanpostuak hutsik utzi eta lan kontratupeko lanpostuak sortzea erabaki zuen, amortizatzekotzat jo zirenak. Komenigarriagoa litzateke LZk egiazko lanpostuak jasotzea, egungo bikoiztasuna saihestuz, lan kontratupeko langileek betetzen dituztelako hutsik ez daudela adieraziaz. Halaber, indarreko LZn 6 lanpostu hutsik daudela ikusi da, nahiz aurrekontuan zuzkituak ez dauden (EFPLren 14. artikulua); Lanpostu Zerrenda langile-beharrizan egiazkoetara egokitu behar da.
III.4.– Kontratazioa.
2013ko abenduan lizitazioak eta emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa jaso zen, bai zuzenean bai udal plataformarekiko lotura bidez (Merkatu-batasunaren Bermeari buruzko 20/2013 Legearen 3. Xedapen Gehigarria).
Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana sailkatzeko eskatutako jarraibideak ebatzi, 20/2012 LEDen 1. xedapen gehigarriak agintzen duen moduan. Honela, bada, aztertutako zerbitzu-kontratuetako lauren pleguek agintzen zuten aurreko kontratistaren langileria subrogatu behar zela; ordea, betekizun hau enpresa eta langileen arteko sektoreko hitzarmenetatik soilik erator daiteke.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 8 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Guztira 1,8 milioi euroan esleitutako lau kontratutan (2, 3, 4 eta 7 zk. espedienteak), behin betiko bermea gastu-urteko bat aintzat hartuta zehaztu zen, kontrataturiko guztia aintzat hartu beharrean (B1 akatsa).
– Kiroldegiak mantentzeko kontratua (2. espedientea) aleko prezioetan esleitu zen eta 701.743 euroren egikaritza izan zuen indarraldiko hiru urteetan; kontratu horren pleguak ez zuen aurreikusten bereiz balioztatzea balio-judizioa behar zuten irizpideak eta formula bidez ebaluatzen ziren haiek. Azken irizpide hauek % 50 baino gutxiago egiten zutenez gero, adituen batzorde bat baliatu behar zatekeen (SPKLren 134.2 artikulua). Horrezaz gain, pleguak ez zuen BEZa kontu-sail independente modura identifikatu (SPKLren 75. artikulua) eta horrek eragin zuen proposamenetako batek lizitazio tipoa gainditzea eta ondorioz, kanporatua izatea, okerreko BEZ mota aplikatu zuelako. Amaitzeko, 2014rako luzapena atzerapenez onartu zen (C akatsa).
– HAPOren Testu Bategina idazteko kontratuak (6. espedientea), 70.133 euroan esleitu zenak, zati batean egikaritzeko lehenengo epe bat ematen zuen, bete ez dena eta Udalak ez du dagokion luzapena onartu (SPKLTBren 213.2 artikulua) (C akatsa).
– Zerga ikuskaritzako jardueretan lankidetza kontratuak (8. espedientea), 510.000 euroan esleitutakoak, 2012an publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez 4 urtetarako esleitutako beste bat ordezten du. Azken honen gastu aurreikuspenak gainditu egin ziren eta Udalak kontratua aldez aurretik desegin eta 2014n deialdi berria egitea erabaki zuen, prozedura irekia baliatuta. 2012ko kontratuak indarrean egon zen hiru urteetan 247.557 euroren gastua eragin zuen eta horrek prozedura irekia baliatzea eskatuko zukeen (C akatsa).
Gainera, esleipen irizpideei dagokienez, eskainitako prezioak balioztatzean pleguek kontratuetarik 6tan proportzionaltasun sinpleko formula baliatzea aurreikusten zuten, faktore ekonomikoaren egiazko haztapena murrizten duen formula, alegia.
Azkenik, udal sozietateak hiri-hondakin solidoen bilketa pneumatikoko sistema eraikitzeko udal sozietateak izenpetutako kontratuan, Udalbatzak 2007ko maiatzaren 23an berretsi zuenean, prezioaren ordainketa geroratua egitea erabaki zen, nahiz finantzaketa formula honek urratu egiten zuen 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.2 artikulua, Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Testu Bategina. Gainera, kontratuan kanon modura izendatzen dira egin beharreko aldizkako ordainketak, KPIaren arabera berrikusten direnak eta unean uneko indarreko BEZarekin gehitzen direnak; honela, bada, 2008az geroztik, aipatutako kanona % 12,5 igo da. Egoera hau zuzentzeko aukerak aztertzea komeni da, finantzaketa hau mailegu arrunt bihurtuz. Honi dagokionez, 8/2012 FAk onartutako Bideragarritasun Planean halako mailegutzat jotzen da.
Erosketa txikien analisia.
Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean ikusi da 3 kontratistari 142.912 euroan egindako erosketak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu behar ziratekeela, haien kopurua aintzat hartuta.
III.5.– Diru-laguntzak.
– Udalerriko 16 kirol erakunde eta 4 kultur erakunderi guztira 78.666 euroren zenbatekoan emandako diru-laguntzak aurrekontuan izenez jaso ziren, diru-laguntzak lehiaketa-prozesu batean banatu beharrean, udal arautegiak (7.1 artikulua) eta diru-laguntzen araudiak (DLOaren 22.1 artikulua) aurreikusitako moduan.
– Kirol erakunde nagusiari diru-laguntza ematea arautzen duen hitzarmenak federazio eta arbitrajeko egiazko gastuak barne hartzen ditu eta gainera, 4.260 euro ordaintzen ditu, jokalari bakoitzari kopuru jakin bat ematearen ondorioz; ordea, araudiak (DLOaren 31. artikulua) diruz lagundutako jardueraren egiazko kostua egiaztatzea eskatzen du.
– Arabako Lautadako Kuadrillak laguntza ematen die udal zerbitzuei hainbat alorretan eta eskualdeko udalen artean zati-banatzen dira kostuak biztanle kopuruaren arabera, ez Kuadrillako Estatutuetan ez dagokion hitzarmen edo mandatuan jaso gabeko irizpideen arabera; honen aurrean, komenigarria da Udalak eskualdeko erakundearekiko harremanak arautzea.
III.6.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Fiskalizazio-gai izan den ekitaldian, udalaren artekaritzak ez ditu nahitaezko diren merkataritzako eragiketen ordainketa epeei buruzko hiruhileko txostenak mamitu, AFAri igorri behar zaizkionak U15/2010 Legearen 4.3 artikulua). Aztertutako 8 kontratazio espedienteetan 89.110 euroren ordainketak egin direla ikusi da (aztertutako guztiaren gainean % 3,5); ordainketa horiek legezko 60 eguneko epea batez beste 18 egunetan gainditzen dute.
– Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintzako Sozietateari dagokionez, 2014ko ekitaldiko Urteko Kontuen Oroitidazkian jakinarazi da ekitaldi horretan hornitzaileei egindako ordainketen zenbatekoak guztira eta ordaintzeko dagoen saldoaren zenbatekoak 15/2010 Legean finkatutako epeak betetzen dituztela.
– Udalak 2002an larru-zurraketa lantegiaren sektorea birpartzelatzea onartu zuen eta jabeetako batek aurreikusitako 72 etxebizitzatatik 20 eraiki zituen eta sektorea partzialki urbanizatu, nahiz aurreikusitako jardun-moldea kooperazioa den. Sektorearen gainerako zatia ez da garatu oraintsu arte lantegi bat lanean aritu delako, judizio errekurtso bat zegoelako eta orokorrean egoera ekonomikoa zaila delako. Sektorearen garapenean sor daitezkeen atzeraldiek birpartzelazioaren jatorrizko izen-emateen egiazko bermeak iraungitzea eragin dezakete (HLEEaren 20. artikulua). Gainera, litekeena da urbanizazio zamen hasierako balioespena behar bestekoa ez izatea kutsatutako lurzoruen garbiketa kostuen ondorioz, zeinaren jabea likidazio prozesuan sartua baitago.
– Sozietateak dituen artxiboak ez dira behar adinakoak 2011 baino lehenago egikaritutako mandatuen egoeraren gainean ondoriorik ateratzeko. Komenigarria litzateke aztertzea ea udal mandatuetatik eratorritako eskubide eta obligazio kitatu gabeak existitzen diren eta Sozietateak jarraitzea merezi duen, izan ere, 2014an izan zuen jarduera guztia aurrez agindutako obra bat osatzea izan zen, Udalak 67.653 euro eman zituela, eta urte horretan abiarazitako zerga ikuskaritza artatzea, zeinak 2009tik 2012ra bitarteko urteetako sozietateen gaineko zergaren kuota osagarriak ordaintzeko agindu zuen, 183.489 euroren zenbatekoan.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua eta indarreko Bideragarritasun Plana.
Sarrera arruntak: Aztertutako aldian % 7 gehitu dira eta gora egin dute 2013an; honenbestez hobetu egin dira bai zerga sarrerak, bai transferentziak ere:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: Aztertutako aldian izan duen igoaldia, nagusiki, zerga ikuskaritzen ondorio dira, nahiz zerga eta tasen tarifek ere gora egin zuten, baina eragin txikiagoarekin. Honela, bada, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ikuskaritzek 2013an eta 2014an, hurrenez hurren, 120.531 eta 72.873 euroren diru-sarrerak eragin zituzten, diru-bilketa oinarrietan igoera eragiteaz gain. Ikuskaritza lanek ere udal tasetan izan zuten eragina, egoera jakin batean 2013 eta 2014ko ekitaldietan, hurrenez hurren, 134.950 eta 67.475 euroren diru-sarrerak eragin zituztela. Kontrara, Eraikuntzen gaineko Zergak hirurtekoaren hasierako urteko sarrera maila txikiari eutsi dio.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak Atal honen osagai nagusia, FOFEL -Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa-, aparteko diru-sarrerek eragin dute Estatuko laguntzen diru-bilketagatik eta 34/2013 FAren aparteko foru ekarpenagatik, 2013 eta 2014an, hurrenez hurren, 446.250 eta 186.500 euroren diru-sarrerak eragin dituztenak.
Funtzionamendu gastuak: % 11 egin dute gora aztertutako aldian; izan ere gehitu egin dira langile eta erosketa gastuak eta transferentziek (Kuadrilla) eta diru-laguntzek, berriz, bere horretan eutsi diote:
– Langile gastuak: 2012ko ekitaldian ez zen abenduko aparteko ordainsaria ordaindu, 63.763 euroren zenbatekoan, 20/2012 LED betez, eta 2014an zerbitzu kontratu bateko enplegatuari ordaindutako gastua barne hartu zen, 60.934 euroren zenbatekoan. Bi gertakari zehatz hauek aintzat hartu gabe, 2014ko gastua % 2,9 txikiagoa da.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: Aztertutako aldian gastua igo izanaren arrazoia, nagusiki, zerga ikuskaritzako gaietan kolaborazio zerbitzuen esleipendun izan zen enpresak fakturatutako gastuari zor zaio, 2013 eta 2014ko ekitaldietan, hurrenez hurren, 94.585 eta 142.515 eurorena izan dena.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: Diru-sarreretan eta funtzionamendu gastuetan aipatutako bariazioek aurrezki gordina zertxobait jaistea eragin dute (% 6); alabaina, unean uneko sarrera eta gastuak kenduz gero (ikuskaritza, aparteko soldata eta FOFELen aparteko ekarpenak) murrizketa % 16koa da.
Aurrezki garbiak beheraldi handia jasan du, indarreko Bideragarritasun Plana 2012an onartu zenean kontrataturiko maileguek eragindako finantza zamak gora egin izanaren ondorioz. 2014an sortutako aurrezki garbia positiboa da, baina unean uneko eragiketak kendu eta finantza zamaren baitan zor ez finantzarioaren ordainketak barne hartuz gero, zeinaren amortizazioa inbertsio modura erregistratzen den, 220.855 euroren aurrezki garbi negatiboa eskuratu da, hau da, eragiketa arruntak ez ziren behar hainbatekoak izan 2014an udal zorraren beharrizanei aurre egiteko.
Zorpetzea: Hirurtekoaren hasieran, 2012ko urtarrilaren 1ean, zorpetzea 6,8 milioi eurorena zen, zaborrak biltzeko sistema pneumatikoa barne hartuta; zorpetze hori % 28 hazi zen 2012an eta 2014an Bideragarritasun Planak baimendutako mailegu berriak kontratatzearekin, guztira 3,4 milioi euroren zenbatekoan; horrek, udal zorra 2014ko abenduaren 31n sarrera arrunten gainean % 149koa izatea eragin zuen.
Inbertsioetan erregistraturiko zor ez finantzarioaren urteko 134.743 euroan barne hartuta, sarrera arrunten % 18koa da; kopuru horrek egonkor eutsiko dio maileguak kitatzen hasi arte, 2024 edo 2025ean, nola eta ez diren egungo mailegu kontratuak birfinantzatzen edo ordezten.
Kapital eragiketen emaitza: Lehenengo urteak erakusten duen defizit handia aurreko ekitaldietako inbertsioak aitortzeak eragin du. Hurrengo bi urteetan sortutako aurrezki garbia baino emaitza negatibo handiagoak izan dira.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: Lehenengo urteko desoreka ondorengo bi urteetan zuzendu da.
Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina Hasierako 3,7 milioi euroren desoreka larria 2012an eta 2014an zorpetzera jota bideratu zen, 3,4 milioi euroan; ordea, aldagai honek balio negatiboak erakusten ditu.
Ondorioa: Hirurtekoan zehar ohikoak ez diren diru-sarrerak izan dira eta horrek eragiketa arruntetan aurrezki mugatua izatea bideratu du, nahiz ez den behar hainbatekoa izan 2013 eta 2014an kapitalezko eragiketetako desoreka finantzatzeko. Udal zor handiaren amortizazio eta interesek datozen urteetan sarrera arrunten ehuneko handi bat xurgatuko dute eta horregatik, premiazkoa da sortutako aurrezkiaren ehunekoa areagotzea.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Artekaritzak 2014ko Aurrekontuaren Likidazioari buruzko txostena jaulki zuen aurrekontuaren egonkortasun, zor publiko eta gastu arauari buruzko helburuak betetzeari zegokionez, Kontuen Europako Sistemaren arauei jarraiki, eta honako ondorio hauek eskuratu zituen:
– Aurrekontuaren egonkortasun helburua bete dela, ekitaldian 459.557 milioi euroren superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete dela, 2014 eta 2013ko ekitaldietako aurrekontu likidazioen artean zenbagarria den gastuak behera egin izanaren ondorioz.
– Ez da zor publikoaren helburua bete, izan ere, indarreko zorra 2014ko abenduaren 31n ekitaldiko sarrera arrunten gainean % 149koa izan da, % 110eko muga baino handiagoa (ALHren 2014rako aurrekontuaren egikaritzari buruzko 40/2013 FAren 6. xedapen gehigarria). Aurrekontu eta Finantzaren Bideragarritasun Planak aurreko ehunekoa 2017an lortzea aurreikusten du, 2020ko ekitaldia baino lehenago, horixe baita indarreko araudiaren arabera, eskuratzeko azken epea.
Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintzako Sozietateari dagokionez, sozietate ez finantzario modura sailkatua dagoena, ez zen egonkortasun helburuak bete izanari buruzko nahitaezko txostena bete (1463/2007 EDren 16.2 artikulua). Erakundearen 2014ko galera eta irabazien kontuak emaitza positiboak erakusten zituen, baina fiskalizazioan azaleratutako doiketek emaitza horien zeinua aldatuko lukete.
2012-2016 Bideragarritasun Plana (8/2012 FA): Onartutako Planak sarrera, gastu eta udal zorraren gaineko aurreikuspenak jasotzen ditu eta 2012rako aurreikusitako 3,7 milioi euroren gainetik zor osagarririk ez hartzea debekatzen du; horrez gain, Udala aurrekontuko defizitean diren desbideratzeak zuzentzera derrigortzen du (Planaren 7. atala), kontrolatu beharreko aldagai zehatza zehaztu gabe. 2014ko ekitaldiari dagokionez Udal artekaritzak eta Aldundiak egindako seihileko txostenek zenbait desbideratze azaleratu dituzte eta azpimarratzekoak dira eragiketa arruntetan aurrezki maila txikiagoa izan dela eta egindako inbertsioak diru-laguntza eta aurrezki garbi bitartez finantzatzeko aurreikuspena ez dela bete (Planaren 10. atala). Bi egitate horiek Geldikin negatiboa izatea eragin dute eta horren ondorioz, 2016ko ekitaldirako aurrekontua superabit bidez onartzea behartu dute (3/2004 FAren 49.4 artikulua).
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Lur Lautada XXI, S.A. Hirigintza Sozietatea.
Ondare garbian aldaketen egoera
ALEGAZIOAK, AGURAINGO UDALAREN 2014-KO FISKALIZAZIO TXOSTENAREN ONDORIOEI ALKATE OHIAK JARRITAKOAK
Idazpuruari jarritako alegazioa: III.2.– Sarrerak.
Bigarren paragrafoak, hitzez hitz, zera dio: «Udalak premiamendu bidezko zerga sarreren diru-bilketa AFAri eskuordetua dauka, 1990eko ekainean izenpetutako hitzarmen bidez. Alabaina, Udalak ez dizkio Agentzia Exekutiboari 2012tik 2014ra bitarteko ekitaldietatik kobratzeke dituen ordainagiri eta likidazioak bidali. Ordaindu ez diren likidazio eta ordainagiriak kobratzeko kudeaketa-lanak lehenetsi behar dira. Horren harira, aparteko jarraipena egin behar zaio kobratzeko duen 152.547 euroren saldo nagusiari, 2011n iraungitakoa, Ekialdea-1 sektorean udal sozietatearen bitartez enpresa bati saldutako udal desjabetze eskubideetatik eratorritakoak».
Fiskalizazio lana egin duen lantaldeak eta Aguraingo Udaleko diru-bilketaren arduradun den taldeak auzi honi buruz izandako elkarrizketaren berri izan dudalarik, eta gogoan hartuta AFA dela arduradun bakarra, Udala behin eta berriz ahalegindu baitzen epe horretako ordainagiri eta likidazio ordaingabeak premiamendu bidez kobratzen, ESKATZEN DUT jakinaraz dezatela zeintzuk diren egiazko arrazoiak Udalak 2012tik 2014ra bitarteko ekitaldietako ordainagiri eta likidazio ordaingabeak Agentzia Exekutiboari ez bidaltzeko.