EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016040

AGINDUA, 2016ko azaroaren 22koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Colegio Oficial de Graduados en Ingeniería de la Rama Industrial, Ingenieros Técnicos Industriales y Peritos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-11-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201701036
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Colegio Oficial de Graduados en Ingeniería de la Rama Industrial, Ingenieros Técnicos Industriales y Peritos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.
EGITATEZKO AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean Colegio Oficial de Graduados en Ingeniería de la Rama Industrial, Ingenieros Técnicos Industriales y Peritos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren izena aldatzeko eta estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseiluaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, Dekretu bidez onartu zen lehen Colegio Oficial de Peritos e Ingenieros Técnicos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargo Ofiziala zenaren izena aldatzea eta horren ordez Colegio Oficial de Graduados en Ingeniería de la Rama Industrial, Ingenieros Técnicos Industriales y Peritos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofiziala jartzea. 2016ko ekainaren 10eko idazki baten bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak Elkargoari estatutuen aldaketa agindu bidez onartzeko ikusi ziren akatsak konpontzeko eskatu zion. 2016ko azaroaren 3an Herri Administrazio eta Justizia Sailean Elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.
Hirugarrena.– Espedientea Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik eragin gabe.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38.eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.
Oinarria: Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Colegio Oficial de Graduados en Ingeniería de la Rama Industrial, Ingenieros Técnicos Industriales y Peritos Industriales de Gipuzkoa – Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen, Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 22.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
GIPUZKOAKO INDUSTRIA INGENIARITZAKO GRADUDUNEN ETA INGENIARI TEKNIKO INDUSTRIALEN ETA PERITU INDUSTRIALEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
ZIOEN AZALPENA
Estatutuen aldaketa honen xedearen oinarrian dago Zerbitzu Profesionalen erregulazioa eta Elkargo Profesionalen Legea aldatzen dituen legeria batera egokitzeko beharra –zehazki, 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzkoa; eta zenbait lege aldatzen dituen 25/2009 Legea, abenduaren 22koa, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko Legera egokitzeko–. Halaber, xedearen oinarrian ere dago Europako Unibertsitate Eremuan sortutako unibertsitateko titulazio berrien gaur egungo errealitatera egokitzeko beharra.
LEHEN TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
ELKARGOA ETA ELKARGOKIDEAK
1. artikulua.– Elkargoa.
1.1.– Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofiziala Legeak babestutako eta Estatuak aitortutako Zuzenbide Publikoko Korporazio bat da –lanbidea ordezkatzen du–; berezko nortasun juridikoa du eta bere helburuak betetzen jarduteko erabateko gaitasuna dauka. Bere helburu nagusia elkargokideen interes profesionalak eta lanbidea ordezkatzea eta babestea da, gizartearen behar orokorrekin bat etorrita.
1.2.– Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialak honakoak izango ditu araubide: estatutu hauek, etorkizunean sor daitezkeen araudiak eta, oro har, indarrean dauden legezko xedapenak.
1.3 Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren esparrua Gipuzkoako Lurralde Historikora mugatzen da.
1.4 Elkargoaren helbide soziala hau da: Zurriola hiribidea 14, etxabea, 20002 Donostia (Gipuzkoa). Batzar Orokorrak hala erabakiz gero, helbide hori aldatu ahal izango da. Nolanahi ere, Gobernu Batzordeak bidezko iritzitako ordezkaritzak sortu ahal izango ditu.
2. artikulua.– Elkargokideak.
2.1 Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren barne sartuko dira Industria Ingeniaritzako Gradudun, Ingeniari Tekniko Industrial eta Peritu Industrial guztiak, Industria Ingeniaritzarenak diren irakaskuntza teknikoaren esparruetan; baldin eta guztiek estatu osorako balioa duen titulu ofiziala badute, eta titulu horiek Estatuak eman, homologatu edo aitortu baditu, eta Estatutu hauek eskatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte. Halaber, Elkargo honen barne derrigorrez sartuta egongo dira lanbide honetan dihardutenak eta profesionalki Elkargoak barne hartzen duen lurraldearen esparruan daudenak. Elkargoko kide egiteko obligazioa Errege Dekretu batean jasotzen da. Hortaz, bere indarraldia iragankorra izango da eta Omnibus Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzearen mende geratuko da.
Elkargoak hauek osatuko dituzte: Industria Ingeniaritzako gradudunek, adar bereko Ingeniari Tekniko titulua dutenek –azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren aurreko ikasketa-planen arabera edo urriaren 26ko 1462/1990 eta azaroaren 20ko 1402/1992, 1403/1992, 1404/1992, 1405/1992 eta 1406/1992 Errege Dekretuen arabera– eta Industria Perituek; baldin eta Estatuak aitortutako titulu ofiziala badute, hau eskatu badute eta Estatutu hauetan eskatutako gainerako baldintzak betetzen badituzte. Bertan ere sartuta egongo dira Industriako Ingeniari Tekniko gisa lan egitea ahalbidetzeko balioko dieten unibertsitateko beste titulazio ofizial batzuk dituztenak.
2.2 Martxoaren 15eko 2/2007 Legean aurreikusitakoaren babesean eratzen diren sozietate profesionalak Elkargoan sartuko dira, 2008ko martxoaren 5eko Ezohiko Batzar Orokorrean hartutako Erabaki bidez sortutako Erregistro espezifikoan izena eman ondoren.
Izena ematen duten sozietateak aipatutako 2/2007 Legean ezarritakoaren, eta Erregistroa sortzeko Batzar Orokorrak hartutako akordioaren arabera arautuko dira. Bere araubide deontologikoari, diziplinazko araubideari, eta bateraezintasuneko eta gaitasungabetzeko araubideei dagokienean, aurrekoaz gain, Estatutu hauetan eta jarduera profesionala erregulatzen duten gainerako arauetan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.
II. KAPITULUA
SARTZEKO ESKAERAK
3. artikulua.– Sartzeko eskaerak.
Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialean sartzeko eskatzen duen orok kasurako Elkargoaren bulegoetan emango zaion formularioa bete beharko du. Horretaz gain, eskatzen zaion dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko du.
Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen beste Elkargo baten kide izanez gero, elkargo horrek emandako egiaztagiria bidali beharko da eske-idazkiarekin batera, jardunean dagoela adierazten duena eta jardutea galarazten duen ezezko oharrik norbere espedientean ez duena. Horretaz gain, elkargokideei ezarritako kuotak eta zamak ordaindu dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialak, Estatuko beste Elkargo batean jada sartuta dauden –hauxe izango da helbide profesional bakarra edo nagusia– Industria Ingeniaritzako Gradudunei eta Ingeniari Tekniko Industrialei eta Peritu Industrialei ez die Gipuzkoako Elkargoan sartzeko edo Gipuzkoako Lurralde Historikoan euren lana egiteko gaikuntzarik eskatuko. Halaber, elkargokideak onuradun izango diren eta elkargoaren kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuak eskaintzen zaielako, Elkargoak bere elkargokideei eskatzen dizkien ordainak bakarrik ordaintzeko eskatuko diete beste lurraldeetako elkargokide horiei.
4. artikulua.– Elkargokide izateko betekizunak.
Elkargoan sartzeko, tituludun jarduera profesionalean aritzeari buruz Legean ezarritako baldintzak bete beharko ditu interesdunak, hau da:
a) Indarreko legeriaren arabera, dagokion titulua edukitzea.
b) Lanerako gaitasungabetuta ez egotea.
c) Legeetan zehaztutako bateraezintasun edo debekuen pean ez izatea.
5. artikulua.– Beste betekizun batzuk.
Aurreko eskakizunez gain, interesdunak honako baldintza hauek bete beharko ditu elkargokide izateko:
1.– Dagokion lanbidean aritzeko gaitasungabetze berezia dakarren epai-zigorra betetzen ez egotea, salbu eta legez emandako indultu edo birgaitzea akreditatzen badu.
2.– Beste elkargo batetik egotzi ez izana, salbu eta berariaz birgaitu ez badute.
3.– Beste elkargo batek edo autonomia-erkidegoren bateko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokor batek edo Estatuko Kontseiluak jarritako diziplina-zigorraren ondorioz bere lanbidean aritzeko zigortuta edo gaitasungabetuta ez egotea.
4.– Beste Elkargo batetik etorriz gero, Estatutu hauetako 3. artikuluko bigarren paragrafoan adierazitako kuotak eta kargak ordaindu izana behar bezala justifikatzea.
6. artikulua.– Sarrera-eskaera ebaztea. Helegiteak.
Sartzeko eskaera aurkeztu ondoren, interesdunari, berehala, Elkargoaren behin-behineko txartela emango zaio.
Eskaera hori Elkargoaren Idazkaritzan bideratuko da. Dokumentu ofizialak eta eskatutako datuak egiaztatu ondoren, Dekanoaren ikus onetsiarekin, idazkariak interesduna elkargoko kide dela adierazten duen ziurtagiria luzatuko du, eta Espainiako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusira igorriko du.
Ziurtagiria gehienez astebeteko epean emango zaio.
Sartzeko eskabidea ukatu edo eten egiten badu, dagokion ondoriotarako jakinaraziko dio Elkargoko Idazkaritzak interesatuari.
Elkargoan sartzeko eskabideari ezezkoa emateko erabakia gehienez ere zazpi (7) egun balioduneko epean jakinaraziko zaio interesatuari, erabakia hartzen denetik kontatzen hasita. Eskatzaileak erabaki horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, Elkargoko dekanoaren aurrean, hilabeteko epean. Dekanoak helegitea aurkezten denetik hamabost eguneko epean hartu eta jakinarazi beharko du helegitearen gaineko ebazpena. Erabaki horrekin administrazio bidea amaituko da eta, ondorioz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera izango du interesdunak, jurisdikzio horretarako arauei eutsiz betiere.
7. artikulua.– Elkargotik ateratzea.
Hona zein kasutan utziko zaion elkargokide izateari:
a) Interesdunak hala eskatzen duenean edo lanbide hori uzten duenean. Horrela gertatuz gero, aldez aurretik eta idatziz jakinarazi beharko dio Elkargoko Idazkaritzari.
b) Kuota behin eta berriz ordaintzen ez badu: elkargokideak ohiko edo ezohiko kuota ordaindu ez badu, baldin eta hiru aldiz, bata bestearen ostean, ordaintzeko eskatu bazaio.
Horrelakoetan, elkargokideak kuota bat ordaindu ez badu eta, bere helbidera edo Elkargoan duen helbidera igorritako gutun ziurtatu baten bidez edo beste bide frogagarri baten bidez, ordaintzeko eskatu bazaio, hamabost egun balioduneko epea izango du ordainketa egiteko. Ordaintzen ez badu berandutza-aldian egongo da eta kuota hori berriz ere bi aldiz ordaintzeko eskatzen bazaio eta ordaintzen ez badu, elkargokidea Elkargotik kanpo geratuko da.
Elkargoko Idazkaritzak, elkargokideak hala eskatzen badu, kuota ez ordaintzeko edo geroago egiteko baimena eman ahal izango du, elkargokidea egoera berezian eta iragankorrean dagoenean.
c) Lanbidean jarduteko eskakizunak betetzen ez baditu. Horrelakoetan, lanbidean jardutea galarazten dion egintza gertatzen denetik geratuko da Elkargotik kanpo.
d) Justifikatutako arrazoi batengatik, Estatutu hauen hirugarren tituluan ezarritako Elkargoaren Zigor Araubideari jarraituz.
8. artikulua.– Elkargokidearen egiaztagiria.
Elkargokideek edozein unetan eskatu ahal izango diote Elkargoko idazkariari bertako kide direla egiaztatzen duen agiria.
Aurreko aukera hori gorabehera, Elkargo honetan kide moduan lehenengo aldiz sartzen diren Industria Ingeniaritzako Gradudun eta Ingeniari Tekniko Industrial eta Peritu Industrial guztiek elkargokidearen txartela jasoko dute, dagokien hurrenkera zenbakiarekin, betiere finkatutako eskubideak ordaindu ostean.
III. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINKIZUNAK
9. artikulua.– Elkargoaren eginkizunak.
Honakoak dira Elkargoaren eginkizunak:
a) Etika profesionala eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideei eta interesei zor zaien errespetua zaintzea.
b) Lanbidearen jarduna antolatzea, betiere bere lurralde-eremuaren eta ezarritako lege-esparruaren barruan.
c) Lanbidearen jarduna legezkoa eta egokia dela eta elkargokideek beren eginbeharrak betetzen dituztela zaintzea.
d) Diziplina-ahalmenaz baliatzea estatutu hauen hirugarren tituluan aurreikusitako moduan.
e) Elkargokideei laguntza ematea lansariak jasotzeko eginbideetan, betiere beren borondatez eta berariaz hala eskatu badute.
f) Laneko ordainsariei buruzko alderdiak eztabaidatzen diren prozesu judizialetan eta administrazio-prozeduretan eska daitezkeen txostenak egitea.
g) Besteen kontura lan egiten duten Industria Ingeniaritzako Gradudun eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen lansarien egokitasuna zaintzea. Horretarako harremanetan egongo dira hitzarmen kolektiboetako negoziatzaileekin eta hitzarmenetan eragina duten garapen-arauekin.
h) Elkargokideei zerbitzu komunak ematea, bai estatutuetan jasotakoak bai geroago erabaki daitezenak ere; eta, bereziki,
i) Prestakuntza-erakunde den aldetik, etengabeko lanbide-prestakuntza sustatzea eta eraginkorra izateko bideak jartzea. Halaber, gizarte-, kultura-, zientzia-, teknika- eta praktika- edo prestakuntza-jarduerak antolatu eta burutzea.
j) Industria Ingeniaritzako Gradudunek eta Ingeniari Tekniko Industrialek eta Peritu Industrialek bete, egin edo garatu beharreko lanpostuei eta lanei buruzko informazio-zerbitzu bizi eta eraginkorra ematea Elkargoaren lurralde-eremuaren barruan, modu horretara, lanpostuen betetze-maila egokia lortzeko, lanbide-eginkizuna eraginkorragoa izateko, eta industria-etekina handiagoa lortzeko.
k) Arbitraje bidez edo bitartekari-lanak eginez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-gatazketan parte hartzea, baita elkargokideek hirugarrenekin dituzten gatazketan ere, baldin eta aldeek adostasunez hala eskatzen badute.
I) Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea, ziurtatzea edo erregistratzea, estatutu hauetako 46. artikuluan ezarritakoa betez.
m) Herri Administrazioarekin lankidetzan jardutea interes komunak lortzeko. Eta bereziki:
m.1. Administrazio-organoetan esku hartzea, organo horien arauek hala aurreikusten dutenean; eta arau horietan ezarritako moduan.
m.2. Eskumena duten organo edo enteek eskatzen dizkioten edo, lanbidearen zerbitzu propioak izan gabe, bere ekimenez lantzen dituen txostenak ematea.
m.3. Eskatutako estatistikak osatu eta aurkeztea dagokion tokian.
m.4. Estatuari, Autonomia Erkidegoari, toki-erakundeei eta udalei bere aginpideko gaiei buruzko aholkularitza ematea.
n) Intrusismo profesionala eta bidegabeko lehia galarazteko neurriak hartzea (Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legeak zehaztutako kasuetan).
ñ) Aurrekontuak onartzea eta elkargokideek egin beharreko ekarpenak arautzea.
o) Gai espezifikoei buruz jakitea eskatzen duen edonolako erakunde edo epaitegitarako ordezkariak izendatzea.
p) Elkargokideen asmoak batzea eta bideratzea. Horretarako, baldin eta gai bat elkargoari ez badagokio edo bere lurralde esparrukoa ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluaren eta, hala badagokio, Espainiako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bitartez arituko da Elkargo hau, bere kabuz edo beste elkargoekin batera, honakoak burutu ahal izateko: bere aginpideak hobetzearekin edo aginpideak egotearekin berarekin eta Industria Ingeniaritzako Gradudunek eta Ingeniari Tekniko Industrialek eta Peritu Industrialek bai elkargo ofizialetan bai elkargo partikularretan ematen dituzten edo eman ditzaketen zerbitzuak antolatzen dituzten arauekin zerikusia duten iradokizunak helarazi ahal izango dizkiete dagokien organo ofizialei. Iradokizun horiek beren berariazko egitekoekin bat etorri beharko dute bai eta industriak kasu bakoitzean duen eskakizun, behar eta gaitasunekin ere.
q) Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Kontseiluetako kide gisa kontseilu horietako estatutuetan aitortzen zaizkien funtzioak betetzea.
r) Lanbidearen interesetarako onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako funtzioak betetzea.
s) Leihatila Bakarra sortzea. Elkargoak web-orri bat zabalik edukiko du, zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarraren bitartez, profesionalek elkargoko kide egiteko, gauzatzeko eta Elkargoan baja emateko behar diren izapide guztiak egin ditzaten, Puntu bakar baten bitartez, modu elektronikoan eta urrutitik. Zehazki, behar den guztia egingo dute, leihatila bakar honen bitartez, profesionalek ondoren aipatuko ditugun gauzak doan eskura ditzaten:
1) jarduera profesionalean sartzeko eta bertan aritzeko behar diren informazio eta formulario guztiak eskuratzeko.
2) beharrezko dokumentazio eta eskaera guztiak –elkargokidetzarena barne– aurkezteko.
3) interesatutzat hartzen duten prozeduren izapide-egoera ezagutzeko, eta derrigorrezko izapide-egintzei dagokien jakinarazpena eta haien ebazpena jasotzeko, baita diziplina-espedienteen jakinarazpena ere –beste bitarteko baten bidez jakinarazi ezin denean–.
4) estatutu-bileren deialdiak ezagutzeko.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak modurik egokienean babesteko, leihatila bakar horren bitartez ondorengo informazioa –argia, garbia eta doakoa– eskainiko da:
1) elkargokideen erregistrorako sarrera. Erregistroa etengabe eguneratuko da eta, bertan, honako datu hauek bilduko dira gutxienez: elkargokide profesionalen izena eta abizenak, elkargoko kide zenbakia, lortu dituen titulu ofizialak, helbide profesionala eta gaitasun profesionaleko egoera.
2) sozietate profesionalen erregistrorako sarrera. Bertan, sozietate profesionalen martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan deskribatutako edukia jasoko da.
3) kontsumitzailearen edo erabiltzailearen eta elkargokide edo elkargo profesional baten artean gatazka sortuz gero, jarri ahal izango diren erreklamazio-bideak eta helegiteak.
4) zerbitzu profesionalen hartzaileek laguntza jasotzeko erabil ditzaketen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen edo erakundeen datuak.
5) kode deontologikoen edukia.
Helburu horrekin, artikulu honetan aurreikusitakoa betetzeko behar diren neurriak hartuko dira. Hori hala izateko, teknologia egokiak erabiliko dira, eta sistema diferenteen arteko eraginkortasuna eta pertsona desgaituen irisgarritasuna bermatuko duten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko dituzte. Hortaz, beharrezko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarriko dira martxan, baita beste lanbide batzuetako korporazioekin ere.
t) Kexen eta erreklamazioen zerbitzu bat sortzea eta mantentzea. Elkargoak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek izapidetu eta ebatziko ditu elkargokideen lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaileek edo erabiltzaileek elkargoaren edo elkargokideen jarduna dela-eta aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta antolakundeek beren ordez edo beren interesen alde aurkeztutakoak ere.
Kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bidez, elkargoak ebatziko du kexa edo erreklamazioa: bai gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemari buruzko informazioa emanez, bai espedientea elkargoaren organo eskudunetara bidaliz haiek dagokion informazio- edo zehapen-espedientea abiarazi dezaten, bai espedientea artxibatuz, bai bere eskumeneko beste edozein erabaki hartuz, zuzenbidearen arabera betiere.
Zerbitzu horren araubidean aurreikusi beharko da kexak eta erreklamazioak mezu elektroniko bidez eta urrutitik aurkez daitezkeela.
u) Indarreko legeriaren bidez esleituko zaizkion beste funtzio batzuk gauzatzea.
10. artikulua.– Eskuordetutako Administrazio Eginkizunak.
Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialak, aurreko artikuluan zehaztutako eginkizunez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Foru eta Toki Administrazio Publikoaren eginkizunak bete ahal izango ditu, elkarren arteko akordio edo hitzarmen bidez hala ebazten denean.
11. artikulua.– Batzordeak eratzea.
Batzordeak osatu ahal izango dira aurreko artikuluetan finkatutako helburuak lortzeko. Erabili beharreko gaietan edo materietan adituak diren elkargokideek osatuko dituzte batzorde horiek eta Elkargoko Gobernu Batzordeko kide bat arituko da batzordeburu.
IV. KAPITULUA
ELKARGOAREN ARAUBIDE ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK
12. artikulua.– Ohiko baliabideak.
Honakoak dira Elkargoaren ohiko baliabide ekonomikoak:
1.– Elkargoaren kapitala edo ondarea osatzen duten ondasunen eta ondare-eskubideen emaitzak, errentak, interesak eta edonolako baloreak.
2.– Elkargoak zehaztutako aldizkako ohiko kuota.
3.– Elkargoko kide izateko Elkargoak ezar lezakeen kuota.
4.– Alde batek eskatuta edo administrazioak bere kabuz Elkargoari eskatutako aditu-txostenak edo -irizpenak egiteagatik sortutako eskubideak. Elkargoko Gobernu Batzordeak kasuan kasu eta zuhurtziaz finkatuko ditu zerbitzu horien lansariak. Eskubide horiek ezin izango dira sortu, inola ere ez, Elkargoak lanbidearen berezko zerbitzuak ematearen ondorioz.
5.– Elkargoak lan profesionalak ikus-onesteko eskubideagatik finkatutako ehunekoa.
6.– Elkargoak gauzatutako argitalpenen, antolatutako ikastaroetako matrikulen edo berak eskuartutako ikastaroen ondoriozko etekinak.
7.– Edozer egiaztagiri emateagatik edo Elkargoak parte hartzeagatik Gobernu Batzordeak ezarritako eskubideak.
Eskubide horiek ezin izango dira sortu, inola ere ez, Elkargoak lanbidearen berezko zerbitzuak ematearen ondorioz.
13. artikulua.– Ezohiko baliabideak.
Hauek dira Elkargoaren ezohiko baliabide ekonomikoak:
1.– Estatuak, Autonomia Administrazioek, Foru edo Toki Administrazioek edo edozein organismo, erakunde, enpresa edo korporaziok, eta partikularrek «inter vivos» edo «mortis causa» emandako diru-laguntzak, dohaintzak eta zesioak.
2.– Liberalitate edo kostubidezko edozein titulurengatik Elkargoko kapitalaren barruan dauden eskubideak, ondasun higikor zein higiezinak.
3.– Elkargoaren ondasunak saltzearen emaitza.
4.– Elkargoak hala behar denetan jarritako ezohiko kuotak.
5.– Elkargoak egindako eta lehen aipatu ez den beste kontzeptu edo zerbitzuren truke jaso ditzakeen diru-zenbatekoak.
14. artikulua.– Ondasun eta balio higiezinak.
Gobernu Batzordeak onartu beharko du ondasun edo balio higiezinak erostea edo saltzea, eta Ezohiko Batzar Orokorrak berretsi beharko du erabakia.
V. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
15. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
a) Elkargokide orok jardun ahal izango dute profesionalki elkargo honen edo beste elkargo baten lurralde-esparruan; eta horretarako, ez du beste elkargo batean altarik hartu behar, betiere indarrean dauden legeen eta lanbide-elkargoen eta -kontseiluen artean dauden hitzarmenen arabera.
b) Elkargoaren ondasun erkideak erabili ahal izango dituzte, betiere ondasun horien erabilera eta funtzionamendua arautzen duten arauak eta gainerako elkargokideen eskubideak errespetatuz.
c) Elkargoak eman ditzakeen argibide eta zerbitzuak bertatik jaso ahal izango dituzte: lege, zerga eta lanari buruzko aholkularitza, lan poltsa, etengabeko heziketa eta abar.
d) Estatutu hauetan aurreikusitako eztabaida eta bozketetan esku hartu ahal izango dute.
e) Elkargoari edo elkargokideen artean ezarritako ofizioko txandaren bitartez elkargokideari berari eskatutako irizpen, txosten, proiektu, aholkularitza eta bere aginpideko gainerako lanez baliatu ahal izango dira.
Ofizioko txanda elkargoak berak zaindu eta kontrolatuko du edo, bestela, horretarako osatu edo aginpidea ematen zaion batzordeak, hain zuzen ere hurrenkera zorrotzaz eta bide zuzenari jarraituz egiteko.
f) Elkargoaren babesa eskatu ahal izango dute beren edo elkargoaren lanbide-eskubide edo -interesak kaltetu edo gutxitu direla uste dutenean, eta beren estatutuetan eta Autonomiako estatutuetan eta Estatuko estatutuetan aitortzen zaizkien Elkargoko ahalmenak eta eskubideak izango dituzte.
g) Zuzendaritza karguetarako hautesle eta hautagai izan daitezke, baldin eta interesatua estatutuetan ezarritako gaitasungabetze inguruabarretan sartuta ez badago.
h) Elkargo-gaietan esku hartu ahal izango dute, Elkargoarentzat onuragarri iritzitako proposamenak edo iradokizunak eginez.
i) Elkargoaren ekonomia nola doan jakiteko datuak eskatu eta jaso ahal izango dituzte. Argibide horiek idatziz eskatu beharko dituzte beti.
j) Estatutuak aldatzeko proposamenei buruzko argibideak jaso beharko dituzte, Elkargoak eztabaidatu eta onartu baino lehen, eta zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte. Era berean, elkargoaren desegiteari eta likidazio-faseei buruzko argibideak jaso beharko dituzte, bai eta ondasun eta eskubideei buruzkoak ere.
k) Elkargoko organoek, estatutu hauen arabera, hasi arazten edo ebazten dituzten zigor-prozeduren berri jaso eta horietan hizpidea izan beharko dute.
l) Elkargoaren egintza edo erabakien aurkako errekurtso-sisteman legezkotuta egon beharko dute, administrazio edo auzi-errekurtsoak egin ahal izateko.
m) Estatutu haiei eta, oro har, erabilgarri diren legeei darizkien gainerako eskubide edo ahalmenak izango dituzte.
16. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Honakoak dira elkargokideen betekizun eta betebeharrak:
a) Elkargo honen estatutuetan eta, elkargoa kontseilu bateko kide bada eta harengan eragina duen gairik sortzen bada, kontseilu horren estatutu orokorretan jasotako aginduak betetzea, bai eta ente horiek beren ahalmenaz baliatuz hartutako erabakiak ere.
b) Elkargoaren Batzar Orokorretara hainbestean bertaratzea.
c) Ohiko eta ezohiko kuotak edo elkargoren beharrak asetzeko onartutako eskubideak ordaintzea.
d) Gobernu-batzordeari zor zaion errespetua izatea eta elkargokide guztiekiko harmonia eta kidetasuneko arau deontologikoak gordetzea.
e) Lanbidean eragina izan dezaketen egintza guztiak, norbanako zein guztiengan eragina izan dezaketenak, Elkargoari jakinaraztea, baldin eta horien garrantziak elkargoaren esku-hartzea eskatzen badute.
f) Elkargoko fitxari buruzko datuetan izandako aldaketak garaiz jakinaraztea, hala nola helbidea, lanbidean aritzen deneko tokia, telefonoa eta abar; eta, oro har, bere lanbide-egoeran eragina dutenak.
g) Elkargoari berak eskatutako datuak ematea estatistikako txostenak edo azterlanak egiteko.
h) Elkargoaren kudeaketa-organoengandik jasotako eginkizunak betetzeko onartzea.
i) Lanbidearen jardunean izenpetutako agiri tekniko guztiak Elkargoari ematea, honen ikus-onetsia, erregistroa edo ziurtagiria jasotzeko, bezeroak hori eskatzen duenean edo elkargoaren nahitaezko ikus-onetsiari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuan jasotako kasuen barruan dagoenean.
j) Haren lana dela eta, egon daitezkeen erantzukizun zibileko arriskuak aseguru bidez estaltzea.
BIGARREN TITULUA
ELKARGOAREN ANTOLAKUNTZA, GOBERNUA ETA ADMINISTRAZIOA
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN ORGANOAK
17. artikulua.– Elkargoak honako organo hauek izango ditu:
a) Batzar Orokorra, osoko bilkura gisa.
b) Gobernu Batzordea.
c) Dekano-Lehendakaria, aurreko organo guztietan ordezkotzarik handiena duena.
d) Lan Batzordeak, Idazkaritza Teknikoa eta estatutu hauen arabera dauden edo sor daitezkeen beste organoak; hauek kide bakarrekoak zein anitzekoak izan daitezke. Gobernu Batzordearen batzorde betearazle bat sortzeko baimena eman ahal izango da, Gobernu Batzordeak eskuordetu ondoren, batzordeak iristen zaizkion premiazko gaiak ebatzi ditzan.
II. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA
18. artikulua.– Eraketa.
Honako hauek arituko dira Elkargoaren Gobernu Batzordean: dekano-lehendakari bat, dekanorde bat, idazkari bat, idazkariorde bat, diruzain bat, kontu-hartzaile bat eta, gutxienez, bost batzordekide.
19. artikulua.– Eskumenak.
Gobernu Batzordeari Elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa dagozkio, Elkargoaren xedeak eta Batzar Orokorrari berariaz ez dagozkion guztiak betetzeko.
Honakoak dira Gobernu Batzordearen berariazko eskumenak:
a) Elkargoaren kudeaketa arruntaren inguruko erabakiak hartzea, Batzar Orokorraren jarraibide orokorrei atxikiz.
b) Elkargoak herri-administrazioekin, epaitegiekin eta beste erakundeekin, publiko zein pribatuekin, dituen harremanetan dekanoari dagokion ordezkaritza-eskubideaz baliatzeko, kasu bakoitzean jarraitu beharreko arauak finkatzea, baldin eta Elkargoaren eskumeneko legezko eskubide eta egintzak badira.
c) Elkargoaren eginkizunak zuzentzea eta beroiek behar den moduan betetzen direla zaintzea.
d) Estatu, autonomia-erkidego, lurralde historiko edo udalerriaren menpeko zentro ofizialei aurkibide bat igorriko die, hain zuzen ere Industria Ingeniaritzako Gradudunei eta Ingeniari Tekniko Industrialei eta Peritu Industrialei beren lanbidean legez dagozkien ahalmen eta eskumenak zeintzuk diren gogorarazteko.
e) Lan Batzordeak osatu, osaera zehaztu eta bertako kideak izendatzea. Elkargoak beharrezko iritzitako eginkizunak izango dituzte batzordeek.
f) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, kontuen egoera, balantzea eta ekitaldi itxiaren txostena osatu eta idaztea.
g) Elkargokide berriak onartzea.
h) Batzar Nagusiaren ohiko eta ezohiko bileren gai-zerrenda antolatu eta gauzatzea eta erabakiak betearaztea.
i) Estatutu hauetan zigor- eta diziplina-arloan ezartzen diren eskumenak erabiltzea.
j) Elkargokideen arteko istiluetan epaile gisa jardutea.
k) Estatutu hauetako artikuluetan finkatzen diren gainerako eskumenak eta eginkizunak eta, horietaz gain, luzatu ezin diren aurreikusi gabeak. Azken kasu honetan, nolanahi ere, jakinarazi egin beharko da ondorengo lehenengo Batzar Orokorrean.
20. artikulua.– Aukeraketa.
Gobernu Batzordea elkargokideen botoen bidez aukeratuko da. Nolanahi ere, estatutu hauetako Laugarren Tituluan ezarritako arauei jarraituz aukeratu eta ordezkatuko dira Gobernu Batzordekideak.
Gobernu Batzordeko kide izan daitezke lanbidean aritzen direnak bere modu guztietan edo erretiratutako kideak. Hala ere azken hauek batzordekide baino ezingo dira izan.
21. artikulua.– Batzordekideak aldatzea.
Bi urtez behin Gobernu Batzordeko kideen erdia berrituko da, txandaka, horretarako bi talde egongo dira: lehenengoan dekanoa, idazkaria, diruzaina eta mahaikide bakoitiak egongo dira; eta, bigarrenean, dekanordea, idazkariordea, kontu-hartzailea eta mahaikide bikoitiak.
Dagokion taldeari gehituko zaizkio, hala gertatuz gero, beste taldean hutsik dauden eta behin-behingoz bete diren postuak. Behin-behingoz betetakoak bi urteko eperako aukeratuko dira.
Gobernu Batzordeko kide bakoitza, gehienez, 12 urtez egon ahal izango da batzorde honetan. Horietatik 8 kargu bera betez egon daiteke.
22. artikulua.– Plaza hutsak.
Plaza hutsa iraunkorra izanez gero, honela beteko dira karguak: dekanoaren bakantea dekanordeak beteko du; dekanordearena mahaikide zaharrenak, idazkariarena idazkariordeak eta idazkariordearena batzordekide gazteenak.
Aurreko paragrafoaren ordezkapenak behin-behinekoak izango dira hurrengo hauteskundeak egin arte. Hauteskundeak egin ostean behin-behineko kargu horiek hasieran aukeratu zituzten postuetara itzuliko dira automatikoki.
Plaza hutsa aurrekoez besteko karguetan gertatzen denean, Gobernu Batzordeak izendatuko ditu, hala iritziz gero, behin-behinekoz postu horietan arituko direnak. Kasu horretan, hauteskundeetan lortutako botoen kopuruan oinarrituz zerrendan hurrengoa aukeratuko du edo, horren ezean, batzordeak nahi duen elkargokidea, baldin eta izendatze-egunean 59. artikuluan zehaztutako eskakizunak betetzen baditu. Ordezkoen agintaldia hurrengo hauteskundeetan amaituko da.
Batzordeko kide bat aurkeztu egiten bada hauteskundeetan kargu berean edo beste batean aritzeko, bere karguari uko egin beharko dio hauteskundeetarako deialdia egin baino lehen.
Gobernu Batzordeak egon diren plaza hutsen eta uko egiteen kopurua jakin eta gero, hauteskundeen ondoriozko karguak postuez jabetu arte ordezkoek behin-behinean jardungo duten edo 23. artikulua aplikatzen duen ebatziko du.
23. artikulua.– Kargua uztea gertatuz gero.
Gobernu Batzordekide guztiek edo kideen erdiak baino gehiagok kargua uzten badute, arrazoiak direnak direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari eta Espainiako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari jakinaraziko zaie gertatutakoa; eta Elkargokide zaharrenek osatuko dute behin-behinekoz Gobernu Batzordea.
Lehen adierazitako moduan osatutako behin-behineko Gobernu Batzordeak, besteak beste, Estatutuek aurreikusten duten eperik laburrenean hauteskundeetarako deialdia egin beharko du eta hauteskundeetan aukeratutako Gobernu Batzordeko kideak postuez jabetu ostean karguari uko egingo diote.
Behin-behineko batzordeen agintaldia ez da bost hilabetetik gorakoa izango.
24. artikulua.– Bileretarako deialdia.
Idazkariak egingo du Gobernu Batzordearen bilkuretarako deialdia, dekanoak hala erabakitzen duenean.
25. artikulua.– Bileren aldizkakotasuna eta bertaratzeak.
Gobernu Batzordeko ohiko bilerak hilabetean behin egingo dira eta horietarako deialdiak gutxienez bost (5) egun natural lehenago egingo dira. Ezohiko bileretarako deialdia, gutxienez hogeita lau (24) ordu aurretik egin ahal izango da, eguneko gai-zerrendaren premiak hala eskatuz gero.
Gobernu Batzordea balio osoz eratuta geratzeko, kide guztien erdia baino gehiago bertaratu beharko dira lehenengo deialdian. Bigarren deialdia lehenengoa baino ordu erdi geroago egingo da eta ez da gutxieneko kopururik eskatuko.
Bileretara bertaratzea derrigorrezkoa izango da. Hiru bileretara, jarraian bata bestearen ostean, ez bertaratzea edo, agintaldian zehar hamar bileretara aldizka ez bertaratzea, karguari uko egiten diola ulertuko da eta ez dagoela atzera egiterik. Beraz, hutsik geratutako plaza bete egingo da estatutu hauetan adierazitakoa jarraituta.
26. artikulua.– Erabakiak.
Gobernu Batzordearen erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengo soilaz hartuko dira, kideen ordezkoenak barne, egonez gero. Kideek beren izenean aritzeko norbait izendatzen badute idatziz jakinarazi beharko diote Elkargoko dekanoari eta idazkariak irakurriko ditu izendapen horiek bilkura hasi baino lehen.
Bozketak pertsonalak eta zuzenak izango dira, eta, norbaitek eskatuz gero, sekretuak.
Berdinketa gertatuz gero dekanoaren kalitate-botoak ebatziko du.
Gobernu Batzordeko erabakiak akta zenbakitutan jasoko dira, data-hurrenkeran, eta orri guztiak egongo dira zenbakituta. Idazkariak idatzi eta izenpetuko ditu orri guztiak, dekanoaren oniritziaz.
III. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEKO KIDEEN ESKUDUNTZAK
27. artikulua.– Dekanoaren eskuduntzak.
a) Elkargoaren ordezkaritza gorena esparru guztietan izatea, haren kudeaketaz arduratzea eta, horretaz gain, estatutu hauek, aplikatu beharreko arauek, gobernu-organoek eta osoko bilkurako organoek izendatzen dizkioten funtzioak eta eskuduntzak izatea.
b) Elkargoaren edo elkargokideen defentsa egiteko beharrezkoak diren egintza, errekurtso eta erreklamazioak egitea, kasazio-errekurtsoa barne, bai epaitegi edo justizia auzitegietan bai Epaitegi Nagusian, Konstituzio Epaitegian, Europako Epaitegian eta Konpetentziaren Defentsarako Epaitegian, baita agintarien eta edozein erakunderen aurrean ere. Prokuradoreei eskuordetzeak edo eskumenak eman ahal izango dizkie eta letratuak izendatu ahalko ditu.
c) Gobernu Batzordeetan eta Elkargoaren Batzar Orokorretan lehendakari aritzea.
d) Gobernu Batzorde eta Batzar Orokorraren bilkuretarako deialdia egin eta horien gain gai-zerrenda finkatzea; azterketak eta eztabaidak antolatzea, eta berdinketa gertatuz gero bere kalitate botoak ebaztea. Organo bien bilkurak hasi, indargabetu edo amaituko ditu.
e) Elkargoaren araudi eta estatutuetan emandako aginduak bai eta elkargoak eta elkargoa sartuta dagoeneko elkargoen kontseiluek emandako ebazpen eta xedapenak ere betetzen direla zaintzea.
f) Gobernu Batzordeek eta Batzar Orokorrek beren aktak onartu ostean akta horiei bere onarpena ematea, dekanoaren sinaduraz.
g) Elkargoak antolatzen dituen kongresu, jardunaldi, ikastaro eta sinposiumen bilkuren buru aritzea eta bilkurak zuzentzea.
h) Sor daitezkeen lan-batzordeak koordinatzea.
i) Elkargokide-txartela baimentzea.
j) Idazkariak ematen dituen ziurtagiri guztiak ikus-onestea.
k) Ordainketak, ordainketa-baimenak, banku-taloiak eta -txekeak baimentzea. Hala ere, dekanoa ez dagoenean, edo gaixorik edo bakante dagoenean dekanordeari dagozkio eta, dekanoak, bestalde, dekanordeari berariazko eskuordetzea eta ahalordetzak eman ahal izango dizkio, beharrezko diren mugekin beti ere.
l) Kontabilitate-liburuak eta izaera ofizialeko beste edozein agiri edo liburu legezkotzea, Legeak finkatutako legezkotasunaren aurka joan gabe.
m) Elkargoak agintari, korporazio edo norbanakoei ofizialki zuzendu beharreko txosten eta jakinarazpenetarako baimena ematea.
n) Bankuko kontu korronteak ireki eta ixteko beharrezko agiriak sinatzea.
ñ) Gobernu Batzordeko gainerako kideei karguaren jabegoa ematea.
28. artikulua.– Dekanordearen eskuduntzak.
Dekanordeak dekanoak eskuordetzen dizkion egiteko guztiak beteko ditu eta dekanoa ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo kargua hutsik dagoenean lehendakariaren egitekoak beteko ditu.
29. artikulua.– Idazkariaren eskuduntzak.
Elkargoaren idazkariari honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Elkargoaren organoetako bilkuretan aztertu beharreko edo dekanoak haren esku utzitako gaiei buruzko informazioa ematea eta gaiei buruzko dokumentazioa prestatzea.
b) Gobernu Batzordeko kide guztien kargu-jabetzearen eta karguaren beraren fedea ematea.
c) Ziurtagiriak egitea.
d) Kontu-hartzailearekin batera, urteko memoria idaztea.
e) Elkargoko Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilkuretako aktak egin, eman eta sinatzea. Eta, orobat, akten berri ematea, onartuak izateko.
f) Gobernu Batzordeen eta ohiko eta ezohiko Batzar Orokorren bilkuretako akten erregistro eta artxiboa eraman eta zaintzea.
g) Aginduak, izapide hutsezko ohiko posta eta gainerako administrazio-agiriak sinatzea berak bakarrik edo, beharrezko izanez gero, dekanoarekin batera.
h) Elkargoaren agirien artxiboa eraman eta babestea.
i) Elkargokideen erregistroaren kontrola egitea.
j) Elkargokideen zehapenen erregistroa egitea.
k) Elkargoko administrarien eta menpekoen buru aritzea –dekanoak gainbegiratuta–, eta beraiek dituzten berezko eginkizunak eta Gobernu Batzordearen erabakiak betearaztea.
l) Elkargoaren administrazio-jardun egokia lortzeko edonolako ekimen eta jarduerak proposatu eta kudeatzea.
30. artikulua.– Idazkariordearen eskuduntzak.
Idazkariak eman edo eskuordetzen dizkion eskumen guztiak izango ditu, eta idazkariarenak bereganatuko ditu –dekanoak ikus-onetsita– hura ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, edo postua hutsa dagoenean.
31. artikulua.– Diruzainaren eskuduntzak.
Elkargoko diruzainari honako eskuduntzak dagozkio:
a) Elkargoaren funtsak bildu, babestu eta kudeatzea –dekanoak ikus-onetsita–. Funtsen arduraduna da, Gobernu Batzordearen iritziz justifikatuta eta ezinbestekoa denean salbu; kasu horietan Batzordeak berak finkatuko ditu funtsak bermatu eta segurtatzeko neurriak.
b) Egiaztatu behar diren beharrezko ordainketa-aginduak ematea, eta diruzaintzaren edo elkargoaren banku-kontuen gaineko ordainketa-aginduak izenpetzea.
c) Ordainagiriak izenpetzea, kobrantzak jasotzea eta, dekanoaren baimena jaso ostean, ordainketak egitea.
d) Elkargoaren ohiko atentzioetarako beharrezko funtsa administratzea.
e) Gobernu Batzordeari elkargokideek ordaindu ez dituzten kuota edo kargen berri ematea, ordain dezaten eskatzeko edo, hala badagokio, elkargoan baja emateko.
f) Kontu-hartzailearekin batera, Elkargoaren lege-kontabilitateko liburuak edo zerrendak osatzea, bertan edo Elkargotik kanpoko aholkularitza-bulego baten bitartez. Azken hori Gobernu Batzordeak onartu beharko du.
g) Kontu-hartzailearekin batera, dagozkien Sarreren eta Gastuen kontuak –dagokion urteko balantzea barne– sinatzea eta Gobernu Batzordeari aurkeztea, honek Ohiko Batzar Orokorrera eramateko eta bertan onartzeko.
32. artikulua.– Esku-hartzailearen eskuduntzak.
Hauek dira kontu-hartzailearen eginkizunak:
a) Diruzainarekin elkarlanean, Elkargoaren lege-kontabilitateko liburuak edo zerrendak osatzea, bertan edo Elkargotik kanpoko aholkularitza-bulego baten bitartez. Azken hori Gobernu Batzordeak onartu beharko du.
b) Diruzainarekin batera, urteko balantzearekin batera dagozkien diru-sarrera eta gastuen kontuak izenpetzea eta Gobernu Batzorderi aurkeztea, Ohiko Batzar Orokorrak onar ditzan.
c) Elkargoaren aurrekontuak idaztea Ohiko Batzar Orokorrari aurkezteko eta batzarraren onarpena jasotzeko.
d) Elkargokide guztiei urteko txostenaren bidez Elkargoaren egoera ekonomikoaren balantzearen berri ematea.
33. artikulua.– Batzordekideen eskuduntzak.
Gobernu Batzordekideei honakoak dagozkie:
a) Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrekin elkarlanean jardutea, eta dekanoak edo, hala badagokio, Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion funtzioen erantzukizuna beren gain hartzea.
b) Gobernu Batzordeko karguei hauek aztertu eta ebatzi behar dituzten gaiei buruzko aholkuak ematea.
c) Elkargoko egoitzara joatea, egotzitako eginkizunak eta sor daitezkeen eginkizunak behar bezala betetzeko.
d) Dekanoak ematen dizkien eginkizunak betetzea.
e) Elkargoaren Gobernu Batzordearen bilkuretan aritzea. Bilkuretan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.
34. artikulua.– Zentsura-mozioa.
Gobernu Batzordeko edozein kideren –zenbait kiderena edo guztiena aldi berean– zentsura proposatu ahal izango da, elkargokideen ehuneko hamar (% 10), gutxienez, ordezkatzen duten elkargokideek izenpetutako proposamen arrazoitu bidez. Dekanoaren edo Gobernu Batzordearen gehiengoaren edo osoaren zentsura proposatzeko, elkargokideen ehuneko hamabostek (% 15) izenpetu beharko du proposamena. Proposamenarekin batera, zentsuratutako kargurako edo karguetarako hautagaiaren edo hautagaien izena eta hautagai horiek sinatutako onespena aurkeztu beharko dira.
Zentsura proposatzen zaien guztientzako proposamena batera aurkeztu eta bideratuko da.
Postuaren jabetza hartu eta, gutxienez, sei hilabete igaroko dira Batzordeko kide baten aurkako zentsura proposatu ahal izateko.
Zentsura-mozioa aurkeztu eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Ezohiko Batzar Orokorrean eztabaidatuko da. Batzar hori zentsura aurkeztu eta hurrengo hogeita hamar (30) laneguneko epean egin beharko da.
Eztabaida Mozioaren defentsarekin hasiko da. Defentsa hori proposamenean kasurako izendatzen den hautagaiak egingo du. Zentsura jaso duena dekanoa bada, dekanorako hautagaiak egin beharko du defentsa hori. Ondoren, zentsuratutako pertsonak hartuko du hitza. Zentsuratutakoak bat baino gehiago badira, Gobernu Batzordeak erabakiko du nork hitz egin behar duen. Zentsura jaso duena dekanoa bada, dekano horrek hitz egingo du.
Ondoren, bertaratuen artean eztabaida zabalduko da, Batzar Orokorretarako aurreikusitako ohiko eran. Eztabaida amaituta, mozioa defendatzen duenak eta mozio horren aurka dagoenak hartuko dute hitza berriro.
Mozioaren aldeko edo aurkako botoak emango dira. Alde bozkatzen dutenek ezingo dute zentsuratutako pertsonen artetik inor salbuetsi, ezta proposatutako hautagaien artetik ere.
Bozketan elkargokideen ehuneko hogeik (% 20), gutxienez, parte hartuko ez balu –dekanoaren edo Gobernu Batzordearen gehiengoa zentsuratzea proposatzen denean ehuneko hogeita bost (% 25)–, mozioa ez dela onartzen ulertuko da, eta ez da zenbaketarik egin beharrik izango.
Adierazitako gutxieneko parte-hartzea lortzen bada, emandako boto baliodunen bi herenen gehiengoa beharko da mozioa onartzeko.
Mozioa atzera botako balitz, mozio hori sinatu duten elkargokideek ezingo dute beste bat aurkeztu bozketa egin den egunetik urtebete igaro arte. Era berean, kargu berberen aurka ere ezingo dute moziorik aurkeztu modu berean zenbatuta sei hilabete igaro arte.
Zentsura-mozioa onartuz gero, proposatutako hautagaiak automatikoki izendatuko dira, eta, berehala, euren postuaz jabetuko dira.
IV. KAPITULUA
BESTE ORGANO ETA KARGU BATZUK
35. artikulua.– Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorra.
Gobernu Batzordeko batzorde iraunkor eskuordetu bat egongo da, presako gaien edo garrantzitsuen ardura hartzeko.
Batzorde Iraunkorra lau gobernu-batzordekidek osatuko dute, eta horien artean dekanoak edo dekanordeak eta idazkariak edo idazkariordeak egon beharko dute, eta biek egon beharko dute bilera osatu eta egiteko.
Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, dekanoak erabakiko du bere kalitateko botoaren bidez.
Batzorde Iraunkorrak bere jardueraren berri emango dio Gobernu Batzordeari, Gobernu Batzordearen hurrengo bilkuran.
36. artikulua.– Lan Batzordeak eta Ordezkaritzak.
Gobernu Batzordeak hala erabakita, Lan Batzordeak osatu ahalko dira, beharrezko diren jarduerak, azterlanak, proposamen-lanketak edo bestelako lan osagarriak burutu ditzaten, haiek agintzen dietenaren arabera.
Lan Batzordeak bozeramaile batek, Elkargoaren Gobernu Batzordeak aukeratuak, eta hark izendatzen dituen pertsonek osatuko dituzte.
Bozeramailea izango da Lan Batzordeen buru eta berak egingo ditu deialdiak, bere kabuz edo bi kidek edo gehiagok hala eskatuta. Lan Batzordeek beren jardueren, emaitzen eta ondorioen berri eman beharko diote dekanoari; bestalde, kide guztiei dei egin ahal zaie Elkargoaren Gobernu Batzordean ager daitezen.
37. artikulua.– Administrazioko Idazkaritza Teknikoa.
Elkargoak idazkaritza tekniko bat izango du, Gobernu Batzordeak izendatutako pertsona batek edo gehiagok osatua.
Gobernu Batzordeak ebatziko ditu idazkaritza horren osaera, eskumenak eta gainerako ezaugarriak. Batzordearen laguntzarako organoa izango da beti eta, halaber, Elkargoaren eta elkargokideen arteko koordinazio, informazio eta harremanetarako organoa.
38. artikulua.– Ordezkaritzen eraketa.
Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialak bidezko iritzitako ordezkaritzak eratu ahal izango ditu, bere esparruko eskualdeen ezaugarriak eta elkargokideen kopurua oinarri hartuta.
V. KAPITULUA
OHIKO ETA EZOHIKO BATZAR OROKORRAK
39. artikulua.– Batzar Orokorra.
Elkargoaren Batzar Orokorra elkargoaren osoko bilkura eta organo gorena da, eskubide osoz elkargoari atxikitako elkargokide guztiek osatzen dute, lanbidean jardun ala ez.
40. artikulua.– Batzar Orokorraren eskuduntzak.
Elkargoaren Batzar Orokorrari honakoak dagozkio:
a) Ohiko bilkuretan:
1.– Batzar Orokorretako Aktak onartzea, bidezkoa izanez gero.
2.– Aurreko ekitaldiko kontuen egoera, balantze ekonomikoa eta guzti, txostena eta Gobernu Batzordearen kudeaketa ezagutu, aztertu, eztabaidatu eta onartzea, bidezkoa izanez gero.
3.– Ekitaldiaren Aurrekontua onartzea, bidezkoa izenez gero.
4.– Kontuak Berraztertzeko Batzordea izendatzea.
5.– Gobernu Batzordeak edo elkargokideek gai-zerrendan sartutako proposamenak onartzea, bidezkoa izanez gero, estatutu hauek 41. artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Ezohiko bilkuretan:
1.– Elkargoa eraenduko duen araudia onartzea, bidezkoa izanez gero, eta ostean aldatzea, hala badagokio.
2.– Gobernu Batzordeko kide eta karguak hautatzea, estatutu hauetan ezarritako hauteskunde-jarraibidearen arabera.
3.– Estatutuak onartu eta aldatzea beraiek finkatutako bideari jarraituz.
4.– Ezohiko kuotak onartzea.
5.– Aurrekontu orokorretan sartuta ez dauden eta Gobernu Batzordeak izaeragatik beharrezkotzat iritzitako aparteko gastuak onartzea.
6.– Komenigarritzat iritzitako elkargo-zerbitzuak ezartzea.
7.– Lanbidean aritzeko arau orokorrak finkatzea, betiere legeetan aurreikusitakoari atxikiz eta, egonez gero, beste Lanbide Elkargoetako arauei jarraituz elkargo horien barruan dagoenean.
8.– Gobernu Batzordeak ordezkaritzak eratzeko egindako proposamenak onartzea.
9.– Aurrekontuan sartuta ez dauden eta Gobernu Batzordeak garrantziagatik edo izaeragatik beharrezkotzat iritzitako aparteko gastuak onartzea, bidezkoa izanez gero.
10.– Elkargoaren desegiteaz eta likidazioaz arduratu eta, hala badagokio, horiek onartzeaz, estatutu hauen Zazpigarren Tituluak ezarritakoaren arabera, betiere legeek horretarako bide ematen badute.
11.– Legeek edo araudiek aginduta bere eskumenekoak diren errekurtsoez arduratzea eta errekurtsoak ebaztea.
12.– Legeetan, estatutu hauetan edo beste elkargo-araudietan jasotako edo ezar daitezkeen gainerako eskumenak.
41. artikulua.– Batzar Orokorretarako deialdia.
Gobernu Batzordeko idazkariak bideratuko ditu Ohiko Batzar Orokorretarako deialdiak, dekanoaren oniritziarekin. Horretarako, idazki bat bidaliko die elkargokide guztiei, gutxienez hamabost (15) egun natural lehenago.
Urteko azken hiruhilekoan Ohiko Batzar Orokor bat egingo da hurrengo urteko aurrekontuak behin-behinean onartzeko eta urteko lehenengo sei hilabetekoan beste bat aurrekontuaren behin betiko berrespena emateko, 39.a) artikuluaren arabera.
Ezohiko Batzar Orokorretarako deialdiak Gobernu Batzordeak eskatzen duenean edo elkargokideen ehuneko hogeiak (% 20) idatziz eskatzen duenean egingo dira. Bertan azaldu beharko dira deialdiaren zergatiak eta aztertu beharreko gaiak. Ezohiko Batzar Orokor batean ezin izango da aztertu deialdiaren gai-zerrendan adierazi ez den gairik.
Ezohiko Batzar Orokorretarako deialdiak hamabost (15) egun natural aurretik egingo dira eta presa handiko gaiak aztertu behar badira bost (5) egun natural aurretik.
42. artikulua.– Batzar Orokorrerako proposamenak.
Ohiko Batzar Orokorra egin baino zortzi (8) egun lehenago arte elkargokideek Batzar Orokorrean eztabaidatu eta ebatzi beharreko gaiak aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, elkargokideen ehuneko hiruren (% 3) sinadura behar da eta gaiak Batzar Orokorrari zuzenduko zaizkio. Eskakizun guztiak betetzen dituzten proposamen guztiak gai-zerrendan sartu beharko dira, «Eskakizunak eta Galderak» atalaren aurrean. Batzar Orokorra eratu ostean Batzarrak berak ebatziko du, bertaratutakoen gehiengo soilez, puntu horiei buruzko eztabaida zabaltzea bidezkoa den ala ez.
43. artikulua.– Batzar Orokorretara bertaratzea.
Elkargoko kide direnez eskubide guztiak dituzten elkargokideak bertaratu ahal izango dira Ohiko Batzar Orokorretara eta Ezohiko Batzar Orokorretara, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dutela.
44. artikulua.– Batzar Orokorrak eratzea.
Batzar Orokorra balio osoz eratuta geratzeko, kide guztien erdia baino gehiago bertaratu beharko dira lehenengo deialdian. Bigarren deialdia lehenengoa baino ordu erdi geroago egingo da eta ez da gutxieneko kopururik eskatuko.
Batzar Orokorraren erabakiak, oro har, bertaratutakoen gehiengo soilez hartuko dira, botoa norberak eman beharko du eta ezin izango da inoren izenean botorik eman. Nolanahi ere, estatutu hauetan aurreikusitako gai jakin batzuei buruzkoak arau horretatik kanpo geratzen dira (estatutuak aldatzea, elkargoaren desegitea eta likidazioa eta abar).
Batzar Orokorrak elkargoaren egoitzan egingo dira edo, Gobernu Batzordeak hala iritziz gero, berak izendatzen duen beste toki batean.
Batzar Orokorrean elkargoko dekanoa arituko da buru eta Gobernu Batzordeko idazkariak egingo du Akta. Akta bilkuraren amaieran edo hurrengo bilkuraren hasieran onartuko da.
45. artikulua.– Kontuak Berraztertzeko Batzordera.
Bi elkargokidek osatuko dute Kontuak Berraztertzeko Batzordea eta horien izendapena Ohiko Batzar Orokorrera bertaratutako elkargokideen gehiengo soilak egingo du.
Ordezko kideak modu berean izendatuko dira.
Batzorde horren indarraldia urtebetekoa izango da, baina batzordekideak berriro ere izendatu ahal izango dira hala erabakitzen badu Batzar Orokorrak.
Elkargoaren kontabilitatearen egoera berraztertu eta ikuskatzea izango ditu eginkizun nagusi; eta, horretarako, diruzainaren, kontu-hartzailearen, elkargoko administrazio- eta kontabilitate-langileen eta aholkularitza tekniko eta kontablearen laguntza izan beharko du nahitaez.
VI. KAPITULUA
IZAPIDEAK, IKUS ONETSIAK ETA LANBIDE LANSARIAK
46. artikulua.– Gobernu Batzordearen Eginkizunak.
Gobernu Batzordeak, bere kabuz edo Lanbidean Aske Jarduteko Batzordearen edo Elkargoko Idazkaritza Teknikoaren bidez, legeztatu, erregistratu eta ikus-onetsi beharko ditu Industria Ingeniaritzako Gradudunek eta Ingeniari Tekniko Industrialek eta Peritu Industrialek eta horretarako gaitasuna aitortzen zaien bestelako tituludunek bezeroak eskatuta aurkeztu beharreko lanbide-izaerako lan eta agiriak, edota, 1000/2010 Errege Dekretuaren zerrendan egoteagatik, derrigorrez ikus-onetsi beharrekoak direnak.
Ikus-onespenaren bitartez egiaztatuko da, betiere, lana nork egin duen eta egile horrek zer titulazio, gaitasun edo gaikuntza duen, bai eta lanaren eduki formala eta indarreko legeak hausten ez dituzten beste alderdi guztiak ere.
a) Ikus-onespenaren helburua da dokumentazioa zuzena dela ziurtatzea.
b) Lanak argi eta garbi adierazi beharko du zer xede duen.
c) Ikus-onespenak oso argi zehaztu behar du zer alderdi kontrolatuko diren.
d) Elkargoak zer ardura hartzen duen bere gain adierazi beharko du. Alde horretatik, Elkargoak ikus-onetsitako lan profesional batek sortutako kalteen erantzukizuna bere gain hartuko du elkargoak subsidiarioki, baldin eta lan profesionala ikus-onestean elkargoak nabarmendu beharreko akatsen ondorioz sortu badira kalte horiek eta kalteek zuzeneko lotura baldin badute lan zehatz horretan ikus-onetsitako elementuekin c) atalarekin bat etorriz.
e) Ikus-onespenak ez du jasoko elementu fakultatibo teknikoen kontrola.
f) Elkargoak egiaztatu egingo du aseguratzeko betebeharra betetzen den, legez ezarrita dagoen, eta ez du gainetik ezarriko elkargokideak hautatu beharreko aseguru-konpainia.
Ikus-onespenak ez dakar ez ogibide-saririk ez kontratuko gainerako baldintzarik; izan ere, aldeek askatasunez erabaki dezaten uzten dira horiek.
47. artikulua.– Ordainsari profesionalen kobrantza-kudeaketa.
Elkargokideak, proiektuarekin batera hitzartutako lansariak dituen enkargu-inprimakia behar bezala beteta aurkezten badu eta elkargoari lansari horiek kobratzeko eskatzen badio, horrela adierazi beharko du berariaz. Elkargoak, kasu horietan, beharrezko eginbide guztiak gauzatuko ditu dagokiona kobratzeko eta elkargokidearen esku jarriko du diru-zenbatekoa.
HIRUGARREN TITULUA
ELKARGOAREN DIZIPLINA ARAUBIDEA
48. artikulua.– Diziplina-ahalmena nork duen.
Eragindako pertsona Elkargoko bertako kide denean, Elkargoari dagokio diziplina-ahalmenaz baliatzea. Eragindako pertsona Gobernu Batzordeko kide denean, ahalmen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari dagokio.
49. artikulua.– Zigor-prozeduraren faseak.
Zigor-prozedurak bi fase izango ditu: instrukzioarena eta erabakiarena, eta organo desberdinei emango zaie horien ardura.
Gobernu Batzordeak ofizioz has dezake prozedura, edo alde interesatu batek eskatuta salaketa-idazki baten bidez, salatutako ekintzetan funtsezko zantzu edo susmorik egotekotan.
50. artikulua.– Instrukzio-fasea.
Elkargoaren Gobernu Batzordeak instruktore bat izendatuko du, prozedura sustatu eta izapidetu dezan, eta idazkari bat, jarduera, jakinarazpen eta froga guztien fede eman dezan.
Instruktoreak karguen plegua idatziko du; interesatuari horren berri emango zaio, hamabost egun balioduneko epean egozten zaizkion karguei buruzko deskargu-idazkia aurkeztu eta frogabideak aurkez ditzan.
Egotzitako karguei buruzko frogak egin ondoren, interesatuei horren bista emango zaie, eta instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du. Elkargokide interesatuari horren berri emango zaio, hamabost egun balioduneko epean azken alegazioen idazkia presta dezan; epea hori igarotakoan, idazkia aurkeztu ala ez, idazkariak organo erabakitzaileari igorriko dizkio jarduera egiaztatu guztiak.
51. artikulua.– Zigor-espedienteari buruzko ebazpena.
Zigor-espedientea ebazteko organo eskuduna Elkargoaren Gobernu Batzordea izango da, eta espedientea jaso eta hilabeteko epean gehienez bildu beharko da erabakia hartzeko.
Eragindakoari behin betiko ebazpenaren berri emango zaio eta horrek jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean errekurritzeko aukera izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari zuzenduta. Kontseilu horretako Gobernu Batzordeak errekurtsoa jaso eta bi hilabeteko epea izango du, gehienez, ebazpena emateko. Ebazpenak administrazio-bidea amaituko du baina, hala ere, jurisdikzio eskudunaren aurrean errekurritu ahal izango du interesdunak.
52. artikulua.– Arau-hauste motak.
Elkargoko Gobernu Batzordeak zigortu ditzakeen arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
a) Arau-hauste arinak:
a.1.– Dagokion elkargoaren edo kontseiluen estatutu-arauak edo ebazpenak betetzean arduragabekeriaz jokatzea edo horiek urratzea, berez arau-hauste larria edo oso larria ez bada.
a.2.– Gobernu Batzordeak eta Batzar Orokorrak agindutako lanak edo eginkizunak justifikaziorik gabe ez onartzea, Elkargoari ezarritako egitekoei dagokienez.
b) Arau-hauste larriak:
b.1.– Elkargoaren edo Kontseiluaren arauak edo horietako organoen erabakiak engainuz ez betetzea.
b.2.– Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenentzat kalterik badakar.
b.3.– Elkargoko kide den profesionalak ezagutzen dituen arauz kanpoko intrusismo profesionaleko kasuen berri elkargoari emateko duen betebeharra ez betetzea.
b.4.– Asegurua izateko betebeharra ez betetzea, legeek ezinbestekoa dela xedatzen badu.
b.5.– Elkargokide den aldetik dituen diru-eginbeharrak ez betetzea.
b.6.– Elkargokideak bere lanbidean diharduela izenpetzen dituen agiri teknikoak elkargoak ikus-onesteko ez jartzea, bezeroak hori eskatzen duenean edo elkargoaren nahitaezko ikus-onetsiari buruzko abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuan jasotako kasuen barruan dagoenean.
b.7.– Elkargoaren Gobernu Batzordeko kideekin, bertako langileekin edo, elkargoa kontseiluren bateko kide denean, kontseilu horretako korporazio-organoetako kideekin begirunerik ez izatea edo haiek iraintzea beren egitekoak betetzean ari direla, bai eta lankideekin horrela jokatzea beren lanbidean ari direla.
b.8.– Lehia desleiala dakarten ekintzak, Lehia Desleialeko urtarrilaren 10eko 3/91 Legean aurreikusitako moduan.
b.9.– Elkargoen edo Kontseiluaren ohiko jarduera eragotzi edo nahasten dituzten ekintzak edo jokaerak.
b.10.– Postuaren jabetza hartzean hitz emandako karguari atxikitako betebeharrak ez betetzea.
b.11.– Arau-hauste arinengatik bost zigor edo gehiago jaso izana bi urteko epean.
c) Arau-hauste oso larriak:
c.1.– Lanbidean aritzea horretarako legezko titulurik izan gabe, edo bateraezintasuna dakarkion arrazoirik badago.
c.2.– Lanbidearen jardunean edo horretaz baliatuz engainuzko delituak egitea, partaidetza edozein dela ere.
c.3.– Egiteko profesionalak ez betetzea, horrek duintasun edo etika profesionalari edo zerbitzu profesionalak eskatu edo hitzartu dituztenei kalte larriak badakarzkie.
c.4.– Sekretu profesionala urratzea.
c.5.– Zigor Kodearen 403. artikuluan jasota dagoen intrusismo profesionala estaltzea.
c.6.– Bi urteko epean, gutxienez bi arau-hauste larri egitea.
53. artikulua.– Zigorrak.
Diziplina-zigorrak, arau-hausteak bezala, arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.
1.– Zigor arinak: idatzizko ohartarazpena eta gehienez 300 euroko zigorra.
2.– Zigor larriak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urte beterako gehienez, eta 300 eta 3.000 euro arteko zigorra.
3.– Zigor oso larriak: lanbiderako gaikuntza kentzea, urtebete eta egun bat eta 20 urteren artean, eta 3.000 eta 30.000 euro arteko zigorra.
54. artikulua.– Zigorrak ezartzeko arauak.
1.– Arau-hausleak zigorra eragin duten jardueretatik etekin ekonomikorik atera badu, zigorra handiagoa izan daiteke, eta artikuluan ezarritako gehienezko kopuruari etekin ekonomiko horri kalkulatzen zaion muntaren bikoitzeraino gehitu ahalko zaio.
2.– Zigorrak kasuan kasuko zehaztasunen arabera graduatuko dira; horrek ez du baztertzen zigortuak bestelako erantzukizunak izatea.
3.– Lanbide-ezgaitasunaren kasuan, zigorraren berri emango zaie zigortutako elkargokidearen jarduera-esparruko organismo, erakunde eta enpresei, eta zigortuaren elkargotzea etengo da horretarako finkatuta dagoen denboraz.
4.– Elkargoak zigorrak erregistratzeko liburu bat izango du, eta Gobernu Batzordeko idazkariak izango du liburu horren ardura.
55. artikulua.– Preskripzio-epeak.
1.– Arau-hausteena:
1.a.– Hutsegite oso larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera, eta arinek urte betera; epea arau-haustea egin zen egunetik hasiko da kontatzen.
1.b.– Zigor-prozedura hastean eten egingo da preskripzioa, interesatuari jakinarazita. Interesatuari egoztekoak ez diren arrazoiengatik zigor-espedientea sei hilabetetik gora geldirik badago, preskribatzeko epea kontatzen hasiko da berriro.
2.– Zigorrena:
2.a.– Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute, hutsegite larriengatik ezarritakoek bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoek urtebetera.
2.b.– Zigorra jartzea agintzen duen ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen zigorraren preskripzio-epea.
2.c.– Zigorraren betearazte-prozedura hastean eten egingo da preskripzioa, interesatuari jakinarazita. Interesatuari egoztekoak ez diren arrazoiengatik betearazte-prozedura sei hilabetetik gora geldirik badago, preskribitzeko epea kontatzen hasiko da berriro.
LAUGARREN TITULUA
ELKARGOAREN HAUTESKUNDEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
56. artikulua.– Xedapen orokorra.
Titulu honetan jasotakoak Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren jardun-eremuan izango du eragina, hain zuzen ere Gobernu Batzordea eta gainerako ordezkariak hautatzeari eta ordezteari dagokionez.
II. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA AUKERATZEA
57. artikulua.– Berriztapena.
Estatutu hauetako 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan jasotakoaren arabera berriztatuko da Gobernu Batzordea.
Idatziz eta sekretupean emango dute euren sufragioa elkargokideek, bai eurek botoa ematera joanda edo, bestela, postaz. Postaz ematen badute botoa, horretarako titulu honetan ezartzen diren bermeak hartuko dira aintzat.
58. artikulua.– Deialdirako epeak.
Dagokion urteko lehenengo seihilekoan egingo da hautaketa, aldez aurretik Gobernu Batzordeak horretarako dei egin ostean. Honako epe hauek beteko dira:
1.– Hamabost (15) egun natural kandidaturak aurkezteko.
2.– Gobernu Batzordeak hautagaiak berehalaxe aldarrikatzea.
3.– Hogeita bost (25) egun natural aldarrikatutako hautagaien hauteskunde-propaganda gauzatzeko.
4.– Egun bat (1) botazioa eta boto-zenbaketa egiteko.
59. artikulua.– Hauteslea.
Deialdiaren egunean Elkargo honetako kideen eskubideak dituztenak izango dira hautesle.
60. artikulua.– Hautagaia.
Baldintza hauek betetzen dituzten elkargokideak hautagaiak izan daitezke:
1.– Hautesle izatea.
2.– Elkargo honetako kide –hautaketarako jarritako egunera arte– gutxienez urtebete segidan izatea. Dekanoaren kargurako, ostera, derrigorrezkoak izango dira bi urte.
3.– Hautaketako garaian zuzendaritzako kargurik ez betetzea Gobernu Batzordean. Eta beteko balitz, utzi egin beharko litzateke kargu hori, 22. artikuluan esandako moduan.
4.– Lan-kontratuko loturarik ez izatea Elkargoarekin.
5.– Lanbidean aritzen direnak bere modu guztietan, 4. eta 5. batzordekideak izan ezik erretiratuta dauden elkargokideentzat erreserbatzen baitira.
61. artikulua.– Hautagai izateko eskabidea.
Hautagai izateko eskabidea idatziz egingo zaio Gobernu Batzordeari, deialdian horretarako ezarritako epearen barruan egin ere.
Hautagaitza zein kargutarako aurkezten duen agertu beharko da eskabidean. Izen bera ezingo da aurkeztu bete beharreko lanpostu bat baino gehiagorako.
Gutxienez hamabost (15) elkargokidek abalatu beharko dute proposamena, betiere elkargoan dituzten obligazioak konplitzen badituzte.
62. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.
Hautagaitzak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztu direnak aztertuko ditu Batzordeak. Behar diren baldintzak betetzen dituztenak aldarrikatu egingo ditu, eta baztertu arauzko baldintzak betetzen ez dituztenak.
Ezezko ebazpenen berri emango die Batzordeak interesatuei, eta horretarako egon diren arrazoiak ere jakinaraziko dizkie. Erabaki horien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek EAEko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluan. Hiru (3) egun balioduneko epea izango dute horretarako, Elkargoaren Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik aurrera. Batzordeak Kontseiluari aurkeztuko dizkio errekurtsoak, bere txostenarekin eta beste aurrekariekin batera, errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo hiru (3) egun balioduneko epearen barruan. Kontseiluaren Gobernu Batzordeak hartutako erabakien aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu; dena dela, erabakion oinarrian egon diren ekintzak berriro ere agertu ahal izango dira hautesleen aldarrikapen-ekintzaren aurka egiten bada.
63. artikulua.– Hautagai izatea.
Aldarrikatutako hautagaiak hautatu ahal izango dira, eta horien zerrenda Elkargoko iragarki-taulan jarriko da, gutxienez hauteskunde-eguna baino hogeita bost (25) egun lehenago; bide batez, hauteskunde-prozesurako erabiliko diren arauak ere gogoraraziko dira. Era berean, zerrendak eta oinarrizko arauak elkargokideei bidaliko zaizkie ohiko prozeduraren bidez.
Kargu bakoitzerako hautagaiak hurrenkera alfabetikoan agertuko dira hautagaien zerrendan.
64. artikulua.– Hautagaien berehalako aldarrikapena.
Karguren baterako hautagai bakarra aurkeztuko balitz, berori aldarrikatuko litzateke beste ezeren premiarik gabe; hautagaien zerrendetan agertu beharrik ere ez luke izango.
Bete behar diren kargu guztietan gertatuko balitz egoera hori, berehala aldarrikatuko lirateke hautagaiak; hots, ez litzateke bozketarik egingo. Botoa emateko hasiera batean jarritako egunaren hurrengo hamabost (15) egunen barruan hartuko lituzkete hautagai horiek beren karguak.
Karguren baterako hautagairik aurkeztuko ez balitz, Gobernu Batzordeak, hautaketa-prozesua amaitu eta kide berriek beren kargua hartu ostean, Estatutu hauetako 22. artikuluan ezarritakoaren arabera jardun beharko du hutsik geratutako lanpostuak betetzeko.
III. KAPITULUA
HAUTESKUNDE ALDIA
65. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina hasi eta amaitzea.
Hautagaiak aldarrikatu eta gero hasiera emango zaio hauteskunde-kanpainari. Botoak lortzeko hautagaiek gauzatutako legezko jardueren multzoa hartuko da hauteskunde-kanpainatzat. Hauteskunde-eguneko 00:00etan amaituko da kanpaina.
66. artikulua.– Hautagaiei argibideak ematea.
Hauteskunde-prozesuari loturik, elkargokideei buruzko informazioa emango die Gobernu Batzordeak hautagaiei, betiere, horretarako dauden baliabideei eta indarrean dauden legeei atxikiz.
67. artikulua.– Posta bidez botoa emateko aukera.
Elkargokideek postaz bidali ahal izango dituzte beren botoak. Horretarako, 61. artikuluan aipatutako hautagaien zerrendarekin batera txartel zuri bat eta tamaina ezberdineko bi kartazal jasoko dituzte, eta horiek erabil beharko dituzte nahitaez.
IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIA
68. artikulua.– Hauteskunde Mahaiko kideak.
Hautesle bai baina hautagai eta Gobernu Batzordeko kide ez diren bost elkargokidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Gobernu Batzordeak jendaurreko bilkuran zozketa bidez izendatuko ditu kide horiek, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar (10) eguneko epearen barruan. Hamar (10) ordezko ere izendatuko ditu bata bestearen hurrenkeran.
Izendapen horien berri berehalaxe emango zaie interesatuei eta Elkargoaren iragarki-taulan argitaratuko dira. Horien aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da EAEko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluan, argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hiru (3) egun baliodunen barruan. Ebazpen horri ezingo zaio errekurtsorik aurkeztu, betiere kontuan izanik 90. artikuluan xedatutakoa.
69. artikulua.– Kontu-hartzailea izendatzea.
Hautagaiek kontu-hartzaile bana izenda dezakete. Elkargokidea izan beharko du kontu-hartzaile horrek eta Gobernu Batzordeak proposatu beharko du, hauteskunde-eguna baino hogeita lau (24) ordu lehenago.
70. artikulua.– Egiaztagiriak.
Hauteskunde Mahaiko kideei eta ordezkoei, baita kontu-hartzaileei ere, dagozkien egiaztagiriak bidaliko dizkie Gobernu Batzordeak. Mahaia osatzen dutenean erakutsi eta agertu beharko dituzte egiaztagiriok eta Mahaiko espedienteari erantsiko zaizkio.
71. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.
Deialdian finkatutako egun, ordu eta lekuan osatuko da Mahaia. Boto-kontaketa amaitu eta hautetsiak aldarrikatu ostean amaituko dira bere eginkizunak.
Mahaia osatzeko beste titular edo ordezko agertuko ez balira, Gobernu Batzordeko kideekin osatu beharko litzateke.
72. artikulua.– Presidentea izendatzea.
Presidentea bost (5) mahaikideek aukeratuko dute beren artetik.
Mahaiko presidenteak, hala behar izanez gero, kontu-hartzaileen nortasuna eta izaera frogatzen duten agiriak aztertu eta nahikotzat joko ditu, eta, hala badagokio, onartu egingo ditu kontu-hartzaileok, beren karguari dagozkion eskubideez baliatzeko aukera izan dezaten.
73. artikulua.– Eratze-akta.
Mahaia bildu ostean eratze-akta egingo da eta mahaikide guztiek, kontu-hartzaileek barne, izenpetuko dute. Kontu-hartzaileei zein hautagai dagokien ere une horretan zehaztuko zaie.
V. KAPITULUA
BOZKETA
74. artikulua.– Bozketa hastea.
Mahaia osatu eta segidan hasiko da bozketa; eta iraun, aurreikusitako denbora iraungo du. Behin hasi eta gero, garrantzizko arrazoiren bat sortuz gero baino ezingo da atzeratu edo eten botazioa, betiere Hauteskunde Mahaiaren erantzukizunpean.
75. artikulua.– Boto-eskubidea egiaztatzea.
Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko nahitaezkoa izango da Erroldako zerrendetan inskribatuta egotea, eta hautesleak, elkargokidearen txartelaren bidez edo NANaren bidez, bere burua identifikatzea.
Agiri horietatik bakar bat ere ez balu aurkeztuko hautesleak, bere nortasuna frogatuko lukeen beste agiri ofizial bat aurkeztu ahal izango du. Hala ere, Mahaiak ez balu agiri hori nahikotzat joko, ezingo luke botorik eman.
Boto-emaileak tolesturik entregatuko dio txartela presidenteari; eta horrek hautestontzian sartu ondoren, horren ohartarazpena egingo du hautesleen zerrendan.
76. artikulua.– Kargu bakoitzarentzako boto bat.
Bete behar den kargu bakoitzeko hautagai bati baino ezingo dio eman botoa hautesle bakoitzak.
77. artikulua.– Boto-txartela betetzea.
Botoa sekretua izango da eta Gobernu Batzordeak jarritako txartelak erabiliko dira botoa emateko. Izendatutako hautagaien izen-abizenak argi eta garbi adieraziko dira, baita horietako bakoitzak izango duen kargua ere. Ezingo da izen berbera jarri bi kargu edo gehiagotarako.
78. artikulua.– Posta bidezko botoa.
Botoa postaz eman ahal izateko txartela edo Gobernu Batzordeak horretarako prestatutako kartazalak erabili ahal izango dira, eta modu honetan jardungo da:
1.– Izapidetutako txartela kartazal txikian sartuko da. Kartazala itxi ostean beste handiago batean sartuko da, alde bietatik fotokopiatutako Elkargokide txartelarekin edo Nortasun Agiri Nazionalarekin batera.
Kartazal handi hori itxi eta gero, bere atzealdean hauteslearen izena, elkargokide-zenbakia edo NAN zenbakia eta bere sinadura agertuko dira.
Kartazal hori, bere edukia barruan duela eta itxita, postaz bidaliko da, edo Elkargoan entregatuko da esandako moduan, betiere botazioa hasi baino lehen.
2.– Postaz emandako botoen kartazalak Elkargoko idazkariak gorde eta zainduko ditu, eta Mahaiko presidenteari entregatuko dizkio botazioa hasi baino lehen.
3.– Botazioa itxi baino lehen Mahaiko presidenteak ireki egingo ditu kartazal guztiak. Botoaren sekretuari eutsi beharko dio, edukia egiaztatu beharko du, eta ziurtatu boto-emailea Erroldan agertzen dela eta ez dela bertaratu botoa ematera.
79. artikulua.– Bozketa amaitzea.
Mahaiko presidenteak, botaziorako jarritako denbora amaitu eta gero, amaitutzat joko du bozketa. Ordutik aurrera galarazi egingo du hautesle gehiago lokalean sartzea, eta ondoren, berak emango du botoa bertan daudenekin batera. Mahaiko kideak eta kontu-hartzaileak azkenak izango dira botoa ematen.
80. artikulua.– Gorabeherak.
Hauteskunde Mahaiko kideek ahalegina egingo dute hauteskunde-ekintza garbia izan dadin; eta egon daitezkeen gorabeherak gehiengo soilez ebatziko dituzte. Berdinketa denean, mahaiko presidenteak erabakiko du.
VI. KAPITULUA
ZENBAKETA
81. artikulua.– Zenbaketarekin hastea.
Botazioa amaitu ostean presidenteak bozketa itxitzat emango du, eta zenbaketari ekingo dio; jendaurrekoa izango da zenbaketa hori.
Hautestontziko txartelak banan-banan aterako ditu presidenteak. Botoak hartu dituzten hautagaien izenak eta dagozkien karguak ozenki irakurriko ditu. Ondoren, erregistratu egingo ditu bozak.
82. artikulua.– Txartel baliogabeak.
Baliogabekotzat joko dira: aldarrikatu gabeko hautagaien alde emandako boto-txartelak; botoak jaso dituzten hautagaien izenak argi eta garbi adierazten ez dituztenak; kargu jakin baterako emandako botoak, baldin eta beste kargu baterako hautagaia bada; eta kargu baterako pertsona bat baino gehiago proposatzen dituztenak.
Posta bidez eman, baina estatutu hauetako 77. artikuluan ezarritakoa betetzen ez duten bozak ere baliogabekotzat joko dira.
Aukera daitezkeen kargu guztietarako botorik ematen ez duten txartelak baliagarritzat joko dira.
83. artikulua.– Erreklamazioak.
Hautesleek Hauteskunde Mahaiaren aurrean aurkez dezaketen edozein erreklamazio ebatzi beharko du mahai horrek, eta hartutako erabakien aurka ezingo da inolako errekurtsorik aurkeztu, 90. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta betiere.
84. artikulua.– Zenbaketa amaitzea eta hautaketa baliogabetzea.
Zenbaketa amaitu ostean alderatu egingo dira, alde batetik, guztira zenbat txartel izan diren eta, bestetik, zerrendan zenbat boto-emaile adierazi diren. Hauteskunde Mahaiak hautaketa baliogabetzat jo dezake horrela jokatzen ez bada. Hori gertatuz gero, Gobernu Batzordeak beste hauteskunde baterako deia egingo du ahalik eta lasterren, gehienez ere hurrengo berrogeita hamar (50) egunetan.
85. artikulua.– Zenbaketa onartzea.
Zenbaketa onartu eta gero berorren kontra erreklamaziorik dagoen galdetu beharko du presidenteak. Bat ere ez bada aurkeztu, edo aurkeztu direnak Mahaiak ebatzi ostean, emaitzaren berri ozenki emango du. Kopuru hauek adieraziko ditu: hautesleena, boto-emaileena, irakurritako txartelena, baliogabeko txartelena eta txartel baliodunena, eta azken horien artean zuriz emandako botoak eta hautagai bakoitzak lortutako botoak bereiziko ditu.
Hautestontzietatik ateratako bozen txartelak eta identifikazio pertsonalerako era guztietako agirien fotokopiak parte-hartzaileen aurrean apurtuko dira. Baliorik gabe utzi edo erreklamazioren bat izan duten txartelak salbuetsi egingo dira.
Txartelok kartazal batean sartuko dira eta Mahaiko kide guztiek eta kontu-hartzaileek izenpetuko dute kartazal hori. Ondoren, Gobernu Batzordeari bideratutako aktaren ale batekin jarriko da kartazala eta Batzordearen esku utziko da, itxita, hauteskundeen emaitza behin betikoa edo irmoa izan artean. Errekurtsoren bat aurkezten bada, kartazala EAEko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari bidaliko dio Gobernu Batzordeak, betiere itxita.
86. artikulua.– Zenbaketaren emaitzaren akta eta gorabeherak.
Zenbaketaren emaitzaren eta botazioan jazotako gorabeheren akta egingo da, hiru aletan, eta mahaikide guztiek izenpetuko dute. Hor adieraziko da bat datozen ala ez boto-emaileen kopurua eta hautestontzietan sartutako txartelak.
Horretaz gain, hautesleek aurkeztutako kexa, eragozpen edo erreklamazioak ere jasoko dira, eta Mahaiak horien gainean hartutako ebazpenen berri ere emango da. Bestalde, inolako erreklamaziorik egon ez bada, horrela adieraziko da aktan.
87. artikulua.– Hauteskunde Mahaiaren agiriak.
Honako agiri hauek entregatuko dizkio Gobernu Batzordeak Hauteskunde Mahaiari:
1) Mahaiaren eratze-akta.
2) Hautesleen eta boto-emaileen zerrenda.
3) Baztertu diren botoen zerrenda, hain zuzen ere, nortasuna behar bezala egiaztatu ez dutelako.
4) Kontu-hartzaileen eta Mahaiko kideen egiaztagiriak.
5) Bilkura-akta.
88. artikulua.– Kontseiluari jakinaraztea eta Kontu-hatzaileentzako ziurtagiria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari eta Peritu Industrialen Kontseiluari bidaliko zaio aktaren aleetariko bat, botazioa egin eta hurrengo berrogeita zortzi (48) orduen barruan.
Aktaren hitzez hitzeko kopia ziurtatua eskuratzeko eskubidea izango dute artekariek, eta bertan jasotzen diren alderdi guztiak ziurtatzeko eskubidea ere.
89. artikulua.– Aukeratutako hautagaiak aldarrikatzea.
Zenbaketaren baliotasuna aldarrikatu eta Mahaiaren aurrean aurkeztutako inpugnazioak ebatzi ondoren, aukeratutako hautagaiak aldarrikatuko ditu Mahaiak, eta euren lanpostuez jabetuko dira gehienez ere hamabost (15) eguneko epean.
Kargu berera aurkezten diren hainbat hautagai berdinduta gelditzen badira, Elkargoan aspaldikoena dena aldarrikatuko da; eta berdinketak badirau, urterik gehien dituena.
90. artikulua.– Emaitza elkargokideei jakinaraztea.
Hautaketaren emaitzak Elkargoaren iragarki-taulan jarrita jakinaraziko dira. Horretaz gain, hurrengo hamabost (15) egunetan ere jakinaraziko dira, normalean erabiltzen den informazio-sistema orokorraren bidez.
91. artikulua.– Hautetsiak aldarrikatzearen aurkako helegitea.
Hautetsiak aldarrikatzeari buruz Mahaiak hartutako erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industriaren Kontseiluaren aurrean errekurritu daiteke.
Hauteskunde-prozesuan aurkeztutako erreklamazioak erreproduzitu ditzakete helegite horiek. Hamabost eguneko epea egongo da helegiteak aurkezteko, aldarrikapena egiten denetik aurrera kontatzen hasita. Alegazio guztiak jasotzen dituen idazkiz egingo da, eta errekurtsogilearentzat bidezkoak diren frogagiri guztiekin batera aurkeztuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko eta Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluak hartutako erabakien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke.
92. artikulua.– Jakinarazpena, hautetsiak berehalakoan aldarrikatuz gero.
63. artikuluan aurreikusitako kasuan, botaziorik ez badago, azken ekintza hori burutu denaren ziurtagiria –Gobernu Batzordeko idazkariak emandakoa– bidaliko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko eta Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari, karguaz jabetu eta hurrengo berrogeita zortzi orduko (48) epearen barruan.
BOSGARREN TITULUA
HELEGITE SISTEMA
93. artikulua.– Helegiteak.
1.– Zuzenbide administratiboaren araberako ekintzek –Elkargoak emandakoak– amaitu egingo dute, indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera, administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren aurretiko bide administratiboa. Horrelakoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legera jo daiteke.
2.– Aurreko paragrafoan esandakoaz gain, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko eta Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari Elkargoak hartutako ekintza eta ebazpenen aurka, hain zuzen ere estatutu hauetan hala jasota dagoen kasu guztietan.
94. artikulua.– Helegiteak eskuordetutako administrazio-funtziotan.
Aurreko artikuluan xedatutakoa, eskuordetutako administrazio-funtzioez baliatzerakoan Elkargoak emandako ekintzen aurka aurkez daitezen errekurtsoen berri izateko Administrazioak duen eskumena aintzat hartuz ulertu behar da.
SEIGARREN TITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
95. artikulua.– Aldaketa-proposamena.
Estatutu hauek aldatu egin daitezke. Prozesu hori abiarazteko, Gobernu Batzordeak aldatzeko proposamena aurkeztu beharko dio Batzar Nagusiari, edo bestela, gutxienez elkargokideen laurden batek egin beharko du eskaera, idatziz. Proposamen horretan, berrikustekoak diren artikulua edo artikuluak zein diren zehaztuko dute, bai eta horiek zer-nola idatzi nahi dituzten ere.
96. artikulua.– Aldaketa-proposamenak eztabaidatzea eta bozkatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari eta elkargokideei emango zaie proposatutako aldaketen berri. Hamabost eguneko epea egongo da, eskuratzen direnetik kontatzen hasita, emendakinak aurkeztu ahal izateko.
Epe hori igarota, aldatzeko proposamenari zuzenketak jarri ala ez, Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egingo da, eta deialdiarekin batera elkargokide guztiei igorriko zaizkie aldatzeko proposamena eta aurkeztutako zuzenketak.
Aldatzeko proposamena edo, hala badagokio, testuari jarritako zuzenketak gauzatuko badira, Ezohiko Batzar Orokorrera bertaratutako elkargokideen gehiengoak hartu beharko du erabakia, eta botoen gutxienez hiru laurdenek osatuko dute gehiengo hori.
97. artikulua.– Kontseiluari eta Administrazioari jakinaraztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluari jakinaraziko zaio Estatutuen Aldaketa, Kontseiluak aldez aurretiko txostena presta dezan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Sail eskudunari ere jakinaraziko zaio, onartu dezan eta agindu bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dezan. Ondoren, dagokion erregistroan inskribatuko du aldaketaren agindua.
ZAZPIGARREN TITULUA
ELKARGOA DESEGITEKO PROZEDURA ETA LIKIDAZIO ARAUBIDEA
98. artikulua.– Desegiteko erabakia.
Elkargoa desegin ahal izango da aldez aurretik elkargokideen hiru laurdenek horrela erabaki badute xede horretarako deitutako Ezohiko Batzar Orokorrean botoak zuzen emanez. Desegiteko proposamenaren berri behar bezala emango zaie Elkargoa kide den Kontseilu Profesionalei, Eusko Jaurlaritzako Sail eskudunei eta Eusko Legebiltzarrari, erabakiak behar besteko berrespena izan dezan.
99. artikulua.– Batzorde likidatzailea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Kontseiluak, desegiteko proposamen adostuaren berri izan ostean, Batzorde Likidatzailea eratuko du, kide kopuru bakoitiz osatua.
100. artikulua.– Aktiboen xedea.
Ezohiko Batzar Orokorrak desegiteko proposamenaz hartutako erabakian zehaztu egingo da elkargoaren obligazio guztiak ordaindu eta gero gera daitezkeen ondasunak edo ondare-eskubideak zertara bideratuko diren, Batzorde Likidatzaileak hori egiaztatu eta exekutatu ahal izateko. Babestu egingo da, ordea, horri buruz Administrazio Publikoko diru-laguntza-, fondo- edo baliabide-sistemaren arau erregulatzaileetan ezarritakoa.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Estatutu hauetako 101. artikuluan aurreikusitako eskubide eta obligazioen subrogazioa ere gauzatuko da.
101. artikulua.– Desegiteko erabakia berrestea.
Elkargo Profesional hau Eusko Legebiltzarraren Legez baino ezingo da desegin, non eta desegitearen arrazoia ez bada lehendik dauden elkargo batera edo batzuetara biltzea, edo beste elkargo berri bat edo batzuk sortzea.
Elkargoaren desegitea xedatzen duen araua argitaratu ondoren elkargoak galdu egingo du bere nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna, non eta desegitearen arrazoia ez den elkargo profesional berri bat edo hainbat eratzea; izan ere, kasu horretan, indarrean den legeriaren arabera, eratze horrek indarra hartzen duenetik aurrera izango da eraginkorra desegitea.
102. artikulua.– Subrogazioa.
Elkargoa aurreko artikuluan adierazitako arrazoiarengatik desegiten bada, hau da, lehendik dauden beste elkargo batera edo batzuetara bildu delako edo beste bat edo batzuk sortu direlako, azken horiek subrogatuko dute elkargoa harreman eta egoera juridiko guztietan.
ZORTZIGARREN TITULUA
OHOREZKO TITULUAK EMATEA
103. artikulua.– Ohorezko sariak ematea.
Lanbidean nabarmendu direlako edo lanbideari ospea eman dioten ekintzetan parte hartu dutelako nahikoa merezimendu bereganatu dituzten elkargokideei ohorezko sariak edo bereizgarriak eman ahal izango dizkie Elkargoaren Gobernu Batzordeak.
Elkargoko kide ez den norbaiti ere eman ahal izango dio Ohorezko Saria, betiere Gobernu Batzordearen ustez egiaztatutako merezimenduak egin baditu sari hori eskuratu ahal izateko.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Gipuzkoako Industria Ingeniaritzako Gradudunen eta Ingeniari Tekniko Industrialen eta Peritu Industrialen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeari dagozkio eginkizun hauek: Estatutu hauek arautu, garatu eta interpretatzea; eta, halaber, estatutuok betetzen direla zaintzea, horretarako behar diren aginduak eta argibideak emanez.
Bigarrena.– Elkargoaren web-orria izango da elkargokideei informazioa eta komunikazioak helarazteko bide ofiziala; nolanahi ere, Gobernu Batzordeak egoki irizten badio, beste bide telematiko batzuk baliatu ahal izango ditu banakako komunikazio pertsonaletarako.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Estatutu hauetan xedatutakoa indarrean sartuko da onartu eta ofizialki argitaratzen den unean. Horrek, aurreko estatutuetan xedatutakoa indarrik gabe utziko du.