EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017038

IRAGARKIA, 01/2017 Zirkularrari buruzkoa: 2017ko urtarrilaren 12ko Osoko Bilkuraren Erabakia, babestutako gaztaren, gazta hori egiteko esnearen eta kontraetiketak ematearen gaineko derrigorrezko exakzio parafiskalak kalkulatzeko oinarriei buruzkoa, eta horiek biltzeari buruzkoa.

Xedapenaren data: 2017-02-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201700996
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
Inskribatutako guztiei jakinarazten diegu ezen, ikusgai dagoela 01/2017 zirkularra, zeina 2017ko urtarrilaren 12ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiei buruzkoa baita, hain zuzen ere, ondoko arauetan ezarritako exakzio parafiskalei dagokienez: 25/1970 Legearen 90. artikulua; Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren Erregelamenduaren 36. artikulua, eta 1993ko azaroaren 30eko Agindua. Zirkular hori Kontseilu Arautzailearen bulegoan dago ikusgai, Arkauteko Nekazaritza Etxaldean eta aipatu exakzioak jarraian zehazten dira:
1.– 2017ko kanpainarako, babestutako gaztaren balioaren % 1eko exakzio parafiskala kalkulatzeko, 16,13 euro/kg-an ezarri da.
Prezio errealei buruz operatzaileei kontsultarik egin barik, exakzio parafiskala kalkulatzea ahalbidetzeko bakarrik finkatu da prezio hori, betiere ezein informazio sentsibleren trukea baztertzeko, baldin eta informazio horrek jokabide kolusorioak erraztu ahal baditu, justuki Lehiaren Defentsari buruzko Legearen 1. artikuluan galarazitakoak.
Exakzioaren kalkulua errazteko, gaztaren 16,13 euro/kg-ko oinarria honako hauei aplikatu zaie: gaztandegi bakoitzak gazta egiteko erabilitako esne litroei, gaztandegiek 2016an izandako batez besteko errendimendua kontuan izanda, zeina, Kontseilu Arautzailearen estatistika-datuen arabera, babestutako gazta kilo bakoitzeko 6,41 litrokoa izan baitzen. Eta hortik ondorioztatzen da 2,516 euroko balioa, babestutako gazta egiteko erabili den esne litro bakoitzeko. Hortaz, babestutako gaztari doakion exakzioa 2017ko kanpainarako hauxe da: 0,02516 euro, babestutako gazta egiteko erabili den esne litro bakoitzeko.
2.– Litroko 0.006 euroan mantentzen da esnearen exakzio parafiskala, 2017ko kanpainarako.
Kobrantza bakarrean egingo da exakzioen bilketa, kanpaina bukatutakoan.
3.– Kontraetiketen prezioa milako 14,9072 euroan mantentzen da, eta, beraz, exakzio parafiskala, 2015eko kanpainarako emateagatik, milako 29,81 euroan (bere kostu-prezioaren bikoitza).
4.– Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren Erregelamenduko 18. artikuluaren 5. paragrafoan ezartzen denez, «Erregelamendu honek emandako ezein eskubide baliatzeko, edo Kontseilu Arautzaileak ematen dituen zerbitzuen onurak izateko, artzaintzak edo instalazioak inskribaturik dituzten pertsona fisikoek eta naturalek eguneraturik izan beharko dute euren obligazioak ordaintzearena».
Xedapen hau betetzearren, Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkurak, 2011ko ekainaren 28an egindako batzarrean, zera erabaki zuen: esnea entregatu eta «Idiazabal» gazta egiteko erabiltzeko, eguneraturik izan beharko da aurreko kanpainan entregatutako esnearen exakzio parafiskalaren ordainketa.
Xedapen hori betetzearren, Kontseilu Arautzailearen Osoko Bilkurak, 2009ko otsailaren 26an egindako batzarrean, erabaki zuen ezen, inskribatutako gaztandegiei Idiazabal jatorria bermatzeko kontraetiketak honelaxe entregatuko zaizkiela: agiriok emateagatiko nahitaezko exakzioa eta euren kostua ordaindutakoan, betiere pagatu behar dituen exakzio parafiskalen ordainketa eguneraturik badu eskatzaileak.
Era berean, 2010eko urtarrilaren 29an, Kontseiluaren Osoko Bilkurak zera erabaki zuen: Kontseilua Arautzaileak inskribatutako gaztandegiei emandako fakturak ordaintzeko, zenbait ordainketa era onartzea, betiere faktura ematen denetik harako 15 eguneko epean gauza badaiteke ordainketa.
Eta guzti horren berri ematen da aditzera, jendea jakitun izan dadin, eta dagozkion ondorioak sor ditzan.
Arkaute (Araba), 2017ko otsailaren 10a.
Lehendakaria,
JOSÉ MARI USTARROZ.