EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017038

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 14koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena. Honen bidez, Mutrikuko portuko antzinako kofradiaren eraikina okupatu eta ustiatzeko jabari publikoko emakidaren esleipen-prozedura amaitzea erabaki da.

Xedapenaren data: 2017-02-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201700980
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/10/14an argitaratutako 2016/08/03ko IRAGARPENA [201604345]

Lehenengoa.– Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko abenduaren 5eko Ebazpenaren bitartez, jabari publikoko emakidaren esleipen-prozedura bati hasiera ematea erabaki zen, Mutrikuko portuko antzinako kofradiaren eraikina okupatu eta ustiatzeko.
Bigarrena.– 2017ko otsailaren 4an Mutrikuko portuko kofradia zaharreko eraikinean sute larria gertatu da.
Gertatutako kalteen larritasuna agerikoa da, izan ere, lurralde zerbitzuaren txostenaren arabera, instalazioen % 70a suntsiturik legoke, eta eraikinaren ezaugarri formalez gain, ezaugarri estrukturalak ere kaltetu dira, bereziki Bentaleku museoa.
Egoera honen aurrean, inguruabarrak aldatu dira eta horrek beharrezkoa egiten du eraikinaren planteamendu berria egitea. Planteamendu berri horren ezaugarriak ez daude oraindik zehaztuak, baina, edonola ere, horiei buruz gogoeta egin beharko da eta behar diren balorazioak egin.
Hirugarrena.– Herri Administrazioen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz «Prozedura amaitu egingo da, era berean, gerora sortutako arrazoiak direla-eta prozedura ezin bada inola aurrera eraman».
Laugarrena.– Portuetako Jardueren Erregelamenduko 3. artikuluak –urriaren 21eko 236/1986 Dekretuaren bidez onartutakoa– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitzen dizkio honako hauek: portuen antolamendua, portuetako zerbitzuen kontrola eta kudeaketa, eta, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko portuetako instalazioetan eta portuetan burutzen diren jarduerekin zerikusia duen oro.
Bosgarrena.– Esandakoarekin bat, ikusita lurralde-zerbitzuak egindako txostena, eta zuzendaritza honek –Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluetan jasotakoak baliatuta– dituen ahalmenen arabera (dekretu hori indarrean dago Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Lehendakariaren Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren arabera), hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Mutrikuko portuko antzinako kofradiaren eraikina okupatu eta ustiatzeko jabari publikoko emakidaren esleipen-prozedura amaitzea, gerora gertatutako arrazoiengatik jarraitzea materialki ezinezkoa delako.
Bigarrena.– Epazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek daraman datatik aurrera izango ditu ondorioak.
Laugarrena.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Garraioetako sailburuordearen aurrean edo ebazpena eman duenaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 14a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.