EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017035

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 3koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea zabaltzeko tarteari buruzko informazio-azterlana (1. fasea) behin betiko onartzen duena.

Xedapenaren data: 2017-02-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201700902
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/04/06an argitaratutako 2016/03/31ko EBAZPENA [201601433]
  • Ikus 2017/02/15ean argitaratutako 2017/01/31ko EBAZPENA [201700834]

2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuan, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana, eta bertan dago jasota, nahiz eta modu definitibo batean ez izan, Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea hegoaldera zabaltzeko proposamena, hedapen zentzuzkoena delakoan.
Proposatutako tranbia-hedapen horri esker, Adurtza eta San Cristobal auzoek hiriaren erdigunearekin eta ipar-mendebaldearekin duten lotura hobetzen da, garraiobide-sistema horretaz baliaturik. Horretaz gain, auzo horiek autobus-geltoki berriarekin lotzeko aukera sortzen da, eta unibertsitateari eta haren eraginpeko eremuari beste zerbitzu bat ematen die.
Hori dela eta, informazio-azterlan horren xedea da tranbiaren ibilbidea zabaltzea; horretarako, gaur egun ustiatzen den linearen hegoaldeko muturretik (Angulema kalea) harako hedapena egingo da, Arabako unibertsitate-campusaren zonalderaino.
Dokumentuan, informazio-azterlanaren mailan dago definituta zer obra behar diren Gasteizko tranbiaren ibilbidea unibertsitateraino luzatzeko, bermatuta dago tranbia-hedapen horretako hiri barruko bidegunea bideragarria eta bateragarria dela, zenbatetsita dago helmenari doitutako aurrekontu bat, eta haren barruan sartu dira indarreko legeek izapidetzeko ezartzen dituzten gainerako azterlan eta eduki guztiak.
Trazadura 1400 m luze da, Angulema kalean du hasiera, Florida kalera joateko ezkerretara biratzen du, eta kalearen iparraldean jartzen da. Horren ondoren, ADIFen tren-lubakia zeharkatzen du, Triana zubitik (zubia zabaldu beharko da); Castro Urdiales kalean eta Nieves Cano kalean segitzen du, eta Martínez de Aragón kalean du amaiera, lorategien aldean.
4 geltoki-mota daude aurreikusita, hirigunean txertatzeko moduaren arabera. Floridako eta Hegoaldeko geltokiak erdiko nasan planteatu dira, eta Triana zubikoa eta unibertsitatekoa alboko nasan, hiriko errepideko garraiobide publikoarekin partekatu ahal izateko moduan.
Aipatutako informazio-azterlana eta haren barruko ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36.1 artikuluarekin bat, hala xedatzen baitu Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak. Ondorioetarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2016ko martxoaren 31ko Ebazpena onartu, eta argitara eman zen, 2016ko apirilaren 6an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, egun berean, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, bai eta El Correo eta Diario de Noticias egunkarietan ere. Vitoria-Gasteizko Udalaren iragarki-taulan ere egon da ikusgai hogeita hamar egun.
Izapide horietan, erakundeek jendaurreko entzunaldiaren izapideari buruzko lau txosten bidali zituzten, eta jendaurreko informazioaldiaren izapideari buruzko hamalau alegazio; horiek banaka erantzungo dira. Aurkeztutako alegazioek ez zuten informazio-azterlana zalantzan jartzen, eta alegazio horietan azaldu eta onartu diren xehetasun-gaiei ondorengo fasean erreparatuko zaie, eraikuntza-proiektuari dagozkio eta. Dena den, trazadura 60 metro luzatuko da hegoalderantz, Vitoria-Gasteizko udalak eskatuta.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko urtarrilaren 31ko Ebazpenaren bidez egin zen Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea hegoaldera (1. fasea) zabaltzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena, zeinean, gainera, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri baitziren, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektua, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen). Horrek indarrean dirau Lehendakariaren 2016ko azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Behin betiko onartzea Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea zabaltzeko tarteari buruzko informazio-azterlana (1. fasea), bai eta jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea ere.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo horri edo Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hileko epean; hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako gisan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 3a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.