EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017029

41/2017 DEKRETUA, otsailaren 7koa, Barakaldoko (Bizkaia) Munoa Jauregia monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun deklaratzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201700041
Xedapenaren data: 2017-02-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201700764
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/09/05ean argitaratutako 2016/09/01eko EBAZPENA [201603795]

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bere gain hartu zuen, Konstituzioaren 148.1.16. artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19. artikulua kontuan hartuta. Bere gain hartutako eskumena egikarituta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituen Euskal Kultura Ondareari buruzkoa.
Eskumen horiek baliatuz, espediente bat izapidetu da, Barakaldoko (Bizkaia) Munoa Jauregia kultura-ondasun deklaratzeko, interes historiko-arkitektonikoa baitauka.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2016ko irailaren 1eko Ebazpenaren bidez, (2016ko irailaren 5eko EHAA, 168. zk.), hasiera eman zitzaion Barakaldoko (Bizkaia) Munoa Jauregia monumentu multzo kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari.
Jendaurreko informazio publikoa emateko eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea zabalduta, zenbait alegazio aurkeztu zuten Barakaldoko Udalak eta, Echevarrieta familiaren ordezkaritzan, Roberto Sterlingek.
Barakaldoko Udalaren alegazioen funtsa da jauregiari erabilera publikoa emateko interesa, haren jabea baita. Hori dela eta, zenbait eskaera egiten ditu, argitara emandako babes-erregimena aldatze aldera, hain zuzen ere erabilera hori eta horretarako egin beharreko egokitzapen-lanak bateragarriak izan daitezen ondasunaren babesarekin.
Lehenengo eta behin, eskaera egiten du aukeratuko den erabilera publikorako ezinbestekoak diren elementuak eraikinean berariaz sartu ahal izateko, bai eta berreraikitze-lanetan gaur egungo materialak erabiltzeko ere, estalduran bereziki. Gainera, higiezinaren garrantzia azpimarratze aldera, sotoa zabaltzeko aukera onartzeko eskatu du, ekialdera, gutxienez.
Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek alegazioei erantzuteko emandako txostenak dioenez, bateragarriak dira gaur egungo materialak erabiltzea eta eraikina kontserbatu eta sendotzea. Hala ere, Babes Erregimenaren 11.2 artikuluan –estaldurari buruzkoan– argitara emandako testua argitzeko asmoz, alegazioa partez onesten da, eta berariaz zehazten da materiala jatorrizkoaren mota berekoa izan behar dela, baina ez jatorrizkoa bera.
Eraikin nagusia zabaltzeko aukerari dagokionez, ordea, adierazi du ez dela onargarria, zuzenean eragiten baitie eraikinaren formari nahiz diseinuari, eta horiek funtsezko kualifikazio-faktoreak dira. Horri dagokionez, txostenak zehaztu du, erakinaren zabalkundea ez onartuta ere, okupazio berriak baimendu litezkeela eraiki gabeko lursailean, betiere bermatzen bada ondasun deklaratuaren balioen kontserbazioa, eta okupazio berria justifikatuta badago monumentu-multzoaren garrantzia azpimarratzeko ekintza-plan baten barruan. Txostenak dioena ikusita, beraz, alegazioa ezesten da.
Bestalde, Udalak eskatu du zehaztapen bat sartzeko babes-erregimenean: jatorrizko itxitura eta burdin-hesia berreskuratzea ahal den eta material antzekoenak erabilita. Alde horretatik, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostenak bereizten ditu oraindik kontserbatzen diren elementuak eta kontserbatzen ez direnak. Lehenengoei dagokienez, II. eranskinean berariaz aipatzen du sarbideko jatorrizko burdin-elementuetatik kontserbatzen direnak berreskuratu beharra. Ondoren, kontserbatzen ez diren elementuei dagokienez, txostenak dio berreskuratze-irizpidea 10. artikuluan ezarrita dagoela, esku hartzeko erregimen espezifikoari buruzkoan. Artikulu horretan, zaharberritze zientifikoko irizpideak aplikatzeko exijitzen da, eta haien artean, desagertutako atalen berreraikitze filologikoa eta berreskuratu ezin diren atalak sendotzea jasotzen dira. Nolanahi ere, alegazioa aztertuta, txostenak dio egokia dela 3. artikuluaren testua egokitzea, lorategiari buruzkoa, han jasotzen baita inguruko harrizko itxitura, jatorrizko burdin-hesia barne duena. Hain zuzen ere, hesi hori berreskuratu beharra dago, eta, txostenak zehazten duenez, horretarako, jatorrizkoekin ahalik eta antz handiena duten materialak erabiliko dira. Hortaz, txostena ikusita, partez baiesten da alegazioa, eta 3. artikulua aldatzen da, lorategiari dagokionez.
Hirugarrenik, Udalak eskatzen du berariaz baimena emateko higiezinera eta lorategira sartzeko bideen zoladura aldatzeko; izan ere, bide horien konfigurazioa eta egoera arriskutsuak izan litezke mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat.
Eskaera hori dela eta, alegazioei erantzuteko txostenak ebazten du asfalto-zola ezin dela onartu Munoako bideetan, irisgarritasun-araudian oinarritutako arrazoiak direla eta. Ondorioz, ezetsi egiten da alegazioa.
Azkenik, garajeko eraikinari dagokionez, kontuan hartuta nolakoa den eta zein egoeratan dagoen, Udalak uste du onartu beharko litzatekeela haren barne-antolamendua eta -banaketa aldatzea, bai eta eraikina zabaltzea, eraikin exentu bat eginez bada ere, emango zaion erabilera publikoak hala eskatuz gero.
Garajeko eraikinaren alegazioaz, txostenak berresten du ez dela onartzen oinplanoa zabaltzea baina onartu litekeela baimena ematea eraiki gabeko lursailetan okupazio berriak ezartzeko, betiere lehenengo alegazioari emandako erantzunaren baldintza berdinetan. Garajearen barne-antolamenduaz eta -banaketaz, txostenak dio ez dela ezarri muga espezifikorik, barnealdea aldatzea eragozten duenik, ez deskribapenean, ez proposatutako babes-erregimenean. Hala ere, txostenak dioenez, multzoko elementuekiko koherentziari eusteko, garajeari eman nahi zaizkion erabilera berriek bateragarriak izan behar dute jatorrizko eraikin motarekin, eta, halaber, autentikotasun- eta osotasun-printzipioak errespetatu behar dira, hau da, eraikinaren forma, diseinua, eta materialak. Txostenak dioena ikusita, beraz, alegazioa ezesten da.
Bestalde, Roberto Sterlingek eskatzen du ondasunaren deskribapena aldatzeko, zehazki lorategiko eskulturena. Izan ere, deskribapenak dio Valentín Dueñas eskultorearenak direla, baina, bakarra da autore horrek egina, Dama izenekoa; bestea, Eva deritzona, Nemesio Mogrobejo eskultorearena da.
Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek, horri dagokionez, onartzen dute zehaztapena zuzena dela. Horrenbestez, alegazioa baiesten da, eta beharrezkoak diren aldaketak egingo dira espedienteari hasiera emateko ebazpenarekin batera argitara emandako eranskinetan.
Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko otsailaren 7ko bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Barakaldoko (Bizkaia) Munoa Jauregia Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea, monumentu-multzo kategoriarekin.
2. artikulua.– Ondasunaren mugaketa dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da, han adierazitako arrazoiak oinarri dituela.
3. artikulua.– Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultura ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.
4. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-erregimena onestea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Munoa Jauregia.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango dio Jabetza Erregistroari, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Dekretua jakinaraziko zaie, halaber, honako hauei: Barakaldoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Barakaldoko Udalari (Bizkaia) eskatuko dio udal-hirigintzako araudia aldatzeko, monumentu-multzo horretarako ezartzen diren babes-erregimeneko betebeharretara egokitu dadin, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, herritar guztiak jakitun egon daitezen.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udal-plangintza dekretu honetan ezarritako babes-erregimenari egokitu arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oniritzia eman arte, Monumentu-multzoren mugaketaren eremuan egin beharreko esku-hartzeak egiteko, beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da, hala ezartzen baitu Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko otsailaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA, OTSAILAREN 7KO 41/2017 DEKRETUARENA
MUGAKETA
Mugaketaren deskribapena.
Alde batetik, mugaketak eraikuntza-unitate osoa barne hartzen du. Unitate hori jauregiaren eraikinak eta haren lorategi-lursailak osatzen dute, garajearen eraikina, ataurrea eta sarrerako atea barne hartuta. Halaber, jauregiko lorategi osoa barne hartzen da, Ismael Gorostizak egindako planoaren araberako trazadura historikoarekin eta lorategiarekin lotutako hirigintza-elementuekin: putzua, Valentín Dueñas eta Nemesio Mogrobejo eskultoreen eskulturak, jauregiko aurrealdeko kanpo-eremuko barkalunak eta pitxer handiak, lorategiaren goiko aldean glorieta forman kokatutako lau bankuak eta, mugaketaren barruan kokatuta egonik, 100 cm-ko perimetroko edo gehiagoko enborra duten zuhaitz guztiak.
Horiez gain, mugaketaren barruan daude jatorrizko lursailaren hegoaldeko eta ekialdeko zatiak, jauregira sartzeko hasierako sarreraren hondarrak eta finkaren jatorrizko itxituraren hondarrak ere, Bilbotik Portugaletera doan errepide zaharreko trazaduraren ondoan.
Hala, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: hegoaldeko eta ekialdeko ertzetan, hasierako sarrera-atearen eta finkako jatorrizko hormaren hondarrak; mendebaldean, finkako jatorrizko hormaren zatia, jatorrizko materialekin, ataurrea eta sarrerako ate handia, baita horma berriko trazadura ere, Llano kalearen ondoan, dagokion material- eta kolore-zuzenketarekin; iparraldean, goiko aldean, Munoa eskola-taldeak definitutako muga, jatorrizko hormaren hondarrekin topo egin arte, finkako beheko aldean.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa honako honek justifikatzen du: Munoa jauregiaren monumentu multzoaren eta haren inguruko kultura- eta ingurumen-balioak gordetzeko beharrizanak.
Mugaketak gaur egungo lursail osoa eta hegoaldeko mugako espazioa babesteko eskatzen du, Bilboko metropoliko lursaileko muino batean kokatutako multzo horren izaera propioa eta ezohikoa gorde eta balioztatze aldera.
Beraz, ezarritako mugaketak eraikuntza bera ez ezik, erantsitako planoan definitutako eremu mugakidea ere hartzen du, eraikuntza multzoa eta horri lotutako lursaila barne hartzen dituena.
II. ERANSKINA, OTSAILAREN 7KO 41/2017 DEKRETUARENA
DESKRIBAPENA
Munoa Jauregia.
Barakaldo udalerrian dagoen eraikin errektangeluarra da, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarraren gaineko ikuspegia duen muino batean kokatuta dagoena, hain zuzen ere, Gurutzeta, Burtzeña, Llano eta Lutxana auzoak elkartzen dituen lorategi-eremu batean. Eraikina estalki amansardatu batez estalita dago (estalkiaren gorputz nagusia teilazkoa da, eta alboetakoa arbelezkoa), eta zerbitzu-solairu bat, bi solairu altu eta estalkipean dagoen solairu bat ditu.
Gaur egungo itxura 1916an hartu zuen, Ricardo de Bastida arkitektoak egindako obraren ondorioz. Hark, Rafael Echevarría Azkarateren eta honen emazte Amalia Echevarrietaren ekimenez, hasiera bateko jauregitxoa aldatu zuen. Jauregitxo hori 1860. urte inguruan eraiki zen, Juan Echevarría La Llanaren udako egoitza izateko.
Lehen eraikin hori, geroago, Echevarría-Echevarrieta senar-emazteek erabili zuten, eta Horacio Echevarrieta ere bizi izan zen han. Bilboko itsasadarreko ibai-sistemaren ikuspegi onena zuen lursailean kokatu zen, eta fatxada nagusia hego-ekialdera begira zegoen, eta sarrera nagusia finkaren beheko aldean zuen. Hasierako bolumenetik kontserbatzen dira, bolumena bera eta hasierako eraikuntza-elementu asko, hala nola fatxadako hutsuneak eta horiek berriz hesitzeko harriak eta moldura apaingarriak eta errementaritzako eta zurgintzako zenbait lan.
Bastidak egindako berritzeak jatorrizko eraikinaren estilo frantsestua errespetatu zuen, eta bolumenari monumentaltasuna ematen zioten bi gorputz simetriko gehitu zituen, bakoitza hasierako eraikineko mutur batean. Horrez gain, kareharrizko terraza bat gehitu zuen, solairu nagusiaren maila berean kokatua. Solairu nagusira solairu horretako ateetatik sartzeaz gain, kanpoaldetik ere sartzea dago, bi eskailera simetrikoren bidez. Horiek ere harrizkoak dira, eta, kurba pixka bat duen bide bati jarraituz, terrazara iristen dira.
Ondorengo fase batean, Bastida arkitektoaren zuzendaritzapean ere, atezaintzako pabilioia, autoak sartzeko ate handia, garajearen eraikina eta baratzeko ustiapenarekin lotutako korta-baserri bat eraiki ziren. Gaur egun, ez dira kontserbatzen ez atezaintzako eraikina, ez eta korta-baserrikoa ere.
Halaber, Bastidaren esku-hartzearen ondorioz, etxera sartzeko sarrera nagusi berri bat eraiki zen, Bilbo eta Santurtzi arteko errepideari begira, eta horrek inguru horretako kokalekua aldatu zuen.
Esku-hartze osoa «Beaux-arts» estiloko elementu bereizgarriz beteta dago. Osaera simetrikoa du, bai eta ardatz bertikalen arabera antolatutako hutsuneak ere, eta bolumen nagusia pixka bat atzera eramanda dago, alboko hegalekin batera kokatuta geratzeko. Hegal horiek kuxin moduko pilastrak dituzte ertzetan.
Horizontalki, solairuen banaketa agerikoa da fatxadetan, inpostak erabiliz. Elementu apaingarriak nabarmentzearren, osaerak txandakatze kromatikoa sartzen du elementu horien eta harresien artean. Eraikin osoa altxatutako ataletan zehar doan hegal jarraitu batekin amaitzen da, eta bolumen nagusian balaustrada bat gehitzen da.
Solairu nobleetan, behekoa eta lehenengoa, arku beheratua duten baoak ageri dira, harlanduarekin berriz hesitua eta giltzarri molduradunarekin. Beheko solairuan, hutsune guztiek terraza zabalera sartzeko aukera ematen dute, eta, lehen solairuan, erlaitzen gainean karelak dituzten hutsuneak daude, nagusian izan ezik, forjazko balkoi dat baitu. Gainerako solairuetan, baoek tamaina eta estilo ezberdinak dituzte, espazioen hierarkia adierazteko.
Solairuen antolamendua burgesen egoitza-eraikinetan ohikoa da: espazioa antolatzen duen korridore baten bi aldeetan banatzen dira gelak. Gelen antolamenduari dagokionez, beheko solairuan eraikinerako sarbidea dago eta bertan areto adierazgarriak daude: Areto Nagusia izenekoa, eraikinaren hegoaldeko muturrean organo bat duena, sarrerako atari nagusiaren alboetan dauden bi areto gehiago, jantokia ofizioarekin, bulegoa, kapera, komun bat eta josteko gela bat. Lehenengo solairuan gela pribatuak daude: 7 logela eta lau bainu- eta apain-gela. Esltalkipeko solairuan zerbitzarien gelak daude: zerbitzarientzako 6 logela, komuna, arroparentzako gelak eta biltegiak. Eta erdisotoan, sukaldea eta zerbitzarien jangela daude, lisatzeko gela, garbitokia, esekilekua, upeltegia, biltegia, jaki-tokia, ikaztegia, galdara eta komun bat. Erdisotora sartzeko beheraka doan eskailera nagusi baten zati bat erabili behar da. Eskailera horren hasiera da eraikinaren atzeko fatxadako erdian kokatutako ate nagusia.
Eraikitako bolumenaren barnealdeko espazioez gain, kanpoko terrazaren egiturak galeria bat kokatzen du lorategiarekin lotutako gune gisa. Hala ere, eguraldi txarretik babestua dago. Espazio hori lauza ikusgarriz estalita dago, apaindura geometrikoak eta lorekoak dituztenak.
Garajearen eraikina.
Garajearen eraikina finkaren goiko aldeko sarrera nagusiaren ondoan kokatzen da. Beheko solairu bat eta estalki amansardatudunpeko solairu bat ditu, eta, haren funtzio-programan, ibilgailuen aparkalekua ez ezik txoferraren etxebizitza ere jasotzen ziren.
Garajeko pabilioia eraikitzeko erabili ziren eraikuntza- eta osaera-elementuak jauregiko erakinean erabilitakoen antzekoak dira; hortaz, eraikinaren irudi koherentea lortzen laguntzen dute. Gaur egun, hormak estaltzeko elementuak berreskuratu behar dira, baita jatorrizko pabilioiko estalkiarenak zein sarbidearen jatorrizko aroztegiko elementuak (kontserbatzen direnak) ere.
Lorategia.
Lorategiaren gaur egungo antolakuntza finkak izan duen bilakaera historikoaren ondorioa da. Hasiera batean, etxearen eta jabetzaren beheko aldearen arteko eremua hartzen zuen finkak, eta, bigarren fase batean, etxearen eta gaur egungo Llano kalearen arteko eremua gehitu zituen.
Eremu zabala da, sei hektarea ingurukoa. Seguruenik Bastidak berak diseinatu zuen eta eraikin nagusia duin bihurtzeko pentsatua dago, bai eta bertan bizi direnen intimitatea bermatzeko ere.
Orokorrean, ingeles motako lorategi bat da, itxura naturala duena, landaredi dentso eta ugaria duena, are nabarmenagoa dena eraikin nagusitik urrun dauden guneetan. Trazadura bihurriko bidexkaz lotua dago eta zenbait eskulturak osatzen dute. Horiek, balio artistikoa emateaz gain, erromantizismoz betetzen dute eremua eta agerian uzten dute jauregian bizi direnentzako kalitatezko espazio bat sortzeko nahia.
Emaitza lorategi-eremu bat da, laua zein aldapatsua, eraikin nagusiarekin lotura zuzena duena, baina, gainera, txertatuta dagoen metropoli-inguruarekin ere espazio-harremana baduena; izan ere, paisaia-balio bereziak eransten dizkio ingurune horri.
Lorategira sartzeko gaur eguneko sarrera nagusia finkako goiko aldeko antzinako sarreraren bidezkoa da, Llano kaleari begira dagoena, eta jatorrizko itxiduraren harrizko harresiaren parte dena. Erabilitako konponbidea kareharrizko harlanduzko pilare handi landu batzuetan oinarritzen da, egoera onean kontserbatzen direnak. Hala ere, sarrera horrek jatorrizko errementaritza berreskuratu beharko luke, kenduta baitago.
Lorategia antolatzeko trazari dagokionez, historian zehar izan dituen aldaketak gorabehera, hein handi batean ezagut eta berreskura daiteke. Izan ere, hortik igarotzen diren ibilbideak Ismael Gorostizak 1925ean egindako planoetan zehazten dira.
Lorategiaren urbanizazioak barne hartzen ditu zenbait elementu, lorategiaren parte direnak, lorategiari egitura ematen laguntzen dutenak, eta monumentu multzoari itxura dotoreagoa ematen diotenak; esaterako: finkaren goiko aldean kokatutako putzu zabala; Nemesio Mogrobejo eskultorearen obra, «Eva», eta Valentín Dueñas eskultorearena, «Dama», eta honako altzari hauek: balaustradak, jauregiko aurreko aldeko pitxer handia, eta lorategiko goiko aldean glorieta forman kokatutako lau bankuak.
Edonola ere, apaintzeko zuhaitzak eta zuhaixkak (500etik gora) dira nagusi, besteak beste zedroak, izeiak, ezkiak, palmondoak, makalak, pinuak eta magnoliak. Horiek, oro har, biriki berde bat osatzen dute biztanle-dentsitate handia duen metropoli batean.
Putzua.
Brontzezko eskultura, «Eva».
Harrizko eskultura, «Dama».
Pitxer handiak.
Kanpoaldeko bankuak.
III. ERANSKINA, OTSAILAREN 7KO 41/2017 DEKRETUARENA
BABES-ERREGIMENA
I. KAPITULUA
BABES-ERREGIMENEKO XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes Erregimenaren xedea.
Babes-erregimen hau Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz idatzi da, oinarri hartuta Munoa jauregiak eta hari lotutako lorategiak osatzen duten monumentu-multzoa Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko abiarazitako espedientea. Erregimen hau deklarazio horren parte da.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua
Jarraian zehaztuko den babes-erregimena I. eta II. eranskinetan hurrenez hurren ezarritako mugaketa eta ezaugarriak kontuan izanda kalifikatutako ondasunari aplikatzeko da.
3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko elementuak.
Deklaratutako multzoan, honako hauek dira bereziki babestu beharreko elementuak eta, ondorioz, garrantzi berezikotzat jotzekoak:
– Eraikinaren bolumetria, gaur eguneko konfigurazioarekin, haren fatxaden osaera, hormen eraikuntza, egitura eta estalkia, eta jauregiaren eraikinaren espazio- eta tipologia-antolamendua. Hori guztiari dagokionez, Ricardo Bastidaren proiektuaren jatorrizko planoetan behar bezala dokumentatutako konponketak eta berreraikitzea baino ez dira onartuko.
– Kanpoko eta barruko fatxadak, beren dimentsioekin, proportzioekin, formekin, testurekin eta koloreekin, oinaldeak, balkoiak, erlaitzak eta balaustradak barne, baita hutsuneak ixteko elementuak ere.
– Gainazaleko akabera eta barrualdeko espazioen jatorrizko dekorazioa, zoruetan, paretetan eta sabaietan. Halaber, bereziki babestu behar dira multzoan kontserbatzen diren tximinia eta lauzazko estaldura guztiak.
– Lorategia –perimetroko harrizko itxitura eta jatorrizko burdin-hesia barne hartuta, (berreskuratu beharko direnak jatorrizkoaren ahal den eta antzekoenak diren materialak erabiliz)– eta II. eranskinean deskribatutako eraikuntza eta elementu erantsiak.
Halaber, finkako jatorrizko itxituran erorita dauden zatiak berreskuratu beharko dira. Lorategiaren parte dira, kontserbatu beharreko elementu gisa, gaur egun bertan dauden zuhaitz guztiak, betiere 100 zentimetroko edo gehiagoko perimetroko enborra dutenak, baldin eta paisaiaren eta ingeles motako lorategien bilakaera historikoaren parte izateko nahikoa zaharrak badira.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-erregimen honetako preskripzioak lotesleak dira, eta multzoa arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-erregimen hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatutako arau hori betetzeko, babes-erregimenaren helburu den multzoari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak nahitaezkoa izango du Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren aldeko txostena lortzea.
5. artikulua.– Arau orokorrak.
1.– Babes-erregimen honek babesten dituen ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoaren menpe egongo dira baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoetarako.
2.– Babes-erregimen honen eraginpean dauden ondasunen jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeko 199. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
3.– Ondasun horiek eraisteko, dela osorik, dela zati bat, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak bere 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA
ERABILERAK
6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako erabilera hauek baino ez dira baimenduko: higiezinen kontserbazio egokia bermatzen dutenak, eta horrekin batera, babes-erregimen honen 3. artikuluan aipatzen diren elementuentzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.
2.– Aurreko paragrafoan sartuta ez dauden gainerako erabilera guztiak debekatutako erabileratzat joko dira.
7. artikulua.– Eraikuntza-araudira egokitzea.
Edozein motatako erabilera berri bat emateko egokitzapenak edo babestutako ondasunei egiten zaizkien esku-hartzeek aintzat hartuko dute gai horretan indarrean dagoen sektoreko araudiaren irizpideak betetzen direla, babes-erregimen honetako III. kapituluan eraikinentzako ezarritako mugak errespetatuta. Horrek guztiak ez du esan nahi Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuan kultura-ondareari buruz ezarritako salbuespen orokorra bete behar ez denik.
III. KAPITULUA
ESKU-HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.
Babes-erregimen honen eraginpean dauden ondasunen gain edozein esku-hartze egin aurretik, dagokion proiektua prestatu beharko da, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2.c artikuluan ezarrita dagoenez, zehazki, kultura-ondareari dagokionez.
Proiektuaren dokumentu-edukia Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen 314/2006 Dekretuan ezarritako orokorra izango da; edonola ere, eraikinaren babes-mailara eta esku-hartzearen izaerara egokitu beharko da.
Horretarako, proiektua Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 29. edo 33. artikuluan ezarritakoaren arabera izapidetu beharko da.
9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.
Higiezinean baimendutako esku-hartzeei ezarritako mugak helburu dauka higiezinaren balio historikoak eta arkitektonikoak babestea. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatuta daude, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa higiezinari, eta, hain zuzen ere, babes-erregimen honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.
Orokorrean, honako esku-hartze hauek galaraziko dira: babestutako higiezinaren balio historiko eta arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkietenak, bai eta babes-erregimen honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Horretarako, esanbidez baimenik gabeko jarduntzat hartuko dira honako hauek:
1.– Bolumenean egindako aldaketak, non eta ez diren Bastidaren proiektuko jatorrizko planoetan argi dokumentatutako egokitzapenak edo birsorkuntzak.
2.– Eraikin nagusiaren ondoan eraikin berri bat egitea dakarren azalera aldatzea.
3.– Aldaketak egitea barrualdeko eta kanpoaldeko fatxadetan, fatxada horietako osagaietan, horien tratamenduetan eta baoen jatorrizko kokagunean eta kopuruan; gainera, baoen jatorrizko tamaina eta proportzioa mantendu beharko dira.
4.– Estalduraren jatorrizko antolaeran aldaketak egitea –estaldura altxatzea, esaterako–; aldapak aldatzea; hegalen antolaeran eta kopuruan aldaketak egitea, salbu eta jatorrizko proiektuko planoetan dokumentatuta daudenak.
5.– Jauregiaren tipologia-antolamenduari, bolumetriari edo solairu-banaketari eragiten dizkioten jauregi-barnealdeko aldaketak; apaintzeko jatorrizko elementu arkitektonikoak kontserbatu behar dira.
6.– Eraikinaren egituraren eta bertako eraikuntza-konponbideak aldatzea.
7.– Jauregiaren eraikin nagusiaren ondo-ondoko espazioan egindako esku-hartzeak, haren itxura orokorra eraldatzen dutenak. Hala ere, mendebaldeko fatxada nagusian, mendebaldeko fatxadarako sarbidea babesten zuen jatorrizko bisera berreskuratzea onartuko da
8.– Oro har, babes-erregimen honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aurreikusten ez den esku-hartze oro egitea, babes bereziko elementuen gain egiten badira.
2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK
10. artikulua.– Esku hartzeko erregimen espezifikoa.
1.– Babes-erregimen honetako 3. artikuluan babes bereziko modura azaldutako elementuen gain, bakarrik baimenduko dira 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak. Dekretu horrek ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– Bereziki babestu behar diren elementuak –3. artikuluan zehaztutakoak– egokitzeko obrak mantentze-obrak izango dira gehienez ere, horrela definituta: eraikina narriatzea saihesteko aldizka egin beharreko lan eta obren multzoa, edo eraikina egoera onean mantentzeko konponketa zehatzak, fidagarritasun egokiarekin kontserba dadin eta eraikuntzaren oinarrizko baldintzak bete ditzan.
3.– Baimendutako lanak egiteko, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira, nahitaez:
a) Ez da egingo garbiketa-tratamendurik, eraikinaren kanpoko testura eta akaberen osaera atzera-bueltarik gabe aldatuko duenik. Garbitu aurretik eta materialen analisia egin ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta dauden junta eta pitzadurak itxi.
b) Hormak, orokorrean: Egoera txarrean badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Betiere, azken aukera izango da zati ezberdinak desmuntatzea eta berriro eraikitzea.
c) Instalazioak: Instalazioak erregistratzeko moduan bideratuko dira, eta parametroen osaera orokorrean zuhurtziaz txertatu beharko dira. Inola ere, ez dira onartuko karga-hormetako sisteman sartutako exekuzioak.
d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitze esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira.
11. artikulua.– Baimendutako eraikitze esku-hartzeak.
Hona hemen baimendutako esku-hartzeak (betiere, eraikuntzen tipologia-elementuak eta elementu formalak errespetatu beharko dira:
1.– Eraikinen itxura arkitektonikoa zaharberritzea eta eraldatutako atalak leheneratzea, honako ekintza hauen bitartez:
– Barrualdeko eta kanpoaldeko fatxadak zaharberrituz, jatorrizko hutsuneak eta babes-elementuak berreskuratuz, ahal den neurrian. Horri dagokionez, uste da beharrezkoa dela atzeko (mendebaldeko) fatxadako ate nagusiko aterpea berreskuratzea.
– Jatorrizko arotzeriako, fatxadako baoetako, beirateetako, dekorazioetako eta abarretako edozein elementu edo bestelako elementu interesgarriak zaharberritzea edo, hala dagokionean, material eta diseinu berdineko elementu berriak jartzea horien ordez, betiere jatorrizko itxura berreskuratzea ahalbidetuz gero.
– 3. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuetako barne-espazioak zaharberritzea.
– Espazio-banaketaren eta -antolakuntzaren eta 3. artikuluan aipatutako elementuen jatorrizko eraikuntzaren kontserbazioa edo berrezarpena.
2.– Sendotzea, berreskura ezin daitezkeen atalak aldatuta, kanpoko eta barruko sostengu-hormen, harroinen, mentsulen, forjatuen, gangen eta eskaileren kokapena edo kota aldatu gabe. Estalduraren gaineko esku-hartzeak jatorrizko estaldura-materiala berrezarriz egingo dira: zeramikazko teila laua, bolumen nagusian, eta arbela, alboetako gorputzetan.
3.– Eranskin itsusgarriak kentzea. Alde horretatik, nahiz eta finkaren itxitura mantendu behar den, Llano kaleko gaur egungo itxitura (ageriko hormigoizko blokeez egina) ez da bateragarritzat jotzen multzoaren balioekin.
4.– Behar-beharrezkoak diren instalazioak jartzea, betiere babes-erregimen honetako gainerako arauak errespetatuta.
5.– Hondatuta dagoen akabera-elementuren bat konpontzeko xedea duten obrak, betiere balio estilistikoa duten elementuak errespetatzen badira.
6.– Honako barneko lan hauek: entokatua eta pintura; zoladurak egin eta konpontzea; zurgintzako barne-lanak, eta instalazioen konponketa; betiere ez badira babes-erregimen honen aukakoak.
12. artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Aurreko artikuluak esandakoa betez, babestutako ondasuna hondatuta badago, honako lan eta leheneratze hauek onartuko dira:
1.– Fatxaden osaerako zein egiturako atal osatugabeak berrezartze zehatzak, eraikina osatzera bideratutakoak, betiere agiri bidez egiaztatutako atalak badira eta analogia zuzenaren arabera egiten badira, jatorrizko harrizko material bera erabiliz –hala behar denean– ezaugarriei, kalitateari eta koloreari dagokienez.
2.– Zatitu edo galdu diren gainestaldura-elementuen berrosatze dekoratiboa, galdutako atalak birjarriz, begien bistako teknikak erabiliz edo jatorrizko atalekin maila desberdinetan lotutako gune neutro bidez edo jatorrizko euskarria bistan utziz. Benetakotasun-printzipioa betetzeko xedez, desagertutako eremu figuratiboak ez dira «ex novo» leheneratu beharko, ez eta babestutako eraikinaren dekorazioan erabakigarriak diren elementu berriak txertatu ere.