EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016029

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 31koa, Hezkuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez jakinarazten baita zein itunpeko ikastetxek jarraituko duten Ulibarri programan, zeintzuk sartuko diren 2016-2017 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien, eta zein itunpeko ikastetxek utzi duten programa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2016-12-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201700760
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/05/26an argitaratutako 2016/05/17ko AGINDUA [201602243]

323/2003 Dekretuak Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Dekretu horrek ezarritakoaren bidetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2016ko maiatzaren 17ko Agindua eman zuen (maiatzaren 26ko EHAA). Agindu horretan ezartzen da ikastetxeek gehienez zenbat diru izango duten Ulibarri programarako 2016-2017 ikasturtean eta zer baldintza bete behar dituzten programan sartzeko edo jarraitzeko.
323/2003 Dekretuaren III. kapituluko 7. artikuluan zehazten den Jaba batzordea 2016ko uztailaren 7an bildu zen. Ulibarriren barruan dauden ikastetxeen berrikuspena egin eta gero, zera ikusi da: gaur egun Ulibarrin dauden itunpeko ikastetxeak 2013-2014 ikasturtean egindako lau urteko proiektuaren arabera ari direla normalkuntza-lanetan, eta, lau izan ezik, beste guztiek adierazi dute programan jarraitzeko asmoa. Hortaz, programan jarraitzeko eskabidea egin duten ikastetxe guztiek jarraipena izango dute Ulibarri programan 2016-2017 ikasturtean.
Bestalde, itunpeko bi ikastetxek eskatu dute 2016-2017 ikasturtean Ulibarri programan sartzea, eta baldintzak betetzeaz gain, behar den dokumentazioa aurkeztu dute.
Ondorioz, eta Batzordearen proposamenari jarraikiz, ebazpen honetan zehazten da zein itunpeko ikastetxek jarraitzen duten Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuetan, zein itunpeko ikastetxek sartuko diren 2016-2017 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien eta, azkenik, zein ikastetxek utzi duten programa. Horren haritik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2016ko maiatzaren 17ko Aginduaren ildotik, Ulibarri programan sarbidea eskatu eta onartutako itunpeko ikastetxeen zerrenda argitaratzea I. eranskinean.
2. artikulua.– Datorren ikasturtean, 2016-2017an alegia, jarraituko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea II. eranskinean.
3. artikulua.– 2016-2017 ikasturterako programa utziko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea III. eranskinean.
4. artikulua.– Hainbanaketa orokorra egin ondoren, ikastetxe berrientzat jarritako diru-kopurutik soberan gelditu dena programan jarraipena eskatu dutenentzat gordeta zegoenari gehitzea.
5. artikulua.– Programan dauden ikastetxeen oraingo onarpen-jarraipena berrikusi ahal izango du Hezkuntza Sailak, ikastetxe bakoitzak 2016ko abenduaren 31 arte egindako ibilbidea aztertu ondoren; betiere, Hizkuntza Normalkuntzako Proiektu hauen funtzionamendua eta jardunbidea arautzen duen dekretuaren eta hori garatzen duten lege-xedapenen arabera.
6. artikulua.– 323/2003 Dekretuak arautzen duenari jarraikiz, ordainketa bi zatitan egingo da ekitaldi bakoitzean dauden diru-baliabideei egokituta. Ikasturte honetan, zenbateko osoaren % 20 ordainduko da lehen ordainketaren bitartez, eta gainontzekoa ikasturte bukaeran, memoria aurkeztu eta onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 31.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN MAITE ALONSO ARANA.
I. ERANSKINA
2016-2017 Ulibarri programan sartuko diren itunpeko ikastetxeen zerrenda
II. ERANSKINA
2016-2017 Ulibarri programan jarraituko duten itunpeko ikastetxeen zerrenda
III. ERANSKINA
2016-2017 Ulibarri programa utziko duten itunpeko ikastetxeen zerrenda