EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016029

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko urriaren 27ko bilkuran hartua, Laudioko Udalari buruzko 2014ko fiskalizazio txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-10-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201700753
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko urriaren 27an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Laudioko Udalari buruzko 2014ko fiskalizazio txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 27a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
LAUDIOKO UDALARI BURUZKO FISKALIZAZIO TXOSTENA, 2014
Laburdurak.
1093/97 ED: 1093/1997 Errege Dekretua, Hipoteka Legea Egikaritzeko Erregelamenduarekiko Arau Osagarriak, Hiri Izaerako Ekintzak Jabetza Erregistroan Inskribatzeari buruzkoa.
20/2012 ELD: 20/ Errege Lege-dekretua, Aurrekontuaren Egonkortasuna eta Lehiakortasunaren Sustapena Bermatzeko Neurriei buruzkoa.
3/2004 FA: 3/2004 Foru Araua, Arabako Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzkoa.
34/2013 FA: 34/2013 Foru Araua, toki erakundeei aparteko ekarpena egiteko dena.
39/2013 FA: 39/2013 Foru Araua, Arabako toki erakundeen Obren Foru Planera bildutako obren finantzaketarako Aparteko Funtsa arautzen duena.
9/2008 FD: 9/2008 Foru Dekretua, toki-erakundeen Kontabilitateko Izapidea eta Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra onesten dituena.
AFA: Arabako Foru Aldundia.
ALHAO: Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EFPL: 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoaren Legea.
EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.
HHS: Hiriko hondakin solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.
LHL: 2/2006 Legea, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.
LHUZ: Lanbide Heziketarako Udal Zentroa.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
SPKL: 30/2007 Legea, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina.
TAOAL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
TEFFF: Toki-erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa.
Udalhitz: Tokiko euskal erakundeetako langileen lanerako baldintzak arautzen dituen akordioa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (aurrerantzean HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Laudioko Udalaren eta Udal Euskaltegia bere erakunde autonomoaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
HKEEk gauzatutako Laudioko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 1993ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren egoeraren balantzea, galera-irabazien kontua eta memoria; baita udalaren eta bere Erakunde Autonomoaren aurrekontuen likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren eta bere erakunde autonomoaren kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, Laudioko udalerriak 18.428 biztanle ditu 2014ko urtarrilaren 1ean. Udalak bere egituran Udal Euskaltegia Erakunde Autonomoa besarkatzen du eta Aiarako kuadrillako atal da (HHSen kudeaketa, ingurumena eta beste) eta Kantauriko Urkidetza Partzuergoko (udal gordailuetarainoko ur hornidurako lehen mailako sarea).
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Bide-garbiketako kontratua 8,2 milioi euroan esleitu zuen alkateak; ordea, kopurua eta iraupena aintzat hartuta, Osoko bilkurak esleitu behar zukeen (SPKLTBren 2.2 xedapen gehigarria). Organo honek baimendu zuen lizitazioa, baina ez zuen alkatearengan eskuordetu zerbitzua esleitzeko eskumena (C akatsa).
2.– Gas natural eta argindarraren hornidurak zuzenean 3 enpresari esleitu zitzaien, publikotasun eta lehia printzipioak urratuta. Zerbitzuak 2014an 875.178 euroren kostua izan zuen.
Epaitegi honen ustetan, Laudioko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete dute 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Hona hemen 2014ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikinean, data horretan itxitako Egoera Balantzean eta Funts Propioetan eragina duten doiketak:
2.– 2014ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikina kalkulatzean Udalak guztira 3,4 milioi euroren hornidurak deduzitu ditu, epe laburrera eskagarriak diren obligazioekin bat ez datozenak; honenbestez, ez dagokio horiek deduzitzea. Zuzkidura horrek 3,2 milioi euro barne hartzen zituen FOFELen 2008, 2009 eta 2011ko likidazio negatiboen kontzeptuan, Udalaren balioespenaren arabera kalkulatutakoak; ordea, AFAk ez du zorra toki-erakundearen arabera zehazten eta ez du egindako dedukzio guztien aplikazio banakakoa arautu; hori dela eta ez dakigu Udalak kontzeptu honen izenean erregistratu beharreko pasiboa zenbatekoa den.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Laudioko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen Kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2014ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioen betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai kudeaketa hobetzeko prozedurazko alderdiak ere.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– Udalaren eta bere Erakunde Autonomoaren 2014ko ekitaldirako aurrekontua 2014ko maiatzaren 19ko Osoko bilkurak behin-betiko onetsi zuen; ordea, arautegiak (3/2004 FAren 15.2 artikulua) behin-betiko urtea hasi aurretik onestea aurreikusten du.
– Kontu Orokorrak ez du 2014ko abenduaren 31n amaitzeko dauden esleitutako obren kontzeptuan hartutako konpromisoen berri ematen, 1,4 milioi euroan hitzartutako diru-laguntzen zenbateko garbiarekin.
– Lurraren Udal Ondarearen baliabideak osagai garrantzitsu dira helburudun diru-sarreren eraginpeko Geldikinean eta 2014ko abenduaren 31n 3,6 milioi euro egin dituzte. Kontzeptu hau gastu egitasmo jakinei lotzen zaizkien sarreretatik bereiztea komeni da.
– 1994an Udalak ondasunen zerrenda egin zuen eta ondare kontabilitatearen hasierako kontularitzako saldoak eskuratu zituen, urtero inbertsioen bidez gaurkotzen direnak, Egoeraren Balantzeko saldoak eskuratzeko. Alabaina, ez da inbentarioaren nahitaezko urteko zuzenketa egin (toki-erakundeen ondasunen erregelamenduari buruzko 1372/1986 EDren 33tik 35era bitarteko artikuluak). Gainera, aipatutako inbentarioak eta kontularitzako erregistroek berariazko idazpurua besarkatu behar lukete Lurraren Udal Ondarerako (DLren 112. artikulua eta 9/2008 FD).
– Nekez egingarri ziren saldoak balioesterakoan Udalak erabaki zuen bi urtetik gorako antzinatasuna zuten aurrekontuko saldoak osorik zuzkitzea. Berebat, aurrekontuz kanpoko eragiketek sortutako saldoak ere aintzat hartu behar lirateke eta are, kobrantzarako ehuneko historikoak aintzat hartu, izan ere horixe da araudiak kalkulurako aurreikusten duen sistema nagusia (3/2004 FAren 48.6 artikulua).
– Udalak web orrian argitaratzen ditu udalaren aurrekontuak. Komenigarria litzateke, gainera, Likidazioa eta Kontu Orokorra ere argitaratzea.
III.2.– Sarrerak.
– Udalak 2007an D egikaritza unitatearen birpartzelazioa onartu zuen eta 2011n 2,9 milioi euroren sarrerak aitortu zituen hirigintzako karga kontzeptuan; horietatik 2,7 milioi euro kobratzeke daude 2014ko abenduaren 31n. Hirigintzako araudiak birpartzelazio prozesuetatik eratorritako lursailak 7 urteko epean urbanizazio kargak ordaintzera lotzen ditu (1093/97 EDren 20. artikulua), 2014an amaitu zena. Epe honetan urbanizazioa ez egikaritu izanak eragin du udalak ondoriozko likidazioak ez bildu izatea, ez eta diren egiazko bermeak egikaritu izatea.
Berebat, geldirik daude Goiko Plazako Egikaritza Unitateko lanak; bertako birpartzelazioa 2011n onartu zen eta Udalaren alde 78.869 euroren kalte-ordainak ondorioztatu ziren, kitatu behar liratekeenak eta horien kobrantza kudeatu.
– HILBIZen 11 likidazio aztertu ondoren egiaztatu zen 9 kasutan zerga sarrera aitortu aurreko urtean zorpetu zela, zerga honen likidazio prozesuetan atzerapenak zeudelako.
– Udalak urtebeteko atzerapenez likidatzen ditu estolda eta zabor bilketa tasak eta 2014an igorri zituen aurreko ekitaldiari zegozkion ordainagiriak; jokamolde hau 2012an abiarazi zen urte horretako diru-sarrerak likidatu ez zirenean.
III.3.– Langileak.
– Udal langileen lan baldintzak arautzen dituen Erabakia, 2009ko ekainean argitara eman zena, ez zen lurraldeko aldizkari ofizialean argitaratu, balio eta eragimena izan dezan ezinbesteko betekizun dena. Erabakiak funtzio publikoko araudian aurreikusi gabeko haborokin eta primak jasotzen dituen eranskin bat besarkatzen du (ikus A.6 eranskina).
– Udalak lanpostu zerrendako aldaketak argitaratzen ditu baina ez du lanpostu zerrenda osorik 1999az geroztik argitaratu; orduz geroztik 23 aldaketa egin dira.
– 2014an Erakunde Autonomoak programako bitarteko funtzionario bat kontratatu zuen 2014-15 ikasturterako, dagokion lan-poltsarik izan gabe.
III.4.– Kontratazioa.
2013ko abenduan lizitazioak eta emaitzak Sektore Publikoko Kontratazioaren Plataforman argitara emateko obligazioa jaso zen, bai zuzenean bai udal plataformarekiko lotura bidez (Merkatu-batasunaren Bermeari buruzko 20/2013 Legearen 3. Xedapen Gehigarria), udalak, baina, ez du betekizun hori bete.
Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana sailkatzeko eskatutako jarraibideak ebatzi (20/2012 LEDen 1. xedapen gehigarria).
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 9 kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Guztira 15,1 milioi euroren zenbatekoan esleitu diren 8 kontraturen administrazio klausulek (1etik 7ra bitarteko zk. eta 9 zk.) ondotik adierazitako akatsak erakutsi dituzte esleipen irizpideei dagokienez (A1 akatsa):
* 1etik 7ra bitarteko kontratuetan hobekuntzak balioztatzen dira, hobegarri diren zerbitzuaren alderdi zehatzak zeintzuk diren adierazi gabe, ez eta balioztatze-sistema zein den ere.
* 2. eta 3. espedienteetan enpresaren kaudimenari dagozkion alderdiak baloratzen dira: inguruan giza baliabideak eskura izatea eta kalitatezko ziurtagiriak.
* Proposamen ekonomikoaren balorazioari dagokionez, 5 espedientetan (1, 4, 5, 6 eta 9 zk.) ez zen baliatu beharreko formula zehazten. 2 zk. espedientean baliatutako formulak ez zion puntuazio gorena aitortzen eskaintza ekonomikoenari eta 7 zk. espedientean mugatu egiten ziren beheranzko eskaintzak, izan ere puntuazio gorena % 5eko beherapenari ematen zion.
– Guztira 9,8 milioi euroren 3 kontratu (1, 3 eta 5 zenbakiak) eskaintzak ireki eta araudiak aurreikusten duen 2 hilabeteko epea igarota esleitu ziren (B1 akatsa).
– Guztira 2,6 milioi euroren zenbatekoan esleitutako bi espedientetan (3 eta 9 espedienteak), aurkeztutako eskaintzak balioztatzen dituen txosten teknikoak pleguan irizpide bakoitzari emandako puntuazioak zehazten ditu, baina ez ditu emandako puntuazio horiek justifikatzen (B2 akatsa).
– Guztira 1,9 milioi euroan esleitutako 6. eta 8. espedienteetan, ez da argitaratu kontratua formalizatu izana (B3 akatsa).
– Berdeguneak zaintzeko kontratuaren pleguek, 523.392 euroan esleitu zenak, ez zuten eskatu balio judizioa behar zuten atalak balioztatzeko beharrezkoa zen dokumentazioa bereizitako gutun azalean jasotzea eta ondorioz, balorazioa egin aurretik bazekiten zein zen eskaintza ekonomikoa (SPKLren 134.2 artikulua). Gainera, adituen batzordea kontratua sustatu zuen saileko langileekin osatu zen, burujabetasun baldintzak urratuz (SPKLren 134.2 artikulua). Azkenik, abalaren zenbatekoa ekitaldi bakarreko kostua aintzat hartuta kalkulatu zen eta atzerapenak izan ziren 2014an kontratuaren luzapena onartzerakoan (C akatsa).
– Edateko uraren sarearen mantentze-zerbitzuaren lehiaketa, 911.788 euroan esleitu zena, presako prozedura baliatuta izapidetu zen, pleguak aurkezteko epea murriztuz, baina egoera hori behar hainbat justifikatu gabe (SPKLren 96.1 artikulua). Gainera, baldintza modura antzeko tamainako udaletan eskarmentua izatea eskatu zen (15 milatik 25 mila bitarte biztanle), kaudimen tekniko gutxienekoa eskatuz, baina lehia justifikaziorik gabe mugatuz. (C akatsa).
– 8,2 milioi euroan esleitutako kale-garbiketa kontratua administrazioko kontratu berezi modura sailkatu zen, nahiz zerbitzu kontratuaren baldintza guztiak betetzen zituen, kontratuaren indarraldia bidegabe luzatuz (C akatsa).
Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean, obra bat 81.598 euroan zuzenean esleitu dela ikusi da, publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez izapidetu beharrean.
III.5.– Diru-laguntzak.
– Aiarako kuadrillak zaborrak biltzeko zerbitzua ematen du eta udal zerbitzuei laguntza ematen die hirigintza eta bestelako jardun-eremuetan; ordea, udalen ekarpenak kalkulatzeko baliatzen dituen irizpideak (biztanleak eta zerbitzuen egiazko erabilera) ez daude zehaztuta ez erakunde hauen Foru Arau erregulatzailean ez dagokion hitzarmen edo mandatuan ere.
– Pertsona eta familia babesgabeei laguntzak emateko ordenantzak, 2014an 136.631 eurorenak izan direnak, ez du kasu bakoitzean kopuru banakakoa zehazteko baliatu beharreko irizpideak adierazten (DLOren 17.3 artikulua).
– Udalak Elkarte bati programa bat garatzeko diru-laguntza bat eman zion; programaren helburua 7 langabetu 6 hilabetetan kontratatzea zen, prestakuntza teoriko eta praktikoa emateko.Diru-laguntza 106.920 eurorena izan zen eta langabetuak kontratatzeaz besteko kostuak 25.416 euro egin zituen. Elkartea zuzenean Udalak hautatu zuen; alabaina, bestelako elkarte edo enpresari kontsulta egin behar ziezaiekeen. Hitzarmena, gainera, 2013ko abenduaren 4an izenpetu zen eta egikaritzen hasi, finantzaketarako aurrekontuko kredituak gaitu gabe.
– Udalak 5 elkarteri zuzenean 45.080 euroren diru-laguntzak eman dizkie kultura eta jai-ekintzak antolatzeko, 2014ko uztailean egindako deialdian jasotakoak baino lehenagokoak. Deialdi hori aurreratzea komeni da, Udalak antolatu asmo dituen ekintza guztiak hirugarrenekin lankidetzan besarkatuko dituena.
III.6.– Berankortasuna.
– Udalak eta Erakunde Autonomoak 2014an egindako ordainketen % 27k eta % 40k, hurrenez hurren, 30 eguneko epea gainditu zuten; epe hori merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako neurriak finkatzen dituen 15/2010 Legearen hirugarren artikuluak finkatzen du, 3/2004 Legea aldarazten duenak.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 13 egin dute gora 2013an eta % 6 murriztu dira 2014an.
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: Zabor eta estolda tasak ez ziren igorri 2012an ordainagiriak egiterakoan izandako atzerapenen ondorioz eta honenbestez, diru-sarrera hori atzerapenez erregistratu zen 2013 eta 2014an. Kontzeptu honek eragindako diru-sarrerak 998.073 eurorenak izan ziren, aipatutako gertakizuna izanik urte horretako diru-sarreren igoeraren kausa. Energia hornitzen duten enpresek lurzorua okupatzeagatiko tasak gora egin zuen 2013an aurreko urteetako diru-sarrerak kitatu izanaren ondorioz eta behera egin zuen, aldiz, 2014an zergadun nagusienetako baten diru-sarrerak murriztu izanaren ondorioz. Eraikuntzen gaineko zergak beheraldia izan zuen 2013an, gerora 2014an berroneratzeko; gainerako zerga eta tasetan ez zen aldaketa esanguratsurik gertatu.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Atal honen osagai nagusia, FOFEL -Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa-, aparteko diru-sarrerek eragin dute Estatuko laguntzen diru-bilketa banatzeagatik eta 34/2013 FAren aparteko foru ekarpenagatik, 2013 eta 2014an, hurrenez hurren, 1.922.013 eta 699.390 euroren diru-sarrerak eragin dituztenak. EAEko hezkuntzako itunek eragindako diru-sarrerek ez dute aldaketarik izan aztertutako aldian.
Funtzionamendu gastuak: % 5 gehitu dira 2013an eta ez dute aldaketa esanguratsurik izan 2014an. Hona hemen izan diren aldaketa nagusiak:
– Langile gastuak: 2013an izandako % 6ko igoera 2012ko aparteko ordainsaria unean-unean kendu izanari dagokio, 606.869 euroren zenbatekoan. 2014an Elkarkidetzari egindako ekarpenak 110.676 euroan gehitu dira, pentsio osagarrietarako ekarpenak berreskuratzean.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: 2014an % 1 egin dute gora 2012arekiko.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: 2014an Kuadrillari emandako diru-laguntzek % 13an gainditu dituzte 2012an emandakoak. Udalak ez zion ekarpenik egin Erakunde Autonomoari 2014an, mendeko erakundearen geldikinak zeudelako, gastua 116.500 euroan murriztuz. 2014an familiei eta irabazi asmorik gabeko erakundeei emandako diru-laguntzek % 47an gainditzen dituzte 2012an egindakoak.
Aurrezki gordina eta garbia: Magnitude hauek bikoiztu egin dira 2013an sarrerek izan duten unean uneko igoera garrantzitsuaren ondorioz. Kopuru horrek 2014n hobetu egin du hasierako urtearekiko, sarrera arrunten % 9 egiten duela.
Kapital eragiketen emaitza: Inbertsio ahaleginari eutsi zaio, 2013an behera egin badu ere; horiek % 18an diru-laguntza bidez finantzatzen dira.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: Aztergai izan dugun aldian superabitak izan dira.
Diruzaintza geldikina: 2012ko hasierako diruzaintza geldikin likido esanguratsua, 14,8 milioi eurorena, ez da aldatu hirurtekoan aurrekontuaren emaitzak positiboak izan diren arren, kaudimen-gabezietarako zuzkidura 2,9 milioi euroan gehitu delarik 2013an. Geldikin likidoaren ia erdia sarreren aldez aurreko aitorpenak exijitzen dituen gastuen egikaritzari lotua dago, dela diru-laguntza, urbanizazio-kuota edo kalte-ordainek eragindako sarrerak dela Lurraren Udal Ondarearen baliabideek eragindako sarrerak. Data horretan gastu orokorretarako Geldikin erabilgarria 8,2 milioi eurorena zen, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak egindako doiketen ondorioz 1,9 milioi euroan gehitu zela, hirurtekoan egindako inbertsio multzoari gaina hartuz.
Ondorioa: Udalaren autofinantzaketa mailak egonkor eutsi dio hirurtekoan zehar eta 2014ko aurrezki gordinak sarrera arrunten % 9 egin du. Gainera, gastu orokorretarako Diruzaintza Geldikina esanguratsua da, 2014ko abenduaren 31n 8,2 milioi euro eta data horretan ez zuen zorpetzerik.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Arabako Toki Entitateen Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzko abenduaren 13ko 38/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraikiz, Udalaren Kontu Hartzailetzak 2014ko likidazio-txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa eta gastuaren araua betetzen zela egiaztatuaz:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete da, zenbagarri diren gastuak % 1,0 gehitu baitira, 2014rako gastuak gehitzeko muga % 1,5ean ezarri zelarik.
– Zor publikoaren helburua bete da 2014ko abenduaren 31n finantza erakundeekiko ez baitu inongo zorrik.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Udal Euskaltegia.
ALEGAZIOAK LAUDIOKO UDALAREN 2014KO EKITALDIAREN FISKALIZAZIOAREN EMAITZEN BEHIN BEHINEKO DOKUMENTUARI EGINDAKO
Txostenaren emaitzen gaineko alegazioak.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
2.– 2014. urtean 875.178 euroko kostua izan duten gas natural eta argindar hornidurak 3 enpresari esleitu zitzaizkien zuzenean eta, beraz, ez ziren bete publikotasun eta konkurrentzia printzipioak.
Horrelako kontratazioak egiteko, energia-auditoria bat egin da Energiaren Euskal erakundearekin lankidetzan eta horri esker ikusi da ez dagoela betekizun guztiak beteko lituzkeen kontratazio-prozesurako baldintzen plegua idazteko beharrezkoa litzatekeen plan energetikorik.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Hauek dira 2014ko abenduaren 31ra arte diruzaintzako gerakinari, data horretara arteko egoera-balantzeari eta Udalaren funts propioei egindako doiketak gastu orokorretarako:
HKEEk egindako doikuntzetatik, hauek jaso zituen Laudio Udalak 2015ean:
HKEEk egindako doikuntzetatik, hauek geratu dira jasotzeke:
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
2.– 2014ko abenduaren 31n Diruzaintzan zeuden geldikinak kalkulatzeko, Udalak 3,4 milioi euro kendu zuen guztira horniduretarako, baina ez datoz bat epe laburrera bete beharreko obligazioekin, beraz, ez da egokia zenbateko hori kentzea. Hornidura horien barruan zeuden 2008ko, 2009ko eta 2011ko TEFFFren likidazio negatiboei zegozkien 3,2 milioi euro, Udalaren zenbatespenen arabera kalkulatuak, baina AFAk ez du zehazten toki erakunde bakoitzaren zorra, ez du arautu egindako kenketen banakako aplikazioa, beraz, ez dakigu zein den Udalak kontzeptu horrengatik erregistratu beharreko pasiboa.
2014ko abenduaren 31n Diruzaintzan zeuden gerakinak 15.056.467,54 euro ziren eta gastuei lotutako finantza-baliabideen kasuan, derrigorrez doitu beharrekoak dira. Hau adierazten da kontu-hartzailearen txostenean, kontu orokorrean ere jasotzen den 2014ko ekitaldiaren likidazio-espedientean, zehazki, 21., 22. eta 23. orrietan:
«Lotutako finantzazioa duten gastuei lotutako Diruzaintzako gerakinak 6.879.822,35 euro ziren 2014ko abenduaren 31n, horri dagokion eranskinean zehaztutako kontzeptu eta finantzazioengatikoak azken urteetakoekin bateratsu.»
Derrigorrezkoak izan ez arren, beste doikuntza batzuk ere egin ziren 2014ko abenduaren 31n gastu orokorretarako Diruzaintzan zeuden gerakin eskuragarriek guztirako zenbateko eskuragarria adieraz zezaten, hasiera batean epe laburrera exijitzekoak ez ziren arren, beharrezko suerta zitezkeelako edozein unetan (2012ko abenduko aparteko ordainsariaren aitorpenarekin eta ordainketarekin gertatu bezala) eta, beraz, aurrekontuan nahikoa finantza-baliabide eduki ez, eta arriskua zegoelako aitorpenei ezin aurre egiteko. Hau adierazten da kontu-hartzailearen txostenean, 2014ko ekitaldiaren likidazio-espedientean, zehazki, 21., 22. eta 23. orrietan:
«Horrez gain, 2014ko ekitaldian, 1996az geroztik egin bezala, hornitu egin da Eusko Jaurlaritzarekiko zorraren gainerako zenbatekoa, 1986ko azaroaren 5eko Etxebizitza Hitzarmenetik eratorritakoa, alegia, 179.501,22 euro. Zor hori kitatu ahalko da zehaztu ez den data batean beste lurzati eraikigarri batzuk emanda.
Hornidura gehigarri hori jaso eta gero, 2014ko abenduaren 31n Diruzaintzan gastu orokorretarako zeuden gerakinak positiboak dira, zehazki, 7.997.143,88 euro.
2012ko ekitaldiaz geroztik, 606.869,40 euro zuzkitu dira 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kendu izanari aurre egiteko hornidura gisa, beraz, horren ondoren, 7.390.274,48 euro ziren «Diruzaintzako gerakin likido eskuragarriak gastu orokorretarako 2014ko abenduaren 31n.»
Derrigorrezkoak izan ez arren, beste doikuntza batzuk ere egin ziren Diruzaintzan 2014ko abenduaren 31n gastu orokorretarako jasota zeuden gerakin eskuragarriek guztirako zenbateko eskuragarria adieraz zezaten, izan ere, hasiera batean epe laburrera exijitzekoak ez ziren arren, banakatuta zegoen Laudio Udalak TEPEFean zuen partaidetza. Txostenean jaso bezala, hasierako zenbatekoen egoera orokorrari zein amortizazio/erregularizazio orokorrei buruz emandako informazioarekin, kontu-hartzaileak beharrezko kalkuluak egin zituen Udalaren egoera zehazteko eta 2014ko abenduaren 31n Diruzaintzan gastu orokorretarako jasotako gerakin eskuragarriek guztirako zenbateko eskuragarria adierazteko. Kontu-hartzailearen txostenean hau adierazten da:
«Halaber, hornidura gehigarri bat zuzkitu da Laudio Udalak TEPEFen duen partaidetzarako, zehazki, 1.912.627,01 euro 2008rako, 1.551.349,05 euro 2009rako eta 1.088.155,09 euro 2011rako. Hornidura gehigarri horiek hurrengo ekitaldietako TEFFFaren likidazio positiboen bidez erregularizatuko dira. Ehuneko 30,15 murriztu da saldoa, beraz, Laudio Udalak 2014ko abenduaren 31n TEPEFen duen partaidetzaren saldoa ehuneko 69,85 da (4.552.131,15), alegia, 3.179.663,61 euro.
Hornidura gehigarri horiek egin eta gero, 2014ko abenduaren 31n Diruzaintzan gastu orokorretarako dauden gerakin eskuragarriak 4.210.610,97 euro dira eta 2014ko ekitaldiko gastu-kredituen gerakinak 2015eko ekitaldian gehitzeko finantzazio gisa erabiliko dira.»
Hala ere, Epaitegiak ezegoki irizten badio zenbateko horiek kentzeari, ez dira hornidura gehigarri horiek kenduko 2016ko udal aurrekontuaren likidazioan.
III.– Barne-kontrolerako sistemen eta kudeaketa-prozedureninguruko gogoetak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– Kontu orokorrak ez du informaziorik ematen 2014ko abenduaren 31n esleituta baina bukatzeke zeuden obretarako inbertsio-konpromisoei buruz, hitzartutako diru-laguntzetan 1,4 milioi euro garbi batzen duten horiei buruz.
Kontu orokorrean ere jasota datorren 2014ko ekitaldiaren likidazio-espedientean dago informazio hori, zehazki, kontu-hartzailearen txostenaren 24. orrian:
«Etorkizuneko ekitaldietako konpromisoetarako kredituak honi dagozkio:
Kreditu horiek AFAren 2015eko sarrera-konpromisoaren zenbatekoa batzen dute.»
Egikaritu ez direnak ez ziren konpromiso-kredituak, baizik eta 2015eko ekitaldira gehi zitezkeen kreditu-gerakinak (esleituak edo izapidetzen), udalaren edo besteren finantzazioarekin. Gogoeta bera aplikatzen zaio kreditu-gerakin orori, batez ere, Inbertsioei dagokien 6. kapituluari.
– Helburudun sarrerak lotuta dituzten osagai garrantzitsuak dira ULOko baliabideak: 2014ko abenduaren 31n 3,6 milioi euro. Baliabide horiek eta gastu zehatzeko proiektuetara lotutakoak desberdindu behar dira.
Diruzaintzako gerakinen egoerari buruzko eranskinean jaso da lotutako gerakinei dagokien banakatzea, kontzeptuz kontzeptu, 2014ko likidazio espedientearen dokumentazioaren barruan eta bat dator A.11 eranskinaren xehetasunekin (Lotutako finantzazio-gastuak eta hornidurak). Adierazi beharra dago ULO gisa jasotako zenbateko guztiak ez direla ULOra lotutako baliabideak, saldo horien barne hartu baitira aprobetxamenduak nahiz urbanizazio eta kalte ordainen kuotak. Azken bi horiek ez dira ULOra lotutako baliabideak, baizik eta urbanizazio-egikaritzera eta hirugarrenen aldeko kalte-ordainetara lotutako baliabideak. Oharpen horrek garrantzi berezia dauka D Euri eta E Euri dagokienez. Hortaz, A-11 atalaren koadroan:
Beraz, 2014ko abenduaren 31n ULOn gastatzeko lotutako gerakinak 3,5 milioi ziren (3.527.770,49 euro).
Doikuntzak egin ondoren, ULOra lotutako gerakinak 470.383,56 euro murriztu ziren A eta C UEn kasuan: Aprobetxamenduak...491.088,03 euro.
– Egikaritzeko zailak diren saldoak zenbatestean, Udalak erabaki zuen bi urtetik gorako antzinatasuna zuten aurrekontu-saldoak hornitzea. Aurrekontuz kanpoko eragiketek sortutako saldoak ere kontuan hartu beharko lirateke, baita kobrantza-ehuneko historikoak ere, hori baita araudian aurreikusitako kalkulu-sistema nagusia (3/2004 FAren. 48.6 artikulua).
Udalak bi urtetik gorako antzinatasuna duten aurrekontu-saldo zordun guztiak hornitu izana justifikatzeko oinarria da aipatutako artikuluaren 3/2004 FAren. 48.6 artikulua) bigarren paragrafoa, hitzez hitz hau dioena:
«Dena dela, behar bezala aintzatetsi eta kontuetan hartu eta 24 hilabete baino gehiagoko antzinatasuna duten eskubideak kobragaitzat edo kobraezinzat hartuko dira, behar bezala bermatuta egon eta likidatu eta jarraiko ekitaldian kobratzea aurreikusten denean izan ezik, orduan ez baitira eskubide horiek kendu beharko.»
Aurrekontuz kanpoko zordunei dagokienez, zergapetutako aurrekontu-eragiketei jasanarazitako BEZari (10.042 kontzeptua) zein Foru Ogasunaren aldeko likidazioengatiko saldo zordunei (10.040 kontzeptua) dagozkie. Hala da, saldo horiek aurrekontukoen hein berean hornitu behar ziren, beraz, Diruzaintzako gerakinei zenbateko horixe bera kendu beharko litzaieke. Dena den, bada ñabardura bat: kontuan hartu behar da bi urtetik gorako antzinatasuna duten «jasanarazitako BEZarengatiko zordunen» saldoak ez direla esanguratsuak, 5.438,30 euro baino ez direlako. Kontzeptu horren bolumena nahiko igotzen da lurrak besterentzeko eragiketak daudenean edota hirigintza-aprobetxamenduak eta urbanizazio-kuotak daudenean.
III.3.– Langileria.
«Udalak LPZren aldaketen berri ematen du, baina ez du LPZ osoa argitaratu 1999az geroztik, harrezkero 23 aldaketa egin diren arren.»
Azaldu denez, Lanpostuen Zerrenda osoa nahiz aldaketak argitaratu dira, alegia, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 16. artikuluak zehazten duena bete da. Beraz, bete egin da funtzio publikoaren arauek Lanpostuen Zerrendari buruz eta horren aldaketei buruz ezartzen dutena.
Langileria buruzko III. 3 atalean adierazten da:
«2014an, erakunde autonomoak programako bitarteko funtzionario bat kontratatu zuen 2014-2015 ikasturterako, dagokion lan-poltsa erabili gabe.»
Aipatzen den kontratazio hori B. F. S. bitarteko funtzionario izendatzea da, zehazkiago Euskaltegiko 2014-2015 ohiko ikasturterako irakasle gisa, 2014ko urriaren 1etik 2015eko uztailaren 6a arte.
Udal Euskaltegiko presidenteak 2014ko irailaren 30ean B.F.S. izendatzeko emandako Ebazpenean adierazten denez, izendatutako langileak «hautespen prozesu guztiak gainditu zituen», adierazten ez diren arren zeintzuk izan ziren.
B. F. S. andrea 2003ko maiatzeko 16tik uztailaren 31ra arte kontratatu zen lehenengo aldiz ordezkapen bat egiteko. Udal euskaltegiak izan zitzakeen beharrei erantzuteko sortu zen ordezko irakasleen lan-poltsatik aukeratu zuten. Lan-poltsa horren deialdia Euskaltegiko presidentearen Ebazpen bidez egin zen 2002ko abenduaren 3an. Hautespen prozesu hartan, ahozko proba bat, idatzizko bat eta merituen balorazio bat egin ziren eta bederatzi hautagaiek hartu zuten parte, hiruk baino ez zuten gainditu eta lan-poltsan sartu ziren. 2003ko maiatzean deitu zitzaien puntuaziorik altuena zuten bi hautagaiei, baina uko egin zuten eta, beraz, B. F. S. kontratatu zen.
Harrezkero, ez dagoenez beste lan-poltsarik, Udal Euskaltegiak irakasle bat kontratatu behar izan duen bakoitzean, berdin ordezkapen bat egiteko edo programa bat bideratzeko, B. F. S. andreari deitu zaio. Erantsi egin da Euskaltegiko presidentearen Ebazpena, lan-poltsaren deialdia egitekoa, baita epaimahai kalifikatzailearen akta ere.
III.5.– Diru-laguntzak.
– «Egoera ahulean dauden pertsonei eta familiei laguntzeko ordenantza arautzaileak 136.631 euro dauzka 2014an, baina ez du adierazten kasuan kasuko zenbateko banakatua zehazteko erabili behar diren irizpideak (DLLO 17.3).»
Programa dinamikoa denez, kasuistika anitza antzematen eta jasotzen joan da azken hamarkadan eta, teknikariek aztertu ondoren, urtean urteko deialdian sartuz joan da. Zenbait irizpide objektibo hartu dira kontuan atal edo azpiprograma bakoitzaren (pertsona eskatzaile bakoitzari aplika dakiokeen) gehienezko zenbatekoak zeintzuk izan behar diren finkatzeko izendatzaile komun gisa, besteak beste:
– Pertsona eskatzailearen eta BUko gainerako kideen baliabideak.
– Egindako edo egin beharreko gastu espezifikoen zenbateko eraginkorra (ikusi 1. oharra dokumentuaren amaieran).
Deialdiaren barruko Laguntzen zenbatekoak atalean azaltzen den bezala, ezarritako taulako mugei (DBEren baremoaren ehuneko 75) Bizikidetza Unitatearen hileko diru-sarrerak kentzetik eratorritakoa izango da kasu bakoitzean emango den zenbatekoa. Hala:
Modu horretan kalkulatzen dira zenbateko partikularrak, beraz, gure irizpide zehatzean, arbitrariotasunak ez du lekurik diru-laguntzen tratamenduari edota horiek emateari dagokionez.
III.1.6.– Berankortasuna.
«Hurrenez hurren, Udalak eta Erakunde Autonomoak 2014an egindako ordainketen ehuneko 27 eta ehuneko 40 30 egun baino beranduago egin ziren, hau da, gainditu egin zuten eragiketa komertzialetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzeko 3/2004 Legea aldatzen duen 15/2010 Legaren hirugarren artikuluan ezarritako epea.»
Behin berrikusita Administrazio Publikoetako Ministeriora bidalitako hiruhileko berankortasun-txostenak, egiaztatu egin da HKEEren txostenean jasotako ehunekoak zuzenak direla. Udalaren ordainketen atzerapenik handiena lehenengo hiruhilekoan gertatu zen; egindako ordainketen ehuneko 42,61 berandutu ziren, baina hurrengo hiruhilekoetan ehuneko 17,54, ehuneko 31,23 eta ehuneko 16,18 izan ziren hurrenez hurren. Euskaltegi Erakunde Autonomoaren ordainketen berandutzeei dagokienez, nabarmentzekoa da 6.292,00 euroko ordainketa bakar batean baino ez zela gertatu eta horrek ekarri zuela urteko ordainketa osoaren ehuneko 96,39 epez kanpo egitea.
2015ean, nabarmenki onbideratu zen egoera, Ministerioari aurkeztutako hiruhileko txostenetan ikus daitekeenez, Udalak egindako ordainketen ehuneko 4,64 eta Euskaltegi Erakunde Autonomoak egindakoen ehuneko 0,00 baino ez zirelako ezarritako 30 eguneko epeaz kanpo ordaindu.
HKEEren Oharrak:
1. Oharra: Gehienezko zenbatekoa Udalak gutxi dezake, aurrekontuaren ejekuzio mailaren eta Gizartekintza zerbitzuen balorazioaren arabera. Azken zerbitzu honek, ezein kasutan, proposamen txostena egingo du.