EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016028

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko abenduaren 22ko bilkuran hartua EAEko Erakunde Autonomoen aurrekontuko funtzionamendu gastuen eta egiazko inbertsioen kapituluen fiskalizazio-txostena 2015ekoa behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201700729
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko abenduaren 22an egindako bilkuran,
ERABAKI DU:
EAEko erakunde autonomoen aurrekontuko funtzionamendu gastuen eta egiazko inbertsioen kapituluen fiskalizazio-txostena 2015ekoa behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 22a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EAE-KO ERAKUNDE AUTONOMOEN AURREKONTUKO FUNTZIONAMENDU GASTUEN ETA EGIAZKO INBERTSIOEN KAPITULUEN FISKALIZAZIO-TXOSTENA, 2015
Laburdurak.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
CAPV:
136/96 D: 136/1996 Dekretua, ekainaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kontratazio araubidea arautzen duena.
XG: Xedapen Gehigarria.
EJIE: Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, S.A.
KPI: Kontsumorako Prezioen Indizea.
EKB: Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
EPO: Etxebizitzarako Prestazio Osagarria.
SBE: Sarreren Berme Errenta.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu bategina onesten duena.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
EAETB: 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEren Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, EAEko Erakunde Autonomoen 2015eko aurrekontuko funtzionamendu eta inbertsio gastuen kapituluen fiskalizazio-lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: obrak egitean eta ondasun eta zerbitzu kontratuetan ezargarria den arautegia bete dela egiaztatzea.
– Kontularitzakoak: aurrekontuko funtzionamendu gastuen eta egiazko inbertsioen erregistroa ezargarriak zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea.
– Bestelako alderdiak: lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik bildu, ezta kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi aipagarriak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
EAEko erakunde autonomoak zuzenbide publikoko erakundeak dira, berezko lege-nortasuna dute eta EAEHONALTBren III. idazpuruko II. kapituluak arautzen ditu. Horien egitekoa EAEren eskumeneko diren jarduerak modu deszentralizatuan gauzatzea da. Sektore publikoko legedia ezartzeari dagokionez, Administrazio Publiko izaera hartzen dute.
EAEren hamar erakunde autonomoak administratiboak dira. Horien izen ofizialak eta sortze-legeak ondotik zehaztutakoak dira:
Ekainaren 17ko 16/2015 Dekretuak 2015eko uztailaren 1ean finkatzen du Gogorak jarduerak abiarazteko data. Erakunde autonomo hau sorrarazten duen azaroaren 27ko 4/2014 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari jarraikiz, 2015eko aurrekontuak ekainaren 23ko 112/2015 Dekretu bidez onartu dira. Gainerako erakunde autonomoen aurrekontuak 5/2014 Legearen bidez onartu dira, abenduaren 23koa, 2015eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.
Hona hemen 2015eko ekitaldiaren aurrekontuaren likidazioan, «Funtzionamendu gastuak» 2. kapituluan eta «Inbertsio errealak» 6. kapituluan, erregistraturiko gastuak, baita bi kapituluetan geroko ekitaldietarako aitortutako konpromisoak ere:
II.– Azterketa mugatuaren ondorioak.
HABE.
– Gauzatutako ikastaroen arabera 2015-2016 ikasturteko euskarazko matrikulen kontzeptuko gastua zuzen erregistratzeak 2016ko ekitaldirako 964.000 euroren konpromiso-kreditua eragingo luke, eta 2015ean kontabilizatu zen gastua baino 710.000 euro txikiagoa.
IVAP.
– Gauzatutako ikastaroen arabera 2015-2016 ikasturtean HABEk herri-administrazioen zerbitzura diharduen langileriaren hizkuntza-prestakuntza emateko gastua zuzen erregistratzeak 2016ko ekitaldirako 2,7 milioi euroren konpromiso-kreditua eragingo luke, eta 2015ean kontabilizatu zen gastua baino 2,2 milioi euro txikiagoa.
PLEA.
– Jaurlaritzaren Kontseiluak ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko prozedura bidez, EAEren Ekonomia eta Kontabilitatearen Kontrolari buruzkoa, garbiketa zerbitzuaren 2015eko ekitaldiko gastuen aldeko fiskalizazio juridiko-ekonomikoa hartu du bere gain, 572.528 euroren zenbatekoa egin duena; Kontrol Ekonomikoko Bulegoak gastu horien gainean aurkako txostena egin zuen, izan ere, prestazioak zegokion kontratazio espedientea bideratu gabe gauzatu ziren, SPKLTBn aurreikusitako publikotasun eta lehia printzipioak saihestuz.
– Argindarraren hornidura, 2015eko ekitaldian 84.739 euroren gastua izan duena, zuzenean kontratatu da publikotasun eta lehia printzipioak gorde gabe.
– PLEAren instalakuntzetan zenbait obra egin behar direla eta, 2015ean eta 2016an, hurrenez hurren, «A» moduluko eta «E» moduluko ikasgelak zaharberritu behar dira, biak ere prozedura ireki bidez eta 520.000 euroren zenbatekoan bakoitza. Halaber, 2015ean publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez ikasleria artatzeko gunea 120.000 euroan lizitatu da.
Kontratu hauen objektuan unitate funtzional bat dagonez gero, batera lizitatu behar ziratekeen sortaka edo bereizirik, baina beti ere, objektuaren balio metatuaren prozedura eta publikotasun arauen arabera; honenbestez, ikasleria artatzeko gunearen lizitazioan baliatutako publikotasunik gabeko prozedura negoziatuak prozedura irekia behar zukeen izan.
Lanbide.
– Gobernu Kontseiluak, EAEren Ekonomia eta Kontabilitatearen Kontrolerako ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko prozeduraren bitartez, gastuen aldeko fiskalizazio juridiko-ekonomikoa hartu du bere gain, 215.126 euroren zenbatekoan. Gastu hauek, 107.213 euro eragin zutenak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria jakinarazi, gutun-azalean sartu eta inprimatzeari dagozkio; izan ere, EKBk aurkako txostena egin zuen prestazioak zegokion kontratazio-espedientea bideratu gabe gauzatu zirelako, SPKLTBn aurreikusitako publikotasun eta lehia printzipioak saihestuz. Gainera, informatika-ekipoak laga eta mantentzeko, 107.913 euro barne hartzen ditu, eta aurkako txostena jaulki izanaren arrazoia da konpromisoak aldez aurretik dagokion administrazioko espedientea izapidetu gabe hartu izana eta ezargarria zaion indarreko arautegia bete gabe.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Kontratuen analisia.
2015ean, 8,9 milioi euroan esleitutako 24 espediente aztertu ditugu guztira, eta honako alderdi hauek nabarmendu ditugu:
HABE.
– 160.216 euroan esleitutako kontratu batean (1. espedientea), esleipen-irizpideen balorazio txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
Eustat.
– Guztira 471.900 milioi euroren zenbatekoarekin prozedura murriztu bidez esleitutako kontratu batean (5. espedientea) espedientea bideratzeko presako tramitazioa erabili da; ordea, SPKLren 112. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez da behar hainbat justifikatu. Bestetik, eskaintzak aurkeztera gonbidatutako enpresak hautatzeko irizpideak orokorrak dira, zehaztasun gabeak, eta esleipen-irizpideen artean kaudimen teknikoko ezaugarriak jasotzen dira.
– 122.850 euroan esleitutako kontratu batean (7. espedientea), esleipen-irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu. Bestetik, pleguek prezioak KPIaren arabera berrikustea aurreikusten zuten, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 88. xedapen gehigarriak ebatzitakoaren aurka, eta hori zuzendu egin da 2016ko azaroaren 28an egindako azken esleipenean, zeinetan pleguek ez duten berariaz jasotzen prezioen berrikusketarik.
Emakunde.
– Guztira 90.382 euroan esleitutako kontratu batean (8. espedientea), premiazko aitorpena ez dago behar bezain justifikatua SPKLTBren 112. artikuluak agindutakoari jarraikiz.
– Guztira 307.018 euroan esleitutako lau kontratuan (8., 9., 10. eta 11. espedienteak), ez da justifikatu kontrataziorako beharra eta baliabide eza.
– Guztira 277.252 euroan esleitutako hiru kontratutan (8., 9. eta 10. espedienteak), esleipen-irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
– 129.395 euroan esleitutako kontratu batean (9. espedientea), lanerako kaudimenaren barruan erakundearteko esparruan eskarmentua egiaztatzea eskatu da, kontratuaren xedearekiko lotura, ez eskakizun horren proportzionaltasuna justifikatu ez dela, APKLTBren 62. artikuluak agintzen duen moduan.
PLEA.
– Guztira 2 milioi euroren zenbatekoan esleitutako bi kontratutan (12. eta 14. espedienteak), sailkapena eskatzen da, nahitaezko betekizuna izan gabe. SPKLTBren 65.1 artikuluak sailkapenik izan ezean kaudimena egiaztatzeko ematen duen aukera, atzerriko enpresei soilik ematen die.
– 885.981 milioi euroan esleitutako hiru kontratutan (13., 14. eta 15. espedienteak), pleguetan kontratua aldarazteko aukera aurreikusten da. Alabaina, ez dira modu zehatz eta argian zehazten proposaturiko aldaketa egiteko baldintzak, SPKLTBren 106. artikuluak agintzen duen moduan.
– 1,5 milioi euroan esleitutako kontratu batean (12. espedientea), garbiketa-zerbitzuaren egitekoak eta maiztasunak egokitzen dituen aldaketa bat onartu da; ez da, baina, horren beharra justifikatu, eta Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren nahitaezko txostenik gabe egin da, 136/96 Dekretuaren 7. artikuluak agindutakoaren arabera.
Osalan.
– 338.800 euroan esleitutako kontratu batean (16. espedientea), esleipen-irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
Kontsumobide.
– 424.500 euroan esleitutako kontratu batean (18. espedientea), esleipen-irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
Lanbide.
– 300.000 euroan esleitutako kontratu batean (21. espedientea), ez da justifikatu kontrataziorako beharra eta baliabide eza. Kontratuaren amaiera data 2015eko abenduaren 31n ezarri zen, kontratatu ziren jarduerak gauzatu ahal izateko behar ez hainbatekoa, eta horrek eragin du kontratua amaitu denean % 10 baizik gauzatu ez izana.
– Guztira 1,9 milioi euroan esleitutako bi kontratutan (19. eta 23. espedienteak), kontratuak aldatzeko pleguetan aurreikusitako aukerak ez du zehatz eta argi adierazten proposatutako aipatu aldaketa zein baldintzetan balia ahal izango den, SPKLTBren 106. artikuluak agintzen duen moduan.
– 1,4 milioi euroan esleitutako kontratu batean (19. espedientea), esleipen-irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioak –zeinetan balio judizioa egitea eskatzen den– ez dira behar hainbat arrazoitu.
III.2.– Kontratu txiki bidez egindako erosketak.
Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean ikusi da ondotik adierazitakoak publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu behar ziratekeela, haien kopurua aintzat hartuta:
Gainera, PLEArentzat 184.009 milioi euroren zenbatekoan obra txikiak egin dituzten hainbat hirugarreni dagozkien gastuak azaleratu dira, zeinak, lehiaketa bidezko lizitazio bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, aleko prezioetan edo hornitzaileak homologatzeko prozedura lehiatzeko elkartu litezkeen.
III.3.– Merkataritzako eragiketetan berandutza.
– 2015eko ekitaldian zehar, merkataritzako eragiketen batez besteko ordainketa epeak 30 eguneko gehienezko epea gainditu du, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak agindutakoa.
– Hona hemen ekitaldian gehienezko epea gaindituta egindako ordainketen zenbatekoa:
III.4.– Mandatuak.
– IVAPek HABEri 2015eko ekitaldian, guztira 6,2 milioi euro ordaindu dizkio kudeaketa mandatuaren erabaki kontzeptuan, 2010ean izenpetu eta 2015eko ekitaldian luzatu zena, herri-administrazioen zerbitzura diharduen langileriari hizkuntza-prestakuntza emateko. HABEk kopuru hau fakturatu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko irailaren 17ko Aginduan onartutako prezio publikoak baliatuta, koordinazio eta jarraipen kontzeptuan fakturatu dituen 860.942 euroak izan ezik; ordea, zenbateko hau ez zaio agindu horretan jasotakoari egokitzen.
– Lanbidek EJIErekin berariazko hiru kudeatzeko mandatu izenpetu ditu beste hainbeste informatika-zerbitzu gauzatzeko, horiek 2015ean 613.972 euroren gastua eragin dute, kontratuak izenpetu aurretik emandako zerbitzuak barne hartzen dituena. Espedientea behar hainbateko aurrerapenez egin behar da, mandatuaren indarraldia emandako zerbitzuaren egiazko iraupenarekin bat etor dadin.
Mandatuak egikaritzeko birkontratazioa soilik modu osagarri edo gehigarrian balia daiteke, kontratu-moldearen oinarria ez desitxuratzeko moduan, hau da, mandatu-hartzailea berezko baliabideen jabe izatea. Hiru mandatu hauetako batean ere ez da berariaz adierazi EJIEk berezko dituen baliabideekin egingo diren prestazioen ehunekoa.
– PLEAk HABEri Ertzaintzaren lehenengo eta bigarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko hizkuntza-trebakuntzarako ikastaroak egiteko kudeaketa mandatu administratiboa egin zion, 2015eko ekitaldian 287.471 euroren gastua eragin duena; kudeaketa mandatua, baina, nahitaezkoak diren txosten juridiko eta beharra dagoela adierazten dutenik gabe izenpetu zen, zeinak gero egin ziren (4 egun beranduago), eta ez zen aldez aurreko fiskalizaziorik egin. 2015eko urtarrilean 2015eko aurrekontuaren kontura 2014an egindako ikastaroen gastua baimendu zen, horietako batzuk erabakia indarrean jarri aurrekoak izanik.
III.5.– Bestelako alderdiak.
HABE.
– 2. kapituluko gastuak Gipuzkoako lurraldeari egotzi zaizkio, erakundearen zerbitzu nagusiak kokatzen diren tokia, hain zuzen ere. Langile publikoen mailaketa-azterketa eta euskara-ikastaroen arabera egotzi behar litzaizkioke lurralde historiko bakoitzari gastu horiek.
IVAP.
– HABEri funtzionarioak euskalduntzeko kudeaketa-mandatuak eragindako 6,2 milioi euroren gastuak ez dira lurraldeka bereizi (Euskadiko Aurrekontu Araubidearen Testu Bateginaren 57. artikulua).
Gogora.
– Ondare eta Kontratazioko zuzendariaren ekainaren 30eko Ebazpenaren bitartez, Gogorari EAEren jabetzako eraikin baten solairua atxiki zioten, gainerako solairuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikiak daudela. Gogorari dagokion eraikinaren gastuen ehunekoa % 9,15ean finkatu zen. Ez da eraikinaren kudeaketa partekatua egiteko inongo modurik bereizi, eta ez da 2015ean eraikinaren erabilera kontzeptuan inongo gasturik erregistratu (argindarra, ura, segurtasuna...). Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoari buruzko 192/2013 Dekretuaren 12. artikuluari jarraikiz, Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren egitekoa da eraikinaren erabileraren kudeaketa finkatzea, baldin eta sail ugarik esku hartzen badu.
EAE-KO ERAKUNDE AUTONOMOEN FISKALIZAZIOAREN 2015EKO EKITALDIKO EMAITZEI EGINIKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomoen fiskalizazioaren 2015eko ekitaldiko emaitzei erantzute aldera, otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikulua betez, txosten honetan bildu dira gai hori dela-eta kudeaketa-organo bakoitzak egoki iritzi dituen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zentralizatu dituen alegazioak eta justifikazioak.
II.– Berrikuspen mugatuaren ondorioak.
HABE.
Matrikulen gastuaren erregistroa.
Ordaintzeko epeari dagokionez, kontuan izan behar da ohiko ikasleak ikastaro hasieran ordaindu behar duela dagokion matrikula, edo lehen hilabeteetan. Hori dela eta, HABEk ere ikasturteko lehen hiruhilabetekoan ordaintzen dizkie euskaltegiei urrian hasitako ikasleen matrikulak, baita IVAPi fakturatu ere.
IVAP.
Administrazio publikoen zerbitzupeko langileen hizkuntza-prestakuntza eta hizkuntza-gaitasunaren ebaluazioa xede zituen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko 2010eko abenduaren 14ko Hitzarmena (2011ko otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.) indarrean zegoen 2015eko ekitaldian. Azken xedapenetatik bigarrenean ezarritakoaren arabera, gomendio hori automatikoki luzatzen da urtero, baldin eta alderdietako batek ere ez badu espresuki salatzen.
IVAPeko zuzendariak 2015eko abenduaren 11n emandako Ebazpenaren bitartez (2016ko otsailaren 19ko EHAA, 34. zk.), espresuki salatzen da kudeaketa-gomendioa, 2015eko abenduaren 31n azkendu dadin, nahiz eta aipatutako kudeaketa-gomendio horren azken xedapenetatik laugarrenak jadanik hasitako jarduerak bukatzea bermatu, bi helbururekin; batetik, «jarraipena, koordinazioa eta kudeaketa» kontzeptuaren ondoriozko kostuak kentzea, eta bestetik, tarifak benetan sortutako kostuari egokitzea. Gaur egun tramitazioan dago kudeaketa-gomendio berri bat, aipatutako gastuak alde batera uzten dituena.
Gainera, kontuan hartu behar da IVAPen helburua prezioak egiazko kostuari egokitzea dela, zehazki, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko irailaren 17ko Aginduan (2013ko urriaren 1eko EHAA, 187. zk.) agertzen direnak. Agindu haren bidez, HABE erakunde autonomoak eskainitako zerbitzuen eta kudeaketa-gomendio berriaren Jarraipen Batzordean aurreikusita dauden jardueren prezio publikoak finkatu ziren.
HKEEren txostenaren arabera, beharrezkoa da gastuak lurraldeka sailkatzea, eta horixe beteko da HABErekin sinatzen den hurrengo kudeaketa-gomendioan.
Eranskinean informazio hau eransten da:
1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2011ko urtarrilaren 11ko Ebazpena, IVAPen eta HABEren arteko kudeaketa-gomendioaren hitzarmena (2010eko abenduaren 14ko hitzarmena) argitaratzea agintzen duena.
2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko abenduaren 11ko Ebazpena, IVAPen eta HABEren arteko kudeaketa-gomendioa salatzen duena, 2015eko abenduaren 31n azkendu dadin.
3.– Tramitazioan dagoen kudeaketa-gomendio berriaren zirriborroa.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia.
– Ogasun eta Finantza Saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zenbait eraikin 2015. eta 2016. urteetan energia elektrikoaz hornitzeko tramitatutako kontratazio-espedientearen barruan dago akademia.
– Ez dago batasun funtzionalik «A» moduluko ikasgelen berritze-lanen (2015eko ekitaldian izapidetu ziren) eta «E» moduluko ikasgelen berritze-lanen (2016an izapidetu ziren) espedienteen eta publikotasunik gabe negoziatutako ikasleen arreta-gunearen espedientearen artean. Beraz, ez da behar azken horren izapideak prozedura ireki bidez egitea.
Publikotasunik gabeko espediente negoziatua 2015eko ekitaldian izapidetu zen, «A» moduluaren berritze-lanetan ur-iragazketak agertu zirelako ikasleen arreta-gunean. Aipatutako ur-iragazketa horiek konpontzearen zenbateko estimatua kontuan hartuta, 4 enpresari egin zitzaien deia, eta «A» moduluaren berritze-lanak egiten ari zen enpresa berari esleitu zitzaizkion konponketok.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko ohartarazpenak.
III.1.– Kontratuen azterketa.
HABE.
– 1. Espedientea:
II eranskinean jaso dugu Liburutegiko teknikarien Balorazio-txostena , non banan banan baloratzen dituzten aurkeztu ziren lau enpresen proposamenak, xehe-xehe eta arloz arlo emandako puntuazioak arrazoituz, oinarri teknikoen agiriaren 4.1 eta Administrazio-klausula zehatzen agiriaren Karatulan (30.2.1) ezarri ziren ezaugarriak oinarri hartuta, hau da, gehienez 40 puntu bi ataletan banatuta, batetik 20 puntu «proiektua garatzeko lan-egitasmoa» baloratzeko, lau irizpide hauen arabera: metodologia, kronograma, kalitate-kontrola eta lantokien kudeaketa, 5na puntuz. Bestetik 20 puntu «Koordinazioa» baloratzeko, 10 lantaldearen barrukoa, eta beste 10 Liburutegiko teknikariekin izan beharrekoa.
Eustat.
– 5. Espedientea:
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren (SPKLTB) 112. artikuluak ondokoa xedatzen du:
«1.– Presako izapideak jarrai ditzakete atzera ezineko premia daukaten kontratuen espedienteek edo interes publikoa dela-eta kontratuen esleipena bizkortu beharra dutenek. Horretarako, kontratazio-organoak egindako presako adierazpena eduki behar du espedienteak; behar bezala arrazoitua».
Kontratu hori, izatez, 2015eko urtarrilaren hasieran abiatu behar zen ezinbestean, eta beraz, haren tramitazioa presako prozedurari jarraikiz egin beharko litzateke. Erabaki horrek kontratua 2014ko abenduaren 22an sinatzea ahalbidetu zuen, 2015eko urtarrilaren 8an abian jartzeko.
Justifikazioa jasota geratu da Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusiaren 2014ko irailaren 30eko Ebazpenean, eta hura oinarritzeko beharrezkoak diren datuak jasotzen dituen espedientean.
Hautaketa-irizpideei dagokienez, AKBP Karatularen 40. puntuaren arabera, eskaintzak aurkezteko gonbidapena jasoko duten enpresek honako baldintzak bete beharko dituzte:
1.– Azken hiru ekitaldietako batean, negozio guztien bolumenaren zenbatekoa milioi bat (1.000.000,00) eurokoa edo handiagoa izatea, eta
2.– Ezagutza nahikoa egiaztatzea informazio ugari jaso eta tratatzeko operazioetan, jasotzen eta manipulatzen aritzen diren langile-talde handiak kudeatzeko operazioetan, bai eta kontratu honen xede diren estatistika-operazioen antzekoetan informazio-bolumen esanguratsuak tratatzeko operazioetan ere (familien inguruko inkesta-lan etengabeak edo aldizkakoak, bi urtetik behingo edo goragoko maiztasunekoak, urtean 10.000 unitateko edo gehiagoko laginak dituztenak).
Hala, ez da uste baldintza horiek zehaztasun faltarik dutenik ez negozioaren bolumenaren zenbatekoari (milioi bat) ez esku hartuko zuketen eragiketen izaerari (galde-sortaren izaera, maiztasuna eta laginaren tamaina) dagokienez.
– 7. espedientea:
Irizpideen balorazio-txostenean emandako puntuazioari dagokionez, lizitatzaileei puntuazio desberdinak emateko arrazoiak oso ongi deskribatzen direla ulertzen da. Alde batetik, txostenak bikaintzat jotzen du eta gehieneko puntuazioa ematen dio enpresetako baten eskaintzari, balidazio-, arazketa- eta zuzenketa-prozesu oso osatuak ezartzen dituelako; horietan beste iturri batzuetatik datorren informazioa hartzen da kontuan, hala nola, Osakidetzako metabolopatien fitxategia, amategia duten ospitaleetako abortuen erregistroak, grabatutako buletinen eta Espainiako Estatistika Institututik jasotakoen arteko konparaketa, urtean zehar gertaerarik izan ez den udaletakoen arteko konparaketa, eta abar. Eta prozesu horiek guztiak buletin mota bakoitzeko 18 laneguneko kronograma batean deskribatzen dira.
Emakunde.
– 8. espedientea:
Kontratuaren helburua irakasleei zuzendutako prestakuntza-programa bat garatzea da, nahitaez eskola-egutegiarekin bat etorriz egin behar dena. Baldintza hori behar bezala azalduta dago Emakundeko zuzendariak agindutako presako justifikazioaren ebazpenean, eta kontratazio-espedientean sartuta.
– 8., 9., 10. eta 11. espedienteak:
Emakundek ez du langilerik aipatutako kontratuen helburuak betetzeko. Hala ere, kontratazio bidez esternalizatzen diren lan guztietan beharrezkoa da prestakuntza-, ebaluazio- eta azterketa-lanak gauzatzea; horiek jardueraren aldi zehatz batzuetan egingo dira, eta askotan, autonomia-erkidegoko hainbat puntutan, nahiz eta alderdi hori ez den espresuki jasotzen kontratazio-espediente bakoitzean.
– 8., 9. eta 10. espedienteak:
Kontratazio-espediente horiek nahikoa zehaztutako balorazio-txosten bat dute.
– 9. espedientea:
Beldur barik emakumeen kontrako indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko programa bat da, batez ere gazteei zuzendua. Programa Emakundek kudeatzen du, eta Emakundek eta hiru foru-aldundiek finantzatzen dute batera; gainera Hezkuntza Saileko BERDINSAREA/EUDELen eta EHUren lankidetza dute. Programa gauzatzeko beharrezkoa da udalen, ikastetxeen, gazteen taldeen, eta abarren inplikazioa. Inplikatutako eragile-kopuru handia eta horien aniztasuna eta programa gauzatzeko lan-metodoak, epe-aniztasuna eta baliabideak direla eta, beharrezkoa da erakundeak eta erakundearteko lankidetzaren ondoriozko premiak ezagutzea. Beraz, oso arrazoizkoa iruditzen zaigu eskakizun hori kontratazioan egotea.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia.
– 12. eta 14. espedienteak:
Aipatutako bi kontratuetako batean ere ez zen inongo lizitatzailerik baztertu arrazoi honengatik.
– 13., 14. eta 15. espedienteak:
SPKLTBren 106. artikuluak honako hau ezartzen du: «Aukera izango da sektore publikoko kontratuak aldatzeko, betiere pleguetan edo lizitazio-iragarkian aukera horren berri berariaz eman bada, eta alderdi hauek modu argi, zehatz eta ezin nahasizkoan zehaztu badira: kontratua zein baldintza betez aldatu ahal izango den, aldaketek zer helmen eta muga izango dituzten (...)».
Horri dagokionez, nahitaez aipatu behar da betekizunen formulazioaren xehetasun-mailaren gainean ados ez egotea zilegi bada ere Akademiak ahalegina egingo duela haren administrazio-kontratuen aldaketen baldintzak gehiago zehazteko.
– 12. espedientea:
Espedientean bertan egindako aldaketaren beharraren nahikoa justifikazio ageri da. Hala ere, aipatutako aldaketak berarekin kostu ekonomikorik ez zekarrenez, eta aipatutako zerbitzua emateagatik prezioa handitzen ez zenez, Akademiaren iritzian, ez zena beharrezkoa Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren txostena.
Kontsumobide.
– 18. espedientea:
A.– Aipatutako kontratua esleitzeko proposamenean kontuan hartu diren irizpideen artean, balio-judizioa behar dutenak zehazten dira.
– Proiektu pedagogikoaren planteamendua, metodologia, bideragarritasun teknikoa eta denborari dagokiona. Sartuta egongo da urteko programazioa, bi programen helburuen araberakoa, eta baliabide materialen zehaztapena: 11 puntu.
– Jardueren planteamenduaren eta erabiliko diren materialen originaltasuna eta eskola curriculumaren helburuen araberako irakasleen eta ikasleen egungo premiekiko egokitasuna: 10 puntu.
– Jardueren planteamenduaren eta erabiliko diren materialen originaltasuna eta nagusien egungo premiekiko egokitasuna: 10 puntu.
– Bestelako hobekuntzak: 18 puntu.
B.– Irizpide desberdinei emandako balorazioaren justifikazioa, kontratu honetara aurkeztu diren enpresek erakutsitako dokumentazioaren arabera.
1.– Proiektu pedagogikoaren planteamendua, metodologia, bideragarritasun teknikoa eta denborari dagokiona. Sartuta egongo da urteko programazioa, bi programen helburuen araberakoa, eta baliabide materialen zehaztapena: 11 puntu.
Helburu hau lortzeko beharrezkotzat jotzen da teknika eta talde-dinamika egokienak baloratzea, hala nola erabiliko diren baliabide eta bitarteko materialak.
IFK: B36591063.00:
Proposatutako metodologiak, besteak beste, honako alderdi hauek kontuan hartuko ditu: ezaugarri pertsonalak, gaitasun sozialak, generoa, arraza/etnia, aldaera sozioekonomikoak, bizikidetza-aldaerak.
Kontuan hartuta Kontsumobideren prestakuntza autonomia-erkidego osoko ikasle-taldeei eta adinekoen kolektiboei zuzenduta dagoela, ez dirudi prestakuntza aipatutako ezaugarrien arabera bereizterik dagoenik.
Ingurumenarekiko inplikazioan interes handia agertzen dute, hala nola lan solidarioan, pentsaera globalaren eta tokiko ekintzaren ideian.
Oso printzipio laudagarriak izanik, kontsumoarekin zerikusirik ez duten gai horiek lantzeko gaitasun handiagoko beste eragile batzuk daudela uste dugu.
Prestakuntza-jardueran metodologia dinamikoa eta parte-hartzailea erabiltzea zuzen iruditzen zaigu.
Irizpide honi 5 puntu eman zaizkio.
IFK: B48457808.00:
Aurkeztutako proposamena Eskola Komunitate osoari zuzenduta dago, berdintasunezko eran, talde bakoitzeko kideen ezaugarriak bereizi gabe.
Jarduera guztiak kontsumoaren eremuan jarrera arduratsuak eta kritikoak sustatzeko diseinatuta daude, taldean esperimentatuz, manipulatuz, praktikatuz eta lan eginez.
Generoaren ikuspegia modu transbertsalean lantzen da.
Proposamen honekin honakoak trebatzen dira kontsumoaren arloan: Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hezkuntzako ikasleak, bigarren hezkuntzako 1. ziklokoak, irakasleak, gurasoak eta adinekoen kolektiboak.
Proposamen honek berdintasunezko prestakuntza ematen du, parte-hartzaileak haien jatorriagatik, maila ekonomikoagatik, sexuagatik, etab., bereizi gabe, eta horiek lantzeko berariazko tailerrik eman beharrik gabe.
Argi dago prestakuntza honen ardatza kontsumo-ekinbide arduratsuko pertsonak lortzea dela.
Ikasleei zuzendutako lantegi didaktikoek dinamika digitalak eta interaktiboak hartzen dituzte barnean, eta notebookak eta arbel digitalak erabiltzea proposatzen dute haiek emateko.
Gure iritzian, gaur egun, teknika digitalak erabiltzea oso garrantzitsua da ikasleen inplikazioa handitzeko.
Lan egiteko metodologia zehazten du, honako hauei begira: ikasleak, gurasoak, irakasleak eta adinekoak.
Aplikatzea proposatutako metodologiaren irizpide nagusiak honetan oinarritzen dira:
– Pertsona hartzaileek aurretiaz duten ezagutza kontuan hartzea.
– Jarrera aktiboa eta parte-hartzailea sortzea.
– Autonomia eta ekimena erraztea.
– Ikaskuntza ikerketa gisan aurkeztea.
– Ikasitakoa komunikatu eta jakinarazi dezaten bultzatzea.
– Ikasitakoa beste testuinguru batzuetan erabiltzen gaitzea.
Antolamendua zehazten du bai adinekoekin egingo diren jardueretarako bai ikastetxeetan egingo direnetarako, eta aurreko fasea, exekuzioa eta ondorengo fasea ere zehazten ditu.
Urteko Txostenaren erako diseinua du, Antolamenduaren Txostena lantzeko egin beharreko zereginak zehaztuta, eta abar.
Eskainitako giza baliabideak zehaztuta daude eta egokiak dira.
Hori dela eta, irizpide honi 11 puntu eman zaizkio.
2.– Jardueren planteamenduaren eta erabiliko diren materialen originaltasuna eta eskola curriculumaren helburuen araberako irakasleen eta ikasleen egungo premiekiko egokitasuna: 10 puntu.
IFK: B36591063.00:
Lehen eta bigarren hezkuntzarako lantegiak egiteko proposamenean, kontsumo-programaren helburuari ez dagozkion hainbat ekintza eskaintzen dira, adibidez: Generorik gabe jolasean; Nire aisialdia; Nola dibertitzen naizen.
Publizitatearen eta modaren lantegiak eta Iragarkien lantegiak antzeko helburuak dituzte.
Interneten erosketak egiteari buruzko lantegia ez da egokia 14 urtetik beherako ikasleentzat.
Produktuen segurtasunari buruzko lantegiak, batez ere, produktu kimikoei dagokien segurtasuna du ardatz; uste dugu helburu hori oso mugatua dela, produktuen segurtasunaren arloko kasuistika oso anitza denez.
Erosketa egiten dugu, Gatazkak konpontzen eta Autoestima lantegien helburuak ez dira egokiak zuzenduta dauden ikasleen adinerako, nahiz eta informazioaren zati bat erabilgarria izan litekeen. Gainera, formatua ez da egokia zuzenduta dagoen ikasleen adinerako.
Lantegiak: Jardueren planteamenduari egokitzen zaizkie lantegi hauek: Elikagaien piramidea, Etiketak ezagutuz, Jostailuak eta publizitatea, Bidezko merkataritza, Produktu ekologikoak, Nire arropa eta ni, Energia aurreztuz, Bideo-jokoak, Segurtasuna Interneten, Eskubideak eta betebeharrak, Elikadura osasuntsua eta Produktuen etiketak.
Irizpide honi 4 puntu eman zaizkio.
IFK: B48457808.00:
Proposatutako lantegiak: Kontsumitzen ikasten dut, Elikagaien elaborazioa, Supermerkatua eta erosketa, Fruta eta barazkiak, Litxarreriak, Elikadura arduratsua, Elikagaien manipulazio segurua, Produktuen ontziak, Produktu baten bizitza-zikloa, Ura: kontsumitzea eta aurreztea, Energia, Garraiobideak, Kontsumoa eta ingurumena, Uraren kontsumo arduratsua, Energia-efizientzia, Jolasa eta jostailua, Bideo-jokoak, Aisialdia eta kontsumoa, Publizitatearen azterketa, Publizitatea eta marka, Produktu seguruak, Elikagaiak: etiketak eta osagaiak, Arropa eta ehunak, Bidezko merkataritza, Moda, arropa eta oinetakoak, Familia-ekonomia, Teknologia berriak, Telefonia eta Internet.
Jarduera eta erabiliko diren material guztiak programaren helburuetara eta beharretara egokitzen dira.
Irizpide honi 10 puntu eman zaizkio.
3.– Jardueren planteamenduaren eta erabiliko diren materialen originaltasuna eta nagusien egungo premiekiko egokitasuna: 10 puntu.
IFK: B36591063.00:
Ez da zehazten oinarri teknikoen orrian jasota ez dagoen informazio gehigarririk.
Hori dela eta, ezin dugu jardueren eta materialen originaltasuna baloratu.
Beraz, emandako puntuazioa 1 puntukoa da.
IFK: B48457808.00:
Oinarri teknikoen orrian eskatutako informazioaz gain, edukiak eta egingo diren ekintzak zehazten dira, adibidez:
– Dosierren diseinu-proposamenak, barne hartutako dokumentazioa zehaztuta.
– Informazio-diptikoak eta kartelak, ezaugarri teknikoekin.
– Bisita zehatzen proposamenak enpresa-zentroetara.
– Aldizkari baten diseinua, haren edukia eta tamaina zehaztuta.
Proposatutako jarduerak eta aurkeztutako materialak KBren beharrei egokitzen zaizkie.
Beraz, emandako puntuazioa 10 puntukoa da.
4.– Bestelako hobekuntzak: 18 puntu.
IFK: B36591063.00:
9 hobetzeko proposamen aurkezten ditu:
1.– Honako gaiei buruzko 6 karpa jartzea proposatzen du:
Kontsumo arduratsua, Jostailu ez-sexista, Kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak, Aisialdi aktiboa, Energia-aurrezpena eta Bideo-jokoak.
Horietatik ez dira proposamen gisa onartu Jostailu ez-sexistei eta Aisialdi aktiboari buruzko karpak, ez baitatoz bat kontsumoan trebatzearen helburuekin.
Beste lau proposamenetatik, hobekuntza gisa partzialki onartu dira, eta 4 puntu eman zaizkie (puntu 1 karpa bakoitzeko), ekintza puntualak direlako, eta hiru herritan bakarrik egitekoak.
Honako hauek dira beste hobekuntzak:
2.– Diptikoak Internet bidezko erosketa seguruei buruz. Hobekuntza hori ez da onartu, ezingo bailitzateke egin; izan ere, Kontsumobidek jadanik baditu informazio hori duten diptikoak.
3.– Merkataritza-guneei buruzko bideo-foruma. Onartu da hobetzeko proposamena, eta puntu 1 eman zaio, kontsumo-arloko gaietako bat ez den genero-ikuspegia lehenesten baitu.
4.– Sare sozialak. Atzera bota da proposamena, Kontsumobidek egun bere sare sozialak baititu.
Guztira, hobekuntzengatik emandako puntuak 5 dira.
IFK: B48457808.00:
9 hobetzeko proposamen aurkezten ditu:
1.– Bi gai gehigarri lehen hezkuntzako eskaintzan: Familia-ekonomia 3. Zikloa eta Paperaren kontsumo arduratsua.
2.– Gai gehigarri bat bigarren hezkuntzarako: Bidaian, eskubideekin eta betebeharrekin.
3.– Bi gai gehigarri gurasoen prestakuntzarako: Adin txikikoak eta Internet eta Familia-lantegia: familia-ekonomia.
4.– Haurtzaindegi- eta ludoteka-zerbitzua gurasoen saioak egin bitartean.
5.– Ekintzak Kontsumobide ikastegietan ikusgarri egiteko. 3 plotter diseinatzea eta langileak identifikatzea.
6.– Familia-ekonomia lantegiko ikasleen balorazioa eta pertzepzioa jasotzea.
7.– Gai gehigarri bat adinekoentzat: Erosketa arduratsua.
9.– Bideo bat editatzea adinekoen mezuekin.
9.– Prestatzaile-taldea kontsumoari buruzko edukietan trebatzea.
9 proposamenak onartu dira, Kontsumobideren prestakuntza-proiektuarekin zuzenean lotuta baitaude. 2 puntu eman zaizkio hobekuntzako proposamen bakoitzeko.
Guztira, hobekuntzengatik emandako puntuak 18 dira.
Balio-judizio bat behar den irizpideen balorazioa.
Honako hau da balio-judizioei dagozkien irizpideetan lortutako balorazioa:
– IFK: B48457808.00: 49 puntu.
– IFK: B36591063.00: 15 puntu.
LANBIDE.
– 21. Espedientea:
Urrian esleitu zen gauzatze-epe labur batekin. Uztailan harekin ez jarraitzeko aukera balioetsi zen, geratzen zen gauzatze-epea laburra baitzen. Hala ere, hartzaileak kontuan hartuta, aurrera egitea erabaki zen.
– 23. Espedientea:
Orrien testuan, aldatzeko aukera sartu zen. Honakoa da hitzez hitz: «Kontratuaren aldaketak: Kontratua aldatzeko arrazoia izango dira honako hauek: estimatutako kontsumoen hazkundea, Administrazioaren benetako beharrak edo Intxaurrondoko Lan Bulegoak (Donostia), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak (Gasteiz) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak (Bilbo) zerbitzua eskaintzea. Hori guztia kontratuaren aurrekontuaren gehienezko % 40ko mugarekin».
Beraz, baldintzak zehaztu zirela ulertzen da, eta izatekotan, arauan eskatu baino zehaztasun gutxiagorekin.
Gaur egun, aurtengo apiriletik, barruko araudia Europar Batasuneko araudira egokitu ondoren, testu berri bat erabiltzen da lizitazioetan, baldintzak gehiago zehaztea duena helburu. Horrenbestez, honako alderdi hauek zehaztu behar dira: Baldintzak; Egiaztatzeko metodoa; Irismena; Kontratuaren aurrekontuan izan dezaketen gehieneko eraginaren ehunekoa; eta Prozedura.
III.2.– Kontratu txiki bidezko erosketak.
HABE.
Txostenean aipatutako kontratu txikiak bi hauek dira:
– Alde batetik, Ipar Amerikako euskara-irakasleen trebakuntzari buruzkoa, 9.000 eurokoa;
– Bestetik, Hego Amerikako euskara-irakasleen trebakuntza kontratatzeko izapidetu zena, 8.000 euroan.
Aurreko bi urtetan bezala, bi kontratuak euskaltegi berari esleitu zitzaizkion euskaltegi beraren jabegokoa den on-line metodoa beharrezkoa suertatzen zelako kontrataturiko zerbitzua emateko. Hala ere, kontratazio hori egiteko ez da aplikatu Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginak, azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretu Legegilearen bitartez onartutakoak, 170.d) eta 177. artikuluetan ezarritakoarekin bat datorren ezagutzera eman gabeko jardunbide negoziatu gisa tramitatutako prozedura, kontrataturiko prestakuntza-ibilbidea Hego Amerikan finkatuta zegoen moduan, Ipar Amerikan, berriz, sendotu gabe zegoen eta horregatik urtero itxaron behar izaten zen azkeneko momentura arte jarduerak interes nahikoa sustatzen zuen ala ez ikusi arte eta, beraz, irakasle-gai nahikoa zegoen ala ez zerbitzua kontratatzeko. Beraz, ezinezkoa izaten zen jakitea Ipar Amerikako zerbitzua beharrezkoa izango ote zen ala ez kontratazio-espediente batek eskatzen duen aurrerapenarekin. Horren froga da Ipar Amerikan 2015eko trebakuntza-ikastaroa amaitu ondoren ez dela beste ikastarorik kontratatu; Hego Amerikako irakasleen prestakuntzari begira, berriz, prozedura irekiaren bitartez kontratatuko den zerbitzuaren espedientea abiatu da.
Hala ere, azpimarratu behar da ezagutzera eman gabeko jardunbide negoziatu gisa tramitatutako kontratu baten bitartez kontratu beharrean, bi kontratu txikiren bitartez izapidetzeak ez zuela esleipendunaren hautaketaren inguruko ondoriorik izan, prestakuntza-lan hori eskaini ahal izateko baliabide egokienak esleitutako euskaltegiarena zirelako, eta horrela jasota dago espedientean, esleipen-ebazpenean.
IVAP.
IVAPek prozedura ireki bidezko lizitazio bat abian jartzea aurreikusi du 2017an, bidaia-laguntzetarako eta hotelak nahiz hegaldiak kontratatzeko.
Eustat.
Espediente hauei dagokienez:
– Ikerketa, lanketa eta dokumentazioa egitea. Genero-berdintasunaren indizea.
– Big Data: metodologia-alderdiak, prozesuak eta baldintza teknologikoak, estatistika ofizialean datu-iturri gisa erabiltzeko.
– Metodologia-ereduen gaineko ikerketa, I+G galde-sortan automatikoki sartzeko.
Kontratazioen zenbatekoa 21.780 eurokoa izan zen, eta une hartan legez ezarritako zenbatekotzat hartu zen (SPKLTB, 138. artikulua). Dena dela, legez ezarritako zenbatekoa 18.000 euro gehi BEZa izanik (21.779,98), zenbateko hori etorkizunean egin daitezkeen kontratazioetan egokitzea agindu da.
Emakunde.
– «Bidaia-laguntzak, hotelak eta hegaldiak kontratatzea, eta abar».
Bidaien gastuak eta kontratatutako hotelak eta hegaldiak, etab., urtean zehar egiten den zehaztapenaren mende daude, jardunaldien antolaketaren eta haiek egiteko kontratatutako hizlarien araberakoak direnez.
Jardunaldiak eta, beraz, hizlariak topatzea eta kontratatzea urtean osoan zehar egiten da. Beraz, ezinezkoa da aurreikusitako gastua urte hasieran ezartzea, nahiz eta, normalean, publikotasunik gabe negoziatutako kontratuetan ezarritako nahitaezko gastua baino txikiagoa aurreikusten den.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia.
«A» moduluko berritze-lanen zuzendaritzari eta ikasleen arretarako eremuko obren zuzendaritzari –ur-iragazketek eragindako ustekabeko eta gertatzezko konponketa-lanak– dagozkion zenbatekoak ezin dira metatu prozedura negoziatu berean, subsumitzeko.
Bulego-materialaren, paperaren eta tonerren horniketa dela eta, erosketa txiki horiek askotariko objektuei dagozkie, eta ezin dira unitate funtzionaltzat hartu. Aipatutako papera inprimatzeko papera da, ez bulegokoa, eta beraz, tonerraren edo bulego-materialen barne dauden beste objektu batzuen aldean, ezin da kontzeptu horren barruan sartu.
Esnekien horniketa dela eta, 2016ko ekitaldiko Akademiaren zenbatekoa kontuan hartuta, beharrezkoak diren izapideak egiten ari dira prozedura irekia erabiltzeko aipatutako horniketaren kontratazioan.
Bestalde, HKEEren arabera, «184.009 euroko gastuak hauteman dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat obra txikiak egin dituzten hainbat hirugarrenei dagozkionak; lehiaketa bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, unitateko prezioen edo hornitzaileen homologazio-prozeduren bitartez lizitatzeko multzokatu litezke». Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egokitzat jotzen du proposamena, eta hurrengo ekitaldiei begira, horiek multzokatzen saiatuko da, unitateko prezioen edo hornitzaileen homologazio-prozeduren bitartez lizitatzeko.
III.4.– Mandatuak.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia.
Akademiak HABEri egindako kudeaketa-gomendioaren bidez egin diren Ertzaintzaren lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunaren hizkuntza-gaikuntzari dagozkion ikastaroen ordainketak ikastarook bukatzen direnean egingo da, ez haiek egin aurretik.