EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017024

37/2017 DEKRETUA, urtarrilaren 31koa, 2017ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700037
Xedapenaren data: 2017-01-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201700629
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/30rean argitaratutako 2015/12/23ko 201500009 LEGEA
  • Ikus 2016/12/23an argitaratutako 2016/12/22ko 201600014 LEGEA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategina onartu zuen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza-Dekretuan, luzapen-erregimena arautzen da. Zehazki, 128. artikuluko e) idatzi-zatian esaten da ezen, zorpetze- eta kreditu-eragiketei dagokienez, luzatuko diren aurrekontu orokorretan finkatutako mugak aplikatu egingo direla, betiere eta soilik luzapena indarrean den artean.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeko, abenduaren 22ko 14/2016 Legaz onarytutako, 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Hala eran zen, dokumentu bidez zehaztuta edozein delarik ere, emendatu ahal izango den, muga delarik ekitaldiko itxiera-saldoko mugak ez goitutea ekitaldi hasierako saldoari dagokiona, hain justu ere 662.902.210 eurotan.
Beraz, 2016. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2017ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.450.951.230 eurokoa da.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.
Horri dagokionean, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehienezko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren Zor Publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai zer finantza-baldintzak ezarriko diren.
Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2017ko urtarrilaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu bategineko, maiatzaren 24ko 1/2011 Dekretuaz onartutako, 128.e) artikuluarekin bat etorriz, Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea erabaki da, eta baimena ematen da mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, betiere mila laurehun eta berrogeita hamar milioi bederatzirehun eta berrogeita hamaika mila eta berrehun eta hogeita hamar (1.450.951.230) euroko gehienezko zenbatekoarekin.
2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
1.– Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.450.951.230 euro.
2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
4.– Epea: 30 urte, gehienez.
5.– Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:
– Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.
3. artikulua.– Helburua.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.
4. artikulua.– Onurak.
Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.
5. artikulua.– Konputagarritasuna.
Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaitzeak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
2.– Baimena ematen zaie Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariari, batek zein besteak, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko urtarrilaren 31n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.