EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017024

EBAZPENA, 2017ko urtarrilaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Arabako Campuseko Batzarraren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duena.

Xedapenaren data: 2017-01-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201700620
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/12/12an argitaratutako 2012/11/21eko EBAZPENA indargabetzen du [201205533]
  • Ikus 2015/07/09an argitaratutako 2015/07/03ko AGINDUA [201503054]

AURREKARIAK
UPV/EHUren ikastegien berrantolaketaren ondorioz (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 3ko Aginduaren bidez argitaratua, 2015eko uztailaren 9ko EHAAn), Arabako Campusean kokaturiko ikastegien izena, osaera eta kopurua aldatu da. Ondorioz, Campuseko Batzarraren Arautegia egoera berrira egokitu behar da.UPV/EHUren estatutuetako 2. artikuluak xedatzen du ezen UPV/EHU campus anitzeko unibertsitatea dela, modu deszentralizatuan antolatzen dena eta eginkizunak ere banatuta dauzkana, bai eta egitura aurrera eramango dituen zereginetara egokituko ere eta etengabe eguneratuko dena.
10. artikuluan jasota dago UPV/EHUren egituraren osagai direla unibertsitateko campusak. Bestalde, 11. artikuluaren arabera, campuseko batzarrak UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritzarako organoak dira. 194. artikuluaren arabera, campuseko batzarra campus bakoitzaren gobernu eta ordezkaritza organoa da, kide anitzekoa.
UPV/EHUren estatutuetako 194.2.c) artikuluarekin bat etorrita, campuseko batzarraren eskumena da bere arautegiaren behin betikoz onestea, legetasun-txostena aurretik dela. Emaniko legetasun-txostenarekin bat etorrita, Arabako campuseko batzarrak 2016ko azaroaren 23an egindako bilerak Arabako campuseko batzarraren arautegia onartu zuen behin betikoz.
Azkenik, UPV/EHUren estatutuetako 187.1 artikuluak dio idazkari nagusiak bermatu behar duela UPV/EHUko erabakiak argitaratuko direla; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal unibertsitate sistemari buruzkoak, dio erabakiak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Agindua ematea Arabako campuseko batzarraren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.
Bigarrena.– Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2017ko urtarrilaren 18a.
Idazkari nagusia,
MIKEL GARMENDIA MUJIKA.
ARABAKO CAMPUSEKO BATZARRAREN ARAUTEGIA
LEHENENGO TITULUA
ARABAKO UNIBERTSITATE CAMPUSA
1. artikulua.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) campus anitzeko egitura eta antolaketa.
UPV/EHU hainbat campusetan dago banatuta. UPV/EHU modu deszentralizatuan dago antolatuta eta eginkizunak ere banatuta dauzka. Bestalde, aurrera eramango dituen zereginetara egokituko du bere egitura, eta eguneratuko da.
2. artikulua.– Arabako unibertsitate campusa.
1.– Arabako campuseko unibertsitate komunitatea Arabako campusari loturiko ikasleek, pertsonal irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak osatzen dute.
2.– Arabako unibertsitate campusak harremanak bultzatuko ditu ikastegien, sailen, unibertsitateko ikerkuntza institutuen eta campusa osatzen duten gainerako unitateen artean, elkarren interesekoak diren esparruetan. Era berean, UPV/EHUren eta inguruko erakunde publiko eta pribatuen arteko ohiko harremanak bultzatu eta gauzatuko ditu.
3.– Arabako Unibertsitate Campusa honako hauek osatzen dute:
a) Campuseko Errektoreordetza.
b) Fakultateak eta Unibertsitate Eskolak:
– Ekonomia eta Enpresa Fakultatea.
– Farmazia Fakultatea.
– Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskola.
– Hezkuntza eta Kirol Fakultatea.
– Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea.
– Letren Fakultatea.
– Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea.
c) Honako ikastegi hau, UPV/EHUri atxikita: Vitoria-Gasteizko Erizaintzaren Unibertsitate Eskola.
d) Unibertsitateko ikerkuntza institutu hauek:
– Antzinate Jakintzen Institutua (institutu propioa).
– Valentin Foronda Gizarte-Historiarako Institutua (institutu mistoa).
e) CSICi elkartutako unitatea: Erdi Aroko Landa Eremuaren Ikerketa Taldea.
f) Lascaray Ikergunea.
g) Micaela Portilla Ikergunea.
h) «Koldo Mitxelena» Arabako Campuseko biblioteka.
i) Tomás Alfaro Fournier unibertsitate egoitza.
j) Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedra.
k) Campusean egoitza duten sail, sail atal eta katedrak, bai eta campuseko unibertsitateko kideentzako arreta eta laguntzarako zerbitzu orokor eta espezifikoak ere.
l) Master eta Doktorego Eskolaren atala.
m) UPV/EHUk sortu eta Arabako Campusean egoitza izango duen beste edozein erakunde edo egitura.
3. artikulua.– Jarduteko printzipio orokorrak.
1.– Arabako unibertsitateko campusak, UPV/EHUko organo orokorrekin koordinaturik, beteko ditu bere eginkizunak.
2.– UPV/EHUk, zereginak aurrera eramatean, honako printzipio hauek hartuko ditu aintzat: legezkotasuna, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna, kalitatea eta ahalik eta zerbitzurik onena ematea gizarteari eta unibertsitateko kideei.
3.– UPV/EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat.
4.– UPV/EHUk bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta unibertsitateko gainerako kideei. Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean. Ahaleginak egingo ditu campusaren ingurunea behar bezala egokitzeko, legeriak xedatutakoari jarraiki, ezintasunak dauzkaten pertsonak oztoporik gabe ibili ahal izan daitezen bertan.
5.– Unibertsitateko kide guztien parte hartzea sustatu eta jarduna bermatuko du.
4. artikulua.– Arabako campusaren eginkizunak.
1.– Hauek dira campusaren eginkizunak:
a) Beren baliabideen kargurako programa eta neurriak hartzea, arloan eragina duten orokorrekin kontraesanean baldin ez badaude.
b) Programa eta neurri orokorrak egokitu, garatu eta gauzatzea.
c) Unibertsitateko beste organoekin lankidetzan campuseko giza baliabideak gestionatzea.
d) Bere eremuan unibertsitateko kide guztiek erabiltzeko diren baliabide eta azpiegiturak eta irakaskuntzan eta ikerketan erabiltzekoak direnak gestionatzea.
e) Erakundeen arteko harremanak bultzatu eta garatzea, bai eta unibertsitate eta kultura hedakuntza ere.
f) Bere eremuan unibertsitateko irakats eskaintza eta ikerkuntzarako laguntza koordinatzea.
g) Bere eremuaren barruan, ondarearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzen laguntzea eta ikerketa sustatzea.
h) Bere eremuaren barruan, UPV/EHUren plangintza estrategikoa eta hizkuntz plangintza garatu eta urtero gauzatzea.
i) Bestalde, unibertsitateko egituretan eragina izan dezaketen ekimenak zehaztu eta bultzatu ahal izango ditu, betiere, beren eskumenen eta beste instantzia batzuen eskumenen babesean.
2.– Beren eskumenen babesean, gobernu-kontseiluak jardute-eremu ezberdinetan ezarriko lituzkeen eskuduntzekin bat etorrita, Arabako campusak bere eginkizunak beteko ditu, besteak beste, honako arlo hauetan:
a) Ikasleentzako arreta.
b) Euskara eta eleaniztasuna.
c) Langileak eta zerbitzuak.
d) Unibertsitate hedakuntza eta beste erakunde batzuekiko harremanak.
e) Gizarte erantzukizuna.
f) Irakaskuntza jarduera.
g) Ikerkuntza, jakintzaren transferentzia eta zientziaren eta teknologiaren garapena.
3.– Honako hauek dira beste unibertsitate organo batzuekin partitutako eginkizunak:
a) Euskararen erabilera normaldua bultzatuko du, eta unibertsitateko kideek hizkuntza hori ikasi eta egunera dezatela sustatuko, horretarako izango dituen planen arabera.
b) Unibertsitate komunitateari osasuna zaintzeko eta arriskuei aurrea hartzeko babes eraginkorra eskaintzea campusaren barruan.
c) Unibertsitate hedakuntza campusaren eremuan eta gizartearenean sustatu eta espazio eta egitura espezifikoak izan daitezela erraztu, campusaren beraren edo bestelako erakunde publiko edo pribatuekiko komenioen bidez.
BIGARREN TITULUA
ARABAKO CAMPUSEKO BATZARRA
5. artikulua.– Arabako campuseko batzarraren izaera.
Arabako campuseko batzarra Arabako unibertsitate campusaren gobernu eta ordezkaritza organoa da, kide anitzekoa.
6. artikulua.– Arabako campuseko batzarraren eskumenak.
Hauek dira Campuseko Batzarraren zereginak:
a) Campuseko errektoreordeari bere zereginetan laguntzea.
b) Campusaren jardunaren ildo nagusiak, urteko memoria eta urteko eginkizunen plana onartzea; eta Gobernu Kontseiluari premien memoriaren, urte anitzerako programazioaren eta hizkuntza normalkuntzarako eta eleaniztasunerako politikaren berri ematea.
c) Bere arautegia behin betiko onartzea, legezkotasun txostena egin ondoren.
d) Campuseko ikastegiekin, institutu edo unibertsitatearen egiturekin, titulazioekin eta zerbitzuekin zerikusi zuzena duten proposamenak eta txostenak bidaltzea unibertsitateko gobernu organo orokorretara, eta ikastetxe nagusiak eta unibertsitate egoitzak onetsi, campusari atxiki eta bertan txertatzeaz iritzia ematea.
e) Ikasketak koordinatzea, irakaskuntza eta ikerkuntza behar bezala buru daitezen zaintzea, eta campuseko kideen lan baldintzak eta elkarbizitza hobetzen laguntzea, horretarako behar diren neurriak hartuz.
f) Campusari ez beste inori eragiten dioten hitzarmenak sinatzeko baimena ematea, gobernu kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.
g) UPV/EHUk campusean dauzkan ondasun eta higiezinak erabiltzeko moduari buruzko iritzia ematea.
h) Guztientzako eremuak erabiltzeko arauak ezartzea eta ikasgelak nahiz jardun akademikorako beste espazioak behar bezala aprobetxa daitezen bermatzea.
i) Egoki leritzekeen batzordeak izendatzea, bere eginkizunak ahalik eta hobekien egitearren.
j) Estatutuok edo hauek garatzeko arautegiek eman liezazkiokeen gainerako eskumenak, edo unibertsitateko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.
7. artikulua.– Campuseko batzarraren osaera.
1.– Campuseko Batzarra berezko kideek, izendapen askeko kideek eta kide hautatuek osatzen dute.
2.– Campuseko Batzarreko berezko kide dira:
– Campuseko errektoreordea, errektorearen ordezkari iraunkorra eta campusean den unibertsitate agintari gorena, batzarburu izango dena.
– Campuseko idazkaria, campuseko batzarraren aktak idatziko dituena, akta liburuak egin eta zaindu eta bere erabakien publizitatea bermatzen duena, campuseko batzarraren eta campuseko gobernu eta administraziorako gainontzeko organoen erabakien fede eman eta horiei buruzko ziurtagiriak egingo dituena, bai eta campuseko dokumentazio ofizialean ikus edo egiaztatuko lituzkeen egintza edo gertakari guztiena ere. Honez gainera, erregistro orokorraren mantentzen eta campuseko artxiboa gordetzen lagunduko du eta UPV/EHUren beste organo batzuek eskuordetutako eginkizun guztiak oro egingo.
– Campuseko gerenteordea, laguntza emango diena errektoreordeari eta campuseko batzarrari ondarearen eta ekonomia eta administrazioaren arlo guztietan.
– Arabako Campusari atxikitako ikastegi bakoitzeko dekanoa edo zuzendaria eta egoitza beste Campus batzuetan duten ikastegien ataletako koordinatzaileak. Ikastegi atxikietako zuzendariak ez dira batzarreko berezko kide izango, baina parte hartuko ahal dute batzarraren bileretan, ahotsa bai baina botorik gabe.
3.– Izendapen askeko kideak dira Campuseko errektoreordetzaren zuzendaritza taldeko 3 zuzendariak, campuseko errektoreordeak izendatuta.
4.– Campuseko Batzarreko kide hautatuak dira:
– Campusean egoitza duten sailetako zuzendarien edo zein bere saileko arautegiak hala aitortua bada sail ataleko koordinatzaileen 2 ordezkari, Campusean diren sail eta atal kopuruarekiko proportzioan banatuko direnak.
– Campusean egoitza duten ikerkuntza institutuen ordezkari bat, aipatutako institutuotako artean hautatua.
– Campusari dagokion pertsonal irakasle eta ikertzailearen 7 ordezkari.
– Campuseko ikastegi bakoitzeko eta egoitza beste Campus batzuetan duten ikastegi atal bakoitzeko ikasleen ordezkari bana. Esperientziaren ikasgeletako ordezkari bat ere izango da kide.
– Campusari dagokion administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren 3 ordezkari.
HIRUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARREKO KIDEAK HAUTATZEA
8. artikulua.– Campuseko batzarreko kideak hautatzea.
1.– Honako arautegi honen ondorioetarako, hauek dira campuseko batzarraren barruan sektoretzat jotakoak:
a) Campuseko ikastegietako dekano eta zuzendarien eta egoitza beste Campus batzuetan duten ikastegi ataletako koordinatzaileen sektorea.
b) Campusean egoitza daukaten sailetako zuzendari eta sail ataletako koordinatzaileen sektorea.
c) Campusean egoitza duten unibertsitateko ikerkuntza institutuetako zuzendarien sektorea.
d) Campuseko pertsonal irakasle eta ikertzaileen sektorea.
e) Campuseko ikasleen sektorea.
f) Campuseko administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren sektorea.
2.– Batzarreko sektore ezberdinetako ordezkari hautetsiak lau urtetan behin berrituko dira, salbu eta ikasleen ordezkariak, 2 urtetan behin berrituko baitira.
3.– Campusean egoitza duten sailetako zuzendarien eta sail ataletako koordinatzaileen sektoreko eta campusean egoitza duten ikerkuntzarako unibertsitate institutuetako zuzendarien sektoreko ordezkarien hautatzea.
a) Hautesle eta hautagai izanen dira, sektore hauetako bakoitzean, hurrenez hurren:
– Campusean egoitza daukaten sailetako zuzendari eta sail ataletako koordinatzaileak.
– Campusean egoitza duten ikerkuntzarako unibertsitate institutuetako zuzendariak.
b) Sektore bakoitzeko hautaketa campuseko errektoreordeak helburu honekin deitutako bileran egingo da, Unibertsitateko Klaustro berria eratu eta, gehienez, bi hilabeteren epearen barruan. Sektorearen ordezkarien talde zerrenda bakarra, itxia eta ordenatua adostu ahal izango da. Adostasunik ezean, hautagaitzak aurkeztuko dira, eta botazioa egingo.
4.– Campuseko pertsonal irakasle eta ikertzailearen sektoreko ordezkarien hautatzea.
a) Irakasleen ordezkariak hautatzea egoitza Arabako Campusean duten Ikastegietako Batzarrei eta egoitza beste Campus batzuetan duten Ataletako Batzarrei dagokie.
b) Campuseko Batzarrean, egoitza campusean duten ikastegi guztietako eta egoitza beste campus batean duten ikastegi ataletako irakasle-ikertzaileen ordezkarien parte hartzea bermatuko da.
c) Ordezkarien hautaketa Unibertsitateko Klaustro berria eratu eta, gehienez, bi hilabeteren epearen barruan egingo da.
5.– Campusari dagozkion Ikastegi eta egoitza beste Campus batzuetan duten Ikastegi ataletako ikasleen ordezkarien hautatzea.
a) Campuseko Ikastegi eta egoitza beste Campus batzuetan duten Ikastegi atal bakoitzean, izendatuko dira Ikastegiko ikasleen campuseko batzarreko ordezkari izateko hautagaiak, tokian tokiko ikasleen kontseiluaren arautegiak xedaturikoari jarraituz.
b) Ikastegi bateko ikasleen campuseko batzarrerako ordezkari izateko hautagai izan daitezke ikastegi horretan matrikulatutako ikasle guztiak.
c) Hautesle dira campuseko ikasleen kontseiluko kideak.
d) Hauen hautaketa Arabako campuseko ikasleen kontseiluaren arautegiak ezarri bezala egingo da. Honen ezean, campuseko errektoreordeak campuseko ikasleen kontseiluarekin helburu honetarako dei egindako bileran egingo da, kontseilu hau eratu eta hilabetearen epean, gehien dela.
6.– Campuseko administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren sektoreko ordezkariak hautatzea.
a) Campusaren lurralde barrutiari dagozkion AZPko kideak dira hautesle.
b) Aldi baterako ez diren AZPko kideak dira hautagai.
c) Sektore honen ordezkariak hautatzeko deialdia, oro har, unibertsitate klaustrorako ordezkarien hauteskundeekin batera egingo da.
9. artikulua.– Hauteskunde xedapenak.
1.– Campuseko batzarrean ordezkaritzarik duten sektoreetako ordezkariak hautatzeko deialdia campuseko errektoreordeak egingo du, campuseko batzarrak hala erabakita eta honako arautegi honetan ezarritako baldintzei jarraiki. Deialdirako erabakiak hauteskunde egutegia zehaztu beharko du.
2.– Sektore ezberdinetako hautagaitzak, hala egin behar denean, hauteskunde batzordearen aurrean aurkeztuko dira eta hautagaitza kolektiboak, itxiak, ordenatuak eta bertako hautagai guztiek sinatu behar dituzte. Hautagai zerrendek kasuan kasuko hauteskunde taldeari dagozkion kideen laurdenak edo gehiago bete ahal izango dituzte, eta, edozelan ere, gutxienez hautagai bi eta, nolanahi ere, emakumezko eta gizonezkoen arteko presentzia orekatu eta hurrenkerazkoa bermatuz, salbu eta, arrazoi sendoak medio, posible ez bada, hauteskunde batzordearen iritziz behar bezala egiaztatuak. Honetarako, batzorde honek aintzat hartu beharko du UPV/EHUren Hauteskunde araubide orokorrerako arautegiaren bigarren xedapen gehigarria, bai eta, helburu horretarako, UPV/EHUren berdintasunerako zuzendaritzaren txostena eskatuko.
3.– Campuseko batzarreko ordezkariak hautatzeko hauteskunde batzordeak campuseko errektoreorde edo berori ordezka dezakeen pertsona izango du buru eta boto eskubiderik duten hauteskunde sektore bakoitzeko bana ordezkari osakide, zein bere ordezkoarekin, hauek guztiauek zozketaz izendatuta bakoitzari dagokion hauteskunde sektoreko kideen artetik.
4.– Hauteskunde mahaia, berori eratu behar denean, hautatu beharreko hauteskunde sektore bakoitzeko bana kidek osatuko dute, zein bere ordezkoarekin, hauteskunde batzordeak, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu ondoren, zozketa publikoaren bidez izendatutakoak. Hauteskunde batzordeak buru duena edo berori ordezka lezakeena izango da bertako burua. Idazkaria mahaiak berak hartutako erabakiaren bidez izendatuko da. Hautagaiak ezin izango dira izan hauteskunde mahaiko kide, betiere hori posible bada. Dena dela, hauteskunde batzordeak egoki leritzokeen neurriak hartuko ditu. Nolanahi ere, hauteskunde mahaia, gutxien dela, 3 pertsonak osatu beharko dute, zein bere ordezkoarekin.
5.– Hauteskundeetarako deia egiten denetik aurrera, egin ahal izango dira bilerak edo hauteskundeei buruzko informazioa emateko jarduerak. Behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatzen diren egunean hasi ahal izango da botoa ekitaldi publikoan eskatzen, ez lehenago. Hauteskunde batzordeak, sektore ezberdinetako hautagaitzetako ordezkariekin batera erabakiko du kanpainaren garapena, prozesuan lehiatuko diren pertsona guztien berdintasuna bermatuz.
10. artikulua.– Campuseko batzarreko kideen izendapena, ordezkari izaeraren galera, behin-behineko eta behin betiko ordezkapena.
1.– Campuseko batzarreko kideen izendapena:
a) Campuseko batzarreko berezko kideen izendapena automatikoa eta zein bere kargurako -batzarreko kide izateko aukera ematen duen kargurako- izendapenarekin batera gauzatuko da.
b) Campuseko zuzendaritza taldeko 3 kideen izendapena campuseko errektoreordeak egingo du.
c) Campuseko sektore ezberdinetako kide hautetsien izendapenak sektore bakoitzerako hauteskunde prozesuaren amaiera datatik aurrera izan du ondoriorik.
2.– Ordezkari izateari uztea.
Kide hautetsiaren izaera honako zio hauetakoren batengatik galduko da:
a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.
b) Hauteskundeen baliogabetzea.
c) Agintaldiaren iraungipena.
d) Dimisioa.
e) UPV/EHUko kidea izateari utziz gero, edo hautatu duen ikastegiko, saileko, institutuko edo sektoreko kidea izateari utziz gero;
f) Hiru bileratara ondoz ondo edo seitara, aldizka, justifikaziorik gabe ez joateagatik, ikasleen ordezkarien kasuan izan ezik, UPV/EHUko ikasleen arautegiak honelako kasuetan ezarritakoa aplikatuko zaielarik, hau da, ordezkaritza galduko dute ondoz ondoko bi edo aldizkako lau saiotara justifikatu gabe ez joateagatik. Ezin etorria campuseko idazkariari igorritako posta elektronikoaz edo erregistroaren bidez igorritako idazkiaz jakinaraziko zaio, gutxien dela, ahal den heinean, batzarraren bilera egin baino 24 ordutako aurrekotasunez.
3.– Batzarkideen behin-behineko eta behin betiko ordezkapena.
a) Errektoreordea, campuseko gerenteordea, campuseko idazkaria, ikastegietako dekano edo zuzendariak, egoitza beste Campus batzuetan duten ikastegi ataletako koordinatzaileak eta campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendariak legez ordezka ditzaketen pertsonek ordezkatuko ahal dituzte.
b) Batzarreko kide hautetsiaren izaera pertsonala da. Hala ere, kide hautetsi bat bere hautagaitzako ordezkariak ordezkatu ahal izango du behin behinean, titularra kanpoan edo gaixo egonez gero eta, oro har, zio justifikaturik egonez gero. Behin-behineko ordezkapena gauzatzeko asmoz, aipatutako egoera horietako batean legokeen kide hautetsiak jakinarazi beharko dizkio campuseko errektoreordeari bere ordezkoak kargua hartzeko alegatzen dituen arrazoiak, batzarraren bilera egin baino, gutxien dela, 48 ordu lehenago. Campuseko errektoreordeak erabakiko du, alegatutako zioak ikusita, ordezkapena egin behar den edo ez. Behin-behineko ordezkapena behin egin ostean, ordezkoak zein bere titularraren tokian jardunen du eskubide guztiekin oro, bai eta botoa ematekoarena ere.
c) Kide hautetsien behin betiko ordezkapena gauzatuko da kargua uzten denean eta berori hartuko du hautagaitza berean hautetsi ez den hurrengo pertsonak. Kargua utzi eta hartzeko proposamenaren berri eman beharko zaio campuseko idazkariari, egin beharrekoa dela egiaztatu ondoren, gauzatu beharko dituena, data horretatik bertatik aurrera ondorioak izanik.
LAUGARREN TITULUA
CAMPUSEKO BATZARRAREN FUNTZIONAMENDUA
11. artikulua.– Bilerak.
1.– Campuseko batzarrak urtean bi bilera ohiko egin beharko ditu eskola aldian zehar.
2.– Campuseko batzarrak ezohiko bilera egingo du campuseko errektoreordeak hala erabakita edo, gutxien dela, kideen laurden batek eskatuta. Azken kasu honetan, campuseko errektoreordeari zuzendutako idazkia igorri beharko da erregistro orokorraren bidez ezohiko batzar bilera egin dadila eskatzeko eta, eskatzen den egunetik kontatzen hasi eta zazpi egun naturalen epean gauzatu beharko da.
12. artikulua.– Bilera deia.
1.– Bilerarako deia campuseko idazkariak egingo du, Arabako campuseko errektoreordeak hala aginduta.
2.– Campuseko batzarrerako deialdiak idatziz egingo dira eta bilera ohi zein ezohikoetarako izango ahal dira.
a) Ohiko bilera baterako deia, gutxien dela, lau egunen aurrekotasunaz egingo da eta, aurretik, bilera egin baino, gutxien dela, 7 egun natural lehenago deialdi abisua egingo da.
b) Ezohiko bilerak, gutxien-gutxienik, 48 ordutako aurrekotasunaz deitu beharko dira.
3.– Deialdian honako hauek zehaztuko dira:
a) Bileraren tokia eta ordua, lehenengo eta bigarren deialdian. Bi deialdiak egun berean izango dira, ordu erdiko aldearekin, bai ohiko bileretan bai ezohikoetan.
b) Eguneko aztergaiak, aztertu beharreko gaien zerrenda barne hartuta, ohiko bilerari badagokio aurreko bilerako aktaren onespena izango du, bere kasuan, lehenengo puntutzat eta galde-erreguena azkena. Ezohiko bilerari badagokio, eguneko aztergaiak ez du era honetako punturik. Aztertu beharreko gaien artean, halakorik beharko balitz, batzarkideen % 20k gutxienez bermatutako eskariak sartuko dira, campuseko errektoreordeari erregistro orokorraren bidez bilerarako deia egin aurretik eta atxiki beharreko dokumentazioarekin igorri behar zaizkiolarik.
c) Saioan eztabaidatu beharreko gaietarako funtsezko eta oinarrizko dokumentazioa, ahal den guztietan bitarteko elektronikoen bidez igorritakoa. Nolanahi ere, dokumentazioa batzarkideen esku utziko da campuseko errektoreordetzaren egoitzan deialdia egiten denetik, bai eta legokiokeen web gunean ere.
4.– Deialdia batzarreko kide guztiei igorriko zaie honako arautegi honetan horretarako ezarritako epearen barruan. Halaber, Arabako campuseko iragarki taula elektronikoan eta web gunean argitaratuko da, unibertsitateko komunitateari bertaratzeko eta audientzia izateko eskubidea era honetara bermaturik.
13. artikulua.– Batzarra eratzea.
1.– Batzarra balioaz eratuko da baldin eta, lehenengo deialdian, bertako kideen erdia gehi bat bertaratzen badira, burua eta idazkaria tartean direla.
2.– Bildu beharreko quoruma lortzen ez bada, batzarra balioz eratuko da bigarren deialdian, baldin eta, lehenengo deialditik 30 minutu iraganik, gutxien delarik, kideen heren bat badago bertan. Kasu honetan, herenaren quorumari eutsi beharko zaio bilera osoan zehar, errektoreordearen eta idazkariaren eta legez hauen ordezko izandakoen presentzia ezinbestekoa delarik.
3.– Campuseko idazkaria ezin etorri balitz, campuseko errektoreordeak batzarreko kideetako bat libreki izendatuko du idazkari, idazkaritzari dagozkion eginkizunak dei egindako bileran bete ditzan.
14. artikulua.– Eztabaidan parte hartzea.
1.– Batzarreko kide guztiek hitz egiteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu guztietan.
2.– Campuseko errektoreordeak bermatuko du saioaren garapen ordenatua, edozein unetan eten ahal izango duelarik, arrazoi justifikatu eta nahikoak bitarte. Honelakoetan, saioari noiz berrekinen zaion zehaztu beharko du, eguna, ordua eta tokia adierazita, bertaratutakoak jakinaren gainean jarriz. Edozein kasutan, bilerari hurrengo bi lanegunen epean berrekinen zaio ezinbestean.
3.– Eztabaidan parte hartu nahi duenak hitza eskatu beharko dio campuseko errektoreordeari. Hitz egiten ari denaren mintzaldia eten ahal izango duen bakarra campuseko errektoreordea izango da eta hori egingo du egoki leritzokeena argi dezala edo portaera aldatzea eskatzeko, harira ekartzeko edo, arrazoiak emanda, hitza kentzeko.
4.– Eztabaidetan zehar hala egin beharko denean, campuseko errektoreordeak erantzun ahal izateko txanda bat emanen du alusioengatik.
5.– Batzarreko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako:
a) Aztergaien zerrenda betearaztea bermatzeko.
b) Arautegiaren behar bezalako aplikazioa bermatzeko.
c) Eztabaidaren ixteko eskatzeko.
d) Saioaren amaiera edo behin-behineko etena eskatzeko.
e) Eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.
6.– Edozein batzarkideren esku izango da:
a) Aztergaien zerrendan jasotako puntuen inguruko proposamenak.
b) Eguneko aztergaien inguruko interpelaziorik eta galderarik aurkeztu.
c) Eguneko aztergaietan ez diren gaiei buruzko interpelaziorik eta galderarik aurkeztu. Honelakoetan, idazki bat igorriko zaio, erregistroaren bidez, campuseko errektoreordeari bilera egin baino 48 ordutako gutxieneko aurrekotasunaz. Era honetara egindako interpelazio eta/edo galderak galde-erreguen atalean erantzungo dira.
7.– Batzarreko edozein kidek aurkeztu ahal izango du galde-erreguen atalean interpelazio eta galderarik unibertsitate gaien inguruan bai norberaren ekimenaz nola unibertsitateko edozein kideren izenean, zeinek bere karguari dagozkion gaietan erantzun ditzan.
8.– Unibertsitatearen komunitateko kideak, hala nahi izanez gero, campuseko batzarrearen bileretara joan ahal izango dira, aretoaren edukiera inola ere gainditu gabe, betiere idatziz campuseko errektoreordeari bilera egin baino 48 ordutako aurrekotasunaz eskatu bazaio. Edonola ere, errektoreordeak bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere. Hitz egiteko txanda bakarra emango da, erabaki proposamenek zuzenean ukiturikoek parte hartzeko eskatzen badute.
9.– Errektoreordeak, egoki deritzonean, organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara, aztergaien zerrendako punturen batez iritzia edo informazio interesgarria eman dezaten. Honelakoetan, gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota geratu beharko da bileran gonbidatuak izan direla.
15. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Honako hauen gaineko erabakiak hartu ahal izango dira:
a) Aztergaietan agertzen diren puntuen gainekoak.
b) Eguneko aztergaietan sartu gabeko gaiak, betiere baldin eta batzarreko kide guztiak bertan badira eta gaiak premiazkotzat hartuta, bertaratutakoen gehiengo absolutuaren aldeko botoez.
c) Batzarreak ezin erabaki lezake ezer sail edo instituturen bati buruz kasuan kasuko zuzendariari edo, hala dagokionean, campusean duten koordinatzaileari zuzeneko audientziarik eskaini gabe eta, xede honetarako, dei eginen zaie batzarreko kideei bezalaxe, interesatu gisa uki litzaketen eguneko aztergaietara joan daitezen.
2.– Erabakiak hartzeko botazioak publikoak izango dira, batzarreko kideren batek botazioa isilpekoa izan dadila eskatzen ez duen bitartean. Dena dela, botazioak beti izan behar du isilpekoa pertsonei buruzkoa bada.
3.– Botoa aldekoa, aurkakoa edo zuria izan daiteke, edo botazioak berak eskatzen duen edukia jaso dezake. Dena den, batzarreko kideak abstenitu ahal izango dira botazioetan.
4.– Erabakiak hartzeko erak:
a) Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengoa beharko da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.
b) Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; hala ere, berdinketa izanez gero, campuseko errektoreordearen kalitate botoak erabakiko du.
16. artikulua.– Bileretako aktak.
1.– Campuseko idazkariak egingo du bilerako akta, eta bertan honako hauek jasoko ditu:
a) Bilera noiz eta non egin den.
b) Eguneko aztergaiak.
c) Bileran egon direnen zerrenda.
d) Botaziora aurkeztu eta bozkatu diren proposamenak.
e) Bileran aztertu eta eztabaidatutako gaien laburpena.
f) Hartutako erabakiak, botazioak egiteko modua eta emaitzak eta erabakiaren eduki literala.
g) Batzarreko kideek aktan jasoarazi nahi dituzten idatziak edo azalpenak. Beraz, norberak esandakoa aktan jasoarazi nahi duen kideak hala adierazi beharko du eta idatziz eman beharko diote testua idazkariari aztergaiaren eztabaida amaitu baino lehen edo, hala balegokio, errektoreordeak zehaztuko lukeen epean. Idazkariak eman zaion testua irakurriko du, batzarreko gainerako kideek horren berri izan dezaten.
2.– Batzarreko kideek aktan agerraraz dezakete beren abstentzioa edo hartutako erabakiaren aurkako botoa eman dutela, bai eta azalpena ere. Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnek ez dute erantzukizunik izango hartutako erabakietan, baldin eta jasota geratzen bada aurkako botoa eman dutela. Horrela, botazioa isilpekoa denean, botazioaren unean boto txartela eman beharko zaio campuseko idazkariari, edo abstenitzeko asmoa adierazi. Boto txartel hori aktari erantsiko zaio.
3.– Aktak idazkariak izenpetuko ditu, campuseko errektoreordeak ontzat eman eta gero, eta campuseko batzarrearen bileran bertan edo hurrengo ohiko bileran onartuko dira. Batzarreko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, aktak onartzeko unean. Aldaketa onartzen ez bada, proposatutako testua aktaren eranskin moduan agertuko da.
4.– Akta onetsi eta gero, datu pertsonalak babesteko arautegia errespetatuz, erabakien testu osoa igorriko zaie UPV/EHUko idazkaritza nagusiari eta Arabako campuseko ikastegi eta ikastegi-atalei, unibertsitateko kideak jakinaren gainean egon daitezen.
BOSGARREN TITULUA
BATZARRAREN BATZORDE ESKUORDETUAK
17. artikulua.– Batzarraren batzorde eskuordetuen eraketa.
1.– Batzarrak batzordeak eratu ahal izango ditu eta horiei eskuordetu, behar bezala justifikatuta, zenbait eginkizun, esaterako, besteak beste, campuseko batzarraren eskumen ezberdinen inguruko proposamenak aztertu eta/edo osatu, betiere gerora batzarraren iritzipean jarriko direlarik.
2.– Batzordeak, hala behar denean, berretsi egingo dira campuseko batzarrak ikasturte bakoitzean egindako lehendabiziko ohiko bileran.
3.– Helburu puntual batez eratutako batzordeak, aurkako xedapen espresik ezean, agindutako eginkizuna bete ostean iraungi egingo dira.
18. artikulua.– Batzordeen osaera.
1.– Batzordeak campuseko errektoreordea edo berori ordezka lezakeen pertsona izango dute buru, bai eta campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko kide bat, zein bere erantzukizun espezifikoari dagokion arloarekin lotutako gaia bada, edo campuseko gerenteordea ere.
2.– Batzordeek, gutxienez, campuseko batzarreko sektore bakoitzeko ordezkari bana izango dute, batzarreko kide izan beharrik ez dutelarik. Sektore bakoitzeko kideen kopurua campuseko batzarreak zehaztuko du, batzordeari esleitutako eginkizuna aintzat harturik. Batzordeari agindutako eginkizunek hala arrazoitzen dutenean, batzordeetako kide izan litezke beste kolektibitateetako pertsonak. Nolanahi ere, bermatu egingo zaie unean uneko batzordeak egin beharrekoak ukitutako sektore eta kolektibo guztiei parte hartzeko aukera.
3.– Batzorde bakoitzak idazkaria izendatuko dute bere kideen artean eta -batzordeko buruak proposaturik- bileretarako deiak eta bileretako aktak egin beharko ditu. Honetarako, campuseko gerenteordetzako zerbitzuen laguntza izango du eskura.
19. artikulua.– Batzordeetako kideen hautaketa.
Batzordeetako kideen hautaketa campuseko batzarraren bilera batean egingo da, honako prozedura honekin bat etorrita:
1.– Batzordea osatuko duten sektoreetariko bakoitzerako kandidaturak aurkeztuko ahal dira. Erregistroaren bidez igorriko zaizkio campuseko errektoreorde edo gerenteordeari. Kandidaturek kolektibo, itxi eta ordenatuak beharko dute izan, bertako hautagai guztiek sinatuta eta arautegi honen 9.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
2.– Hautagai izango da batzordeko sektore bakoitzean, campusaren barrutiari dagokion sektoreko kideak.
3.– Hautesle izanen dira, campuseko batzarreko sektore bakoitzeko ordezkariak.
4.– Talde bateko kide kopurua kontuan hartuta ezinezkoa edo zaila baldin bada hautagai zerrendak adierazitako eran eratzea, campuseko batzarrak, interesdunek esan beharrezkoa entzun ondoren, ordezkariak aukeratzeko edo izendatzeko egoki diren irizpideak ezar ditzake. Sektore bateko hautagairik ez balego, batzarrak plaza hutsak betetzeko erabakia har lezake, batzarreko beste sektoreetako kideen artetik hautatuta.
5.– Campuseko idazkariak ziurtatuko du batzorde bakoitzerako hautatu diren kideen izendapena.
6.– Batzordeak, oro har, campuseko batzarra berritzeko aldizkakotasun berarekin berrituko dira. Ikasleen ordezkaritza urtero berrituko da.
20. artikulua.– Batzordeetako kideen izendapena, ordezkari izaeraren galera, behin-behineko eta behin betiko ordezkapena.
Arautegi honetako 10. artikuluak campuseko batzarreko kideen jarduna arautzeko ezarritako printzipioak baliatuko dira, honen aurkako xedapen espresik ezean.
21. artikulua.– Batzordeen bilerak eta funtzionamendua.
1.– Batzordeak bertako buruak dei eginda bilduko dira edo bertako kideen gehiengoak eskatuta, batzordeak berak erabakitako aldizkakotasunaz.
2.– Bilerarako deia idatziz egingo da, bilera egin baino 72 ordu lehenago gutxienez.
3.– Batzordearen bilera deitzeko idazkia, aurkako xedapen espresik ezean, arautegi honetako 12.3 artikuluak campuseko batzarraren bileretarako deialdia arautzeko ezarritako printzipioak baliatuko dira.
4.– Batzordeko kide ez diren pertsonak ere joan ahal izango dira bileretara aholkulari moduan, batzordeko buruak horixe eskatzen badie beren jakintza edo esperientzia pertsonalarengatik.
5.– Batzordea balioz eratuko ahal dira, kideen kopuru legalaren heren bat bertan delarik. Quorum hori bilera osoan izango da beharrezkoa. Edonola ere, batzordeko buruak eta idazkariak beti egon beharko dute bertan edo, bestela, beren ordezko legalek.
6.– Arautegi honetako 14. artikuluak campuseko batzarraren bileren garapena arautzeko ezarritako printzipioak baliatuko dira eztabaidan parte hartzeko, honen aurkako xedapen espresik ezean.
7.– Arautegi honetako 15. artikuluak campuseko batzarraren erabakiak hartzeko modua arautzeko ezarritako printzipioak baliatuko dira erabakiak hartu ahal izateko, honen aurkako xedapen espresik ezean.
8.– Arautegi honetako 16. artikuluak campuseko batzarraren bileretako aktak arautzeko ezarritako printzipioak baliatuko dira bileretako aktak egiteko, honen aurkako xedapen espresik ezean Aktak campuseko idazkariari igorriko zaizkio, horien gordetzeko.
9.– Batzordeek aurreko ikasturte bakoitzean egindako jardueren txostena aurkeztuko diote campuseko batzarrari, organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.
SEIGARREN TITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA
22. artikulua.– Batzorde iraunkorra.
1.– Campuseko Batzarrak Batzorde Iraunkorra eratu ahal izango du, berak eskuordetuko dizkion eginkizunak bete ditzan.
2.– Honako campuseko batzarreko kide hauek osatuko dute batzorde iraunkorra: campuseko errektoreordea, campuseko gerenteordea, campuseko idazkaria, campuseko errektoreordetzako zuzendaritza taldeko zuzendari bat, ikastegietako dekano eta zuzendari eta egoitza beste Campus batzuetan duten ikastegi ataletako koordinatzaileen sektoreko 3 ordezkari eta campuseko batzarreko gainontzeko sektoreetako bana ordezkari.
3.– Batzordearen funtzionamenduaren arautzeak mugatuko ditu jardun eta eskumenen erregimena, premiazko eta eraginkortasunerako printzipioekin bat etorrita.
ZAZPIGARREN TITULUA
CAMPUSEKO EUSKARA BATZORDEA
23. artikulua.– Euskara batzordea.
1.– Arabako campusak euskara batzordea izango du, estatutuetan jasotakoa betetzeko.
2.– Campuseko euskara batzordeko burua campuseko zuzendaritza taldeko kide bat izango da. Gainerako kideak, berriz, ikastegietako zuzendaritza taldeetako ordezkari bana, edo beraiek izendatutako pertsonak; ikasleen ordezkari bat, campuseko ikasleen kontseiluak izendatua; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, campuseko batzarreko kide izango diren administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek izendatua, izango dira, gizon eta emakumeen arteko presentzia orekatua lortzen ahaleginduz.
3.– Campuseko euskara batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da, campuseko egoera aintzat harturik, UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatuta.
4.– Euskara batzordeak aurreko ikasturteko jardueren txostena aurkeztuko dio batzarrari organo horrek ikasturte bakoitzean egingo duen lehenengo ohiko bileran.
ZORTZIGARREN TITULUA
CAMPUSEKO ERREKTOREORDEAREN KONTRAKO ZENTSURA MOZIOA
24. artikulua.– Prozedura.
1.– Campuseko batzarrak campuseko errektoreordea kargutik kentzea proposa diezaioke errektoreari. Horretarako, lehendabizi batzarraren heren batek ezohiko bilerarako deia egin beharko du zentsura mozioari buruzko bozketa egiteko; batzarkideen bi herenek aldeko botoa emanez gero, zentsura mozioak aurrera egingo du.
2.– Zentsura mozioa erregistroaren bidez aurkeztuko da campuseko errektoreordetzan eta eztabaidatu eta botatua izango da ezohiko bileran.
3.– Zentsura mozioa onartuko balitz, errektoreari bidaliko zaio campuseko errektoreordea kargutik kentzeko proposamena.
4.– Proposamena onartuko ez balitz, sinatzaileek ezin izango dute halako proposamenik aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.
BEDERATZIGARREN TITULUA
ARAUTEGIAREN ERAGINKORTASUNA
25. artikulua.– Arautegiaren aplikazioa eta interpretazioa.
Campuseko errektoreordeari dagokio campuseko batzarraren arautegia betetzea eta betearaztea, bai eta zalantzazko kasuak interpretatzea ere, –behar izanez gero– UPV/EHUko zerbitzu juridikoen aholkuari jarraiki.
26. artikulua.– Arautegi subsidiarioa.
1.– Arautegi honetan jasota ez dagoen guztirako UPV/EHUko gobernu kontseiluaren arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio subsidiarioki.
2.– Campuseko batzarra aukeratzeko hauteskundeak arautegi honek ezarritakoari lotuko zaizkio, bai eta arlo honetan aplikagarri liratekeen hauteskunde-erregimenerako arautegiaren xedapenei ere.
3.– Campuseko errektoreordeari dagokio campuseko batzarraren arautegiaren hutsuneen inguruko erabakiak hartzea.
HAMARGARREN TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA
27. artikulua.– Erreformarako ekimena.
1.– Arautegi hau aldatzeko ekimena campuseko errektoreordeak hartu ahal izango du edo, gutxien delarik, batzarreko kideen laurden batek.
2.– Erreformarako ekimena gauzatzeko, idazki bat igorriko zaio Arabako campuseko errektoreordeari erregistro orokorraren bidez, zehatz-mehatz campuseko batzarreko kide proposatzaileen identifikazioa eta arautegiaren hautazko testua ezinbestean jasoko dituelarik.
3.– Arautegiaren hautazko testua campuseko errektoreordeak igorriko die batzarreko kide guztiei eta hamabost egunen gutxieneko epea irekiko da emendakin partzialak aurkeztu ahal izateko, erregistro orokorraren bidez campuseko idazkariari erregistroaren bidez igorrita. Emendakinak hautazko testuaren edukiari lotuko zaizkio zuzen-zuzenean, gehitzekoak, ezabatzekoak edo aldatzekoak izanik.
28. artikulua.– Erreformarako ekimenaren eztabaida.
1.– Proposamena aurkeztu eta gehienera ere hilabete biren epean, campuseko errektoreordeak biltzeko deia egingo dio campuseko batzarrari, proposatzen den aldaketaz erabakia hartzeko.
2.– Campuseko errektoreordeak edo, hala badagokio, ekimena sinatu duen kideetako batek hautazko testua aurkeztu eta defendatuko du eta, ondoren, batzarrak bozkatuko du.
3.– Gero, hautazko testuari egindako emendakin partzialak eztabaidatuko dira eta bozketa egingo da, hautazko testuko artikuluen ordenari jarraiki. Hurbiltze testuak eta aldaketa teknikoak edo estilokoak proposatu ahal izango dira eztabaidan zehar, eta emendakinak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.
4.– Gehiengo absolutuaz onetsitako emendakinak gehituko zaizkio hautazko testuari.
5.– Emendakin eztabaida eta botazioa amaiturik, hautazko testuak, onetsitako emendakinak barne dituela, aurrera egingo du campuseko batzarraren gehiengo absolutua lortuz gero.
29. artikulua.– Arautegiaren aldaketaren onarpena.
Hautazko testua, campuseko batzarrak onartuta, UPV/EHUko zerbitzu juridikoetara igorriko da, eman beharreko txosten juridikoa eman dezaten, campuseko batzarrak aldez aurretik behin betikoz onartuta.
30. artikulua.– Aldaketaren ukoa.
Arautegia erreformatzeko proiektua onartu ezean, proposatzaileek ezin izango dute urtebetearen epean erreformarako ekimen berririk aurkeztu, aldaketa azken ekimenari uko egin denetik kontatzen hasita.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da 2012ko abenduaren 12ko EHAAn argitaratutako Arabako Campuseko batzarraren arautegia.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.