EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017023

11/2017 EBAZPENA, urtarrilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako kudeaketa-gomendioaren hitzarmena, nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko laguntza kudeatzeko, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusitakoaren arabera.

Xedapenaren zenbakia: 201700011
Xedapenaren data: 2017-01-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201700597
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kudeaketa-gomendioaren hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako kudeaketa-gomendioaren hitzarmena, nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko laguntza kudeatzeko, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusitakoaren arabera. Hitzarmen horren testua honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
GOMENDIO-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAK ARABAKO FORU ALDUNDIAREN NEKAZARITZA SAILARI EGINDAKOA, NEKAZARITZA-PRODUKZIO JASANGARRIKO TEKNIKEN BIDEZKO LABORANTZA ESTENTSIBOEN DIBERTSIFIKAZIORAKO NEKAZARITZA ETA INGURUMENEKO LAGUNTZA KUDEATZEKO, EUSKADIKO LANDA-GARAPENERAKO 2015-2020 PROGRAMAN AURREIKUSITAKOAREN ARABERA
Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 25ean.
BILDU DIRA:
Alde batetik: Maria Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu dena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta ordez jardunez.
Bestetik: Eduardo Aguinaco Lopez de Suso jauna, Nekazaritzako foru diputatua, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta ordez jardunez.
Bi hitzarmenkideek protokolo hau izenpetzeko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri, eta, hortaz, honako hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko eta antolatzeko eta landa-garapena sustatzeko eta haren dibertsifikazio ekonomikorako eginkizunak eta jarduera-arloak dagozkio.
Bigarrena.– Sail horrek, besteak beste, honako funtzio hauek betetzen ditu: Europako erakundeei landa-garapenerako ekimenei buruzko proposamenak egitea; programak eta jarduketak eratu eta koordinatzea, sustapenekoak barne (nekazaritza-ustiategietako produkzio-egituren lehiakortasuna hobetzera zuzenduak); landare- eta animalia-produkzioaren eta -osasunaren inguruko programak eta jarduketak eratu eta koordinatzea, produkzio integratua eta ekologikoa barne, lurralde historikoen eskumenei eraginik sortu gabe; eta baliabide naturalak kutsatzea saihestu edo murriztuko duten nekazaritza-jarduketen inguruko programak eratzea, apirilaren 8ko 190/2013 Dekretuan xedatutakoan oinarrituta (haren bitartez bere egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dira).
Hirugarrena.– Azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7. artikuluan zehaztutakoaren arabera (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa), Lurralde Historikoek eskumena dute bakarrean, besteak beste, honako gai hauetan: nekazaritza-lurrei bere onean eustea eta hobetzea, landare-osasuna, nekazaritza garatzea, nekazaritza dibulgatzea, sustatzea eta gaitzea, mahastizaintza eta enologia, eta landare-ekoizpena, haziak eta mintegiko landareak izan ezik.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren 39/1985 Dekretuak eta Arabako Foru Aldundiaren 884/1985 Dekretuak, biak martxoaren 5ekoak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeenak diren nekazaritza-alorreko eskumenak Arabako Lurralde Historikoari eskualdatzea onartu zuten.
Bosgarrena.– Arabako Foru Aldundiaren Sailak zehazten dituen Diputatu Nagusiaren uztailaren 3ko 132/2015 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera, Nekazaritza Sailaren egitekoen barruan, nekazaritzari, abeltzaintzari, nekazaritza-sustapenari, mendiari, mahastizaintzari eta enologiari buruzkoak daude.
Seigarrena.– Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak honakoa jasotzen du, Batzordeari 2016ko martxoaren 22an eskatutako azken aldaketaren ostean –aldaketa hori Batzordearen Exekuzio Erabakiak onartu zuen, 2016-05-13an. Haren bitartez, Euskadiko (Espainia) Landa Garapenerako Programaren aldaketa onartzen da, Europako Nekazaritza Funtsaren (Feader) bidezko landa-garapenerako diru-laguntzaren emakidari dagokionez, CCI–: 2014ES06RDRP015 nekazaritza-ingurumenaren eta klimaren inguruko neurrien taldearen barruan, nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko laguntza bat. Neurri horren helburua da baliabide naturalen arrazoizko jasangarritasun eta aprobetxamendua lortzea. Horrez gain, horrekin bateragarriak diren beste helburu batzuk ere baditu, ingurua babestearen ingurukoak.
Zazpigarrena.– Aurrekoaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzari dagokio, nekazaritza eta landa-garapeneko arloan eskumena duen Sailaren bidez, diru-laguntza horren deialdia egitea eta finantzatzea, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea osatzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez.
Zortzigarrena.– Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusitako nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntzarako beharrezkoak diren jarduerak (izaera materialekoak, teknikoak eta zerbitzuak) egiteko.
Bederatzigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak administrazio ezberdinen artean hitzarmen bat sinatzeko aukera aitortzen du, jarduera mota horiek gomendatzeko.
Hamargarrena.– 2016ko azaroaren 8an, Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak hitzarmen honen testua onartzeko erabakia hartu du. Erabaki hori Arabako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiei igorri zaie, berrets dezaten (Arabako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiek berretsita), Arabako Lurralde Historikoko Erakunde Antolamenduari buruzko Foru Arauarekin bat eginez eta Arabako Batzar Nagusietako Erregelamenduko 145. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamaikagarrena.– Gobernu Kontseiluak ere erabakia onartu du 2016ko uztailaren 27an.
Hamabigarrena.– 2016ko irailaren 7an, Eusko Legebiltzarrari helarazi zitzaion hitzarmen-proiektua, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.c) artikuluan aurreikusitako komunikazioaren ondorioetarako.
Horiek horrela, bertaratutako alderdiek hitzarmen hau izenpetu nahi dute honako klausula hauek oinarritzat harturik:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) eta Arabako Foru Aldundiaren (Nekazaritza Saila) arteko kolaborazioa ezartzea du xede, Arabako Foru Aldundiari izaera materialeko jarduerak, jarduera teknikoak eta zerbitzu-jarduerak egitea gomendatzeko, Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programak aurreikusten duen nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako diru-laguntzari dagokionez.
Bigarrena.– Hitzarmenkideen betebeharrak:
Aurreko klausulan ezarritako ondorioetarako, hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromiso hauek hartu dituzte:
1.– Arabako Foru Aldundiari honakoak dagozkio:
a) Hitzarmen honen xede diren laguntza-espedienteen inguruko zeregin hauek egitea:
● Diru-laguntza eskatu duten laborantza estentsiboen titularrei informazioa eta aholkularitza ematea.
● Eskaerak jasotzea eta aztertzea.
● Diru-laguntza jaso dezaketen saltokien gaineko ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea.
b) Zeregin horiek egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari zeregin horiek egin diren laguntzen gaineko espedienteen txosten teknikoa igortzea.
Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren esku jarri beharko du gomendatu zaizkion zereginak egin bitartean sortu den dokumentazio guztia. Gainera, dokumentazio horren kopia gorde beharko du.
c) Hitzarmenaren xedearen garapena eragozten duten gorabeheren berri ematea.
d) Hitzarmen honen helburua betetzeko beharrezkoak diren behar beste ekintza garatu eta burutuko ditu.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak honakook egingo ditu:
a) Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusten den nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko laguntza, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Saileko titularraren Aginduz.
b) Hitzarmen hau behar bezala burutzeko beharrezkoak diren koordinazio-baliabideak jartzea.
c) Behar diren beste konprobaketa egitea, Arabako Foru Aldundiak igorritako txosten teknikoei dagokienez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu edo txostenak eskatu ahal izango ditu.
d) Ebazpena ematea. Haren bitartez, bere aurrekontuaren kontura ordaintzen den diru-laguntza emango du, egokia bada. Horrez gain, erakunde ordaintzaileari Feaderen funtsaren kontura ordaintzen den diru-laguntza sartu ahal izatea proposatuko dio.
e) Hitzarmenaren xedearen garapena eragozten duten gorabeheren berri ematea.
f) Hitzarmen honen helburua betetzeko beharrezkoak diren behar beste ekintza garatu eta burutuko ditu.
Hirugarrena.– Ordaintzeko modua.
1.– Arabako Foru Aldundiak ez du diru-konpentsaziorik jasoko aurreko klausulako 1. atalean aurreikusitako zereginak egiteagatik.
2.– Onuradunen zerrenda eta diru-laguntzen zenbatekoa ezagututa, Eusko Jaurlaritzak aurreko klausulako 2.d) atalean aurreikusten den ebazpena jakinaraziko du, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ordainduko die onuradunei, diru-laguntzaren deialdiaren Aginduan eta urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
Laugarrena.– Indarraldia.
1.– Hitzarmen honek indarra izango du izenpetzen denetik Euskadiko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan aurreikusten den nekazaritza-produkzio jasangarriko tekniken bidezko laborantza estentsiboen dibertsifikaziorako nekazaritza eta ingurumeneko diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedurak amaitu arte.
2.– Hitzarmena sinatu duen edozeinek salatu ahal izango du hitzarmena, idatziz.
3.– Halaber, hitzarmenkideek beren beharrak betetzen ez badituzte, hitzarmen hau suntsiarazi egingo da.
Bosgarrena.– Izaera eta interpretazioa.
Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Haren interpretazioak sor ditzakeen auziez administrazioarekiko auzien ordena arduratuko da, eta haren eskumenekoak izango dira.
Eta bi alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, bi aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioa
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Maria Aranzazu Tapia Otaegui.
Arabako Foru Aldundia
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako foru-diputatua. Eduardo Aguinaco López de Suso.