EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016023

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko otsailaren 25eko bilkuran hartua, Markina-Xemeingo Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2016-02-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201700593
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2016ko otsailaren 25ean egindako bilkuran,
ERABAKI DU:
Markina-Xemeingo Udalaren 2014ko Kontu Orokorraren fiskalizazio txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 25a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
MARIKINA-XEMEINGO UDALAREN 2014KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO TXOSTENA.
Laburdurak.
10/2003 FA: 10/2003 Foru Araua, Bizkaiko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzkoa.
20/2012 ELD: 20/2012 Errege Lege Dekretua, Aurrekontuaren Egonkortasuna eta Lehiakortasunaren Sustapena Bermatzeko Neurriei buruzkoa.
5/2013 FA: 5/2013 Foru Araua, Bizkaiko Toki Erakundeen Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoa.
AJA: 2568/1986 Errege Dekretua, Toki Entitateen Antolamendu, Jarduera eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua.
APKLEO: 1098/2001 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
DLO: Ley 38/2003, General de Subvenciones.
EPOE: 7/2007 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
HLEE: 1093/1997 Errege Dekretua, Hipoteka Legea Egikaritzeko Erregelamenduarekiko Arau Osagarriak, Hiri Izaerako Ekintzak Jabetza Erregistroan Inskribatzeari buruzkoa.
LRBL: 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
SPKLTB 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina.
Udalkutxa: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Markina-Xemeingo Udalaren 2014ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: egoeraren balantzea, Galera-irabazien kontua eta Memoria; baita Udalaren Aurrekontuen likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, Udalaren kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Markina-Xemeingo Udalak 4.982 biztanle zituen 2014ko urtarrilaren 1ean. Zenbait udal zerbitzu Lea Artibaiko udalen Mankomunitatearen (zabor bilketa eta gizarte zerbitzuak) eta Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoaren bitartez (hornidura eta estolderien lehen mailako sareak) ematen ditu. Aldi berean, Lea Artibaiko Garapen Agentzia, SAko (% 16,7) eta Lea Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteko partaide da. Horrezaz gain, San Roque Egotetxearen Patronatuko kide da, laguntza behar duten zaharrentzako egoitza eta eguneko zentro baten jabe dena.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Eskola eta udal aretoak garbitzeko zerbitzua 177.905 euroan esleitu zen (1 zenbakiko espedientea) 2012ko urtean publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez eta enpresa bakarrari luzatu zitzaion aurkezteko gonbita, publikotasun eta lehia printzipioak urratuz; ordea, SPKLTBaren 138. artikuluaren arabera prozedura irekia baliatu behar zatekeen. Gainera, 2014ko abenduan 2015eko urterako luzapena onartu zen, kontratuan finkatutako indarraldiaren gehienezko epea urratuz.
2.– Udalak egindako beste esleipen batzuk aztertzean azaleratu da prozedura negoziatua baliatu dela argindarraren hornidura eta diru-bilketan laguntza emateko zerbitzuan eta kontratazio zuzena kultur-etxe baten kudeaketan eta hirigintzako aholkularitza zerbitzuan. Lehenengo bi kontratuetan publikotasun printzipioa urratu da eta beste bietan lehiaren printzipioa ere bai; kontratu hauek 2014an 328.022 euroren gastua egin dute.
Epaitegi honen ustetan, Markina-Xemeingo Udalak, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2014ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Udalak ez du Egoeraren Balantzearen Ibilgetua osatzen duten elementuen xehetasunik eta honenbestez, ezin zehaztu izan dugu 2014ko abenduaren 31ko udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen den. Gainera, Udalak ez du inongo gasturik erregistratzen ibilgetuaren amortizazio kontzeptuan.
Epaitegi honen iritzira, aurreko paragrafoan azaleratutako salbuespenaren eragina salbuetsita, Markina-Xemeingo Udalaren Kontu Orokorrek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2014ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2014ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena eta ekitaldian bere eragiketen emaitzena.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.
– Udalak atzerapenez aitortzen ditu estolderia eta zabor bilketako tasen diru-sarrerak, izan ere, Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoak ordaintzen dituenean erregistratzen ditu, kobratzeko emandako errolda fiskalen kontzeptuko sarrerak aitortu beharrean. Modu honetara, ekitaldiko diru-sarrera modura 2013ko uztailetik 2014ko ekainera bitarteko likidazioak erregistratu ditu.
– Kontu Orokorrak ez du 2006an Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoarekin datozen ekitaldietan obra bat finantzatzeko hartutako konpromisoari buruzko informaziorik ematen, hasiera batean aurreikusitako 91.983 euroren kostua duena (A.3), ez eta Barroeta Zubiko obrei buruzkorik ere, 2014ko abenduaren 31n egikaritzeko daudenak, 691.098 euroren zenbatekoan, ekitaldi itxieran fase erabiliko saldoa baliogabetu izanaren ondorioz.
– Aurrekontu Egiterapenerako Udal Arauak kasu jakin batzuetan faseak metatzea (ADO) aurreikusten zuen (20. artikulua), baina 2014ko ekitaldian orokortu egin zen 2 eta 6 kapituluetako erosketetan. Gastua esleitzerakoan egiaztatu egin behar da kreditu egokia badagoela eta kontrol urrats hori kopuru txikiko erosketetan soilik saihestu daiteke.
– «Beste zenbait gastu» kontzeptupean guztira 304.600 euro aurrekontuetaratu ziren (gastuen 2. kapituluaren aurrekontuaren % 18). Gastu kontzeptu honek erabilera marjinala behar luke izan, bestelako inongo kontutan sailka ezin daitezkeen erosketetarako soilik erabiltzea aurreikusten baita.
– Kiroldegia erabiltzeagatiko tasa zerbitzua kudeatzen duen enpresak biltzen du eta kontratuan emandako zerbitzuen ordainsari modura jasoa dago. 2014an tasak 204.947 euroren diru-sarrerak sortu zituen eta Udalak diru-sarrera eta gastu modura erregistratu behar lituzke, 10/2003 FAan aurreikusitakoaren arabera.
III.2.– Langileria.
– Udalak ez zituen BAOean argitaratu 2011ko udalbatzen erabakiak, alkatearen eta zinegotzi baten dedikazioa eta ordainsariak finkatzen dituztenak, zeinak 2014an guztira 46.014 euro jaso zituzten (TAOLaren 75.5 artikulua). Berebat, ez zion publikotasunik eman 2012ko abenduan udaleko langileen lan baldintzak arautzen dituen erabakia onartu izanari (EPOEren 38.6 artikulua).
– Fiskalizazio-gai izan den ekitaldian indarrean zegoen LZak, 2013an urte horretako aurrekontuarekin batera onartu zenak, ez zituen lanpostu bakoitzaren berariazko osagarriak zehazten, honela, bada, 2014ko aurrekontuko plantillan adierazitako zenbatekoak ordaindu ziren. Berebat, 3 lanpostuamortu dira eta beste baten ordainsariak gehitu dira, hori justifikatuko duen txostenik gabe. Bestetara, aurrekontuko plantilla ez zetorren bat LZarekin, 4 lanposturen destino osagarriko maila altuagoak jasotzen baizituen.
– 2014ko abenduaren 31n indarrean zeuden 2011 eta 2012ko bitarteko funtzionarioen bi izendapen, egitekoen metatzea moldepean. Horiek lanean jarraitzeak adierazten du betetzen dituzten egitekoek iraunkortasuna dutela eta honenbestez, zuzendu egin behar da egoera hori. Gainera, komeniko litzateke langileen eranskinean bi lanpostu hauetarako eskakizunak LZko lanpoen eskakizunetatik bereiztea.
– 3 talde politikoak ez ziren talde modura formalki eratu, AJAren 24 eta 26 artikuluek agintzen duten moduan; izate hori ordainsariak ordaindu aurretik egiaztatu beharrekoa da.
III.3.– kontratazioa.
2014an indarrean zeuden 3 kontratu aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Eskola eta udal aretoak garbitzeko zerbitzua (1. espedientea):
– Kontratatu diren prestazioak zehazteko plegua eranskin batean instalakuntzak eta dedikazio orduak zerrendatzera mugatzen da.
– Kontratuaren pleguak ez du inongo bermerik eskatzen eta prezioak berrikustea aurreikusten badu, ez du adierazten zein formula baliatu behar den.
– Kiroldegiaren kudeaketa (2. espedientea):
– Ez dago jasoa APKLEOaren 183. artikuluak aipagai duen azterketa ekonomiko-administratiboa. Azterketa hau beharrezkoa da kontratuaren baldintza ekonomikoak modu egokian definitzeko (tarifak, erabiltzaileen diru-sarrerak, udal canona, esleipendunaren konturako kostuak, e.a.), lehiatzaileek eskaintzak aurkezteko eta kontratuaren balioetsitako balioa zehazteko.
– Pleguek hobekuntzak esleipen irizpide modura jasotzen dituzte, baina ez daude zehaztuak, SPKLTBaren 147.2 artikuluak aurreikusten duen moduan.
– Kontratazio mahaiak beste 4 esleipen irizpideri emandako puntuaketak ez ziren arrazoitu (SPKLTBaren 139. artikulua).
– Espedienteari premiaz izapidetzeko izaera aitortu zitzaion eta pleguak aurkezteko epeak murriztu ziren; ez zen egin, baina, nahitaezko arrazoitzea (SPKLTBaren 112. artikulua).
– Pleguak kontratuaren luzapena aurreikusten du (5 urtez), zehazten ez diren prestazio berriak eskatuz (obrak); hori kontratu aldaketa bat da eta honenbestez, kontratua lehiatzean zehaztu behar da (SPKLTBaren 106. artikulua).
– Berroetako zubia eta inguruaren urbanizazioa (3. espedientea):
– Pleguak hobekuntza modura definitzen zituen proiektuaren inguruneko obra osagarriak eta halakotzat hartzen zituen 80.000 euroren obrak, Udalak zehaztu beharrekoak; ordea, hobekuntza horiek kontratuaren xedeari dagozkionak izan behar dute (SPKLTBaren 147. artikulua). Zenbateko hori obra nagusiarekin inongo loturarik ez zuen beste obra batean erabili zen, kontratista berari 110.234 euroan esleitu zitzaiona, nahitaezko prozedura negoziatua bideratu gabe. Gainera, komeniko litzateke hobekuntza modura onartutako obra honen eta beste batzuen (atletismo pista eta bidegorria) gaineko jarraipena obra nagusiaren hileroko egiaztagirietan barne hartzea.
Udalak ez ditu udal kudeatzaileen eta zerbitzu kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana argitzeko beharrezko diren jarraibideak ebatzi, 20/2012 LEDen 1. xedapen gehigarriak agintzen duen moduan.
Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean, zerbitzu bat 44.300 euroan zuzenean esleitu dela ikusi da, prozedura negoziatu bidez izapidetu beharrean.
III.4.– Diru-laguntzak.
– Nahiz Udalak 2004an ordenantza bat onartu zuen udalerriko kultura eta kirol erakundeei laguntzak banatzeko, ez da 2014an baliatu eta laguntzak izenez esleitu dira ekitaldiko aurrekontuan (68.650 euro 24 elkarteri), elkarlehia erregimenaren ohiko prozedura baliatu beharrean (DLOren 22. artikulua). Kasu guztietan emakida ebazpenek ordaindu beharreko diru-kopurua baizik ez zuten adierazten (aurrekontuarekin bat zetorrena), diruaren norakoa eta baldintzak zehaztu gabe. Berebat, ez zen egiaztatu onuradunak obligazio fiskal eta zergazkoetan egunean zeudenik.
Justifikazioari dagokionez, bost espediente esanguratsuenak aztertu ditugu, 33.650 euroren diru-laguntzak batzen dituztenak, eta egiaztatu dugu bi kasutan sarrera eta gastuen egoerak aurkeztu zirela, baina horien xehetasunezko zerrendarik jaso gabe. Agiri justifikagarriei dagokienez, 6.000 euroren diru-laguntza batean jaso izanaren agiriak aurkeztu ziren eta bi kasutan ez ziren gastu guztiak justifikatu, nahiz emandako laguntzen zenbatekoa gainditzen zen. Honi dagokionez, udal ordenantzak agiri bidezko justifikazioa diru-laguntzaren zenbatekora arte mugatzen du, diruz lagundutako jardueraren gastuak osorik justifikatzeko eskatu beharrean (DLOaren 30. artikulua).
– Diru-laguntzen Lege Orokorrak agintzen du jarduerak gauzatu direla justifikatu ostean egingo dela ordainketa (DLOren 34.3 artikulua), nahiz aurrerakinak ematen uzten duen. Aurreko paragrafoko diru-laguntzen emakida ebazpenak diru-laguntzaren aldez aurreko ordainketa aurreikusten zuen. Kontularitzako erregistroek ez dituzte aurrerakinak eta ohiko ordainketak bereizten eta komenigarria da, kontrol hobea izateko, azken ordainketa bat aurreikustea, aurkeztutako justifikazioa aztertu ostean.
– Udalak 2014ko otsailean hitzarmena izenpetu zuen Euskal Herriko Itzulia antolatzen duen erakundearekin. Hitzarmen horrek guztira 108.900 euroren ordainketa aurreikusten zuen, Udalak ordainetan publizitaterako guneak eskuratzekotan. Udalak beste udal eta enpresa batzuetatik ekarpenak jaso zituen eta guztira egin beharreko ekarpen garbia 12.750 eurora murriztu zuten; 2014ko martxoan kopuru horretako gastua onartu zuen. Hitzarmena izenpetu aurretik konpromiso guztiek eragingo zuten diru-izendapena aintzat hartu behar zatekeen, beste erakunde batzuen ekarpen konpromiso irmoek eragingo zituzten diru-sarrerak ere aurreikusiaz. Horrezaz gain, erakunde antolatzaileak obligazio fiskal eta zergazkoak betetzen zituela egiaztatu behar zatekeen.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak ez zituen ordainketa epeei buruzko nahitaezkoak diren hiruhileko txostenak egin (5/2013 FAren 4.5. artikulua).
– 2014an zehar ez zitzaion Udalbatzari eman alkateak jaulkitako ebazpenen berri eta ez ziren onartutako dekretu guztiak Ebazpenen Liburukian jaso (AJAren 42 eta 200 artikulua).
- Udalak 2010ean Jabetza Erregistroan Iderraga-Ituarte sektoreko hainbat lursail birsailkatzeko proiektua inskribatu zuen, 1,8 milioi euroren hirigintzako zamak zituena (obrak eta kalte-ordainak, hurrenez hurren, 1,4 milioi euroan eta 400.656 euroan balioetsiak): 2014ko abenduaren 31n 399.945 euroren urbanizazio lanak egikaritu ditu eta ez du aurreikusten beste kalte-ordainik ordaindu beharko duenik; 450.398 euroren diru-sarrerak kitatu ditu, izan ere, lursailetan aurreikusitako eraikinen obra bakoitzari hasiera eman arte atzeratu du kobrantza. Erregistroko izen-emateek likidatzeko dauden kuotei gaineratzen dizkieten egiazko bermeak iraungitzea eragin dezakete likidazioan izandako atzerapenek (HLEEren 20. artikulua); horiek 350.204 euro egingo lituzkete 2014ko abenduaren 31n, egindako obrak eta kalte-ordainen balioespena aintzat hartuta. Gainera, hirigintzako kuotak kitatu zitzaizkien sustatzaileekin izenpetutako hirigintzako 3 hitzarmenak BAOn argitaratu behar ziratekeen (Lurzoru eta Hirigintzari buruko 2/2006 Legearen Xedapen Gehigarri 7.a).
– San Roque Egotetxeak 1997an bertako estatutuak aldatu zituen fundazioen araudi autonomikora egokitzeko. 2005ean ondareari beste eraikin bat gehitu zitzaion, 2,2 milioi euroren kostu balioetsia zuena eta nagusiki Udalak finantzatu zuena. Horrekin batera, BFA Fundazioak eskaintzen zituen egoitza zerbitzuak Udalari ematen hasten da, zeinak dagokion hitzarmena onartzen duen, baina aurrekontuz kanpo erregistratzen du BFAren diru-sarrera (682.904 eurorena 2013an) eta Fundazioari ordainketak egiten dizkio, inongo esleipen edo mandaturik formalizatu gabe. Fundazioaren patronatuan udalaren ordezkaritza gehiengoa da. Komenigarria litzateke egoitzarekin eta/edo BFArekin harremanak arautzea; horretarako, aldian behin kudeaketari buruzko kontrolak egin beharko lirateke, batik bat erosketa eta langileriari dagokionez eta horren gaineko informazioa Udalaren aurrekontuetan eta urteko kontuetan txertatu eta Aldundiarekiko eta Egoitzarekiko harremanak aurrekontuan erregistratu.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 10 egin dute behera hirurtekoan eta 2013an beheraldia izan dute, 2014an zertxobait gora egiteko. Osagai nagusiei dagokienez:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: ez da bariazio esanguratsurik izan diru-sarrera mota ezberdinetan, nahiz 2013an eta 2014an tarifek hurrenez hurren % 3,5 eta % 2 egin zuten gora.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: osagai nagusia Udalkutxa da eta ez zuen aldaketarik jasan. 2013ko beheraldi handia San Roque Egotetxea Fundazioari egindako foru transferentziek eragin dute, izan ere, aurrekontuan erregistratzen ziren eta urte horretatik aurrera aurrekontuz kanpo kontabilizatzeko erabakia hartu zen.
Funtzionamendu gastuak: hirurtekoan % 17 egin dute behera, 2013an eta diru-laguntzen kapituluan biltzen dena. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
– Langile gastuak: egonkor eutsi diote soldata izoztu izanaren ondorioz eta igoera txiki bat izan da 2013an, 2012ko aparteko soldata puntualki kendu izanaren eraginez.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: osotasunean ez du aldaketarik izan, nahiz behera egin duten kostu energetiko eta beste hornigai batzuek, gastu anitzek gora egitearekin batera.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: san Roque Egotetxea Fundazioari ematen zaizkion diru-laguntzen kontularitzako tratamenduak izan duen aldaketak argitzen du 2013ko murrizketa izugarria, nahiz, gainera, diru-laguntzen beste kontu-sail batzuk ere murriztu diren.
Aurrezki gordina eta garbia: bi aldagai hauek hobetu egin dira, gastuen beheraldia diru-sarrerena baino handiagoa izan baita eta horren ondorioz, aurrezki gordinak 233.409 euro egin du gora, 2014an sarrera arrunten % 23 eginez. Aurrezki garbia are gehiago hobetu da, interes eta amortizazioagatiko finantza zamak behera egin duelako; honela, bada, 2014an sarrera arrunten % 15 egin du.
Kapital eragiketen emaitza: 2014ko inbertsioen igoera azpimarratu behar da, Barroeta zubiko lanak abiarazi baitira; BFAk 550.000 euroren diru-laguntza eman du horretarako, 2011n ingresatu zituenak.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: emaitza positiboak eman ditu, hirurtekoan egonkor eutsi zaiena.
Diruzaintza geldikina: 2013an eta 2014an sortutako aurrezki garbiak kapitalezko eragiketen defizita gainditu zuen eta ondorioz Diruzaintza Geldikinak gora egin zuen, aztergai den aldiaren amaieran diru-sarrera arrunten % 40 egiten zuena.
Zorpetzea: zorpetzeak, 1,5 milioi euro, eta horrek sortutako finantza zamak 2014an Udalaren sarrera arrunten % 30 eta % 8 egin zuten. Dagoen mailegu bakarra hiruhileko kuota jarraituetan amortizatuko da kitatzeko gelditzen diren 7 urteetan zehar.
Ondorioa: Udalaren sarrera eta gastu arrunten egiturak ez du bariazio handirik izan aztertutako aldian eta 2014an aurrezki garbiak diru-sarrera arrunten % 15 egin du; horrek, beste erakunde batzuen diru-laguntzekin batera eta geldikina unean-unean baliatuta, egungo inbertsio mailak finantzatzeko bide ematen duen aurrezki maila izatea eragin du.
Aurrekontuaren egonkortasuna: 5/2013 Foru Arauan ezarritakoari jarraiki, Udalaren artekaritzak txostena egin zuen aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz. 2014ko Likidazioari buruzko txostenak ondorioztatu du:
– aurrekontu egonkortasunaren helburua bete da, eragiketa ez finantzarioen superabita SEC terminoetan 799.213 milioi eurorena izan baita.
– zor publikoaren helburua bete da, diru-sarrera arrunten % 30 egin baitu, muga modura ezarritako % 60 baino txikiagoa. % 35 baino txikiagoa den aldetik, Udalak ez du diruzaintza erabilgarria zorra murrizteko baliatu.
– gastuaren araua bete da, 2014 eta 2013ko likidazioen artean zenbagarria den gastuak % 5,6 egin baitu behera, aurreikusitako muga gastuak % 1,5 gehitzea zenean.
V.– Urteko kontuak.
Alegazioak.
Alegazioa kontratazio alorreko legezkotasuna betetzeari buruzko II.1 Atalari.
– Udal eraikinak eta herriko eskolak garbitzeko zerbitzua: epaitegiak dio oker egin dela, zerbitzua ez delako prozedura irekiz kontratatu eta, ondorioz, publizitate- eta lehia-printzipioak urratu direlako.
Erantzuna:
Urte askoan udaleko beharginek eurek egin izan zuten udal eraikinen eta herriko eskolen garbiketa. Horiek erretiroa hartzeko adinera heldu ahala, ordea, behargin berriak hartu behar ziren, eta irtenbide errazenera jo zuen Udalak. Hau da, zerbitzua enpresa espezializatu baten bidez ematera.
Denborarekin, zerbitzuak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen eta, bitartean, Udala beharginik barik gelditu zen udal eta herriko eraikinak garbitzeko. Udala jabetzen zen egoera hori lehenbailehen erregularizatu eta zerbitzua prozedura ireki bidez eta publizitatearekin kontratatu beharraz.
2011an Udalbatza aldatu zen eta beste alderdi politiko batek hartu zuen udal gobernua eta horrek, bere hauteskunde programa betetze aldera, zerbitzua berriro zuzenean emateko posibilitatea lantzen hasi zen, zerbitzu publikoak azpikontratazio bidez eman beharrean.
Irtenbide bataren eta bestearen kostuak aztertu eta aurrera egin erabaki beharra zegoen. Baina bien bitartean egoera erregularizatu beharra zegoen kontratu bidez eta, horregatik, garbiketa kontratu bi negoziatu ziren zerbitzua ematen zuen enpresarekin. Bata udalaren menpeko eraikinak garbitzeko eta bestea herriko eskolak garbitzeko.
Gaia eztabaidatzeko denbora hartu eta zerbitzua azpikontratatu ala ez behin betiko erabaki bitartean, ez zen bidezkoa ez eraginkorra ez logikoa ikusten kanpoko lizitazio batera jotzea. Hala ere, zailtasunak zailtasun eta urte biz luzatu ziren eztabaidak eztabaida, kontratu negoziatu bi horien amaiera etorri zen, legealdia amaitzeko urte erdi eskas falta zela.
Horregatik, berriro ere eta Udala konbentzituta ahaztu egin behar zela zerbitzua zuzenean emateaz, artean indarrean zen kontratua beste urte betez luzatzea erabaki zen, bien bitartean denbora izateko legeak agindutako baldintza eta eskakizun guztiak martxan jartzeko.
Honi buruz esan behar da, udaleko idazkari eta kontu-hartzaileak txosten bat idatzi zuela 2012ko abenduan, hitzez hitz honakoa ondorioztatzen: «... Conclusión: a juicio de la que suscribe la contratación del servicio de limpieza de los edificios municipales debiera realizarse en un solo lote y mediante procedimiento abierto, por lo tanto mi informe con respecto al procedimiento a seguir en este caso es negativo puesto que, en primer lugar, no se ve razón para subdividir la licitación en dos lotes y, en segundo lugar y, aunque fuera justificado el recurrir a dos lotes no lo sería la forma de negociar puesto que no se negocia con al menos tres empresas, únicamente se ha negociado con una.» Eta harrezkero, 2014ko urtearen amaierako fiskalizazio txostenean, hain zuzen ere, idazkari eta kontu-hartzaileak berriro heltzen dio gaiari eta dio garbiketa zerbitzuaren kontratazioaren egoera ez dela zuzena.
Hori horrela, Udalak argi eta garbi utzi nahi du udal eraikinen garbiketa zerbitzua berriro lizitatu dela 2015ean, prozedura irekiz lizitatu ere eta, horrenbestez, publizitate- eta lehia-printzipioak bete dituela. Halaber, egin beharreko beharrak zehaztu dira, kontratuaren arduraduna izendatu da eta abala kontratuaren iraunaldi osoa bermatzeko abala esijitu zaio enpresa adjudikaziodunari. Lizitazioko prozedura amaitu da eta kontratua hartu duen enpresa hasi da zerbitzua ematen, 2016ko urtearen hasieratik eta urte birako.
Adierazitako horren guztiaren justifikaziotzat ikusi zerbitzua lizitatu eta adjudikatzearen inguruko informazioa eta agiriak, udal web atariko kontratatzailearen profiletik hartu daitezkeenak: http://www.markina-xemein.com/eu-ES/Udala/Kontratatzaile-profila/ Orrialdeak/adjudicadas_udalErakinetaZentroenGarbiketaKontratua.aspx
– Epaitegiak dio beste kontratazio batzuk ere akatsak dituztela. Hala nola: argindarraren hornidura kontratazioa, dirubilketa zerbitzuarena, kulturgunearen zuzeneko kontratazioa eta hirigintza aholkularitzaren zerbitzuarena. Lehenengo bietan publizitatearen printzipioa urratu omen dugu eta gainerako bietan, gainera, baita lehiarena ere.
Erantzuna:
– Hornidura elektrikoa: Udalak aholkularitza baten laguntza du hornidura elektrikorako eta, egia bada ere lizitazioa ez dela boletinean argitaratu, gonbidapena bai bidali zaie edozenbat hornitzaile elektrikori eskaintzak aurkeztu ditzaten. Ikusi hornidura elektrikoaren aholkulari GENER enpresak bidalitako dokumentazioa, honako hauek osatzen dutena:
1.– Elektrizitate eskaintzak alderatzen eginiko taula, 2014ko urrikoa.
2.– GENERrek hainbat hornitzaileri bidalitako emailak, euren eskaintzak aurkezteko gonbidatzen.
3.– Markina-Xemeingo Udalaren merkatu libreko kontratuen zerrenda.
– Dirubilketako lankidetza zerbitzua: dirubilketako lankidetza zerbitzua kontratatu zenean, legez egokia zen sistema aukeratu zen, hau da, negoziatua eta publizitaterik gabea. Hala ere, interesgarria da azpimarratzea Bizkaiko Foru Aldundia bere lankidetza zerbitzuez baliatzeko gonbitea egiten ari dela udalei, eta Udala aztertzen ari dela foru zerbitzuez baliatzeko aukera hori, indarrean den kontratua aurten amaitzen denerako.
– Kulturgunearen kudeaketa: ez gatoz bat Epaitegiarekin, honek kontratatu beharreko zerbitzu baten kudeaketa dela dionean. Udalaren iritziz, Uhagon herriko kultur elkarte bat da, kultur ekintzak egin eta eskaintzen dituena eta udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatua duena. Beraz, ez dugu ikusten kanpo-kontrataziora jo beharra dagoenik, herriko elkarte batekin lankidetza hitzarmen bat sinatuta nahikoa izanda.
– Hirigintza aholkularitza: azken honi buruz esan behar dugu badakigula hala dela. Hau da, zerbitzua pertsona batek ematen diharduela ia hogeita hamar urtean. Alabaina, pertsona horri erretiroa hartzeko gutxi falta zaiolarik, Udalak lanpostu hori sortzeko eta betetzeko asmoa du legezko xedapenak jarraituta, beti ere estatu mailako arauek horretarako biderik emanez gero.
Alegazioa urteko kontuei buruzko II.2 atalari.
Epaitegiak dio Udalak ez dituela zehazten bere balantzeko ibilgetua osatzen duten elementuak eta ez duela erregistratzen ibilgetuaren amortizazioko gastuak.
Erantzuna: Udalak aintzat hartu du adierazitakoa eta Bizkaiko Foru Aldundiak udalentzako duen aholkularitza zerbitzuari laguntza eskatuko dio, Epaitegiak gogorarazitako betekizunean izandako akatsa zuzentze aldera.
Alegazioa barne kontrol sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko III atalari.
III.1 Atala: aurrekontua, kontabilitatea eta diru-sarrerak.
Epaitegiak azpimarratu du Udalak ez dizkiola zabor eta estolderia tasen errolda fiskalak entregatzen Ur Partzuergoari.
Erantzuna: kontuan hartuko dugu iritzia eta, gainera, estolderiako diru-sarrerak eta zabor tasenak ere dagokion ekitaldian onartuko dira.
Epaitegiak adierazi du orokortu egiten dela faseen (ADO) metatzea, aurrekontua betearazteko udal arauak bakarrik kasu batzuetan onartzen duenean holan egitea.
Erantzuna: kontuan hartuko dugu iritzia.
Epaitegiak ikusi du kontu orokorrak ez duela obra jakin bat burutzeko konpromisoa jaso, Ur Partzuergoan sartzean hitzartutako obra bat hain justu, eta ezta Barroetako zubiko lanak ere.
Erantzuna: kontu Orokorrari kontu-hartzailearen txosten bat erantsiko zaio, Udalak hartutako gastu konpromiso guztiak eta, halaber, erabiltzeko fasean eta burutzeko dauden saldo (AD) denak.
Epaitegiak azpimarratu du gehiegizko diru kopurua sartu zela bestelako gastuen atalean, eta atal hori, izatez, diru hondarrak sartzeko dela.
Erantzuna: kontuan hartuko dugu iritzia. Izan ere, 2016ko aurrekontuan, bestelako gastuen kontzeptuan, beste atal batzuetan sartu ezin diren gastuak baino ez dira sartu.
Epaitegiak adierazi du kiroldegiak eragindako diru-sarrerak udal diru-sarrera lez erregistratu beharko liratekeela, eta gastu lez ere, zerbitzuaren ordainketaren parte diren heinean.
Erantzuna: kontuan hartuko dugu iritzia. Kiroldegiko diru-sarrerak udal sarrera lez sartuko ditugu sarreren aurrekontuko 31010 partidan «Udal kirol instalazioak» eta gastu lez, 3420 22799 partidan «Kiroldegia. Kanpoko beste lan batzuk», emandako zerbitzuen ordainketa direlako, kontratuan xedatutako moduan.
Alegazioa pertsonalari buruzko III.2 atalari.
– Epaitegiak dio argitaratu egin behar zela eta ez zela hala egin osoko bilkurak 2011n hartutako erabaki bat, alkatearen eta zinegotzi baten dedikazioa eta lansariak onartzen hartutakoarena. Horren kontrako ezer gutxi esan genezake. Adierazi, hori bai, 2015ean Udalbatza berria eratu denean alkatearen lansariak eman direla argitara.
– Arrazoitu dugunaren justifikaziotzat, ikusi 2015eko uztailaren 13ko BAOn (132 zenbakia) argitaratutako iragarkia, 2015eko ekainaren 25eko ezohiko osoko bilkurak Alkateordeak izendatu eta Tokiko Gobernu-Batzarra eratu eta osatzea eta alkate-zinegotzientzako eta alderdi politikoentzako lansariak onartzea erabaki izanari buruzkoa, eta, halaber, erabaki horrek jasotzen egindako akta, udal web orrian ikusi daitezkeena: http://www.markina-xemein.com/eu-ES/Udala/Osoko-Bilkuren-Aktak/2015eko% 20aktak/2015-06-25% 20 Udalaren% 20Osoko% 20Bilkura% 20berezia% 20(Pdf% 20183KB).pdf
– Epaitegiak dio 2012ko abenduan ez zela argitaratu udal langileen lan baldintzak onartzen hartutako erabakia. Honi eman diezaiokegun erantzun bakarra, hauxe: akordioa 2015era artekoa zen eta, horrenbestez, une honetan ez du zentzurik indargabe gelditu den akordio bat argitaratzeak. Beste alde batetik, sindikatuak eta Eudel hitzarmen berria negoziatzen ari dira. Udalak bere langileen lan baldintzen akordioa onartzen duenean, erabakia argitara emango du.
– Epaitegiak azpimarratu du fiskalizatutako urtean ez zirela argitaratu lanpostu bakoitzaren berariazko osagarriak. Kontuan hartuko duguna aurtengo ekitaldiko aurrekontuarekin batera lanpostuen zerrenda argitaratzerakoan.
– Epaitegiak dio hiru lanpostu amortizatu direla, horren justifikazioko txostena egin barik. Hiru administrari laguntzaile lanpostu dira. Hirurak administrari lanpostu bihurtzeko barne promozio prozesua hasita dago eta amaitzea falta da. Fiskalizatutako urtea baino duela urte batzuk egin zen lanpostuen balorazioa bera da justifikazio txostena. Balorazioak barne promozioa proposatzen zuen, oraindik amaitu ez dena hainbat arrazoirengatik. Izan ere, prozesua hori baino bizkorragoa izan beharko zukeen, hiru administrari laguntzaile lanpostuak aspaldi amortizatuta egongo zirelako.
– Epaitegiak azpimarratu du lau lanposturen kasuan lanpostu mailako osagarria ez zetorrela bat plantillakoarekin. Bat da ibilgailuen arduradunaren lanpostua. Honen lansaria aldatu egin zen Bizkaiko Lan Ikuskatzailearen laudoa onartu izanaren ondorioz. Eta beste hirurak, hiru udaltzainenak dira, 2009an, arloko arduradunak hala eskatuta, C1 taldera pasatu zirenean C1 taldeko gainerako langileekin berdindu zirenak. Akats bat da, eragin ekonomikorik ez duena. Izan ere, lanpostu mailako osagarrian igo zena, berariazko osagarriari kendu zitzaion. Edozein kasutan, kontuan hartu eta zuzendu egingo dugu lanpostuen zerrenda hurrengo argitaratzen dugunean.
– Epaitegiak dio indarrean dirautela 2011an eta 2012an egindako bitarteko funtzionario izendapen bik. Honi buruz esan, lanpostu bi horiek ez direla existitzen lanpostuen zerrendan eta sortu eta bete egin beharko zirela, estatu mailako arauek horretarako biderik emanez gero.
– Epaitegiak nabarmendu du 2011an hasitako legealdian talde politikoak ez zirela legeak agintzen duen moduan eratu. Balio beza justifikatziotzat Udalaren 2015eko ekainaren 25eko osoko bilkura bereziaren 7/2015 aktako 8. puntua, talde politikoen antolaketari buruzkoa, udal talde politikoak sortu eta antolatzeko erabakia jasotzen duena: http://www.markina-xemein.com/eu-ES/Udala/Osoko-Bilkuren-Aktak/2015eko% 20aktak/ 2015-06-25% 20Udalaren% 20Osoko% 20Bilkura% 20berezia% 20(Pdf% 20183KB).pdf bai eta udal talde politiko horiei bidalitako gutuna, udalak emandako diru-laguntza zertan gastatzen duten kontu eman behar dutela eta, edozein kasutan, udal politika egiteko erabili behar dutela ohartarazten.
Alegazioa kontratazioari buruzko III.3 atalari.
– Udal eraikinen garbiketa zerbitzua. Epaitegiaren esanetan, fiskalizatutako urtean indarrean zen kontratua egiteko erabili zen pleguan garbitu beharreko instalazioen zerrenda eta beharreko orduena ageri zen kontratatutako prestaziotzat, eta ez zen ezelako bermerik eskatu. Horri buruz esan, une honetan indarrean dagoen kontratuan argi eta garbi jasota daudela eman beharrek prestazioak, eta adjudikaziodunak ekarritako bermeak kontratazio aldi osoa hartzen duela barne.
– Kiroldegiaren kudeaketa. Epaitegiak honako akatsak azpimarratu ditu:
– Ez dago azterketa ekonomiko-administratiborik: Kontuan hartu behar da aurreko kontratua hartu zela oinarritzat.
– Indarreko arauek hala agindu arren, ez ziren zehaztu exijitzen ziren hobekuntzak eta ezta ere horiei emandako puntuazioak, eta tramitazioa presakotzat eman zen motibua arrazoitu barik. Esan behar da prozesua arauei dena zorrotz egokitu ez bazitzaien ere, erabakia hartzerakoan lizitatzaileei zehatz eta mehatz azaldu zitzailea eta hauek erabat onartu zutela lizitaziora aurkezteko modua. Egia da adjudikaziodun atera ez zen enpresak helegitea aurkeztu zuela, baina gero ez zuten jurisdikzio bidera jo. Izandako presari dagokionez, berriz, Udalak interes handia zuen hobekuntza lanak, eraginkortasun energetikoa handitzeko eta zerbitzuaren kostuak gutxitzekoak, abuztuan egin zitezen. abuztuan zarratzen direlako bertako instalazioak. Bestela, lanak hurrengo urtera arte atzeratuko ziren, eta aurreikusitako aurrezpena galdu egingo zen.
– Barroetako zubia. Epaitegiak dio enpresa adjudikaziodunak hobekuntzatzat eskainitako kostua bere ustez obra printzipalarekin loturarik ez zuen obra batean gastatu zela. Izan daiteke Udala bat etortzea haren iritziarekin eta, legez, diru kopuru hori ere obra printzipalaren lan-ziurtagirietan jaso behar izatearekin ados egotea, kontrol neurri erantsi gisa. Baina egia da, baita ere, hori ez dela oztopo izan obrak kontrolatzeko. Izan ere, hobekuntzatzat eskainitako lanak obra printzipala bera baino lehen amaitu ziren eta, hortaz, arazoren bat eragin bazuen berehalako ondorio ekonomikoak ere ekarriko zizkion obra printzipalaren ordainketari. Baina hori albo batera utzita, Udala ez dator bat hobekuntza lanak obra printzipalarekin zerikusirik ez dutelako baieztapenarekin. Justu kontrakoa baita. Hori ulertzeko, kontuan hartu behar da Barroetako zubia berebiziko puntua dela, gakoa esango genuke, oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak lotzeko. Eta, hain zuzen ere, hobekuntza lan horiek herriko beste arteria bati eragiten diote, zirkuitua zarratzeko ezinbestekoa dena, herritarrak herriko edozein puntutatik Barroetara seguru joan ahal izateko. Izan daiteke, beraz, plan hori ezagutzen ez duen batek ez ulertzea lotura hori, baina obrak askotan oportunitate kontu izaten dira eta egin ahal denetik hasi behar da beti.
– Udal kudeatzaileen eta 10/2012 Errege Lege Dekretuko 1. X.G.ko zerbitzu-kontratuen adjudikaziodunen arteko harremanak argitzeko instrukzioak. Argi behar da, adjudikazio berrietan konplitzen ari garela betekizun hori.
Alegazioa diru-laguntzei buruzko III.4 atalari.
Epaitegiak dio, besteak beste, akats bat dela diru-laguntza nominatiboak ematea eta lehia sustatu behar dela legez. Horri buruz esan, 2015ean ordenantza berri bat onartu duela Udalak eta diru-laguntzak eskatu eta emateko modua arautzeko une honetantxe tramitatzen ari garen prozesua orokorrean lehia printzipioa betez egiten ari garela. Eta ohartarazitako beste kontu bat dela eta, Euskal Herriko Itzuliko etapa baten antolaketari dagokiona, aditzera ematen dugu 2016ko urte honetan ere Euskal Herriko Itzuliko etapa bat berton herrian jokatuko dela eta Epaitegiak egindako gomendioak kontuan hartuta jardungo dugula.
Alegazioa berankortasunari eta bestelako sarrerei buruzko III.5 atalari.
– Epaitegiak dio Udalak ez dituela egin hiruhilabetero egin beharreko ordainketa-epeei -uruzko txostenak, baina gure alde esan behar dugu 2015eko urtearen hasieran sicalwin programarekin izandako arazoak konpondu eta gero informazio hori erregularki bidali izan zaiola ekitaldi osoan Bizkaiko Foru Aldundiari.
– Epaitegiaren esanetan, alkate dekretuz hartutako erabakiak ez dira ebazpenen liburuan jaso eta ez zaizkio osoko bilkurari aditzera eman. Honi buruz esan behar dugu ebazpen guztiak batera bildu eta zerrendatzen ari garela, eta udal taldeek ordezkaritza duten organo kolegiatuei aditzera ematen.
– Epaitegiak dio Iderraga-Ituarteko zenbait finka birzatitzeko proiektuari dagozkion karga errealak inskribatzeko epea 2017an amaituko dela eta, ordurako sektorearen urbanizazioa amaitu barik balego, Udalak gainerako lanak betearazi ahal izateko erreminta garrantzitsu bat galduko lukeela. Honi buruz interesgarria da azaltzea errekerimendu bana bidali zaiela finken jabeei, honakoa ohartarazten: erregistroko garantia aldia amaitzen denerako urbanizazio gastuetatik dagokien zenbatekoa udalari ordainduta eduki behar dutela, Udalak urbanizazio lanak sustatu ahal izan ditzan.
– Epaitegiak dio Bizkaiko Foru Aldundiak Udalari San Roke Egotetxea fundazio pribatuarekin hitzartutako plazak ordaintzeko ematen dizkion zenbatekoei dagokienez, harremana erregularizatu egin beharko zela, edo egotetxearekin edo Aldundiarekin. Udala bat dator, erabat, horrekin. Izan ere, askotan ahalegindu izan da epaitegiak hizpide dituen horiek zenbatekoak Aldundiak zuzenean Egotetxeari ordain diezaizkion. Ahalegin horrek ez du orain arte erantzunik jaso, baina Egotetxeko kontuak kontrolatu egin egiten dira patronatuaren bitartez, lantzean-lantzean Egotetxeari eskatu eta hark bidaltzen dituen agirien zerrendak egiaztatzen duena.
Alegazioa finantza azterketari buruzko IV. atalari.
Ataletako batean, Epaitegiak zorpetzearen gaineko aipamena egiten duela eta, zorra bernegoziatu egin dela esan behar dugu, emaitza ezin positiboagoarekin. Hain zuzen ere, interes tipoa % 4tik % 2 eskasera jaitsi da, eta horrek hurrengo ekitaldietan diru asko aurreztea ekarriko du.