EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-02-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016022

6/2016 FORU ARAUA, abenduaren 15ekoa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Foru Arauak aldatzekoa, langileek enpresan parte hartzea bultzatzeko.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201600006
Xedapenaren data: 2016-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201700568
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/03/04an argitaratutako 2014/01/17ko 201400003 FORU ARAUA aldatzen du

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2016ko abenduaren 15eko 6/2016 Foru Araua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Foru Arauak aldatzekoa, langileek enpresan parte hartzea bultzatzeko»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2016ko abenduaren 15a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Gaurko koiuntura ekonomikoan, herri administrazio ororen erronketako bat da produkzio ehuna indartzea, lurraldeko enpresa inbertsioaren sustapena dela medio.
Bestalde, bizi dugun globalizazio ekonomikoaren testuinguruan, interes berezikoak dira enpresekin eta lurraldearekin konprometitutako pertsonek enpresetan egiten dituzten inbertsioak, deslokalizazioa bezalako arriskuak horren presente ez egotea ahalbidetzen duten neurrian.
Dudarik gabe, enpresekin konprometituen dauden pertsonen artean bertan lan egiten duten pertsonak daude, plantillak alegia.
Hori dela-eta, egoki iritzi da zerga alorreko araudian zenbait aldaketa sartzea enpresa inbertsioa errazteko, langileek enpresen jabetzan parte hartuz. Gainera, enpresen finantzabide horrekin, langileek parte hartu dezakete bai enpresen kudeaketan bertan eta bai erabaki estrategikoak hartzeko prozesuetan, eta hori, azken batean, enpresa proiektuari berari gertatzen zaio onuragarri.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiak baditu dagoeneko arautuak hainbat pizgarri langileek enpresaren jabetzan parte har dezaten sustatzeko. Eskualdatzailearen ikuspuntutik, ulertzen da enpresen eskualdaketan –izan enpresa hori banakakoa izan sozietarioa– ez dagoela ondare irabazi edo galerarik enpresa eskuratzen dutenak bertako langileak direnean. Eta eskuratzaileen ikuspuntutik, aipatzekoa da langileek kenkari bat aplikatu dezaketela kuotan beren enpresako edo taldeko beste enpresa bateko akzio edo partaidetzak eskuratzen dituztenean.
Foru arau honek pizgarri horietan sakondu nahi du, eta, horretarako, alde batetik ezabatzen ditu horrelako erabakiak hartzeko gaur dauden oztopoak, eta, bestetik, pizgarriak egokitzen ditu bai egungo errealitate sozialera eta bai parte hartze tresna berrietara.
Horrela, malguagoa egiten da enpresaburu eskualdatzaileak ondare irabaziagatik zergarik ez ordaintzeko ezarrita dauden baldintzetako bat, eskualdatzailearen adinarena. Izan ere, zerga onuraz gozatzeko, ez da eskatzen hirurogeita bost urte edo gehiago izatea; horren ordez, nahikoa da hirurogei urte beteta edukitzea. Malgutze hori bera egiten da, baita ere, familiaren esparruan enpresaren ondorengotzarako aurreikusita dagoen pizgarriari dagokionez.
Era berean, bai enpresaburu eskualdatzaileak eta bai langile eskuratzaileek aplika dezaketen zerga onuraren esparruan, desagertzen da enpresa edo entitateko langile guztiei edo plantillako kolektibo jakin batzuei aurretiazko eskaintza bat egiteko beharkizuna. Izan ere, beharkizun horrek nabarmen hertsatzen zuen eragiketa horien bideragarritasuna, eta haien arrakasta oztopatzen zuen.
Halaber, bi aldeek –enpresaburu eskualdatzaileak eta langile eskuratzaileek– aplika dezaketen zerga onuraren esparruan ere, ahalbidetzen da eskualdatutako entitateetako langileek bakarrik partaidetutako entitateak izatea eskuratzaileak. Izan ere, formula hori dagoeneko erabiltzen ari da Gipuzkoako enpresen esparruan, eta handi samarrak diren enpresen kudeaketa errazten du gainera.
Langileek enpresan parte hartzeagatik aplikatzen den kenkariari dagokionez (langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik aplikatzen den kenkaria da izendapen berria), berrikuntza hauek nabarmendu daitezke:
– Zergadun eskuratzaileak gizonezkoak direnean, 100eko 10etik 100eko 15era igotzen da kenkaria, eta emakumezkoen kasuan, 100eko 10etik 100eko 20ra.
– Urteko muga, 1.200 eurokoa lehen, orain 1.500 eurokoa da eskuratzailea gizonezkoa denean, eta 2.000 eurokoa emakumezkoa denean.
– Gainera, urteko mugak gainditzeagatik edo kuota osoa nahikoa ez izateagatik kendu gabe geratzen diren kopuruak, hurrengo lau ekitaldietan kendu ahal izango dira.
– Azkenik, ezartzen da ezen zergadun bakoitzak zergaldi jarraituetan zehar kentzen dituen zenbatekoen batura ezin dela izan 6.000 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 8.000 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.
Nobedade horien artean, azpimarratu behar da neurri positiboak hartzen direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra bultzatzeko, hala ezartzen baitu martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoak. Helburua da langileek enpresetan parte hartzeko prozesuan genero berdintasuna sustatzea, eta horrekin emakumeei erraztea enpresetako zuzendaritza organoetara iritsi ahal izatea.
Arrazoi beretik ere, ezartzen da ezen langileek borondatezko eszedentzia eskatzen badute senideak zaintzeko, egoera horretan emandako denbora-tarteak lan egindako epealditzat hartuko direla.
Bestalde, gorago aipatutako aldaketen ondorioz, doikuntza hauek ere egiten dira bidenabar:
– Langileen aldeko kostu bidezko eskualdaketa batean diferentzia positiborik gertatzen bada merkatuko balio normalaren eta eskualdaketa balioaren artean, diferentzia positibo hori ez da hartzen gauza bidezko lan etekintzat.
– Ezartzen da ezen 2016a baino lehenagoko zergaldietan langileek enpresan parte hartzeagatik aplikatutako kenkariak ez direla konputatuko zergadun bakoitzak zergaldi jarraituetan gehienez aplika dezakeen kenkariaren ondorioetarako. Muga hori 6.000 edo 8.000 eurokoa izan daiteke.
– Hogeita seigarren xedapen gehigarria aldatzen da, bertan ezartzeko ezen entitatearen akzio edo partaidetzak entitate horretako edo sozietate taldeko beste entitateetako langileek eskualdatzen dituztenean, eskualdaketan izandako ondare irabazi edo galerak kalkulatzeko, hauxe izango dela alderdi independenteek merkatuko baldintza normaletan adostutako prezioa: eskurapenaren unean geroko eskualdaketari begira adostutakoa, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari dagokionez, aldaketak sartzen dira banakako enpresak eta entitateetako partaidetzak «inter-vivos» eskualdatzeagatik ezkontideak, izatezko bikote-lagunak edo zenbait senidek aplika ditzaketen murriztapenen erregulazioan. Horrela, hirurogeita bost urtetik hirurogei urtera jaisten da dohaintza-emaileak eskualdaketa egiteko izan behar duen gutxieneko adina, eta enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean desagertzen da enpresa bat edo entitateko partaidetza hurrengo bost urteetan mantentzeko obligazioa. Azken aldaketa hori elementu horiek «mortis causa» eskualdatzeagatik aplikatzen den murriztapenaren erregulazioan ere egiten da.
Azkenik, foru arauaren xedapen iragankor bakarrak ezartzen du 2016ko urtarrilaren 1etik foru arau hau indarrean jarri arte enpresak edo entitateetako partaidetzak eskualdatu dituzten zergadunek hautatu dezaketela pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zer araubide aplikatu. Aukera hori ezartzen da, baita ere, epe berean entitate enplegatzaileko partaidetzak eskuratu dituzten langileentzat, entitate enplegatzailean parte hartzeagatik araututako kenkaria aplikatzeko eskubidea dutenean.
1. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru araua aldatzea.
2016ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:
Bat.– 17.2 artikuluari g) letra gehitzen zaio, eta honela dio:
«g) Langileek eskuratutako akzio eta partaidetzen merkatuko balio normalaren eta eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa, baldin eta eskurapenak eskuratzaileei ematen badie foru arau honetako 89. artikuluan aurreikusitako kenkaria aplikatzeko eskubidea, eta, orobat, langileek eskuratutako enpresen merkatuko balio normalaren eta eskurapen balioaren arteko diferentzia positiboa, foru arau honen 41.2 artikuluko d) letran ezarritako baldintzak betetzen badira.
41.2.d) eta 89. artikuluetan ezarritako baldintzak ez badira betetzen eskurapenaren ondorengo bost urteetako edozein egunetan, zergadunak bere zerga egoera erregularizatu beharko du baldintzak bete ez diren ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira. »
Bi.– 41.2 artikuluko c) eta d) letrak honela geratzen dira idatzita:
«c) Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren foru arauko 6.bis artikuluan aipatzen diren enpresen edo entitateetako akzio edo partaidetzen kostu gabeko eskualdaketetan, ezkontidearen, izatezko bikote-lagunaren, aurreko ahaideen edo adoptatzaileen, edo ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde egiten direnean, betiere beharkizun hauek betetzen badira:
Lehenengoa.– Eskualdatzaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon behar du, izan absolutua izan baliaezintasun handikoa.
Bigarrena.– Eskualdatzaileak zuzendaritza lanak egin izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin ditu jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.
Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide hutsa izatea ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.
Hirugarrena.– Eskuratzaileak dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan mantendu behar du jaso duen enpresa edo akzio zein partaidetzak, non eta epe horren barruan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso-prozedura baten ondorioz. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du egin inolako xedapen egintzarik edo sozietate-eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapen balioa nabarmen murriztu dezakeenean.
Adierazitako mantentze epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.
Eskuratu ondoren zergadunak ondare elementuak atxiki badizkio jarduera ekonomiko bati, ezinbestekoa izango da elementu horiek etenik gabe egotea jarduerari atxikita eskualdaketa egin aurreko bost urteetan gutxienez.
c) letra honetan jasotakoa jasota ere, akzio eta partaidetzen eskualdaketan, ondare irabazia edo galera egongo da bi balio hauen arteko proportzioari dagokion zatian: batetik, jarduera ekonomikoari atxiki gabeko aktiboen balioa –ken jardueratik ez datozen zorren zenbatekoa– eta, bestetik, entitatearen ondare garbiaren balioa. Erregela horiek berak aplikatuko dira, hala badagokio, partaidetutako entitateen akzio eta partaidetzen balorazioan, entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.
Zergadunak c) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.
d) Aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren foru arauak 6.bis artikuluan aipatzen dituen enpresen edo entitateetako akzio zein partaidetzen eskualdaketetan, eskualdaketa horiek enpresan, entitatean edo taldeko entitateetan jarduten duen langile baten edo gehiagoren alde egiten direnean, baldin eta, aurreko c) letran aurreikusitako baldintzez gain, honako hauek ere betetzen badira:
Lehenengoa.– Langile eskuratzaileek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan izan behar dute lan egindakoak enpresan edo entitatean edo taldeko entitateetan. Ondorio horietarako, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora-tarteak lan egindako epealditzat hartuko dira.
Bigarrena.– Aurreko letrako hirugarren baldintzaren lehen paragrafoan aipatutako bost urteko epea enpresa edo entitateko akzio edo partaidetzak eskualdatu diren egunetik aurrera konputatuko da. Eskualdaketa hori eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso beharko da, zerga administrazioari aurkezteko.
Langile eskuratzaileak ekarpenean ematen badizkio eskuratutako akzio edo partaidetzak langileek bakarrik partaidetutako entitate bati –entitate horiek aurrerago arautzen dira–, baldintza hau betetzen dela ulertuko da langile horrek aurreko paragrafoan aipatutako epea osatu arteko denboran mantentzen duenean partaidetza entitate horretan.
Hirugarrena.– Aurreko bigarren baldintzan jasotako epean zehar, eskuratzaileek lanean jarraitu behar dute, langile gisa, entitatean edo taldeko entitateetan, edo, kasua bada, foru arau honen 24.1 artikuluan aipatzen den lan pertsonala jarraitu behar dute egiten entitatearentzat. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.
Aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak ez dira bete gabetzat hartuko, bi kasu hauetan: eskualdaketa egin ondoren eta aurreko paragrafoan aurreikusitako epea amaitu baino lehen eskuratzaileak hiltzen direnean edo haien alde ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handia aitortzeagatik entitatean lan egiteari uzten diotenean, eta, orobat, enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.
Laugarrena.– Aurreko bigarren baldintzan aurreikusitako epean zehar, eskuratzaile bakoitzak entitatean zuzenean edo zeharka izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena hirugarren graduraino, ezin da izan 100eko 20tik gorakoa. Entitatea talde bateko kide bada, aurreko baldintza taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.
Entitate bateko akzio edo partaidetzen eskualdaketa bertako langileen edo taldeko entitateetako langileen alde egiten dela joko da, eskuratzailea entitate bat denean eta, gainera, entitate horrek baldintza hauek betetzen dituenean:
a’) Entitateko partaide bakarrak izatea akzio edo partaidetzak eskualdatzen diren entitateko langileak edo taldeko entitateetakoak, eta langile horiek d) letra honetan adierazitako lehen beharkizuna betetzea.
Entitateko akziodunen osaerari begira, entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez da bete gabetzat joko entitatean parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaielako.
Era berean, entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez da bete gabetzat joko partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hildako langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilea hiltzen denetik aurrera.
b’) Aktiboaren gutxienez 100eko 90 entitate horretako edo taldeko entitateetako akzio eta partaidetzek eratzea. Portzentaje hori zehaztearen ondorioetarako, diruzaintza ez da konputatuko aktiboan.
Entitatea eskualdaketa egin aurreko bi hilabeteetan eratu bada, edo epe horren barruan kapitala zabaldu badu diruzko ekarpenen bidez, b´) letrako beharkizuna eragiketa formalizatzen denetik aurrera exijituko da.
Langileek bakarrik partaidetutako entitateak, aurreko paragrafoetan aipatutakoak, bigarren beharkizunean adierazitako epean bete beharko ditu a´) eta b´) letretan ezarritako baldintzak.
Akzioak eta partaidetzak mantentzeko epea, bigarren beharkizunean aipatua, exijituko zaie bai langileek bakarrik partaidetutako entitateari, entitateak berak eskuratutako akzio eta partaidetzei dagokienez, eta bai langileei, entitatean dituzten akzio eta partaidetzei dagokienez. Langileek bakarrik partaidetutako entitatea desegiten bada epe hori bete aurretik, epea osatu beharko da bazkide langileek akzioak eta partaidetzak mantenduta.
Eskurapenak langileek bakarrik partaidetutako entitateek egiten dituztenean, entitatean parte hartzen duten langile horiei dagokie d) letra honetako hirugarren eta laugarren baldintzak betetzea.
Eskualdaketa egin ondorengo edozein unetan, d) letra honetako baldintzak betetzen ez badira, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu behar du baldintzak bete ez diren ekitaldiko autolikidazioan. Alde batera utziko da eskualdaketa bertako langileei egin zaien edo langileek bakarrik partaidetutako entitateei egin zaien. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.
Aurreko c) letrako azken-aurreko paragrafoan esandakoa d) letra honetan jasotako akzio eta partaidetzen eskualdaketan ere aplikatuko da.
Enpresen edo akzio zein partaidetzen eskualdaketa kostu bidezkoa izan bada, geroko eskualdaketa batean zer ondare irabazia edo galera izan den kalkulatzeko langileak kontuan hartu behar duen eskurapen balioa benetan ordaindutako zenbatekoa izango da. Aurrekoa ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren indarrez eskualdatzailearentzat ondare irabazi edo galeratzat hartu den eskurapenaren zatiari; zati horren proportzionala den eskurapen balioa zergaren arau orokorrei jarraituz zehaztuko da.
Letra honetan taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.
Zergadunak d) letra honetan aipatzen diren eskualdaketetako bat egiten duenean, eragiketari buruzko datuak jaso behar ditu autolikidazioan.
d) letra honetan aurreikusitakoa ez da aplikatuko akzio eta partaidetzen eskualdaketa akzio edo partaidetza horien gaineko aukerak baliatuta egiten denean.»
Hiru.– 46. artikuluko azken paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«Foru arau honen 41. artikuluko 2. apartatuaren c) eta f) letretan aipatzen diren kostu gabeko eskurapenetan, dohaintza-hartzailea dohaintza-emailearen lekuan subrogatuko da ondasunen eskurapen balio eta datei dagokienez. c) letra horretan aipatzen diren eskurapenetan, aurrekoa ez da aplikagarria izango letra horretako azken-aurreko paragrafoan aurreikusitakotik ateratzen den eskurapen balio proportzionalari dagokionez.»
Lau.– 89. artikulua honela geratzen da idatzita:
«89 artikulua. Kenkaria langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik.
1.– Zergadunek 100eko 15eko kenkaria egin ahal izango dute, gizonezkoen kasuan, eta 100eko 20koa, emakumezkoen kasuan, zergaldian zehar eskudirutan ordaindutako kopuruengatik, kopuru horiek ondoren aipatzen diren entitateetako akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetzeko erabili dituztenean. Entitate horiek izan daitezke:
a) Langileek lan egiten duten entitatea, betiere eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan bertan lan egindakoak badira.
b) Langileek lan egiten duten entitatearen taldeko edozein entitate. Kasu honetan, ezinbesteko beharkizuna izango da eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan jardun izana langileek taldeko entitateetan, eta, ondorio horietarako, taldea osatzen duen entitate multzoa hartuko da kontuan.
c) Baldintza hauek betetzen dituen beste edozein entitate:
a´) Partaide bakarrak apartatu honetako a) eta b) letretan aipatzen diren entitateetako langileak izatea, eta langile horiek eskurapena egin aurreko bost urteetatik gutxienez hirutan lan egindakoak izatea bertan, letra horietan jasotako eran.
Entitateko akziodunen osaerari begira, entitatean langileek bakarrik parte hartzeko beharkizuna, aurreko paragrafoan aipatua, ez da bete gabetzat joko entitatean parte hartzen duten langileek entitate enplegatzailean lan egiteari uzten diotenean ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaielako.
Era berean, entitateko akziodunen osaerari buruzko beharkizuna ez da bete gabetzat joko partaidetza langileek bakarrik partaidetutako entitateko akzio edo partaidetzak eskuratu ondoren hildako langileen oinordekoei dagokienean. Aurreko hori bi urtez aplikatuko da gehienez, langilea hiltzen denetik aurrera.
b´) Bere aktiboaren gutxienez 100eko 90, a) eta b) letretan aipatutako akzio edo partaidetzek eratzea. Portzentaje hori zehaztearen ondorioetarako, diruzaintza ez da konputatuko aktiboan.
Akzio edo partaidetzak eskuratu edo harpidetu badira entitatea eratzeko edo kapitala zabaltzeko, entitateak bi hilabeteko epea izango du b´) letra honetako baldintza betetzeko.
2.– Entitatean edo taldeko entitateetan lan egindako denbora konputatzeari begira – aurreko apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen da konputu hori–, senideen zaintza dela-eta langileak borondatezko eszedentzian egon badira entitate horietako batean, egoera horretan emandako denbora-tarteak ere lan egindako epealditzat hartuko dira.
3.– Urteko kenkaria ezingo da izan 1.500 euro baino handiagoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 2.000 euro baino handiagoa, emakumezkoa denean.
Kopuruak ezin badira kendu aurreko paragrafoan ezarritako mugak gainditzeagatik edo kuota osoa nahikoa ez izateagatik, hurrengo lau ekitaldietan kendu ahal izango dira, betiere aipatutako mugak errespetatuz.
Zergaldi jarraituetan zehar zergadun bakoitzak artikulu honen arabera kendutako zenbatekoen batura ezingo da izan 6.000 eurotik gorakoa, eskuratzailea gizonezkoa denean, edo 8.000 eurotik gorakoa, emakumezkoa denean.
4.– Gainera, kenkaria aplikatzeko, baldintza hauek bete behar dira:
a) 1. apartatuan aipatzen diren akzio edo partaidetzak ezin dira izan negoziagarriak balore merkatu arautuetan.
b) 1. apartatuko a) eta b) letren kasuan, ezinbestekoa da entitateek ez betetzea ondare sozietateak izateko baldintzak, hain zuzen ere Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 14.1.a) artikuluan ezarritakoak.
1. apartatuko c) letraren kasuan, baldintza hori entitateak edo entitateek bete beharko dute, haren edo haien akzio edo partaidetzak letra horretan aurreikusita dagoen 100eko 90ko portzentajea zehazteko konputatzen badira.
c) Kenkari honetarako eskubidea ematen duten akzio edo partaidetzak bost urtez mantendu behar dira gutxienez, salbu eta langile eskuratzaile edo harpideduna epe horren barruan hiltzen denean, entitateak kalean uzten duenean, edo entitate hori konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.
Akzio edo partaidetzak eskuratzen edo harpidetzen dituen langileak ekarpenean ematen badizkio akzio edo partaidetza horiek 1. apartatuko c) letran aipatutako entitateetako bati, baldintza hau betetzen dela ulertuko da langile horrek aurreko paragrafoan aipatutako epea osatu arteko denboran mantentzen duenean partaidetza entitate horretan.
1. apartatuko c) letraren kasuan, akzio edo partaidetzak mantentzeko beharkizuna bete beharko dute bai langileek bakarrik partaidetutako entitateak, entitate horrek eskuratutako edo harpidetutako akzio edo partaidetzei dagokienez, eta bai langileek berek, beraiek bakarrik partaidetutako entitatearen akzio edo partaidetzei dagokienez. Azken entitate hori desegiten bada epe hori bete baino lehen, epea osatu beharko da bazkide langileek haren titulartasunekoak ziren akzio edo partaidetzak mantenduta.
d) Apartatu honetako c) letran aurreikusitako epean, ezinbestekoa da eskuratzaileak edo harpidedunak lanean jarraitzea dela entitatean bertan dela taldeko beste batean, salbu eta epe hori bete baino lehen hiltzen bada, edo bertan lan egiteari uzten dio kaleratua izan delako edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua, edo baliaezintasun handikoa aitortu zaiolako. Ondorio horietarako, ulertuko da senideen zaintza dela-eta borondatezko eszedentzia egoeran dauden langileek lanean jarraitzen dutela eszedentziak irauten duen bitartean.
1. apartatuko c) letraren kasuan, entitatean esklusibotasunez parte hartzen duten langileei dagokie baldintza hau betetzea.
e) Akzio edo partaidetzak 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren entitateetan eskuratzen edo harpidetzen badira, langile bakoitzak zuzenean edo zeharka bertan izan dezakeen partaidetza, barruan sartuta ezkontidearena edo izatezko bikote-lagunarena, aurreko ahaideena edo adoptatzaileena, ondorengo ahaideena eta adoptatuena, eta zeharkako ahaideena hirugarren graduraino, ezin da izan 100eko 20tik gorakoa apartatu honetako c) letran aurreikusitako epean. Entitatea talde bateko kide bada, baldintza hori taldea osatzen duen entitate bakoitzari dagokionez bete beharko da.
1. apartatuko c) letraren kasuan, entitatean esklusibotasunez parte hartzen duten langileei dagokie baldintza hau betetzea, ez entitateari.
5.– 4. apartatuko baldintzak edo 1. apartatuko c) letrako portzentajea, aktiboaren osaerari buruzkoa, ez betetzeak bost urteko epearen barruko edozein egunetan, kendutako kopuruak itzuli beharra ekarriko du berekin, berandutze-interesak barne. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, kendutako kopuruari baldintza bete ez den zergaldiko kuota diferentzialari batu behar zaio. Dena den, zergadunak beti izango du aukera kendutako kopuruak eta dagozkien berandutze-interesak lehenago ordaintzeko.
1. apartatuko c) letran aipatzen diren entitateetako akzio eta partaidetzen eskurapen edo harpidetzetan, langileren batek, edo bat baino gehiagok, ez baditu betetzen 4. apartatuko c), d) eta e) letretan ezarritako beharkizunak, langile horiek bakarrik izango dute kendutako kopuruak erregularizatzeko obligazioa.
1. apartatuko c) letraren b´) letran aktiboaren osaerari buruz aipatzen den portzentajea ez betetzeagatik lehen paragrafoan ezarrita dagoen obligazioa ez da zertan bete beharko, baldin eta ez-betetze hori gertatu bada taldeko entitate bat edo batzuk, zeinen akzio edo partaidetzak konputatzen baitira portzentajea zehazteko, konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatu badira, eta ez-betetze hori bi hilabeteko epean zuzentzen bada. Entitateen akzio edo partaidetzak konputagarriak badira aktiboaren 100eko 90eko portzentajea zehazteko, eta entitate horiek guztiak konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen badira, ez da exijitu ez-betetze hori zuzentzea.
6.– Artikulu honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskurapena akzio edo partaidetzen gaineko aukerak baliatuta egiten denean.
7.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak 115. artikuluaren 3. apartatuan jasotakoaren ondorioetarako, artikulu honetan aurreikusitako kenkariak aplikatu ahal izateko, zergadunak berariaz adierazi behar du, ekitaldiko autolikidazioa aurkeztean, aplikazioaren aldeko aukera egiten duela.
8.– Artikulu honetan taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.»
Bost.– Hogeita seigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:
«Hogeita seigarrena. Lan sozietateen eta bestelako entitateen akzio edo partaidetzak eskualdatzea.
1.– Lan sozietateetako klase laboraleko akzio edo partaidetzen eskualdaketan zer ondare irabazi eta galera izan den kalkulatzeko, sozietate-kontratuetan, kontratu sozialetan edo sozietatearekin hitzartutakoetan ezarritako prezioa merkatuko baldintza normaletan alderdi independenteek adostutako preziotzat hartuko da foru arau honen 47.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako. Erregela hau aplikatu ahal izateko, eskualdaketan jasotako prezioak bat etorri behar du sozietate-kontratuetan, kontratu sozialetan edo sozietatearekin hitzartutakoetan ezarritako prezioarekin.
2.– Orobat, entitate baten akzio edo partaidetzak entitate horretako edo taldeko entitateetako langileek eskualdatzean zer ondare irabazi edo galera izan den kalkulatzeko, akzio edo partaidetza horien eskurapenaren unean geroko eskualdaketari begira adostutakoa, horixe hartuko da merkatuko baldintza normaletan alderdi independenteek adostutako preziotzat, foru arau honen 47.1 artikuluko b) letraren bigarren paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako.
Apartatu honetan xedatutakoa aplikatzeko, baldintza hauek bete behar dira:
a) Eskuratzailea pertsona edo entitate hauetako bat izatea:
a´) Akzio edo partaidetzak eskualdatzen diren entitateko langileak edo taldeko entitateetakoak. Langileek beren enpresa enplegatzailean parte hartzeagatik arautzen den kenkaria aplikatu ahal izateko, eskuratzaileak foru arau honen 89. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete behar ditu.
b´) Eskualdatzen diren akzio edo partaidetzen sorburuko entitatea, edo taldeko beste entitate batzuk, azkeneko horiek baldin eta, bi urteko epean gehienez, akzio edo partaidetzak beren langileei eskualdatzen badizkiete, aurreko a´) letran ezarritakoari jarraituz.
c´) Langileek bakarrik partaidetutako entitateak, foru arau honen 89.1 artikuluko c) letran aipatuak, langile horiek akzio edo partaidetzak eskualdatzen diren entitatean edo taldeko entitateetan parte hartzen dutenean. Kasu honetan, 89. artikuluko baldintzak betetzea entitate eskuratzaileari eta bertan parte hartzen duten langileei dagokie.
a) letra honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, zergadunak bere zerga egoera erregularizatu beharko du baldintzak bete ez diren ekitaldiko autolikidazioan. Erregularizazioaren barruan berandutze-interesak ere sartuko dira.
b) Eskualdaketan jasotako prezioak bat etorri behar du geroko eskualdaketari begira eskurapenaren unean adostutakoarekin. Ezinbestekoa da adostutako hori eskritura publikoan jasotzea.
Apartatu honetan xedatutakoa aplikagarria izango da, halaber, langileek foru arau honen 89.1 artikuluko c) letran aurreikusitako baldintzak betetzen dituen entitate baten akzio edo partaidetzak eskualdatu eta, haien eskuratzaileak, hauetako bat denean: entitatean edo taldeko entitateetan lan egiten duten pertsonak (entitate hori eta taldeko entitateak beste entitate horrek partaidetuta daudenean), edo eskualdatzen diren akzio edo partaidetzen sorburuko entitatea, betiere, apartatu honetako a) letrak hurrenez hurren a´) eta c´) letretan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, taldeei egindako erreferentziak sozietate taldeei egindakotzat jo behar dira, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotako zentzuan.»
Sei.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hamaikagarrena, honako hau dioena:
«Hogeita hamaikagarrena. Langileek enpresan parte hartzeagatik 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aplikatutako kenkaria.
Langileek beren entitate enplegatzailean parte hartzeagatik zergadun bakoitzak zergaldi jarraituetan kendutako zenbatekoen muga, hain zuzen ere foru arau honetako 89.2 artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoa, aplikatzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 2016a baino lehenagoko zergaldietan langileek enpresan parte hartzeagatik kendutako kopuruak.»
2. artikulua.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren foru araua aldatzea.
Aldaketak sartzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 19. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan, eta honela geratzen dira idatzita:
«5.– Banakako enpresa bat, negozio profesional bat, entitateetako partaidetzak edo horien gaineko usufruktu eskubideak mortis causa eskuratzen badituzte hildakoaren ezkontideak edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutako izatezko bikote-lagunak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek edo hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek, eta eskurapen horri Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6. bis artikuluan araututako salbuespena aplikagarri bazaio, eskurapenak 100eko 95eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere eskuratutakoari kausatzailea hil ondorengo 5 urteetan eusten bazaio, salbu eta epe horretan eskuratzailea hiltzen denean edo enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.
Aurreko paragrafoan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko usufruktu eskubideak eskuratzen direnean, murriztapena kalkulatzeko, kontuan hartu behar da jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioaren –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioa; erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.
Apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako eskurapenari eusteko baldintza ez bada betetzen, ordaindu beharko dira murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia gehi berandutze-interesak.
Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, dohaintza-emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuan bete behar ditu abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarenak, 6.bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizunak. Zehazki, 6.bis artikuluaren 2. apartatuko d) letran aipatzen den baldintza betetzen den zehazteko, kausatzailea edo, hala badagokio, 2. apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsona edo pertsonak hil diren zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari erreparatu beharko zaio.
6.– Ezkontideak edo izatezko bikote-lagunak (maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratuak), aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek inter-vivos eskuratzen badute banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitate-partaidetza bat, eta eskurapenari aplikagarri bazaio Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6.bis artikuluan araututako salbuespena, orduan eskurapen horrek 100eko 95eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:
a) Dohaintza-emaileak hirurogei urte edo gehiago eduki behar ditu, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egon, dela absolutua dela baliaezintasun handikoa.
b) Dohaintza-emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari utzi behar dio eta ezin ditu jaso lan horiei dagozkien ordainsariak.
Ondorio horietarako, besterik gabe sozietatearen administrazio kontseiluko kide izatea ez da sartuko zuzendaritza funtzioen barruan.
c) Dohaintza-hartzaileari dagokionez, dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 5 urteetan bere esku mantendu behar du eskuratutakoa, eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauaren 6.bis artikuluan araututako salbuespenerako eskubidea izango du, non eta epe horretan ez den hiltzen edo enpresa edo entitatea ez den likidatzen konkurtso-prozedura baten ondorioz. Halaber, dohaintza-hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.
Entitateetako partaidetzen eskurapenetan, murriztapena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duten elkarren artean jarduera ekonomikoari atxikitako aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxitua– eta entitatearen ondare garbiaren balioak; hala behar denean, erregela horiek berak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.
Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia gehi bidezkoak diren berandutze-interesak.
Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, dohaintza-emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den momentuan bete behar ditu Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Arauak 6.bis artikuluan aurreikusten dituen beharkizunak. Dena den, 6.bis artikuluaren 2. apartatuko d) letrako baldintza betetzen den zehazteko, dohaintza-emaileak edo, hala badagokio, 2. apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonak edo pertsonek eskualdaketaren aurreko lehen zergaldian errenta zergagatik aurkeztutako autolikidazioari erreparatuko zaio.»
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Enpresak, akzioak eta partaidetzak eskualdatzeko eragiketa jakin batzuetan langileei 2016an aplikagarri zaizkien araubidea eta zerga onurak.
1.– 2016ko urtarrilaren 1etik foru arau hau indarrean jarri bitarteko epean, zergadunek eskualdatu badituzte aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren foru arauko 6.bis artikuluan aipatzen diren enpresak edo entitateetako akzio edo partaidetzak, eta eskualdaketa horiek enpresan, entitatean edo sozietate taldeko entitateetan jarduten duen langile bati edo bat baino gehiagori egin badizkiote, zergadun horiek bi araubide hauen artean aukera dezakete: Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak 2016ko abenduaren 31n indarrean duen araudia edo, arau horren 17.2 eta 41.2.d) artikuluek 2015eko abenduaren 31ko idazkeraren arabera ezarritakoa.
2.– Langileek 2016ko urtarrilaren 1etik foru arau hau indarrean jarri arteko epean eskuratu edo harpidetu badituzte akzioak edo partaidetzak lan egiten duten entitatean edo sozietate taldeko beste batean, bi araubide hauen artean hautatu dezakete: 2016ko abenduaren 31n indarrean dagoen araudia edo 17.2) eta 89. artikuluek eta hogeita seigarren xedapen gehigarriak 2015eko abenduaren 31ko idazkeraren arabera ezarritakoa.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, 1. artikuluan berariaz ezartzen dituen ondorioak eragotzi gabe.